Bizkaian 488,3 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu dute
Datu horien berri eman zuten atzo Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak, Batuz programa aurkezteko egindako agerraldian. Zerga iruzurrari aurre egiteko programa bat da, eta 2021. urtetik aurrera martxan egongo da. Sistema informatiko horren helburua argia da: jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek —pertsona fisiko eta juridikoek— euren jarduerari buruzko zerga informazioa eskainiko diote aldundiari. Informazio horrekin guztiarekin, Bizkaiko enpresa eta autonomoen 100.000 zergadunen errenta aitorpenak egingo ditu aldundiak, gaur egun pertsona fisikoen gehiengoak jasotzen duen proposamenaren antzera.
Horrela, zerga iruzurraren aurka borrokatzeko beste tresna bat izango du foru ogasunak. 2019ko abenduan proba aitzindari bat jarriko dute martxan, eta 2021ean zabalduko dute.



