«Oldarraldiak ez du etenik». Hitz horiekin hasi dute gaur, Donostian, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta egin duten elkarretaratzeko adierazpena. Alderdi Ederren elkartu dira, Donostiako udaletxe parean. Eta, hain justu ere, erakunde horrek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra asteon plazaratutako ebazpena kritikatu nahi izan dute protesta eginez; izan ere, epai horren bidez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du 2022ko lan deialdi batean Donostiako Udalak ezarritako gutxieneko euskara eskakizuna udaltzain jardun ahal izateko. Aurrez ere tankera horretako epai ugari egon direla gogoratuta, gaur protestan batu direnek salatu dute «azken hitza» epaitegiek dutela gaur egun hizkuntza politikan, eta larritzat jo dute hori. «Epairik epai, doktrina bat eratzen ari dira», salatu dute elkarretaratzean. «Gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna». Donostian salatu duten epai hori aurreko baten berrespena da. Donostiako Administrazioekiko Auzien 3. Aretoak esana zuen ez dela egokia euskara eskakizun bat egiaztatzeko eskatzea han udaltzain aritzeko, eta orain horixe berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Deialdian, zehazki, ezarri zuten euskarazko B2 maila izan behar dela udaltzain izateko. Elkarretaratzean euskalgintzako ordezkariekin batera izan dira ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak eta udaleko hainbat ordezkari, EH Bildu eta EAJ alderdietakoak. Agerian utzi nahi izan dute sententzia ez dela egokia. «Udaltzain bakar batek euskaraz ez jakiteak arriskuan jar ditzake zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea. Enplegu publikoaren helburua da zerbitzu publiko egokia ematea, herritarrek behar duten arreta diskriminaziorik gabe eskaintzea». Eta oinarri hori aintzakotzat hartuta egin dute galdera: «Nola egingo du hori euskararik ez dakien udaltzain batek parean herritar euskaldun bat egokitzean?». Halakorik gerta ez dadin euskarari «dagokion zentralitatea» eman behar zaiola gogoratu dute, eta, horrekin lotuta, dei egin diete hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden eragile sozial eta politiko guztiei. «Euskararen gaia lehen lerrora ekarri behar da». Esan dute aldaketa atzeratu ezinezkoa dela. «Ezinbestekoa da urrats ausartak egitea hizkuntza politiketan behar dugun jauzia egin ahal izateko». Helegitearen alde Elkarretaratzearen bitartez, Donostiako Udalari «sostengua eta babesa» adierazi diote, epai «injustu» horren aurka bidea egin eta kontrako helegitea aurkez dezan. Bide batez, eskatu diote «azken bururaino» eramateko euskararen normalizazioaren aldeko prozesua.
Proiektuak Araban hainbat parke fotovoltaiko eraikitzea aurreikusten du, baina horien ebakuazioa Bizkaian zehar egin beharko da, 100 kilometro inguru zeharkatuz, Bilboko portura iritsi arte.
Programa aitzindaria da Europan, baserriko lana eta enpresa uztartzeko. ‘Baserritar Misto Profesionala’ izeneko ekimenak 40.000 euroko konpentsazioa emango die baserritarrei bi ordainketatan, eta 30.000 euroko ordainketa bakarra enpresei.
Zenbait leherketa izan dira Libanoko hainbat hiritan gaur arratsaldean. Atzo, aldi berean eztanda egin zuten Libanoko Hezbollah talde xiitako milaka kideren pertsona-bilagailuek. Zenbait hedabidek baieztatu dutenez, gaur ere komunikazio gailuek eztanda egin dute, batez ere, walkie-talkieek. Halere, bestelako gailuak ere lehertu direla jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak, tartean, eguzki panelak edota mugikorrak; guztiak, aparatu bateriadunak. Gutxienez, hamalau lagun hil dira gaurko erasoan, Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, eta 450 zauritu baino gehiago. Atzoko erasoetan hildako baten hiletan gertatu da eztanda horietako bat. Hori erakusten du sare sozialetan zabaldutako bideo batek. Erresuma Batuko Reuters agentziaren arabera, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuek prestatu zuten atzoko erasoa. Gutxienez hamabi lagun hil zituzten atzoko leherketek —horietako bi adin txikikoak—, eta ia 3.000 lagun zauritu. Reurtersek argitaratu duenez, Mossadek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk duela hainbat hilabete inportaturiko 3.000 bilagailu baino gehiagoren barnean. Informazio hori Libanoko segurtasun arloko goi kargudun batek eta beste iturri batek eman diotela jakinarazi du Reutersek. Bestalde, The New York Times egunkariak ere Israel jo du erasoen egiletzat, AEBetako iturri ofizial bat aipatuta iturri gisa. Era berean, xehetasun gehiago eman dituzte AEBetako beste bi hedabidek: Axiosek eta Al-Monitorrek. Biek ala biek baieztatu dute erasoa «pentsatu baino lehenago» egin dutela. Izan ere, Israelgo eta AEBetako iturriek jakinarazi dietenez, Tel Aviv kezkatuta zegoen Hezbollahk planaren berri ote zuen; beraz, lehenago leherrarazi zituzten. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Hezbollahren aurkako «ekintza militar» bat gauzatu beharraz mintzatu zen astelehenean, eta atzo gertatu ziren eztandak. Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, are gehiago gaiztotu da talde xiitaren eta Tel Aviven arteko harremana. Hezbollahk atzo gauean zabaldutako mezu batean ohartarazi zuen erasoek erantzuna izango dutela. Gainera, gaur gehitu du «Gaza babesteko operazioekin» aurrera jarraituko duela. Taldeko lider Hassan Nasrallah bihar arratsaldean da hitz egitekoa azken gertakarien inguruan. Talde xiitaren erantzun posiblea dela eta, Israelek soldadu gehiago bideratu ditu gaur iparraldeko mugara. Haaretz Israelgo egunkariak jakinarazi duenez, Israelgo armadak 98. dibisioa bidali du hara; aurrez Gazako zerrendan aritu da. «Ez gaitu Hezbollahk beldurtzen, baizik eta Israelen kriminalitateak; izan Gazan, edo izan Libanon. Gobernua kexa bat prestatzen ari da NBEko Segurtasun Kontseiluari aurkezteko» ZIAD MAKARI Libanoko Informazio ministroa Libanoko Gobernuak ere Tel Aviv egin du leherketen erantzule. Ziad Makari Libanoko Informazio ministroak adierazpen hauek egin ditu: «Ez gaitu Hezbollahk beldurtzen, baizik eta Israelen kriminalitateak; izan Gazan, edo izan Libanon. Gobernua kexa bat prestatzen ari da NBEko Segurtasun Kontseiluari aurkezteko». Bitartean, Israelek ez du bere gain hartu erasoa. Herrialdeko armadak bere Telegram kanalean gaur goizean zabaldutakoaren arabera, atzo eraso egin zieten Hezbollahren «azpiegitura terroristen kokalekuei», Libano hegoaldeko bost gunetan. Baina ez dute aipatu ere egin bilagailuen erasoa. Mezuan gehitu dutenez, Hezbollah erakundearen «mehatxu terroristari aurre egiten eta Israel defendatzen» jarraituko dute. Gatazka hedatzeko arriskua Bart, berripaper honen edizioa itxi zenean, bederatzi ziren erasoan hildakoak. Gaur, jada, hamabi dira. Eztanda gehienak Libano hegoaldean, Bekaa haranean eta Beiruteko Dahiyeh auzunean gertatu ziren; gune horietan du indarrik handiena talde xiitak. Bestalde, Sirian ere badaude zaurituak, baina ez dute daturik eman. Firas Abias Libanoko Osasun ministroak azaldutakoaren arabera, ospitalean artatutako gehienek zauriak eta erredurak dituzte aurpegian eta eskuetan. Zauri horiengatik anputazio «asko» egin behar izan dituztela ere jakinarazi du, baita zaurituen artean hirurehun larri daudela ere. Leherketek zauritu zituztenetako bat da Mojtaba Amani, Iranek Beiruten duen enbaxadorea. Herrialde horrek ere Tel Avivi egotzi dio erasoa. Irango Atzerri ministro Nasser Kanaanik «erregimen sionistaren eta haren mertzenarioen arteko operazio konbinatuen jarraipen» gisa definitu du atzokoa. Irango Tasnim berri agentziak jasotako adierazpenetan, Kanaanik gehitu du atzoko «operazio terroristak» argi erakusten duela ezen Israelek, «Palestinako herriaren aurkako gerra krimenak eta genozidioa egiteaz gainera, arrisku larrian jarri dituela eskualdeko eta nazioarteko bakea eta segurtasuna». Turkiako presidente Racep Tayip Erdoganek ere Israel egin du erasoaren erantzule. Eta adierazi du «oso arriskutsua» dela Netanyahuren gobernua gatazka Ekialde Hurbilean zabaltzeko egiten ari den esfortzua. Tel Aviven eta Hezbollahren arteko tirabirez gainera, Iranen eta Israelen arteko harremana are eta gehiago gaiztotu da, iragan uztailaren amaieran Ismail Haniyeh Hamasen adar politikoko burua Teheranen hil zutenetik. Ez dago argi nork egin dituen bilagailuak Hezbollahren aurkako erasoan eztanda egin zuten bilagailuak nork eginak diren ez dute argitu oraindik. Hasieran, Gold Apollo Taiwango enpresaren izena zabaldu da. Hainbat iturri ofizialek hedabideei egindako adierazpenetan aipatu dute enpresa horren izena. Gold Apollok, baina, ukatu egin du atzo lehertu ziren pertsona bilagailu horiek egin izana. Enpresak horrek gaur goizean zabaldutako ohar batek dio akordio bat duela BAC Consulting Hungariako enpresarekin. Gold Apolloren arabera, BAC Consultingek bere produktuak Taiwango enpresaren izenarekin sal ditzake «gune jakin batzuetan». Eta Gold Apollok gehitu duenez, ez du inplikaziorik gailu horien diseinuan, ezta fabrikazioan ere. Taiwango Gobernua ere enpresaren defentsan atera da. Azaldu duenez, Gold Apollok ez du horrelako aparaturik esportatu Libanora azken urteetan. Taiwango fabrikatzaileak seinalatu duen BAC Consultinek ere ukatu egin du aparatuak egin izana. Budapesten egoitza duen enpresako zuzendariak, Cristiana Barsony-Arcidiaconok, AEBetako NBC hedabidearekin hitz egin du. Baieztatu du Gold Apollo enpresarekin lan egiten dutela, baina ez dituela aparatuak fabrikatzen; esan du, soilik «bitartekari» lanak egiten dituela.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, «estatu egiturak eduki behar ditugu» eta erabakitzeko eskubidea «instituzionalizatu». Etorkizun hobe bat eraikitzeko «ezinbesteko tresna» gisa definitu du. «Demokrazian sinesten badugu, herritarrek erabakitzeko gaitasuna eduki behar dute». Gernikako Estatutua berritzeko abagunea horretarako baliatzeko eskatu du, «autogobernuan hazteak esan nahi duelako ongizatean haztea». Jose Inazio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak eta Jasangarritasun diputatuak erantzun du ez dela hori gobernu akordioan ageri, eta adierazpen horiek EAJko kide gisa esan dituela. Mendozak politika orokorreko bere lehen agerraldia egin du Batzar Nagusietan, eta, azken urteak emandakoa aletzeaz gain, datozen erronkei aurre egiteko proposamen batzuen berri eman du. «Autogobernu handiagoa» eskatu du garapen ekonomiko, politiko, sozial eta kultural handiago baterako. Erakundeak eta gizarte zibila elkarlanera deitu ditu horretarako. Gipuzkoako gobernuaren egitasmoei erreparatuta, berriz, esan du zerga erreforma eta aurrekontuak onartu arte ez duela «deskantsurik hartuko». Iazko aurrekontuak luzatu behar izan zituen, babes faltagatik, EAJren eta PSEren botoekin ez baitzen aski aurrekontuak ateratzeko. Udazkenean onartu nahi lituzke, eta «eskua luzatu» dio oposizioari. Gainerakoan, Gipuzkoaren argazki jakin bat egin du. Gizarte gaiei lotuta, gizarte kohesioaren garrantzia azpimarratu du, «populismoetatik aldentzeko». Adierazi duenez, 42.200 pertsona pobre bizi dira, langabezia tasa %5,6koa den arren. Eta jakinarazi du enpresetan 8.500 lanpostu betetzeko zailtasunak izango dituztela. Gipuzkoako herritarren ongizate integrala babesteko plan estrategiko baten berri eman du, 113 ekintzaz hornitua. Besteak beste, buru osasunarekin eta zaintzarekin lotuta egongo dira horietako batzuk, baina ez du zehaztapen gehiagorik eman. Ongizate integral hori horrela definitu du: «Kalitatezko lanpostu bat, etxebizitza duin bat, zaintza eta gizarte babesa, komunitate bateko kide sentitzea, berdintasunez bizitzea, ingurune berde eta jasangarriaz gozatzeko aukera izatea, elikadura osasuntsua, bizitza orekatu eta osasungarria, ongizate mentala eta emozionala». Datozen hamar-hamabost urteei begira, ongizate integral horren bidean, lau ardatzetan aletu du lan ildoa: ongizatea eta zaintza, ekonomia, jasangarritasuna eta demokrazia. 1.500 leku gehiago Esan du 31.000 pertsona daudela gaur egun Gipuzkoako Diputazioaren gizarte politiken babespean, eta 784 haur tutoretzapean. Azaldu duenez, zaintza ereduari lotuta, arreta pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotuagoa eskaintzen hasiak dira. Eta aurrera begira, 2024-2030 aldirako beste 1.500 leku gehiago sortzea aurreikusten dute, «etorkizunean ere pertsona guztiak zaintzen jarraitzeko». Honako datu hau ere eman du. Gipuzkoan bizi diren hamarretik bat atzerrian jaioa da, eta jaiotzen diren hiru umetatik batek ama atzerrian jaioa du. «Gure herria nola aldatzen ari den erakusten digute datuok». Gipuzkoa ongizate maila handia duen lurralde gisa definitu du, eta gizartearen eginbehartzat jo du atzerritarrak «babestea eta integratzea», korronte xenofoboetatik urrunduz. Gogoan izan du Bilbon izan den azken hilketa matxista. Indarkeria matxista ere izan du hizpide. Segurtasun Sailaren arabera, Gipuzkoan, 2.100 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa. Zaintza departamentuan, 1.300 emakumeri eman zaie laguntza psikologikoa azken urtean Gipuzkoan. Kezkagarritzat jo du datua, eta jakinarazi du emakumeei 24 orduko arreta eskainiko dien hiru gune izango direla Gipuzkoan. Datu ekonomikoei erreparatuta ere, balorazio ona egin du. Eta erronka gisa aipatu du kalitatezko enplegua sustatzea eta enpresa lehiakorrak indartzea nahiko luketela. Mubil proiektua nabarmendu du, mugikortasun eredu berriari lotuta Europan «parekorik ez duen» proiektu gisa. Mugikortasunari dagokionez, ezagutza aurreratua sustatu eta prototipoak testatuko dituzte, eta 600-700 lanpostu sortzea aurreikusten dute. Medikuntzaren ikerkuntzarekin eta zibersegurtasun industrialarekin lotutako enpresen sustapena ere agindu du atal honetan. Guztira, 3.000 lanpostu sortuko direla aurreikusi du. AHTa Ezkiotik AHTari buruz ere hitz egin du, lotura Ezkiotik defendatzeko. «Lotura hau 20 kilometro motzagoa da; lehiakorragoa da, hogei minutu gutxiago behar direlako iristeko; eta deskarbonizazioan lagunduko du, auto gehiago errepidetik ateraz. Ingurumenaren ikuspegitik, eragina txikiagoa da. Eraikitzen gastatuko den horri erreparatzen diote batzuek. Akats ikaragarria da. Tren horretara ez igotzeak gastu ekonomiko handiagoa ekarriko luke. Herri gisako apustu estrategikoa da hurrengo 150 urteetarako. Gakoa den azpiegitura da, Mediterraneoarekin azkar eta modu jasangarrian lotuko gaituelako, baita Europarekin eta ardatz atlantikoarekin ere». Espainiako Gobernua txosten teknikoak lantzen ari da lotura Gasteiztik edo Ezkiotik egin erabakitzeko, eta Frantziak ez du aurreikusia 2040 baino lehen lotzea falta duen hegoaldeko zatia. Hitzaldi ia osoa euskaraz egin du Mendozak, eta esan du herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko lanean segituko dutela, «administrazioa eredu izanda». Arigunen, Badalaben eta euskararen gogoetagunean lanean segituko dutela gaineratu du. Oposizioaren txanda 13:00etatik aurrera alderdien txanda izan da, txikienetik hasita. Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko batzarkideak begi onez hartu ditu kalitatezko lanpostuak sortzeko dauden egitasmoak, baina harrigarria egin zaio etxebizitzaren auzia aipatu ere ez egin izana. «Sortuko diren lanpostu horiek oso ondo, baino non biziko dira?». Auzitan jarri du, halaber, gobernu feminista denik. 24 orduko etengabeko arreta emateko gune bakarra dagoela esan du, eta, gainera, behin-behinean dagoela zabalik. AHTa jasangarria dela esatea ere «onartezina» egin zaio: «Ez du balio merkantzientzat, ez ditu kamioiak aterako errepidetik». Mendozak erantzun dio «errealitatea desitxuratzen» ari zela, eta indarkeria matxistako biktimei 24 orduko arreta emateko egoitza behin-behinekoa dela, baina zerbitzua behin betikoa. Horren harira, gehitu du Espainiako Gobernuak soilik egoitza batentzat emango diela laguntza, baina haiek beste bi ere eraikiko dituztela. Mikel Lezama PPko batzarkideak ez du aukera galdu gogorarazteko PPk emandako babesari esker dela Mendoza bera ahaldun nagusi; izan ere, EAJren eta PSE-EEren babesarekin, soilik 24 boz zituzten, eta, hala, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin berdinduta zeuden. PPren boz batek jarri zuen Mendozaren alde balantza. Zerga erreforma egiteko babesa agertu dio Lezamak, eta elkarlana eskaini. Mendozak eta Lezamak elkarri egotzi diote alderdiek mugatu izana akordioa. Alberto Albistegik hartu du hitza PSE-EEren izenean, defendatzeko EAJrekin egindako akordioak «egonkortasuna» ekarri duela Gipuzkoara. Mugil, Adinberri edo Naturklima moduko egitasmoak nabarmendu ditu, eta PSEri dagokion sailaren defentsa egin du. Gipuzkoan %60 birziklatzen dela esan du, eta zaborraren kudeaketan «eredu» dela. Maria Eugenia Arrizabalagak EAJko eledunak «gustura» entzun du Mendozaren hitzaldia, eta gipuzkoar guztien ongizate integrala babestea helburu izatea nabarmendu du. Jokin Perona Ogasun diputatu zena gogoan izan dute hitza hartu duten denek, eta haren gogoeta bat ekarri du gogora Arrizabalagak. Kolaborazioa eta herri ikuspegia eskatu zituen, horrek lagunduko lukeelako konfiantza sortzen eta indarra emango liokeelako erronkei aurre egiteko. Kolaborazioa, errespetu instituzionala eta konfiantzak eraikitzeko garaia dela gehitu du Arrizabalagak, eta EH Bilduri mintzatu zaio, esateko elkarren arteko konfiantza eskuratzen hasteko garaia dela. Egotzi zion Nafarroan EH Bilduk akordioak egin izana PSNrekin, eta Gipuzkoan akordioa ezin egin izana. «Herri hau nekez iritsiko zen puntu honetara autogobernurik gabe» EIDER MENDOZA Gipuzkoako ahaldun nagusia «Estatu izan gabe, baina estatu izateko bokazioarekin iritsi gara egungo mailara», gehitu du. Mendozak hitza berriz hartu duenean ideia horri heldu dio: «Herri hau nekez iritsiko zen puntu honetara autogobernurik gabe». «Herri gisa» Subjektu politiko izaera aitortzea jarri du ardatzean Maddalen Iriarte EH Bilduko oposizioburuak ere bere hitzaldian. «Gure herriari subjektu politiko izatea ukatzen diotenek herri hau ukatzen dute». Iriartek adierazi duenez, indarkeria matxistaren inguruan aldunditik proposatutako neurri paliatibo guztiak babesteaz harago, egiturazko neurriak behar dira. «Emakumeok pairatzen dugun indarkeria matxistak egiturazko aldaketak eskatzen ditu». Gogora ekarri du herri mailako itun bat proposatu zuela, eragileekin elkarlanean eginikoa, eta zera gehitu du: «Alor honetan ere fiskalitatea ez da neutroa». Zaintza publiko, doakoa eta komunitarioa izan dadin proposatu du, zaintzaileen baldintza duinak bermatuz, «zaintza negozioa izan ez dadin». Pobreziaren inguruan ez da bat etorri Mendozak emandako datuekin. %40 era bateko edo besteko bazterketa egoeran dagoela ondorioztatu du, eta enplegu bat izatea ez da bazterturik ez egoteko bermea, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen baitute enplegua duten batzuek ere. Kalitatezko enpleguak defendatu ditu, «industria errotu batekin eta langileen atxikimenduarekin». Euskara eta kultura lehenestea defendatu du. Herri gisa aurrera egin nahi badugu, hizkuntzak eta kulturak jauzi bat behar dute. «Ez al da diskriminatzailea euskaraz bizitzeko hautua egin dugunon eskubideak ez babestea. Euskara kohesiorako tresna da». Herri ikuspegiz jarduteko beharra azpimarratu du. Ruper Ordorikak Abadia saria jaso zuenean aipatutako pasarte bat ekarri du gogora: «Herri kulturak laguntza antolatua behar du, kultura hegemonikoetan gertatzen den bezala». Bat egin du adierazpen horrekin. «Akordioak edukiak izan behar ditu, eta EH Bilduk ez du azkeneko gatz ukitua izan nahi, elkarrekin egin nahi dugu bide hau, eta gure eskua luzatua dago» MADDALEN IRIARTE EH Bilduko eleduna Gipuzkoako Batzar Nagusietan Mendozak Iriarteri egotzi dio proposamenik ez egin izana eta entzuteko prest dagoela esatea. «Entzutea ez da nahikoa; ardurak partekatuak dira». Iriartek erantzun dio aldea dagoela esaten eta egiten duenaren artean. «Nik ere hitz egiten dut eragileekin, eta esaten didate komeni zaizuena hartzen duzuela». Eta eskatu dio proposamenak nola gauzatuko dituen zehazteko. «Akordioak edukiak izan behar ditu, eta EH Bilduk ez du azkeneko gatz ukitua izan nahi, elkarrekin egin nahi dugu bide hau, eta gure eskua luzatua dago».
Ukrainako gerra azken hilabeteetan estutu egin da Ukraina Errusiaren aurka egiten ari den erasoak direla eta. Gaur egin duen erasoak, baina, ezberdintasun nagusi bat du: erasoa mugatik urrun egin dute, 460 kilometrora, hain zuzen. Erasoaren ondorioz, Errusiak Toropets hiria ebakuatu behar izan du. Gauean abiatu du operazioa Ukrainak, Errusiako armadak Tver eskualdean —Toropets bertan dago— dituen arma biltegi batzuen aurka droneak jaurtiz, Ukrinform Ukrainako albiste agentziak argitaratu duenez. Ukrainak antzeko erasoak egin ditu azken egunetan —mugatik gertuago—, Errusiaren gaitasun militarra ahuldu nahi duela argudiatuta. Moskuk hiriko zenbait gune ebakuatu dituen arren, ez dizkio kalteak Ukrainako droneei aitortu. Tvergo gobernadore Igor Rudenyak, droneak eraitsi dituztela esan du, eta ebakuazioaren arrazoia sute bat dela adierazi. Ez du esan zehazki zer zegoen sutan. Reuters albiste agentziak bertako bizilagunei galdetuta argitaratu duenez, eztanda baten ostean hasi da sutea, eta aditzera eman du Ukrainak jaurtitako drone batek eragin duela. Agentziak kaleratu du lurrikara bat eragin duela eztandak. Sare sozialetan argitaratutako bideoak aztertu ditu Reutersek, eta 200 tona lehergai inguruk egin dute eztanda ondorioztatu du. Eskualdeko agintariek, bestalde, bizilagunei eskatu diete ez zabaltzeko gertatutakoaren inguruko irudirik, «segurtasun arrazoiak» argudiatuta. Goizean goizetik erasoak hondatutako guneak ebakuatzeko ihesbide bat jarri dute martxan; eguerdi aldera, ostera, ebakuazioa bertan behera utzi dutela adierazi du Rudenyak: «Etxera itzuli nahi dutenentzako autobusak ahalbidetu ditugu. Hiriko zerbitzu guztiak ondo daude». Jakinarazi duenez, ez da inor hil, ez «larri zauritu». Mendebaldeko armak Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik behin baino gehiagotan azpimarratu du haren Mendebaldeko aliatuek —batez ere NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak— emandako armak Errusiako lurren aurka erabili nahi dituela. Oraingoz, aliatuek ez dute eskaera onartu; halere, joan den astean Erresuma Batua eta AEB Ameriketako Estatu Batuak Zelenskiren ideiaren inguruan solastatu ziren. NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, berriz, herenegun LBC irrati katean Zelenskiren eskaera onartzeko Mendebaldearen ahaleginak «txalotu» zituen. Adierazpen horiek ez dituzte begi onez ikusi Moskun. Errusiako presidentetzaren bozeramaile Dmitri Peskovek gaur prentsaurreko batean esan duenez, Stoltenbergen hitzak «probokazio bat» dira. Are gehiago, bozeramaileak nabarmendu du NATOko idazkari nagusiak «jarrera arriskutsua» hartu duela.
Deskarbonizaziora, eraginkortasun energetikora eta autokontsumora bideratutako funts propioekin osatutako 260 miloi euroko programa bat martxan jarriko duela iragarri du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak.
Realak galdu egin du Mallorcaren etxean (1-0), eta denboraldi hasiera kaskarra berretsi du. Orain arte etxetik kanpo lortu ditu puntu guztiak, baina gaur esku hutsik joan da Mallorcatik. Orain arteko partidarik kaskarrena jokatu dute Imanol Alguacilen jokalariek. Bi eguneko atsedena besterik ez dute izan bi taldeek partida prestatzeko, biek joan den igandean jokatu baitzuten bosgarren jardunaldiko norgehiagoka. Horrenbestez, aldaketa ugari egin behar izan dituzte Jagoba Arrasatek eta Imanol Alguacilek azken jardunaldiarekin alderatuta. Mallorcan, igandeko bi jokalari baino ez dira berriro aritu, eta Realan bost aldaketa izan dira. Berritasun handiena Mikel Oiartzabalena izan da; uste baino azkarrago osatu da kapitaina. Real Madrilen aurkako sentipen onak akuilu, Reala erasoko atera da lehen minututik. Sergio Gomezek eman du lehen abisua, area kanpoko jaurtiketa batekin. Postu anitzetan jokatu dezake kataluniarrak, eta gaur Take Kuboren postuan jokatu du, eskuin hegalean. Gaurko beste berritasun bat ezker hegalean izan da: Ander Barrenetxea. Donostiarra hamaikakora itzuli da gaur, eta gola sartzeko aukera gertu izan du, seigarren minutuan. Mallorcak denboraldi hasiera ona izan du, Realak baino hobea, eta Jagoba Arrasatek ez du zalantzarik izan ohiko jokalariei atsedena emateko. Gainera, gutxi nabaritu du aldaketa hori etxeko taldeak, eta erraz gerturatu dira txuri-urdinen atera. Lehen minutuetako joera pixkanaka aldatuz joan da, Realak atzera egin duen heinean. Aurtengo denboraldian dituen arazoetako bat da hori txuri-urdinentzat, ohi baino atzerago defendatzen duela. Mallorca ondo moldatu da zelaiaren azken laurdenean, eta mina egin dio Realari, batez ere baloi geldiko jokaldietan. Larin aurrelari kanadarrak oso gertu izan du 1-0koa, baina ez du asmatu baloia sarean sartzen. Reala bere zelaitik atera ezinik aritu da minutu luzez, eta beste behin zorigaiztoko jokaldi bat sufritu du, Real Madrilen aurka gertatu zitzaionaren oso antzekoa. Area barruko erdiraketa batean, Barrenetxeak besoa atera du, eta bete-betean jo du baloiak. Penalti argia. Abdon Prats aurrelaria izan da hamaika metrotik jaurtitzeko arduraduna, eta gola egin du, Remiro engainatuta. Mallorcak gola lortu orduko, atzerapausoa eman du emaitza mantentzeko, eta erasoan baino oraindik ere erosoago aritu da defentsa lanetan. Realak baloia mugitu du alde batetik bestera, baina zirrikiturik ez du topatu. Alguacilek arbola astindu du bolada aldatu nahian, eta Take Kubo zelairatu du bigarren zatia hasterako. Bigarren zatiari jarrera onarekin ekin dio Realak, lehen zatian egin duen bezala, baina, markagailuan atzetik arituta, ez da hasieran bezain azkar hustu. Mallorcak defentsan jarri du lehentasuna, eta kontraerasoak baliatu ditu Reala beldurtzeko. Gidoi horri jarraitu diote bi taldeek hitzez hitz. Kontraeraso horietako batean, Mallorcaren bigarren gola iritsi da, baina Larin aurreratuta zegoen, orpo baten aldean. Norgehiagoka etxeko taldearen alde lerratzen hasi da berriro, eta Alguacilek hiru aldaketa egin ditu aldi berean; Odriozola, Marin, eta Oskarsson zelairatu dira. Arrasate ere partidaren bila joan da, eta bere taldeko aurrealdean finko diren bi jokalari sartu ditu: Muriqi eta Asano. Ez da pizgarririk agertu Aldaketek hauspotu egin dute etxeko taldea, eta Reala baloiaren atzetik aritu da alde batetik bestera. Baloia berreskuratu ondoren, txuri-urdinek ez dute Zubimendi aurkitu, eta, lotura hori falta izanda, ezinezkoa izan dute Kubo edo Oskarsson aurkitzea. Realak ez du lortu arriskurik sortzea, ezta txiripaz ere. Azken minutuetan, hil edo bizi hasi da Reala. Ez zuen ezer galtzeko, ordurako irabazteko aukerarik apenas baitzuen, eta egiten ari zenarekin ezinezkoa baitzuen ezer arrantzatzea Balear uharteetan. Jokalari txuri-urdinak zelaiaren azken laurdenean pilatu dira, eta Mallorca atea morroiloz ixteko asmoarekin baizik ez da aritu azken minutuetan. Mirari baten zain zegoen Reala, baina denboraldi hasiera honetan zortea gehiago dauka faltan alde baino. Susic-ek egin du saiakera onena, baina jaurtiketa atezainak gelditu dio, eta bat eta hutsekoarekin amaitu da norgehiagoka. Laugarren partida dute jarraian txuri-urdinek irabazi gabe.
Hezbollah Libanoko talde xiitako kideek elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dituzten hainbat pertsona-bilagailuk eztanda egin dute. 2.800 lagun baino gehiago —gehienak taldeko kideak— zauritu eta gutxienez bederatzi lagun hil dituzte tresnen eztandek, Libanon eta Sirian. Oraingoz, ezein talde edo gobernuk ez du erasoa bere gain hartu, baina Libanoko Gobernuak eta talde xiitak Israeli leporatzen diote erasoa. Horrela, Ekialde Hurbileko gatazka beste koska bat estutu da. AFP Agence France-Press berri agentziak argitaratu duenez, Hezbollahk «argi» du Tel Aviv dela bilagailuen eztandaren erantzule: «Israelgo etsaiari egozten diogu eraso kriminal honen erantzukizun osoa». Talde xiitak helarazitako ohar bat aipatuta, berri agentziak dio Hezbollahk «zigor justua» ezarriko diola Tel Avivi. Iazko urriaren 7az geroztik Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, hamaika ika-mika izan dituzte talde xiitak eta Israelek. Uztailean, esaterako, Tel Avivek Hezbollahri egotzi zion Golango gainetan —Israelek okupatutako lurraldea— eraso bat egin eta hamabi lagun hil izana. Ustezko erasoak gutxienez 2.800 zauritu eragin ditu Libanon —horietako berrehun «larri» daude—, Firass Abiad Osasun ministroak adierazi duenez. Bertan zauritutako bat Iranek Libanon duen enbaxadore Mojtaba Amani da. Amani «ondo» dagoela jakinarazi du enbaxadak X sare sozialaren bidez, eta nabarmendu du eztandak «azaleko zauriak» soilik eragin dizkiola. Orain arte zenbatutako hildakoen berri Beirutek eman du soilik. Hortaz, ez dago oso zehatz jakiterik zenbaterainoko eragina izan duen bilagailuen eztandak Sirian, baina hango Giza Eskubideen Behatokiak ohar bidez baieztatu du Damaskoko zenbait ospitaletan zaurituak daudela, hamalau hain zuzen. Hezbollah Siriako presidente Baxar al-Assaden aliatua da. Libanoko Gobernuak ere gogor egin du Israelen aurka. Informazio ministro Zaid Makaryk «Israelen eraso» gisa definitu du bilagailuen eztanda Al-Jazeera telebista katean, eta esan du Libanoren «xede nagusia Israelek Libanoko herritarren aurka egiten dituen erasoak etetea» dela. «Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna dira krimen horiek», gaineratu du ministroak. Reuters albiste agentziak Hezbollahko iturri anonimoak aipatuz argitaratu duenez, talde xiitak berak esan du «inoizko segurtasun akatsik handiena» gertatu dela eraso horretan. Hala ere, Libanoko herritarrei eskatu diete «zurrumurrurik» ez zabaltzeko harik eta Hezbollahk gertatutakoaren inguruan ikertu arte, horrek «Israeli gerra psikologikoan» lagunduko diolakoan. Tresna berriak Bilagailuak herrialdera «duela gutxi» heldu zirela adierazi du Telekomunikazio ministro Johanny Cornek. Ministroak azaldu duenez —oraindik «informazioa biltzeko» dutela argitu nahi izan du—, tresnen bateriak ohi baino gehiago berotu dira, eta horren ondorioz egin dute eztanda. «Agian urrutitik berotu dituzte tresnak, baina ez dakigu nola», adierazi du Cornek, aditzera emanez tresnak herrialdera sartu zituenak helburu hori izan zezakeela. Horiek horrela, jakinarazi du ikertzen ari direla nork eta nola sartu zituen bilagailuak Libanora. Israelek oraingoz ez du adierazpenik egin erasoaren inguruan. Israelgo egunkari Haaretz-ek argitaratu duenez, gobernua eta kargudun militar nagusiak bilduta daude Defentsa Ministerioan. Israelgo armadak, bitartean, oharra kaleratu du, «egungo egoera aztertzen» ari direla esanez. Bertan, ordea, ez dituzte ez Hezbollah eta ez Libano zuzenean aipatzen. Gazako zerrendaren aurkako setioa areagotu zuenetik, ez da lehen aldia Tel Avivi Palestinatik eta Israeletik at ekintza armatu bat egitea leporatzen diotena. Esanguratsuena uztail bukaeran gertatu zen, Hamaseko adar politikoko buru Ismail Haniye hiltzea egotzi baitzioten Iranek, Hamasek eta Palestinako erakundearen aldeko bestelako talde batzuek.