Pogacarrek beste kolpe bat eman du Beille goi ordokian,…
Egunen batean amaitu egingo dira Tadej Pogacarren (UAE) balentriak deskribatzeko hitzak, baina txirrindulari horrek egindakoak urte askoan gogoratuko dituzte txirrindularitza zaleek. Gaur beste erakustaldi bat eman du Frantziako Tourrean, eta sailkapen nagusian zuen aldea handitu egin du esloveniarrak. Bakarrik helmugaratu da Beille goi ordokian, sailkapen nagusian dituen aurkari zuzen guztiak atzean utziz. Helmugatik bost kilometrora utzi du atzean Jonas Vingegaardi (Visma), eta 1:08ko aldea atera dio. Renco Evenepoeli (Quick-Step) izan da hirugarren, eta 2:51ra helmugaratu da. Mikel Landa (Soudal) izan da laugarren, 3:54ra, eta Almeida (UAE) 4:43ra. Astebete geratzen da Tourra amaitzeko, baina gaurkoa ikusita argi dago, okerrik ezean, ez dagoela une honetan Pogacarri maillot horia kendu diezaiokeen inor. Sasoi handia beharko du hori egin nahi duenak, eta moralki oso indartsua izan beharko du. Eta, hala ere, kosta egiten da sinestea badela Pogacar baino gehiago izango den txirrindulari bat. Asteazkenean maillota galdu zezakeela zirudien arren, Pogacarrek erakutsi du, fisikoki indartsua izatea gain, burua ere ez duela amore emateko. Sailkapen nagusian 3,09ra du Vingegaarad, eta 5,19ra, Evenepoel. Lehen mailako lau mendate zituen gaurko etapak, eta azkenekoan erabaki da, agian, baita Tourra ere. Jorgensonek egin du eraso hamar kilometro eta erdira faltan. Vingegaardek tira egin du buruan jarraitu duten txirrindularien taldean, Pogacar ahulduko zelako esperantzarekin, baina esloveniarrak eutsi egin dio, eta ez hori bakarrik, indarrak gorde ditu gero erantzuteko. Bost kilometro faltan jo du erasoa Pogacarrek, etapa irabazteko. Atzean utzi du Vingegaard, eta aho zabalik utzi ditu zaleak helmugara arteko tarte horretan. Hirugarren etapa garaipena du Podagarrek gaurkoa aurten. Atzo ere nagusitu egin zen Pirinioetako lehen etapan. Guztira hamalau etapa irabazi ditu esloveniarrak Pirinioetan. Bihar atseden eguna izango da.