Nafarroan, eraikuntza enpresek 125 milioi zor dizkiote ogasunari
Tartean, krisiak astindutako enpresen izen handiak daude. Adibidez, Juan Bautista Flores SAk zazpi milioi euroko zorra utzi du. Bere garaian eraikuntzaren goraldiaren ikur nagusia izan zen, baina epaitegietan amaitu du enpresak, hartzekodunen konkurtsoa deklaratu, eta gerora kiebra hartan ustez delituak egon zirelakoan. Construcciones Aldabea enpresak, berriz, 4,1 milioi euroko zorra utzi zuen. Aurreko hamarkadan, Los Arcoseko zirkuitua bultzatu zuen Construcciones Samaniegok laguntza publiko ugari jaso zituen azpiegitura handi hura bere kabuz bukatzerik ez zuelako, eta, hala ere, 3,5 milioi euro utzi zituen zorretan. Argoaz Inversionesek 80 milioi euroko zuloa utzita hondoratu zen, eta horietatik bi milioi euro ez zizkion ogasunari pagatu. Azysa 2013an desagertu zen, eta hark ere milioi bat euro utzi zituen ordaintzeke; Urpasa Construccionesek bost milioi zor ditu…
Aurreko urteetan bezala, Ana Beltran Nafarroako PPko presidentearen familiaren upeltegia ageri da zordunen artean: Bodegas Camilo Castillak 976.860 euro zor ditu. Dena den, duela gutxi akordio bat egin du Nafarroako Ogasunarekin: zor horren erdia ordaindu du, eta beste erdiaren ordainketa atzeratu du. Ogasunarekin tratua erdiesten duten gainerako zordunen moduan, datorren urteko zerrendatik kanpo geratuko da. Azken finean, zerrenda hori argitaratuta, zorra ordainaraztea edo bestela zordunekin hitzarmena lortzea du helburu ogasunak.
Urralburu eta Galipienzo
Izen ezagunen artean, beste behin, Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakari ohia nabarmentzen da. 1984tik 1991ra presidente sozialista izan zenak 426.744 euroko zorra du, eta urteotan ez du zentimo bakar bat ordaindu.
Beste politikari ohi bat Ignacio Galipienzo Eguesibarko alkate ohia da —142.273 euro zor ditu—. Bere garaian, distira handiko UPNko politikaria zen, eta etorkizun handia aurreikusten zitzaion, baina Galipienzo auziak eztanda egin zuenean, alderdia utzi eta epaitegietan amaitu zuen, ustelkeriaz akusatuta —epaileak 2009an urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion—.
Kirolari ezagunak ere ageri dira zerrendan. Adibidez, Denis Mentxov eta Vladimir Karpets txirrindulari ohiek 373.859 eta 678.651 euro zor dituzte, hurrenez hurren —gainera, bien kasuan, abizen bereko bi emakumek, Nadezna Menshovak eta Tatiana Karpetsek, kopuru bereko zorra dute, zerrendaren arabera—. Pizo Gomez Osasunako jokalari ohi eibartarrak, berriz, 235.000 euro zor ditu. Osasunako beste jokalari ohi batek, Krisztian Vadoczek, 153.000 euro zor ditu.
Zordun gehienak 2017ko zerrendan ere azaldu ziren. Euren artean 149k zor hori handitu dute (22,6 milioi) eta beste gutxi batzuk murriztu (3,9 milioi).




