Altuna III.a finalera, nagusitasunez
Jokin Altuna nagusi izan da buruz buruko finalerdietan Unai Lasoren aurka, eta Aspekoa merezita sailkatu da finalerako: 22-9 irabazi dio Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Ez du errukirik izan, eta egungo txapeldunak jipoitu egin du txapeldunordea; nahieran ibili da Altuna III.a, eta ezinean Laso. Gustura eta pozik mintzatu da irabazlea partida amaitutakoan: «Oso ondo sentitu naiz, konfiantzaz. Finalera iristea zaila da beti, kostatu egiten da; txoratzen nago». Txanponaren beste aldean, Laso: «Triste nago. Jokinek oso ondo jokatu du, eta nik batere ez; deseroso egon naiz». Hasiera-hasieratik korapilatu zaio partida nafarrari; ez gaizki hasi delako, baizik ikusgarri ekin diolako lehiari Altuna III.ak. Txundigarri aritu da, eta ohartzerako bideratu du garaipena, hamabost tanto erreskadan eginda. Abiadura handia eman dio pilotari, eta fin-fin amaitu ditu tantoak, horietako asko txokoan utzita. Jo behar zuenean ere, zartako galantak eman dizkio pilotari. 5-0ekoarekin, atsedenaldia eskatu du Lasok, eta hala esan dio bere botilero Mariezkurrenak: «Lasai, hasi besterik ez da egin; hau luzea da». Ordurako, aurpegi makurra zuen Baikokoak. Altunak, baina, erakustaldia ematen jarraitu du; perfekziotik gertu ibili da, eta, halakoetan, zaila da amezketarrari aurre egitea. Berean segitu du: tantoak egin eta egin. Horiek horrela, etsitzen hasi da Laso; kantxan ez zuen bere tokia topatzen, eta nekatu samar zegoela sumatu da; Altunak asmatu du, baina Bizkarreta-Gerendiaingoak ere tanto batzuetan egin du kale. Esaterako, amezketarrak bi tanto segidan egin dizkio sakez, eta biak ziren eramateko modukoak: bederatzigarrena eta hamargarrena. Batak lan erdiak eginak zituenean, bestea hutsean zegoen oraindik. Atsedenalditik bueltan ere, zaharrak berri. Azkenean, gantxo on batekin apurtu du Lasok Altuna III.aren bolada gozoa (15-1). Hortik aurrera, partida apur bat orekatu da. Baikokoa saiatu da markagailua txukuntzen, aukera txikiena izanda ere arriskatu egin du, eta gozatu du tanto bakar batzuetan; ordurako, baina, Altunak poltsikoan zuen partida. Lehen hamabost tantoetan hautsi du lehia, eta gero ondo kudeatu aldea. Guztira, hamasei tanto egin ditu amezketarrak, eta bi bakarrik huts egin; dejadaz zazpi egin ditu. Lasok, berriz, zazpi izan ditu egindakoak, eta sei huts egindakoak. Behetik gora eginda sailkatu da Aspeko pilotaria finalerako. Iker Larrazabalen aurka galdu egin zuen final-laurdenetako ligaxkako lehen partida, eta zaildu egin zitzaion bidea. Gero, ordea, Javier Zabalari eta Dario Gomezi irabazi egin zien. Kostata hasi, baina bete-betean iritsi da txapelketaren azken zatira. Hura da irabazteko faborito nagusia. Bihar zehaztuko da finala Altuna III.a finalean da, eta bihar jakingo du noren kontra neurtu beharko dituen indarrak txapela janzteko lehia erabakigarrian: Larrazabalen edo Iñaki Artolaren aurka. Baikoko bi pilotariek bihar jokatuko dute finalerdietako beste partida, Gasteizen, Ogeta pilotalekuan (17:30, ETB1). Larrazabal aurreneko aldiz ari da buruz burukoan, eta ezustekoa eman du. Lehenbizi, Ezkurdiari irabazi zion final-zortzirenetan; gero, Altuna III.a hartu zuen mendean final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan, eta Dario Gomez bigarrengoan. Javier Zabalak astindua eman zion azkenekoan, baina ordurako sailkatuta zegoen. Parean, baina, eskarmentu handiko pilotari bat izango du: Artola. Hirugarrenez ariko da alegiarra buruz buruko finalerdietan. Hura da finalerako sailkatzeko faboritoa, baina, horretarako, irabazi egin beharko du. Ez du samurra izango. Finala ekainaren 1ean jokatuko dute, Bilbon, Bizkaia frontoian. Hala aitortu du Altuna III.ak: «Bihar adi egongo naiz, nola ez: orain, bi aste eder ditut aurretik». Buruz burukoan bigarren txapela erreskadan lortu nahi du amezketarrak, eta laugarren aldiz jantzi.