Oliba-olioak ez du BEZik izango uztailetik aurrera. Ministroen Kontseiluak zerga kendu dio gehien garestitu den jakiari, merkatu nahian. 2021eko urtarriletik prezioa hirukoiztu du.
88 urte beteta, gaitz luze baten ondorioz zendu da Donald Sutherland kanadar aktorea, haren seme Keifer Sutherlandek sare sozialetan baieztatu duenez. «Zinemaren historiak izan duen aktorerik garrantzitsuenetako bat iruditzen zait, rol bakar batek ere ez zion beldurrik eragin; zintzoarena, gaiztoarena edota itsusiarena egin beharko bazuen ere. Maite zuen egiten zuena, eta maite zuena egin zuen. Ongi bizi izandako bizitza izan du», adierazi du Kiefer Sutherlandek. Donald Sutherlandek lan oparoa utzi du, film sonatu askotan parte hartu baitzuen, besteak beste honakoetan: The Dirty Dozen, Klute, Don’t Look Now, Animal House, Invasion of the Body Snatchers, Hunger Games eta Mash. Azken film horretan, hain zuzen, Hawkeye Pierce zirujauaren rola jokatu zuen, eta haren interpretaziorik gogoratuenetako bat da. Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ohorezko Oscar saria eman zion 2017an, bere ibilbide oparoaren omenez. Gidoi lanetan eta antzerkigintzan ere aritu zen. 2019an Donostia saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian, eta, besteak beste, moldakorra izatea goraipatu zioten. «Milesker, Euskal Herria» ozen eta sendoak esanez eskertu zuen saria: Donald Sutherland New Brunswicken (Kanada) sortu zen, eta aktore izan baino lehen irrati bateko albistegietako esatari aritu zen. Ondoren, 1957an, Kanada utzi eta Londresera jo zuen, Musika eta Arte Dramatikoen akademian estudiatzearren. Horrek Erresuma Batuko telebista eta zinemako ateak zabaldu zizkion.
Jarraipena, segida, jarraitutasuna edo hitz horien bertze edozein sinonimo izan da segur aski Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioaren bigarren atalean gehien errepikatu den hitza. Imanol Pradalesen (EAJ) eta Pello Otxandianoren (EH Bildu) hitzaldiak entzun eta gero, ordu erdiko tartea izan dute alderdi guztiek —Vox eta Sumarrek hamabosna minutu— proposamen horiez mintzatzeko. 14:30ean hasitako saioan, alderdi guztiek, PSE-EEk izan ezik, erran dute aurrekoaren jarraipena bertzerik ez dela jeltzaleek aurkeztu duten «eredu berria». Are, Eneko Andueza sozialistak zehaztu du jeltzaleek eta sozialistek sinatutako akordioarekin «estilo berri bat» datorrela, eta dokumentu horrek kanpainan «mahai gainean jarritako elementu guztiak» jasotzen dituela. Iñigo Urkullu lehendakaria saiora bertaratu ez izana ere nabarmendu dute alderdiek. EAJ: «Aro berri bat» Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramaileak nabarmendu du apirilaren 21eko hauteskundeek «aro berri bat ireki» zutela eta bertze bat itxi. Azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak arazo anitzi egin behar izan diela aurre, eta horiei «zintzo» erreparatu diela. Halere, uste du bozetan herritarrek mezu bat igorri zutela, eta jeltzaleek eta sozialistek «ondo interpretatu» dutela hori. Ez, ordea, EH Bilduk, eta haiei gogorarazi die desadostasunak konpontzen jakitea dela adostasun ororen gakoa; iradoki du ez dakitela hori egiten: «Batzuk ganbera honetara bakarrik sartu dira, eta bakarrik aterako dira. Jarraitzen dutelako politika bakarrik egiten, herrialde anitz batean». Alde horretatik, erran du goizeko saioan «bi eredu» aurkeztu direla: Imanol Pradalesen «proiektu zehatza eta asmo handikoa», eta Pello Otxandianoren «diskurtso iraungikorra». Koalizio subiranistako hautagaiari mintzatu zaio gero, eta azpimarratu haren hitzaldiak erantzun baino galdera gehiago utzi dizkiola: «Lehendakarigai batengandik espero beharrekoa izango litzateke erantzunak ematea». Gainera, erran dio bere hautagaitza «kosmetikoa» dela, ez zuela irabaziko jakinda ere aurkeztu delako. EH Bildu: Ez indar berririk, ez gidoi aldaketarik «Ezin da aldaketaren indarra izan, eta aldi berean orain arteko gobernantza eskemekin jarraitu». Argi hasi du Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak inbestidura saioko mintzaldia, erranez Pradalesek aurkeztutako programa «jarraitutasun» programa bat dela. Gehitu du gaurkoa saio «garrantzitsua» dela, lehendakaria nor izanen den hautatuko delako, baina jeltzaleendako eta sozialistendako «tramite hutsa» dela. Alde horretatik, erreferentzia egin dio koalizio abertzalearekin elkarrizketarik ez egin izanari ere: «Herri honetako bi familia abertzaleen arteko elkarrizketak ez luke anomalia izan beharko, baina momentu honetan hala da». Hauteskundeez geroztik Pradalesek izan duen jarrera orokorra ere aipatu du: «Herriari ere apenas hitz egin diozun». Jeltzaleen hautagaiari adierazi dio goizeko hitzaldian bazirudiela Otxandianorekin bat egiten zuela egungo errealitatearen analisia egitean, baina EAEz solastatzen duen moduagatik «dena ondo» dagoela dirudiela. Ordea, diskurtso horrekin herritarrak ezin direla «identifikatuta sentitu»: «Arazoak pilatzen ari dira; guk ez dugu esango egoera katastrofikoa denik, baina bai egoeraren diagnostiko zintzoa egin behar dela». Hortaz, erran die zortzi urte izan dituztela planteatutako aldaketa guztiak egiteko, baina «zalantzan» dagoela haien sinesgarritasuna. Kortajarenak erran du oposizioan egotea tokatzen bazaie rol hori hartuko dutela, eta akordioetarako prest egonen direla. «Espero dut legegintzaldi hau berrikuntza diskurtsiborako ziklo bat izan dadila, egiteko modu feministak eta berrikuntza politikoak gako izan beharko luketela. Espero dut hala izatea», borobildu du. PSE-EE: Lau urtetik harago «Gobernu honek gehiengo absolutua badu ere, ahal diren indar guztiak batu nahi ditugu», erran du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak sozialisten eta jeltzaleen arteko akordioari erreferentzia eginez. Halere, argi adierazi du ezer gutxi partekatzen duela koalizio subiranistarekin, «herri eredutik hasita». Iradoki du, gainera, EH Bilduk egiten dituen aldarrikapen subiranistek Europan zabaltzen ari den mugimendu ultraeskuindarren mezuen antza dutela. Bide horretatik, erran du «agintaldi berri bat» datorrela, «lidergo berri bat, belaunaldi berri bat duena buru, eta estilo berri batekin»: «Akordio hau ez da legegintzaldi honetako bakarrik, datozen urteetan Euskadin elkarrekin jarraitu nahi dugun bidearen diseinua da». Nabarmendu du, gainera, PSE-EEk kanpainan «mahai gainean jarritako elementu guztiak» jasotzen dituela atzo sinatutako gobernu akordioak. «Bilkura honetatik lehendakari berri bat aterako da, etapa berri baterako. Pradales jauna: gaurtik aurrera herri hau zuzentzeko ardura handia izango duzu, baita aurreko gobernuaren akatsak zuzentzeko aukera ere», borobildu du. PP: Lehentasun zaharrak berri Javier de Andres PPko ordezkariak erran du «konfiantza falta» bertzerik ez duela transmititzen EAJren diskurtsoak. Eta galdetu du orain arte lehentasun ez ote ziren jeltzaleek gaur aurkeztutako lehentasunak, osasunari, etxebizitzari edo lan arloari erreferentzia eginez. «Osasun sistema Europan punta-puntakoa bihurtu nahi duzuela diozue, baina lehen halakoa zen, eta orain ez. Galdu egin da hori. Herritarren bigarren kezka nagusi bihurtu da, eta Osakidetzaren zerbitzuak ez du gainditzen herritarren azterketa», zehaztu du. Etxebizitzaz ere mintzatu da, eta azpimarratu du eskariarekin alderatuta etxe publiko gutxi banatu direla. EAEko sektore pribatuaren «maila ona» publikoaren «maila txarrarekin» alderatu du, eta zehaztu jeltzaleek eta sozialistek sustatzen duten eredua «alegiazkoa» dela, «ez dator bat errealitatearekin». Sumar: Berdintasun Saila eske Gainerako agintaldiekiko «jarraipena» ikusten du Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek Pradalesen hautagaitzan. «Oposizioko alderdiei dei egin diezu, eta gu zuekin eztabaidatzera etorriko gara. Herri honetako langileek beste zerbait merezi dugulako», erran du. Izan ere, Hernandezek uste du Pradalesen gobernuarekin ez dela bermatuko EAEko aberastasunaren banaketa «justua». Are, erran du aurrekontu publikoetan gero eta pisu handiagoa dutela langileen ekarpenek enpresenek baino: «Gehiago duenak gehiago eman dezala». Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko politikak eskatu dizkio hurrengo Eusko Jaurlaritzari, eta ezinbertzekoa zaio horretarako Berdintasun Sail bat sortzea. Etxebizitzaz ere mintzatu da, eta argitu egin beharrekoa ez dela sarbidea sustatzea, baizik eta «eskubide hori ziurtatzea». «Pradalesen proposamena ez da berria; aurpegiak aldatuko dira, baina politika ez. Badakigu zer egingo duen, eta zein izango diren haren politikak. Guk neurri horiei aurre egingo diegu, eta akordioak lortzen saiatuko gara, gobernuarekin eta gainerako taldeekin ere», borobildu du. Vox: «Babes hesia» Vox alderdiko Amaia Martinez izan da lehena hitza hartzen, bazkari orduko atsedenaren ostean. Pradalesi galdetu dio ea jarraituko duen Voxi «babes hesia» jartzen. Alderdi ultraeskuindarrari botoa emandako «milaka herritar» ordezkatzen duen alderdia kontuan hartzeko eskatu du. Pradales «Sabin Etxeak gidatutako» lehendakaria izanen dela adierazi du, eta nabarmendu datorren legealdia «kontinuista» izanen dela, osasun eta klima aferei dagokienez batez ere.
Iritsi da. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatu berri dute: Imanol Pradales jeltzalea izanen da. EAJ eta PSE-EEko kideen 39 boto jaso ditu; beraz, gehiengo osoz hautatu dute. Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak, berriz, 27 boto jaso ditu, koalizio abertzaleko kideenak. PP, Sumar eta Vox alderdiko kideek ez dute hautagai horietako bakar baten alde egin. Larunbatean Gernikan hartuko du kargua lehendakari berriak; Iñigo Urkulluk aginte makila emanen dio. Goiz-goizetik hasi da inbestidura saioa, eta bi eredu aurrez aurre jarri dituzte hautagaiek, jakinda azkenerako EAJko lehendakarigaiak hartuko duela aginte makila. Edonola ere, Otxandiano hasi da, eta salatu «ezinezkoa» zela programari buruz eztabaidatzea, EAJk eta PSEk ez dutelako azaldu euren programa: «Hau ez da tramite hutsa», esan du. Koalizioko hautagaiak ziurtatu du «herri hau bidegurutze batean» dagoela: «Eraldaketa garaia da, arnasa berri batena, herri proiektu eta gobernantza eredu berri batena». [galleries:horizontal:50] Pradalesek, berriz, hasi bezain laster esan du «Euskadi herrialde paregabea» dela. «Aurrera egiten asmatu dugu, azken urteetako krisiak krisi. Ongizatean aurrera egin dugu, kalitatezko enpleguarengatik anbizioa dugulako, baina badago bere errealitatearekin kezkaturik dagoen jendea». Hori horrela, ezin da ez ikusi egin, EAJko hautagaiaren esanetan. Nolanahi ere, EAJko hautagaiak esan du «hona ekarri gaituen norabidean» jarraitu behar dela, «desberdinen arteko elkar ulertzea eta adostasuna» oinarri hartuta. Goizean zeresana eman du Iñigo Urkulluk ere, gaur arte Jaurlaritzako lehendakari izandakoak, Otxandianok hitzaldia bukatzean sartu baita osoko bilkurara. Bakoitzak ordu eta erdi izan du bere proposamena aurkezteko, eta bi orduko etena egin dute gero. Hitzaldiak entzun eta gero, ordu erdiko tartea izan dute alderdi guztiek –Vox eta Sumarrek hamabosna minutu– proposamen horiez mintzatzeko. 14:30ean hasitako saioan, alderdi guztiek, PSE-EEk izan ezik, erran dute jeltzaleek aurkeztu duten «eredu berria» aurrekoaren jarraipena bertzerik ez dela.
«Europarako sarbide segururik ez izateak, pertsonak hiltzera eta desagertzera kondenatzen ditu». Horrela hasi du prentsaurrekoa Marta Garcia Teranek, Zehar Errefuxiatuekin erakundeko Eragin eta Parte Hartze Sozialeko zuzendariak. Bihar Errefuxiatuen Mundu Eguna dela eta, urtero bezala agerraldia egin dute CEAR eta Zehar Errefuxiatuekin erakundeek. Joan den apirilean onarturiko Europako Migrazio eta Asilo itunak mugetako kontrolak indartzen dituela eta kanporatzeak sustatzen dituela azpimarratu du Elena Valverde CEAReko koordinatzaileak. Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea da CEAR. Bertzalde, asiloa lortzeko zailtasunak geroz eta handiagoak direla agerian eman du eta salatu du instituzioetatik ahaleginik ez dela egin oztopoen gainditzeko. Hain zuzen, joan den urriaren 13an heldu zen Waki Txanile Euskal Herrira. Duela zortzi urte atera zen Togotik, eta bidea «oso latza» izan dela adierazi du. Emazteentzat bidea egitea «are bortitzagoa» dela nabarmendu du. Benin, Nigeria eta Aljeria zeharkaturik, Tripolin preso sartu zuten bi urtez. Ondotik, Marokon egon zen hiru urtez Espainiara pasatu aitzin. Ibilbidean zehar bizi momentu latzez oroitzean, «bortxatua» izan dela aitortu du, eta Poliziaren «etengabeko jazarpenak» azaldu ditu. Marokotik Cadizera (Espainia) pasatzeko tenorean lagun batekin zegoela erran du, eta aditzera eman du «babestuagoa» sentitu dela bidean. Bakarrik bidaiatzen zuten emazteen egoera «deskribaezina» dela gehitu du. Behin Cadizen izanik, Alex —Txanileren laguna— Algecirasera (Espainia) lekualdatu zuten eta Txanile aldiz, Utrerara (Espainia) igorri zuten. Frantziara joateko helburua izanik, migratzaile batzuek Bilbotik pasatzeko aholkatu ziotela erran du. Bilbora heldu ondotik, Txanilek zehaztu du Alex eta biek karrikan lo egiten zutela. Zehar Errefuxiatuekin erakundeak aurkitu ondotik, Txanile Oñatiko (Gipuzkoa) Larraña etxera bideratu zuten. Bertako zerbitzuek lagundurik, ohartu zen bere anaia zentro beretik pasatu zela 2018an eta Gasteizen bizi dela gaur egun: «Miraria izan da niretzat Ibra han ikustea. Togoko familiak desagertutzat zeukan aspaldian». Haren erranetan, gaur egun Frantziako estatura pasatzeko nahia baztertu du. «Kontent» dagoela azpimarratu du, asilo eskaeraren ebazpenaren zain dagoen bitartean, Arreta Soziosanitarioko kurtso bat ari delako ikasten Aretxabaletan (Gipuzkoa). Datu «bortitzak» Lekukotasunaz aparte, azken datu «bortitzak» nabarmendu ditu Valverdek. Datuen zerrenda osoa harturik, agerian eman du iaz 3.155 pertsona hil zirela Mediterraneoan. Azken hamar urteetan, 29.827 pertsona desagertu dira ur horietan. Europako eskala hartuz, 292.985 migratzaile heldu ziren iaz, 2022. urteari konparaturik, %54,5eko goititzea izanik. Bertzalde, aditzera eman du Europara heltzen diren migratzaileen %91 itsasotik ailegatzen dela. Valverdek salatu du Espainiak asilo eskaera oso gutxi onartzen dituela: hain zuzen, aintzatespen tasa %16koa izan zen 2022an; iaz, aldiz, %12ra jaitsi zen, nahiz eta eskaera kopurua nehoiz baino handia izan. Bizkaian 3.840 asilo eskaera egin ziren iaz, Araban 1.226 eta Gipuzkoan 1.087. Aurtengoari behatuz, maiatza barne, guzira 3.396 asilo eskaera egin dira. Valverderen ustez, baliteke asilo eskaerek iazko datuak gainditzea. Migrazio datu esponentzialen zergatien artean, CEAReko koordinatzaileak ohartarazi du lekualdaturikoen kopurua emendatu dela munduko egoera orokorra okertu delako: «Munduan zehar, 2023an, 117 milioi lekualdatu zeuden. Gatazka iraunkorrengatik, giza eskubideen urraketengatik, elikagai krisiengatik eta klima larrialdiagatik herrialdeetatik ihes egiten dute gehienek». Oztopo ugari bidean emanik, Espainiako estatura heldu ondotik asiloa galdegiteko trabak «larriak» direla erran du Garciak. Haren ustez, baldintzek okerrera egin dute: «Asiloa eskatzeko hitzorduen gabeziek eta hitzorduen erosteko legez kanpoko salerosketak elikatu ditu». Karrikara ateratzeko deia Migratzaileen eskubideak bermatzeko 30 proposamen jasotzen ditu CEARen iazko jardueraren laburpenak. Harrera duin bat egiteko eta asilo eskaera baldintza onetan bermatzeko, Europako migrazio eta asilo itunaren aldaketa nahi dute. Horrekin batera, asilo prozedura egiteko sarbidea bermatzea aldarrikatzen dute. Giza eskubideen aldeko kanpo politika publiko «ausartak eta koherenteak» galdegiten dituzte, pertsona lekualdatuen «benetako» kausei kontra eginez: «Palestinan gertatzen ari den genozidioarekin amaitzeko neurri eraginkorrak sustatzea». Aldarrikapenak karrikara ateratzeko garaia dela ohartarazi du Garciak. Horretarako, biharko hiru manifestazio antolatu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Ahalik eta jende gehiena batzeko eskaera zabaldu dute «diskriminaziorik gabeko harrera» aldarrikatzeko.
Alemaniak azkar egin du lehen egitekoa etxean jokatzen ari den Eurokopa honetan. Julian Nagelsmannek entrenatutako selekzioa gaur bertan sailkatu da final-zortzirenetarako. A multzoko ligaxkan bigarrenez irabazita lortu du helburua: 2-0 hartu du mendean Hungaria. Joan den ostiralean lortu zuen lehen garaipena: 5-1 irabazi zion Eskoziari, Eurokopako estreinako norgehiagokan. Orduan baino zailtasun gehiago izan ditu gaur Hungariari gailentzeko, baina, hala ere, nagusi izan da. Musialak sartu du lehen gola, 22. minutuan, eta, Guendoganek, bigarrena, 67.ean. Albaniak Kroaziarekin berdindu du Albaniak, berriz, ezustekoa eman du, bina berdindu baitu Kroaziarekin, B multzoko bigarren jardunaldiko lehen partidan. Albaniarrek estu hartu zuten Italia aurreneko neurketan: gola sartu zuten hasi eta berehala, baina italiarrek emaitza irauli zuten gero (2-1). Gaur ere haiek sartu dute lehen gola, Lacik, 11. minutuan, baina Kroaziak buelta eman dio emaitzari bigarren zatian: Kramaricek sartu du aurreneko gola, 74. minutuan, eta Gjasulak bere atean sartu du bigarren gola, bi minutu eskas geroago. Itxura zuen Albania berriro esku hutsik geratuko zela, baina Gjasulak egindako hutsa konpondu du, 95. minutuan binakoa sartuta. Bihar, hiru partida jokatuko dituzte: Eslovenia-Serbia (15:00), Danimarka-Ingalaterra (18:00) eta Espainia-Italia (21:00).
Eneko Olasagasti zuzendari eta gidoilariaren bidez ezagutu da berria. Kike Diaz de Rada aktore, zuzendari eta idazle donostiarra zendu da, 64 urte zituela. Eszenatoki gainean ibili zen arren, pantailetan ere utzi zuen arrastoa. Film eta telesailetan aritu zen, esaterako, ETB2ko Mi querido Klikowsky telesailean. Euskal Herrian makina bat proiektutak aritutakoa izan zen. Bartzelonan egin zituen unibertsitate ikasketak —filologia ikasi zuen—. 1978an, Bartzelonan hau ere, bertako diputazioko Antzerki Institutuan antzerki ikasketak egin zituen, besteak beste, Pere Planella, Pavel Litbarsky eta José Sanchis Sinisterrarekin batera. Hor hasi zuen bere antzokietako ibilbidea. Orain antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen. Modigliani lana sortu zuen konpainia horretan. 1983an Tanttaka teatroa sortu zuen kideetako bat izan zen, Mireia Gabilondo eta Fenando Bernuesekin batera. El florido pensil antzezlanarekin konpainia ezagun egiten hasi zen. 1996koan estreinatu zuten obra. Hezkuntza frankistari parodia egiten dio antzezlanak, eta hainbat urtez, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak taularatu zituen Tanttakak. El florido pensil Niñas bertsioa ere egin zuten, emakumezko aktoreekin —Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Teresa Calo, Elena irureta eta Itziar Lazkano—. Dakota eta Novecento, ozeanoko pianista izan ziren parte hartu zuen beste lan ezagunetako batzuk. Lehenengoan Hipolito protagonisataren rola jokatu zuen. Bigarren antzezlanean aritzeagatik hainbat sari jaso zituen: Txema Zubia saria, Donostiako aktore onenari, eta Palentziako Hiria Saria, gizonezko aktore onenari. Mi querido Klikowskin jokatutako rola izan zen Euskal Herrian telebistan egin zuen lanik garrantzitsuenetako bat. Espainia mailan ere ekoizpen handietan parte hartu zuen. Filmetan ere aritutakoa izan zen. Kutxidazu bidea Ixabel eta Yoyes —Helena Taberna izan zen zuzendaria— izan ziren horietako batzuk.
Gehiegizko defizitaren espedientea barkatu dio Bruselak Espainiari, % 3tik gorakoa izan arren. Europako Batzordeak ondorioztatu du ez dagoela arrazoituta espediente bat abiaraztea, Espainiak izandako desbideratzea erreferentziazko atalasetik gertu egon ez arren, aldi baterakoa delako.