JxC alderdiko kide zenbaitek beren burua erruztatu dute Puigdemonti…
Justiziaren aurrean haien burua erruduntzat jo dute JxC alderdiko zenbait diputatuk eta senatarik. Idatzi bat bidali dute Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusira eta Espainiako Auzitegi Gorenera, eta onartu dute Salvador Illa Kataluniako presidentearen inbestidura egunean Puigdemonti lagundu ziotela eta parte hartu zutela ekintza horietan. «Guk ere parte hartu genuen ekitaldian, lagundu egin genion, babestu egin genuen eta berarekin egon ginen joan zen arte», adierazi dute idatzian. Alderdiko parlamentariek eta senatariek ziurtatu dute ez zutela deliturik egin; aldiz, haiek legez kanpokotzat jotzen dutela «epaile prebarikatzaile batzuek amnistia legea ez aplikatzea». Consell per la Republica elkarteak ere kanpaina bat abiatu du, eta argudiatu dute pertsonak «era indiskriminatuan jazarri» zituztela egun Puigdemont Bartzelonara itzuli zen egunean —abuztuaren 8an—, eta atxiloketak «arbitrarioak» izan zirela. «Errepresioa eta jazarpena» salatu dituzte, eta esan dute kanpaina abiatu dutela kaltetuei «erresistentzia eta elkartasuna» adierazteko. Izan ere, Mossos d’Esquadrako buruzagi politikoek mosso batzuk soldatarik gabe utzi zituzten, egun hartan Puigdemonti laguntza emateagatik. Idatzia sinatu dute, besteak beste, Josep Rullek, Kataluniako Parlamentuko presidenteak; Albert Batetek, Kataluniako Parlamentuko JxC taldeko presidenteak; edo Miriam Noguerasek, Espainiako Kongresuko JxCeko bozeramaileak. Xn ere alderdiko beste kide batzuek adierazi dute atxikimendua kanpainarekin, esaterako, Laura Borrasek edo Jordi Fabrega diputatuak.