Sindikatuak “eredu sindikal autonomoa eta konfrontaziokoa” defendatu du, eta “autogobernuaren higaduraren” aurrean mobilizazio sozialaren aldeko apustua egin du.
Garamendik onartu du ez zaiola EAEko berrikuspen fiskalaren “errelatoa” gustatzen, edukia ezagutu ez arren. Halaber, enpresek dirua irabaztea ona dela nabarmendu du CEOE patronaleko presidenteak.
Balentria handia lortzea gertu du Bera Berak, baina erronka zaildu egin zaio gaur. Imanol Alvarezen taldeak Blomberg-Lippe jaso du goraino bete den Gaska kiroldegian, eta markagailuan aurretik ere izan den arren, hiru golen aldeagatik galdu du (25-28). Zaila izango da Alemanian kanporaketa iraultzea, baina, gaurko lehia ikusita, ez da ezinezkoa. Alba Menendez kapitainak asteon BERRIAri esan zion moduan, Europako Ligako Lauko Finalean sartzea «klubarekin historia egitea» izango litzateke, eta gaur nabaritu da hori. Egun handietakoa izan da giroa: ia 2.000 zale elkartu dira Bera Bera animatzeko. Eta jokalariek erantzun dute. Bera Berak aurpegia eman du talde gogor baten aurka, oso fisikoa, eta ia partida osoan atzetik ibili arren, ez diote markagailuan ihes egiten utzi. Berdinduta hasi da norgehiagoka; Karsten fin ibili da erasoan, eta atzealdean geldiketa onak egin ditu Lucia Pradesek (6-6). Alemaniarrek, ordea, 0-6ko partziala egin dute orduan, baina 4-0eko batekin erantzun du Bera Berak, Ogonovszkiren hiru goli esker. Atsedenaldira 12-14 heldu dira. Bera Berako jokalariak defentsa lanetan, gaur, Gaskan. GORKA RUBIO / FOKU Bigarren zatian indartsu atera da kantxara etxeko taldea, eta partida berdintzea lortu du (17-17). Zaleen bultzadarekin, 19-18 aurretik ere jarri da, baina ezin izan dute errenta handitu, eta Blombergek ez du barkatu abagunea izan duenean (23-27). Azken minutuetan, erasoan, zazpi jokalari jarri ditu Alvarezek tartea murrizten saiatzeko, eta Erauskinek hegaletik egin ditu azken hiru golak. Datorren igandean jokatuko dute itzulerako partida Alemanian. Kanporaketa gainditzeko hiru gol baino gehiagogatik irabazi beharko du Bera Berak. Erronka handia da, baina gaur agerian geratu da gaitasuna baduela taldeak.
Ekitaldi sinbolikoa egin dute gaur Altzon (Gipuzkoa). Altzoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek hainbat ekitaldi egingo dituzte aurten Gipuzkoa hitzaren lehen erreferentzia idatziaren milurtekoa ospatzeko, eta ekitaldi sorta horri Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 deitu diote. Horien baitan, Batzar Nagusiek Altzoko herriari oparitutako hiru hagin landatu dituzte gaur, Gipuzkoako armarrian ageri diren hiru zuhaitzen oroigarri gisa. Hagin bana landatu dute Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Olano Altzoko alkateak. Aurretik, hitza hartu dute hiru agintariek. Ezeizabarrenak gogoan izan du ostiralean hil zen Jon Esnal, Batzar Nagusietako lehendakari izan zena 1991tik 1995era. Ondoren, azaldu du hiru haginak Gipuzkoako hiru bailaren ikur direla, eta lurraldea osatzen duten herrien arteko berdintasunaren eta elkartasunaren erakusle direla. Olano alkateak kontatu du haginak Aiako Harritik, Herniotik eta Aralartik eramandakoak direla, eta begirada zabaldu du: «Altzotik abiatu eta Nafarroako Azkaratera doan mendi bidearen albotan hamarnaka, ehunka hagin topa genitzake. Gipuzkoa eta Nafarroaren artean mendez mende izan diren harremanen lekuko dotoreak dira, artadi, pagadi eta hariztiekin batera». Ordezkaritza zabala Mendozak, berriz, esan du Euskal Herrian oso errotuta egon den ohitura dela «esanahi berezia duten zuhaitzen babesean batzartu, hitz egin, elkarri entzun, eztabaidatu eta, ondoren, komunitatearen mesedetan erabakiak hartzekoa». Eta egungo testuinguruarekin lotu du hori: «Munduan zehar indibidualismoa eta kontsumismoa hedatzen ari den honetan, guk kontrako norabidean eragin nahi dugu». Ekitaldian txalaparta jo dute Juan Mari Beltranek eta Aitor Beltranek, eta, aipatutakoez gain, beste zenbait politikari ere elkartu dira Altzon: Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiko kide Zelai Amenabarro, Jesus Zaballos eta Jorge Mota, eta alderdi guztietako batzarkideak, besteak beste, EH Bilduko Maddalen Iriarte, EAJko Maria Eugenia Arrizabalaga, PSE-EEko Alberto Albistegi, PPko Iñigo Manrique eta Elkarrekin Gipuzkoako Miren Etxebeste. Han izan dira Irune Berasaluze, Felix Urkola, Xabier Arruti eta Goizane Alvarez foru diputatuak ere.
Eszenifikazio ikusgarria, musikarien bikaintasuna, haien arteko sinkronizazio akasgabea, soinuaren kalitatea, errepertorioaren hautaketa zaindua, abestien ordena, batetik besterako jarraitasun landua edota doinu zaharrak zein berriagoak gaurkotasun berberaz jotzeko naturaltasuna. Horra Fermin Muguruzaren bandak Parisko aste antikolonialistaren barruan eskainitako akelarrea esplika lezaketen zenbait adibide. Eta hori gutxi balitz, Fermin Muguruzaren beraren gaitasun txundigarria. Harena lidergoa baino gehiago da. Harena ikus-entzuleak transformatzeko eta kontzertuaren parte eta protagonista sentiarazteko magia da. Harenak, motz esanda, ez du parerik. Begiak arranpalo eta irribarre ezin zabalagoaz egiten zion so publikoak ikuskizunari, eta, halaber, etxeko sukaldean balego bezala kantatzeari eta dantzatzeari utzi gabe. Berea zelako festa, Fermin Muguruzaren bandarena bezainbeste. Eta han biziberritzen eta ospatzen ari zena herri baten bizinahiaren 40 urteko grina zelako, Fermin Muguruzaren ibilbide oparoarena bezainbeste. Ezerk ez zuen bi ordu eta erdiko libertimendua ilundu, ezta anaiari eskainitako perla sentituak ere. Iñigoren heriotzari baino gehiago, haren bizitzari egin baitzioten gorazarre, Lide Hernandoren ahotsaren indarrez —bide batez, zer-nolako talentua Hernandorena!—. Ez da exajerazioa La Cigale aretora bildutako milaka lagunek Iñigo bertan sentitu zutela esatea. Arrazoi zuen Muguruzak biraren harira esandako hitzetan: Parisko kontzertuak ez baitzuen iraganaren nostalgiarik transmititu; talde ezin potenteago baten proiekzioa eta haien aldeko harrotasuna nagusitu baitziren minutu oro.
Iruñeko Labrit frontoiko final handian izango den lehen bikotea Leyre Oskozek eta Naroa Agirrek (urdin) osatutakoa izango da, Maddi Barrokal eta Amaia Arrastiari 22-17 irabazi ostean. Ados pilotaren binakako txapelketako finalerdietako lehen partida izan da gaurkoa, Donostiako Atano III. frontoian jokatu dena, eta atzelarien sasoiak markatu du hein handi batean partidaren noranzkoa. Agirre bikain ibili da, ia hutsik egin gabe, eta Arrastiak pilotakada asko bota ditu kanpora. Barrokalek ere minutu eder batzuk izan ditu, baina ez dio garaipena lortzeko balio izan. Urdinak izan dira gailen hasieran. Lehen tantoa oso luzea izan da, bi minutu eta erditik gorakoa, eta bigarrena, berriz, sakez egin du Oskozek, Arrastiak kanpora botata. Tanto bat egitea lortu dute gorriek, baina huts asko ere egin dituzte, eta 6-2ra joan da markagailua azkar batean, Oskozen tanto bikain bati esker. Hala ere, gorriak gertu mantendu dira, Barrokalen tanto on batekin 6-3koa jarriz. Arrastiak hutsak egiten jarraitu du, eta, gorriak 8-3 atzetik zirela, etenaldia eskatu dute. Ongi etorri zaie atsedena, huts egin baitu Oskozek bueltako lehen tantoan, eta pilota biziago batera egin dute aldaketa. Hala ere, beste hiru huts jarraian egin ditu Arrastiak, eta 11-4 aurreratu dira urdinak. Hurrengo bi tantoetan partidara lotzea lortu dute gorriek, Oskozek bi dejada txaparen azpitik bota baititu: 11-6. Akats horiek gainditu, eta urdinak berriro zazpi tantoren aldearekin jarri dira aurretik, eta beste atseden bat hartu dute, 13-6koa markagailuan zela. Bueltan, sakea ezin izan du eraman Arrastiak, eta hurrengo tantoan ere ezin izan du eraman pilota, eta garaipenera begira jarri dira urdinak, 15-6koa jarrita. Barrokalek, baina, hurrengo bi tantoetan pilota goxo-goxo utzi du zabalean, eta tartea txikitu du. Oskoz izan da hurrengoan huts egin duena, eta 15-9koarekin hartu dute hirugarren atsedena. Itzulerako lehen bi tantoetan, gorriei zabalegi joan zaie pilota, eta 17-9 aurreratu dira urdinak. Barrokalen minutuak Gorrien tantoak bikoiztea lortu du Oskozek hurrengoan, ezker bolea batekin zabalean bikain utzi baitu pilota, eramateko oso zaila Barrokalentzat. Hala ere, hurrengoan eskuin gantxoa huts egin du Oskozek, eta hamar tantora iritsi dira gorriak. Hurrengoa ere gorrientzat izan da, Agirreren huts bakanetako bat orduan iritsi baita; laugarren atsedena hartu dute orduan, zazpi tantoko zuloarekin: 18-11. Bueltan beste huts bat egin du Agirrek, Barrokalen sake bortitza ezin izan baitu eraman. Hurrengoa ere hark egindakoa izan da; gorriak gerturatzen ari zirela zirudienean, 19-13koa jarri dute urdinek markagailuan, baina beste bi tanto egitea lortu dute, tartea laura murriztuz (19-15), Barrokalen sasoi onagatik bereziki. Sasoi on horretan, baina, bi huts egin ditu, eta urdinen garaipena tanto batera utzi du. Hala ere, gorriek ez dizkiete gauzak erraz jarri urdinei, 21-17ra gerturatu baitira, baina Oskozek pilota txokoan utzita amaitu da partida, urdinek 22-17 irabazita. Asteburuko beste partida bihar jokatuko da, Miarritzen (Lapurdi), 11:30ean (Youtube). Jaialdia Gomez-Sagarduiren eta Iriarte-Sotilen arteko partidarekin hasiko da, eta Ruiz de Infante-Orbegozoren eta Iturriaga-Mendibururen arteko finalerdiak itxiko du.
Alderdia sasoi betean delako mezua helarazi die PSNk militanteei. Atzo eta gaur, ospakizun airea izan dute Alderdi Sozialistaren XIII. Kongresuan izandako hitzaldietako askok; tarteka giroa festa baten gisakoa izateraino kasik. Eta, hain zuzen, Iruñeko Baluartera bertaratutakoen pozak kongresuaren amaierako ekitaldian jo du goia: Maria Txibite berriz izendatu dute PSNren idazkari nagusi, eta alderdiak zuzendaritza talde berria aurkeztu du. Gainera, PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako presidente Pedro Sanchez ere mintzatu da orduan, eta bereziki baikor aritu da PSNk aurrerantzean eginen duen bideari buruz. «Segurtatzen dizuet Maria [Txibite] izanen dela gobernuko lehendakari 2027tik aurrera ere!», adierazi du, ausart. Eta horra hor, agerian, bi ondorio, zurian beltz. Bat: PSNk begiz joa duen mugarri nagusietako bat hurrengo udal eta foru hauteskundeak dira. Bi: alderdia bolada gozoan da. Jakina zen Maria Txibite izendatuko zutela berriz ere PSNko idazkari nagusi. Ez zen sorpresarako batere tarterik, hura baitzen hautagai bakarra. Edonola ere, bozketaren emaitzak alderdiaren barrenean daukan babesa bistaratzeko balio izan dio Txibiteri —botoen %99,4 jaso ditu —, eta, hala, «indarberriturik» ekin dio laugarren agintaldiari, alderdiaren lema estreinakoz hartu zuenetik 11 urte igaro diren honetan. Izan ere, 2014tik da idazkari nagusia, eta kargu horretan gehien iraunen duen buruzagia izateko bidean da. Gabriel Urralburuk baizik ez du marka handiagoa: 1982tik 1994ra izan zen alderdiburu. Hala eta guztiz, aipatzekoa da Txibitek kargua hartu bezain pronto hautsi zuela marka bat: hura da PSNko idazkari nagusi izandako emakume bakarra. [articles:2139059] Ekitaldiaren hasieran, banan-banan eta txalo artean hartu dituzte aurrerantzean PSNko zuzendaritza taldea osatuko duten kideak. 35 dira zerrendan; Txibite buru denetik, inoizko kopuru handiena da hori, eta hamabi izen berriak dira. Idazkaritza berriak ere sortu dituzte: Demokrazia Sendotzeko Idazkaritza, kasurako —Carla Abadia Sain izanen du buru—. Bestalde, barne mugimenduak ere izan dira zerrendan: Ramon Alzorriz koska bat igo da organigraman, eta idazkariorde nagusi da gaurtik aurrera. Orain arte, Antolakuntza idazkaria izan da; aurrerantzean, Ester Iso ariko da kargu horretan —Udal Politikako idazkari izan da orain arte—. Zuzendaritza osatzen dutenen artean, bestalde, 35etik hamazazpi dira emakumeak. PSNren aurreko zuzendaritza taldearekin konparatuta, andreen kopuruak gora egin du, baina ez, ordea, portzentajeak: 2021etik gaurdaino, taldeko 26 kideetatik hamabost ziren emakumeak. Mehatxuei so Batik bat, etorkizunera begira PSNk zehaztuak dituen gidalerroak nabarmentzeko baliatu du Maria Txibitek hizketarako tartea. Aurrez, baina, bideo bat proiektatu dute pantailan. Kongresuaren leloak ireki du ikus-entzunezkoa —Nafarroa gidatzen—, eta, segidan, zerrendatu egin dituzte alderdiaren erronketako eta motibazioetako batzuk. Audioa gaztelania hutsean izan da; azpitituluak ere bai. Eta halakoxea izan da Txibiteren hitzaldia ere, bi salbuespenekin: «Arratsalde on» esan du, eta, erdarazko esaldi baten erdian, auzolan hitza erabili. Biziki hunkituta azaldu da Txibite jendaurrera. «Ezin dut ezkutatu emozioa, eta, ahalko banu ere, ez nuke nahi», aitortu du. Nabarmendu du «guztiz konprometitua» hartu duela berriz alderdiaren lema, eta prest dagoela «gaur egungo testuinguru zailean» lan egiteko. Populismoa jo du mehatxu nagusitzat, AEBetako presidente Donald Trump aipatu du hori azaltzearekin batera, eta azpimarratu du, besteak beste, PSNk «irmo» eginen duela lan «jendeak demokraziaren inguruko konfiantza berreskura dezan». Dioenez, horretarako gai den proiektu bat dute esku artean. «Esaterako, zerbitzu publikoak indartzea da proiektuaren helburu nagusietako bat», erantsi du. Eta etxebizitzaren auzian eragin beharra ere aldarrikatu du, «ez dezan merkatuak erabaki nork duen etxebizitzarako eskubidea eta nork ez». Eskuin muturra eta olde erreakzionarioa hainbat alditan izan ditu ahotan Txibitek. Behin eta berriz egin die erreferentzia, batik bat nabarmentzeko alderdi sozialistak «aski indar» duela haiei kontra egiteko. Edonola ere, egoeraren larritasunean egin du azpimarra, eta argitu du «edonon» dagoela «korronte antidemokratikoaren» eraginik. «Nafarroako Parlamentuan ere bai. Eta esan dezagun garbi: Voxek parlamentuan zuen taldea desegin izana notizia ezin hobea da Nafarroarentzat!», esan du. Voxi ez ezik, UPNri eta PPri ere eskaini dizkie hainbat kritika. Ordea, Nafarroako ezkerreko gainerako alderdiei buruzko aipamenik ez du egin. Madrilen babesa Hitza hartu aurrean, besarkada estua eman dio Sanchezek Txibiteri, eta, keinu bidez ez ezik, ahoz ere nabarmendu du harengan duen konfiantza. Etorkizunari so, Sanchezek hainbat alditan aipatu ditu 2027rako aurreikusita dauden Nafarroako udal eta gobernu hauteskundeak. Nabarmendu du asko izanen dela jokoan. «Jokoan dago ea gehiengo aurrerakoi baten agindupean ariko garen, edo eskuinaren mende; eta, ondorioz, ea aurrerapenak izanen ditugun, edo motozerrak. Alderdi sozialista beharko dugu orduan!». Txibitek bezala, Sanchezek ere nazioartean eskuin muturra izaten ari den gorakada salatu du, eta «sare sozialetan zabaltzen diren informazio faltsuei» egotzi die horren erantzukizunaren parte bat. Bestalde, gai hauek ere aipatu ditu ordu erdi eskas iraun duen solasaldian: Valentziako presidente Carlos Arturo Mazon, Gaza, migrazioa eta Ukraina, besteak beste. Baina, batez ere, esperantza transmititu nahi izan du Sanchezek Baluarten, eta Nafarroaren etorkizunari buruzko mezu batekin bukatu du hitzaldia: «Denborak arrazoia ematen digu. Politika aurrerakoiak martxan jartzen dira, eta, denborarekin, aise ikusten dira emaitza positiboak. Eta, bestela, etor daitezela ikustera Maria Txibite zertan ari den hemen!». [articles:2139280] Internazionala kantatuz eman diote akabera PSNren XIII. Kongresuari, baina aurreikusi baino kasik ordubete lehenago ailegatu da une hori. Izan ere, eguerdi partean, PSNk arratsaldeko egitaraua ordubete inguru aurreratzea erabaki du ustekabean. Bai amaierako ekitaldia, bai eta aurrez eginiko Informazio faltsuak eta desinformazioa, Europarentzako mehatxu izeneko mahai ingurua ere. Ordu bertsuan, Iruñerriko GKSk protesta baterako deialdia zuen egina Baluarte jauregiaren pareko plazan, lelo honekin: Gerrari ez! Estatuen berrarmatzeari ez!.
Euskaraldia enbaxadoreak aurkezten ari da herrialdez herrialde, eta Nafarroakoa aurkeztu du gaur, Iruñeko Gazteluko plazan. Hau da laugarren Euskaraldiko hamaikakoa: Julio Soto bertsolaria, Edurne Pena aktorea, Julen Goldarazena musikaria (Flakofonki), Claudia Rodriguez abeslaria, Eneko Garcia (Albina Stardust drag queen-a), Yasmine Khris Maansri itzultzaile eta kazetaria, Amaia Nausia Pimoulier historialaria, Cristina Oses soziologoa, Oier Zuñiga aktorea, Arnaitz Fernandez fisikari eta eguraldi aurkezlea, eta Amaia Izar enpresaria. Julio Soto: Bertsolaria. Sei aldiz izan da Nafarroako txapeldun. Ahobizi izango da. Edurne Pena: Aktorea. Zineman, antzerkian eta telebistan lan egin du. Ezaguna da Instagram eta Tiktok sare sozialetan —50.000 jarraitzaile baino gehiago ditu—. Ahobizi izango da. Julen Goldarazena Flakofonki: Musikaria. Chill Mafia taldeko kidea —hurrengo larunbatean izango da taldearen azken kontzertua—. Belarriprest izango da. Claudia Rodriguez: Musikaria. Skabidean taldean aritu zen lehen, Goxua ‘n Salsa taldean ari da orain. Belarriprest izango da. Eneko Garca Albina Stardust: Drag queen-a. Iaz Izar diskoa kaleratu zuen. Telebistako zenbait programatan egin ditu kolaborazioak. Ahobizi izango da. Yasmine Krhis Maansri: Itzultzailea, kazetaria eta Iruñeko Laba proiektuko kidea. Ahobizi izango da. Amaia Nausia Pimoulier: Historialaria. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea. Ahobizi izango da. Cristina Oses: Soziologoa. Erriberako gizarte mugimenduetan eta bereziki mugimendu feministan ibilia da. Euskara ikasten ari da. Belarriprest izango da. Oier Zuñiga: Aktorea eta margolaria. Ahobizi izango da. Arnaitz Fernandez: Fisikaria eta meteorologoa. Meteorologiari buruz idazten hasi zen sare sozialetan, eta gaur egun eguraldiaren iragarpena aurkezten du ETBn. Belarriprest izango da. Amaia Izar: Espainiako Miss World saria irabazi zuen 2018an. Higiezinen sektorean lan egiten du. Ahobizi izango da.
Bi orduz bildu dira Nafarroako Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko sindikatuak Nafarroako Gobernuko arduradunekin. Aste hasieran iragarri zuten mahai horretako bost sindikatu nagusiek —LAB, Afapna, CCOO, ELA eta UGT— apirilaren 9rako grebara deituko zutela, eta horrek gobernua urrats bat egitera behartu du. Bileran, gobernuak azaldu die langile publikoen estatutua berritzeko negoziazio mahaia astero bilduko dela, eta finantzaketari buruzko baldintza batzuk mahaigaineratu dizkie ere. Grebara deitzeko arrazoi nagusietakoa izan da estatutuaren inguruko negoziazioa korapilatuta zegoela. Otsailetik urrira bitartean hainbat bilkura egin zituzten langileen ordezkariek eta gobernuak, baina azken bost hilabeteetan Funtzio Publikoko departamentuak ez diela jaramonik egin salatu dute sindikatuek. Horrekin batera, aldarrikatzen dute soldata KPIaren arabera igotzea, behin-behinekotasuna %8tik behera jaistea, plantilla handitzea, kontziliazio baldintzak hobetzea, pribatizazioak geraraztea… Gobernuaren proposamena Estatutua ez da aldatu 1993tik. Sindikatuen aldarrikapenei erantzuteko nahikoa dirurik ez dagoela esan du orain arte gobernuak. Gaurko bileran, berriz, zenbait baldintza ezarri ditu Rashid Mohamed Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak: haren esanetan, legealdi honetan akordioa egonez gero eta sindikatuen interesak eta eraginkortasuna hobetzeko neurriak bateragarriak izanez gero, horri buruzko planifikazio ekonomiko bat egiteko konpromisoa hartuko du gobernuak. Gehitu du «garai berri bat» hasi dela: sindikatuen interesak eta eraginkortasuna lortzeko gobernuaren asmoak uztartzeko aukera aztertuko du, eta horretarako prospekzio bat egingo dute departamentuz departamentu. Behin-behinekotasunari dagokionez, zehaztu du urteotan 3.548 lanpostu egonkortu direla. Sindikatuen erantzuna Grebaren deitzaileek aste hasieran aztertuko dute proposamen hori. Lehenik, sindikatu bakoitzak etxe barruan aztertuko du. Asteartean, berriz, bakoitzaren analisia aztertu eta balorazio orokorra egingo dute. Bitartean aurrera jarraitzen du apirilaren 9ko deialdiak. ELAk jada baieztatu du grebarekin aurrera segitzeko asmoa duela. Sindikatuaren irudiko, gehiago biltzeko asmoa ez da nahikoa. «Bileren maiztasuna handitzeak ez dakar berekin funtsezko hobekuntzak egitea, horrekin ez badu eduki jakin batzuk negoziatzeko konpromisorik hartzen». ELAren arabera, gobernuak ez die erantzun sindikatuen aldarrikapenei. CCOOk datorren astean egingo du balorazioa. Dena den, aurreratu du greba deialdiak bultzatu duela gobernua mugimendu hori egitera. «Ezin du mutu geratu eta entzungor egin. Beraz, greba deialdiak eragina izan du gobernuarengan», aipatu du Unai Alaba CCOOko kideak. LABeko Isabel Artiedak bileraren nondik norakoak azaldu ditu, eta zehaztu du astelehenean irakurketa sakonagoa egingo dutela. Ostiral arratsean komunikatu bat atera du sindikatu abertzaleak eta aipatu du «tentuz» aztertuko dutela proposamena. Haren esanetan, gobernuak hiru puntuko proposamena helarazi du. araudia premiaz eguneratzea, «behin-behinekotasun tasa murrizten jarraitzeko»; kontratazioari buruzko foru aginduaren aldaketa eta estatutu berriaren ingurukoa. Proposamen horren aurrean, administrazio publikoko lehen sindikatua diren heinean, «zuhurtziaz eta erantzukizunez» jokatu nahi dutela diote eta horregatik erabaki dute denbora apur bat gehiago hartzea. Gogoan hartu dute konfiantza urratuta dagoela egun: «Gobernuak prozesu hau guztia kudeatzeko moduak mesfidantza handia sortu digu, hainbestekoa non grebara deitzea beste aukerarik ez dugun izan» .
Euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik. Gaur, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean erabaki bat argitaratu dute, eta, horren bidez, euskara eskakizunen derrigortasuna kendu dute zenbait lanpostutan; 2020ko, 2021eko, 2023ko eta 2024ko Bizkaiko Foru Aldundiko lanpostu publikoen eskaintzei eragiten die. LABek hilaren hasieran ohartarazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak etorkizuneko lan eskaintzetan euskara eskakizunak murriztea erabaki zuela, «segurtasun juridikoagatik»: «Proposatu dute lan eskaintza publikoetan eskaintzen diren lekuen erdiei bakarrik ezartzea derrigortasun data». Baina etorkizunekoetan ez ezik, aurrekoetan ere izango du eragina. Horren seinale da gaurko ebazpena. Hala jaso dute buletinean: «Lanpostu jakin batzuen hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna aldatzen da […], eta aurrerantzean, derrigorrezkoa ez den hizkuntza eskakizuna izango dute». Horrenbestez, kasu batean izan ezik, gainerako guztietan postuen erdiek baino gutxiagok izango dute derrigortasun data —B2 edo C1 maila eskatzen zaie—. Deialdiak banan-banan aztertuta, 2020koan, liburutegiko laguntzaileenean izango du eragina. Bost postu daude: bitan derrigorrezkoa izango da euskarazko maila frogatzea; beste bietan, berriz, ez. 2021ean, herritarren eskubideak eta lankidetza sustatzeko teknikari postu bakarra dago, eta ez du izango derrigorrezko hizkuntza eskakizunik. Gainera, kudeaketako teknikari ertainen lau postuetatik erdiek izango dute eskakizuna; beste erdiek, aldiz ez. 2023an, arkitektoen bederatzi lanpostu eskaini zituzten: bostetan derrigorrezkoa izango da euskara eskakizuna; lautan ez. Arkitekto teknikoei dagokienez, lau postutatik batean baino ez da izango derrigorrezkoa euskara maila jakin bat egiaztatzea. Gainera, herritarren eskubideak eta lankidetza sustatzeko teknikari postuak ez du derrigorrezko hizkuntza eskakizunik izango. 2024ari dagokionean, arkitekto postu bat atera zen, orain hizkuntza eskakizunik ez duena; halatsu gertatzen da ingurumeneko goi mailako teknikarien bi postuekin. Finantza ikuskatzaileen kasuan, bost lanpostu atera zituzten: bitan derrigorrezkoa da euskara maila jakin bat frogatzea; hirutan, ordea, ez. Industria ingeniari teknikoen kasuan, bi postuetako batek izango du eskakizuna, eta besteak ez. Azkenik, gizarte langileentzako hamasei postu zeuden: erdiek izango dute derrigorrezko. euskara eskakizuna; beste erdiek, aldiz, ez.