Hego Euskal Herriko lan istripuen gorakada ikuskari faltarekin lotu…
Ikuskari kopurua Europako batez bestekora berdintzeko eskatu du sindikatuak, azken urtean «prekaritateak eta prebentzio neurriek huts egin dutelako». Hainbeste, ELAk emandako datuen arabera, iaz %20 igo baitzen beharrean zeudela hil ziren langileen kopurua. Denera ,67 behargin. Eskandaluzko datuak, Igeregiren arabera. «Terminologia arazo bat dago honen guztiaren atzean, hemen ez baitago zoririk, hemen prebentzio falta dago; prekaritateak eragindako errealitate baten ondorioa da hau guztia».
Sindikatuak patronala egin du egoeraren erantzule, behar adina prebentzio neurri ez hartzeagatik. «Sarkasmo hutsa iruditzen zaigu, era berean, patronalak langileen konpromisoari dei egitea enpresa kultura berriaren izenean; malgutasuna eskatzen duenean, menderatuak izan daitezela eskatzen die langileei». Alegia, Igeregiren arabera, baldintza horiek eskatuta «lan istripuak egon daitezen eragiten dute» enpresariek.
Baina kontuak ez dizkio bakarrik patronalari eskatu, baita erakundeei ere, «enpresariei doan ateratzen zaielako prebentzio neurriak ez betetzea». Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari prebentzioaren arloan ezer egin ez izana leporatu die, eta patronalari presio egiteko eskatu. «Eskatzen dugu aurre egin diezaiotela prekaritatea bultzatzen duen patronalari, ez dezatela babestu eta presio egin diezaiotela prebentzio neurriak ezar ditzaten».
Are gehiago prekaritatea gero eta hedatuago dagoen honetan. Igeregik azaldu duenez, gaur egun egiten diren kontratuen %44k hilabete baino gutxiagoko iraupena daukate, eta, hori konpontzen ez den artean, «zaila izango da laneko istripuei aurre egitea». Izan ere, lanean gertatzen diren ezbeharren herena laneko lehen hilabetean gertatzen dira. Alegia, behin-behinekotasuna eta istripuak lotu daitezkeela. «Beste askotan, gainera, lana galtzearen beldurrez presa eta estresa sortzen dira, eta hori bateraezina da laneko osasunarekin».
Lan istripuak gora
Osalan eta Nafarroako Lan Osasunaren institutuaren aurkako hitzak ere izan ditu Igeregik, «lan istripuak ezkutatzen» baitituzte. Ohikoa izaten da aldea egotea datu ofizialen eta sindikatuek ematen dituzten istripuen inguruko datuen artean, eta 2018koei dagokienez beste horrenbeste gertatu da. ELAk %30eko azpierregistroa atzeman du. Datu ofizialetan, hildako 47 behargin kontatu dituzte, eta 67 ELAk. «Datu ofizialetan ez dira errepidean gertatutako istripu asko kontatzen, eta trafikoko ezbeharrak balira bezala erregistratzen dituzte»; besteak beste horregatik diote azpierregistro bat dagoela. «Ez zaie interesatzen benetako datuak azal daitezen».
Lan gaixotasunei dagokionez ere berdin. «Datu ofizialek ez dute errealitatea erakusten», eta, hala ere, laneko osasun institutuek erregistratutako gaixotasunek %6,5 egin zuten gora iaz. «Laneko gaixotasuna pandemia bat dela esan daiteke». ELAren arabera, «deigarria da estatistika ofizialek ez dutela jasotzen inongo daturik agente kantzerigenoek sortutako laneko gaixotasunei buruz»; kontuan hartuta, gainera, iaz 34 langile hil zirela amiantoaren eraginez sortutako gaixotasunen ondorioz.
Iaz 67 pertsona hil ziren lan-istripuetan, 2012az geroztik daturik…

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, 2018an 67 lagun hil ziren lan-istripuetan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. 2012tik izan den daturik okerrena da.
Gaurdanik, kostu gabeko banku kontuak
Beste delitu bat leporatu diote Carlos Ghosni: laugarrena
AEBek erabat eten nahi dituzte Iranen petrolio esportazioak
«Helburua sinplea da: sosak kendu nahi dizkiogu aiatolen erregimenari, ez dezan jarraitu Ekialde Hurbila desegonkortzen eta herrialde normal baten moduan porta dadin», justifikatu zuen Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak, atzo, neurriaren berri ematean. Pompeok gogorarazi zuenez, Teherango gobernuaren aurrekontuaren %40 betetzen du petrolio esportazioen etekinekin.
Joan den maiatzean erabaki zuen Trumpek AEBen sinadura kentzea Iranen programa nuklearra bukatzeko akordiotik. Ondoren, isunen bitartez, Iranekin merkataritza egitea galarazi zien AEBekin tratuak nahi zituztenei. Baina Etxe Zuriko maizterra ez zen ausartu Iranen petrolio esportazioak guztiz trabatzera, beldur baitzen neurri horrek asko igoko zuela gasolinaren prezioa, eta, kalte egingo ziola 2020ko hauteskundeak berriro irabazteko lehian. Horregatik, ezustean, sei hilabetez baimena eman zien zortzi herrialderi Iranen petrolioa erosten jarraitzeko. Haien artean daude NATOko kideak —Grezia, Italia, Turkia—, aliatuak —Japonia, Hego Korea, Taiwan—, baina baita India eta Txina ere.
Txina da eroslerik handiena; Bloombergen arabera, egunean 615.000 upel erosten ditu Irandik, eta, Teheranen aurkako zigorren aurka dagoenez, erosten jarraituko duela iragarri du. Martxoan, egunean 1,9 milioi esportatu ahal izan zituen Teheranek; orain, milioi batera jaitsiko da kopuru hori. Milaka milioi euroren galera, diru horren behar gorria duen gobernu batentzat.
Saudi Arabiaren zain
Washingtonen iragarpenak petrolioaren berehalako garestitzea ekarri du. %3tik gora igo zen atzo Brent upelaren prezioa, 74 dolarreraino. Azken sei hilabeteetako preziorik handiena da.
AEBek Iranen aurkako bahimendua berriz hasiko zutela jakiteak 85 dolarrera igo zuen upelaren prezioa iazko irailean, baina abenduan 50 dolarrera jaitsi zen, zabaldu zenean Iranen bezero nagusiekin salbuespenak egingo zituela. Azken asteetan berriro goranzko bidea hartu du upelaren prezioak; ekoizpenari eusteko arazo latzak dituzte Venezuelak eta Libiak, eta iturria guztiz ez irekitzea erabaki dute LPEEko nagusi Saudi Arabiak eta haren aliatuak, Arabiar Emirerri Batuak.
Azken horiekin tratua egin duela dio orain Washingtonek, eta Irango petrolioak merkatuan utziko duen zuloa estaliko dutela. Baina ikusi beharko da egia ote den, ez baitira AEBez gehiegi fio. Iazko bigarren erdian ekoizpena asko handitu zuten, Iranen merkatua bereganatu nahian, baina AEBek bahimenduaren salbuespenak ezarri zituenean, nahi baino merkeago saldu behar izateak haserretu zituen. Arabiar Emirerri Batuek diote ez dutela berriro akats bera egingo. Maiatzean dira biltzekoak Saudi Arabia, Errusia eta beste ekoizle handiak; LPEEk, berriz, ekainerako du bilera.
Irango Gobernuak jakinarazi du ezin badu petroliorik esportatu Hormuzeko Itsasartea itxiko duela. Hortik abiatzen dira Iranen petrolioa esportatzen duten petroliontziak, baina baita Irak, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuenak ere. Itsasoz garraitzen den petrolioaren heren batek igarotzen du itsasartea, petrolio osoaren %20.
Gipuzkoak iaz baino % 67 bisitari gehiago jaso ditu…

Explore San Sebastian Regionek, Gipuzkoako turismo bulegoak, 5.419 bisita jaso ditu apirilaren 12tik, iazko garai berean baino % 67 gehiago.
332
Kargalekuez gain, autonomia da auto elektrikoen zabalkundea oztopatzen duen beste aldagaia. Hala ere, urte gutxitan aurrerapena handia izan da. WisdomTree funtsaren arabera, gaur egun karga betean dagoen auto elektrikoak batez beste 322 kilometro egin ditzake atzera kargatu beharra izan arte. 2013. urtean, 129 eta 145 kilometro artean egiten zituen halako auto batek. Gaur egun, berriz, autonomia batez beste 241 eta 402 kilometro artekoa da bateriako auto elektriko batentzat.
KARGALEKUEN ORDUA IRITSI DA
Hala ere, egoera hori bizkor aldatuko da. Beharko du aldatu, gobernuek eta Europako Batasunak klima aldaketari aurre egiteko euren buruei ezarritako helburuak beteko badira. CO2 isurketak murrizteko garraioak eragiten dituenei heltzea funtsezkoa izango da.
Izan ere, Europako berotegi efektuko gas isurien laurdena garraioak eragiten du. Azken gorakada kenduta, beste sektoreetan, pixkanaka, isuriak murrizten 1990ean hasi baziren, garraioan murrizketa hori 2007ra arte ez zen hasi, eta oraindik ere garraioaren berotegi efektuko gas isurketak handiagoak dira 1990ekoak baino —Parisko akordioak urte hartako isuriak ditu erreferentziatzat—. Eta garraio sektorearen barnean, alde handiz, errepideko garraioa da kutsatzailerik handiena: isurien %80 ditu.
Gogoratu behar da klima aldaketa mugatzeko Europako Batasunak bere buruari ezarritako helburua zein den: berotegi efektuko gasen isurketa 1990ekoa baino %40 txikiagoa izatea 2030. urtean. Garraioarentzat ere badu helburu bat ezarria: isurketak 1990koak baino %25 txikiagoak izatea 2025erako, eta %60 txikiagoak 2050. urterako.
Garraio garbiagoaren bila, ibilgailu elektrikoen aldeko apustua gero eta argiagoa da herrialdeen asmoetan. Baina, oraindik ere, ibilgailu horien zabalkundea mugatua izan da Europan. Esaterako, 2017. urtean, Batasuneko autoen %0,3 soilik ziren elektrikoak. Egia da, ordea, haien salmenta handitzen ari dela: elektriko bateriadunak 2017an saldutako %1,5 izan ziren, eta 2018an %2ra iritsi zen kopuru hori.
Elkar elikatzea
Europan, Herbehereak, Erresuma Batasuna, Alemania, Frantzian eta Norvegia dira aitzindariak, guztiak 10.000 kargaleku publiko baino gehiagorekin. Lautik hiru daude herrialde horietan. Egia da ere EBko autobide nagusietan kargaleku bizkor bat dagoela 60 kilometroko. Baina auto elektrikoen kopuru txikia eta kargaleku eskasia da Europako Batasuneko beste herrialde gehienetako errealitatea. Herrialde batzuk, Europako Parlamentuaren ikerketa baten arabera, mantsoago doaz besteak baino. Ipar mendebaldeko herrialdeak doaz aurrena; haien auto eta kargaleku kopurura bost-hamar bat urte geroago iritsiko dira Espainia, Italia eta Portugal, eta are geroago Europako hego eta ekialdeko herriak.
Zonaldekako bilakaerak bilakaera, Europako Batzordeak uste du gauzak bizkor aldatuko direla, eta iritsi dela kargalekuen garaia. 2020. urterako, Europan publikoki eskura egongo diren 440.000 kargaleku beharko direla aurreikusi du Bruselak, eta kontua ez dela motelduko; 2025. urterako beharra bi milioi kargalekukoa izango da. Autoak ahalik eta bizkorren kargatzeko eskaintza gero eta handiagoak ere erraztuko du bide hori.
Kargaleku publikoen azpiegituraren gabezia handienetako bat hari buruzko ezagutza falta da. Kargaleku sarea erabiltzaile posibleek uste baino handiagoa da hainbat tokitan, Batasuneko ikerketen arabera. Eta pertzepzio hori autonomiaren antsietateari lotuta, baldintzatzailea da erosle posibleentzat. Europako Parlamentuaren ikerketak salatu du erabiltzaileek oraindik ez dutela eskuragarri kargaleku guztien berri jasoko duen Europa mailako informazio iturririk. Euskal Herrian ere kargaleku publikoen sareari buruzko informazio bateraturik ez dago. Eta hori, Espainiarekin alderatuta, kargalekuen kopurua handia dela —oso txikia izan arren Europa iparraldearekin alderatuta—.
Kargaleku publiko kopuru handiago horren arrazoia Ibil da. EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek 2009an eratutakoa, Ibil auto elektrikoentzako kargalekuak egiteko sortu zen. Kargalekuak ezartzen ditu etxebizitza partikularretan, enpresetan eta merkataritza guneetan. Baita kargaleku publikoak ere.
Lopidako kargalekua
Ibilen azken apustu handienetakoa, hain zuzen, karga bizkorreko kargaleku publikoak dira. Hortik, adibidez, Repsolek hilabete honetan Lopidan (Araban) ezarritako karga ultralasterreko kargalekua, penintsula osoko lehena dena. Lau zutoinetan, 700 kWeko gehieneko potentziarekin, betiere ibilgailuaren bateriaren arabera, lau auto kargatu ditzake 175 kWeko potentziarekin edo bi 350 kWeko potentziarekin. 350 kWekin, horretara egokituta dagoen autoa sei minutuan kargatu daiteke.
Lopidakoaren ostean, Ibilek karga ultralasterreko beste lau ezarriko ditu datozen hilabeteetan Bilbon, Repsolen beste gasolindegi batean.
Iberdrola da Euskal Herrian auto elektrikoentzako kargalekuak ezartzen dituen beste konpainia. Etxebizitzetako eta negozioetako kargalekuen alorra da Iberdrolaren negozio estrategia nagusia, baina karga bizkorreko kargaleku publikoak ezartzen ere hasia da, eta bidea urratzen asko lagunduko dio Eserguiren Avia gasolindegiekin egin duen hitzarmenak.
Tesla auto elektrikoen konpainia ezagunenak ere baditu kargalekuak Euskal Herrian, baina guztiak negozioetan ditu ezarriak, hotel, jatetxe eta merkataritza guneetan.
Huaweiren arriskuaz ohartarazi du CIAk, 5G sarea hedatzeko prest…
Huawei bigarrena da munduan gehien saltzen diren telefono marken artean, Samsungen atzetik eta Appleren aurretik, eta emaitza ikusgarriak izaten ari da azken urteotan. Kontua da arrakasta hori teknologia propioarekin garatu duela Txinako enpresak, 5G konektibitatean munduko liderra dela, eta Apple bera gainditu duela salmentetan, non eta AEBetako nagusitasun teknologikoaren esparruan.
Eta, hain zuzen, Washingtonek joan den urtean abiarazitako Huaweiren aurkako kanpaina 5G teknologia hedatzeko pronto dagoela areagotu da. Txinako konpainiaren zuzendaritzako kide batzuk ere atxilotu egin zituzten Kanadan joan den urtean, espiatzeaz akusatuta, eta Pekinek enpresari kanadarrak atxilotuz erantzun zuen. Poloniak ere egin zuen atxiloketaren bat Washigntonen nahiak betez. Hauweirena segurtasunaren esparruko auzia izan daiteke, beraz, baina derrigorrezkoa da Txinaren eta AEBen arteko norgehiagoka ekonomiko-komertziala azterketa ariketa batean sartzea.
Suitzan martxan dago 5G
5G sarea ate joka dago, eta milaka milioi euroko negozioa ekarriko die teknologia berrian nagusitasuna lortzen duten konpainiei. Huawei oso aurreratua dago lasterketa horretan, 4Garekin baino 20 aldiz azkarrago nabigatzea ahalbidetuko duen teknologia propioa garatu baitu. Testuinguru hori kontuan hartuta, erraz uler daiteke kalte handia eragin diezaiokeela espioitza susmoaren itzalak.
Hasteko, Erresuma Batuak 5G sarea bere lurraldean hedatzeko erabakia berraztertuko du. Londresek seguru jakin nahi du «inor ez dela ahaltsuegi bihurtuko», konpainia teknologikoei erreparatuz, eta Huaweiren inguruko susmoen harira. CIAk dio Huaweik 5G teknologia berriaren software-an sartzeko bide bat eman ahal diola Txinako Gobernuari, atzeko atetik. Mendebaldeko konpainiek CIAri berari sarbide bat eman ahal ote dioten ez du aztertu The Times-en informazioak.
Horiek horrela, Europan 5G martxan jarri duen bakarra Suitza da, asteon hain zuzen. Genevan, Lausanan, Basilean eta Zurichen erabilgarri dago jada, Swisscom konpainiaren bidez, eta urtea bukatu aurretik Suitzaren lurraldearen %90era iristekoa da. Swisscom, Salt eta Sunrise konpainiek 330 milioi euro pagatu dizkiote Suitzako estatuari 5G sarea zabaldu eta ustiatzeko. Lehenak Oppo Reno sakelako berria garatu du, 5Grekin aritzeko.
Zer dio Huaweik?
Baina 5G teknologiak badu beste oztopo bat, osasunarekin lotutako alarma piztu baita indarrez. Lausanan 5Garen antenak instalatzeko atzerapen bat onartu dute, teknologia horrek eragin ditzakeen gaixotasunak direla eta. Eta Genevan ere aztertzen ari dira atzerapen horren egokitasuna. Suitza osora hedatu dira 5Gren aurkako ahotsak.
Espioitza arazoekin nahikoa ez, eta osasunarekin lotutakoak oztopo handia bihur daitezkeela ematen du. Izan ere, 5G arriskutsua dela uste dute 37 herrialdetako 170 zientzialarik, eta Europako Batasunari eskatu diote atzerapen orokor bat onartzeko.
Eta zer dio Huaweik espioitza akusazioei aurre egiteko? Atzo, bere egoitza nagusiko ateak ireki zizkien Mendebaldeko kazetariei. «Ez da ulergarria froga teknikorik gabe akusatzea», esan zuen konpainiako ingeniari nagusietako batek. Huaweik argi dauka Donald Trumpek eragotzi egin nahi duela konpainiaren 5G teknologia munduan zabaltzea, eta auzi ekonomiko bat dela hau. Bere antenak jartzeko 40 kontratu egin ditu Huaweik jada, horietako 23 Europan. Kazetariei zibersegurtasun laborategiak nola diharduen erakutsi zien, «erabat independentea» dela aldarrikatzeko. Huaweik 180.000 langile ditu; horietatik 97.000 konpainiaren jabe dira, kooperatiba bat baita. 7.850 milioi euroko irabazia izan zuen iaz, %25 gehiago.