Bidaiari kopuruak gora egin zuen Bilboko Aireportuan eta behera Donostian eta Gasteizen, irailean. Bizkaiko aerodromoak inoizko irailik onena itxi du bidaiariei dagokienez; Donostian, berriz, % 2,4 jaitsi da bidaiarien kopurua irailean, eta Gasteizen % 18,1, 2023ko datuekin alderatuta.
Lehenengoan, etxera. Iñaki Artolak 11-22 irabazi dio Joseba Ezkurdiari Lekunberrin (Nafarroa), Lau eta Erdiko txapelketako lehen kanporaketan. Ondorioz, Baikoko aurrelaria ariko da final-laurdenetako ligaxkan, eta ez hiru aldiz txapeldun izandakoa. Neurketa bikaina jokatu du Artolak, eta ezin izan dio aurre egin zenbait akats egin dituen Ezkurdiak. Aspekoak ez du asmatu, eta urduri ibili da partidako une ugaritan. Hasieratik hartu du aurrea Baikokoak (2-6), baina markagailua irauli du Ezkurdiak (7-6) eta berdindu egin da lehia (10-10). Hortik aurrera, nagusitu egin da Artola, eta ia segidan egin ditu 22ra heldu arteko tanto guztiak. [articles:2131944]
40 urteko gizonezko bat hil da gaur Aranbeltz mendian, Ziordian (Nafarroa). Gasteizkoa zen mendizalea. Eskalatzen ari zen, eta 10 metroko altueratik erori da. Bikotekidearekin zegoen istripua gertatu denean, eta hark eman die abisua larrialdi zerbitzuei. 12:55ak ziren. Ahal bezain pronto bertaratu dira erreskate zerbitzuak, baina ezin izan dute ezer egin gizonaren bizia salbatzeko.
Ministerioak eta eragile sozialak bihar bilduko dira elkarrizketa mahaia osatzeko. Sindikatuek ez dute begi onez ikusi proposamena; bai, ordea, patronalak. Hainbat alderdi politikoren gaitzespena eragin du, tartean Sumarrena eta Podemosena.
Ehunka ziklistak eta dozenaka kotxek lagunduta, harrobiko txirrindularitza lasterketak «normaltasunez» antolatu ahal izatea aldarrikatu dute gaur Donostian. Eusko Legebiltzarrean mahai eragile bat eratzeko asmoa adierazi du Jaurlaritzak, baina aurrerapausorik ematen ez dela ikusita, protestara jo dute Gipuzkoako Federazioko lehengo zuzendaritzako kideek. Uztailean aurkeztu zuten dimisioa, kalera irtetera bultzatu dituen arrazoi beragatik. Santi Osoro buru zuen taldeak esan zuen nahikoa zela, ezin zutela aurrera jarraitu Gipuzkoako trafikoko arduradunek jartzen zizkieten oztopoekin. Dimisioa eman arren, denboraldia bukatu bitartean lasterketak antolatzen jarraitu dute. Gaurko manifestazioa Belodromoan hasi eta Boulevardean amaitu da. Euskal Herri osoko txirrindularitza talde eta federazioetako kideak elkartu dira Donostiako kaleetan. Arazo larriena Gipuzkoan dute, baina herrialde horretan antolatzen dira lasterketa gehienak eta, beraz, guztiei eragiten die aferak. Txirrindularitza lasterketen aldeko manifestazioa, gaur, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU Dimisioa ematean, Osorok aurtengo Gipuzkoako Klasikoa aipatu zuena adibide modura. Federazioak berak antolatzen du lasterketa hori, zeinetan gazte mailako nazioarteko txirrindulari onenek parte hartzen baitute. Bada, lasterketa egin aurreko goizean oraindik ez zekiten modua izango ote zuten proba egiteko. Iaz ere gauza bera gertatu zitzaien. Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak ez zituen onartu Aretxabaletan eta Elgoibarren egitekoak ziren amateurren lasterketak, aste barruan egin asmo baitzituzten. Azkenean, federazioak planto egin zuen, eta, erabaki politikoengatik, trafiko arduradunek onartu egin behar izan zituzten lasterketak. Mila zailtasun Aurten, denboraldi hasieran, egutegia onartu zieten, baita lasterketa horiek ere. Bada, behin udan sartuta, arazo berarekin topo egin zuten. Arazoak ez dira berriak. Iaz denboraldi hasiera atzeratu egin zuten lasterketetako segurtasuna bermatzen duten lotura motorren egoera zela eta. Azkenean, behin-behineko konponbide bat hitzartu zuten Gipuzkoako Aldundiarekin. Halere, bestelako arazoek hor zirauten: «N-1 errepidea ezin dugu erabili, lasterketako biraketek hiru kilometro luze izan behar dute, txirrindulariak pelotoia baino atzerago geratu bezain laster uzten dituzte lasterketatik kanpo… Mila zailtasun jartzen dizkigute», salatu zuten uztailean.
Israelgo armadak etxetik joateko agindu die Gaza iparraldearen eta Gaza hiriaren artean bizi diren herritarrei, beste behin. X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez eman du horren berri Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek. Argudiatu du azken egunotan zerrendako eremu horretan areagotu egin direla Israelgo soldaduen eta miliziano palestinarren arteko borrokak, eta horregatik eman dutela ebakuazio agindua. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak komunikatu baten bidez atzo salatu zuenez, ordea, eremu horietan bizi diren gazatarrek ezin dituzte ebakuazio aginduak bete, Israelgo soldaduek «eraso» egiten diotelako saiakera egiten duen orori. Kasurako, Israelgo armadak Jabaliako errefuxiatuentzako kanpalekua ebakuatzeko agindua eman zuen joan den astelehenean, baina asteon birritan bonbardatu du. Azkenekoz, gaur goizaldean. Palestinako Wafa berri agentziaren arabera, gutxienez hemeretzi pertsona hil dituzte eraso horretan, eta dozenaka zauritu. Israel etengabe ari da zerrendari eraso egiten, eta, ondorioz, egoera gero eta muturrekoagoa da han. MEP Munduko Elikadura Programak gaur jakinarazi du iragan urriaren 1etik ez dela Gaza iparraldera elikagairik sartu. «Iparraldea bakartuta dago, eta ezin dugu han laguntza humanitariorik eskaini», ohartarazi du MEPeko Palestinarako zuzendari Antoine Renardek. Bada, Israelgo hedabideek asteon kaleratu dutenez, egoera hori are gehiago okertu dezakeen lege proiektu bat lantzen ari dira Israelgo Parlamentuan. Neurriak UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari eragingo lioke, hots; indarrean sartuko balitz, bertan behera geratuko litzateke UNRWAk eta Israelek 1967an adostutako akordioa, eta erakundeak ezingo luke ez Zisjordanian, ez Gazan, ez Jerusalem ekialdean lan egin. Horren inguruan ohartarazi du gaur, komunikatu batean, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek: «[UNRWAk] lan ez egiteak ondorio katastrofikoak izango ditu milaka palestinar errefuxiaturentzat, eta egiten duen lana ezinbestekoa da bi estaturen konponbidea bermatzeko bidean». Agindua Libanon ere Gaza iparraldeko ebakuazio agindua eman eta gutxira, antzeko mezu bat idatzi du X sare sozialean Adraeek: bizilekutik Awali errekaren iparraldera joateko agindu die Libano hegoaldeko 22 herrixkatan bizi diren herritarrei. Ordu batzuk geroago, Libano hegoaldeko Sidon hiriko auzo bat bonbardatu du Israelgo armadak, Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Horren arabera, eraso horretan gutxienez lau pertsona hil dituzte, eta hamalau zauritu. Eta hirugarren egunez jarraian, Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoetako soldadu bat, kasko urdin bat, zauritu du Israelgo armadak. NBEren misioak berak eman du horren berri, X sare sozialaren bidez. Denera, bost kasko urdin zauritu dituzte Israelgo soldaduek asteazkenetik hona, eta eraso horiek kritika ugari eragin dituzte nazioartean. Gauzak horrela, «gerrarik» ez dutela nahi baina Israelen erasoak ez dituztela «onartuko» esan du gaur Libanoko Defentsa ministro Maurice Sleemek, Libanoko NNA albiste agentziari egindako adierazpenetan. Era berean, Hezbollahk esan zuen, atzo, eskertzen dituela akordio diplomatiko batera heltzeko ahaleginak, baina lehentasuna «Israel garaitzea» dela. Gaur Beiruten izan da Irango Parlamentuko presidente Mohammad Bagher Ghalibaf, eta adierazi du Iranek «errespetatu» egingo dituela «Libanok hartzen dituen erabaki guztiak»; bai Hezbollahk hartzen dituenak, eta baita Libanoko Gobernuak hartzen dituenak ere.
Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia (2007-2014) eta 2014an egindako independentzia erreferendumaren sustatzaile handienetako bat izandakoa hil da, gaur arratsaldean. Ipar Mazedonian hitzaldi bat eman ondoren hil da. 69 urte zituen. Salmondek Eskoziako independentziaren aldeko borroka izan zuen ardatz bere ibilbide politikoan. SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buru izendatu zuten 2004an, eta hiru urte geroago, 2007an, Eskoziako gobernuburu, SNPk hauteskundeak lehenengo aldiz irabazi ondoren. Hiru agintaldi egin zituen kargu horretan, harik eta 2014ko irailean egindako independentziari buruzko erreferendumaren ondoren dimisioa eman zuen arte. Ezezkoa gailendu zen galdeketa hartan, independentziaren aurkako botoa eman baitzuten Eskoziako herritarren %55ek, eta horren harira utzi zuen kargua Salmondek. Aurreikusita zegoen gisan, Nicola Sturgeonek hartu zion erreleboa. Hura izan baitzen, Salmondekin batera, independentziaren aldeko Yes Scotland kanpainaren aurpegi ezagunenetako bat —Eskoziako lehen ministro izan zen 2014tik 2023ra—. Politikaren lehen lerrotik aldenduta egon arren, independentziaren aldeko borrokari eutsi zion Salmondek. Erresuma Batuko Komunen Ganberarako 2017ko bozetan, ordea, eserlekua galdu zuen, eta urte hartan bertan politika uztea erabaki zuen. Politikatik aldenduta egon zen urteetan prozesu judizialetan murgilduta egon zen Salmond. Eskoziako lehen ministro izandakoari hamahiru sexu eraso egitea leporatu zioten. Salaketaren arabera, eraso horiek 2008ko ekain eta 2014ko azaro artean egin zituen, hain justu gobernuburu zenean. 2020ko martxoan egin zuten haren aurkako epaiketa; lau aste irautekoa zen, baina, horren erdia pasatuta, bi asteren ondoren eman zuen Eskoziako Auzitegi Nagusiak bere erabakiaren berri. Absolbitu egin zuten, leporatutako hamahiru erasoetatik hamabitan errugabea zela iritzita; bestea ezin zuten egiaztatu ahal izan. Nolanahi ere, Salmondek ez zuen inoiz onartu sexu erasorik egin zuenik. Haren arabera, salaketa horiek asmo politikoekin «propio sortutakoak» ziren. Zatiketa SNPn Sexu erasoen aferak barne zatiketak eragin zituen SNPn. Izan ere, Eskoziako Gobernuak jarri zuen Salmonden aurkako salaketa, 2018an, eta hari lekukoa hartutako Sturgeon arduratu zen horretaz, alderdiko beste politikari batekin batera. Barne ika-mikak areagotu ziren, eta urte hartan bertan utzi zuen alderdia Salmondek. Hiru urte geroago eman zuen politikara itzultzeko pausoa, haren aurkako prozesu judizialak bukatu eta urtebetera, 2021ean. Independentziaren borrokari eutsi zion, baina SNPtik aldenduta. Alba alderdia sortu zuen, urte hartako bozetatik «supergehiengo independentista bat» ateratzea helburu hartuta. Garai horretan, gogor egin zuen bere alderdi ohiaren eta Sturgeonen aurka. Dolua Eskozian Ezustekoa izan da Salmonden heriotza, eta berehala iritsi dira lehen erreakzioak. Eskoziako lehen ministro John Swinneyk kaleratu ditu hari buruzko lehen adierazpenak: «Alexek nekaezin egin zuen lan maite zuen herrialdearen eta haren independentziaren alde. Hastapenetik Eskoziako Gobernuko lehen lerroraino eraman zuen Eskoziako Alderdi Nazionala, eta ia lortu zuen independente bihurtzea». Erresuma Batuko Gobernuko lehen ministro Keir Starmerrek ere hitz egin du Salmonden heriotzaren inguruan: «Ezinbesteko figura politikoa izan da 30 urtean baino gehiagoan». Salmonden alderdi ohiko kideek ere hartu dute gogoan haren ibilbidea. Besteak beste, Humza Yusaf SNPko lider ohi eta Eskoziako lehen ministro izandakoak: «Alexek eta nik gure desadostasunak izan ditugu azken urteotan, baina ezin da zalantzan jarri sekulako ekarpena egin diola Eskoziako eta Erresuma Batuko politikagintzari».
Erakunde publikoetako ordezkariak eta agintari politikoak Guardia Zibilari gorazarre egiten ari zitzaizkion ia ordu berean, estatu indarkeriaren biktimek ahotsa goratu dute, halako omenaldiek haiengan sortzen duten «oinazea eta birbiktimizazioa» salatzeko. Memoria Osoa plataformak deituta elkartu dira gaur, Gasteizen, giza eskubideen urraketak ikusarazteko. Aitortza eta erreparazioa zor zaiela adierazteko. «Bazterketarik eta diskriminaziorik gabeko» bizikidetza aldarrikatzeko. Gasteizko Artium museoko auditoriumean egin dute ekitaldia, Berriro ez. Aitortza, erreparazioa, elkarbizitza lelopean eta Zumetaren Gernika margolanaren irudia atze-oihal gisa hartuta. Aretoa lepo bete da ekitaldirako, eta ezin sartu geratu denik ere izan da. «Elkar zaintzeko» ariketa kolektibo bat izan da, antolatzaileen esanetan; biktimei eta haien senideei babesa adierazteko eta elkarbizitza eraikitzeko duten konpromisoa berresteko saio bat. Ekitaldi xumea izan da, baina esanahi handikoa. Bertan izan dira, hain justu, estatu indarkeriaren hainbat biktima, baita gizarteko eta politikaren alorreko ordezkari ugari ere. Saioaren hasieran, biktimen minaz jabetzeko hainbat pasarte kontatu ditu Amaia Urizarrek—2004an atxilotu eta torturatu zuen Guardia Zibilak—. Biktimenganako «errespetua eta aitortza» galdegin ditu Urizarrek, eta neurriak hartzeko exijitu, haiek jasan zutena beste inork sufritu ez dezan: «Biktima guztionganako errespetuz, ez dadila berriz gertatu». Leporaino bete da auditoriuma ekitaldirako; lehen lerroan jarri dira biktimak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Biktimak aitortzeko beharra Biktima guztien izenean, Axun Lasak hartu du hitza, Guardia Zibilak torturatu eta GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arrebak. Adierazi du egun hauek bereziki «gogorrak» izaten ari direla biktimentzat eta haien senideentzat, «emozionalki kudeatzeko zailak» direlako. Baina aitortu du baliagarriak zaizkiela «sektore politiko eta instituzional baten hipokrisia» agerian uzteko. Izan ere, Guardia Zibilak jendaurreko ekitaldia egin du lehen aldiz Gasteiz erdigunean, Hispanitate Egunaren aitzakian, eta erakunde publikoen babesa eta aitortza jaso ditu bertan. Bada, Lasak salatu du giza eskubideak urratu dituztenei plaza publikoa eskaini eta omenaldia egitea «indarkeriaren apologia, gorazarre eta legitimazio ekintza» dela, eta, ondorioz, biktimen «kriminalizazio sinbolikoa» ere bai. Gaitzetsi du urte «gehiegi» daramatzatela sufritu zutena ahaztu nahian, minari aurre egin nahian: «Egunen batean ahaztu ahal izango dugu batzuok hiltzea desio izan genuela haien eskuetan, oinaze hura jasaten ez jarraitzeko. Nahiago nuke inoiz ahaztuko ez bagenitu infernu hartan geratu zirenak; inoiz itzuli ez zirenak». Adierazi du, halere, aspaldi dela «bizikidetza demokratikorako esparru integral bat» eraikitzeko lanean dihardutela, zeinetan pertsona guztien eskubideak errespetatzea izan beharko litzatekeen «gizarte kohesiorako elementua». «Urte horiek ez dira errazak izan, eta elkarrizketarako, entzuteko eta eskuzabaltasunerako jarrera behar izan dute. Urte horietan, guk geuk ahal izan duguna eman dugu, eta batzuetan, ahal genuena baino gehiago», esan du. Helburu hori lortzeko konpromisoa dutela berretsi du, edonola ere: «Bizikidetzarako marko integral baten alde lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa berritzeko gaude hemen, non bazterketak, diskriminazioak, eta garenari edo egin zigutenari buruzko ikuspegi partikularren inposizioak lekurik izango ez duten». Eta ohartarazi du «batzuek» oztopoak jarri nahi dizkieten arren ez direla helburu horretatik aldenduko: «Ziur baikaude merezi duela». «Egunen batean ahaztu ahal izango dugu batzuok hiltzea desio izan genuela haien eskuetan, oinaze hura jasaten ez jarraitzeko» AXUN LASA Guardia Zibilak torturatua eta GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arreba Helburu hori lortzeko bidean, ordea, lehen pausoa estatuaren indarkeriak eragindako kaltea aitortzea eta biktima bakoitza errekonozitzea da, Lasaren esanetan, eta ezinbestekotzat jo du hori. «Beharrezkoa da gure aurka eta gure senideen aurka egindako krimenen ondoriozko erantzukizun politikoak argitzea; horiei bide eman zieten baldintzei buruz hausnartzea eskatzen du, ondorioak ikusaraztea, eta zigorgabetasuna naturalizatzeari uztea», azpimarratu du. Horregatik, mezu bat bidali nahi izan die «biktimarioen zuritze ekintza lotsagabea justifikatzeko helburuz» egun hauetan «ustezko normalizazio demokratikoa» eskatu dietenei: «Guk eskua luzatzen dugu parametro horietatik bizikidetza demokratikoa eraikitzeko. Eta zuek?». «Normaltasun demokratikoa» Sansomendiko kuarteletik hiriaren erdigunera eraman du Guardia Zibilak bere ospakizun ekitaldia lehenbiziko aldiz. Euskal Herriko kuarteletako 70 bat guardia zibilek parada militarra egin dute hasieran, eta omenaldia egin diete gero lanean zirela hildakoei. Espainiako ereserkia ozen entzun da Gasteizko Plaza Berrian, eta are ozenago entzun dira Espainiaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako erregearen aldeko oihuak. Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren babesa izan dute bertan. Ekitaldia Gasteiz erdigunean egitea «normaltasun demokratikoaren erakusle» dela adierazi du Garmendiak, hain justu ere. Eta gaineratu du euskal gizartearen «aniztasunaren» isla ere badela. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Eliza katolikoaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren ordezkariek. Izan da ekitaldia ikustera hurbildu denik, baina ez plaza betetzeko adina.