Berak Askapenaren eguna deiturikoan, gaur, Donald Trumpek bere muga zerga berriak Etxe Zuriko Arrosa Lorategitik iragarri ditu, eta Lynn Andersonek 70. urteetan ezagun egindako kanta gogoan —«barkatu, baina inoiz ez nizun arrosa lorategi bat agindu. Eguzkiarekin batera, euri pixka bat egin behar du noizbait»—, badirudi luzerako euritea iritsi dela munduko merkataritzara. Zenbait ikerketaren arabera, Trumpen muga zergek 1,7 bilioi euro murriztuko dute merkataritza munduan, eta guztiek igarriko diote kalteari, baina baita Estatu Batuek eurek ere, besteak beste, merkataritza globalaren %30 direlako, eta beste %70a ez delako ezer egin gabe geratuko. iFrameResize({ log: true },’#mugaZ’); Bere hiztegian «askapenak» zer esan nahi duen argitu du Trumpek: protekzionismo hutsa, eta muga zergak ezker-eskuin jartzea, baita teorian aliatu dituen herrialdeei ere. Are, aliatuei eragingo diete batez ere, haiekin baitu tratu ekonomiko gehien. Iragarpenak beste intentsitate bat emango diote Trumpek berak hasitako merkataritza gerrari, Europako Batasunak eta beste guztiek erantzun egingo dutela ohartarazi diotelako AEBetako presidenteari. Hainbat espekulazio izan dira egun osoan zehar, %20 inguruko muga zerga orokor bat jartzeko aukera nagusitzen zela, baina azkenean bi talde egin ditu. Tarifa orokor bat jarri du, %10ekoa, baina bazkide inportanteenei askoz muga zerga handiagoa jarri die, Trumpen arabera, AEBei jartzen dizkieten tarifen araberakoak —hortik dator «elkarrekikoak» deitzea—. Are gehiago, «eskuzabal» jokatu duela nabarmendu du, AEBek «zerga bidegabeen erdia» soilik aplikatuko dielakoan. Afitxa batean erakutsi du herrialdeen zerrenda nagusia, azalpen traketsekin. Trump, herrialdeei jarritako muga zergak erakusteko afitxarekin. Horrela, Europako Batasuneko produktuei %20ekoa jarriko die. Nola kalkulatu du kopuru hori? Bada, benetako muga zergei ez ezik, bere iritziz AEBen produktuei trabak jartzen dizkieten beste kostuak gehituta; haien artean dago BEZa, AEBetako enpresek ez ezik, Europakoek beraiek eta beste guztiek ordaintzen dutena. Txinari %34ko muga zerga jarriko dio; %46koa Vietnami, %32 Taiwani, %24 Japoniari, %26 Indiari, %10 Erresuma Batuari eta %10 Brasili. Kanadari eta Mexikoire ez die elkarrekiko muga zergarik jarri, oraingoz. Beste herrialdeek AEBei egindako kalteak gutxienez birritan zerrendatu ditu Trumpek, urteetako lapurretak, iruzurrak, manipulazioal, bidegabeko subsidioak, dumpingak, neurrigabeko tasak, eta jabetza intelektualaren lapurretak aipatuz. Herrialdeen bidegabekeria horien artean aipatu du Europako Batasuneko %20eko balio erantsiaren gaineko zerga. «America first» Horren aurrean, Trumpek esan du «gu argitasunez jokatzen hasiko gara eta aberats izaten hasiko gara». Bere lehen agintaldian maiz erabili zuen leloa berreskuratu du: «America first (Amerika lehenengo». Muga zergen bitartez 600.000 milioi dolar jasoko dituztela aldarrikatu izan du Trumpek, eta horrela ordainduko dituela enpresei eta herritarrei agindutako zerga jaitsierak. Baina baliteke aduanetako kutxetan AEBetako presidenteak uste baino diru gutxiago sartzea, tarifa horiek ia ezinbestean ekarriko dutelako inportazioak jaistea. Merkatuak itxi arte itxaron du AEBetako presidenteak Liberation Day-a zertan datzan iragartzeko. Agian pentsatzen duelako finantza munduaren erantzuna ez dela ona izango. Wall Street maldan behera doa Trump Etxe Zurian sartu eta gerra komertzialak iragartzen hasi zenetik. %10 inguru galdu du Nasdaq indizeak, ia %5 S&P 500ek, eta %1etik gora Dow Jonesek. Balio gehien galdu duen konpainia Tesla da, %35, Elon Musk Trumpekin eskuz esku aritzeak bezero izan zitezkeen askorengan eragin duen arbuioa dela eta. Asko galdu dute Nvidia mikro txipen ekoizlea, eta enpresa teknologikoek, Europaren erantzunaren beldur. Merkatuen erreakzioak mezua goitik behera aldatzera bultzatu du Trump. Bere agintaldiaren atarian eta hasieran, burtsak gora zihoazenean, bere politika ekonomikoaren garaikur gisa erakusten zituen datuak. Orain, berriz, gutxietsi egiten du merkatuek diotena; hain justu, atzeraldi bat eragin dezakeela eta inflazioa, apaldu beharrean, gora egin dezakeela. [articles:2139794] Muga zerga orokorraz gain, autoei jarritako tarifa berezia ere indarrean jarriko da orain. Haren bitartez, %25eko muga zerga bat ordaindu beharko dute AEBek inportatzen dituen auto guztiak. Autoentzako osagaiek ere ordainduko dute tarifa hori aurrerago, baina ez, oraingoz, Mexikon eta Kanadan egindakoek. AEBetako autogileen eskaera da hori, ekoizpen kateak oso lotuta dituztelako. Badaezpada ere, kontsumitzaileek erosketak aurreratu dituzte, eta marka ia gehienek asko handitu dituzte beren salmentak azken asteetan. Chevrolet auto saltoki bat, Los Angelesen. ALLISON DINNER / EFE Tarifen bitartez, Trumpek AEBetako industriari bultzada bat eman nahi dio —inportazioak garestitzeak barne ekoizpena merkatzen du—. baina oraingoz kontrako eragina izaten ari da. Azken datuen arabera, martxoan lantegien jarduera jaitsi egin zen, eskariak jaitsi egin zirelako. Enpleguak ere behera egin du sektorean. Enpresen biltegiak, ordea, ez dira hain beteta izan 2022az geroztik. Adituen arabera, horrek erakusten du aurreko hilabeteetan erosketa asko aurreratu dituztela konpainiek, muga zergei izkin egiteko. Dirua beldurtia da Beste ondorio bat ere izan dute Washingtondik etortzen diren berriek: urrearen balioa inoizko handiena da. Dirua beldurtia da, eta horrelako kasuetan ohikoa den moduan, inbertsiorik zuhurrenek urrea erosteari ekin diote, eta haren eskutik ontza batek 2.9000 eurotik gorako balioa dauka gaur egun, urte hasieran baino ia %20 gehiago. Urrea saltzen duen denda bat, Bangkoken. RUNGROJ YONGRIT / EFE Urrearen garestitzeak egoera ekonomikoari buruzko mesfidantza erakusten du, eta hori ikusten da merkatu azterketetan ere: enpresetako buruzagien konfiantza indizea ez da hain txikia izan azken hamar urteetan, eta kontsumitzaileena, berriz, azken lau urteetan.
Bilbo Basket FIBA Eurokopako finalean izango da. Zail zirudien, finalerdietako joaneko partidan Dijonen (Frantzia) 19 puntuz galdu eta gero. Are gehiago, gaur partida amaitzeko bost minutu eta erdi falta zirenean soilik hiru puntuko errenta baino ez zuelako: 66-63. Baina azken bost minutuetan 28-2ko partzial bat lortu dute. Ezinezkoa zirudiena posible egin dute, eta kirolean tarteka gertatu ohi diren ezusteetako bat eman da. Bilbotarrak 98-67 gailendu dira, eta finalerako sailkatu dira. Hala, klubaren sorreraren 25. urteurrenean, Europan garaikur bat irabazteko aukera izango dute, eta ospakizunei ginga jarri. Klubaren ibilbidean bigarren finala izango da, 2010-2011 urtean jokatutakoaren ostean. Oraingo honetan PAOK Salonika izango du kontraria, eta bi partidara jokatuko da, apirilaren 16an eta 23an. Joanekoa Salonikan jokatuko dute, Grezian, eta itzulerakoa Bilbon 19 puntuko desabantaila iraultzeko, ezinbestekoa zen Bilbo Basket hasieratik bete-betean aritzea, eta hala egin du. Bikain irten da kantxara, eta 7-0 jarri da aurretik. Bizi jokatu du erasoan, eta defentsan oldarkor. Frantziarrei, berriz, kostatu egin zaie erasoan asmatzea, batez ere hiruko marratik. Bost eta zazpi puntu arteko errenta horri eutsi diote bilbotarrek, eta azkenean zortzikoa izan da lehen laurdenaren amaieran: 20-12 Bigarrenari ere oso ondo ekin dio, eta 10 puntura igo du abantaila. Lan erdiak eginda zituen emaitza horrekin. Baina zail zirudien ezarritako erritmo bizi horri eustea, eta apur bat jaitsi denean, frantziarrak hobeto moldatu dira. Haien ahalmen fisikoa baliatu dute eraso estatikoan, jokaldi luzeak eginez, eta 6-0eko partzial batekin lau puntura gerturatu dira: 26-22. Erasoan, gainera, hainbat minutu eman dute asmatu ezinik Bilbo Basketekoek. Marvin Jones eta Tryggvi Hlinason pibotak min hartuta egonda, bilbotarrak hiruko jaurtiketen bidez saiatu dira askotan puntuak sartzen. Baina ez dira fin aritu. Lehen bi laurdenetan hamasei ahalegin egin dituzte hiruko marratik, eta hiru baino ez dituzte sartu. Jaurtiketetako batzuk presaka egin dituzte. Saskiratze errazak behar zituen Bilbo Basket, defentsako errebotea ondo zaindu, eta kontraerasoan bizkor atera. Baina nahi baino gutxiagotan lortu du, eta aldageletara bost puntuko errentarekin joan dira: 35-30. Lehen zatian ez bezala, bigarrenari hobeto ekin diote frantziarrek. Baina segidan bi hiruko sartu ditu Bilbo Basketek, eta zazpi puntura handitu du aldea: 43-36. Frantziarrek ondo zaindu dute De Ridderren eta Pantzarren jarduna, eta horrek gutxitu egiten zituen Bilbo Basketek kanporaketa iraultzeko zituen aukerak. Denbora aurrera zihoan, eta horrek Dijoni egiten zion mesede. Bilbotarrek beste martxa bat eman behar zioten neurketari hirugarren laurdenaren azken minutuetan, azkenengoan abaguneren bat izateko. Hala egin dute, eta hiru minutu eta erdi falta zirenean laurden horretako alderik handiena lortu dute, bederatzi puntukoa: 54-45. Azpimarratzekoa izan da minutu horietan Bassala Bagayoko gaztearen ekarpena. Maliko jokalariak 17 urte besterik ez ditu, eta udan iritsi zen Bilbora. Etorkizun handia duela erakusten ari da, batez ere ausarta dela. Gaur berretsi du. Baina pare bat defentsetan huts egin du Bilbo Basketek, eta Dijonen zazpi puntu egin ditu segidan: 54-52, laurdena amaitzeko minutu eta erdi falta zenean. Miraria azken laurdenean Azken laurdenari lau puntuko errentarekin baino ez dio ekin Bilbo Basketek: 56-52. Baina berehala berdindu du partida Dijonek: 56-56. Mirari behar zuten bilbotarrek. Dena den, tinko jarraitu dute lanean, gutxienez partida irabazteko helburua zuten. Hala, denboraldi honetan Miribillan jokatutako FIBA Eurokopako partida guztiak irabaziko zituzten. Jokaldiz jokaldi aldea murrizten joan dira. Hori lortu ahala, frantziarrak urduritzen joan dira, eta saskia are txikiagoa egin zaie. 66 puntutan geratu dira kateatuta. Bilbo Basketek balentria posilbe zela ikusi du. Miribilla infernu bilakatu da, eta partida amaitzeko minutu eskas falta zela 21 puntuko errenta zuten bilbotarrek. Kanporaketa iraulia zegoen. Festa azken jokaldian biribildu du Cazalonek, birrintze batekin.
ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioaren aldeko jarrera «ausartagoa eta argiagoa» izateko eskatu diote Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eta, aldi berean, babestu dezala sindikatuek bultzatuko duten HEL herri ekinaldi legegilea. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra batera hartu ditu Pradalesek Lehendakaritzan. Bertan zen Mikel Iriondo proiektu estrategikoen Jaurlaritzako idazkari nagusia ere. Giro adeitsuan egin dute bilera, baina sindikatuetako ordezkariek onartu dute ez dutela jaso espero zuten erantzun argirik. Erlazionatuta Kopurua 1.500 euro gordin hilean Confebaskek uko egin zion negoziatzeari Bileraren ondoren, Lakuntzak azaldu du Confebask patronala estu hartzeko eskatu diotela Pradalesi. «1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzen dugu. Ez du inolako aitzakiarik haren aurka egiteko», nabarmendu zuen. Pradales atzo bildu zen Confebaskekin. Aranburuk, berriz, «ausartago» eta «argiago» agertzeko eskatu dio lehendakariari, eta gutxieneko soldataren auzia absentismoarekin ez nahasteko: «Hori patronalaren marko diskurtsiboarekin bat egitea litzateke». Sinadura bilketa Sindikatuek, halaber, abian duten herri ekinaldi legegilea aurkeztu diote. Ekinaldi horren bitartez, gutxieneko soldata propioa izateko behar diren eskumenak eskatzera behartu nahi dute Jaurlaritza. Bihar ekingo diote sinadurak biltzeari, eta Pradalesi eskatu diote ez dezala HELaren bidea oztopatu Eusko Legebiltzarrean. Jaurlaritzak, bestalde, ez du egin bileraren inguruko baloraziorik. Pradales Loli Garcia EAEko CCOOko idazkari nagusiarekin elkartuko da gaur, eta itxitzat emango du lan munduko eragileekin egiten ari den bilera sorta.
Talgori jarritako isunaren baldintzak argitu eta “pauso positiboak” eman direla onartu du Eusko Jaurlaritzak. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuaren arabera, behin 116 milioi euroko isunaren ordainketa baldintzak ezagututa, hurrengo pausoa bankuekin negoziatzea izango da.
Gaurkoa «gau magiko eta historiko bat» izatea nahi zuen Realak, kanporaketa irauli eta Espainiako Koparako finalerako sailkatzea amets. Bada, gertu izan du, baina ez du lortu, partida zoro baten ostean. Luzapenean kanporatu du Real Madrilek. 70. minutuan 1-1 zihoazen, eta 3-4 bukatu da lehia arauzko 90 minutuetan. Penaltietarako bost minuturen faltan, baina, laugarrena egin du Real Madrilek, eta finalik gabe utzi du Reala —joanekoa 0-1 galdu zuen Anoetan—. Gogotsu zelairatu dira txuri-urdinak, eta gauzak argi. Pixkanaka etxeko taldea hasi da Realaren atzealdeari kilimak egiten, baina ez dira urduri jarri Imanol Alguacilek zuzendutakoak, eta azkar erantzun dute: Sucicek kanpora bota du aurreneko aukera, baina barrura Barrenetxeak bigarrena, 16. minutuan. Zubimendik ezker hegalean zuloa ikusi du, eta harantz eman du pasea; ondo irakurri du jokaldia Pablo Marinek, eta buruz orraztu du baloia, Barrenetxeak jaso zezan. Barruraino sartu da donostiarra, eta ez du huts egin Luninen aurrean, 0-1ekoa jarriz, eta kanporaketa berdinduz. Aurkari ez zuen edonor, ordea. Real Madrilek erasora egin du, jo eta su. 20. minutuan Bellinghamek gehiegi gurutzatu du baloia, baita 21. minutuan Rodrygok ere, eta kanpora bota du hurrengoa berriro Bellinghamek. Ordura arte alde izan du partida Realak, baina konturatzerako aldrebestu zaio. 26. minutuan Aguerdek lurrera bota du bere burua, min hartu duelako. Aldaketa eskatu du erdiko atzelariak. Jarraian iritsi da bigarren albiste txarra: Real Madrilen gola. Viniciusek pase ederra eman dio Endricki defentsaren bizkarrera, eta Remiroren aurrean ondo loratu du baloia brasildarrak. Kanporaketa alde izanda, Real Madrilek hartu du jokoaren aginte makila, eta lanean segitu dute txuri-urdinek. Lehen zatiko azken jokaldian penaltia eskatu du Take Kubok, Viniciusek atzetik heldu egin diolako. Txistua jo du epaileak, baina atsedenaldia adierazteko. Ondo ari zen Reala, partida landua egiten, baina gol bat behar zuen kanporaketa berdintzeko. Burua hotz, horren bila joan da, oraindik aurretik minutu asko zituztela jakitun. Hala, zoramena izan da partida amaiera. Luninen area ingurura maiz ari ziren gerturatzen ziren txuri-urdinak, baina kostatzen ari zitzaien jokaldiak bukatzea. Azken metroetan argitasuna falta zitzaien Realeko jokalariei, eta batez ere halakoetan garrantzitsuak izaten dira geldikako jokaldiak. Bada, 70. minutuan kornerrean gertu izan du gola: Zubimendiren errematea Luninek gelditu du. Hortxe esnatu da Reala, eta piztu da partida. Hurrengo jokaldian kontraeraso azkar eta arriskutsua osatu du, baina Oiartzabalek ezin izan du baloia kontrolatu. Ez du barkatu hurrengo jokaldian. Marinek hartu du baloia arearen eskuin aldean; barrura sartu eta atzera pasea egin du, eta Alabari jo ondoren sareetara joan da baloia. Gutxira iritsi da Realaren hurrengo gola. Jokaldi ona egin dute txuri-urdinek. Take Kubok Oiartzabali eman dio pasea, eta eibartarraren jaurtiketa barrura joan da, berriro Alabari jo ondoren. 80. minutua zen, eta 1-3koarekin, momentu horretan finalean zen Reala. Pozak, baina, gutxi iraun die txuri-urdinei. 82. minutuan kanporaketa berdindu egin du Bellinghamek, eta 86. minutuan irauli: Tchouamenik hirugarrena sartu du. Zaplazteko galanta izan da Realarentzat, esku-eskura zuelako finalerako sailkatzea. Ez dute etsi, baina, eta borrokan jarraitu dute. Azken hitza esateko zuten oraindik. Hala, 93. minutuan laugarrena sartu du Realak; Oiartzabal kapitaina berriro protagonista. Sergio Gomezek ateratako falta buruz errematatu du, eta Realari amets egiten segitzeko aukera eman dio, luzapena behartuz. Txuri-urdinei sasoi honetan kostatzen ari zaie gola egitea. Bada, lau sartu ditu gaur, non eta Bernabeun. Luzapenean, kale Luzapenean lehiari eusten saiatu dira txuri-urdinak. Bazekiten sufritzea tokatzen zitzaiela. Ahituta zeuden jokalariak, baina lan eta lan segitu dute. Ezin izan diote eutsi, ordea. 115. minutuan gola sartu du Real Madrilek. Kornerra bakar-bakarrik errematatu du Rudigerrek, eta hark eman du azken kolpea. Finalerdietan erori da Reala, baina harro. Real Madril-Reala Real Madril. Lunin; Lucas Vazquez (Modric, 79. min.), Asencio (Brahim, 105. min), Alaba (Rudiger, 90. min), Camavinga (Fran Garcia, 90. min.); Valverde, Tchouameni, Bellingham; Rodrygo (Guler, 105. min.), Endrick (Mbappe, 66. min.) eta Vinicius. Reala. Remiro; Aramburu (Traore, 80. min.), Zubeldia, Aguerd (Aritz, 27. min.), Aihen; Sucic, Zubimendi, Pablo Marin (Olasagasti, 91. min); Kubo (Mariezkurrena, 115. min), Oiartzabal (Oskarsson, 115. min.) eta Barrenetxea (Sergio Gomez, 68. min.). Golak. 0-1: Barrenetxeak (16. min.); 1-1: Endrickek (30. min.); 1-2: Marinek: (72. min); 1-3: Oiartzabalek (80. min.); 2-3: Bellinghamek (82. min.); 3-3: Tchouamenik (86. min.); 3-4: Oiartzabalek (93. min.); 4-4: Rudigerrek (115. min.).
Espainiako Gobernuak Moves III plana berreskuratu du auto elektrikoak eta hibridoak erosteko. Laguntza horiek geldirik zeuden Espainiako Kongresuak omnibus dekretua onartu ez zuelako. Trantsizio Ekologikoko Ministerioak iragarri zuen egitasmoa berreskuratuko zuela, eta hala iragarri du astearte honetan Sara Aagesen ministroak. Planak 400 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Neurriak atzerako eragina izango du, eta urtarrilaren 1etik autoa erosi dutenek ere eskatu ahal izango dute. Zehazki ibilgailu elektrikoak eta erregai pilako autoak erosteko emango da laguntza, baita entxufa daitezkeen auto elektrikoen kargalekuak instalatzeko ere. Auto saltzaileek denbora zeramaten plana aktibatzeko eskatzen. Azken hilabeteetan asko handitu da auto elektrikoen salmenta, baita Hego Euskal Herrian ere; modelo merkeen salmentak ez du halako igoerarik izan, menpekotasun handiagoa dutelako laguntza horrekiko. %9,1 Elektrikoak, aurten. Hego Euskal Herrian 8.104 auto matrikulatu dira urteko lehen hiru hilabeteetan, iaz baino %2,9 gehiago. Askoz gehiago hazi dira, berriz, modelo elektrifikatuak: +%34,2 hibridoak, +%40,8 elektrikoak eta %50,6 hibrido entxufagarriak. Hibridoak dira auto berrien %49,7, eta inoizko kuotarik handienak dituzte elektriko hutsek (%9,1) eta hibrido entxufagarriek (%9). Dieselak, ordea, %4,1 baizik ez dira, eta gasolina erretzen dutenak, berriz, %23. Europako Batasunaren Next Generation funtsen bidez finantzatzen da Moves III; Espainiako Gobernuak banatzen du dirua, baina autonomia erkidegoek kudeatzen dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EEE Energiaren Euskal Erakundea arduratzen da horretaz, eta Nafarroan, Industria Departamentua. Aagesen ministroak iragarri du aurten «sinplifikatu» egingo dela laguntzaren tramitazioa, «sektorearen eta kontsumitzaileen eskaerari erantzunez». Laguntza eskatzen duen norbanako edo enpresa bakoitzak 7.000 eurorainoko laguntza jaso dezake auto zaharra txatartegira eraman eta auto elektriko berria erosten badu —9.000 eurorainokoa izan daiteke 3.500 kilo arteko ibilgailu komertzialen kasuan—. Auto zaharra uzten ez bada, 4.500 eurokoa izango da laguntza. Laguntza horiek %10 handiagoak dira 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren herritarrentzat edo mugikortasun murriztua dutenentzat. Gehienez bederatzi hilabeteko antzinatasuna duten bigarren eskuko auto elektrikoen erosketa ere diruz lagunduko dira. Ibilgailuak ez ezik, horiek norbere garajean kargatzeko tresnak eta instalazioaren %70-80 ere finantzatzen ditu Moves planak. Nafarroan, ogasunak %35eko zerga kenkaria ezarria die auto elektrikoa erosten dutenei. Ez bateragarriak Espainiako Gobernuaren laguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzak gaur abian jarri duen Renove planekoekin. Horrek, baina, aurrekontu itxi bat dauka —bost milioi euro—, eta agortzen denean ez da eskaera gehiago onartzen. Beste ezberdintasun bat dauka: Jaurlaritzaren laguntzek auto mota guztien erosketan erabil daitezke, errekuntzakoak barne. Hala ere, hainbat baldintza bete behar dira, eta nagusiki bat: auto bat txatartegira eraman behar du erosleak, eta ibilgailu horrek 20 urte edo gehiago izan behar ditu.