Irakaskuntzako greba deialdiaren atarian, negoziazioak azken unera arte
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek greba ziklorako deialdia martxan zela, negoziatzen aritu dira sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Arratsaldean hasi eta gauera arte luzatu da bilera, eta gauerdian oraindik negoziazioetan jarraitzen zuten. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek egindako deialdiaren arabera, asteon, gaur, bihar eta etzi lanuzteak daude iragarrita; datorren astean, berriz, asteartean eta asteazkenean, eta gauerdian oraindik argitu gabe zegoen grebarekin zer gertatuko zen. Gobernuak eta sindikatuek hitzordua jarria zuten 16:00etarako, baina Hezkuntza Sailak mahai gainean jarritako azken proposamena aztertzeko denbora eskatu dute sindikatuek. Hala, bilerak 19:00ak aldera hasi dira, eta gauean luzatu. Eragile guztiak batera bildu dira aurrena, baina aldebiko bilkurak ere egin dituzte. Egun indarrean den lan hitzarmena 2010ekoa da, eta irakaskuntza publikoko sindikatuen arabera, egokitu beharreko elementu ugari ditu. Nabarmenenetako batzuk dira lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Erosahalmenari dagokionez, sindikatuek kritikatu dute hitzarmena ez berritzearen ondorioez, azken hamabost urteetan erosalmehenaren %20 inguru galdu dutela. Hori berreskuratzea lehentasunen artean kokatu zuten, nahiz eta zehaztu zuten euren asmoa ez zela hori guztia batera berreskuratzea, horretarako prozesu bat bideratzea baizik. Eskaera horiei erantzun bat bilatzeko asmoz egin zieten sindikatuek grebarako deia 30.000 irakasle ingururi. Deialdiaren berri ematearekin batera, sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera ere kritikatu zuten: «Komunikabideen aurrean esaten du negoziatzeko atea irekia duela, baina hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia du». Deialdi hura harriduraz hartu zuen Hezkuntza Sailak, baina jarraian mahaian esertzeko deia egin zien sindikatuei. Orduan, proposamena bat jarri zuen sindikatuen esku, eta hura izan zen atzoko bileraren oinarri nagusietako bat. Sailaren arabera, hark «argi eta garbi» erantzuten zien sindikatuen aldarrikapen nagusiei; besteak beste, soldatak eguneratzea, irakasleen eskola orduak murriztea, baliabide osagarriak indartzea eta langileak gaztetzeko plan bat ezartzea. Greba ziklo baten ostean iritsi da negoziazioa, eta horri erantzuten dio azken lanuzte deialdiak ere: irakasleek urtarrilean eta otsailean ere beste lau greba egun izan zituzten. Oraintxe Hezkuntza Sailari konpontzeko geratzen zaion korapilo bakarra da; izan ere, grebak tarteko, bi lan hitzarmen erdietsi dituzte azkenaldian: Haurreskolak partzuergokoa eta garbiketako eta sukaldeetako langileena. Aste honetarako ondorengo deialdian egin zituzten sindikatuek: gaur, Bilbon, 11:30ean; Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik hasita. Biharko, berriz, hiru manifestazio: Bilbon, Arriaga plazatik; Gasteizen, Bilbo plazatik; eta Donostian, Bulebarretik. Guztiak 11:30ean hasita. Eta ostegunean, Donostian, 11:30ean, Bulebarretik aterata.