Jubilazio adina atzeratzeak lehenago hiltzeko arriskua handitzen du, Fedeak egindako ikerketa baten arabera. Ekonomia Aplikatuko Ikerketen Fundazioak gomendatzen du “kontuan hartzea zenbait lanbidek dakarten eskakizun fisiko, emozional eta mental maila”
Aldi eta Hipercor enpresek “elkarri ez erasotzeko ituna” dutela atzenam du Facuak, eta oliba-olioaren prezioa jaitsi dutela, Mercadonak abuztuaren 21ean ezarritako prezioak berdintze aldera.
Bilboko Aste Nagusiak amaiera gazia izan zuen igandean: Udaltzaingoak Arriaga plazatik kanporatu zituen kaleko saltzaileak. Konpartsakideek aurre egin zieten ertzainei. Are gehiago, aurretik ere eskatu zuten kaleko saltzaileak bakean uzteko. Izan ere, Aste Nagusi osoan kaleko saltzaileek «etengabeko tentsioa eta jazarpena» pairatu dutela salatu du Manteroekin Bat plataformak, eta exijitu herritar horien eskubideei kalte «larria» egiten dieten udal politikak aldatzeko. Mbolo Moye Doole elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma eta Bizkaiko SOS Arrazakeria dira Manteroekin Bat plataformaren parte. Kaleko saltzaileen kontrako indarkeria poliziala areagotu dela salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Arriaga plazan, beste hainbat kolektiborekin batera. Argi utzi dute kaleko saltzailea izatea ez dela delitua. «Ikusi dugu atxilo hartu dituztela, identifikazio arrazistak eta konfiskazioak egin, dokumentuak atxiki, eta, gainera, gehiegizko indarra erabili dutela», salatu dute. Bilboko Udalaren «erantzun falta» ere kritikatu du plataformak. Joan den hilabetean, udal politikak aldatzeko proposamen bateratu bat aurkeztu zioten. Ordutik, bilerak egin dituzte udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Saileko eta Segurtasun Arloko ordezkariekin. «Eskaera bakoitzaren erantzuna ezezkoa izan da», zehaztu dute. «Nahiz eta bileretan asmo oneko hitzak esan dituzten, ez da aurrerapenik egon». Erantzukizun politikoa Hain zuzen, bost proposamen jaso dituzte eskaeran. Alde batetik, erantzukizun politikoa eskatu dute, baita «abusuen kontrola» ere. Poliziaren esku hartzeetan indarkeria fisikorik eta ahozko indarkeriarik ez erabiltzeko exijitu dute, eta beren «botereaz abusatzen» dutenei jarraipena egiteko, baita zigorrak ezartzeko ere. Beste aldetik, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste toki batzuetan egin duten bezala, kale salmentarako gune seguruak ezartzeko exijitu dute, bai Aste Nagusian, baita Bilboko auzoetako jai herrikoietan ere. Udal instalazioetarako sarbidea izan dezaten nahi dute, modu duinean garbitzeko eta atseden hartzeko aukera izan dezaten. Dokumentuak ez atxikitzea da plataformaren beste eskaera bat. «Dokumentazioa eta norberaren beste gauza batzuk atxikitzeak oinarrizko eskubideak urratzen ditu», adierazi dute. Ondasun pertsonaleak konfiskatzeak «eztabaidagarriak» eta «gardentasunik gabeak» direla argudiaturik, halakoak berrikusteko exijitu dute.
Euskal Herriko eta Kataluniako zientzialari talde batek minbizia duten zelulak kutsatu eta ordubetera hautematen dituen adimen artifiziala garatu du. Leuzemia kasuetan lortu dute, hau da, odoleko minbizi mota batean. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, DIPC Donostia International Physics Centerrek, FBB Bizkaia Biofisika fundazioak eta CRG Kataluniako Erregulazio Genomikorako Zentroak hartu dute parte ikerketan. AI of the Nucleus (Ainu) izena jarri diote minbizi zelulak eta zelula arruntak bereizten dituen tresnari. Minbizi zelulak eta zelula osasuntsuak bereizteaz gain, zelula barneko birus infekzioen faserik goiztiarrenak ere hautematen ditu. Zelulen irudien azterketa da sistemaren oinarria. «Gure helburua zen leuzemia ahalik eta azkarrena hautematea», azaldu du Ignacio Arganda-Carrerasek (Madril, 1980). Ikerbasque ikertzailea da, eta DIPCn eta FBBn ari da lanean. Ainu-ren sortzaileetako bat da. Denera bi urte eta erdi inguru aritu dira teknologia hau garatzen, eta hogei pertsona inguruk hartu dute parte proiektuan: biologoak, laborategiko teknikariak, zelulak prestatzen dituzten zientzialariak, mikroskopioa erabili dutenak, eta abar. Kutsatutako zelulak hautemateko prozesua hau da: lehenengo, aurretik sortu duten birus bat sartzen dute zelula batean; ondoren, STORM mikroskopioaren bidez argazkiak ateratzen dizkiote orduero; eta azkenik, Ainu teknologiak maila molekularreko aldaketak hautematen ditu aztertutako zelularen barruan. STORM mikroskopia teknikak eskala nanometrikoa duten irudiak erakustea ahalbidetzen du. Teknika horri esker, hogei nanometroko aldaketak hauteman ditzake zelulen barruan, hau da, giza ile bat baino 5.000 aldiz txikiagoak diren aldaketak. Nanometro bat metro baten mila milioirena da, eta giza ile batek, esaterako, 100.000 nanometro inguru bezain zabal da. Mikroskopio horren bidez, zelularen irudiak lortzen dituzte. Ondoren, Ainuk irudi horiek eskaneatzen ditu, kutsatutako zelulen eta zelula arrunten arteko desberdintasunak ikusteko eta hautemateko. «Gaur egun, STORM mikroskopioa ikerketa zentro aurreratuetan bakarrik dago, eta ez daude eskuragarri ospitaleetan eta osasun zentroetan»IGNACIO ARGANDA-CARRERAS Ikerbasque ikertzailea Ainuren bidez, gai izan ziren 1 motako herpes arruntaren birusak infektatutako zelula baten nukleoan aldaketak hautemateko, kutsatu eta ordubetera. Hau da, garatu duten adimen artifizialeko algoritmoari esker, zelula baten nukleoan aldaketak berehala ikus ditzakete. Euskal Herriko eta Kataluniako zientzialariek garatu duten adimen artifizialak patroi jakin batzuk hautematen ditu infektatuta dauden zeluletan. «Zelularen nukleoaren forma aldatuz joaten da, eta nukleoaren proteinak ere aldatuz joaten dira», azaldu du Arganda-Carrerasek. Proteina horiek dentsitate desberdina izaten dute, eta nukleoloaren ertzean kokatzen dira. Hala ere, patroi gehiago ikertzen jarraitzen dute EHUko, DIPCko, FBBko eta CRGko zientzialariek. Garatutako teknologia berri honek patroiak ateratzeko trebetasuna duela aipatu du Arganda-Carrerasek: «Zelularen aldaketen patroi pare bat ikusten baditugu, patroi gehiago lor ditzakegu». Horrez gain, Ainu teknologiarekin kutsatuta dauden zelulen garapena ona edo txarra den ondoriozta dezaketela azpimarratu du. Mediku bati erabakiak hartzen lagun diezaiokeela uste du: «Gaixotasuna ahalik eta azkarrena hautematen bada, hobe». Ikerbasque zientzialariarentzat, Ainurekin lortutakoa «lehen pausoa» da. Hala ere, sistema ingurune kliniko batean ezartzerako oraindik muga handiak gainditu behar dituztela onartu du. Etorkizunerako helburuetako bat da Ainu algoritmoa mikroskopio «komertzial edo merkeagoekin» probatzea. «Gaur egun, STORM mikroskopioa ikerketa zentro aurreratuetan bakarrik dago, eta ez daude eskuragarri ospitaleetan eta osasun zentroetan», zehaztu du Arganda-Carrerasek. Beste mugetako bat da STORM irudiek zelula gutxi azter ditzaketela aldi berean. Adimen artifiziala lagun Adimen artifiziala, gaur egun, zientziaren «laguna» dela uste du Arganda-Carrerasek: «Medikuntzan diagnostiko hobeak egiten laguntzen du». Diagnostikoez gain, zientzia prozesuetan aurrerapenak egiteko azkartasuna ere goraipatu du Ikerbasqueko zientzialariak: «Adimen artifizialak prozesu asko automatizatzen eta azkartzen ditu, eta horrela lan egitea errazagoa da». Hala ere, haren ustez, ezin dute izan adimen artifizialaren mendekotasun erabatekorik: «Eredu horiek probabilitate batekin ematen dituzte emaitzak». Medikuntzan, adibidez, diagnostikoa jakiteaz gain, diagnostiko hori nola sortu den jakitea garrantzitsua dela azpimarratu du. Hori dela eta, diagnostikoak egiterakoan adituek parte hartu behar dutela adierazi du: «Zaila da diagnostikoak adimen artifizialaren modeloekin egitea».
Txirrindulari moldakorraren arketipoa da Wout van Aert (Visma). Mota guztietako ibilbideetan egiten du distira, Espainiako Vueltan ondo erakusten ari denez. Hiru garaipen daramatza jada: lehen biak esprintean lortu zituen, eta gaur, berriz, eskalatzaileentzako etapa bat irabazi du. Txirrindulariak Galizian lehiatu dira, eta lau mendate topatu dituzte Ponteareas eta Baiona artean. Van Aert txirrindulari astuna da, baina baita indar handikoa ere, eta adimena eta ahalmena uztartuz gailendu da. Haren erakustaldia izan da etapako gertakari nagusia; sailkapen nagusiko borrokak ez du zeresanik eman. Erasorik ezean, Ben O’Connor (Decathlon) eroso egon da gorriz jantzita. Van Aertek Quentin Pacherrekin (Groupama) jokatu du garaipena. Flandriarrak ezusteko erasoa egin du azken mendatearen aurretik, eta jokoz kanpo harrapatu ditu ihesaldiko besteak. Pacherrek harrapatu egin du, baina gero ez du irabazteko inolako aukerarik izan. Van Aerti esprintaren aurretik egin dio eraso, baina Vismakoak erraztasun osoz erantzun dio, eta gisa berean azpiratu du gero, helmuga jada begi bistan zutela. Bi minutu geroago iritsi dira eguneko beste hiru iheslariak, Soler buru. Tropelak, berriz, 5.31ko atzerapena izan du. Txomin Juaristi (Euskaltel) multzo nagusitik atera da azken kilometroetan, eta balio handiko seigarren postua eskuratu du. Bukaerak ez du aparteko zirrararik izan, jakina baitzen Van Aertek Pacherri esprinta irabaziko ziola, eta faboritoak ez baitira oldartu. Haatik, hasiera gogorra izan du etapak. Fonfria mendatean gora egin dute lehen kilometroetan, eta ihesaldia osatzeko borroka handia izan da bertan. Hiru txirrindulari nabarmendu dira: Van Aert, Soler eta William Junior Lecerf (Soudal). Tropelak hurbiletik jarraitu ditu, eta, tartea murritza izanik, lasterketa burura iristea lortu dute Pacherrek eta Juri Hollmannek (Alpecin). Beste zenbait ere saiatu dira ihesaldiarekin bat egiten, baina amore eman dute. Hartara, bost txirrindulariko multzoa finkatu da tropelaren aurretik. Decathlonek, O’Connor liderraren taldeak hartu du kontrolaren ardura, eta lasaitzera egin du egoerak. Barealdiari etekina atera diote iheslariek, eta nabarmen handitu dute aldea, sei minutuko langa gainditzeraino. Hain zuzen ere, 6.18ko errentarekin hasi dira Vilachanera igotzen, helmugatik 61 kilometrora. Jarraian hiru mendate gainditu behar zituzten etaparen amaieran, eta Vilachan zen lehena eta samurrena. Lasai igo dira tropelekoak, eta bat eginik aurrekoak. Jaitsieran, berriz, soka tenkatzea deliberatu du Red Bull-Bora taldeak. Minutu bat aise kendu dio ihesaldiari. Mabiako mendatean ere ekinean jarraitu du Primoz Roglicen taldeak, harik eta brastakoan balazta sakatu duen arte. Geldialdi arraroa izan da. Tropelean lasai jo dute azken mendaterantz. Eguneko oztoporik zailena zen Mougas, eta helmugatik 20 kilometrora zuen tontorra. Van Aertek, ordea, ez du aldapen zain gelditu nahi izan, eta erasoa jo du helmugarako 31 kilometro falta zirela, tarteko esprintaren aurretik. Pacherrek jarraitu dio bakarrik. Mendatean aurrera iristen saiatu dira Lecerf eta Soler, baina garaipenaren lehiatik kanpo gelditu dira azkenean. Tropelean, berriz, erritmoa gogortu dute Education First eta Soudal taldeek; liderren erasorik ez da izan, ordea. Pacher ere ez da maldan gora oldartu. Nahikoa egin du Van Aerten erritmoari eutsita. Jaitsieran ere ez da saiatu, ezta geroago zegoen muino laburrean ere. Azken kilometroaren aurretik egin du ahalegin bakarra, baina Van Aertek jada esku artean zuen garaipena. Aldapa gehiago Galizian Padronen (Galizia) hasi eta bukatuko da biharko etapa, Vuelta honetako 11.a. Aproposa izan daiteke ihesean beste garaipen bat lortzeko, hirugarren mailako bi mendatetan eta bigarren mailako beste bitan gora egin beharko baitute. Cruxeirasek helmugatik 8 kilometrora du gaina, eta motza izan arren (2,9 kilometro), gogorra da (%9ko pendiza, batez beste). Malda bortitzetan Roglic izan da orain arte Vueltako onena, eta azken mendate horri etekina ateratzen saia daiteke. O’Connorrek, berriz, beste azterketa garrantzitsu bat izango du. Oraindik asko sufritu beharko du Madrilera gorriz jantzita iritsi nahi badu. Dena den, itxura sendoa eman du azken bi etapetan, eta Roglic 3.53ra du oraindik. Mikel Landak (Soudal), bere aldetik, ohorezko postuetan jarraitzen du: bosgarren dago, 5.17ra. Bihar erasorik bada, aurrean izaten saiatuko da arabarra. SAILKAPENAK Hamargarren etapa 1. Wout van Aert (Visma) 3.50.47 2. Quentin Pacher (FDJ) 3ra 3. Marc Soler (UAE) 2.01era 4.William J. Lecerf (Soudal) d.b. 5. Juri Hollmman (Alpecin) d.b. 6. Txomin Juaristi (Euskaltel) 5.13ra 7. Jhonatan Narvaez (Ineos) 5.31ra 8. Stefan Kung (FDJ) d.b. 9. George Bennett (Israel) d.b. 10. Harold Tejada (Astana) d.b. Nagusia 1. Ben O’Connor (Decathlon) 40.05.54 2. Primoz Roglic (Bora) 3.53ra 3. Richard Carapaz (Education First) 4.32ra 4. Enric Mas (Movistar) 4.35era 5. Mikel Landa (Soudal) 5.17ra 6. Florian Lipowitz (Bora) 5.29ra 7. Adam Yates (UAE) 5.30era 8. Felix Gall (Decathlon) d.b. 9. Carlos Rodriguez (Ineos) 6.00ra 10. David Gaudu (FDJ) 6.32ra
Nafarroako Renfeko langileek tren-zerbitzuaren “degradazioa” salatu dute. Renferen “utzikeria” eta zerbitzuaren “pixkanakako narriadura” kritikatu dute, eta gehitu dute Renfek “lanpostuak zaintzeko eta sustatzeko asmorik” ez duela.
Espainiako Gobernuak atzera bota du Talgo erosteko eskaintza, “segurtasun nazionala” babesteko; izan ere, atzerriko enpresek burtsan izandako beherakada Espainiako enpresen kontrola hartzeko baliatzea saihestu nahi da.
Behin elkarrizketak amaituta, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez du blokeo politikoa bideratu. Aldiz, aukera bat baztertu du: NFP Fronte Popular Berriak lehen ministro kargua izan eta gobernu bat osatzearena. Ezkerreko aliantzak du ordezkaritzarik handiena Asanblean, baina ez eserlekuen gehiengo osoa, eta beste alderdiekiko indar harreman hori baliatu du Macronek NFPk proposaturikoari uko egiteko. Hau da, «egonkortasun instituzionalaren» izenean hartu du erabakia Frantziako estatuburuak. Macronek esan du bere «erantzukizuna» dela «herrialdea blokeatuta eta ahulduta» ez egotea, eta, ezkerreko aliantzatik kanpoko alderdiek egunotan adierazi diotenez NFPren balizko gobernuaren kontrako zentsura mozio baten alde bozkatuko luketela, Frantziako presidenteak argi ikusi du zer egin, Eliseoak gaur arratsalde amaieran kaleraturiko komunikatu baten bidez azaldu duenez. Berez, egoera desblokeatzeko, Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoaren buruzagiak joan den larunbatean LFIren ministrorik gabeko NFPren gobernu bat osatzea proposatu zuen, haien presentzia oztopo zelakoan, baina, halere, ezezkoa eman diote beste indar politikoek. Beraz, hori guztia aintzat harturik, Macronek erabaki du ezkerreko aliantzaren aukera baztertu, eta beste proposamenak aztertzea, nahiz eta printzipioz ez duten arrakastarako aukerarik. Horretarako, Frantziako estatuburuak jakinarazi du bihar berriz abiatuko dituela elkarrizketak, eta horien bidez asmoa du asteotan hainbatetan aipatu duen «ahalik eta gehiengorik zabalena eta egonkorrena» osatzeko. Edonola ere, ikusteko dago beste blokeek zer-nolako jarrera izango duten negoziazioetan, eta NFPk osatu zezakeen baino gehiengo zabalagoa eratu dezaketen; eta, batez ere, nola lor dezaketen Asanblean botoen gehiengo osoa bermatzea —gutxienez 289 diputatu—. Horretaz, Eliseoak kaleraturiko komunikatua aztertuz gero, Macronek aukera bat iradoki du: bere alderdiak eta aliatuek —Ensemble, Horizons, Modem Mugimendu Demokratikoa eta UDI Demokraten eta Independenteen Batasuna—, eta LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindi eta Lurraldeak talde parlamentarioak osatzea. Frantziako presidentearen arabera, egunotako elkarrizketetan indar politiko horiek izan baitira «sentsibilitate politiko desberdinen arteko lankidetza komun eta koaliziorako bideak marraztu» dituztenak, eta, gainera, prest leudekelako haien alderdietatik kanpokoa den lehen ministro baten gobernua babesteko. Presioa NFPko alderdi batzuei Eta bide batez, aukera hori legokeenez, Macronek, Eliseoak kaleraturiko oharraren bitartez, presio egin die ezkerreko aliantzako alderdiei, batez ere PS Alderdi Sozialistari, ekologistei eta PCF Frantziako Alderdi Komunistari —hiru horiek aipatu ditu Eliseoak kaleraturiko komunikatuan—, «beste indar politikoekin elkarlanean aritzeko bideak» proposa ditzaten bihartik aurrera, iradokiz indar horiek ere balizko gehiengo osoaren parte izatea nahi duela. Sozialistek, ekologistek eta komunistek, ordea, ez dute bide hori egin nahi, Frantziako presidentearen erabakiaren berri jakin ondoren izandako lehen erreakzioen bidez jakinarazi dutenez. Kasurako, EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiaren idazkari nazional Marine Tondelierrek X sare sozialean adierazi du Eliseoaren komunikatua «lotsagarria» dela, eta «borrokan» jarraituko dutela «frantziarren nahia errespetatzeko», argudiatuta horien «hiru laurdenek macronismoarekiko haustura politikoa» nahi dutela. LFIren koordinatzaile nazional Manuel Bompard ere kritiko agertu da Macronen erabakiarekin, eta jakinarazi du asteotan adierazitakoa beteko dutela: hura kargugabetzeko mozio bat aurkeztuko dutela Asanblean. «Bereak ez diren botereak usurpatzen ditu», esan du Bompardek; eta Fabien Roussel PCFren idazkari nazionalak, berriz, «mobilizazio popular handi batera» deitu ditu herritarrak datozen egunetarako. NFPko alderdiek, hortaz, ez dute parte hartuko bihartik aurrera Macronek berriz hasiko dituen elkarrizketetan.