Finalerdietako lehen puntua eskuratu dute Ezkurdiak eta Rezustak
Disdira gutxirekin hasi dira Binakako Txapelketako finalaurrekoak: Artolak eta Mariezkurrenak joko bikainik egin gabe aise irabazi zuten atzo, eta beste hainbeste egin dute gaur Ezkurdiak eta Rezustak Gasteizko Ogeta pilotalekuan. 22-16 gailendu dira Peña II.aren eta Albisuren aurka. Baikokoek hemezortzi pilotakada galdu dituzte bien artean; Albisuk bakarrik, hamabi. Dena den, uste baino gehiago sufritu dute Aspekoek. Neurketa osoan aurretik izan dira, baina ez dute partida ixten asmatu. Azkenean, ordea, Albisuren ageriko nekea izan da faktore erabakigarria. Hasieratik saiatu dira atzelaria higatzen Ezkurdia eta Rezusta, eta jokoan sartzen gutxi utzi diote Peñari (8-1). Baikokoek bizirik segi dute baina, eta Peña asmatzen hasi denean, bereziki sakez, bi tantora gerturatu dira (16-14). Orduan agertu dira berriro akatsak.