Ali Khamenei Irango buruzagi gorena hil duela erran du…
Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurkako erasoaldia hasi dute. Irango erregimeneko buruzagi nagusiak jarri dituzte jopuntuan: Ali Khamenei herrialdeko buruzagi gorena eta Masud Pezexkian presidentea. Khameneiren etxea bonbardatu dute, eta Israelgo iturri ofizialek jakinarazi dute jadanik hilda dagoela liderra, baita haren gorpua aurkitu dutela ere. Eta ez hura bakarrik; Reuters berri agentziak Israelgo iturriak aipatuz jakinarazi duenez, Irango Defentsa ministro Amir Nasirzadeh eta Guardia Iraultzaileko komandante Mohammed Pakpur ere hil egin dituzte. Irango iturriek ez dute hildakorik baieztatu, aitzitik, Khamenei «bizirik eta ongi» dagoela azaldu dute. Netanyahuk agerraldi bat egin du iluntzean, eta Khameneiri egotzi dio «mundu osoan terrorismoa zabaltzearen errua». Lehen ministroaren irudiko, gainera, Irango buruzagia egon da «Israel akabatzeko planen» gibelean. Erasoekin hasi berritan, Trumpek erran du «borroka operazio handiei» ekin dietela Iranen aurka. Gaineratu du Teheranekin akordio bat egiten saiatu direla azken egunetan, alferrik. «Haien misilak suntsituko ditugu, eta haien misil industria eraitsiko. Erabat deuseztatuko dugu», adierazi du. Hauxe dute xede, Trumpen hitzetan: «Irango erregimena amaiaraztea, eta Irango herria matxinatzea, boterea har dezan». Lau «helburutik» hiru hilik direla jakinarazi ondotik, Trump berriro mintzatu zaio Irani, eta AEBetako hedabide bati erran dio bi aukera ikusten dituela Irango auzian: «Edo egoera luzatu, edo haren kontrola hartu. Nahi adina iraun dezake honek, edo hiru egunean esan diezaieket agur irandarrei». Edonola den, AEBetako presidentearen arabera, herrialdeak «urte asko» beharko ditu erasoetatik «errekuperatzeko». Hiriburuaren aurka abiatu diren arren, Iran hegoaldera ere zabaldu dute erasoa, eta bonbardaketa bat egin dute Minab herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean. Irango Hezkuntza Ministerioak jakinarazi duenez, 85 ikasle hil dituzte, eta gutxienez 90 zauritu. 170 ikasle zeuden ikastetxean erasoa egin dutenean, eta erreskate taldeak biktimen bila ari dira. Hegoaldeko hiri handienari eraso diote hurrena, Xirazi. Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuaren arabera, berrehun lagun hil dituzte gaurko bonbardaketetan, eta 750 pertsona zauritu. Irango Konarak hiriko itsasontzi-baseari egindako erasoa, satelite bidez ateratako argazkian. EFE Teheranek misilekin eta droneekin erantzun dio erasoaldiari. AEBen Qatarreko, Arabiar Emirerri Batuetako eta Bahraingo base militarrak bonbardatu ditu. Are, mehatxu egin du horretan jarraituko dutela: «Israeli laguntzen dion eskualde osoko edozein base izango da gure helburua». Irango iturriek zera ohartarazi diote Al-Jazeera telebistari: «AEBek eta Israelek eskualdean duten gune oro da jopuntu zilegia, baita aurrez inoiz kontuan hartu ez badugu ere; ez dago mugarik». Horiek horrela, Teheranek agindu du herritarrentzako aterpeak eta baliabideak prestatzeko. «Negoziatzen ari garen bitartean, etsai kriminalak gure aberriari eraso egin dio, nazioarteko arau guztiak urratuz», gaitzetsi du Irango Atzerri Ministerioak. NBC News hedabideari elkarrizketa bat eman dio Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak, eta erran du «ezinezkoa» dela Irango erregimena amaitzea. «Programa nuklear baketsu bat» bermatuko duen akordio batera ailegatzeko prest daudela jakinarazi du. «Oraintxe ez daukagu komunikaziorik AEBekin. Washingtonek gurekin hitz egin nahi badu, badaki nola», erran du. Baina, hori bai, azaldu du erasoak eten egin behar direla elkarrizketarako atea ireki aitzinetik. Iranen bertan behera geratu da Internet zerbitzua, eta aire konpainia handiek eten egin dituzte hegaldiak. Golkoko herrialdeek itxi egin dute euren aire eremua. Israelek bonbardaketa egin dutela baieztatu du, eta Israel Katz Defentsa ministroak esan du «prebentziorako erasoa» izan dela, «Israelgo Estatuaren aurkako mehatxuak suntsitzeko». Israelgo armadako iturrien arabera, erasoaldia «behar adina» luzatuko dute, eta «asteak» zeramatzaten dena prestatzen. Joan zen ekainean bonbardatu zuen Israelek Iran azken aldiz. Hamabi egunez jo zuten herrialdearen instalazio nuklearren kontra; besteak beste, Ameriketako Estatu Batuen laguntzaz. Oraingoan ere, Trumpen esanetan, Irango programa nuklearra da operazio militarraren helburua, hala ohartarazi du AEBetako presidenteak berak: «Iranek ez du eta ez du izango arma nuklearrik». Nazioarteko erantzuna Nazioarteak berehala hitz egin du. Europako Batzordeko presidenteorde Kaja Kallasek Irango Gobernua kritikatu du: «Talde terroristak babesten ditu, eta hori mehatxu handia da munduko segurtasunerako». Gainera, esan du bertatik erretiratzen ari direla ezinbestekoak ez diren Europako Batzordeko langileak. Palestinako Gobernua ere hasi da prebentzio neurri batzuk hartzen, eta ospitaleetan eta osasun zentroetan «alerta egoera» deklaratu du. Ez hori bakarrik, eremu publikoetan bilerak egitea debekatu du; hala jakinarazi du gaur Mohamed Mustafa PAN Palestinako Aginte Nazionalaren lehen ministroak. «Palestinako erakunde guztiei eskatu nahi diegu prestakuntza maila handitu dezatela». Herritarrei joan-etorriak eta bidaiak gutxitzeko deia ere egin die. NBE Nazio Batuen Erakundeak, berriz, AEBen eta Israelen erasoaldia eta Iranen erantzuna gaitzetsi ditu: «Edozein gatazka armatutan, zibilek ordaintzen dute garestien». Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, kasurako, borroka eteteko deia egin du. Are, elkarri egiten ari diren erasoek nazioarteko bakea eta segurtasuna «arriskuan» jartzen dituela erran du, eta, liskarrak eten ezean ondorioak «biztanleria zibil osoarengana» ailegatu daitezkeela ohartarazi. NBEko idazkaria izaki, estatu kide guztiei eskatu die bete ditzatela nazioarteko legezkotasunaren alorrean dituzten betebeharrak, eta «alde guztiei» exijitu die itzul daitezela «negoziazio mahaira». Guterres: «NBEk argi eta garbi debekatzen du lurralde osotasunaren eta edozein estaturen independentziaren kontrako indarra erabiltzeko mehatxua». Bide batez, NBEko Segurtasun Kontseiluak «premiazko bilera» eginen du gaur arratsaldean, «Iranen egoera aztertzeko». Guterresen gibeletik etorri da Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburua ere, eta bertze «premiazko bilera batera» deitu du biharko. EBko Atzerri ministro guztiei egin die deia, eta esplikatu du «berehala» heldu behar dietela nola Iranen gertatzen ari diren erasoei hala Ekialde Hurbileko gertakari denei. Negoziazioak Azken asteetan hainbatetan bildu dira AEBetako eta Irango ordezkariak azken horren programa nuklearrari buruz hitz egiteko. Azken bileraren ostean, bi aldeek nabarmendu zuten elkarrizketak «ondo» joan zirela. Ordea, azken orduetan oso bestelakoa izan da Etxe Zuriaren jarrera. Atzo arratsaldean, bai AEBek, bai beste hainbat herrialdek Israeldik alde egiteko eskatu zieten beren herritarrei, eta ohartarazi handik ordu gutxira ez zela ihes egiteko aukerarik izango. Irango programa nuklearrak Mendebaldeko estatuen ezinegona eragin du urte luzez, nahiz eta Iranek behin baino gehiagotan ukatu arma nuklearrak dituela edo halakoak egiteko asmoa duela. Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak berak ezarri zuen arma nuklearrak egiteko debekua, eta, azken egunetan zenbait iturrik zabaldu dutenez, Teheran prest agertu da «tarte batez» uranioa aberasteari uzteko. Hitz eta promesak, baina, ez dira aski izan Etxe Zuriarentzat. Arma nuklearrak garatzeko, uranioa gutxienez %90 aberastu behar da. Iazko ekainean Irango instalazio nuklearrei eraso egin zieten AEBek, eta, Trumpen arabera, «guztiz txikitu». Aste batzuk lehenago ohar bat kaleratu zuen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, eta zehaztu Iranek %60 aberastutako 400 kilogramo pasa uranio zituela; azpimarratu zuen, dena den, ez zegoela frogarik esateko Iranek arma nuklearrak garatzeko asmoa zuenik. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek ezin izan ditu ordutik neurketa gehiago egin, Iranek harekin zuen lankidetza bertan behera utzi baitzuen AEBen erasoen ondoren. Euskal Herrian mobilizazioak antolatu dituzte. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta, elkarretaratzeak eginen dituzte bihar Iruñean —12:30ean Udaletxe plazan—, Donostian —13:00etan Bulebarrean—, eta Bilbon —12:30etan Areatzan—. Israelek eta AEBek Iranen aurka egindako erasoa salatzea da helburua, eta, era berean, «sionismoaren eta inperialismoaren aurkako erresistentziari babesa adieraztea». Iranek ormuzko itsasartea itxi du AEBek eta Israelek hala nahi badute ere, Iran ez da geldirik geratuko. Eta erantzuna eman die jasandako kolpeei: Guardia Iraultzaileak itxi egin du Ormuzko itsasartea. Omango golkoaren eta Persiar golkoaren artean dago itsasartea, baina ez dio soilik inguru hari eragiten, ez: munduan kontsumitzen den petrolioaren %40 inguru itsasarte horretatik igarotzen da, eta, haatik, munduko erregaien ibilbide komertzial nagusietako bat da. Itsasartea itxita edukitzeak zuzen-zuzenean eraginen dio petrolioaren prezioari. Irango itsas armadak esplikatu duenez, «etete prozesuan» dago itsasartea, alegia, oraindik ez da guztiz itxi. Baina irrati seinale bidez jarri dira harremanetan itsas zirkulazioarekin, eta «denei» jakinarazi diete operazioa hastera doazela eta itxi eginen dutela pasabidea.