Epaileak arrazoi eman die Lurzaindiari eta SAFERi, Arbonako lurrak…
SAFER laborantza lurren zaintza erakundeak eta Lurzaindiak auzitara jo dute Arbonako Berroeta aldeko lurren salmentagatik. Jabetza hutsa erosi duen Pauline Desurmont «jukutriaz» aritu dela salatu dute SAFERari laborantza lur horiek lehentasunez erosteko duen eskumena saihesteko. Desurmontek SAFERen eta Lurzaindiaren helegitea nahi izan du hautsarazi Baionako auzitegian, baina epaileak atzera bota du haren eskaera. Uztailaren 4an auzitegiak jakinarazi du Desurmonten eskaerak ez zuela balio eta SAFERak jarri helegiteak eta Lurzaindiak helarazi ekarpenak balio zutela. Horrez gain, Desurmont zigortu du bi egiturei bedera 1.000 euro ordaintzera. Suitzan bizi den Yves Borotra Arbonako jabeak Diane de L’Espee andereari 3,2 milioi euroan saldu nahi izan zizkion Berroetako bideko etxe berri eta zaharra, baita 12 hektarea laborantza lur. ELB eta Lurzaindiak salatu zuten espekulazioa eta gunearen okupazioa abiatu 2021eko ekainean. Okupazioaren ondorioz salmenta gelditu zen De l’Espee anderea erretiratzearekin. Bi urte berantago salmenta berri bat abiatu zuen Borotrak. Aldi honetan, laborantza lurrak eta eraikinak bereiziz. Eroslea atzeman ere zuen eraikinentzat, baina Lurzaindiaren eta Ostia kolektiboaren mobilizazioaren ondorioz, erostun gaiek gibel egin zuten. [articles:200871] Bizkitartean, laborari bezala deklaratua den Pauline Desurmontek 12 hektarea laborantza lurrak jabetza hutsez erosi zizkion Borotrari, 200.000 euroren truke. SAFER erakundeak lur horiek 100.000 euroan estimatuak zituelarik. Jabetza hutsez, eta beraz gozamenik gabe erosiz, SAFER erakundeak ezin du lehentasunez erosteko duen eskumena erabili. «Jukutria» hori salatu zuten Lurzaindiak, ELBk eta Ostiak. Hori lagundu zuen notarioaren etxera ere joan ziren azpikeria salatzeko, 2022ko irailean. [articles:1321509] Auzitegira SAFER erakundeak urrunago joatea erabaki zuen, salmenta auzitara jaukituz, baizik eta Desurmontek eta Borotrak SAFERaren eskumena nahi izan dutela saihestu salatzeko. Harekin, Lurzaindiak, «bere baitako ekarpena» idatzi zion auzitegiari salmenta horren zuzenkontrakotasuna frogatzeko. [articles:219290] Desurmontek bi egituren jaukitzea hautsarazi nahi izan du. Baionako auzitegiari galdegin zion SAFERaren helegitea deuseztatzea eta Lurzaindiaren ekarpenari balioa kentzea. Auzitegiak ez ditu onartu Desurmonten aurgudioak eta SAFERaren helegitea eta Lurzaindiaren ekarpena onartu ditu. Orain, epaitegiak aferaren funtsa behar du aztertu eta erabaki bat hartu jakiteko salmenta horretan SAFERari eskumena kentzeko azpijokoa izan den. Lurzaindiko Maryse Cachenautek erran du «kontent» direla epaileak arrazoi eman dielako. «Lehen etapa da», gehitu du Itsasuko laborariak. Ondokoa, funtsari buruzko auzia izanen da. «Ez dakigu gauzak nola jujatuak izanen diren, baina balio zuen. Bururaino joaten bada egun batez, biziki inportantea izanen da».