Euroguneko inflazioa % 2,6ra igo da maiatzean. Igoera, batez ere, zerbitzuen garestitzeak eragin du, % 4,1eko inflazioa izan baitzuten, aurreko hileko % 3,7aren aldean.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) angularen arrantza profesionala arautzen duen dekretua onartu du. Arau-esparru horren bidez, angularen arrantza profesional eta arduratsua bermatu
EAJk eta PSE-EEk berretsi egin dute Eusko Jaurlaritza eratzeko bi alderdietako talde negoziatzaileek egin duten gobernu aurreakordioa. EAJk ezohiko Aberri Batzarra egin du gaur Sabin Etxean, Bilbon, eta aho batez onartu du ituna. PSE-EEk 13an ireki zion militantziari aurreakordioa bozkatzeko aukera, telematikoki, eta gaur itxi dute, aurrez aurre bozkatzeko aukera emanda. Ez da ezustekorik egon, eta militanteen %96,18k onartu du akordioa —oinarrien %72k bozkatu dute—. Apirilaren 21eko bozetan 27na eserlekurekin berdindu zuten EAJk eta EH Bilduk. Baina, EAJk PSE-EEren babesa badu gobernua osatzeko, azken legealdietan egin duten moduan, koalizio gobernua berrituko dute. Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak gaur eman du gobernu aurreakordioari buruzko botoa. Adierazi du «islatuta eta ordezkatuta» sentitzen dela jelkideekin egin duten akordioarekin. «Uste dut zuzenean lotzen dela sozialistek hauteskundeetara aurkeztu genituen oinarriekin, eta horiek dira herritarrak gehien kezkatzen dituzten auziak. Hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza, enplegua, zaintza eredua, erronka demografikoa eta gazteentzako aukerak». Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia gaur, botoa ematen. PSE-EE Iragan astelehen iluntzean argitara eman zuten gobernu aurreakordioan proposamen orokorrak agertzen dira gai horien inguruan, zehaztasun handirik gabe. Ikusteko dago gobernua nola eratuko den, zenbat sail izango dituen eta sail bakoitza zein alderdiren esku geratuko den. Anduezak azaldu duenez, aste honetan adosten ari dira hori, baina sozialisten pisua handiagoa izango da, duela lau urte baino babes zabalagoa lortu baitute hauteskundeetan. Pradalesek ere baieztatu du ixtear dituztela negoziazioak, eta «bide onetik» doazela. «Lan eta lan gabiltza, eta hurrengo egunak oso garrantzitsuak izango dira azkenengo kontuak erabakitzeko», adierazi du. Inbestidurarako gogotsu eta pozik dagoela nabarmendu du EAJren lehendakarigaiak. Aberri Batzarrak Europako Parlamenturako hauteskundeetako emaitzei buruzko gogoeta ere egin du bilkuran. Hauteskunde gauean bertan egin ziren adierazpenen ildotik, jeltzaleen zuzendaritzak hausnarketa «gazi gozoa» berretsi du. Gozoa, orain arte zuten ordezkaritzari eustea lortu dutelako; eta, gazia, Hego Euskal Herrian lortutako boto kopurua «espero zena baino nabarmen txikiagoa» izan delako. Bi hautagai Lehendakariaren inbestidura saioa ostegunean izango da, Eusko Legebiltzarrean. Bi hautagai aurkeztuko dira lehendakaritzarako: Imanol Pradales EAJren izenean, eta Pello Otxandiano EH Bildurenean. Otxandianok jakinarazi zuen inbestidurara aurkeztuko zela, behin EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu aurreakordioa plazaratua zela. Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkideak inbestidura saioaren garrantzia azpimarratu du gaur: «Zita garrantzitsua da ostegunekoa. Legegintzaldiko garrantzitsuena da. Baina herritarrek urrun ikusten dute saioa, aspaldi izan baitzen apirilaren 21ekoa. EAJk eta PSEk tramite hutsa bihurtu nahi dute osoko bilkura». Kortajarenak, ETB1en egin dioten elkarrizketan, defendatu egin du Otxandiano Eusko Jaurlaritzaren lehendakarigai izateko aurkeztea. «Erantzukizunagatik eta arduragatik aurkeztuko dugu Pello Otxandianoren hautagaitza. Zazpi aste pasatu dira hauteskundeetatik, baina elkarrizketa errondarako tarterik ere ez da izan. Elkarguneak identifikatzeari muzin egiten zaio. Gainera, aurkeztu duten aurreakordioa orokorkeriaz beteta dago. Diagnostikoa eta herri proiektua falta dela oso nabaria da. Gauzak aldatu dira. 27 legebiltzarkide gara, eta lehen indarrarekin berdinduta daude», gogoratu duenez. Orain artekoak ikusita, uste du EAJren eta PSE-EEren helburu bakarra gobernua eratzea dela: «Pradales beraren berri ere ez dugu; ez dakigu zer uste duen Osakidetzako azken berriez edo etxebizitzaren arazoari nola aurre egin nahi dion. Lidergo falta nabaria da». Aste honetan jakingo da, halaber, nola osatuko den Eusko Jaurlaritza berria. Izen dantza bolo-bolo dabilen arren, ez dago baieztapenik. Orain arte argitaratu denaren arabera, halere, sail nagusiak EAJren esku egongo dira aurrerantzean ere: Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna eta Kultura -hizkuntza politika-, besteak beste; eta PSE-EEren esku geratuko lirateke Enplegua, Garraioa, Turismoa eta Etxebizitza. Ikusteko dago aurreko Jaurlaritzak baino sail gehiago izango dituen datorren legealdikoak. eusko jaurlaritza Gaur. EAJk eta PSE-EEk egindako gobernu akordioa berretsiko dute; alderdi sozialistan, oinarriek, eta EAJn, Nazio Batzarrak. Asteazkenean. Bi alderdietako buruek, EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak, akordioa izenpetuko dute. Ostegunean. Imanol Pradalesen inbestidura saioa egingo dute Eusko Legebiltzarrean. Ezusterik ezean, PSE-EEren babesarekin aterako da lehendakari, gehiengo osoz, lehen bozketan. Larunbata. Pradalesek kargua hartuko du, Gernikan.
Ekologistak Martxan-ek adierazi duenaren arabera, Arartekoak, EAEko herriaren defendatzaileak, bat egin du talde ekologistak Eusko Jaurlaritzari egindako eskariarekin; legearen araberako ozono troposferikoaren gehienezko mailak hainbat lekutan gainditu direnez, airearen kalitatea hobetzeko planak egiteko eskatu diote jaurlaritzari. Ekologistek salatu dute Eusko Jaurlaritzak «hamarkada batez» urratu dituela ingurumen legeak, eta Lakuaren «gelditasuna onartezina» dela nabarmendu du. Hala azaldu du Arartekoak: «Azaldutakoaren arabera, esanbidez eta arrazoituta erantzun diezaiola erreklamazioa aurkeztu duen elkarteak egindako eskaerari. Eskaera horren bidez, lehenbailehen ekin nahi zaio ozonoaren helburu balioak gainditzeak eragindako eremuan airearen kalitatea hobetzeko plan bat egiteari eta onartzeari, Airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 16.2.a) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz». Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak araudia betetzea espero du talde ekologistak. Adierazi dutenaren arabera, hiru aldiz eskatu du Ekologistak Martxan-ek airearen kalitatea hobetzeko planak egiteko, aurten azkenengoz, baina ez dute erantzun «positiborik» jaso. Ozonoaren maila murrizteko plan horiek garrantzitsuak direla nabarmendu du Ekologistak Martxan-ek: «Ozono troposferikoak (ozono txarra deritzonak) eragindako kutsadurak 17.000 heriotza goiztiar eragiten baititu urtero Europar Batasunean, horietatik 1.800 Espainian. Laboreen bi herenek eta gure baso eta naturgune gehienek ozono maila handiak jasaten dituzte, landaredia hondatzen dutenak». Ekologisten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ozono troposferikoaren mailak neurtzen dituzten neurgailuen erdiek Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako mailak gainditu zituzten. Erregistrorik txarrenak Valderejon (Araba), Jaizkibelen (Gipuzkoa), Eltziegon (Araba) eta Urkiolan (Bizkaia) atzeman dituzte.
Errumaniako eta Eslovakiako selekzioak pronostiko guztiak hautsi dituzte, Eurokopako E Multzoko irekieran garaipena lortuta. Errumaniak Ukraina jipoitu du (3-0), eta Eslovakiak multzoko faboritoa mendean hartu du, Belgika (0-1). Lehen partida ukrainarren nagusitasunarekin hasi da, baina ezin izan dute baloi jabetza baliatu lehen zatian gol aukera garbiak lortzeko. Errumania aldiz ez da kikildu faboritoaren aurrean, eta baloia lapurtzen zuen aldiro aurrera egin du golaren bila. Errumaniako selekzioa konfiantza handitzen joan da minutuek aurrera egin ahala. Defentsako lerroa aurreratu du Ukrainaren baloi irteera oztopatzeko, eta horrela iritsi da lehen gola. Ukrainak huts egin du baloi irteeran, eta Stanciu kapitainak sekulako gola egin du area ertzetik. Bigarren zatian Errumaniak ez du atzera egin, eta bost minutu eskasean bi aldiz zulatu du Luninen atea. Lehena Marinek egin du 53. minutuan, kontraeraso azkar batean eta berriro area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Bost minutura Dragusek egin du behin betiko gola, korner batean. Ukrainak aurrerapausoa eman du, baina berandu zen dagoeneko. Errumaniak lehen garaipena lortu du 2000. urtetik Eurokopan. Ukraina, aurreko edizioko final laurdenetaraino iritsi zena, gauzak asko zaildu dizkion emaitza bati buelta eman beharko dio hurrengo bi partidatan. Errumaniako jokalariak garaipena ospatzen. (RONALD WITTEK/EFE) Belgikak zanpatekoa jaso du Teloneroen atzetik Belgika iritsi da. Domenico Tedesco entrenatzaile berriarekin, Eurokopa irabazteko hautagai moduan iritsi dira belgikarrak, baina zanpatekoa jaso du multzoko ustezko talde apalenaren aurka. Eslovakiak ez ditu izar gehiegi bere hamaikakoan, baina adorez beteriko jokalariak direla erakutsi dute gaur. Zazpigarren minutuan aurreratu da Eslovakia, eta partida osoan emaitza mantentzeko gai izan dira. Doku belgikarrak akats larria egin du baloi irteeran eta Schranz-ek aprobetxatu du Bozenik taldekideari gol aukera garbia uzteko. Baina atezainak aldaratzea lortu du, eta Schranz berbera izan da baloia zutoinen artean sartzea lortu duena. Ondorengo minutu guztietan behin eta berriz saiatu da Belgika markagailua iraultzen, baina Eslovakia eroso egon da defentsa lanetan. Aukera argiena bigarren zati hasieran izan du Belgikak, korner batean Lukakuk gola egin baitu. Baina jokoz kanpo zegoen gutxigatik eta gola baliogabetu egin dute. Partida amaitzear zela, berriro gola sartu du Lukakuk, baina epaileak jokaldia berrikusi du, eta gola baliogabetu du aurretiko esku batengatik. Multzo erosoa aurreikusten zen Belgikarentzat, baina porrot honek, eta Ukrainarenak, hankaz gora jarri du E Multzoa.
Asiako herrialdeak aurreratu egin du Bruselak Txinako ibilgailu elektrikoei ezarritako muga-zergen erantzuna, eta neurri horiek zuzenean eragin diezaioke esportatzaile nagusi den Espainiari.
Bilboko alkateak uste du erabaki hori “albiste ona” dela “zentzurik gabeko greba baten aurrean”. Bilbobuseko langileek greba mugagabea hasi zuten apirilaren 9an, enpresarekin hitzartutako soldata-igoerak eskatzeko.
Uda honetan murrizketak hilabete lehenago iritsi direla nabarmendu du sindikatuak, eta osasun-zentroen itxierak eta ordutegien murrizketak 10 zentrotik seiri eragingo diela aurtengo udan. Egoera honen aurrean plan bat eskatu dio gobernu berriari.
Koldobika Jauregi eskultorea hil da gaur 64 urte zituela, bihotzeko baten ondorioz. Alkizako (Gipuzkoa) artista diziplina horretan egindako lanagatik zen ezagun nagusiki, baina artearen beste zenbait arlotan ere jardundakoa zen: margogintzan, bideogintzan… 1990eko hamarkadatik aurrera euskal artista erreferentziazkoa izan da, batik bat nazioartean. Eskulturan 1970eko hamarkadan hasi zen, eta egurra eta harria erabiltzen zituen nagusiki. Ordutik dozenaka erakusketa egin zituen, baita zenbait beka eta sari jaso ere. Eduardo Txillidak eman zion beka horietako bat, bost urtez, eta maisutzat zuen Jauregik. Karl Henrich Muller mezenasak emandako beste bati esker, berriz, egonaldi luzea egin zuen Alemaniako Dusseldorf hirian 1996. eta 2000. urteen artean. Azken urteetan nazioartean zein Euskal Herrian egin izan ditu erakusketak. Esanguratsua izan zen 2000. urtean Tokioko parke batean 26 eskultura jartzeko egin zuten lehiaketa batean bera izan zela hautatutako europar bakarra. Zenbait herritako kaleetan ere badaude Jauregiren obrak, adibidez, Donostian, Idiazabalen (Gipuzkoa), Barakaldon eta Lemoan (Bizkaia). 2012. urtean Ur Mara Museoa zabaldu zuen Alkizan, eta azken urteen Elena Cajaraville bikotekideak eta biek zuzentzen zuten. Hor jardun da beharrean gaurdaino. Pasa den ostiralean erakusketa bat inauguratu zuen Soraluzen (Gipuzkoa), eta beste bat ere prestatzen ari zen. Gainontzeko arte diziplinekiko zuen interesaren erakusle, 2018. urtean Dantza pelikularen ekoizleetako bat izan zen; Cajaravillek eta biek sortu zuten filmaren atrezzoa eta mundu estetikoa. Jauregirena da 2018. urtean ETAren armagabetzea irudikatzeko Baionan inauguratu zuten altzairu eta burdinezko zuhaitza, Arbolaren egia. Hura jarri aurretik izan zen artistarekin BERRIA. Alkizan zinegotzi izandakoa ere bazen. [articles:1179824]