Urak harro doaz Espainiako eskuinean. Azken egunetan, bidaiderik gabeko adingabe migranteak erkidegoen artean banatzeko asmoek eztabaida sortua zuen PPren eta Voxen artean, eta Santiago Abascal buru duen alderdiak mehatxu egina zion PPri; prest zen popularrek agintzen duten erkidegoetan babesa kentzeko. 20:00etarako zen Abascal erabakiaren berri ematekoa, baina ordu eta erdi beranduago heldu da jakinarazpena: Vox gobernutik aterako da Valentzian, Extremaduran, Murtzian, Aragoin eta Gaztela-Leonen, eta babesa erretiratuko dio Balear Uharteetan ere. Kanariar Uharteetan dauden 209 adingabe migrante PPk gobernatutako erkidegoetara eramatea erabili du Abascalek argudio gisara, gobernu horiek apurtzeko. Adingabe horiek «segurtasun ezarekin», «dei efektuarekin», «okupazioarekin» eta «delinkuentziarekin» lotu ditu eskuin muturreko buruzagiak, eta Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea egin du gobernuen hausturaren erantzule: «Ohartarazia genion». Gobernu akordioek urtebete iraun dute. Aurrerantzean, PPk gutxiengoan gobernatu beharko ditu, baina popularrek aukera dute horietan guztietan hauteskundeak aurreratzeko.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarri du ez dutela lekualdatuko Basurtuko ospitaleko (Bilbo) Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetako ospitalera (Bizkaia). Jakinarazi duenez, bihotzeko gaitzak artatzeko zerbitzuak bi egoitza izango ditu aurrerantzean: Basurtuko ospitalea eta Gurutzetakoa. Hain zuzen ere, erietxe bietako bihotzeko kirurgia zerbitzuak elkartuko dituzte, eta tratamenduak eskuratzeko itxaron zerrendak bateratuko dituzte. Jasaten dituzten osasun arazoen arabera antolatuko dituzte pazienteak, behar bezalako garrantzia emanez gaixo bakoitzak bizirik iraungo duenari eta bizi kalitateari. «Emaitzarik onenak eskainiko dituen zerbitzua garatu nahi dugu», adierazi du Martinezek. Basurtuko ospitaleko Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuaren aldeko borrokak luze iraun du, ordea. Hain justu, duela bi urte baino gehiago iragarri zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak zerbitzu hori ospitalez lekualdatzeko erabakia, eta horrek hainbat protesta eragin zituen osasun sektorean. Are gehiago, Osakidetzako kardiologoek lekualdatzearen aurkako zenbait salaketa jarri zituzten Arabako administrazio auzitegian lehenengo eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian ondoren. Lekualdatzeak pazienteei kalte egingo ziela arrazoitu zuten osasun langileek, eta, azkenean, Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua lekualdatzeko proiektua behin-behinean eteteko agindu zioten auzitegi biek Eusko Jaurlaritzari. Gobernuarekin sinatutako akordioaren harira, salaketak kentzea erabaki dute orain kardiologoek. Martinezen ustez, elkarrizketa da osasun sistema publikoa indartzeko biderik onena. Alde horretatik, kardiologoei eskerrak eman dizkie, Eusko Jaurlaritzaren proposamena onartzeagatik, eta «ikuspuntu bateratuen garrantzia» aipatu du. Eta zehaztu du: «Helburu nagusia da osasun zerbitzu bikaina lortzea. Bihotzeko kirurgia behar duten pazienteei emaitzarik onenak bermatu nahi dizkiegu». Izan ere, espero du Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuan egindako aldaketek gaitasun handiko teknika konplexuen garapena erraztea etorkizunean.
Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak aste hasieran erabaki zuten Tsunami auzia artxibatzea. Horiek hala, erbestetik Kataluniara itzultzeko moduan dira ikertuetako ugari. Hala egingo dute bihar Marta Rovira ERCko idazkari nagusi ohiak, Ruben Wagensberg alderdikideak, Oleguer Serra Omniumeko presidenteordeak, Josep Campmajo ekintzaileak eta Jesus Rodriguez kazetariak. Suitzatik Kataluniarako bidea egiten ari dira horiek, eta Cantallopsen egingo dituzte adierazpenak goizean, Rosellotik Gironara igaro berritan. Cantallops udalerria da Junquerako muga pasabidetik gertuen dagoen herria, eta, azaldu dutenez, Wagensbergek familia du han. Han harrera egingo diete, eta besteak beste, ERCko presidente ohi Oriol Junqueras eta Marta Molina alderdikidea bertaratuko dira; azken hori ere Tsunami auzian ikertutakoen artean zen. Eguerdirako, berriz, ekitaldi bat antolatu du Omnium Culturalek Bartzelonan, eta arratsaldean ekitaldiak egingo dituzte Bartzelonako Sants auzoan eta Gironan ere. Wagensbergek, Serrak, Campmajok eta Rodriguezek urtebete baino gehiago zeramaten Suitzan. Rovirak, berriz, sei urte egin ditu herrialde hartan. Hain zuzen, hura izan zen Kataluniara itzultzeko asmoa zuela esan zuen lehena, larunbatean ERCko emakumeek egingo duten batzarrean parte hartzekoa zela adierazita. Rovira eta Wagensberg, elkarri eskua ematen, Kataluniarantz abiatu aurretik. ERC Haien kontrako auziaren oinarria 2019ko urrian Tsunami Demokratikoa mugimenduak egindako protesta ekintzak dira. Mugimendu hark zenbait ekintza egin zituen Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako espetxe zigorren kontra. Auzitegi Nazionalaren arabera, Tsunami «istiluak» eragiteko eta «independentziaren aldeko» egoera bat sortzeko eratu zen, eta Garcia Castellon ikertzen ari zen ea ekintza haien artean «terrorismo» deliturik egon zen. Auzian hamar lagun zeuden ikertu gisa Auzitegi Nazionalean: Rovira, Serra, Campmajo, Rodriguez, Molina, Josep Lluis Alay Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten bulegoko zuzendaria, Oriol Soler enpresaria, Jaume Cabani informatikaria, Xavier Vendrell ERCko kontseilari ohia eta Nicola Flogia italiarra. Eta beste bi Auzitegi Gorenean: Puigdemont eta Wagensberg. Puigdemont, oraindik ez Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, baina, aste hasieran ebatzi zuen Tsunami auziko instrukzioaren luzapenak legez kontra onartu zituela Manuel Garcia Castellon instrukzio epaileak, eta, ondorioz, bertan behera utzi behar zirela 2021eko uztailaren 29tik aurrera egindako ikerketa lanak. Horiek hala, Garcia Castellonek auzia artxibatzea erabaki zuen, eta horren berri eman zion Auzitegi Goreneko Bigarren Zigor Salari. Horren berri izan ostean, Susana Polo instrukzio epaileak ere artxibatu egin zuen auzia; haren esku egon da Wagensbergen eta Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemonten kontrako auzia. Puigdemonti dagokionez, haren kontrako beste bi auzi ere badaude oraindik irekita. Batetik, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak uko egin dio bere aurkako atxilotze agindua erretiratzeari, funts publikoak bidegabe erabiltzearen delituagatik. Bestetik, Gorenak berak erabaki beharko du Joaquin Aguirre epailea ikertzen aritu den auziaren inguruan —Errusiako Gobernuak Kataluniako independentzia prozesuan ustez izandako esku hartzea du ardatz—. Puigdemont ere ikertzen ari dira hartan.
EHUko sindikatuek ordezko irakasleen gatazka konpontzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritza berriari. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek eta EHUko Prekarioen Koordinadorak ohartarazi dutenez, egoerari “aterabiderik aurkitu ezean”, datorren ikasturtean berriro ere kalera aterako dira.
Behetik gora egin du Ingalaterrak Eurokopa honetan, eta Herbehereetako selekzioa 1-2 gainditu du final handira sailkatzeko. Xavi Simons nederlandarrak bere taldea aurreratu du zazpigarren minutuan gol itzel batekin, baina hamaika metroetatik berdinketa lortu du Harry Kane-ek. Bigarren zatian, Ingalaterraren garaipenaren gola Ollie Watkinsek egin du, 90. minutuan. Espainiaren aurka jokatuko du finala hiru lehoien selekzioak, igandean Berlinen (21:00, La1). Ingalaterrak noraezean eman ditu Eurokopako lehen partidak, jokamolde apropos baten bila txapelketa irabazteko hautagai bezala sendotzeko. Azkenean lortu du Gareth Southgate entrenatzaileak tekla aproposak sakatzen, eta azken bi partidatan irudi ona utzi du. Final laurdenetan fruituak eman zizkion presio oldarkorrak arerioaren zelaian, eta gaur ere horrela ito du Herbehereetako selekzioa. Horrek, Foden, eta Mainoo gazteen presentzia areagotzearekin batera, arrazoiak eman dizkio Ingalaterrari bere aukeretan sinesteko. Lehen minutuetatik aritu dira bi taldeak garaipenaren bila. Ingalaterrak baloiaren jabe izan nahi zuen, baina Herbehereek zigortu egin dute apenas bost minutuak igaro zirela. Xavi Simons herbeherearrak baloia lapurtu du area ertzean, eta ez du bitan pentsatu; Zartada batez Pickford atezainaren eskuadratik sartu du gola. Akats bakarra eta gola, markagailua altxatzeko beharrean utzi du Ingalaterra. Baina erori ordez altxatu egin da Ingalaterra, eta partidako minutu onenak izan ditu atzetik jarri denean. Harry Kane aurrelaria bi alditan saiatu da berdinketa jartzen, eta bigarren jaurtiketa horretan epaileak jokaldia berrikusi eta penaltia adierazi du. Hamaika metroetatik hutsezina da Bayern Municheko jokalaria, eta berdinketa jarri du markagailuan. Ingalaterrako jokalari guztiek ospatu dute Watkinsen gola (RONALD WITTEK / EFE). Minutu gutxira, Phil Foden gaztearen jaurtiketa ateko marra gainetik atera behar izan du Dumfries defentsak. Herbehereetako jokalari berberak langara jaurti du burukada bat korner batean. Eta minutu gutxira, berriro Fodenek jaurtiketa itzel bat zutoinaren aurka apurtu du. Itota amaitu du Ronald Koemanen taldeak lehen zatia, eta ongi etorri zaio lehen 45 minutuak amaitu izana. Atsedenalditik beste aurpegi batekin zelairatu da selekzio nederlandarra, eta indarrak berdintzea lortu du ingelesekin. Minutuek aurrera egin ahala, Ingalaterrak presioa egiteko gaitasuna galdu du, eta lehen zatian baina gehiago iritsi da Herbehereak aurkariaren atera. Hala ere sendo aritu dira defentsa ingelesak, herbeheretarren antzera. Ustekabeko heroia Berdinketa erabatekoa zen, baina Ingalaterrak abisua eman du. Bukayo Sakak gola egin du, baina pasea eman dion taldekidea jokoz kanpo zegoen eta baliogabetu egin du epaileak. Partida luzapenera iritsiko zela ematen zuen, eta gutxien espero zenean ustekabeko heroia agertu zaio Ingalaterrari. Txapelketa osoan hogei minutu besterik jokatuak zituen Ollie Watkins aurrelariak area barruan baloia jaso du, bira egin du defentsa paretik kentzeko, eta jaurtiketa gurutzatu batekin garaipenaren gola egin du. Herbehereetako selekzioak ez du erantzuteko denbora nahikorik izan, eta finalaren atarian geratu da. Ingalaterrak sendotasun handiagoa erakutsi du finalerdietan, eta horrela edo hobeto aritu beharko da igandean Espainiaren aurka, bere historiako lehen Eurokopa irabazi nahi badu.
Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizean Gasteizen; ertzain bati eraso egitea leporatzen diote, eta ertzainari ebakuntza bat egin beharko diote. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaitzetsi egin du eraso hori, eta Ertzainak Borrokan taldeak biharko elkarretaratze batera dei egin du. 11:20 aldera gertatu da: Arriagako Ataria kalean zegoen gizon bat identifikatzera joan dira ertzainak, poliziei «mespretxuzko» adierazpenen bat egin dielako, beti Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren prentsa oharraren arabera. Gizonak «modu bortitzean» erantzun die, hautsitako botila bat eskuetan, eta beso batean ebaki bat egin dio ertzainetako bati. Ihesi joan da gizona, Alde Zaharrera bidean. Teilatu batean atzeman dute poliziek, eta atxilotuta eraman dute. Poliziaren arabera, aurrekariak ditu. Zauritutako ertzaina, berriz, ospitalera batera eraman dute, eta ebakuntza kirurgiko bat egin beharko diotela adierazi dute. Bingen Zupiria sailburuak erasoa gaitzetsi du, eta «egunez egun herritarren segurtasuna bermatzeko lanean ari diren ertzainen» kontrako erasoak gaitzetsi ditu Bingen Zupiria sailburuak. Elkartasuna agertu dio poliziari, eta lehenbailehen sendatzea opatu dio. Ertzainak Borrokan taldeak, berriz, elkarretaratze batera deitu du biharko. Gasteizko komisariaren aurrean egingo dute. Zaurien kontrako baliabide oinarrizkoak ere, botikinak esaterako, ez dituztela salatu dute.
La Marseillaise orroaz kantatzen ari ziren 16:30erako Baionako herriko etxeko plazan. Igande honetan izanen da Frantziako besta nazionala, baina bestazale batzuk lehenago hasi dira Frantzia ospatzen. Abuztuan Parisen iraganen diren Olinpiar Jokoak direla eta, Baionako Herriko Etxeak bestak aitzinatzea erabaki du aurten, segurtasunerako nahi zuen polizia kopurua izateko. Besten hastapen ekitaldia bera ere aitzinatu dute: 22:00etan izan beharrean 17:00etan eman diote hasiera bestari. Horregatik ez da jende gutiago bildu: mukuru bete da herriko etxeko plaza Leon erregearen iratzartzea ikusteko. Herriko etxeko teilatuan ezarritako frankotiratzaileen zaintzapean eta Aturri ibaitik botatako suzirien harrabotsarekin piztu da besta. Iazko Baionako besten lehen egunean hil zuten Patrice Lanies: bere etxeko atarian pixa egiten ari zen gizon talde batek jipoitu zuen. Gertakari hura gogoratzeko, hitza hartu du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak, eta egun hartako «hilketa koldarra» deitoratu. «Drama ikaragarri horrek mina eta ez-ulertze handia eragin zituen, eta oraindik ere sentitzen ditugu», adierazi du. «Baionako bestak gure ondare komuna dira. Balio indartsuen inguruan bildu gaitezen balio dute; horiek ziren Patrice Laniesen izaeraren bereizgarriak ere». Bere hiriaz eta Euskal Herriaz maitemindua zen baiones bat zela erran du auzapezak: «Gizon eskuzabala, gainerakoekin arretatsua, gainerakoak zaintzen zituena». Haren oroimena goretsi du, eta haren familiari babesa eta samurtasuna helarazi. Auzapezak hala eskatuta, minutu bateko txalo zaparrada eskaini diote Laniesi, bestazaleek «Patrice, Patrice» oihukatzen zuten bitartean. Julie Rouaultek emandako Hegoak kantuarekin bukatu dute omenaldia —horrela deitu ohi diote frantses anitzek Txoria txori kantuari—. Laniesen hilketaren ondotik sortu zen Baiona 2032 kolektiboa, Baionako besten ereduari buruzko gogoeta pizteko. Laniesi egindako omenaldia eraso mota ororen biktimen omentzeko izatea nahi zuten; hau da, Lanies ez ezik bortxaketen eta eraso matxisten, homofoboen, transfoboen eta xenofoboen biktimak oroitzeko ere baliatzea. Kolektiboaren hitzetan, hori zen Lanies familiaren nahia ere. Azkenerako, ez da hala izan. Herriko Etxeak besten aurkezpenean erran zuen familiarekin adostutako testu bat irakurriko zutela balkoitik. Elkarteak eta kirolariak Ohi bezala, Baionako hainbat elkarte eta kirolari omentzeko baliatu dute besten hastapen ekitaldia herriko etxean. Errugbilariak lehenik: Federal 1 mailan irabazi duen ASBko neska taldea eta Frantziako txapelketa irabazi duten Aviron Bayonnaiseko kadeteak. Olinpiar Jokoetan izanen diren hainbat kirolari ere aipatu dituzte, hala nola Perle Bouge arraunlari paralinpikoa eta Sebastien Guerrero tiratzailea. Art Emotion, Source Iturria eta Point Accueil Jour elkarteak ere ohoratu dituzte. Hauek izan dira bestak abiatzeko balkoitik hiriko giltzak botatzeko ohorea izan dutenak: Patrick Larrieu Baionako futbol taldeko atezain historikoa, Ingrid Amigorena ASBko neska taldeko kapitaina eta Patrick Bruel Frantziako kantari ezaguna.