Lan-erregulazio espedientearen kontsulta aldian zuzendaritzak eta sindikatuek egin duten hirugarren bilera akordiorik gabe amaitu da. Hortaz, sindikatuek astearte honetarako (apirilak 15) deitutako greba deialdiari eutsi diote, bai Basaurin bai Usansolon.
Bigarren mailako iazko txapeldunak lehen mailakoari irabazi dio gaur Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa). Amurriokoak Buruz Buruko txapelketan eman duen bigarren ezustekoa da, lehen kanporaketan ere kalean utzi baitzuen Joseba Ezkurdia. Altunari gauzak zaildu dizkio porrotak: hurrengo bi partidak irabazteak ere ez dio bermatzen postu bat finalerdietan. Amezketakoak, gainera, zoragarri ekin dio lehiari: lehen tantoan huts egin du, baina aise egin ditu hurrengo bostak. Eroso zebilela zirudien. Larrazabalek, ordea, berehala erakutsi du borroka egiteko asmoa zuela, eta sakez min egiten hasi denean sufritzen hasi da Altuna. Neurketaren atsedenaldira ia parean heldu dira (11-10). [articles:2140411] Orduan hasi da Larrazabalen erakustaldia. Bost tanto egin ditu erreskadan, eta Altunak pare bat tanto on egin dituen arren, Amurriokoa geldiezin aritu da. Amezketakoak ez du topatu joera iraultzeko modua. Amaieran beste hiru tanto egin dizkio sakez, eta horrela amaitu da ikuskizuna. Datorren astean Dariori irabazten badio, duela bi aste ameskeria ziruditen finalerdiak errealitate bilakatu daitezke Larrazabalentzat. Altuna, ordea, ez dezala inork hiltzat eman: iaz ere galdu egin zuen ligaxkako lehen partida, eta txapela buruan zuela amaitu zuen.
Alavesek Real Madrili irabazteko abagunea galdu du Mendizorrotzan. Zuriak ez daude bolada onean, Vinicius eta Bellingham aulkian utzi ditu entrenatzaileak, eta 37. minutuan, gainera, txartel gorria ikusi du Kylian Mbappek Antonio Blancori egin dion sarrera itxusi batengatik. Manu Sanchezi ere, ordea, txartel gorria atera dio epaileak bigarren zatian, eta indarrak berdindu dira orduan. Azkenean, Real Madrilentzat izan da garaipena (0-1). Alaves gogotsu zelairatu da, baina lehen bi abaguneak bisitariek izan dituzte. Lehenengoan ez du asmatu Gulerrek, eta bigarrengoan gola sartu du Mendizorrotzako zaleen txistuak entzun dituen Asenciok. Askoren pozerako, baliogabe utzi dute Rudigerren falta bat medio. Gutxi iraun du pozak, ordea: Camavingak 33. minutuan egin du partidako gol bakarra area kanpotik. Lau minutu geroago iritsi da sareetan birala egin den jokaldia: Mbappek sekulako sarrera egin dio Blancori, eta, VAR-ean begiratu ostean, aldageletara bidali du epaileak. Hori eta gero, Carlos Vicenteren jaurtiketa bat izan da etxekoen aukerarik onena. 🟥 La expulsión de Mbappé. #LALIGAEASPORTS #LaCasaDelFútbol pic.twitter.com/FXYeU8G9Jp — Fútbol en Movistar Plus+ (@MovistarFutbol) April 13, 2025 Bigarren zatian, atzean sartu da Espainiako taldea. Coudetek Toni Martinez eta Kike Garcia elkartu ditu aurrealdean, erdiraketen bidez bilatu dituzte taldekideek, baina ezin izan dute sareetara bidali burukada bat bera ere. Amaierarako hogei minutu falta zirela, kontraeraso batean, Manu Sanchezek falta egin dio Viniciusi, eta hura ere kalera bota du epaileak. Jokaldi horretan ere VAR-aren laguntza behar izan du. Orduantxe amaitu dira Alavesen indarrak. Sailkapen nagusian larri dago Gasteizko taldea: hamazazpigarren da 30 punturekin, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera.
«Gerniken gaztetxe berrixe!». Gernikako (Bizkaia) Egurre gazte asanbladak bart gauean zabaldu zuen mezu hori, jakinarazteko berriro hartu dutela duela hamar urte baino gehiago itxi zuten gaztetxe zaharra. «Gazteoi inposatutako eskualde ereduaren aurrean, Gaztetxe berria martxan jarri dugu. Gernikako gazte langileon interesei eta beharrizanei erantzungo dien proiektua da hau», azaldu dute. Aurrez, egunean zehar, Inposatu nahi diguten Gernikaren aurrean gazteok kaleak hartu izeneko egitaraua antolatu zuen gazte asanbladak, eta hori amaitutakoan okupatu zuten duela hamarkada bat hustutako eraikina. Ordutik abandonatuta zegoela kontatu dute: «Udalak hiru legegintzaldi daramatza esanez liburutegi bat jarriko duela han, baina promesa faltsuak dira. Hutsik dagoen espazio horri erabilera ematen hasiko gara». Horretarako, gaua Gaztetxean igaro dute asanbladako zenbait kidek, eta jada hasi dira gunea atontzeko auzolanean ere. Arratsaldean egingo dute lehen asanblada, eta gerturatzeko deia egin diete herriko gazteei. Zenbait gazte auzolanean, gaur goizean, Gernikan. EGURRE GAZTE ASANBLADA Asanbladak esplikatu du zerk eraman dituen gaztetxea hartzera. Seinalatu dute Busturialdean ez direla garai onak, «instituzioen politikek ez dituztelako gazte langileen interesak ordezkatzen», eta horren adibidetzat jarri dute, besteak beste, Urdaibaiko Guggenheim proiektua. «Inposatu nahi duten eredu horri» aurre egiteko baliatu nahi dute gaztetxea, eta «herriko gazteen interesak bermatzea» du helburu. Zehaztu dute zertarako erabili nahi duten ere: «Gazteak batzeko eta elkar harremantzeko, antolakuntza politikoa sustatzeko, aisialdia eta ekimen kulturalak antolatzeko eta kirola egiteko espazio bat izateko». Gehitu dute liburutegi modura ere funtzionatuko duela. Gernikan badago Astra kultur espazio autogestionatua ere, 2006. urtean okupatu zutena baina gerora udalak erosi zuena. Gazte asanbladak BERRIAri adierazi dionez, han parte hartzen jarraituko dute «orain arte bezala», eta hartu berri duten gaztetxea «herriarentzat beste ekarpen bat dela» uste dute.
Astelehen honetan hasiko du Sunsundeguik likidazio prozesua, balizko inbertitzaile batek atzera egin ondoren. Eskaintza berririk ez dagoenez, bihar abiatuko dute likidazio prozesua, eta ia 340 langile kaleratuko dituzte.
Irudi bakar batek laburbildu du ondoen gaur Iruñeko Labriten jokaturiko partida, zutik jarri eta txalo artean agurtu baitituzte pilotazaleek bi protagonistak: Iñaki Artola eta Aitor Elordi. Partida latza jokatu dute biek ala biek, gogorra eta kalitate handikoa; buruz burukoan gutxitan ikusten diren horietakoa. Bakoitzak bere armak baliatuta, goi mailako jokoa kantxaratu dute, eta faboritoak irabazi du: Artolak. Besteak beste, lege zaharrean jokatuta garaitu du Elordi. Kolpez gehiago zela baliatuta, jo eta jo aritu da alegiarra, eta fisikoki lehertu egin du aurkaria. Elordik ere aspaldiko irudirik onena eman du, baina ez du aski izan irabazteko. Hala, final-laurdenetako lehen puntua poltsikoratu du Baikoko pilotariak, eta aurrerapausoa eman du finalerdietarako bidean. Partidari hobeki ekin dio Artolak. Buruz buru lehenengo lehia beti izan ohi da arriskutsua, are gehiago aintzat hartuta entrenatzeko ia denborarik ez duela izan alegiarrak. Dena den, konfiantzaz ekin dio lehiari. Sakean asmatu egin du, eta frontisetik oso urrun ibili du pilota. 4-0 aurreratu da. Elordik ez du burua jaitsi, eta sufrimenduaren poderioz partidan sartuz joan da pixkanaka. Hankak bizi izan ditu, jokoan fresko sentitu da, eta batez ere boleari atera dio etekina. Nortasunez jokatu du, eta txapeldun izan zeneko pilotari hartara hurbildu da tanto askotan. Pixkanaka berdinduz joan da neurketa: seina, zortzina eta 11na berdin egon dira. Gidoia antzekoa izan da tanto gehienetan. Artolak agindu du, baina kosta egin zaio pauso bat aurrera egiteko erabakia hartzea. Dejadaz amaitu ditu pare bat tanto, baina pilotakada askotan uko egin dio airez jotzeari. Lege zaharrean jokatu du. Kontrakoa egin du Elordik: aukera izan duen bakoitzean tantoa amaitzea izan baitu xede. Goi mailako lehen zatia eskaini dute biek, eta lan erdietan ia berrehun pilotakada jo dituzte. Erritmo itogarrian jokatuta, gainera. Artola, «oso gustura» Ez da hain distiratsua izan bigarren zatiaren hasiera. Atseden luzetik bueltan, elkarri pare bat opari egin dizkiote; besteak beste, bakoitzak sakez falta bat egin du. Elkar hautsi ezinda ibili dira azken txanpara arte. Hain zuzen, hamaseinakoa izan da azken berdinketa. Hortik aurrera, Artolaren ahalmen fisikoa izan da giltzarri. Bere jokoak ez du behera egin, eta segi eta segi aritu da, burugogor. Errebotean amaitu du tanto bat, eta pozarren agertu da partida amaieran: «Banekien partida zaila nuela, eta oso pozik nago. Ligaxkan irabazten hastea beti da garrantzitsua. Pilota luze jotzen nuenean ez nuen lortzen berari buru gainetik pasatzea, eta motzago jotzen nuenean, berriz, aurrera egiten zidan. Hortik ihes egin ezinda ibili naiz, baina oso kontentu nago egindako jokoarekin. Hurrengo bi partidetarako entrenatzeko denbora izango dut orain, eta hori garrantzitsua da». Gaurkoa partida handia izan bada, atzo ere neurri bereko ikuskizuna eman zuten Gasteizko Ogetan bi errioxarrek: Dariok eta Javi Zabalak. Azkenera arte borroka latza izan zuten, eta Dariok lortu zuen garaipena (22-20). Bihar, bestalde, egungo txapelduna sartuko da lehian, Eibarko Astelenan: Jokin Altuna. Hura izango da faborito Iker Larrazabalen aurka, nabarmen.
Euskaldunak Lehen hamarretan zenbat txirrindularik amaituko zuten galdetu genuen hasieran. Azkenean bakarra izan da: Alex Aranburu. Hasi eta buka, bikain aritu da Ezkio-Itsasoko txirrindularia, polemikaz inguraturiko garaipen eta guzti. Ion Izagirrek eta Pello Bilbaok ezin izan dute dena eman, erori izanaren ondorioz. Unai Iribar izan da ezusteko gutxietako bat. Garai hobeen esperoan. Antolakuntza Aurten ere ika-mika izan da etapetako batean, Beasaingo biribilgunea ez baitzegoen behar bezala seinaleztatuta, eta azken orduko aldaketaren berri ez baitzuten behar bezala eman. Pilatzen ari dira akatsak, eta ez dio batere onik egiten ez Itzuliaren irudiari, ez euskal txirrindularitzari. Ibilbidea Hasiera oso kaxkarra. Buesa Arena hutsik zegoen, ilun. Herritarrengana hurbildu egin behar du Itzuliak, ez interes jakin partikularretara makurtu. Gainerakoan, ohiko ibilbide bihurri, gorabeheratsu eta erakargarria, batez ere Zarauztik Beasainerakoa, eta Gernika-Lumon amaiturikoaren azken erdia. Baina agian garaia da bestelako etaparen bat ere diseinatzeko, Ipar Euskal Herriko zein Nafarroako Pirinioetan serio barneratzeko… Izen propioak Joao Almeida faborito iritsi zen, eta ez du hutsik egin. Lider sendo agertu da. Ben Healyk etapa gogoangarria bururatu zuen herenegun. Gaur Paristik Roubaixerakoa. Zail du oso Pogacarrek, baina, irabaziko balu, aukera gehiago legoke hurrengo urtean Itzulian izateko… Irabazteke du-eta. P. D. Txirrindularitzak askorako ematen du, lehiaketaz haraindi.
Aurrez aurre ez, baina negoziatzeko prest eseri dira Washington eta Teheran: Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi, alde batean; AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoff, bestean; eta bien artean, Omango Atzerri ministro Barr bin-Hamed al-Busaidi. Bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoa hobetzeko saiakera honetan, Iranek garatutako programa nuklearra izan dute hizpide, eta bi ordu eta erdi inguru iraun du bilkurak. Bukatu ondoren zabaldutako oharrean, Araghtxik esan du elkarrizketa «eraikitzailea» izan dela, eta jakinarazi du datorren astean egingo dutela negoziazioen bigarren txanda; ziurrenik, hilaren 19an. Halaber, AEBek adierazi dute eztabaida «aurrerapauso bat» izan dela. Negoziazioak abiatu baino lehen Irango Atzerri ministroak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, Witkoff eta bera bereizitako egongela banatan egon dira, eta Omango Atzerri ministroaren bitartekaritzaren bitartez hitz egin dute. Halere, bileraren ondoren aitortu du «zenbait minutuz» aurrez aurre hitz egin duela AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkariarekin; hori bai, Omango Atzerri ministroa aldamenean zegoela. Hain justu, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, Al-Busaidik berretsi du eztabaida «positiboa eta eraikitzailea» izan dela. «Elkarrizketaren helburua zubi lana egitea izan da, eskualdeko eta munduko bakea, segurtasuna eta egonkortasuna bermatu ahal izateko», erantsi du. Omango hiriburura iritsi berritan, Araghtxik nabarmendu du bere asmoa «akordio justu eta zintzo bat» erdiestea dela, eta, aurreratu duenez, AEBen helburua ere hori bada, «aukera handiak» egongo lirateke negoziazioetan aurrera egiteko. Irango Atzerri ministroak zehaztu du gaurko elkarrizketan programa nuklearraren inguruan eztabaidatu dutela, baina negoziazioetatik kanpo geratuko liratekeela Iranen misilen programa eta Teheranek Ekialde Hurbileko zenbait talde armaturi ematen dien babesa, hala nola Yemengo matxino huthiei edo Libanoko Hezbollah milizia xiitari. Washingtonek adierazi izan du, ordea, bere asmoa badela Iranen misilen programari eta eskualdeko talde horiei ematen dien babesaren inguruan ere hitz egitea. Bada, Omango Gobernuko iturri ofizial bat aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Irango programa nuklearraren inguruan ez ezik, bi herrialdeen arteko balizko preso truke bati buruz eta eskualdeko tentsioari buruz ere hitz egiten dute elkarrizketan. Bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, hitzorduaren inguruko adierazpenak egin ditu Trumpek: «Iran primerako herrialde handi eta zoriontsua izatea nahi dut; baina ezin ditu arma nuklearrak izan». Etxe Zuriko maizterrak mehatxu egin dio asteon Teherani, elkarrizketek arrakastarik ez badute Iran «arrisku larrian» egongo dela esateraino. Harago joan zen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu joan den larunbatean, erantsi baitzuen akordiorik erdiesten ez bada «aukera militarra» erabili beharko dutela. Aurreneko agintaldian (2017-2021), Trumpek bertan behera utzi zuen 2015ean Iranek eta beste sei potentziek adostutako akordio nuklearra; itun hori sinatu zuten, hain justu, AEBek, Alemaniak, EB Europako Batasunak, Errusiak, Txinak eta Frantziak. Akordio horrek Iranen programa nuklearra mugatzen zuen, ituna babestu zuten potentziak hari ezarritako zigor ekonomikoak arintzearen truke. 2018an, baina, akordiotik atera zen Trump. Eta ordutik, Iranek nabarmen areagotu eta garatu du bere programa nuklearra; hori bai, hango agintariek behin baino gehiagotan esan dute beren helburua ez dela «arma nuklearrak» edota «bonba atomiko bat» sortzea. Mobilizazioak Teheranen Araghtxi eta Witkoff Omanera iritsi aurretik, milaka irandar kalera irten ziren atzo, AEBen eta Israelen aurkako mobilizazio jendetsu baten harira. Protesta horretan Palestinako eta Irango banderak atera zituzten, baita Washingtonen eta Tel Aviven aurkako zenbait kartel ere. Nolanahi ere, Irango aiatola Ali Khameneiren aholkulari Ali Xamkhanik herrialdeko telebista publikoan egindako adierazpenen arabera, Khameneik ere espero du Washingtonen eta Teheranen arteko elkarrizketak «zintzoak» izatea, eta akordio bat erdietsi ahal izatea.
Indarrean sartu da Txinak AEBko ondasunei ezarri dien % 125eko muga-zerga. Herrialde asiarrak uste du produktu estatubatuarrek jada ez dutela “benetako merkaturik Txinan”, eta bestelako zerga batzuk ezartzea “hutsala” izango litzatekeela.