Beste ikasturte bat, aurrera, aurrera doa/ Eta hezkuntza Euskadin, atzeraka dabil/ Eskolako maistrak alde batera doaz/ Eta delegaritza beste aldera doa. Hala abestu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek Donostian egin duten manifestazioan. Sindikatuek eta bertaratutako irakasleek bi helburu nagusi izan dituzte, eta hala adierazi dute protestan aireratu dituzten mezuekin, pankartekin zein oihuekin: irakasleen lan baldintzak hobetzeko eskatzea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azken egunetan izan duen «utzikeria» gaitzestea. 11:30etan ziren mobilizazioa hastekoak, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, baina Bilbotik zetozen autobusak berandu heldu direnez, hogei minutuz atzeratu behar izan dute hasteko ordua. Berandu hasi badira ere, ehunka irakaslek hartu dute Donostiako Bulebarra —han hasi eta bukatu da manifestazioa—, baina bertaratutakoek aurreko egunetan baino jende gutxiago zegoela nabaritu dute. «Atzo jende gehiago ginen, Gasteizen egon ginen, eta sekulakoa antolatu genuen», esan du manifestarietako batek. Izan ere, segidako hirugarren greba eguna izan dute gaurkoa irakasleek, eta, iragan asteetan egindakoak kontuan hartuz gero, jada zazpi protesta egun egin dituzte. Eusko Jaurlaritzaren arabera, hezkuntza publikoko ikastetxeetako irakasleen %45ek egin du gaur greba —%75ek, sindikatuen arabera—. «Hezkuntza hobea eskaini ahal izateko, ratioak jaitsi behar dira. Konponbidea, agian, klaseko bi irakasle jartzea izan daiteke» ENRIKE GAZTAÑAGA Beasain BHIko irakaslea Zazpi egunez protesta eginda ere, irakasleek argi dute aurrerantzean ere borroka egin behar dutela «hezkuntza publiko duinago baten alde». Izan ere, egun hamaika arazo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko ikastetxeek, eta zentroaren arabera oztopo batzuk edo beste batzuk izan arren, gehienek konponbide bera dutela iritzi diote irakasleek: Eusko Jaurlaritzak jarrera aldatzea, eta giza baliabide eta baliabide material gehiago bideratzea. Enrike Gaztañaga Beasain BHI ikastetxeko (Gipuzkoa) irakaslea da. Hark azaldu duenez, gero eta zailagoa da «kalitatezko hezkuntza» ziurtatzea: «Gero eta ikasle gehiago ditugu, eta askok arazoak dituzte harreman sozialak eraikitzeko orduan. Horregatik, eta hezkuntza hobea eskaini ahal izateko, ratioak jaitsi behar dira. Konponbidea, agian, klaseko bi irakasle jartzea izan daiteke». Beasaingo irakaslea ez da izan baliabide eskasia salatu duen bakarra. Sestaoko Albiz eskolako (Bizkaia) irakasle Pili Loredoren aburuz, eskola publikoak kinka larrian daude: «Inoiz baino egoera larriagoan gaude. Ez bakarrik irakasleon eskubideei dagokienez, baita ikasleen eskubideei dagokienez ere. Izan ere, askotan hain giza baliabide gutxi ditugu, non ezin diegun haien beharrei erantzun beharko genukeen eran». «Inoiz baino egoera larriagoan gaude. Ez bakarrik irakasleon eskubideei dagokienez, baita ikasleen eskubideei dagokienez ere» PILI LOREDO Albiz eskolako irakaslea Are gehiago, egun dituzten ikasle kopuruekin «ito» egiten direla salatu du Loredok. «Gero eta haur gehiago datoz leku ugaritatik, eta aniztasun horri erantzun beharra dago. Horiei ondo irakastea zaila egiten zaigu, klaseko beste ikasleen beharrak ere aintzat hartu behar baititugu, eta gainezka bukatzen dugu». Horri gehitu behar zaio azken urteetan hezitzaileak murriztu dituztela. Hala, arazo horiek konpontzeko klaseko ikasle kopurua murriztu behar dela iritzi dio; hau da, ratioak jaitsi behar direla. Hala ere, galderei erantzun dieten irakasle denek ideia bera azpimarratu dute: ratioak murriztea ezin da baliabideak txikitzeko aitzakia izan. Bide beretik jo dute sindikatuek ere. «Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea», nabarmendu dute Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek. Jaurlaritzaren «itxurakeria» Gaurko manifestazioan zeuden irakasleek, atzokoek legez, auzi bati heldu diote nagusiki: sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak asteleheneko ordu txikiak arte negoziazioetan aritu izana. Gaztañagari ez zaio harritzekoa iruditu negoziazio horiek bide onetik joan ez izana. Beasain BHIko irakasleak nabarmendu du «gauza onik» ez dela lortzen goizeko ordu bietan negoziatzen: «Orain arte denbora sobera izan dute. Akordio bat lortzeko borondatea izan behar du Eusko Jaurlaritzak». Hezkuntza Saila negoziazioak oztopatzen ari den ustea ez da Gaztañagaren iritzia soilik. Edurne Iraola Mariturri ikastetxeko (Gasteiz) irakasleak «itxurakeria» gisa definitu ditu Hezkuntza Sailaren azken egunetako ekintzak. «Errespetu falta hutsa izan zen irakasleekiko, familiekiko eta ikasleekiko. Akordio bat lortu izan balute, biharamuna hankaz gora jarriko zen, eta errespetu falta ikaragarria da alferrik bederatzi ordu mahaian eserita egotea». «[Eusko Jaurlaritzaren jarrera] Errespetu falta hutsa izan zen irakasleekiko, familiekiko eta ikasleekiko» EDURNE IRAOLA Mariturri ikastetxeko irakaslea Irakasleek ez ezik, sindikatuek ere aurpegiratu diote Eusko Jaurlaritzari azken egunetan izan duen jarrera. «Sindikatuok argi dugu ez dagoela benetako negoziaziorik; hortaz, borrokan jarraituko dugu negoziazio horiek gauzatu arte», esan dute manifestazioa bukatutakoan egin duten adierazpen bateratuan. Bestalde, sindikatuetako bozeramaileek Donostiako Bulebarrean iragarri dutenez, datorren asteazkenean berriz elkartuko dira Hezkuntza Saileko ordezkariekin. Azaldu dutenez, hezkuntza publikoko irakasleen kexuak eta eskaerak mahai gainean jarri nahi dituzte bileran. Hori dela eta, kutxa bat jarri dute manifestazioa amaitu denean, irakasleek beren ideiak bertan sar zitzaten. Donostiako sarrera blokeatu Aurreikusi baino lehenago hasi dituzte irakasle publikoek hirugarren greba eguneko protesta ekintzak: 09:30ak aldera, Donostiako sarrera bat blokeatu dute dozena bat lagunek, LAB sindikatuaren izenean. Hezkuntza publikoan inbertsio publikoa handitu zioen pankarta bat erakutsi dute, eta hainbat ke poto erabili dituzte. «Hezkuntza Sailaren itxikeria» ere salatu nahi izan dute, bide batez. Irakasleak, protestan, gaur goizeko ekintzan. LAB Bihar lanera itzuliko dira irakasleak. Baina datorren astean beste bi greba egun egingo dituzte, asteartean eta asteazkenean. Hortaz, orain arte egin dituzten zazpi egunak kontuan izanda, denera, bederatzi egun egingo dituzte greban.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean atzo esandakoen harira, «samina eta etsipena» adierazi dute EITBko erredakzio kontseiluek. Gaur iluntzean kaleratutako ohar bateratuaren bidez, kontseiluek egotzi diote Aldekoari euskara «oztopo» gisa irudikatzea, baita «euskararen kontra zabaltzen ari diren ebazpen eta mezuekin» bat egitea ere. Eusko Legebiltzarreko EITBko Kontrol Batzordean, atzo, Aldekoak esan zuen goi mailako postuetarako euskarazko C1 maila eskatzea «oso zorrotza» dela, eta «mugatu» egin dezakeela hautagaien aukeraketa, «batez ere hedabide digitaletan». Nagore de los Rios EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendariaren izendapena defendatzeko egin zituen adierazpen horiek; are, aitortu zuen bera izan zela iragan abenduan hura izendatzearen arduradun nagusia. Hain justu, LAB sindikatuak otsailean salatu zuen EITBk aldaketa bat egin zuela EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendariaren lan eskaintzaren oinarrietan: urtarril hasieran euskarazko C1 maila izatea zen lehendabiziko baldintza, eta hurrengo oinarrietan ez zen halako betekizunik eskatzen. EITBko erredakzio kontseiluen arabera, De los Riosek ez du betetzen postuari dagokion hizkuntza eskakizuna (C1), eta gaztelania hutsean hitz egiten du. Horiek hala, EITBko erredakzio kontseiluek ohartarazi diote Aldekoari atzo emandako diskurtsoa «oso arriskutsua» dela, eta urratu egiten duela «EITBk euskara normalizatzeko egiten duen zeregina». Bestalde, esandakoak zuzentzeko eskatu diote, eta ohartarazi dute euskara «babesteko eta indartzeko» erabakiak «bakarrik» sostengatuko dituztela.
FIBAren Eurokopako finala jokatu nahi du Bilbo Basketek, baina maldan gora jarri zaio txapelketa. Bilboko taldeak 77-58 galdu du finalerdietako joaneko partida, Dijonen aurka. Kanporaketa gainditzeko hemeretzi puntu baino gehiagogatik irabazi beharko du, beraz, itzulerako lehia. Hurrengo asteazkenean jokatuko dute, Miribillan (20:00). Bilbotarrei asko zaildu zaie kontua, eta joaneko emaitza ez da, inolaz ere, amestutakoa. Lehen zatia ikusita, gutxik esperoko zuten halako astindua jasotzea. Lehen zati txukuna egin du Bilbo Basketek, eta markagailuan aurretik zela joan da atsedenaldira: 34-36. Bigarrena, berriz, oso txarra; hasi eta buka nagusi izan dira frantziarrak, eta galduta ibili dira Bilbo Basketeko jokalariak, erasoan ezin asmatuta. Errenta handi samarra lortu du, azkenerako, Dijonek. Partida urduri hasi dute bi taldeek, zehaztasun faltarekin; lehen bi minutuetan markagailua ez da mugitu. Bilbo Basketi kostatu zaio partidari neurria hartzea, eta hainbat akats pilatu ditu hasieran. Pixkanaka, baina, defentsa sendotu, eta jokalariak erosoago aritu dira kantxan. Lehen laurdena amaitzear zela bi hiruko jarraian sartu dituzte bilbotarrek (14-21), eta gora egin dute. Jokatzeko modu ezberdina dute bi taldeek. Dijon oso talde fisikoa eta oldarkorra da; Bilbo Basketi, berriz, partidaren erritmoa kontrolpean izatea gustatzen zaio, eta eraso landuak egitea. Bada, lehen zatiak bietatik izan du. Bilbo Basketek lortu du partidaren erritmoa markatzea, baina despistatu denean, erasora azkar eta bizi jo du Frantziako taldeak, eta akatsak gogor zigortu ditu. 34-36 amaitu da azkenean lehen zatia. Bestelakoa izan da bigarren zatia, eta erabat aldatu da partidaren gidoia. Bazirudien neurketa kontrolpean zuela Bilbo Basketek, baina beste martxa bat sartu dute frantziarrek. Atsedenalditik bueltan indartsu kantxaratu dira Dijoneko jokalariak, kementsu, eta bilbotarrak ez dira gai izan erauntsiari eusteko. 6-2ko partiziala eginda, markagailuan aurretik jarri da Dijon, eta aldea handituz joan da. 57-45 bukatu da hirugarren laurdena. Bederatzi puntu baino ez ditu lortu Bilbo Basketek; ezinean ibili dira, jokaldiak ezin bukatuta. Azken laurdeneko joera ere horixe izan da. Gozatu egin dute frantziarrek, eta sufritu bilbotarrek. Bost minuturen faltan, hemezortzi puntuko errenta zuen Frantziako taldeak: 66-48. Aldea murrizten saiatu da Bilbo Basket, baina ez dute asmatu jaurtiketetan. Azkenean, 77-58 galdu dute. Gogotik lan egin beharko dute Miribillan kanporaketa iraultzeko. Beste finalerdian, lehia estua Estuagoa izan da Greziako PAOK taldeak eta Frantziako Choletek jokatutako beste finalerdia. 88-89 irabazi dute frantziarrek. Hala, joanekoan Frantziako bi taldeek eman dute lehen urratsa. Bigarrena izango da erabakigarria, baina.
Integrazio Batzordeak 200.000 euroren beharra du, azken urteetan sortutako defizita estaltzeko eta egunerokoan dituzten gutxieneko beharrei erantzuteko. Argazki iluna aurkeztu du behar bereziak dituzten ikasleak ikastoletan integratzeko lan egiten duen elkarte horrek: Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez ditu behar beste baliabide ematen, AESH elbarritasun bat duten haurren laguntzaileak ez dira behar bezala prestatuak, eta «miseria» bat ordainduak dira. «Egoera larria da», laburbildu du Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kideak. Seaskak gogoeta egin du azken hiru urteetan, eta antolaketa propioa sortu du inklusio arloko esku hartzea hobetzeko. Seaskako 165 ikasleri aitortua diete elbarritasuna. MDPH Elbarrien Departamenduko Etxeak ematen du horretarako jakinarazpena, eta AESH laguntzaile bat jartzen zaio haurrari; beharren arabera, mutualizatua ala indibidualizatua izan daiteke. Berez, jakinarazpenen araberako baliabideak eman beharko lituzke Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Baina 2023-2024ko ikasturtetik Seaskan eskolatuak diren ikasleek jaso dituzten giza laguntzako jakinarazpen berri guziak erantzunik gabe gelditu direla salatu du Integrazio Batzordeak. «Baduzu paper ofiziala Frantziako Estatua engaiatua dela, baina parean ez da deus», erran du Etxeberrik, haserre. Gaur egun 34 AESH laguntzaile baizik ez ditu ordaintzen Frantziak; beharrei erantzuteko, beste 11 bere gain hartu ditu Seaskak ikasturte honetan. 67.000 euroko kostua du; iaz, 40.000 eurokoa izan zen. Horrez gain, salatu dute Hezkuntza Ministerioak emandako laguntzek ere ez dituztela behar bezala asetzen beharrak. Haur batzuek elbarritasun handia dute, ez dira autonomoak gelan lan egiteko, edo jantegian jateko. «Ez badira lagunduak, lanjerrean izan daitezke». Halakoetan, ikasleak AESH laguntza indibidualizatua du. Arazoa da 23,5 orduko lanaldia aitortzen dietela laguntzaileei: «Ikasgelan 24 ordu dira astero, eta horri gehitu behar zaizkio jangela eta kanpoko tenoreak. Ez da aski», deitoratu du Etxeberrik. Hori ere bere gain hartzen du Seaskak, lanaldiak osatzeko gastua asumituz. Joana Goienetxe arduratzen da Seaskako AESH laguntzaileen koordinazioaz. Langile horiek duten prekaritateaz ohartarazi du: «%60ko lanaldia dute, eta 952 euro ordainduak dira». Baldintza horiei euskara jakiteko betebeharra erantsita, Seaskak lan handiak izaten ditu laguntzaileak lortzeko, bereziki barnealdean. Baina langileen prestakuntza eskasa ere deitoratu du Goienetxek: «60 orduko formazioa izaten dute Hezkuntza Ministerioak eskainia; baina batzuetan urte bukaeran ematen diete». Seaskak bere gain hartzen du prestakuntza, «segurtasuna izan dezaten egunero egin behar dituzten jestuetan». Sistemaren mugak Frantziako Hezkuntza Ministerioak ezarritako sistemaren mugak nabarmendu ditu Egoitz Urrutikoetxea Seaskako hezkuntza zuzendariak. Parisekin dituzten elkarrizketetan gaia mahai gainean jarria dutela erran du, baina administrazioa mugitzea itxaron gabe, ikastolek gogoeta egin dute inklusioaren esku hartzea hobetzeko. Antolaketa propioa sortu dute egoera hobetzeko. Zehazki, Seaskak dituen bost kolegioen arabera banatu dute lurraldea, eta bakoitzean erreferenteak izendatu dituzte irakaslearekin eta laguntzaileekin lan egin dezaten: irakasle berezituak eta hezitzaile berezituak. Kolegioetako IEP Inklusiorako Egitura Pedagogikoekin elkarlanean arituko dira. Oraingoz hiru sektoretan sortu dituzte postu horiek, baina heldu den ikasturterako lurralde osora zabaltzeko borondatea dute. Horrez gain, inklusioaren aholkulari pedagogiko bat sortu dute, eta baita AESH laguntzaileak koordinatzeko beste postu bat ere. Urrutikoetxeak argi du MDPHk duena baino «foku zabalagoa» izan behar dutela inklusioari buruz. «Guretzat ikasle bakoitzak du behar berezi bat, eta hala tratatzen entseatzen gara». Diru kanpaina Integrazio Batzordeak herritarrak deitu ditu elkarteari laguntza ematera. Hala nahi duenak Internet bidez eman dezake dirua. Baina dozenaka ekitaldi ere antolatuko dituzte ondoko asteetan, elkarteak egiten duen lana aurkeztu eta inklusiorako baliabideak lortzeko.
Hamabortz urte obretan pasatu ondotik, azaroan zabalduko dute berriro Baionako Bonnat Helleu museoa. Eta irekierari buruzko zenbait zertzelada eman dituzte gaur, Baionan, Laurence Des Cars Parisko Louvre museoko presidenteak, Barthelemy Etxegoien Bonnat Helleu museoko zuzendariak eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak. Des Carsek erran du bilduma partekatu batzuk izanen dituztela Louvre eta Bonnat Helleu museoek. Goyaren obrak izanen dira horien artean, Da Vinciren batzuk ere bai, baita Michelangeloren eta Rafaelen marrazkiak ere. Eta horiek guztiak azarotik goiti Baionan ikusgai izanen direla iragarri du. Europako marrazki bilduma «ederrenetarik bat» Bonnat Helleun izanen dela ere segurtatu du, xehetasun gehiagorik eman nahi gabe. Bi zentroen arte bildumak partekatzeko beharraz aritu da Des Cars, eta erran du irekieraren ondotik beste obra batzuk ere ikusgai izanen direla Baionan: Louvre museoarentzat Leon Bonnat baionarrak garaian bildu obretatik 2.500 inguru, hain zuzen ere. Dagoeneko Bonnat Helleuren biltegietan direla ere azaldu du. Hain zuzen, Baionako eta Parisko museoek lankidetza abiatu zuten orain bi urte, eta horren karietara bildu dira gaurko aurkezpenean arduradunak. 2023ko azaroan egin zuten bi museoek elkarlanerako hitzarmena, bost urterako. Eta Des Carsek erran du bi erakundeen arteko harremana «naturala» izan dela ordutik. Halaber, gehitu du, hamabortz urteko lanen ondotik, Bonnat Helleu ezagutu ez duen belaunaldi batek museo «ikaragarri» bat ezagutuko duela azaroan. Etxegoienek, bere aldetik, baieztatu du berritze lan «garrantzitsuak» egiten ari direla Baionako museoan, eta 5.000 metro karratu izanen dituela orotara. Eremu horretan behin-behineko eta behin betiko erakusketak izanen direla ere iragarri du Bonnat Helleu museoko zuzendariak. Obren bisita eginez esplikatu du «poz handia» duela Baionan eta Euskal Herrian «oihartzuna» izanen duen museo bat zuzentzeagatik. Leku bizi bat hedatu nahi du: kafetegi eta liburutegi bat izanen ditu museoak, jendea goxoki egon dadin, haren erranetan. Baionako Herriko Etxearen izenean mintzatu da Etxegarai, eta kontatu du, obrek «beranta» hartu duten arren, hiriarentzat erabaki «garrantzitsua» izan dela museo berritzea. Berantaren zergatiari buruz, deitoratu du burdinaren eta egurraren prezioen igateak eragin zuela obrak gelditzea. Louvreko buru Des Carsekin batera galdegin zuten «diru laguntza gehigarri bati esker» ari dira obrak bukatzen. Gastu orokorraz galdeturik, 35 milioi eurokoa izan dela erran du. Zehaztu du Frantziako Estatuari esker lortu zutela museoaren berritze lanen %60 diruztatzea. Bertzalde, Bonnat Helleu museoaz «harro» dagoela ere erran du Des Carsek. «Kulturaren aldeko desafioa» biziki garrantzitsua dela nabarmendu, eta salatu du geroz eta zailagoa dela horren alde egitea. «Kulturaren aldeko parioa da Bonnat Helleu museoa. Ez da erraza izaten museo baten aldeko apustua egitea ikusirik bertze leku batzuetan direla lehentasunak gaur egun». «Kulturaren aldeko parioa da Bonnat Helleu museoa. Ez da erraza izaten museo baten aldeko apustua egitea ikusirik bertze leku batzuetan direla lehentasunak gaur egun»LAURENCE DES CARS Louvre museoko presidentea Europako museoa Azaroko irekierari begira ez ezik, «aitzina begira» dagoen museoa dela ere erran du Des Carsek. «Abentura ez da geldituko azaroko irekieran. Luzera begirako desafioa du museoak, Louvre museoak 1793an izan zuen bezalaxe». Horren harira, gehitu du Louvre ez dela bakarrik Parisko museo bat. Haren erranetan, Bonnat Helleu museoa da Louvreko obren biltegi «nagusia», Parisko museoaren ondotik betiere. Bonnat Helleu museoak ez du bakarrik Baiona eta Ipar Euskal Herrira mugatu nahi, Etxegoienen arabera. Bilboko Guggenheim museoarekin lankidetza bat hasiko dutela zehaztu du, eta, horrez gain, «turismo kulturala» bultzatzeko, Europako bertze museo batzuekin ere elkarlanean hasi nahi dutela iragarri du museoko zuzendariak. Des Carsek gaineratu du ez dituztela «sorpresa guziak» erranen, baina azpimarratu du segur dela Bonnat Helleu museoak «sekulako arrakasta» izanen duela.
Izena emateko epea apirilean irekiko da eta plazak eskainiko dira Familia Medikuntza eta Pediatria kategorietan, baita Psikiatria eta Ospitalez kanpoko Haur Psikiatria kategorietan ere. Gainera, lanpostu horietarako neurri pizgarriak ezarri dituzte.
Asteko bigarren greba eguna dute EAEko hezkuntza publikoan, negoziazioei berriro heltzeko itxurarik gabe. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek 27.000 irakasle grebara deitu dituzte, gaur eta bihar, lan baldintzak hobetzeko.