68 urteko mendizale bilbotar bat hil da Riañon (Espainia), istripuz. Gizonezkoa Gilbo mendira igo da senitartekoekin, baina bidetik aldendu egin da, eta, ikusita ez zela itzultzen, senideek larrialdi zerbitzuetara deitu dute. Guardia Zibilak puntatik ehun metro ingurura aurkitu du gorpua, amilduta. Itxuraz, istripu bat izan da. Gizonezkoa erretiratuta zegoen, eta Deustu auzoan bizi zen.
Guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrendako, 2021eko apirilean Lekarozen (Baztan, Nafarroa) egin zituzten protesta batzuk direla eta. Aroztegiko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldiengatik, zehazki. «Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delituak egitea leporatzen zaigu Aroztegiko kanpaldian parte hartzeagatik. Lotsagarria da», adierazi dute. Agerraldi bat egin dute Lekarozen, gaur arratsaldean, herritar andanaren babesarekin; zazpi auzipetuetatik bost agertu dira, eta 270 herritarren babesa jaso dute. Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko herri horretan. Azaldu dute «espekulazioaren mamurru beltzak makinekin eta haiendako espresuki egindako legeak errespetatu gabe» iritsi zirela Lekarozko lurretara. Horri aurre egiteko asmoz, Euskal Herriko bazter askotatik jendea batu, eta kanpaldi «koloretsu eta desobedientea» egin zuten, «basakeria» hura geldiarazteko. «Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela», gehitu dute. Uste baitute «lurraren, kulturaren, hizkuntzaren eta bizitzaren defentsan» desobedientziaren alde egiten dutenei «errepresioarekin» erantzuten dietela. «Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazi dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute, eta bortxaz epaitegietarat igortzen gaituzte». Euskal Herriko eragile eta norbanakoei elkartasunez erantzutera dei egin diete, eta, horretarako, aroztegia_elkartasuna@ni.eus helbidea prestatu dute. «Zazpi gara auzipetuak, baina zigorra herri oso baten kontrakoa da». [articles:1307960] UGEPa, indarrean UGEP udalerriz gaindiko eragina duen planaren afera ere gogora ekarri dute agerraldian. Uste dute egungo egoera Nafarroako Gobernuak sortu duela, «baztandarrei sor-gor eginez», eta, hortaz, hari dagokiola «UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzea». Bederatzi urte daramatzate baztandarrek tresna horren kontra egin nahian. 2015eko hauteskundeetarako bortz egun bakarrik falta zirenean, Yolanda Barcinaren gobernuak proiektuaren UGEPa tramitatzea onartu zuen —oraindik indarrean dago—. Tresna horren bidez, Baztango Udalak lur horien gainean zituen hirigintza arloko konpetentziak bertan behera gelditu ziren, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu. Hau da, udalak ez du erabakitzeko gaitasunik. 2015eko mugimendu haren ondotik, UPNk gobernua galdu zuen, eta Geroa Bairen esku gelditu zen. Horrek, ordea, apenas izan zuen eraginik, Uxue Barkosen alderdiak Aroztegiko proiektua defenditu baitu, bai Baztanen bai Nafarroan. Auzia gatazka iturri izan da Baztango Udalean, proiektuaren alde eta kontra lerratu izan direlako alderdiak: EH Bildu eta Baztango Ezkerra kontra, eta UPN eta Geroa Bai alde. Herritar gehienak ere proiektuaren kontra agertu dira: 2016an herri galdeketa bat egin zuten: herritarren %27,7k parte hartu zuten, eta horietatik %82,8k adierazi zuten proiektuaren kontra zeudela. Oposizioak oposizio, 2021ean obrak hasi zituzten, baina orain auzipetu dituzten herritarrek, bertze hainbatekin batera, geldiarazi egin zituzten. Kalifikazioak Nahiz eta zigor eskariak orain iritsi diren eta UGEPak ia hamar urteko historia duen, 2008an abiatu zen Aroztegiko proiektua. Urte hartan, enpresa sustatzaileak 45 hektarea lur erosi zituen, laborantzarakoak. Baztango Udalak ーorduan Nafarroa Baik zuen alkatetzaー, ordea, lursailen kalifikazioa aldatu zuen, eta hiri lurzoru izendatu. Lekarozko herria eta Baztan erabaki horren kontra agertu ziren. Urtebete geroago, hirigintza planari buruzko kontsulta egin zuten Lekarozen, eta gehiengo osoz gailendu zen kontrako iritzia. Urte bereko azaroan Aroztegia eta gero zer? herri plataformak alegazioak aurkeztu zituen Baztango Udalean. 2013ko urrian helegitea onartu, eta Lekarozko lursailen kalifikazioa baliogabetu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Enpresak, baina, ez zuen amore eman, eta hurrengo urteko abenduan zenbait aldaketa egin zituen proiektuan. Horiek aintzat hartuta, lursailen kalifikazio aldaketa onartu zuen gobernuak.
Aurtengo Tourrean kosta egin zaio lehena irabaztea. Aurreneko astean bitan sailkatu zen bigarren postuan; eta, azkenean, hamargarren etapan lortu zuen eskuak altxatzea. Ordutik, baina, Jasper Philipsen (Alpecin) izan da esprinterrik onena —hamahirugarren etapa ere irabazi zuen—. Gaur, ez du aurkaririk izan. Philipsenekin batera Tour honetan ziklistarik azkarrena izan da Biniam Girmay (Intermarche), eta erori egin da helmugarako kilometro eta erdi falta zenean. Alpecinekoek modu paregabean bideratu dute esprinta; Mathieu van der Poelek buru-buruan utzi du Philipsen. Eta, behin esprinta abiatuta, inor ez zaio iritsi parera. Phil Bauhaus (Baharain) iritsi da bigarren postuan, eta Alexander Kristoff (UnoX) hirugarrenean. Gaurkoarekin, aldi honetako hirugarren etapa garaipena lortu du Alpecinekoak. Horrela, berdindu egin ditu Girmay eta Tadej Pogacar (UAE). Hirurek hirutan altxatu dituzte besoak 2024ko Tourrean. Gainera, maillot berdearen lehia ere estutu egin da. Girmay da lider sailkapen horretan, baina asko gerturatu zaio Philipsen. Bien artean 32 punturen aldea dago, eta datozen etapetako tarteko helmugetan erabakiko da nor nagusituko den. Nagusian, bestalde, ez da aldaketarik egon. Ziklistak Okzitaniako errepide lauetan barrena ibili dira gaur. Gruissan eta Nimes artean, 188 kilometro osatu behar izan dituzte. Ibilbideak bezalaxe, txirrindularien jardunak ere ez du gorabehera handirik izan. Aurten behin baino gehiagotan gertatu den moduan, ez da ihesaldirik egon etaparen lehen zatian. Behin tarteko helmuga igarota, Thomas Gachignardek (Total) egin du alde, eta lasterketa buruan bakarrik ibili da helmugarako 25 kilometro falta ziren arte. Hortik aurrera, talde nagusiak erritmoa bizitu du, eta gizonik azkarrenak lehiatu dira hamaseigarren etapan. Horrekin amaitu dira aurtengo Tourreko esprintak. Bihartik aurrera ziklistak gora eta behera ibiliko dira Okzitania eta Frantzia ekialdeko errepideetan. Lehenik, bihar, hirugarren mailako Superdevoluy mendatean amaituko da etapa. Osatu beharko dituzten 178 kilometroetan, pixkanaka gorantz egingo dute txirrindulariek. Eta, behin azken 30 kilometroetan sartuta, eguneko hiru mendate puntuagarriak kateatuko dituzte: Bayard, Noyer —lehen mailakoa— eta Superdevoluy. Nagusikoek baimena ematen badiete, etapa ehiztarientzako etapa aproposa da biharkoa. Baita etzikoa ere. Ostiraleko eta larunbateko etapak, ordea, bestelakoak izango dira. Mendate luzeak igaro beharko dituzte, eta biak amaituko dira lehen mailako mendateetan. Sailkapen nagusiko hautagaiak eta igotzaile petoak nabarmenduko dira horietan. Eta, azkenik, erlojupekoa izango dute igandean; 33 kilometro Monako eta Niza artean. Lazkano, Ayusoren ordez Lehen aldia izango da Tourra Parisera helduko ez dena. Izan ere, Frantziako hiriburuan Olinpiar Jokoak hastear dira. Eta, jokoen artean, txirrindularitza probak ere egongo dira. Horietan parte hartuko dute Tourrean dabiltzan bi euskal herritarrek: Movistarreko Alex Aranburuk eta Oier Lazkanok. Biak arituko dira errepideko proban, abuztuaren 3an. Eta Espainiako Txirrindularitza Federazioak iragarri berri duenez, Lazkanok uztailaren 27an jokatuko den erlojupeko proba ere egingo du. 32,4 kilometro izango ditu, eta ibilbidea ia guztiz laua da. Juan Ayuso (UAE) zen bertan parte hartzekoa, baina koronabirusagatik utzi du Tourra, eta ez da prest egongo uztailaren 27rako. SAILKAPENAK HAMASEIGARREN ETAPA 1. Jasper Philipsen (Alpecin) 4.11.27 2. Phil Bauhaus (Bahrain) d.b. 3. Alexander Kristoff (UnoX) d.b. 4. Sam Bennett (Decathlon) d.b. 5. Wout van Aert (Visma) d.b. 6. Pascal Ackermann (Israel) d.b. 7. Bryan Coquard (Cofidis) d.b. 8. Soren Waerenskjold (UnoX) d.b. 9. Ryan Gibbons (Lidl) d.b. 10. Danny van Poppel (Bora) d.b. 73. Alex Aranburu (Movistar) d.b. NAGUSIA 1. Tadej Pogacar (UAE) 66.07.51 2. Jonas Vingegaard (Visma) 3.09ra 3. Remco Evenepoel (Soudal) 5.19ra 4. Joao Almeida (UAE) 10.54ra 5. Mikel Landa (Soudal) 11.21ra 6. Carlos Rodriguez (Ineos) 11.27ra 7. Adam Yates (UAE) 13.38ra 8. Giulio Ciccone (Lidl) 15.48ra 9. Derek Gee (Israel) 16.12ra 10. Santiago Buitrago (Bahrain) 16.32ra 11. Felix Gall (Decathlon) 17.01ra
Pauso horrekin, Pedro Sanchezen Gobernuak hasiera eman dio 2025eko Estatuko Aurrekontu Orokorrak prestatzeko prozesuari. Gobernuak urtea amaitu baino lehen onartu nahi ditu.
Donald Trumpen aurkako atentatuaren harira, Joe Biden AEBetako presidenteak batasunerako deia egin du azken orduetan. Herrialdeko politikaren «tenperatura» jaisteko ere eskatu du Etxe Zuriko maizterrak. Eta ematen du Trump ados dagoela horrekin, zeren ostegunean Alderdi Errepublikanoaren kongresuaren amaieran ematekoa den diskurtsoa aldatu du, Washington Examiner egunkariari emandako elkarrizketa batean nabarmendu duenez. «Herrialdea batzeko aukera daukat». [articles:2128040] Beraz, tonua apaltzeko asmoa du azaroaren 5ean egitekoak diren AEBetako presidentetzarako hauteskundeetarako errepublikanoen hautagaiak, 2017 eta 2021 artean herrialdeko presidente izandakoak. «Hau [erasoa] gertatu izan ez balitz, diskurtsoa zoragarria izango zen, inoizko izugarrienetako bat. Egiazki, emango dudan diskurtsoa guztiz diferentea izango da». Gaur hasi da kongresua, Milwaukeen, eta ostegunean bukatuko da; bertan, Trumpen hautagaitza berrestekoak dira alderdiak herrialdeko 50 estatuetan dituen 2.400 ordezkariak. Trumpek bozak irabazten baldin baditu presidenteordea nor izango den iragarriko dute, bide batez. Hain justu, gaur iragarri dute James David Vance Ohioko senataria izango dela AEBetako presidenteordea, Trumpek hauteskundeak irabazten baditu. Presidentegai errepublikanoa da hauteskundeak irabazteko faboritoa, inkesten arabera; areago Biden presidente eta presidentegai demokratak azken asteetan egin dituen hanka sartzeen ondorioz. Atzo gauean —goizaldea Euskal Herrian—, ordea, irmo mintzatu zen audientziarik handieneko tartean herritarrei mintzatzeko telebistaz emandako diskurtsoan. «Hautetsontzietan konpon ditzagun gure artekoak. Horrela egiten dugu: hautetsontzietan, ez balekin. Herritarrek dute Amerika [AEBak] aldatzeko ahalmena, ez hiltzaile bat izan daitekeen batek». Balak aipatu zituen Bidenek, eta Trumpek, larunbatean Pennsylvania estatuko herri batean ematen ari zen mitinean tiroz zauritua izan ondoren, Truth Social bere sare sozialean nabarmendu zuen «ez sinesteko modukoa» zela gertatutakoa. Mitinaren eremutik kanpo zegoen teilatu batetik tiro egin zioten. Baina kontuan hartu behar da AEBek, azken erroldaren arabera, 333 milioi biztanle dituztela eta, zenbait ikerketak diotenez, 393 milioi arma daudela, armadako kideenak alde batera utzita. AEBak dira, hain zuzen, armak edukitzeko eta erabiltzeko orduan murrizketa gutxien ezartzen duten herrialdeetako bat; konstituzioaren bigarren zuzenketak —1791koa da— horretarako aukera ematen die herritarrei. Karguak kendu Trumpek hainbat epaiketa ditu zabalik presidente zenean, aurretik zein ostean legez kontra jokatzea leporatzen baitiote. Horietako bat 2021ean Etxe Zuritik dokumentu klasifikatuak bere Floridako etxera eramateagatik. Epaileak argudiatu duenez, fiskala izendatzeko orduan hanka sartze bat egon zen. Hori dela eta, Trumpi karguak kendu eta kasua ixtea erabaki du. Karguak kendu izana ospatu eta haren aurkako «beste epaiketa guztiak» ixteko eskatzeko baliatu du presidente ohiak Truth Social sare soziala. Are gehiago, karguak aurrekoan jasotako tiroarekin lotu eta haren aurkako «eraso politiko oro» amaitzea eskatu du. Indarkeria normalizatzearen kontra mintzatu zen Biden: «Gure usteak oso sendoak izanagatik, ezin dugu indarkeria erabili, inoiz. AEBetan ezin dugu jarraitu bide hori ibiltzen. Indarkeriarik ez du tokirik AEBetan; salbuespenik gabe. Kito». Eta zerrendatu egin zituen herrialdeko jardun politikoarekin zerikusia izan duten eta «onartezinak» iruditzen zaizkion indarkeria kasu batzuk: Kapitolioaren aurkako erasoa —Trumpek justifikatutakoa—; Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente (demokrata) zenaren senarrari egindakoa; edo, besteak beste, Gretchen Whitmer Michigan estatuko gobernadorea (demokrata) bahitzeko saiakera. 13 Zenbat atentatu egin dituzten AEBetako presidente edo presidente ohien kontra. 1835ean Andrew Jackson AEBetako presidentea hil zutenetik, hura eta larunbatean Donald Trumpen kontra egindakoa aintzat hartuta, hamahiru atentatu egin dituzte herrialdeko presidente zirenen edo presidente izandakoen kontra. Alderdi Errepublikanoak Kongresuan dituen zenbait diputatuk eta senatarik, baina, Biden bera egin dute erasoaren erantzule. Vance senatariak X sare sozialean idatzi duenez, mitineko erasoa ez zen izan «gertakari bakan bat». «Bidenen kanpainaren premisa nagusia da Donald Trump presidentea faxista autoritario bat dela, eta kosta ahala kosta atxilotua izan behar duela. Erretorika horrek eragin zuen hilketa saiakera». Tim Scott senataria harago joan da, sare sozial berean: «Argi esan dezagun: ezker muturrak eta Trumpi faxista edo zerbait okerragoa deitzen dioten hedabide korporatiboek bultzatutako hilketa saiakera bat da hau». Bidenek esan izan du Trump demokraziarentzako mehatxu bat dela, besteak beste, ez duelako onartzen 2020ko hauteskundeetako porrota; baita darabilen hizkera xenofobo eta autoritarioagatik ere. Politico hedabideak kaleratu duenez, AEBetako presidenteak Alderdi Demokrataren diru emaileekin hitz egin zuen telefonoz lehengo astean, eta esan zien Trump «jopuntuan» jartzeko ordua dela. «Joe Bidenek eman ditu aginduak», idatzi du X-n Mike Collinsek, errepublikanoen Ordezkarien Ganberako diputatu batek. Bien bitartean, FBIk erasoa ikertzen jarraitzen du. Oraingoz, jakinarazi du Trumpi ustez tiro egin zion pertsonak, Thomas Mathiew Crooksek (20 urte), bere kabuz egin zuela erasoa, bere aitak erositako fusil batekin. Erasoa egin eta segundo eskas batzuetara hil zuten AEBetako zerbitzu sekretuek —presidente ohien zerbitzura ere badaude—. Plazaratu dituzten datuen arabera, Alderdi Errepublikanoko kide gisa erregistratua zegoen Crooks, baina duela hiru urte hamabost euroko dohaintza bat egin zion Alderdi Demokrataren inguruko talde bati.
Alavesek iragarri du beste jokalari bat ere fitxatuko duela denboraldi honetarako. Asier Villalibre aurrelaria da, duela bi denboraldi Gasteizeko taldean utzita egon zena, eta Espainiako Lehen Mailara igotzeko gola sartu zuena Levanteren aurka. Athleticeko jokalari ohiak lau denboraldirako sinatu du Alavesekin, eta datozen orduetan batuko da talde zuri-urdinera, Luis Garcia entrenatzailearen esanetara ahal bezain laster egoteko. Villalibrek Athleticen jokatu du azkeneko denboraldian. Gernikarrak zortzi gol sartu ditu hogeita lau partidatan, horietako sei Espainiako Kopan. Hain zuzen, horietatik bi Alavesi sartu zizkion, Kopako final zortzirenetan. Hala ere, ez du aukera handirik izan, eta aukeren artean zegoen aurtengo denboraldian Athletic uztea berriro. Asier Villalibre bueltan DA#OngiEtorriBúfalo #LoQueNosUne #GoazenGlorioso ⚪️🔵 pic.twitter.com/MYYbBkwtV4 — Deportivo Alavés (@Alaves_eus) July 15, 2024 Denboraldi erdiz utzita egon zen Villalibre Alavesen 2022-2023ko denboraldian, baina zaleek estimu handia diote gernikarrari. Horrela erakutsi zuten Athleticek eta Alavesek Mendizorrotzan jokatu zuten azken derbian. Villalibre aulkitik sartu zenean txalo zaparrada bat jo zioten zaleek, eta partida amaitutakoan haren izena oihukatu zuten. Izan ere, utzita egon zen urtean igoerako gola sartu zuen penaltiz Levanteren zelaian. Geroztik, Alaves behin baino gehiagotan saiatu da aurrelari bizkaitarra berriro ere Gasteizera bidean jartzen. Athleticen oharraren arabera, diru kopuru finko bat, helburuen araberako beste bat eta etorkizuneko salmenten ehuneko bat biltzen ditu bi kluben arteko akordioak. Hala ere, ez batak ez besteak ez ditu datu ofizialak argitaratu. Athleticen ere nekez ahaztuko dute Villalibre; izan ere, 2021eko Espainiako Superkopako finalean, Bartzelonaren aurka luzapena behartu zuen gola sartu zuen, eta haren golak funtsezkoak izan dira joan den denboraldian Espainiako Kopa irabazteko. ℹ️ Asier Villalibre, @Alaves_eus-era transferituta. Aurrelariak, Kopako eta Superkopako txapeldunak, bere Athletic Clubeko bere aroa amaitu du 127 partida jokatu eta 21 gol sartu ondoren. 🍀 Eskerrik asko denagatik, Asier, eta zorte on etorkizunean! #AthleticClub 🦁 — Athletic Club (@athletic_eus) July 15, 2024