Iazko uztailarekin alderatuta, % 26,3 hipoteka gehiago sinatu ziren 2024ko hilabete horretan Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 63,3 gehiago, berriz, Nafarroan.
KPIa zortzi hamarren apaldu da irailean eta % 1,5ean kokatu da, 2021eko martxotik izandako tasarik txikiena. Bestalde, azpiko inflazioa hiru hamarren jaitsi da irailean, % 2,4raino.
Sei urte eta erdiren ostean Athletic Europara itzuli da. 2.387 egun ziren kontinente zaharrean jokatu gabe, eta ilusio handia zegoen jokalarien, teknikarien eta zaleen artean bueltarekin. Gainera, agertoki ederra zuen horretarako: Erromako estadio olinpikoa. Aurrean, gainera, aurkari handi bat zegoen: Erroma, Izan ere, Italiako taldeak Europa ligako finala jokatu zuen duela bi denboraldi, eta iaz finalerdietara ailegatu zen. Bada, balio handiko puntu batekin itzuli dira zuri-gorriak Bilbora. Athleticek ondo ekin dio partidari, baina ondoren Erroma nagusitu da, eta neurketan izan dituen minutu onenak baliatu ditu aurretik jartzeko. Lehen zatia azken txanpan sartzen ari zela izan da. Bigarrenean, Athleticek lan egin du berdinketa lortzeko. Bururekin baino gehiago bihotzarekin egin du, une batzuetan argitasuna falta izan baitzaio jokoan. Ahaleginak azkenean saria izan du, geldikako jokaldi batean Aitor Paredesek gola egin baitu buruz, 85. minutuan. Hala, lehen puntua batu dute ligaxkan. Athleticek hurrengo ostegunean jokatuko du Europa ligako hurrengo neurketa, AZ Alkmaarren kontra, San Mamesen. Igandean Celtaren aurka jokatuko partidarekin alderatuz, Ernesto Valverdek bost aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan. Leganesena kontra orkatilan min hartu zuen Nico Williamsek, eta Celtaren aurkako norgehiagoka kanpoan geratu ostean, gaurkoan aulkian hasi du partida. Djalo aritu da beste behin haren ordez. Ernesto Valverdek nahiago izan du arriskurik ez hartu. Bestalde, Sanceten tokia Unai Gomezek hartu du. Sancet Bilbon geratu zen atzo, hura ere min hartuta. Athleticek ondo ekin dio neurketari. Zelaian ondo jarrita egon da, eta oso goian egin dio presioa Erromari baloia ateratzekoan. Beraz, baloia eduki arren, etxeko taldeak zailtasunak zituen zuloak topatzeko eta gora egiteko. Hori baliatu du Athleticek, eta pare bat aldiz gerturatu da Svilarren atera. Iñaki Williamsen eta Guruzetaren jaurtiketak, ordea, kanpora joan dira. Minutuak aurrera joan ahala, ordea, partida aldatu egin da. Zuri-gorriek egindako presioa ez da horren eraginkorra eta oldarkorra izan, eta Erromak hartu du aginte makila. Valdanzi eta Dybala azaltzen hasi dira, lerro artean min eginez. Pare bat pase luze eman dizkiote Dovbyki, eta Agirrezabalak bizkor atera behar izan du arriskua aldatzeko. Gainera Athleticeko zelai erdiko eta aurrealdeko lerroen arteko aldea handitu egin da. Ondorioz, gehiago kostatzen zitzaion Svilarren atera iristea. Athletic bere zelaian sartuta zegoen, eta Erroma baloiaren jabe zen. Hala, 32. minutuan italiarren gola iritsi da. Erromako atzelari batek baloia lapurtu dio Guruzetari, eta bizkor atera da erasora. Baloia Dybalari iritsi zaio eskuinean, baina argentinarrak ondo aldatu du jokoa ezkerrera. Handik azaldu da, bizi, Angeliño. Erdiraketa neurketa jarri du, eta atzetik etorrita gola egin du buruz Dovbykek. Lehen zatiko azken txanpan Athleticek apur bat gehiago izan du baloia. Izan ere, Erromak urrats bat egin du atzera, kontraerasoa bilatu, eta errenta handitu nahirik. Lehen 45 minutu horien luzapenean Athleticek aukera ona izan du norgehiagoka berdintzeko, Guruzetari area ertzean egin dioten falta batekin. Baina Djaloren erremate gogorra kanpora joan da.1-0 bukatu da lehen zatia. Saria, geldikako jokaldi batean Lehenengo zatiari bezala, presio estua egiten ekin dio bigarrenari Athleticek. Lehen minutu horietan bi korner behar ditu Valverdek zuzentzen duen taldeak. Gainera, italiarrek baloi irteeran egindako akats baten ostean, Unai Gomezek abagune ona izan du norgehiagoka berdintzeko; bigunegi errematatu du, ordea. Erromak ere ez du aparte izan gola. Paredes trabatu eginda da, eta ia erori egin da. Soulek hori aprobetxatu du baloia berreskuratu eta area ertzetik errematatzeko. Agirrezabalak eskua atera, eta gelditu ona egin du. 60. minutuan Valverdek Nico Williams eta Herrera zelairatu ditu Djaloren Pradosen ordez. Neurketa parekatu egin da minutu horietan. Ez talde batek ez besteak ez dute lortu arriskua sortzea. Erroma Dovbyki bidalitako baloi luzeen bidez ahalegindu da min egiten. Nico Williams, berriz, buruz buruko jokaldien bidez saiatu da arriskua sortzen. Gainera, beste txispa bat eman dio zuri-gorrien erasoari. Ondoren Berenguer ere zelairatu da, eta horrek ere beste abiadura bat eman dio Athletici. Athleticek estutzen eta bultzatzen jarraitu du, eta Svilarren atera gertutzen hasi da, batez ere Iñaki Williamsen erremateei esker. Azkenean, falta batean iritsi da gola. 85. minutuan izan da. Berenguerrek bigarren zutoinera atera du, han buruz jo du baloia Unai Nuñezek, eta gol arrastoan sareetara bidali du Paredesek; hark ere buruz. Nuñez minutu batzuk lehenago irten da zelaira, Vivianek aurpegian min hartu eta gero. Azken minutuetan Athletic hobea izan da, baina emaitza ez da aldatu. Zuri-gorriek pozik egin dezakete etxerako buelta. Partida amaieran Oscar De Marcos eta Iñaki Williams Athleticeko zaleak zeuden gunera bertaratu dira, gola eta gero bengalak jaurti dituzten zaleen jarrera salatzera. «Ez dute gure zalegoa ordezkatzen», esan du De Marcosek. ERROMA-ATHTLETIC Erroma: Svilar; Mancini, Ndicka, Hermoso, Celik (Abdulhamid, 71. min.), Kone (Paredes, 80. min), Cristante, Baldanzi (Pisilli, 63. min.), Angeliño; Dybala (Soule, 47. min.) eta Dovbyk (Shomurodov, 80. min.). Athletic: Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 68. min.), Vivian (Unai Nuñez, 79. min), Paredes, Yuri; Prados (Herrera, 60 min.), Galarreta; Iñaki Williams, Unai Gómez (Berenguer, 68, min.), Djalo (Nico Williams, 60. min) eta Guruzeta. Golak: 1-0: Dovbykek (32. min.). 1-1; Pardesek (85. min.)
Euskaltegiek eragina izan dezakete zaintza sektorea euskalduntzerako garaian. Hala azaldu dute Helduen euskalduntze-alfabetatzeak zer du eskaintzeko? Zer egokitzapen du egiteko? hitzaldian. Ekinean ari direla dio Aize Otaño (Donostia, 1988) AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideak, baina administrazioen abaroa galdegin du: baliabideak eta malgutasuna. Euskaltegiek zer eskaintzen dute zaintzaren sektorea euskaldundu ahal izateko? AEKn eskaintzen dugu hizkuntza aholkularitza, adibidez, zaintzaren arloko enpresa batean euskara plana martxan jartzeko, langileak euskalduntzeko. Euskaltegietan ere ahalegintzen gara: joan izan gara zaharren egoitzetara, haien beharretara egokitu ahal izateko. Ohiko eskaintza ere badaukagu. Zer neurri behar dira zaintzaileak euskarara gerturatzeko? Garrantzitsua da aukera izatea lanorduetan euskara ikasteko; hori bermatzen bazaie, errazagoa izango da euskara ikasteko hautua egitea. Ikasteko, bi motibazio mota egon daitezke. Alde batetik, pragmatikoa edo instrumentala dago: langileek ikusi behar dute zein balio ekarriko dien euskara ikasteak, baina hori ez dago euskaltegion esku soilik; bereziki, instituzio nagusiek daukate ardura, eta horretarako politika publikoak egin beharko dituzte, eta baliabideak eskaini, euskara ikasteko hautua egin dezaten. Beste aldetik, motibazio afektiboa dago, eta guk agian badugu esku hartzeko aukera handiagoa. Behin gerturatuta, nola lor daiteke haien atxikimendua? Ahalegintzen gara euskal kulturan murgiltzen, hizkuntzak zer balio erantsi emango dien —maila pertsonalean eta profesionalean— ikusarazten. Horretaz gain, uste dut garrantzitsua dela gu haien beharretara egokitzea. Agian, eskaintza zehatza egin behar da, soilik haiei begirakoa. Eta ikasketa prozesua ahozkora bideratu? Bai, eta baliabideak eskaini, zaintzaileek zerbitzu hartzaileekin euskaraz izan dezaten gutxieneko komunikazioa. Zaintzaren sektorea askotarikoa da, baina erabat feminizatuta dago, eta, askotan, arrazializatuta. Euskaltegiak egokitzen al dira zaintzaileen beharretara? Irakasleek kontuan hartzen dute ikaslearen ezaugarriak zeintzuk diren, zer egoeratan dagoen, eta beti tentuz ibiltzen gara, eta laguntzen ahalegintzen gara; uste dut euskaltegiok lana egiten dugula eta kontuan hartzen dugula. Zaintzaileak euskalduntzeko bi gako aipatu dituzue: denbora eta doakotasuna. Bai, baina doakotasuna behar da ez soilik esparru honetan. Baina egoera oso zaurgarrian daude, ez daukate baliabiderik eta denborarik… Uste dugu diruak eragina duela. Horretaz gainera, ez daukate denborarik, eta, gainera, euskaltegietara jo, eta agian ez daukate euren beharretara egokitzen den eskaintzarik, euskaltegiok ere baldintzatuta baikaude, guri jartzen dizkiguten baldintzak bete behar ditugulako; beti ahalegintzen gara eskaintza zabala izaten, herritar guztien beharretara egokitzen, baina askotan eskuak lotuta dauzkagu, guk ere administrazioak jarritako baldintzak bete behar ditugulako. Hori dena egiteko, euskaltegiek baliabideak beharko dituzue. Bai, noski. Askotan aldarrikatu dugu: eskaintzen dugun zerbitzua administrazio nagusiek finantzatu behar digute %100ean. [articles:2131160]
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren bisita baliatuta, AEBetako estatuburu Joe Bidenek iragarri du 7.150 milioi euroko balioa duen laguntza militarra emango diola herrialdeari, «Errusiako inbaditzaileak kanporatzen laguntzeko». Zelenskirekin bildu aurretik egin du iragarpena Bidenek, eta azaldu Kievek jasoko dituen armen artean dagoela 130 kilometroko irismena duen misila —orain arte izan dituenak baino irismen luzeagokoa—. Bestalde, Garaipenerako Plana deiturikoa aurkeztuko dio gaur Zelenskik Bideni, harekin Etxe Zurian izango duen bileran. Komunikabideek zabaldutako informazioaren arabera, planak bost puntu nagusi biltzen ditu, eta, Ukrainako presidentearen ustez, Mendebaldeak horiek betetzen baditu Kiev Moskuri gailenduko zaio. Hauek dira bost puntuak: «Ukrainaren segurtasuna», Kievek geopolitikan duen posizioa, nazioarteko laguntza militarra, laguntza hori askatasun osoz erabili ahal izatea, eta babes ekonomikoa. Hala aurreratu zuen behintzat herenegun Bloomberg AEBetako berri agentziak. Ukrainak luze gabe geopolitikan izango duen rolari dagokionez, EB Europako Batasuneko kide izateko bidea nolakoa izan behar den eta herrialdeak eta klubak zer urrats egin behar dituzten jasotzen du planak. Gaur egun, kide izateko hautagaia da, eta joan den abenduan kide izateko negoziazioak abiarazi zituzten. Mendebaldeko buruzagi orok ez du plana begi onez ikusi. Bloombergek herenegun planaren ideia nagusiak argitaratu zituenean, zenbait buruzagiren ideiak bildu zituen, era anonimoan. Zelenskik aurkeztutako gidalerroetan ez dagoela ezustekorik iritzi zioten buruzagi horiek. «Ez dago aurrerapausorik». Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkan Mendebaldeak Kiev babestu du, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea barne. Azaroan, ordea, AEB Amerikako Estatu Batuetako presidentetzarako bozak egingo dituzte. AEBetako presidente ohi eta hauteskundeetako Alderdi Errepublikanoko hautagai Donald Trumpek zalantzan utzi izan du Kieven aldeko jarrerari eutsiko ote dion bozak irabaziz gero. Hori dela eta, Trumpekin eta AEBetako presidenteorde eta Alderdi Demokrataren hautagai Kamala Harrisekin ere biltzekoa da Zelenski Garaipenerako Planaren inguruan hitz egiteko. Arma nuklearrekin erantzun Vladimir Putin Errusiako presidenteak herrialdearen doktrina militarrean eta nuklearrean egindako aldaketak aurkeztu zituen atzo Errusiako Segurtasun Kontseiluaren aurrean, eta argitu zuen potentzia ez-nuklear batek potentzia nuklear baten babesarekin estatuaren kontra egindako erasoa Errusiako Federazioaren aurkako eraso bateratu gisa hartuko dela. Gainera, ohartarazi du Errusiari arma konbentzionalekin erasoz gero hark arma nuklearrekin erantzun dezakeela, baldin eta herrialdearen subiranotasuna mehatxatzen badu. Dimitri Perkov Kremlineko bozeramaileak gaur nabarmendu du doktrina aldaketak Mendebaldearentzako ohartarazpena direla. Errusiako presidenteak Mendebaldeari leporatu dio doktrina aldatu behar izana, Ukrainako gerraren aitzinean izandako erreakzioengatik. Joan den ekainean hasi ziren atzo aurkeztutako aldaketak prestatzen, estatuaren «erabateko segurtasuna» lortzeko. Berrikuntza horiekin, Errusiak murriztu egingo ditu herrialdean arma atomikoak erabiltzeko mugak, hain justu Kievek Errusia barrenean helburu militarrei erasotzeko irismen handiagoko misilak erabiltzeko baimena eskatu duen honetan. Zuzenketa guztiak «sakonki» aztertuak izan direla erran zuen bart Putinek, eta «jasandako mehatxuekiko proportzionalak» direla hartutako erabakiak. «Errusiaren edo Bielorrusiaren aurkako erasorik balego arma nuklearrak erabiltzeko eskubidea hartu dugu», iragarri zuen Putinek bileran, zeina telebistan eman baitzuten. «Zehaztasunez definitu ditugu arma nuklearrak erabiltzeko baldintzak, eta egiazko informazioa bilatuko dugu eraso aeroespazialen aireratze masiboaren inguruan». Horrez gain, presidenteak nabarmendu zuen ongi dakitela nola jokatu behar den arma horiekin, eta «arduraz» jokatu dutela beti, baina aldaketa horren beharrean zeudela «nazioarteko egonkortasun globala sendotzeko» eta arma nuklearren sakabanaketa eragozteko.
Greba eguna deitu dute gaur Nafarroako Hezkuntza Publikoan, “kalitatezko hezkuntzaren” alde. % 26,5eko jarraipena izan du irakasleen grebak, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren arabera. Sindikatuek, ordea, greba egin ahal zutenen hirutik bik egin dutela adierazi dute.
Realak berdinketa lortu du Nizaren aurka, Europa Ligako lehen partidan. Barrenetxearen gol batekin aurreratu dira txuri-urdinak, baina atsedenaldiaren aurretik berdinketa jaso du. Bigarren zatian Pachecok penaltia egin du, baina Remirok geldiketa egin du berdinketa mantentzeko. Argi-itzalak izan ditu Realaren jokoak, baina sentipen onak berreskuratzen hasteko lehen pausoa eman du Nizan (Frantzia). Azken asteetako zurrumurruaren aurrean, Imanol Alguacilek ez du beldurrik eduki enegarren froga egin, eta harrobiko bederatzi jokalari zelairatzeko hasieratik. Gaurkoa Europa Ligako lehen partida izanda ere, ez da eragozpena izan entrenatzaile txuri-urdinak beste sistema berri bat probatzeko, eta bost defentsa, hiru erdilari, eta bi aurrelarirekin atera da Nizaren aurka. Berritasunez artean, Jon Martin eta Pablo Marinen presentzia nabarmendu da. Brais Mendez ere hamaikakora itzuli da, min hartuta azken hiru partidak galdu ostean. Bosteko defentsa lerroak ez dio erasotzea ekidin Realari, eta Odriozolak nahiz Aihen Muñozek ohi baino altuago jokatu dute hasieratik. Haatik, horrek ere eragin zuzena du defentsan. Nizak erraztasunez aurkitu ditu espazioak hegaleko defentsen bizkarrean, eta bizpahiru iritsiera arriskutsu egin dituzte lehen txanpan. Zutoinen arteko jaurtiketarik ez da iritsi Realaren aldetik, baina eurak ere arriskua sortzeko gai izan dira Nizaren atetik gertu. Zortzigarren minutuan Brais Mendezek bakar-bakarrik utzi du Oiartzabal area barruan, baina aurrelari eibartarraren kontrola txarra izan da. Baloi hori mendean hartu izango balu, penalti baten egoeran geratuko litzateke txuri-urdinen kapitaina, baina huts egin du. Joan-etorri bizian aritu dira bi taldeak, zelai erdia guztiz saltatuta, eta ia jokaldiro kontrako arearaino iritsita. Bukaeran, ordea, ez zuten asmatzen, eta atezainek arazo handirik gabe gelditu dituzte jaurtiketak. Baina halako batean Niza gehiegi fidatu da baloi irteeran, eta Realak ez dio barkatu. Nizak baloia galdu du bere zelaian, eta Brais Mendezek atezainaren aurrean utzi du Barrenetxea pase batez. Donostiarrak ez du bitan pentsatu, eta zartada batez jarri du baloia angeluan, markagailuan aurreratzeko. Sutsu ospatu du Barrenetxeak bere gola. SEBASTIEN NOGIER / EFE Reala eroso sentitu da golaren ostean. Txuri-urdinak golik sartu gabe ziren abuztutik, eta zama kendu dute gainetik. Ezin esan partida kontrolpean zutenik, baina eraginkorragoak ari ziren izaten zelaiko bi aldeetan. 0 eta 2koa ere ez dute urruti izan. Kontraeraso azkar bat eginda Oiartzabal atezainaren aurrean geratu da berriro, baina Clauss atzelaria garaiz iritsi da jaurtiketa alderatzeko. Atsedenaldia iristear zen, eta Realaren sentipenak onak ziren markagailuan aurreratuta zegoela kontuan hartuta. Defentsan, aldiz, hauskorra izaten jarraitzen duela berretsi du. Aihen Muñoz baloia urruntzen saiatu da, baina Rosario erdilariari oparitu dio baloia, eta herbeheretarrak berdinketa egin du jaurtiketa gurutzatu batekin. Momentu okerrenean etorri da etxeko taldearen gola. Beste hanka-sartze bat Sendotasun gutxirekin ari da jokatzen Reala bere area barruan, eta atsedenetik bueltan ere beste hanka-sartze larri bat egin du. Korner batean, Pachecok kamisetatik heldu du Nizako kapitaina, eta VAR-eko epaileek penaltia ikusi dute. Zelaikoak ere bere kideen berbera ikusi du pantailatxoan, eta penaltia adierazi du. Guessand aurrelaria izan da jaurtiketa egiteko arduraduna, eta huts egin du Realaren mesederako. Remirok bikain eutsi du jaurtiketa, eta bere geldiketarekin berdinketa mantendu da markagailuan. Egonkortasuna berreskuratzeko bidean, oso lagungarriak izan dira azken ordu erdian Alguacilek egin dituen aldaketak. Pixkanaka ohiko hamaikakoan aritzen diren jokalariak sartu dira; Becker, Susic eta Javi Lopez esate baterako. Aldaketekin txuri-urdinak ez dira gehiagotan iritsi Nizaren atera, baina, era berean, gutxiago sufritu dituzte frantziarren erasoak. Partida estutzen zihoan heinean, talde bata eta bestearen hauskortasunak agerian geratu dira. Realak eragin eskasa izan du erasoan, eta azken minutuetan gertuago izan du porrota garaipena baino. Hain zuzen, Nizako bi erdiko defentsek aukera bana izan dute markagailuan aurreratzeko. Lehena urruneko jaurtiketa izan da, Remirok gelditu duena. Bigarrena area barruko jaurtiketa arriskutsu bat izan da, zuzenean kanpora joan dena. Berdinketa arriskuan izan arren, Reala ez da kikildu, eta ez da atzean giltzaperatu. Azken aukerak baliatzen saiatu da Donostiako taldea, arrakasta handirik gabe, baina gutxienez bere atetik urrundu du Niza. Estreinako partida izanik, eta hasiera batean kanpoan jokatuko duen partida zailenetako bat izanik, Realak puntu baliotsu bat eskuratu du Nizan. Defentsan izan duen sendotasun ezak urrundu dizkio hiru puntuak, baina ez da modu txarra Europa Ligako bidea hasteko. NIZA-REALA Niza. Bulka; Ndayishimiye, Bombito, Dante; Clauss, Pablo Rosario, Louchet (Ndombele, 68.min.), Bard; Bouanani (Diop, 68.min.), Moukoko (Orakpo, 74.min.) eta Guessand. Alaves. Remiro; Odriozola (Aramburu, 60.min.), Jon Martin, Zubeldia, Pacheco, Muñoz (Javi Lopez, 60.min.); Brais Mendez (Sucic, 69.min.), Zubimendi, Pablo Marin; Oiartzabal (Oskarsson, 79.min.) eta Barrenetxea (Becker, 60.min.). Golak. 0-1. Barrenetxeak (18. min.). 1-1. Rosario (45. min.).
Eusko Jaurlaritzako sailburu guztien artean Eusko Legebiltzarretik igarotzen azkena izan da Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua. Hark nabarmendu du memoria politiketan «ziklo berri bat» irekiko duela Gogora institutuak. Bi orduko agerraldia bukatu denean, Gogora institutuko zuzendaritza kontseiluko bost kide independente hautatu behar izan dituzte batzordean, eta polemika piztu da EH Bilduk proposatutako hautagaietako bat, Pilar Garaialde estatuko segurtasun indarren biktima, kanpoan geratu delako. Bozkatu aurretik sei hautagai zeuden: EAJk, PSE-EEk eta EH bilduk bina aurkeztu dituzte. Gobernuko bi bazkideek euren hautagaien alde egin dute, eta EH Bilduk aurkeztutakoa Paco Etxeberria aurrera atera da. Aldiz, jeltzaleen eta sozialisten abstentzioaren ondorioz, Garaialde kontseilutik kanpo geratu da. Bilkura amaituta, EH Bilduk gogor kritikatu du estatuaren biktimak bazterrean utzi izana, eta Gogora-n izango duen presentzia birplanteatuko duela esan du. San Joseren gidalerroak Hori guztia gertatu aurretik, hurrengo lau urteetarako asmoak azaldu ditu San Josek. Datorren ekainean hamar urte beteko ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, eta tarte horretan guztian Aintzane Ezenarro izan da buru. Alta, uztailean, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak oroimeneko gaietan «lerratuta» egotea aurpegiratu zien arduradun jeltzaleei. «Etikoki ez da onargarria biktimarioen irudiek eta sinboloek eremu publikoa hartzea. Ez da soilik jarrera pasibo bat; ez dira krimenak eta haren egileak goratu behar». MARIA JESUS SAN JOSE Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua Adierazpenok gogoan, bere agerraldian, San Josek adierazi du indarkeriaren erabileraren zilegitasun oro guztiz auzitan jarriko duen memoria kritikoa eraiki nahi dutela. Gaineratu duenez, «etikoki ez da onargarria biktimarioen irudiek eta sinboloek eremu publikoa hartzea. Ez da soilik jarrera pasibo bat; ez dira krimenak eta haren egileak goratu behar». Hala, esan du «biktimen sentsibilitatea eta mina urratuko duen edozein jarduera» baztertzeko konpromisoa dutela. Haren esanetan, terrorismoaren biktimen parte-hartze kontseiluak proposamen bat egin du, eta zigor erregimen bat ezartzeko aukera dago, lege erreforma baten bidez. EAJren ñabardura EAJko Xabier Barandiaranek gogorarazi dio San Joseri bere agerraldian gobernu akordiotik kanpoko «gauza batzuk» sartu dituela: «Adibidez, biolentziaren deslegitimazio prozesu horretan, giza eskubideak urratu zaizkien biktimen inguruan egin daitezkeen harrerak edo aldarriak». Barandiaranek onartu du bat egin dezaketela ideia horrekin, baina ezin dela gaia horrela jorratu. «Horrek eskatzen du aurrez kontsentsuak lantzea, eta gure ustez egokiagoa da aurrez adostasunera heltzeko bidean jartzea, eta ez esparru publikoan agertu eta gero ados jartzen saiatzea». Motibazio politikoko biktimen inguruan, San Josek adierazi du pozik daudela balorazio batzordearen lanarekin. Urte hasieratik, aitortzarako eskaerek gora egin dute, eta batzordeak baliabide gehiago eskatu dizkio sailari. San Josek argitu du batzordeko kideak aldatu egingo direla, legeak dioen irizpideei jarraikiz. «Gure ustez egokiagoa da aurrez adostasunera heltzeko bidean jartzea, eta ez esparru publikoan agertu eta gero ados jartzen saiatzea». XABIER BARANDIARAN EAJko legebiltzarkidea Gogora institutuaren plan estrategikoa lantzen ari dira, eta ezarriko dituzten aldaketa batzuk aurreratu ditu. Adibidez, unibertsitateari eta mundu akademikoari erreparatu nahi diote, «zorroztasun historikoz aritzeko». Halaber, memoria arloko beste erakundeekin lan egin nahi du, eta «lekukotza berriak» bilatuko dituzte: «Diktaduraren jazarpena, polizien abusuak eta ETAren terrorismoa jasan zutenak badira Euskadin, eta haien testigantzak balio berezia du indarkeriari zilegitasun oro kentzeko». Hiru urte beteko dira espetxe eskumena eskualdatu zenetik. San Josek azaldu du «aurki» amaituko direla Zubietako espetxearen obrak, eta behin presoak Martutenetik hara bidaltzean burutuko dela transferentzia. Sailburuak espero du espetxe arloko 829 langile izatea, lehen baino «159 gehiago». Arlo horretan, bere lehentasunetako bat izango da presoen buruko osasunari arreta berezia ematea, eta haien gizarteratzeko prozesuari begira erremintak izatea. Sailburuak ukatu egin du ETAko presoei hirugarren gradua ematea erraztuko denik. «Ez da bereizketarik egongo, bestela prebarikatu egingo baikenuke. Huts politikoa da ETAko presoak kolektibo gisa tratatzea. Hala aldarrikatu izan dute, baina ez diegu estatus hori emango». EH Bilduren kritika Agerraldia amaituta, EH Bilduko Julen Arzuagak gogor kritikatu du Gogora-ko zuzendaritza kontseiluko kideen aukeraketan gertatutakoa. EAJri eta PSE-EEri egotzi die estatuaren biktimak «berriro» baztertzea. «ETAren biktimek tokia dute Gogora-n, eta ondo dago, eta horregatik babestu ditugu Maria Jauregi eta Josu Elesperen hautagaitzak, baina EAJk eta PSEk estatuaren biktimak baztertu dituzte. Erabaki hau oso larria da; ez du bizikidetza sustatzen, ez da biktimen aitortzaren aldeko urratsa, erabaki alderdikoi hutsa da, eta memoria politikak hartzen ari diren norabide okerraren beste froga bat». Uste du Gogora-ren sinesgarritasuna bera jartzen dela auzitan estatuaren biktima bat kanpo utzita. Horregatik, Gogora-n izango duen jarrera eta presentzia berriz pentsatuko dutela esan dute EH Bildukoek. «ETAren biktimek tokia dute Gogora-n, eta ondo dago, eta horregatik babestu ditugu Maria Jauregi eta Josu Elesperen hautagaitzak, baina EAJk eta PSEk estatuaren biktimak baztertu dituzte» JULEN ARZUAGA EH Bilduko legebiltzarkidea Egiari Zor fundazioak txarretsi egin du Gogora-tik kanpo uztea Garaialde. «Onartezina eta erabat umiliagarria da alderdi batzuek trikimailu alderdikoiak erabiltzea estatu terrorismoaren biktima bat kanpoan uzteko. Ezin zaio etikari heldu eta komeni bezala ahaztu». Jaurlaritza berritzearekin batera «ziklo berri bat» egongo zela esan zuten, eta nolako hasiera eman dioten kritikatu dute: «Estatuaren biktimen kolektiboari begirako diskriminazio berri batekin eman diote hasiera, EAJren ezinbesteko babesarekin». Pradalesekin biltzekoak direla jakinarazi dute, eta gai hori hizpide izango dutela.
Israelgo armada Libanon sartu eta lurreko eraso bat prestatzen ari da. Hala adierazi du armadako buruzagi Herzl Halevik, militarrek zabaldutako bideo batean. Irudietan Halevi ageri da Israel eta Libano arteko mugan dauden soldaduei aukera hori azaltzen: «Zuen botek Libanoko zorua zapalduko dute. Armada profesional baten indarra zein den erakutsiko diegu». Are gehiago, Hezbollahk gaur erasoak areagotu dituela eta eraso horiei erantzungo dietela baieztatu du: «Gaur bertan, oso erantzun gogorra jasoko dute. Ez gara geldituko». Gainera, Israelgo armadak erreserbako bi brigada mugiarazi ditu Libanorekin duen mugara. Bitartean, milioi erdi lagunek, 500.000 herritarrek, utzi dute etxea Israelgo armadak azken egunetan Libanon egin dituen erasoen ondorioz. Kopuru horren berri eman du bart Libanoko Atzerri ministro Abdallah Bou Habibek New Yorken (AEB), Nazioarteko Bakearen Aldeko Carnegie Funtsak antolaturiko agerraldi batean. Israelgo armadak ia 600 herritar hil ditu azken bi egunetan Libanon egindako erasoetan, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera. Tel Avivek Beiruten eta ekialdeko Bekaa haranean gauzatu ditu eraso horietako batzuk, baina, batez ere, herrialdearen hegoaldeko guneak bonbardatu ditu. Herenegundik autoz jositako errepideen irudiak zabaldu dituzte nazioarteko hedabideek. Egun horretan, Israelgo Gobernuak Hezbollah talde xiitak erabiltzen dituen eraikinen inguruetatik ihes egiteko deia egin zien Libanoko herritarrei. Reuters berri agentziak baieztatu zuenez, milaka herritarrek jaso zituzten telefono deiak ohartarazpen horrekin. Desplazatu kopuru zehatza zein den argitu ez badu ere, Bou Habibek gutxi gorabeherako datua eman du. Datu esanguratsua da, kontuan izanez gero Libanoko biztanleria osoa ez dela 7 milioira iristen. Gaur ere Israelgo armadak erasoekin jarraitu du. Hezbollahren azpiegiturak eta armak suntsitzeko asmoz abiaturiko operazioa dela dio Tel Avivek; Libanoko Osasun Ministerioak, ordea, baieztatu du azken egunetan hildakoen artean 50 adin txikiko daudela, baita osasun langileak ere. Gaur bertan Israelgo armadak bere Telegram kanalean jakinarazi du aire erasoak egin dituztela Libano hegoaldean eta Bekaa haranean. Libanoko Osasun Ministerioak gutxienez 51 hildakoren berri eman du hegoaldeko zenbait gunetan eta Beirut iparraldeko herri batean egindako erasoetan. Bestetik, Hezbollahk adierazi du Mossad Israelgo zerbitzu sekretuek Tel Aviv inguruan duten egoitzari eraso egiten saiatu dela. Tass Errusiako albiste agentziak jaso duenez, talde xiitak bere Telegram kanalean jakinarazi du «Qader-1 misil balistikoa» jaurti duela Mossaden egoitzaren aurka. Erasoaren arrazoi gisa aipatu dute Israelgo zerbitzu sekretuak direla joan den astean Hezbollahren komunikazio gailuen aurka egindako erasoen erantzule. Israelgo armadak ere Telegram bidez baieztatu du «Libanotik jaurtitako misil bat» atzeman duela Tel Aviv inguruan. Ez du zauriturik eragin. Kritikak AEBei Ali Khamenei Irango aiatolak Libanoko talde xiitaren jarduna goraipatu du. Gaur egindako agerraldi batean adierazi du taldeko buruzagiak hiltzeak ez duela Hezbollah hondoratuko. Atzo talde xiitako buruzagi militar bat hil zuen Israelgo armadak Beiruten. Gainera, Irango Berri Agentzia Nazionalak zabaldutako oharraren arabera, aiatolak baieztatu du Hezbollah eta Israelen aurkako erresistentzia izango dela gatazkako garailea. Eta Washingtonen jokamoldea gaitzetsi du: «AEBek etsaia babesten dute, baina laguntza eman izana ukatzen dute». New Yorken, atzo hasi zen NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkura, eta Ekialde Hurbileko egoera izan zen mintzagai nagusia. Han dago Libanoko Atzerri ministroa, eta New Yorken bertan egin zuen agerraldia atzo arratsaldean [gaur goizaldean Euskal Herrian]. Desplazatu kopuruaren zenbatespena emateaz gainera, Joe Biden AEBetako presidenteak atzoko bilkuran emandako hitzaldia kritikatu du: «Ez da indartsua izan. Ez du promesik egin, eta ez du arazoa konponduko». Bidenek, NBEren Batzar Nagusiaren aurrean emandako hitzaldian, adierazi zuen Libanon eta Gazan «konponbide diplomatikoa» posible dela eta AEBek horren alde egingo dutela lan. Ez zuen, ordea, neurri zehatzik aipatu, ezta Tel Aviv egoeraren erantzule egin ere. Halere, Libanoko Atzerri ministroak oraindik itxaropena baduela jakinarazi du, eta Etxe Zuriari mintzatu zaio: «AEBak dira Ekialde Hurbileko egoera alda dezakeen herrialde bakarra». Gazan, zenbait gorpu bueltan Libanon bezalaxe, Israelgo armada bonbardaketa gehiago egiten ari da Gazako zerrendan ere. Gazako Osasun Ministerioak egunero ematen duen eguneraketaren arabera, azken 24 orduetan, 28 pertsona hil eta 85 zauritu dituzte Gazan. Bestetik, ministerioak bere Telegram kanalean azaldu duenez, Israelgo armadak 88 gorpu zituen kontainer bat utzi du Khan Yuniseko Nasser ospitalean. Hango arduradunek uko egin diote gorpuak jaso eta lurperatzeari. Salatu dute gorpuek ez zutela inolako identifikaziorik. Horregatik, ministerioak esan du gorpuak norenak diren jakiteko adina datu ematen dizkietenean jasoko dituztela, hori baita, ministerioaren ustez, hildakoen eta haien familiako kideen «gutxieneko eskubidea».