Duplantisek urrea kolkoratu du, eta munduko marka ezarri: 6,25…
Armand Duplantis pertika jauzilariak beste erakustaldi bat egin du. Suediarrak, urrea kolkoratzeaz gain, munduko marka berria ezarri du: 6,25 metro. Bederatzi aldiz lortu du marka hori ezartzea. Aurrekoa apirilean egin zuen: Diamantezko Ligan. Txinan izan zen eta orduan 6,24 metro egin zituen jauzi. Hala atletismoko egungo izarretako bat dela berretsi du, eta zutik jarri ditu Frantziako estadioan bildudako ikusleak. Zilarra Sam Kendricks estatubatuarrarentzat izan da, eta brontzea Emmanouil Karalis greziarrarenzat. 5,95 eta 5,90 egin dute salto hurrenez hurren. Aldeak agerian erakusten du Duplantisen nagusitasuna. Lehen langa 5.70ean ezarri du, eta nahi bezala joan da hurrengoak gainditzen: 5,85, 5,95, 6,00 eta 6,10. Denak aurrenekoan gainditu ditu. 6,00arekin urrea ziurtatu du, Kendricksek ezin izan baitu altuera hori gainditu, eta huts egin du hiru saiakeretan. Baina Duplantisek ez zuen ikuskizuna hor amaitzerik nahi, eta ikusleen gozamenerako, beste bi marka gainditu nahi izan ditu. 6,10ean marka olinpikoa gainditu du. Artean Thiago Brizen eskuetan zegoen. Brasildarrak 6,03 egin zuen salto 2016an, Rion. Ondoren, langa 6,25an jarri du. Hori gaindituta munduko errekorra ezarri, eta bere marka pertsonala gaindituko zuen. Lehen bi ahaleginetan huts egin du, bi kasuetan belaunarekin jo du langa. Une horretan, lehia eten da, protokoloa tarteko, gizonezkoen 100 metrotako dominen banaketa egin baita, nahiz eta final hori atzo jokatu. Duplantisek eten hori baliatu du tablet batean bere jauzia ikusteko eta aztertzeko bere aitarekin batera. Hala, hirugarrenean iritsi da balentria. Foku guztiak harengan zeuden jarrita, eta arazorik gabe egin du salto. Gaurkoarekin bigarren urrezko domina lortu du Tokion irabazitakoaren ostean. Orduan 6,02ko jauzia egin zuen. Orain arte, gizonezkoetan, jauzilari bakarrak zituen irabazita bi urrezko domina Olinpiar Jokoetan: Bob Richard estatubatuarrak. Sergei Bubkak berak ere ez zuen halakorik lortu.