Geldiezin dabil Athletic
Beste hiru puntu poltsikoratu ditu Athleticek. Zuri-gorriak laugarren postuan dira ligan, eta gaur aurrerapauso handia eman dute Vila-Real bosgarren sailkatuari irabazita (2-0). Bartzelona liderra sei puntura dute. Gaurkoa ez da azkenaldian Athleticek egin duen partidarik onena izan, baina berdin du. Ernesto Valverderen taldeak gutxi behar du golak egiteko, eta dena ondo irteten den une horietako bat ari da bizitzen. Giroa ere hotza izan da San Mamesen. Batetik, eguraldiagatik, eta, bestetik, Herri Harmailaren grebagatik. Zuzendaritzaren jazarpena salatu nahi izan dute modu horretan. Ez da aitzakia izan. Korner batean aurreratu dira, 15. minutuan; Paredes izan da golegilea. Eta bigarren zatian errematatu dute lehia, Iñaki Williamsek amaitu duen kontraeraso bati esker.


