Gertu izan du finala Realak
Gaurkoa «gau magiko eta historiko bat» izatea nahi zuen Realak, kanporaketa irauli eta Espainiako Koparako finalerako sailkatzea amets. Bada, gertu izan du, baina ez du lortu, partida zoro baten ostean. Luzapenean kanporatu du Real Madrilek. 70. minutuan 1-1 zihoazen, eta 3-4 bukatu da lehia arauzko 90 minutuetan. Penaltietarako bost minuturen faltan, baina, laugarrena egin du Real Madrilek, eta finalik gabe utzi du Reala —joanekoa 0-1 galdu zuen Anoetan—. Gogotsu zelairatu dira txuri-urdinak, eta gauzak argi. Pixkanaka etxeko taldea hasi da Realaren atzealdeari kilimak egiten, baina ez dira urduri jarri Imanol Alguacilek zuzendutakoak, eta azkar erantzun dute: Sucicek kanpora bota du aurreneko aukera, baina barrura Barrenetxeak bigarrena, 16. minutuan. Zubimendik ezker hegalean zuloa ikusi du, eta harantz eman du pasea; ondo irakurri du jokaldia Pablo Marinek, eta buruz orraztu du baloia, Barrenetxeak jaso zezan. Barruraino sartu da donostiarra, eta ez du huts egin Luninen aurrean, 0-1ekoa jarriz, eta kanporaketa berdinduz. Aurkari ez zuen edonor, ordea. Real Madrilek erasora egin du, jo eta su. 20. minutuan Bellinghamek gehiegi gurutzatu du baloia, baita 21. minutuan Rodrygok ere, eta kanpora bota du hurrengoa berriro Bellinghamek. Ordura arte alde izan du partida Realak, baina konturatzerako aldrebestu zaio. 26. minutuan Aguerdek lurrera bota du bere burua, min hartu duelako. Aldaketa eskatu du erdiko atzelariak. Jarraian iritsi da bigarren albiste txarra: Real Madrilen gola. Viniciusek pase ederra eman dio Endricki defentsaren bizkarrera, eta Remiroren aurrean ondo loratu du baloia brasildarrak. Kanporaketa alde izanda, Real Madrilek hartu du jokoaren aginte makila, eta lanean segitu dute txuri-urdinek. Lehen zatiko azken jokaldian penaltia eskatu du Take Kubok, Viniciusek atzetik heldu egin diolako. Txistua jo du epaileak, baina atsedenaldia adierazteko. Ondo ari zen Reala, partida landua egiten, baina gol bat behar zuen kanporaketa berdintzeko. Burua hotz, horren bila joan da, oraindik aurretik minutu asko zituztela jakitun. Hala, zoramena izan da partida amaiera. Luninen area ingurura maiz ari ziren gerturatzen ziren txuri-urdinak, baina kostatzen ari zitzaien jokaldiak bukatzea. Azken metroetan argitasuna falta zitzaien Realeko jokalariei, eta batez ere halakoetan garrantzitsuak izaten dira geldikako jokaldiak. Bada, 70. minutuan kornerrean gertu izan du gola: Zubimendiren errematea Luninek gelditu du. Hortxe esnatu da Reala, eta piztu da partida. Hurrengo jokaldian kontraeraso azkar eta arriskutsua osatu du, baina Oiartzabalek ezin izan du baloia kontrolatu. Ez du barkatu hurrengo jokaldian. Marinek hartu du baloia arearen eskuin aldean; barrura sartu eta atzera pasea egin du, eta Alabari jo ondoren sareetara joan da baloia. Gutxira iritsi da Realaren hurrengo gola. Jokaldi ona egin dute txuri-urdinek. Take Kubok Oiartzabali eman dio pasea, eta eibartarraren jaurtiketa barrura joan da, berriro Alabari jo ondoren. 80. minutua zen, eta 1-3koarekin, momentu horretan finalean zen Reala. Pozak, baina, gutxi iraun die txuri-urdinei. 82. minutuan kanporaketa berdindu egin du Bellinghamek, eta 86. minutuan irauli: Tchouamenik hirugarrena sartu du. Zaplazteko galanta izan da Realarentzat, esku-eskura zuelako finalerako sailkatzea. Ez dute etsi, baina, eta borrokan jarraitu dute. Azken hitza esateko zuten oraindik. Hala, 93. minutuan laugarrena sartu du Realak; Oiartzabal kapitaina berriro protagonista. Sergio Gomezek ateratako falta buruz errematatu du, eta Realari amets egiten segitzeko aukera eman dio, luzapena behartuz. Txuri-urdinei sasoi honetan kostatzen ari zaie gola egitea. Bada, lau sartu ditu gaur, non eta Bernabeun. Luzapenean, kale Luzapenean lehiari eusten saiatu dira txuri-urdinak. Bazekiten sufritzea tokatzen zitzaiela. Ahituta zeuden jokalariak, baina lan eta lan segitu dute. Ezin izan diote eutsi, ordea. 115. minutuan gola sartu du Real Madrilek. Kornerra bakar-bakarrik errematatu du Rudigerrek, eta hark eman du azken kolpea. Finalerdietan erori da Reala, baina harro. Real Madril-Reala Real Madril. Lunin; Lucas Vazquez (Modric, 79. min.), Asencio (Brahim, 105. min), Alaba (Rudiger, 90. min), Camavinga (Fran Garcia, 90. min.); Valverde, Tchouameni, Bellingham; Rodrygo (Guler, 105. min.), Endrick (Mbappe, 66. min.) eta Vinicius. Reala. Remiro; Aramburu (Traore, 80. min.), Zubeldia, Aguerd (Aritz, 27. min.), Aihen; Sucic, Zubimendi, Pablo Marin (Olasagasti, 91. min); Kubo (Mariezkurrena, 115. min), Oiartzabal (Oskarsson, 115. min.) eta Barrenetxea (Sergio Gomez, 68. min.). Golak. 0-1: Barrenetxeak (16. min.); 1-1: Endrickek (30. min.); 1-2: Marinek: (72. min); 1-3: Oiartzabalek (80. min.); 2-3: Bellinghamek (82. min.); 3-3: Tchouamenik (86. min.); 3-4: Oiartzabalek (93. min.); 4-4: Rudigerrek (115. min.).



