Pascal Jocou gailendu da Beskoitzeko herriko bozen lehen itzulian
Herriko etxearen gidaritza berri bat nahi dutela adierazi dute Beskoitzeko (Lapurdi) herritarrek herriko bozen lehen itzulian. Pascal Jocou gailendu da 575 boto eskuratuta (%37,27), eta herriko auzapez izendatua izateko aukera handiak ditu. Fabienne Etxegaraik 539 boto eskuratu ditu (%34,93) —orain arteko herriko kontseiluan parte hartzen zuten hautetsiek osatzen dute haren zerrenda—. Azkenik, Haritza Camblongek 429 boto eskuratu ditu (%27,8). Emaitzak kontuan hartuta hiru zerrendek dute bigarren itzulira pasatzeko aukera. Astearte arratserako aurkeztu behar dituzte zerrendak. [articles:2125540] Martxoan dimititu zuen Fabienne Aiensa auzapezak, herrian ikastola berri bat eraikitzeko proiektuarekin sortutako gatazkaren harira. Beste hainbat hautetsik jadanik dimititua zutenez, hauteskunde aurreratuak antolatu ditu Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Parte hartze handia izan da: herritarren %70 inguru joan da bozkatzera, azken bi urteetan herrian izan duten tentsio giroaren erakusgarri. 18:00etan hauteslekuak itxi dituztenean, horietako andana hurbildu dira botoen kontaketa bertatik bertara segitzera. Emaitza jakin bezain laster, haren alde bozkatu dutenak eskertu nahi izan ditu Jocouk. «Elkarrizketari leku egin nahi diogu eta herria bateratu. Uste dut entzunak izan garela», adierazi du. «Inportanteena da bozkatu dutenen %70ek adierazi duela herrian aldaketa bat nahi duela». Aldaketa hori gauzatzeko Camblongek zerrendarekin elkartzeko aukeraz galdetuta, zerrenda kideekin aipatu behar dutela erran du. «Lehen lekuan iritsi gara. Gaia aztertuko dugu, baina taldea bururaino joatea da nik nahi dudana». Aliantza egitearekin uzkur agertu da bera, baina ez du «atea itxi» taldean erabaki behar dutela erranez. «Argi da bigarren eta hirugarren zerrendaren artean ez dela bateratzerik izanen, beraz ikusiko dugu». Azken asteetan etxez etxe aritu dira kanpaina egiten Camblongen taldekoak. «Besteen ondoan ez ginen hain ezagunak herrian, eta hala ere ez gara urrun gelditu. Alde batetik biziki kontent gara», adierazi du. «Eta era berean pixka bat triste ere. Denbora gehiago izan bagenu atez atekoan ibiltzeko, gehiago hurbilduko ginela uste dut». Arrats honetan berean biltzekoak ziren Camblongen taldekoak egoera eta emaitzak aztertzeko, eta bihar erabakiko dute bigarren itzulirako jarrera. Gaur eta bihar artean elkarrizketak izanen dituztela erran du Camblongek. Zaila izanen dela uste badu ere, ez dio atea itxi Jocouren zerrendarekin akordio batera iristeko aukerari @berria pic.twitter.com/z33PhJ0V8c — Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) June 16, 2024 Jocourekin aliantza egiten entseatuko direla iradoki du Camblongek, baina argi du ez dela erraza izanen. «Lehen itzulia aitzin entseatu ginen bi zerrendak biltzen; jende anitzek hori nahi zuten. Hamar egun pasa genituen negoziatzen; anartean, zerrenda osatzen segitu zuten». Hala ere, «irekiak» direla erran du Jocouren zerrendarekin mintzatzeko. «Argia da aldaketa gogo bat badela Beskoitzen, eta guk mezu hori ulertu dugu. Ez dugu oztopatuko aldaketa hori». Bi hautagaiek elkarrekin mintzatzeko tartea hartu dute, eta elkarrizketarako borondatea erakutsi dute. Ondoko orduetan jakinen da bi zerrendak bateratzeko aukerarik dagoen ala ez. Aiensaren pisua Emaitzek auzapez izateko aukera gutxi uzten badiote ere, Etxegaraik ez du burua makurtu nahi oraindik. «Bozak ez dira sekula eskuratuak; berrogei botoren diferentzia dugu Jocouren zerrendaren eta gurearen artean, ez da ezer galdua», erran du. «Bozkatzera joan ez diren pertsonen xerka joanen gara, horiek konbentzitzeko. Atez ate joanen gara gure programa defendatzera, segituko dugu» Etxegaraik uste du Fabienne Aiensa auzapez ohiaren bilanak eragina izan duela aurkeztu duten zerrendaren emaitzan. «Ulertu behar da zerrenda berria dela. Lan egiteko eta komunikatzeko manera berri bat da. Hori erakutsi nahi izan dugu bilkura publikoetan, baina badakigu horrek jende gutxi ukitzen duela. Etxez etxe joan beharko gara».