Herodesen sarea
Mantsoagatik kostatu zitzaidan inuxenteak eta errugabeak, biak, egun berean zergatik lotu ohi ditugun ikastea. Herodesen istorioak fikzio onaren osagai guztiak ditu. Jelosia du eta traizioa, hagintea eta krimena. Gogoan izango duzue zaharrenok: heldu dira ekialdetik Hiru Erregeak Jerusalemera, Herodes Handiaren jauregira, eta galdetu diote ea badakien non sortu den zehatz profeziek agindua duten mesias haurra. Gorteko jakintsuei kontsulta eginik, «Betleem izeneko herrixkan» erantzun zien eta eskatu, mesedez, aurkitzen bazuten, itzultzeko eta esateko zer etxetan, bera ere haurra gurtzera joan zedin. Ez dizuet esan: jaioberriaren lehiaren beldurrez bizi zen Judeako erregea. Baina Jainkoaren aingerua azaldurik ametsetan hirurei, Herodesen benetako asmoaz gaztigatu zien. Eta hala hartu zuten beste bide batetik etxerakoa. Antzeko agerpena izan zuen umearen aita Josek, amets batean hark ere: «Hartu emaztea eta haurra eta zoazte ihesi Egiptora». Erromako inperioaren txankamalo zen Herodesek izan zuenean Meltxor, Gaspar eta Baltasarren amarruaren berri, Betleemeko bi urtetik beherako ume guztiak hilarazi zituen. Hala, ezinezkoa izango zuen «juduen erregea» izateko sortuak bizirik ateratzea. Fabula politiko gisa, ez zaigu arrotza. Ezabatu nahi duen etsaia atzeman guran, ezagun dugu haren «inguru» guztia funditu nahi izan duen agintari erorik. Urrutira gabe, egunkari honetako bertako hainbat langilek eta bestek badute zer kontatua 2003ko otsailaren 3az. Herodesen jauregitik gertuagoko hilketak eta umeak nahi badira konparaziorako, hor dago datua: 20.000 haur baino gehiago sarraskitu ditu Israelek «Hamaseko buruen» kontrako erasoari ekin zionetik. Bakea sinatu zenetik, aldiz, bi hil ditu egunero, batez beste. Itzul gaitezen hasierako korapilora, baina. Aipaturiko guztiak eta beste asko, itsukeria politikoaren biktima errugabeak dira. Inuxenteak, berriz, geu garelakoan nago, halaxe hartzen baikaituzte, eguna joan eta eguna etorri, bateko eta besteko Herodes guztiek.
Txinparta txikiekin, «supermaxipizkundea»
Dei bat izan da pizkundea; desio bat, etorkizun bat, eraiki beharreko bide bat. Eta zirrara bat: 6.500 ahotsek «ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena» a cappella abestean sortzen dutena, eta horrenbeste eskuren txaloek eragiten duten oihartzunarena. Gaurko ekitaldian, Euskalgintzaren Kontseiluak ez baitu soilik euskararen eta euskal komunitatearen egoeraren analisi soziolinguistiko eta politikoa egin; euskararen emozioak eraman ditu oholtza gainera, kantuz, bertsoz, antzerkiz, poesiaz. Ahots zenbaitek askotariko euskaldunez osatutako komunitate bat marraztu dute, eta denen premia nabarmendu, txinparta bakoitzak eragindako su txiki guztiena, agian «megasupraeztanda» dei dakiokeen «supermaxipizkundeari» bide emateko. [articles:2151939] Hitzaldi politikoak eta poetikoak uztartuta josi dute ekitaldia. Eta ez dira alferrikakoak izan Itziar Ituño, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Edurne Azkarate eta Olaia Aguayo aktoreek ondutako piezak. Aurkezpen gisa, umorez eta konplizitatez marraztu dute euskal komunitatearen irudia. «Hemen gaude!», egin dute deiadar, eta euskaltzaleen soslaia zerrendatu dute, halakorik balego, argi uzteko ezin pluralagoa dela: bizitzako faseetan, «erretiratuak, haurrak, gurasoak, gazteak»; kultur diziplinetan, «aktoreak, itzultzaileak, idazleak, eskultoreak, bateria joleak, letragileak»; lanbideetan, «irakasleak, soinu teknikariak, kazetariak, garbitzaileak»; zaletasunetan, «irakurleak, liburuak marrazten dituztenak, liburuak fotokopiatzen dituztenak»; militantziako eginkizunetan, «txosnetako arkitektoa, kaña iturriak aldatzen dakiten lauzpabost aktibistak»… Bat etortzera Euskaltzaleak asko eta askotarikoak direla berretsi dute geroago ere, Ramon Agirrek eta Miren Gaztañagak euskararen minorizazioari buruz bi ahotsetara egindako hitz jokoan: «Oldarraldia bera ere hizkuntza ideologia supremazistaren ispilu da, hau da, egiturazko minorizazioaren ondorioetako bat. Eta gu asko gara, hori aldatu behar dela esatean bat bat bat bat gatozenak». Euskalgintzaren Kontseiluko Pizkundea ekitaldian Gotzal Mendibilekin eta Flako Fonkirekin kantuan ari dira milaka euskaltzale. pic.twitter.com/LmjhyqcI7Y — Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) December 27, 2025 Bat horiek batzera deitu du Edurne Azkaratek. Txinparta guztiak baitira beharrezkoak; emanaldiak, konspirazioak, lantaldeak, oroitzapenak, desioak, ospakizunak, hitzak, pelikulak, entzuleak: «Pizkunde honetan txinparta bakoitza da beharrezkoa; pertsona bakoitza, pertsona guztiak; gorputz bakoitza, gorputz guztiak; itxaropen bakoitza, itxaropen guztiak; argi bakoitza, argi guztiak; su bakoitza, su guztiak». Eta bat etortze horrek ekar dezakeen eztanda erraldoiari zer izen jarri galdetu du: «Megasupraeztanda? Supermaxipizkunde?». [articles:2151908] Gogoa galdegin dute, bihotza ez ezik burua ere badelako euskalduna eta euskaltzalea izatea, Jose Luis Otamendiren Hautua poemaren bidez nabarmendu dutenez. «Ehuneko handi samar batean» euskaraz bizi den norbaiten gogoetak dakartza; premiarik eta derrigorrik izan gabe ere euskaraz bizi nahi du: «Bizi naiteke beste hizkuntza batean/ eta hala bizi naiz ehuneko esanguratsuan/ baina nik euskaraz bizi nahi dut/ portzentaje handiagoan hala nahi badut/ edo portzentaje txikiagoan gogoak ematen badit/ ez hobea izango naizelako hala/ ez inoren on-gaitzak osatuko direlako horrekin/ baizik eta nazio puska txiki bat naizelako/ eta ni naizen nazio zatitxoa izateko/ ehuneko hainbesteko batean/ euskaraz bizi nahi dudala deliberatu dudalako/ horren derrigorrik ez dudalako naiz euskalduna ni». Miren Narbaiza, Lurdes Iriondoren irudia atzean duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Eta Lurdes Iriondo zena ere gogoan izan dute, gaur justu hogei urte bete baitira abeslari eta idazlea hil zenetik. Hala ere kantatu du Miren Narbaizak, eta haren hitzen bidez xehatu dute Itziar Ituñok eta Olaia Aguayok kulturgileen prekaritatea zertan den: «Nik diodana da euskaldunok gure kulturaren aldeko guda bizia egin behar dugula. Ez dela aski ‘gure euskara gaixoa’ eta horrelako lelokeriak esatearekin; ez dela aski gaizki esaka jardutea laguntzen ez digutelako eta dirurik ez dagoelako. (…) Euskal artistak bizi guztian gratis eta ofizioz lan egitera kondenatuta egon behar al du? Nola nahi dugu gure abesti, antzerki eta irratiak kalitatezkoak izatea behar bezala laguntzen ez badiegu? Gure hizkuntza, gure artea eta gure artistak poliki-poliki hil egiten ditugu». Zutik eta txaloka Hitzaldi poetikoez gain, bertsoak ere izan dira. Euskarak denentzako lekua duela adierazi du Ane Labakak, eta «hizkuntzak herria eta herriak hizkuntza» bultzatzera deitu du Aitor Etxebarriazarragak, horrela oldarraldiei aurre egiteko. Eta kantu pasarteetan, hala euskal musikagintzaren klasikoak nola joera berritzaileenak izan dira oholtza gainean; Benizze aritu da lehenik, eta, haren ondoren, musika bandak zuzenean lagunduta, hiru bikote aritu dira: Gontzal Mendibil eta Flako Fonki, Amets Aranguren eta Joseba Tapia, eta Gorka Urbizu eta Maia Iribarne. Gorka Urbizuk eta Maia Iribarnek Bilbao Arena kantuan jarri dute pic.twitter.com/g1FydgT4Jd — Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) December 27, 2025 Harmailetan eskuko telefonoetako argiak piztu dira abestien doinuekin batera, baina eztanda, txinparta, pizkundearen lehen sua, amaieran gertatu da, musikariak eta Euskalgintzaren Kontseiluko kideen ordezkariak eszenatokira igo direnean, eta Euskal Herrian euskaraz kantatu dutenean. Haien ahotsik ez da ia entzun, ikusleen oihartzuna gailendu baitzaie, eta bukatutakoan zutik jarri dira 6.500 euskaltzaleak, eta txinpartak piztu dituzte txaloka eta aldarrika. Zirraraz egin die agur Idurre Eskisabelek: «Hau lehen txinparta da: antolatu gaitezen, eta emango diogu etorkizuna euskarari!».
Alfonso Etxeberria hil da, ELA sindikatuko idazkari nagusi izandakoa
Alfonso Etxeberria Olazabal (Azpeitia, 1941) ELA sindikatuko idazkari nagusia izandakoa hil zen atzo, 84 urtetan. Etxeberria 21 urterekin hasi zen ELAn, eta 35 urte zituela izendatu zuten sindikatuko idazkari nagusi, 1976an. Etxeberriak zuzendu zuen sindikatua klandestinitatetik ateratzeko prozesua. Francisco Franco diktadorea hil zenetik bi urtera, 1977an, Espainiako Gobernuak legeztatu zuen sindikatua. Urtebete lehenago egin zen ELAren III. Batzarra, Zornotzan eta Eibarren. Han, Etxeberria kide zen taldea nagusitu zen. Aurreko urteak oso arantzatsuak izan ziren sindikatuarentzat: Hego Euskal Herriko militanteen eta Ipar Euskal Herrian eta erbestean zeudenen arteko haustura, sindikatu barneko joerak… Azkenean, Etxeberriaren taldeak eta Miarritzeko ELAren Batzordeak bat eginda ekin zioten ELAren garai berriari. Kongresu hartan berretsi zuten sindikatuak autonomoa izan behar zuela, eta ez alderdi politikoen menpekoa —ez EAJren ez orduan sortzen ari ziren beste mugimenduen menpekoa—, eta helburu gisa jarri zuten, besteak beste, langile klase osora zabaltzea eta autofinantzatzeko gai izatea. 1978an sortu zuten erresistentzia kutxa, ELAko kideei grebetan babes ekonomikoa ematen dien tresna. [articles:1247480] Politikoki eta ekonomikoki oso urte nahasiak izan ziren. ELAk jarrera kritikoa agertu zuen Franco hil ondorengo erreforma politikoarekin, eta bereziki Adolfo Suarezen gobernuak (UCD) alderdi politiko gehienekin —besteak beste EAJrekin— eta Espainiako sindikatu nagusiekin adostu zituen neurri ekonomikoekin —Moncloako hitzarmenak (1977)—. Gernikako Estatutua (1979), berriz, babestu egin zuen, tartean ñabardura batzuk izanda ere. Etxeberria buru zela, ELA asko zabaldu zen: 1980ko hauteskunde sindikaletan, %28,7ko babesa lortu zuen Hego Euskal Herrian, eta nagusitasun horri eutsi zion hurrengo urteetan ere. Etxeberriak karguan jarraitu zuen 1988ra arte. Barne krisi batek amaiarazi zuen haren aroa. «Autoritarioa» izatea egotzi zioten ordura arteko idazkari nagusiari, eta ELAren indarra ahultzen ari zela salatu. «ELA bere baitan itxita zegoen, gizartetik baztertuta, ekimenik eta erantzuteko gaitasunik gabe. Diseinu pertsonalistak arrasto kezkagarri batzuk zituen», argudiatu zuen Jose Elorrietak. Hark ordezkatu zuen Etxeberria. Belaunaldi aldaketarekin batera, planteamendu politiko eta sindikalak ere aldatu ziren. EAJrekin zuten aldea are gehiago zabaldu zen, eta sindikatuak amaitutzat jo zuen autonomismoa. Lizarra-Garaziko Itunaren eragile nagusietako bat bilakatu zen ELA. Pradalesentzat, «eredu bat» Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ELAk Etxeberriaren «ekarpen historikoa» nabarmendu du: «Etxeberria euskal sindikalismoaren historia hurbileko izenik garrantzitsuenetako bat da». Sindikatuaren ordezkariek gogoratu dute haren bultzadari esker ELAk zuzendaritza berritu zuela, oinarri soziala hedatu zuela, autonomia eta hari eusteko bitartekoak martxan jarri zituela, eta nazioarteko erakundeekin zeuzkan harremanak areagotu zituela. «Etxeberriaren lana ezinbestekoa izan zen oraindik ere indarrean dagoen proiektu sindikal autonomo, nazional eta klasekoaren oinarri organizatibo, politiko eta estrategikoak ezartzeko». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere gogoratu du Etxeberria. Politikoki eta ekonomikoko «oso zaila» izan zen garai batean erakutsi zuen jarrera «pragmatikoa eta eraikitzailea» goretsi du, eta adierazi «dena» eman zuela «langileen baldintzak eta euskal eredu sozioekonomikoa defendatzeko». «Haren eskuzabaltasuna, ikuspegia eta konpromisoa eredu dira gaur egun ere».
Txapelketako partidarik onenean, Zabalak eta Martijak hirugarren puntua poltsikoratu…
Pilotazale ez direnak ere pilotaz maitemintzeko moduko partida izan da gaur Binakako Txapelketan, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Harmailak leporaino beteta zeudela, aspaldiko partidarik onena ikusi dute bertaratu direnek, eta garaipen handia eskuratu dute Javier Zabalak eta Julen Martijak. Etxeko zaleen aurrean, Zabalak goi mailako erakustaldia egin du Martijaren laguntzaz, eta, hala, Aspeko bikoteak hirugarren puntua eskuratu du. Erik Jakak eta Martxel Iztuetak ere lan bikaina egin dute, baina elkar ulertzeko arazoak izan dituzte hiru aldiz, eta garesti ordaindu dute azkenean. Baikoko bikotea aurretik izan da ia partida osoan, eta urdinek, 20-21ekoan lehen aldiz aurrea hartu, eta ez dute barkatu amaieran. Lan eginez eta kasta erakutsiz, puntu garrantzitsua sartu dute poltsikoan. Hala, bi bikoteak hiruna puntu dituzte sailkapenean. Partida hobeto hasi dute Jakak eta Iztuetak. Batez ere Jakak hasiera elektrikoa izan du, eta harrapatu ahala amaitu ditu tantoak aurreko koadroetan. Bolada gozoa du aspaldian, eta distiraz jokatu du hastapeneko tantoetan. Iztuetak agindu egin du atzeko koadroetan. Garbi eman dio kolpea pilotari, eta nabarmen erakutsi dio bizkarra Martijari. Tantoak bukatzen ez ezik, jokoa aztertzen ere ondo baino hobeto daki Jakak, eta asmatu du noiz sartu jokoan eta noiz utzi pilota onak lagunari. Azkar joan da norgehiagokaren lehen herena, eta gorriek alde polita izan dute gehienean: 4-1, 5-2 eta 8-5. Ohi bezala, Martijak arazoak izan ditu pilota berriekin. Nekez hartu dio neurria boteari, eta ezina sumatu zaio. Hori ikusita, Zabalak hartu du aginte makila. Inguruan igaro zaizkion pilotakada guztietara sartu da, eta nabarmentzekoa izan da defentsatik erasora pasatzeko erakutsi duen gaitasuna. Erritmoa aldatu dio jokoari, eta ikusgarri jokatu du. Langile, trebe eta eraginkor aritu da. Horri esker, zortzinakoa izan da partidako lehen berdinketa. Zailena egin ondoren, ordea, Jakak eta Iztuetak aurrea hartu dute berriz ere. Lizartzarrak distira apur bat galdu du erasoan, baina zorrotz jardun du defentsan, eta Iztuetak bere jokoari eutsi dio. Lehen atsedenaldi luzera 12-9 aurretik iritsi dira Baikokoak. Martija, behetik gora Atsedenalditik bueltan, Zabalak estu jokatzen segitu behar izan du. Iztueta gehiago izan da atzean, eta gorriek alde polita izan dute: 13-9, 14-10 eta 16-11. Aurrelari errioxarrak bereak eta bi egin ditu, baina tantoak amaitzeko orduan ez du askorik asmatu. Pilota motzean gurutzatzen ez da fin aritu, eta pare bat opari egin ditu jarraian. Bost tantoren aldea izanda, bazirudien garaipena gero eta gertuago zutela Jakak eta Iztuetak, baina orduantxe gogortu da lehia. Ongi gogortu ere. Pilotak gastatuz joan dira, horrekin batera Martijak behetik gora egin du, eta nekea agertu da. Lau pilotariek goraipatzeko moduko lana egin dute, eta Jakak zutik jarri ditu zaleak 16-14koan. Sake bati ezker airez erantzun dio seigarren koadrotik, eta tantoa egin. Dena den, Zabalak eta Martijak tente eutsi diote buruari, eta egindako lanak fruituak eman dizkie azkenean: hamazazpina berdindu dute. Beste partida bat hasi da orduan. Tanto bakoitzak urrearen balioa izan du, eta nahasmena eta eromena nagusitu dira. Pilotariak lurrean barrena arrastaka ibili dira behin baino gehiagotan, eta zutik egoteko arazoak ere izan dituzte sarritan, nekearen eraginez. Haien sufrimendua pilotazaleen gozamen bihurtu da, eta, gainera, emozioa izan du azken txanpak. Hemezortzina ez ezik, hogeina ere berdindu dute urdinek, eta 20-21ekoan hartu dute aurrea lehen aldiz. Tarterik erabakigarrienean. Bada, Zabalak berak egin du azken tantoa, eta frontoia erori egin da ia. Txapelketako partidarik onena jokatu dute lau pilotariek, eta errioxarra gustura agertu da. «Oso pozik nago, jarrera bikaina erakutsi dugu eta. Atzetik ibili gara ia beti, eta kastari esker irabazi dugu. Partida ikaragarri gogorra izan da, eta garaipenak zapore hobea du hala». Seigarren jardunaldiko azken lehia bihar jokatuko da, Gasteizko Ogeta pilotalekuan (17:15, ETB1). Beste behin, leporaino beteta egongo dira harmailak, eta bi bikote handi ariko dira aurrez aurre: Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka. Lehen bi partidak irabazi ondotik, azken hirurak galdu egin ditu Aspeko bikoteak, eta, gauzak korapilatu aurretik, beharrezkoa du irabaztea.
Hitzartutako eskumenak, aurten ere ez: transferentziak zehazteko bilera atzeratu…
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin dute heldu den astelehenean egitekoa zen Transferentzien Batzorde Mistoa. Madrilek kudeatzen dituen bost eskumen Jaurlaritzaren esku uztea adostu zuten uztailean, baina transferentzia horiek ez dituzte oraingoz gauzatuko, urtarrilaren 16ra atzeratu baitute aldebiko batzordea. Jaurlaritzak «oztopo tekniko, administratibo eta ekonomiko nabarmenak» antzeman ditu negoziazioetan, eta horrek ezinezko eginen luke «eskumenen transferentzia adostutako terminoetan gauzatzea». Honako hauek dira Espainiak eta Jaurlaritzak adostuak zituzten transferentziak: itsas salbamendua, Barakaldoko makineria zentroa, langabeziari lotutako prestazioak, kotizazio gabeko pentsioen kudeaketa eta eskola asegurua. Dena ongi bidean, heldu den urtarrilean helduko diete berriz negoziazioei, dagoeneko iragarrita zeuden eskumen horiek eskualdatzeko batetik, eta gizarte segurantzari lotutako gainerako eskumenen gainean jarrerak hurbiltzeko bestetik. «Negoziatzen segituko dugu», iragarri du Jaurlaritzak. Izan ere, bost eskumen horien transferentzia onartuko balitz ere, 1979ko estatutuan jasotako guztiak Jaurlaritzaren eskuetara igaro gabe amaituko da urtea. EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidura akordioan sinatutakoaren arabera, aurtengo abenduaren 31 da estatutua osorik betetzeko epemuga, baina dozena bat eskumen geratzen dira oraindik; besteak beste, gizarte segurantzaren erregimen ekonomikoa, eta portuen eta aireportuen kudeaketa eta paradoreena. Oztopo administratiboak, eragozpen politikoak Bi gobernuen arteko desadostasunak ez dira oraingo kontua. Aurten egitekoak ziren bost transferentzia horiek iragartzeko agerraldian ere, Imanol Pradales lehendakariak gogorarazi zuen akordio hori ez zela Eusko Jaurlaritzak espero zuena, eta ohartarazi zuen «oztopo administratiboak eta eragozpen politikoak» ikusten zituela eskumenak eskualdatzeko bidean. Ondorengo aste eta hilabeteetan, giroa ez da goxatu bi gobernuen artean. Urrian, Jaurlaritzako Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak gogorarazi zuen Jaurlaritzak «etxeko lanak» egin dituela eta «akordiorako borondate handia» erakutsi duela orain arte. Horregatik, «borondate politikoa» eskatu zion Espainiako Gobernuari, adostutakoa «atzerapenik gabe» betetzeko: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen, errespetu instituzionala baizik, eta legea osorik betetzea». Eguberrien atarian, ordea, ezkor azaldu zen Ubarretxena bera, Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministro Elma Saizekin izandako bileraren ostean: «Sartu aurretik baino kezkatuago nago bileraren ostean. Aurrerapenen partez, atzerapausoak eman dira». Zehazki, sailburuak esplikatu zuen negoziazioak zaildu egin zirela azken egunetan, eta horrek «kezka handia» eragin zuela gobernuan. Ubarretxenak Espainiako Gobernuari egotzi zion atzerapen horien erantzukizuna. Argudiatu zuen «itxuraz» «ministroek baino gehiago agintzen duten estatu idazkariak» daudela, eta horiei egotzi zien sinatutako itunek aurrera egiteko trabak jartzea: «Ez dituzte kontuan hartzen dauden akordio politikoak». Gaur iragarritako atzerapenak, beraz, orain arteko joera berretsi baino ez du egin. «Eusko Jaurlaritzak baieztatu du, gaur-gaurkoz, ez direla beharrezko baldintzak betetzen datorren astelehenerako iragarria zegoen Transferentzien Batzorde Mistoa berme guztiekin egiteko. Ondorioz, bi gobernuek erabaki dute batzarra urtarrilaren 16ra arte atzeratzea, joan den uztailean eginiko aldebiko bileran lortutako akordio politikoak bere osoan eta era fidelean gauzatuko direla bermatzeko behar den denbora emate aldera. Eusko Jaurlaritzak ez du onartuko akordio horien hitza eta espiritua erabat betetzen ez duen transferentziarik», adierazi du Lakuak. Jaurlaritzaren arabera, ezadostasunen oinarrian daude, batetik, «finantzaketa sistemari lotutako afera garrantzitsuak», eta, bestetik, Gizarte Segurantzari lotutako transferentzien balorazio ekonomiko kontrajarriak.
Putinek ez dio uko egin nahi Donetsken kontrolari
Espero bezala, Vladimir Putinek ez du begi onez ikusten Kievek eta Washingtonek Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko adostutako hogei puntuko zirriborroa. Kremlineko buruak oraindik ez du horri buruzko adierazpen ofizialik egin, baina, Errusiako Kommersant egunkariak gaur kaleratu duenez, ez dio uko egin nahi Ukraina ekialdeko Donetsk eskualdea osorik kontrolatzeari. Beraz, Zelenskik azken egunetan plazaratutako asmoak baliogabetuko lituzke horrek. Hogei puntu horietako batean jasotzen da Ukrainak tropak ateratzea Donetsken kontrolpean duen eremutik —%20 inguru—, lurralde desmilitarizatu horretan esparru ekonomiko berezi bat ezartzearen truke. Bide batez, puntu hori onartuz gero, nazioarteko tropak hedatuko lituzkete han. Errusiako presidentea ez dago ados. Kommersant-en Kremlinerako berriemaileak gaur kaleratu duenez, herrialdeko enpresari nagusiekin batzartu zen Putin Gabon gauean, eta Kievek eta Washingtonek planteatutakoaren berri eman zien. «Putinek adierazi zuen Errusia prest dagoela Anchoragen egindako kontzesioei eusteko. Beste modu batera esanda: ‘Donbass gurea da’». Horren guztiaren harira, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek egunero eman ohi duen prentsaurrekoan azaldu duenez, azken orduetan Juri Uxakov Putinen aholkulariak telefonoz hitz egin du AEBetako ordezkariekin, Putinek berak hala eskatuta. [articles:2151882] Donbass eremuko bi eskualdeetako bat da Donetsk; Luhansk da bestea, eta Errusiak osorik dauka kontrolpean. Anchorageri erreferentzia egin dio, bestalde, Putin eta Donald Trump AEBetako presidentea Alaskako (AEB) hiri horretan batzartu baitziren abuztuaren 15ean; lehenak azken hilabetean esan izan duenez, Trumpek azaroaren 21ean planteatutako 28 puntuek Alaskan itundutakoan dute iturburua. Lurraldetasun auziari dagokionez, orduko 21. puntuak zera zioen: «[…] Luhansk eta Donetsk Errusiako lurralde gisa aitortuak izango dira, eta desmilitarizatu egingo dituzte. Zaporizhia eta Kherson eskualdeak, berriz, armada bakoitzak kontrolatzen duen gunearen arabera banatuko lituzkete». Kommersant-ek gaur argitaratu duenez, Donbass alde batera utzita, Errusiak ez du baztertzen «partzialki» uko egitea okupatu dituen lurralde batzuei. %79 Zenbat errusiarrek duten konfiantza Putinengan, ehunekotan. Iritzi Publikoa fundazioak egindako inkesta baten arabera, errusiarren %79k konfiantza dute Vladimir Putin Errusiako presidentearengan. Uste dute estatuburu gisa «eraginkor» ari dela jokatzen. Asteazkenean beste inkesta bat argitaratu zuen Errusiako Iritzi Publikoa ikerketa zentroak: errusiarren erdiek (%55) nahi dute gerra 2026an bukatzea. 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zuenean, Errusiak hilabete batzuk baino ez zituen behar izan Donetsken jada okupatua zuen eremua handitzeko, eta hala Kherson nola Zaporizhia eskualdeen bi heren ere konkistatzeko. Gainera, Kharkiv, Sumi, Mikolaiv eta Dnipropetrovsk eskualdeetan ere lur eremu batzuk hartu ditu azkeneko ia lau urteotan; guztira, Errusiak Ukrainaren %20 inguru dauka okupatuta —2014an Krimea anexionatu zuela ere aintzat hartuta—. «Ideia onak» Bien bitartean, Zelenski itxaropentsu mintzo da oraindik ere. Telegramen gaur esan duenez, Ukrainako eta AEBetako ordezkaritzek adostu dute Zelenskik berak eta Trumpek bilera bat egitea «laster». The Kyiv Post egunkariak gaur kaleratu duenez iturri ofizialak aipatuz, Kieven asmoa da igandean egitea, Floridan, AEBetan. Geroago, Zelenskik berak kazetariei zehaztu die igandean egingo dutela. ERRUSIAKO oposizioko kide batek Gose greba hasi du Sergei Udaltsov Errusiako oposizioko kideak gose greba hasi du gaur, giza eskubideen aldeko Memorial taldeak Telegramen jakinarazi duenez. Udaltsov da Ezkerren Frontea erakunde politikoaren liderretako bat, eta Moskuko auzitegi militar batek sei urteko espetxe zigorra ezarri zion atzo, 2024ko otsailean sare sozialetan idatzitako artikulu batean «terrorismoa justifikatzea» egotzita. Ordutik zegoen atxilotuta. Udaltsovek esan du akusazioak ez duela zentzurik, Mediazona Errusiako hedabideak jaso duenez, eta jazartzen ari zaizkiola, Vladimir Putin Errusiako presidentearen kontra daudenak babesten dituelako. Errusiako Alderdi Komunistara afiliatuta dago Udaltsov, eta, 2012an Putinen kontra egindako protesten liderretako bat izan ondoren, bost urte igaro zituen espetxean. Asteazkenean jakinarazi zuten zeintzuk diren Kievek eta Washingtonek adostutako hogei puntuak, eta, Zelenskik atzo gauean bideo batean esan zuenez, AEBetako ordezkari Jared Kuxnerrekin eta Steve Witkoffekin hitz egin zuen atzo bertan telefonoz, eta «detaile andana bat» izan zuten hizpide: «Ideia onak daude mahai gainean».
Euskalgintzaren Kontseiluak milaka euskaltzale bildu asmo ditu bihar Bilbon
Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta, Pizkundea ekitaldia egingo dute bihar Bilbon, Bilbo Arenan, 17:00etan —ateak 16:00etan zabalduko dituzte—. Kontseiluak bertara joateko azken deia egin du gaur, «euskararen beste pizkunde baten aldeko txinparta bilakatu dadin. Sarrerak oraindik erosgai daude www.pizkundea.eus webgunean. Babes zabala izan du euskararen aldeko ekinaldiak. Antolatzaileen arabera, ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial «zabala» izango da bertan. Esaterako, ehundik gora norbanakok izenpetu dute ekitaldiaren kari atera duten Euskaltzaleon garaia da adierazpena. Eusko Jaurlaritzak ere adierazi dio sostengua: bertan izango da Ibone Bengoetxea, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Hiru arrazoi nagusi Euskalgintzaren Kontseiluaren irudiko, badago bihar Bilbora joateko arrazoirik. Hiru nagusiki. Bat: «Euskaltzaletasunaren indar eta batasunaren erakustaldi bat egitea». Bi: «Euskararen normalizazioa eta biziberritzea gizarte guztiaren ardura dela adieraztea». Eta hiru: «Hizkuntza politiketan premiazkoa den jauzia bultzatzea». Hiru arrazoi horiei, gainera, beste bat erantsi zaie, Kontseiluaren esanetan: azken asteetan epaitegietan euskararen kontra izan diren mugimenduak. Ekitaldiaren inguruko bestelako xehetasunak ere eman dituzte. Nabarmendu dute «aldarrikapenez betetakoa» izango dela eta kulturgileen ekarpenen bidez josiko dutela. Euskalgintzako ordezkariek ez ezik, egitasmoan parte hartuko dute, besteak beste, Ramon Agirre, Itziar Ituño eta Edurne Azkarate aktoreek; Gorka Urbizu, Joseba Tapia eta Amets Aranguren musikariek; eta Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariek. Gainera, berrehundik gora boluntario eta langile arituko dira antolaketa eta segurtasun lanetan. Bertaratu nahi duen orok oraindik badu aukera. Sarrerak online eros daitezke, eta bihar ere leihatiletan eskuratu ahal izango dira, lekuak amaitu arte. Kontseiluak esan duenez, lortutako diru guztia artisten lana eta ekitaldiaren gastuen parte bat ordaintzeko izango da. Etxegarai, euskarazko lehen liburua Euskal Herrian uzteko eskean Abenduaren 3an, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eserialdia egin zuen Baionako Euskal Museoan, Linguae Vasconum Primitiae, ezagutzen den euskarazko lehen liburua, Euskal Herrian gera dadila eskatzeko. Eserialdia amaitzearen trukean, Jean Rene Etxegarai Baionako alkateak eta Yves Ugalde museoaren lehendakariak agindu zieten bilera bat eskatuko zutela Frantziako ordezkariekin. «Emandako hitza bete, eta astelehenean, abenduaren 22an, izan dugu bilera. Bertan izan gara EHEko kideak, Etxegarai, Ugalde, eta Frantziako Estatuko ordezkari gisa, Akitania Berria eskualdeko DRACeko zuzendari Maylis Descazeaux-Roques», azaldu du EHEk. Bilera hartan, Etxegaraik esan zuen badutela leku bat liburua Euskal Herrian behar bezalako baldintzetan gordetzeko: Baionako liburutegia. Horrenbestez, Frantziako Kultura ministroari gutun bat igorri dio, «liburua Euskal Herrian egoteko aukera aztertzeko engaiamendua hartzea eskatuz». Descazeaux-Roquesek, berriz, zera adierazi du: «ahaleginak» egingo dituela Frantziako Liburutegi Nazionalak lanketa bat abia dezan Linguae Vasconum Primitiae liburua Euskal Herrira ekartzea aztertzeko.
Aurkarien opariak baliatu dituzte Elordik eta Zabaletak
Bi bikote sendoren arteko partida bat espero zen gaur Astelena pilotalekuan, gogorra eta lehiatua. Hori kontuan hartuta, Eguberri eguneko bazkariaz ase geratu eta gero, pilotazaleak norgehiagoka on batekin gozatzeko gogoz joan dira Eibarko frontoira (Gipuzkoa). Baina ez da halakorik izan. Elordi eta Zabaleta 22-6 gailendu dira Artolaren eta Imazen kontra. Olentzeroren opariak jasotzeko eguna zen gaur, eta Aspeko bikoteak ederki baliatu ditu Baikokoak egindako hutsak. Artola eta Imaz nahi eta ezin aritu dira, sendotasunik gabe. Behartu gabeko huts ugari egin dituzte. Elordik eta Zabaletak, berriz, azken partidak utzi zien aho zapore txarra kendu ahal izan dute. Aurrelariak zortzi tanto egin ditu, horietako batzuk nahiko ederrak. Atzelaria, berriz, sendo aritu da, eta pilota jotzeko ohikoa duen ahalmena berreskuratu du zenbaitetan. Hala, Elordik eta Zabaletak laugarren puntuan eskuratu dute; Artola eta Imaz, berriz, hirurekin geratu dira. Nagusitasunez irabazi arren, Elordik eta Zabaletak ez dute ondo hasi norgehiagoka. Aurrelariak bi pilota galdu ditu, eta Artola eta Imaz 2-0 jarri dira aurretik. Elordik, ordea, berehala konpondu ditu bi huts horiek, hurrengo bi tantoak hark egin baititu. Lehen tantoa egin eta gero, Aspeko bikoteak pilota aldatu du, eta hor egon da neurketako gakoetako bat. Atera duten pilota gehiago ibiltzen zen lurrean, bote handiagoa zuen, eta eskuan ondo sartu beharra zegoen ongi jotzeko. Haien asmoa argia zen: atzean jokatzea, Zabaletaren nagusitasuna baliatuz. Nagusitasun horri Elordik atera dio etekina aurrean. Hark jarri dio distira apur bat partidari, harenak izan baitira tantorik politenak, eta pilotazaleek gehien txalotu dituztenak. Ezustean, Artola eta Imaz behera egiten hasi dira. Bikote sendoa izan ohi da, baina gaur bigun jardun dute, kontrakarrean. 8-2 atzetik zeudela ikusita, aurkarien bolada ona hausteko asmoz, etena eskatu dute. Baina horrek ez du partida aldatu. Izan ere, hurrengo hiru tantoak ere Elordik eta Zabaletak egin dituzte. Bizkor zihoan partida. Hamalau minutuan lan erdiak eginak zituzten garaileek: 11-2. Ederrak izan dira 10. tantoa eta 11.a. Biak Elordik egin ditu. Lehena hirugarren koadrotik pilota zabalera bidalita egin du; bestea, berriz, gantxoz pilota Artolaren eta Imazen artean zegoen tartera bidalita. Ez bata, ez bestea ezin izan dira pilotara ailegatu. Bide berean Elordik eta Zabaletak hamahiru tanto egin dituzte segidan azkenerako. Artolaren tanto batek eten du bolada. Txokora bidalitako pilota bati esker lortu du: 13-3. Baina ordurako aldea oso handia zen. Puntua lortzeko aukera apurren bat izateko, segidan hainbat tanto egin behar zituzten galtzaileek. Eta ez da halakorik gertatu. 16-4koarekin, Elordik eta Zabaletak ordu arteko alderik handiena lortu dute: hamabi tantokoa. Artolaren eta Imazen ezina gero eta handiagoa izan da, eta aurrelaria saiatu da jokoan gehiago sartzen, baina aparteko ondoriorik gabe. Bi tanto gehiago baino ez dituzte egin. Partidako azken bi tantoek, Elordiren eta Zabaletaren 21.ak nahiz 22.ak, ondo baino hobeto laburbiltzen dute gaur gertatukoa. Aurrena Elordik bikain amaitu du txokoan tantoa; ondoren, berriz, Imazek txaparen azpira bidali du pilota erraz bat. Partidak 39 minutu baino ez du iraun, eta 222 pilotakada jo dituzte. Bihar jokatuko da seigarren jardunaldiko bigarren norgehiagoka. Barañainen izango da, Nafarroan. Peio Etxeberria eta Rezusta txapelketako lehen garaipena lortzen saiatuko dira han, Larrazabalen eta Mariezkurrena II.aren kontra (22:00, ETB1). Eta horiek laugarrena eskuratzen ahaleginduko dira.
Bukatu da Hondurasko folletoia
Bozak egin zituztenetik ia hilabete pasatu den honetan, bukatu da Hondurasko folletoia: behin botoen %99,93 zenbatuta, Nasry Asfura Tito eskuinekoa izendatu du presidente hautatu gisa Hauteskunde Batzorde Nazionalak gaur goizaldean. Donald Trump AEBetako presidenteak babestutako hautagaia izan da Alderdi Nazionalaren hautagaia, eta botoen %40,26 lortu ditu. Puntu baten aldea ere ez dio atera Salvador Nasralla kontserbadoreari, Alderdi Liberaleko hautagaiari (%39,54). Nasrallak nabarmendu du ez duela emaitza onartzen, eta auzitara joko duela. Azaroaren 30ean egin zituzten hauteskundeak, eta alderdiek hauspotutako iruzurraren mamua kontaketaren gainean egon da. Irregulartasun akusazioak tartean, 2.800 hauteskunde akta —586.000 boto inguru— banan-banan zenbatu ditu hauteskunde batzordeak. Abenduaren 13an ziren zenbatzen hastekoak, baina zenbait arazo tekniko gorabehera eta batzordeko kideak ez direlako elkarren fio, atzeratu egin zuten. Prozesua kaotikoa izan da, eta, azkenean, bozak egin zituztenetik 24 egunera, presidente hautatu bat du Erdialdeko Amerikako herrialde horrek. Eta ez dira fio, batzordea osatzen dutelako Alderdi Nazionalaren, Alderdi Liberalaren, eta Libre ezkerreko alderdi ofizialistaren ordezkariek. Marlon Ochoa da Librek organo horretan dituen ordezkarietako bat, eta asteartean sare sozialetan salatu zuen «estatu kolpe bat» prestatzen ari zela hauteskunde batzordea. Librek ere auzitara jo du, eta haren presidentegai Rixi Moncadak —hirugarren izan da, botoen %19 bilduta— azpimarratu du gaur X-n iruzurra egon dela, hauteskunde batzordeak demokrazia «hil» duela, eta «inperioaren inposizio bat» gertatu dela. Azken lau urteotan izan ezik, 1982an diktadura militarra bukatu zenetik, Alderdi Nazionalekoak edo Alderdi Liberalekoak izan dira Hondurasko presidenteak. Librek egotzi izan dio Trumpi bozetan esku sartzea. Izan ere, Asfuraren aldeko botoa eskatu zuen. «Titok eta biok elkarrekin lan egin dezakegu narko-komunisten kontra», idatzi zuen Trumpek Truth Social bere sare sozialean, bozak egiteko pare bat egun falta zirenean. «Irabazten baldin badu, AEBek babesa emango diote, harengan konfiantza handia baitute», gehitu zuen. Iruditzen zaio, bide batez, Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen kontra borrokatzen dela Asfura. Hain zuzen, behin Asfurak irabazita, indartu egin da Trumpek Latinoamerikan osatu asmo duen bloke ideologiko-geopolitikoa: Argentinari, Boliviari, Ekuadorri, El Salvadorri eta Paraguairi Honduras ere gehitu behar zaie aurrerantzean. Asfura ere, Trump bezala, negozioen esparrutik datorren politikari bat da. Errefuxiatu palestinarren semea da, 67 urte ditu, eta eraikuntzaren alorrean nabarmendu da. Tegucigalpako, hiriburuko alkatea izan zen 2014tik 2022ra, eta sasoi hartan hainbat eraikuntza eta azpiegitura proiektu egin zituzten. Haren izena Pandoraren paperak auzian agertu zen 2021ean. Kazetaritza ikerketa bat izan zen, zerga paradisuetan sozietateak sortzera bideratutako hamalau abokatu bulegotako dokumentuen filtrazio handi batean oinarritu zena. Hauteskunde kanpainan ekonomia liberalizatzeko neurriak agindu zituen, eta atzerri politikan AEBen ildotik aritzea du asmo. Esan izan du inbertsioa erakarri nahi duela aliantza horren bidez. Zorion mezuak Xiomara Castro ordezkatzekoa da Asfura. Urtarrilaren 27an da kargua hartzekoa, eta, horrekin lotuta, Castrok bideo bat kaleratu du sare sozialetan, eta adierazi du ordura arte egongo dela karguan: «Ez egun bat gutxiagoz, ez egun bat gehiagoz». Castrok bozak irabazi zituenean, 2021ean, botoen %51 bildu zituen, eta, hain justu, Asfura izan zen bigarren (%36). Nazioarteak, oro har, Asfura, zoriondu du. Hala egin dute, esaterako, AEBek, EB Europako Batasunak, eta Argentinak; azken horretako presidente Javier Mileik esan du, ohar batean, «narko-sozialismoak» galdu duela. AEE Amerikako Estatuen Erakundearen begiraleek azaldu dute emaitzek «herritarren borondatea» islatzen dutela.