Alegazioak Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, AHTrik ez eta UAGA sindikatuek aurkeztu dituzte, besteak beste, eta manifestazioa iragarri dute Gasteizen, urriaren 26rako.
Kritiken erdian, eta Solariaren Arabako proiektuei alegazioak aurkezteko epea amaitzen den egun berean, enpresak jakinarazi du zer baldintzatan alokatzen edo erosten dituen lursailak bere parke fotovoltaikoetarako.
Sendo aritu da defentsan Frantziako selekzioa, baina ez da nahikoa izan Espainiaren erasoa geldiarazteko. 2-1 irabazi du Espainiako selekzioak gaur Municheko (Alemania) Allianz Arenan jokatutako finalerdietako partida. Frantziarrek hartu dute aurrea, baina azkar erantzun dio Espainiak eta bitan sartu dute baloia frantziarren atean. Bigarren zatian, markagailuari eustera mugatu da Luis de la Fuenteren taldea eta Didier Deschamps baionarrak zuzendatutako mutilek ezin izan dute Unai Simonen atea gainditu. Horrela, datorren igandeko finala jokatuko du Espainiak Berlingo olinpiar estadioan. Intentsitate handikoa izan da neurketaren lehen zatia. Espainia hasi da agintzen, baina Frantziak egin du lehen gola. Bederatzigarren minutuan Kilian Mbape taldeko izarrari iritsi zaio baloia; honek bikain erdiratu, eta buruz egin du lehena Kolo Muanik. Unai Simon Athleticeko atezainak ezin izan du ezer ere egin gola saihesteko. Frantziak azkar eraso egiten jarraitu du. Hori da Deschampsen taldearen jokatzeko modua: Defentsan sendo mantentzen dira eta, baloia berreskuratu ostean, azkar egiten dute aurrera. Halere, De la Fuenteren selekzioa behin baino gehiagotan gerturatu da Frantziaren zelaira. Horietako batean, 21. minutuan, berdindu dute partida. Lamine Yamali iritsi zaio baloia. Larunbatean 17 urte beteko dituen gazteak Frantziako atzelariei izkin egin, areaz kanpotik jaurti eta, zutoina jo ostean, Mike Maignanen atean sartu da baloia. Berdinketaren ostean, hazi egin da Espainia eta, lau minutura, bigarrena egin du. Jesus Navasek erdiratu eta Frantziako atzelari batek jo ostean, Dani Olmori iritsi zaio baloia. Honek indartsu jaurti du eta Jules Kounderen oinean jota sareetara bidali du baloia. Koundek sartu badu ere, Olmori eman diote gola, frantziarrak ukitu ez balu ere baloia barrura baitzioan. Gol horren ondoren partida lasaitu egin da. Ordura arte, Espainia aritu da, batez ere, erasoan. Erraz heldu dira frantziarren zelaira, baina horiek defentsa sendoa erakutsi dute. Eta erasoko aukera bakoitza baliatu dute jokaldi arriskutsuak sortzeko. Atsedenaldiaren ondoren ere joera bera mantendu dute. Espainiak zertxobait lasaitu du jokoa eta baloia alde batetik bestera mugituz jardun dute. Frantziak, berriz, une arriskutsuak sortu ditu. Mbapek eta Ousmane Dembelek lanak zaildu dizkiete Espainiako atzelariei. Deschampesek erasoa indartu du Antoine Griezmann, Eduardo Camavinga, Bradley Barcola eta Oliver Giroud zelairatuta. Eta 85. minutuan eduki dute partida berdintzeko aukera argiena. Mbape Simonen ate aurrera iritsi da, baina frantziarrak gora jaurti du baloia. Bitartean, De la Fuentek ere egin ditu aldaketak, taldea fresko mantendu eta Frantziarren erasoari aurre egin ahal izateko. Martin Zubimendi, Mikel Merino, Mikel Oiartzabal, Dani Vivian eta Ferran Torres sartu ditu partidaren azken zatian. Epaileak bost minutu gehitu dizkio partidari, baina Espainiako selekzioak baloia mantentzen asmatu du eta Frantziak ezin izan du berdindu. Txapelketan jokatu dituen sei partidak irabazi ditu Espainiako selekzioak eta bosgarrenez jokatuko du Eurokopako finala. Aurrez jokatu dituen lau finaletatik hiru irabazi ditu. Bigarren finalerdia, bihar Igandean Espainairen aurka nork jokatuko duen bihar argituko da. Ingalaterra eta Herbehereak arituko dira aurrez aurre. Ingalaterra da finalera iristeko hautagai nagusia. Izen handiak dituen taldea da, baina Eurokopa honetan ez da esperotaklo maila ematen ari. Halere, Suitzaren aurkako final-laurdenetako partidan itxura hobea eman zuen multzokako fasean baino. Bestetik, Herebehereetako selekzioa ere talde indartsua da, nahiz eta, multzokako fasetik juxtu-juxtu egin zuen aurrera. Dortmundeko (Alemania) BVB estadioan jokatuko dute neurketa, 21:00etan (La1 eta TF1).
Bat baino gehiago lokartuko zen Tourreko hamargarren etapa ikusten. Ulergarria da, batere emoziorik gabekoak izan baitira kilometrorik gehienak. Bada, garaipenaren zirrarak esnatu du Jasper Philipsen (Alepecin). Metaforikoa zen haren lozorroa; ohi bezala aritu ezinik zebilen Tour honetan. Iaz lau etapa irabazi zituen, baina Biniam Girmayren (Intermarche) itzalean ibili da orain arteko esprintetan. Gaur, ordea, nagusitasunez irabazi dio eritrearrari. Zorretan dago taldekideekin, eta, bereziki, Mathieu van der Poelekin: munduko txapeldunak bikain bideratu du esprinta, eta eskura eman dio garaipena Philipseni. Iazko binomio emankorra indarrean da berriro. Bezperako atseden eguna aski ez, eta lehia beste baterako uztea erabaki dute txirrindulariek ia etapa osoan. Pedalei astiro eragin diete, eta, izerdiaren ordez, hasieran izan den euriak busti ditu. Abiatu eta tarte batera, Kobe Goossens (Intermarche) eta Harm Vanhoucke (Lotto) nabarmendu dira, baina berehala eman dute amore, hasieran zegoen tarteko esprinta igaro ostean. Tropelean Philipsenek bildu du puntu gehien, baina modu itsusian: alde batera egin du, askotan egin ohi duen bezala, eta bidea itxi dio Girmayri. Eritrearra hesien kontra talka egitear izan da. Tropelak zabal-zabal eginda eta lasai ederrean egin du aurrera. Haizearen mehatxuak ez du artegatu. Alboz jo dio zenbait momentutan, baina ez da ufada indartsurik izan, eta, hortaz, haize babesik ere ez. Hori zen etapari gatz eta piper bat eman ziezaiokeen aldagai bakarra. Faboritoen taldeek abiadura bizkortu dute 60 kilometroren faltan, baina alarma faltsua izan da. Buruan igaro nahi zuten gune arriskutsu bat, besterik ez. Tadej Pogacar (UAE) behar bezala zaindu dute bere taldekideek. Esloveniarrak inongo arazorik gabe eutsi dio maillot horiari. Egun bat gehiago, egun bat gutxiago. Gauzak oso bare izan dira, harik eta amaieran betiko frenesia piztu den arte. Hautagaien taldeek zintzo egin dute lan, buruzagiak segurtasun tartera onik eramateko. Gero, esprinterren taldeei pasatu diete lekukoa. Education First jarri da buruan, baina agertu bezala desagertu da. Oso desantolatuak izan dira orain arteko esprintak, ez baita egon azken kilometroan esprinta garbi bideratu duen talderik. Gaur, ordea, aginte makilari tinko heldu dio Alpecinek, eta eskuz esku ibili du. Philipseni iritsi zaio azken ahaleginean, eta ezin izan dio inork kendu. Ez du mugimendu arriskutsurik egin behar izan Girmay azpiratzeko. Hirugarren Pascal Ackermann (Israel) izan da. Bihar ibilbide gogorragoa osatu beharko dute, Evaux Les Bains eta Le Lioran artean. 211 kilometroko saioa izango da, eta bukaeran lau mendate kateatuko dituzte: Neronne, Puy Mary –lehen mailakoa–, Pertus –gainsariak edukiko ditu gailurrean– eta Cere. Azken hori igo, eta hiru kilometro geldituko zaizkie helmugara iristeko. Faboritoen artean lehia piztu daiteke, eta, era berean, ihesaldiak arrakasta izan dezake. Gaur tropelean iraun dute denek, baina jende askok egin nahiko du alde bihar. Fisher-Black, aldapan garaile Lehen bukaera menditsua izan du gaur Italiako Giroak, hirugarren etapan. Toano mendatean zegoen helmuga, eta Niamh Fisher-Black (SD Worx) izan da iristen lehena. Lotte Kopecky taldekidea izan du atzetik, sei segundora; eta harekin batera helmugaratu dira Juliette Labous (DSM) eta Elisa Longo Borghini (Lidl), hirugarren eta laugarren postuan, hurrenez hurren. Lidergoari eutsi egin dio Longo Borghinik, eta orain Kopecky eta Labous daude podiumeko postuetan; hamahiru segundora bata, eta 25era bestea. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) 23. sailkatu da gaur, eta 26. dago nagusian, 3.50era. Bihar Imola eta Urbino artean ariko dira, eta hiru mendate igoko dituzte etaparen azken zatian.
Espero gabeko argazkia utzi dute Frantziako Asanblearako hauteskundeek Ipar Euskal Herrian. Hiru diputatuak Fronte Popular Berrikoak izanen dira, eta, lehen aldiz, ezkerreko abertzale bat diputatu izanen da Parisen. Eskuin muturra agintera ailegatzeko arriskua ezin da baztertu analisitik, baina ondorioa nahiko argia da: EH Baik ezin du irabazi Frantziako ezkerra gabe, eta Frantziako ezkerrak ezin du irabazi abertzaleak kontuan hartu gabe. Hautagaitzak osatzeko orduan ezarri zen eskema goraipatu dute ezkerreko abertzaleek hauteskundeen balorazioa egitean: Ipar Euskal Herriaren berezitasuna aitortzea, interes orokorreko gaietan lorturiko adostasunak defendatzea eta printzipio horiekin bateragarriak diren hautagaiak izendatzea. «Uste dugu elementu zentrala dela lurralde honetako eragile politiko guziek eskema hori kontuan hartzea». Izan ere, EH Baik Fronte Popularrean parte hartzeko lortutako akordioa funtsezkoa izan da, eta pentsa daiteke eragina izanen duela ondoko urteetan ere, hala nola 2026ko herriko bozetan. Euskara koofiziala izatea, Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari begiratzea eta halako aldarrikapen abertzaleak bere egin dituzte diputatu eserlekua lortu duten hautagaiek; frantses nazionalista jakobinoak bazter gelditu dira. Capdeviellek hautagai izan nahi zuen 2017ko arantza kendu eta Lasserreri gailentzeko, PSk ez zuen hautagai potentzialik Biarnoko hainbat hautesbarrutitan, eta Pereira babestea oso konplikatua zen abertzaleentzat, haren soslaia ikusita Ekainaren 14an jakinarazi zuen EH Baik Fronte Popularra integratu zuela, eta hiru hautesbarrutietako hautagaiak adostu zituztela. 4. hautesbarrutian, Iñaki Etxaniz eta Cecile Senderain; 5. hautesbarrutian, Colette Capdevielle eta Alain Iriart; eta 6. hautesbarrutian, Peio Dufau eta Marie Hegi-Urain. Alta, hasieran ez zen eskema hori aurreikusia: bezperan Parisen lortu zuten akordioan, 5. hautesbarrutia Frantzia Intsumisoari zegokion. Ostiral goizean, hautagai izendatu zutela jakinarazi zuen Sandra Pereira LFIko Angeluko (Lapurdi) hautetsiak —NUPESen hautagaia izan zen 2022an—. Iturri batzuen arabera Henri Etxeto PSko Baionako hautetsia aipatu zuten haren ordezko izateko aukera gisa. Frantses nazionalista jakobino ezagunak dira biak ala biak. EH Baik agiria bidali zuenean, telefonoa itzali zuen Pereirak. Mugimendu abertzaleak azken urteetan izan duen bilakaerak garrantzia izan du, baina, itxura guztien arabera, planetak lerrokatu dira, bakoitzaren interes pertsonal eta kolektiboak nahasita. Capdeviellek hautagai izan nahi zuen 2017ko arantza kendu eta Lasserreri gailentzeko, PSk ez zuen hautagai potentzialik Biarnoko hainbat hautesbarrutitan, eta Pereira babestea oso konplikatua zen abertzaleentzat, haren soslaia ikusita. Emmanuel Macronek hauteskundeetara deitu eta Frantzian Fronte Popularra osatzeko aukera agertzen hasi zenetik, elkarrizketa bat baino gehiago izan ziren Ipar Euskal Herrian aliantza hori lortzeko: batetik, PS eta EH Bairen artekoak, Frederique Espagnac eta Iñaki Etxanizekin, besteak beste. Baina Frantzia Intsumisoko arduradunekin ere izan ziren solasak Parisen, hala nola G7koen aurkako 2019ko kontragailurrean egindako kontaktuen bitartez. Hautesbarrutien banaketa aldatu eta bosgarren hautesbarrutia PSren esku uztea lortu zuten horrela. Departamenduaren Biarnoko aldean diren lehen eta hirugarren hautesbarrutiak LFIkoen esku gelditu ziren. Abertzaleak ez, frantses nazionalista jakobinoak dira ekuaziotik bazter gelditu behar dutenak. Abertzaleek bi urte dituzte ideia hori mailukatzeko Ondotik, PSren departamendu kontseiluak eta Frantziako nazio kontseiluak berretsi zituzten hautagaitzak, tartean Dufaurena. «Erran zuten seigarren hautesbarrutiko hautagaitza euskal erregionalista bati utziko geniola, eta inork ez zuen adierazi ez zela ados», kontatu zuen Capdeviellek berak biharamunean. Frantziako ezkerrean, horrek poza piztu zien batzuei. «Badirudi Colettek [Capdevielle] hautesbarrutiak trukatzea lortu duela, eta biziki pozik naiz», adierazi zuen telefonoan EELVko Ipar Euskal Herriko arduradun batek ostiral hartan. PCFk, aldiz, agiri bat atera zuen «sekretupean» egindako aliantza hori salatzeko. Abertzaleen aldekoa zen tantoa. 2020ko herriko bozen bigarren itzuliko kanpainan, Etxetorekin aliantza egiteko prest agertu ziren Baionan ezkerreko abertzaleen batzuk, haren figura legitimatzeko arriskua hartuta. Beste abertzale askorentzat pentsaezina zen frantses jakobino batekin batzea. Tentsioak eragin zituen horrek. Azkenean, bigarren itzulian hautagairik ez aurkeztea erabaki zuten, eta Jean Rene Etxegarairen eskuineko zerrendak irabazi zuen. Frantziako ezkerrean, abertzaleak jo zituzten ezkerrak galtzearen erruduntzat, beste behin. Lau urte beranduago, abertzaleekin irabazi du ezkerrak. Ondorioa argia da: ezkerreko indarrak batzen direnean eta Euskal Herria aitortzen duten hautagaitzak aurkezten dituztenean lortzen dituzte emaitzarik onenak. Abertzaleak ez, frantses nazionalista jakobinoak dira ekuaziotik bazter gelditu behar dutenak. Abertzaleek bi urte dituzte ideia hori mailukatzeko. Euskal Elkargoko lehendakaritza Beti da konplikatua hauteskunde batzuetatik besteetarako proiekzioak egitea, baina emaitzak parekatzeak argibide batzuk eman ditzake. 2020ko herriko bozak COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduak baldintzatu zituen, eta parte hartzea biziki apala izan zen. Aldi honetan, eskuin muturra boterera heltzeko beldurrak piztuta, aspaldi ez bezala mobilizatu dira herritarrak hauteslekuetan. Era berean, jakina da herritarrek ez dutela berdin bozkatzen Frantziako Asanblearako eta herriko etxerako. Elementu horiek ahantzi gabe so egin behar zaie emaitzei. Hego Lapurdiko hainbat herritan abertzaleek bultzatutako ezkerreko zerrenda zabalek irabazi izana izan zen albiste nagusietako bat 2020an. Azken bi asteetan, Fronte Popular Berriak emaitza horiek berretsi ditu, hein batean: aise irabazi du Urruñan eta Hendaian. Garaipen estuagoa izan da Ziburun —berrehun botoren aldearekin gailendu zen NFP lehen itzulian; ehun bat botoren aldea lortu du bigarrenean—. Uztaritzen ere lehen indarra izan da ezkerreko aliantza. Lau kolore ageri ziren Ipar Euskal Herriko mapan lehen itzuliko gauean: Lapurdi kostaldean zentro-eskuinarena, Aturrialdeko herrietan eskuin muturrarena, eta barnealdeko parte batean eskuin kontserbadorearena. Gainerakoan, ezkerraren gorria zen nagusi. Colette Capdevielle eta Alain Iriart, bigarren itzuliko gauean, Baionan. PATXI BELTZAIZ 2026ko herriko bozetan berriz halako emaitzak lortzea eta ahalik eta herriko etxe gehien eskuratzea izanen da ezkerreko abertzaleen erronka. 2020an Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzara aurkezteko prest agertu zen Alain Iriart EH Baiko kidea, baina alderdikideek bidea moztu zioten. Etxegarairen hautua hobesten zutela adierazi zuten gutun publiko batean mugimendu abertzaleko hainbat pertsona ezagunek ere. Frantziako Asanblearako funtzionatu duen ezkerreko aliantzaren konfigurazioa herriko bozetan ere baliatuko balitz, hirigune elkargoan hautetsi gehiago eskuratuko lituzkete ezkerrak eta abertzaleek, eta, hala, bestelako indar harreman bat ezarri. Lapurdiko hiri nagusietako emaitzak erabakigarriak izanen dira alde horretatik, horiek baitituzte elkargoan ordezkari gehien. Horien artean da Baiona. Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian 3.500 botoren aldea atera zion Capdeviellek Florence Lasserre zentro-eskuineko hautagaiari. Lasserre ez da Etxegarai Baionan, eta Capdevielle Parisen izanen da 2026an —edo ez?—. Lanak izanen dituzte Frantziako ezkerrak eta ezkerreko abertzaleek ontzat emanen duten hautagaitza bat adosten; baina batzuk hasiak dira kalkulu horiek egiten. Barnealdeko herrietan, herriko bozetako hautagaitzek alderdi politikoen eskemak gainditu ohi dituzte. Hautatuak direnak abertzaleen kontrako aurkari sutsuak ez badira, Iriarten sostengu izan litezke elkargoan. Etxegarairen kudeaketa kritikatu dute herri txiki anitzetako hautetsiek azken urteetan. Eskuin muturreko botoak Frantziako Asanblearako hauteskundeetan eskuin muturraren alde egin dutenek herriko bozetan zer jarrera izanen duten, hori da argitzeko dauden auzi handienetako bat. Ipar Euskal Herrian Batasun Nazionalak 44.214 boto eskuratu zituen lehen itzulian; 52.885 bigarren itzulian. Baionan eta beste hiri handi batzuetan izan ezik, orain arte ez da eskuin muturreko hautagaitza ofizialik izan herriko bozetan, eta izan direnek emaitza apalak lortu dituzte. Eskuineko hautagaien boto erreserba gisa hartzea da logikoena, baina ezin argi jakin nora joko duten. Haatik, pentsa daiteke eskuin muturrak lortu dituen emaitzek eskuineko hautagaien diskurtso xenofobo eta arrazista askatuko duela. Hori izan da azken urteetako joera. Frantziako Gobernuaren immigrazio legea bozkatu zuen Max Brisson LRko senatariak, eta behin baino gehiagotan egin ditu musulmanen kontrako adierazpenak. Baliteke Errepublikanoek diskurtsoa gogortzea ondoko urteetan. Baina zentro-eskuinean ere lerratzeak izan daitezke: migranteen kontra mintzatu zen Christian Deveze Ensembleko seigarren hautesbarrutiko hautagaia bigarren itzulian Dufaurekin izan zuen eztabaidan —Korrikan migranteak Irundik Hendaiara pasatu izana leporatu zion—. Zaintzekoa izanen da ondoko urteetan batzuek eta besteek garatuko duten diskurtsoa. Oraindik bi urte eskas dira 2026rako. Tarte horretan, Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionala bultzatzeko mugimendua berriz abiatuko da, eta horri begirako posizioak argitu beharko dituzte talde politikoek. Aurreikusten da Frantziako Estatuan erregimen krisi bat izanen dela, eta edozer gerta daiteke. 2026 bihar da, eta oraindik asko falta da.
Aurkeztu berri duten 2024-2027 Udal Etxebizitzen Plan Estrategikoak hurrengo lau urteetan alokairu sozialeko 200 etxebizitza berri sortuko dituztela ere jasotzen du.
Datu zehatzik eman ez badute ere, EAEko erakundeetako Ogasun arduradunek jada aurreratu dute mutualistei egindako itzulketek eragin zuzena izango dutela datorren urteko aurrekontuetan.
«Uste dut erantzuten dudan hamabigarren elkarrizketa dela», adierazi du barkamen tonuan Peio Dufauk (Donibane Lohizune, 1979), eman nahi zuen erantzunean behin eta berriz trabatu ondotik. Telefonoa jo eta jo ari zaio igande gauetik; dozenaka mezu ditu irakurri gabe. Pausatzeko denborarik gabe, Pariserako trena hartu du, bihar Frantziako Asanbleara aurkezteko. EH Baiko kidea Fronte Popular Berriko diputatua izanen da gutxienez urte baterako. Ahots nekatuarekin baina pozik, lanerako gogoz doala baieztatu du. Zer sentimendurekin zoaz Parisera? Determinazioarekin, eta arduraz beterik. Badakit zer garrantzia izanen duen nire lanak; badakit zenbat jendek dituen itxaropenak. Ikusten dut zer xantier dudan aitzinean, eta zer-nolako lana egin beharko dudan. Zer izanen da zure programa ondoko egunetan? Parisera iristean, pausatzeko tarte bat hartuko dut, azken asteetan biziki erritmo azkarrean ibili baikara denak. Bihar goizean Iñaki Etxanizekin eta Colette Capdeviellekin elkartuko gara asanblea aitzinean, eta elkarrekin sartuko gara. Niretzat garrantzitsua da, militantea izanik ere esperientzia gutxi baitut horretan. Paperak bete, eta behar diren gauza guziak kudeatuko ditugu. Ondoren, uztailaren 18an abiatuko da asanbleako aldi berria, eta abuztu hastapen arte lanean jarriko gara denak. EAJk jakinarazi zuen ez zinela Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioan sartuko. Ez da engaiamendurik izan, ez baitugu akordiorik egin EAJrekin. Ez dugu sekula engaiamendurik hartu, ez nik, ez EH Baik; egin duten komunikazioa okerra da. Nola eta zeren arabera hautatuko duzue zer taldetan sartu? Harremanen arabera jokatuko da. Jadanik hasi gara elkarrizketan, eta izan ditugu proposamenak talde batean edo bestean sartzeko. Baina guk askatasun osoa atxiki nahi dugu. Talde batean izatea garrantzitsua da, bestela biziki zaila izan baitaiteke hitza hartzeko eta lan egiteko. Argi dugu talde batean sartuko garela, zeinetan ez da oraindik finkatua; baina ez dugu baztertzen askatasunez aritzea, eta berdin, beste lurraldeetako batzuekin talde bat sortzea ondoko hilabete eta urteetan. Dena eraikitzekoa da. Parisen izanik lotuko ditugu harremanak. Frantziako Asanbleako gobernabidea ere zalantzazkoa da. Pentsatzen dut egingarria dela. Bada gehiengo zabal bat ezkerrean, nahiz eta gehiengo absoluturik ez den lortu. Orain ikusi beharko da nola lan egiten dugun elkarrekin, hori baita lehentasuna: lana, lana eta lana. Ezin dugu aukera hori huts egin. Hollandek huts egin zuen, geroztik Macron etorri zen, eta orain eskuin muturra hor dugu. Ez bada emaitzarik lortzen, hiru urteren buruan Marine Le Pen izanen dugu, eta gure errua izanen da. Baitezpada eraiki behar dugu elkarrekin, zatiketak alde batera utzi, eta bere buruarentzat ari direnak alde batera utzi. Komunean ditugun balio horien guzien inguruan eraikitzea, proposatzea eta jendartearen eguneroko bizitza hobetzea; hori da helburu bakarra. Nola ikusten duzu zure funtzioa diputatu gisa? Euskal Herriaren boza izan nahi dut Parisen, eta denena. Ez ezkerreko abertzaleena bakarrik, baizik eta ezker guziarena; nire alde bozkatu dutenena eta bozkatu ez dutenena, enpresena, laborariena, langileena… Hor naiz hautesbarrutiko herritar guzien boza eramateko. Garrantzitsua da, badelako haserre bat politikarien kontra; batzuek ez dute bere rola bete. Macronismoaren egiteko moldea zen Parisen erabakitzea eta lurraldeetan aplikatzea. Horrek Jaka Horiak sortu zituen. Ikusi genuen erretreten erreforma nola inposatu zuten ere, gehiengoaren kontra. Horrek du eskuin muturra indartu. Ez da denentzat plazer bat izanen ni diputatu izatea, ez dute denek bat eginen eramanen ditudan posizioekin. Baina posizioak lurraldeko jendeekin eraikiko ditut, ez Parisen. Zein izanen dira zuretzat lehentasunak ondoko aste eta hilabeteetan? Iñaki Etxanizen legea bertan behera gelditu zen asanblearen desegitearekin [proposatu zuen Airbnb-ren gisako bizitegi turistikoen gaineko zerga kenketen murriztea]. Hori berriz eraikitzekoa da; beharbada lehen baino indartsuago. Etxebizitzaren erronka horri erantzun behar diogu. Badira beste gai batzuk ere: laborarien egoera, euskara eta hizkuntza gutxituak, aitzinamendu sozialak… Fronte Popularraren programan diren gai horiek beharrezkoak dira, jendeak lan eginez ere ez baitu nahikoa dirurik bizitzeko gaur egun. Hauteskundeak iragarri zituztenean inor gutxik pariatuko zuen diputatu bilakatuko zinela. Nola interpretatzen dituzu igandeko emaitzak? Berezia da. Nik ez dut sekula eskatu horrelako posturik. Duela bi urte, EH Bai etorri zen niregana pentsatuz hautagai egokia nintzela; gogoeta eta elkarrizketa anitz izan nituen erantzun aitzin. Uste dut ezkerreko indarrak batu behar zirela; duela bi urte ere mezu hori zabaldu nuen. Garrantzitsua zitzaidan ezkerreko zatiketa hori gainditzea, eta gauzatu da. Ez da gure esku izan bakarrik, baina EH Baik lehen urratsa egin zuen erranez fronte popular horren sortzea zoriontzekoa zela, eta hori zela bidea. Elkarrizketak izan dira ikusteko hori nola eraiki, eta eraiki da. Harrigarria da emaitza: azkenean, Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak Fronte Popularrekoak izanen dira. Nehork ez zuen pentsatuko. Sindikalismoan izan dudan ibilbidea, Ziburuko herriko etxerako lortu genuen aliantza… Horrek erakusten du anitzek zuten beldurra gainditzen ahal dela, lan egiten dela, serioak garela, eta ardurak hartzen ditugula. Indar handia egin duzue kanpainan. Sekulakoa izan da. Uste dut laurehun pertsona inguru bildu direla egunerokoan afixak kolatzen, eskuorriak banatzen, jendeekin hitz egiten. Erokeria bat izan da: ez dut sekula horrelako mugimendurik ikusi. Gaindituak ginen. Larunbat batez sei merkatutan ginen, eta atez atekoarekin ere sekulako lana eraman dugu, Miarritzen, Kanbon, eta beste hainbat herritan. Horrela irabazi dugu. Oraindik badira ezinikusiak ezkerrean, eta Euskal Herria ukatzen duten frantses nazionalistak. Uste dut batzuek ez dutela lortzen arazo hori gainditzea, eta uste dut, aldi berean, nire rola izanen dela Parisen alderdi horietako buruzagiekin mintzatzea, azaltzeko zer den gure egoera, zer gertatzen den gure lurraldean, zergatik gure hizkuntza defendatu behar den. Orain arte, bitartekarien bidez hitz egin dugu haiekin, eta orain, parez pare mintzatzeko aukera izanen dugu. Ipar Euskal Herrian adostasuna bada euskararen alde, eta etxebizitzaren arazoari begira ere bai. Bada zerbait eraikitzeko Euskal Herrian bezala Parisen ere. Pentsatzen dut elkarrizketaren bidez lortuko dela urratsak egitea. Hori izanen da garrantzitsua: parlamentuan lan egitea, eta hautesbarrutian lan egitea.