Kutxabankek % 4,9 handitu zuen bere etekina iaz, 535,8 milioi euroraino. Emaitzak positiboak izan ziren negozio guztietan, interes marjinak % 16,6 hazi zirelako, 1.366,4 milioi euroraino.
Osasunako zaleei aspaldi apaldu zitzaien Espainiako Kopan San Mamesen Athletici irabazteak edo Espainiako Ligan Sadarren Real Madrilekin berdintzeak eragindako poza. Euren taldea eskas dabil aspaldian. Datuak argigarriak dira: ligan jokatu dituen azken hamasei partidetatik bakarra irabazi du. Beste hamabost partidetan ez da gai izan garaipena lortzeko: bederatzi berdindu ditu, eta sei galdu; azkenekoa, gaur gauean, Lluis Companys estadioan, Bartzelonaren aurka, 27. jardunaldiko atzeratutako norgehiagokan: 3-0 galdu du. Joera oso txarra da, jokoan egon diren azken 48 puntuetatik hamabi besterik ez baititu lortu. Oso uzta eskasa da, eta, bolada txar horrek ondorioak izan ditu sailkapenean. Duela ez asko talde gorritxoa bete-betean ari zen lehian Europarako sailkatzeko. Gaur egun, ordea, ia ezinezko du helburu hori lortzea. Are gehiago, gertuago ditu jaitsiera postuak, sei puntura, Europarako sailkatzekoak baino: zazpi puntura du zazpigarren sailkatua, eta 11 puntura seigarrena. Lehenbailehen suspertu beharra du, azken orduan mailari eusteko estu eta larri ibili nahi ez badu. Gaurko partida ez zen aproposena suspertzeko. Erronka oso zaila izan du Vicente Morenok entrenatutako taldeak: Bartzelonaren, lehen sailkatuaren zelaian jokatu du. Hansi Flickek zuzendutako taldeak ikusgarri ekin zion ligari, txakalaldia izan zuen gero, baina, aspaldian bikain ari da berriro: gaurko neurketa kontuan hartuta, ligan jokatu dituen azken zortzi partidak irabazi ditu, eta hiru gol baino gehiago sartu ditu neurketako. Horri esker, bakar-bakarrik geratu da sailkapenaren buruan. Gaur egun, erauntsia da Bartzelona. Eta erauntsi horren aurrean ezinean aritu da Osasuna gaur. Vicente Morenok, gainera, jokalari garrantzitsuak falta izan ditu: Boyomok eta Budimirrek aulkian hasi dute partida, Kamerunekin eta Kroaziarekin jokatu berri baitzuten. Bryan Zaragoza, berriz, Iruñean geratu da, min hartuta baitago. Bartzelona ezustean harrapatzea baldin bada, zer esanik ez Kataluniako taldea sasoi betean baldin badago, eta jokalari garrantzitsuak faltatuz gero. Horrela, ia ezinezkoa da. Eta ia ezinezkoa ez, ezinezkoa izan da. Etxeko taldeak, gainera, 21 minutu besterik ez ditu behar izan bi golen aldea lortu eta garaipena bideratuta uzteko. Ferran Torresek sartu du lehen gola, 11. minutuan, eta Dani Olmok bigarrena, penaltiz, 21.ean. Azken horrek bigarren ahaleginean sartu du gola. Aurrenekoan, Sergio Herrerak penaltia gelditu dio, baina epaileak berriro botatzeko agindu du, Moncayola behar baino lehenago area barruan sartu dela argudiatuta. Langarengatik ez balitz, hiru golen aldea izango lukete etxekoek atsedenaldian, baina Ferran Torresen ahaleginak ez zuen gutxigatik sareetan amaitu. Osasunari ez zaio ezer atera lehen zatian, eta, hori gutxi ez, eta Iker Muñozek min hartu du. Ruben Garciak ordezkatu du. Morenok Boyomo zelairatu du atsedenalditik bueltan Arnaizen ordez. Aldaketa horrek agerian utzi du zein helburu zuen Osasunako entrenatzaileak: atzealdea sendotzea, astindurik ez jasotzeko. Nahi, eta lortu, bigarren zatiaren hasieran Bartzelonari kosta egin baitzaio arriskua sortzea. Hori lortu eta gero, Morenok erabaki du aurrerapausoa emateko unea zela, eta, 61. minutuan Moi Gomez eta Budimir zelairatu diu, Aimarren eta Raul Garciaren ordez. Aldaketa fruitua ematear egon da, hurrengo jokaldian Moi Gomez gola sartzear egon baita. Baina Eric Garciak kornerrera desbideratu du. Lehen aldiz partidan, Osasuna gai izan da Bartzelonarekin nor baino nor gehiago aritzeko. Baina Bartzelonak edozein jokalditan gola sar dezaketen jokalariak ditu, eta, hala, 77. minutuan, Lewandowskik hirugarren gola sartu du, kontraerasoan. Aurrelari poloniarrak hamar minutu eskas zeramatzan zelaian, baina nahikoa izan du gola sartzeko eta neurketa erabakita uzteko. Sergio Herrerak etxekoen laugarren gola zapuztu du gero. Azkenean, 3-0. Badute lana Osasunan. BARTZELONA-OSASUNA Bartzelona. Szczesny; Kounde, Eric Garcia, Iñigo Martinez, Balde (Gerard Martin, 83. min.); Dani Olmo (Fermin, 28. min.), De Jong (Pablo Torre, 46. min.), Pedri (Pau Victor, 83. min.); Lamine Yamal, Ferran Torres (Lewandowski, 67. min.) eta Gavi. Osasuna. Sergio Herrera; Areso (Ruben Peña, 83. min.), Catena, Herrando, Juan Cruz; Moncayola, Ibañez, Iker Muñoz (Ruben Garcia, 34. min.), Arnaiz (Boyomo, 46. min.); Raul Garcia (Budimir, 67. min.) eta Aimar (Moi Gomez, 67. min.). Golak. 1-0: Ferran Torresek (11. min.). 2-0: Dani Olmok, penaltiz (21. min.). 3-0: Lewandowskik (77. min.).
Beste ikasturte bat, aurrera, aurrera doa/ Eta hezkuntza Euskadin, atzeraka dabil/ Eskolako maistrak alde batera doaz/ Eta delegaritza beste aldera doa. Hala abestu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek Donostian egin duten manifestazioan. Sindikatuek eta bertaratutako irakasleek bi helburu nagusi izan dituzte, eta hala adierazi dute protestan aireratu dituzten mezuekin, pankartekin zein oihuekin: irakasleen lan baldintzak hobetzeko eskatzea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azken egunetan izan duen «utzikeria» gaitzestea. 11:30etan ziren mobilizazioa hastekoak, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, baina Bilbotik zetozen autobusak berandu heldu direnez, hogei minutuz atzeratu behar izan dute hasteko ordua. Berandu hasi badira ere, ehunka irakaslek hartu dute Donostiako Bulebarra —han hasi eta bukatu da manifestazioa—, baina bertaratutakoek aurreko egunetan baino jende gutxiago zegoela nabaritu dute. «Atzo jende gehiago ginen, Gasteizen egon ginen, eta sekulakoa antolatu genuen», esan du manifestarietako batek. Izan ere, segidako hirugarren greba eguna izan dute gaurkoa irakasleek, eta, iragan asteetan egindakoak kontuan hartuz gero, jada zazpi protesta egun egin dituzte. Eusko Jaurlaritzaren arabera, hezkuntza publikoko ikastetxeetako irakasleen %45ek egin du gaur greba —%75ek, sindikatuen arabera—. «Hezkuntza hobea eskaini ahal izateko, ratioak jaitsi behar dira. Konponbidea, agian, klaseko bi irakasle jartzea izan daiteke» ENRIKE GAZTAÑAGA Beasain BHIko irakaslea Zazpi egunez protesta eginda ere, irakasleek argi dute aurrerantzean ere borroka egin behar dutela «hezkuntza publiko duinago baten alde». Izan ere, egun hamaika arazo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko ikastetxeek, eta zentroaren arabera oztopo batzuk edo beste batzuk izan arren, gehienek konponbide bera dutela iritzi diote irakasleek: Eusko Jaurlaritzak jarrera aldatzea, eta giza baliabide eta baliabide material gehiago bideratzea. Enrike Gaztañaga Beasain BHI ikastetxeko (Gipuzkoa) irakaslea da. Hark azaldu duenez, gero eta zailagoa da «kalitatezko hezkuntza» ziurtatzea: «Gero eta ikasle gehiago ditugu, eta askok arazoak dituzte harreman sozialak eraikitzeko orduan. Horregatik, eta hezkuntza hobea eskaini ahal izateko, ratioak jaitsi behar dira. Konponbidea, agian, klaseko bi irakasle jartzea izan daiteke». Beasaingo irakaslea ez da izan baliabide eskasia salatu duen bakarra. Sestaoko Albiz eskolako (Bizkaia) irakasle Pili Loredoren aburuz, eskola publikoak kinka larrian daude: «Inoiz baino egoera larriagoan gaude. Ez bakarrik irakasleon eskubideei dagokienez, baita ikasleen eskubideei dagokienez ere. Izan ere, askotan hain giza baliabide gutxi ditugu, non ezin diegun haien beharrei erantzun beharko genukeen eran». «Inoiz baino egoera larriagoan gaude. Ez bakarrik irakasleon eskubideei dagokienez, baita ikasleen eskubideei dagokienez ere» PILI LOREDO Albiz eskolako irakaslea Are gehiago, egun dituzten ikasle kopuruekin «ito» egiten direla salatu du Loredok. «Gero eta haur gehiago datoz leku ugaritatik, eta aniztasun horri erantzun beharra dago. Horiei ondo irakastea zaila egiten zaigu, klaseko beste ikasleen beharrak ere aintzat hartu behar baititugu, eta gainezka bukatzen dugu». Horri gehitu behar zaio azken urteetan hezitzaileak murriztu dituztela. Hala, arazo horiek konpontzeko klaseko ikasle kopurua murriztu behar dela iritzi dio; hau da, ratioak jaitsi behar direla. Hala ere, galderei erantzun dieten irakasle denek ideia bera azpimarratu dute: ratioak murriztea ezin da baliabideak txikitzeko aitzakia izan. Bide beretik jo dute sindikatuek ere. «Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabidez hornitzea», nabarmendu dute Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek. Jaurlaritzaren «itxurakeria» Gaurko manifestazioan zeuden irakasleek, atzokoek legez, auzi bati heldu diote nagusiki: sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak asteleheneko ordu txikiak arte negoziazioetan aritu izana. Gaztañagari ez zaio harritzekoa iruditu negoziazio horiek bide onetik joan ez izana. Beasain BHIko irakasleak nabarmendu du «gauza onik» ez dela lortzen goizeko ordu bietan negoziatzen: «Orain arte denbora sobera izan dute. Akordio bat lortzeko borondatea izan behar du Eusko Jaurlaritzak». Hezkuntza Saila negoziazioak oztopatzen ari den ustea ez da Gaztañagaren iritzia soilik. Edurne Iraola Mariturri ikastetxeko (Gasteiz) irakasleak «itxurakeria» gisa definitu ditu Hezkuntza Sailaren azken egunetako ekintzak. «Errespetu falta hutsa izan zen irakasleekiko, familiekiko eta ikasleekiko. Akordio bat lortu izan balute, biharamuna hankaz gora jarriko zen, eta errespetu falta ikaragarria da alferrik bederatzi ordu mahaian eserita egotea». «[Eusko Jaurlaritzaren jarrera] Errespetu falta hutsa izan zen irakasleekiko, familiekiko eta ikasleekiko» EDURNE IRAOLA Mariturri ikastetxeko irakaslea Irakasleek ez ezik, sindikatuek ere aurpegiratu diote Eusko Jaurlaritzari azken egunetan izan duen jarrera. «Sindikatuok argi dugu ez dagoela benetako negoziaziorik; hortaz, borrokan jarraituko dugu negoziazio horiek gauzatu arte», esan dute manifestazioa bukatutakoan egin duten adierazpen bateratuan. Bestalde, sindikatuetako bozeramaileek Donostiako Bulebarrean iragarri dutenez, datorren asteazkenean berriz elkartuko dira Hezkuntza Saileko ordezkariekin. Azaldu dutenez, hezkuntza publikoko irakasleen kexuak eta eskaerak mahai gainean jarri nahi dituzte bileran. Hori dela eta, kutxa bat jarri dute manifestazioa amaitu denean, irakasleek beren ideiak bertan sar zitzaten. Donostiako sarrera blokeatu Aurreikusi baino lehenago hasi dituzte irakasle publikoek hirugarren greba eguneko protesta ekintzak: 09:30ak aldera, Donostiako sarrera bat blokeatu dute dozena bat lagunek, LAB sindikatuaren izenean. Hezkuntza publikoan inbertsio publikoa handitu zioen pankarta bat erakutsi dute, eta hainbat ke poto erabili dituzte. «Hezkuntza Sailaren itxikeria» ere salatu nahi izan dute, bide batez. Irakasleak, protestan, gaur goizeko ekintzan. LAB Bihar lanera itzuliko dira irakasleak. Baina datorren astean beste bi greba egun egingo dituzte, asteartean eta asteazkenean. Hortaz, orain arte egin dituzten zazpi egunak kontuan izanda, denera, bederatzi egun egingo dituzte greban.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean atzo esandakoen harira, «samina eta etsipena» adierazi dute EITBko erredakzio kontseiluek. Gaur iluntzean kaleratutako ohar bateratuaren bidez, kontseiluek egotzi diote Aldekoari euskara «oztopo» gisa irudikatzea, baita «euskararen kontra zabaltzen ari diren ebazpen eta mezuekin» bat egitea ere. Eusko Legebiltzarreko EITBko Kontrol Batzordean, atzo, Aldekoak esan zuen goi mailako postuetarako euskarazko C1 maila eskatzea «oso zorrotza» dela, eta «mugatu» egin dezakeela hautagaien aukeraketa, «batez ere hedabide digitaletan». Nagore de los Rios EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendariaren izendapena defendatzeko egin zituen adierazpen horiek; are, aitortu zuen bera izan zela iragan abenduan hura izendatzearen arduradun nagusia. Hain justu, LAB sindikatuak otsailean salatu zuen EITBk aldaketa bat egin zuela EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendariaren lan eskaintzaren oinarrietan: urtarril hasieran euskarazko C1 maila izatea zen lehendabiziko baldintza, eta hurrengo oinarrietan ez zen halako betekizunik eskatzen. EITBko erredakzio kontseiluen arabera, De los Riosek ez du betetzen postuari dagokion hizkuntza eskakizuna (C1), eta gaztelania hutsean hitz egiten du. Horiek hala, EITBko erredakzio kontseiluek ohartarazi diote Aldekoari atzo emandako diskurtsoa «oso arriskutsua» dela, eta urratu egiten duela «EITBk euskara normalizatzeko egiten duen zeregina». Bestalde, esandakoak zuzentzeko eskatu diote, eta ohartarazi dute euskara «babesteko eta indartzeko» erabakiak «bakarrik» sostengatuko dituztela.
FIBAren Eurokopako finala jokatu nahi du Bilbo Basketek, baina maldan gora jarri zaio txapelketa. Bilboko taldeak 77-58 galdu du finalerdietako joaneko partida, Dijonen aurka. Kanporaketa gainditzeko hemeretzi puntu baino gehiagogatik irabazi beharko du, beraz, itzulerako lehia. Hurrengo asteazkenean jokatuko dute, Miribillan (20:00). Bilbotarrei asko zaildu zaie kontua, eta joaneko emaitza ez da, inolaz ere, amestutakoa. Lehen zatia ikusita, gutxik esperoko zuten halako astindua jasotzea. Lehen zati txukuna egin du Bilbo Basketek, eta markagailuan aurretik zela joan da atsedenaldira: 34-36. Bigarrena, berriz, oso txarra; hasi eta buka nagusi izan dira frantziarrak, eta galduta ibili dira Bilbo Basketeko jokalariak, erasoan ezin asmatuta. Errenta handi samarra lortu du, azkenerako, Dijonek. Partida urduri hasi dute bi taldeek, zehaztasun faltarekin; lehen bi minutuetan markagailua ez da mugitu. Bilbo Basketi kostatu zaio partidari neurria hartzea, eta hainbat akats pilatu ditu hasieran. Pixkanaka, baina, defentsa sendotu, eta jokalariak erosoago aritu dira kantxan. Lehen laurdena amaitzear zela bi hiruko jarraian sartu dituzte bilbotarrek (14-21), eta gora egin dute. Jokatzeko modu ezberdina dute bi taldeek. Dijon oso talde fisikoa eta oldarkorra da; Bilbo Basketi, berriz, partidaren erritmoa kontrolpean izatea gustatzen zaio, eta eraso landuak egitea. Bada, lehen zatiak bietatik izan du. Bilbo Basketek lortu du partidaren erritmoa markatzea, baina despistatu denean, erasora azkar eta bizi jo du Frantziako taldeak, eta akatsak gogor zigortu ditu. 34-36 amaitu da azkenean lehen zatia. Bestelakoa izan da bigarren zatia, eta erabat aldatu da partidaren gidoia. Bazirudien neurketa kontrolpean zuela Bilbo Basketek, baina beste martxa bat sartu dute frantziarrek. Atsedenalditik bueltan indartsu kantxaratu dira Dijoneko jokalariak, kementsu, eta bilbotarrak ez dira gai izan erauntsiari eusteko. 6-2ko partiziala eginda, markagailuan aurretik jarri da Dijon, eta aldea handituz joan da. 57-45 bukatu da hirugarren laurdena. Bederatzi puntu baino ez ditu lortu Bilbo Basketek; ezinean ibili dira, jokaldiak ezin bukatuta. Azken laurdeneko joera ere horixe izan da. Gozatu egin dute frantziarrek, eta sufritu bilbotarrek. Bost minuturen faltan, hemezortzi puntuko errenta zuen Frantziako taldeak: 66-48. Aldea murrizten saiatu da Bilbo Basket, baina ez dute asmatu jaurtiketetan. Azkenean, 77-58 galdu dute. Gogotik lan egin beharko dute Miribillan kanporaketa iraultzeko. Beste finalerdian, lehia estua Estuagoa izan da Greziako PAOK taldeak eta Frantziako Choletek jokatutako beste finalerdia. 88-89 irabazi dute frantziarrek. Hala, joanekoan Frantziako bi taldeek eman dute lehen urratsa. Bigarrena izango da erabakigarria, baina.