Nafarroako Kontserbatorioko ikasleek «jazarpena eta mehatxuzko mezuak» pairatzen ari…
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek bi irakasle salatu zituzten iaz, indarkeria matxista leporatuta. Bada, gaur lau hilabeteotan jasan behar izan duten egoera salatzeko kontzentrazioa egin dute, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote irakasle horien kontrako auzia «arintzeko»: «Ezin gara lasai egon edozein unetan itzuli daitezkeelako ikasgeletara». Hain zuzen, sare sozialen bidez jazartzea eta sexu proposamenak egitea leporatu diote bati; bertzeari, berriz, ikasgelan iruzkin sexista eta desegokiak egitea. Gertatutakoa salatu zutenean Hezkuntza Departamentuko ikuskaritzak diziplina espedientea zabaldu zien biei, eta lehenbizikoa jardunetik kendu zuten, behin-behinean. Orain ikasleak «jazarpena eta mehatxuzko mezuak» pairatzen ari direla salatu dute: «Badakigu hainbat irakasleri ezinegona sorrarazi diela gu mobilizatu izanak, eta gure testigantzei zilegitasuna kendu nahi zaiela. Ez dugu onartuko salaketa publiko bat egiteagatik eta haien ekintzen aurrean isilik ez geratzeagatik gu kriminalizatzea». Eskatu dute gisako egoerei aurre egiteko prozesuak «azkarrak eta eraginkorrak» izan daitezela, eta biktimak ez ditzatela utzi «zer gertatuko den ez jakitearen ziurgabetasunean». «Hemen gauden guztiok edozein erasoren aurrean ez garela besoak gurutzatuta geratuko erakutsi nahi dugu, ezta eraso hauek burutzen dituztenen inpunitatearen aurrean ere», azaldu dute. Horrekin batera, hezkuntza zentroak seguruak izan daitezen lanean jarduteko beharra aldarrikatu dute, eta hori ikasleen antolaketaren bidez egiten dela nabarmendu: «Matxismoa ez dadila geratu zigorgabe». Eserialdia Salaketak publiko egin zirenean, ikasleek eserialdi bat egin zuten kontserbatorioaren aitzinean, ikasgeletan jasaten duten matxismoa eta jazarpena salatzeko. «Eraso egiten digunarekin giltzapetuta gaude ikasgelan», dioen kartel bat itsatsi zuten kontserbatorioko atean. «Hori da errealitatea. Biktima [Espainiako Poliziaren aurrean salaketa jarri duen ikaslea] urtebetez egon da klaseak hartzen indibidualki irakasle horrekin, eta kurtso honetan klase kolektiboa hartu behar izan du. Irakasleak bazekien salaketa bat zegoela, eta egoera oso deserosoa zen», erran zuten ikasleek. Aditzera eman zutenez, ikasle batzuek kontserbatoriora joateari utzi zioten, gizon horren jazarpenaren ondorioz: «Buruko osasunari asko eragiten dio, eta ez zeuden eskolak hartzeko egoeran». Gaineratu zutenez, bertze batzuei balio izan die hitz egiteko, eta, gehienei, elkarren artean batzeko ere bai.




