Toni Martinez da Mendizorrotzako idolo berria
Bi asteko geldialdira aho zapore ezin hobearekin helduko da Alaves. Asteazkenean garaipen garrantzitsua lortu zuen Donostian, eta gaur beste hiru puntu eskuratu ditu Las Palmasi irabazita (2-0). Golak fitxaketen eskutik heldu dira: Eibarretik iritsi den Stoichkoven erdiraketa bat baliatuta sartu du lehenengoa urtarrilean heldu zen Carlos Vicentek, eta area kanpotik egindako jaurtiketa bortitz batekin, bigarrena, Toni Martinezek. Nabarmentzekoa da azken horrena: asteartean heldu zen Portotik Gasteizera, entrenamendurik egin gabe gola sartu zion Realari asteazkenean, ostegunean aurkeztu zuten, eta gaur, berriz ere aulkitik aterata, 14 minutu soilik behar izan ditu gola egiteko. Ikusgarria izan da, gainera. Alavesek asmatu duela dirudi. Idolo berria du Mendizorrotzak. Errenta handiagoa ere izan zitekeen, Luka Romerok luzapenean penalti bat huts egin ez bazuen. Dena den, 2-0 irabazi du Alavesek eta denboraldi bukaeran inor ez da oroituko akats horretaz. Jokoaren kontrola Las Palmasek izan du neurketaren zati handienean, baina beste behin ere fin ibili da SIvera, eta etxeko taldeak jakin du izan dituen aukerak baliatzen, bisitariek ez bezala. Sailkapen nagusian zazpi puntu ditu Alavesek. Bi aste barru Bartzelonara bidaiatuko dute babazorroek, Espanyolen aurka jokatzeko.