Bederatzi urte, 50 bilera baino gehiago eta, tartean, milaka eta milaka isun. Anitz izan dira Herritarren Segurtasunerako Legea –mozal legea deitua– baliogabetzeko saiakerak; halere, indarrean dago oraindik, eta badago egunero
Desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi diete Aske antolakundeko 128 kideri. Mozal legea aplikatuta, 1.200 euroko isuna jarri diote bakoitzari, 153.600 euro guztira: «Isunok ez dira gertakari bakana. Euskal Herriko mugimendu iraultzaileari jazartzeko [Espainiako eta Frantziako] estatuek darabilten estrategiaren pean kokatu beharreko pauso kualitatibo gisa ulertu behar dugu», erran du antolakundeak. Erlazionatuta BERRIAlagunentzat aurrerapena: Segurtasunaren izenean, babesik gabe Gertatutakoaren xehetasunak emateko agerraldia egin dute Gasteizen. Eta, azaldu dutenez, isunak 2023ko abenduaren 30ean egindako ekintza batengatik jarri dizkiete: euskal presoei elkartasuna adierazteko Zaballako espetxera egindako martxa batengatik. Antolakundeak salatu du ekinaldian parte hartu zutenei «heriotza mehatxuak egin» zizkietela poliziek, eta «jipoitu, goitik behera grabatu eta miaketetan ukituak egin» zizkietela. Adierazi dute isun horiek Poliziaren «jazarpena eta gehiegikeria zilegi egiten» dutela. Izan ere, azpimarratu dute zigor ekonomiko horiek mugimenduaren «gaitasun politikoa indargabetu eta etorkizuneko praktika politikoa baldintzatuko» dutela. Azaldu dute isun horiek guztiak «Euskal Herri langilearen eskubide politikoen aurkakoak» direla, eta, hortaz, bi modutara egin ahal zaiola aurre: «Xantaiari men egin eta inposatutako mugak onartuz; edo antolakuntzaren eta borrokaren bitartez oztopoak gainditzeko bitartekariak sortu eta aurre eginez». Azpimarratu dute bigarrena hautatuko dutela, eta ez direla isilik geldituko «jazarpenaren aurrean». Egoerari nola aurre eginen dioten ere azaldu dute: urriaren 5ean ekinaldi bat eginen dute, eta Euskal Herri osoari elkartasun deia egin diote. Gainera, laguntza ekonomikoa jasotzeko kontu korronte bat ere martxan jarri dute, eta herritarrei ekarpenak egiteko eskatu diete. «Jartzen dituzten oztopoak jartzen dituztela, Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan jarraituko dugu, horretarako borondate politikoa dugulako. 153.600 arrazoi baino gehiago ditugulako borrokan jarraitzeko. Eta ez dago borondatea itoko duen isunik. Elkartasuna ez da delitua», borobildu dute.
Frantziako eskuina, LR Errepublikanoak alderdia, zatitzeko zorian dago. Edo dagoeneko zatituta dago. Edonola ere, LRko presidente Eric Ciottik gaur eguerdian jakinarazitakoak, hau da, Asanblearako bozetarako Marine Le Penen RN Batasun Nazionalarekin elkartzearen aldekoa dela, hautsak harrotu ditu alderdikideen artean. Geroztik, kaosa da nagusi LRn. Tentsio handiko orduak dira, akusazioz, kritikaz eta ohartarazpenez beterikoak, eta oraindik ez dago erabat argi nola amaituko den afera hori guztia. Eta alderdiaren barne egoera geroz eta korapilatsuagoa den honetan, zatiketa baterako aukerak handitu dira eskuindarren artean. Maniobra politikoetarako eta erabaki azkarrak hartzeko egunak dituzte Frantzian, iragan igandean Emmanuel Macron presidenteak Asanblea desegin eta hauteskundeak aurreratzea erabaki zuenetik. Eta Ciotti ere, antza, erritmo horretan aritu da; alderdikideek esandakoak aintzat hartuta, bakarrik egin du RNrekin aliantza bat egiten saiatzeko hautua. «LR ahulegia da bloke macronistaren eta ezkerrean egin duten naturaz kontrako aliantzaren aurka egiteko. Aliantza bat behar dugu Batasun Nazionalarekin eskuinekoen bloke bat sortzeko, bloke nazional bat», argudiatu du LRko buruzagiak TF1 telebista kateko albistegian egin dioten elkarrizketan. Adierazpen horiek egiten ari zelarik, Ciottik bazekien alderdikide garrantzitsuenen iritzia zein zen; halako koalizio bat osatzearen kontra daudela, alegia. Eta behin LRko buruzagiaren elkarrizketa amaituta, denek adierazi dute ideia hori sare sozialetan eta hedabideetan: Gerard Larcher Senatuko presidenteak, Olivier Marleix Asanbleako talde parlamentarioko presidenteak, Bruno Retailleau Senatuko taldearen buruak —«[Ciottik] Gezurra esan digu»—, Valerie Pecresse Ile-de-France eskualdeko presidenteak —Paris barne hartzen du eskualde horrek—, Laurent Wauquiez Auvernia-Rodano-Alpeak eskualdekoak eta Xavier Bertrand Frantzia Garaikoak ere bai, kasurako. Denak aritu dira ahoan bilorik gabe, baina Florence Portelli mintzatu da gogorren, LRko presidenteordeetako bat. LCI telebista kateari egindako adierazpenetan, Portellik esan du Ciotti «bota» behar dutela, ez dagoela «beste aukerarik», eta alderdi eskuindarrak «urteak» pasatu behar baditu «hauteskunde lurzoruan», hala beharko duela. «Ezin ditugu gure balioak aldatu postuen truke», kritikatu du alderdiko presidenteordeetako bat denak, Asanbleako diputatu karguei buruz ari zela —RNk 577 aulkietatik 89 lortu zituen 2022ko bozetan, eta LRk, 64—. «LR ahulegia da bloke macronistaren eta ezkerrean egin duten naturaz kontrako aliantzaren aurka egiteko». ERIC CIOTTI LR-ren buruzagia Gerora, LRko buruzagiaren asmoen kontra agertu direnak testu bateratu bat argitaratu dute Le Figaro egunkarian, eta, haren bidez, argi utzi dute RNrekin akordioak egiteko asmoa soilik Ciottirena dela, soilik haren izenean egin duela proposamen hori eta eskuin muturrarekin elkartzea ez dela alderdiaren jarrera. Sinatzaileen artean daude, aurrez aipaturikoez gain, Frantziako eskuineko alderdi horretako kide historikoetako batzuk —besteak beste, Michel Barnier, François Baroin eta Christian Jacob—. Hori bai, dimisio eskari horiek guztiak jaso ondoren, Ciottik ez du amore eman; oraingoz ez, behintzat. Alderdiaren egoitzaren aurrean zegoela, arratsalde hasieran, hedabideei esan die ez duela utziko LRren buruzagitza, eta bere erabakia justifikatu du azalduta alderdikideen babesa duela. Goi kargudunen artean ez behintzat, gaur adierazitakoak kontuan harturik. «Soilik militanteek bota ahalko naute», esan du Ciottik. Alderditik kanpo, bozetarako ezkerreko koalizioa osatu nahi duten indar politikoak —LFI Frantzia Intsumisoa, PS Alderdi Sozialista, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF Frantziako Alderdi Komunista— ere agertu dira LRren presidentearen asmoen kontra, baita Frantziako Gobernuko hainbat ministro ere —tartean, LRtik atera eta Macronen alde egin zutenak— eta presidentearen Renaissance alderdia ere bai. Ciotti hautagaitzen aurretik kargugabetzea Portellik esandakoak aintzat hartuta, badirudi Ciotti alderdiko presidente kargutik botatzen saiatuko direla. Egutegiak eta epeek, ordea, arazoak sortuko dituzte pauso hori garaiz emateko, eta, beraz, aliantza posible hori blokeatzeko. Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian —hilaren 30ean— lehiatzeko hautagaitzak datorren igandean aurkeztu behar dituzte beranduenez. LRren zuzendaritzaren laurden batek Ciottiren dimisioaz aritzeko bilkura bat eska dezake, baina, hori eginez gero, alderdiko presidenteak zortzi eguneko epea izango luke hori antolatzeko; hau da, denbora luke, sobran, RNrekin akordio bat egiteko bilera horren aurretik. Eta kaos horren guztiaren erdian, politikari bat oso pozik agertu da: Le Pen. LRren presidenteari egindako elkarrizketaren ondoren, iragan legegintzaldian RNren Asanbleako talde parlamentarioko presidente izan denak esan du Ciottik «hautu adoretsu bat» egin duela, eta bide beretik mintzatu da, gerora, Jordan Bardella eskuin muturreko alderdiaren presidentea, Europako Parlamenturako bozetan zerrendaburu izandakoa. «Ciottik frantziarren interesa aukeratu du gure alderdienaren aurretik. Elkar ditzagun gure indarrak», adierazi du Bardellak. RNren asmoa, hortaz, LRrekin elkartzea da, baina ikusteko dago azkenean hori gertatuko den eta, gertatzekotan, zer baldintzatan. Aldiz, eskuin muturreko alderdi hori ez da batuko ultraeskuineko beste taldearekin, Eric Zemmourren Errekonkistarekin, gaur arratsaldean jakinarazi dutenez.
Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofian katedradunak EHUko errektore izateko hautagaitza aurkeztu du. Ohar bidez jakinarazi dute Bengoetxearen hautagaitza, eta azaldu «proiektu kooperatibo, parte hartzaile eta plural gisa» aurkezten dutela: «EHUk eta bere komunitate osoak bultzada berri bat behar du, bere ezagutza eta talentu guztia erronka garaikideen zerbitzura jartzeko». Oraingoz, harena da aurkeztu den hautagaitza bakarra. «Unibertsitatearen norabideari buruzko oinarrizko adostasunak berreskuratzeko unea da», zehaztu du Bengoetxeak berak oharrean. Izan ere, hautagaitzaren berri ematearekin batera, urte amaieran errektorea aukeratzeko egingo dituzten hauteskundeen garrantzia nabarmendu dute. Zehaztu dute hautagaitza aurkeztearen «abiapuntua» dela unibertsitatearen inguruko «goi mailako eztabaida baten beharra». Hartan, hautagaitzaren arabera, gizarteari egiten zaion ekarpenaren, finantzaketaren zein EHUren norabidearen inguruan hitz egin behar da. Bengotxeak xede gisa jarri du EHUren, gizartearen eta lurraldearen arteko lotura estutzea, proiektu «publiko berritzaile eta integratzaile, ireki eta konprometitu batekin». Eta azaldu du «ilusioz» ekin diola proiektuari, «unibertsitate komunitatearen bultzada» jaso duelako. Haren inguruan eratu daitekeen lan taldearen inguruko xehetasunik ez du eman, ordea, eta zehaztu dute hura datorren ikasturtearen hasieran iragarriko dela. «Talde plurala, askotarikoa eta konprometitua, proiektu akademiko eta sozial berritua duena», adierazi dute. Taldearen aurkezpena ez da hautagaitzak irailerako utzi duen lan bakarra; adierazi dute orduan ekingo diotela iritziak entzuteko bilera sorta bati, programa «elkarlanean eta era horizontalean» diseinatzeko helburuarekin: «Helburu nagusia da erakundea zuzentzea berrikuntzan, parte hartzean, hezkuntza eta ikerketa bikaintasunean eta gizarte konpromisoan oinarritutako ikuspegiarekin». Bada berritasun bat Bengoetxeak hautagaitza aurkezteko pausoan bertan. Izan ere, hautagai bakarra izan da EHUko azken hiru hauteskundeetan: 2012an, 2016an eta 2020an. Eva Ferreira gaur egungo errektorea bere oinordekoen talde berekoa izan zen; 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia izan zen. Nekane Balluerkaren zuzendaritza taldean jardun zuen gero, eta Ferreirak hartu zion lekukoa. Bengoetxea, ordea, ez da EHUren gaur egungo gobernu taldekoa. Jurista Bengoetxeak ibilbide luzea egin du akademian. Zuzenbidean doktorea da Edinburgoko Unibertsitatean, Zuzenbidearen Filosofian katedraduna EHUn eta honoris causa doktorea Helsinkiko Unibertsitatean; hain zuzen, duela urtebete jaso zuen izendapen hori. Bere ibilbidean, EHUko irakasleak jorratu duen gai nagusietako bat Europako zuzenbidea izan da, eta irakasle gonbidatu gisa aritu da, besteak beste, Stanford Unibertsitatean eta Oxfordekoan. Euskal Herrian ere nabarmendu da haren lana, eta zenbait sari jaso ditu horri esker: Eusko Ikaskuntza Saria eta Jesus Maria Leizaola saria, besteak beste. Unibertsitatetik kanpo, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko letratua izan zen bi alditan. Sarri argitaratu ditu iritzi artikuluak BERRIAn. Lan akademikoaz harago, Bengoetxea EHUguneko zuzendari eta koordinatzailea izan da, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea izan zen 1998 eta 2001 artean.
Sortuk eta PCC Kubako Alderdi Komunistak bederatzi puntuko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, Habanan egindako agerraldi batean. Bi alderdien arteko harremana garatzea da xedea, azaldu dutenez, horretarako «ekintza adostuei» bide emanda. Besteak beste, adostu dute «lankidetza ekonomikoaren arloko proiektuak sortzen eta garatzen laguntzeko ahalegin hitzartuak egitea». Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek eta PCCren Batzorde Nagusiko Nazioarteko Harremanen arduradun Emilio Lozadak sinatu dute datozen bost urteetarako akordioa, eta balio berezia eman diote hari, «nazioarteko egoeraren egungo baldintza konplexuetan» egin delako. Testuan zehaztutakoaren arabera, bi aldeek martxan jarriko dituzte «adiskidetasuna eta konfiantza politikoa sendotzeko» elkarrizketa mekanismoak, maila ezberdinetan, eta bide emango diote interes komuneko gaien inguruko informazioa trukatzeari: «Lankidetza sustatzeko eta elkarrengandik ikasteko». Era berean, alderdi bakoitzak ordezkaritza bat izendatuko du adostutako bide orria zenbateraino betetzen den aztertzeko. Hitzarmenean, alderdien ordezkaritzen arteko «trukea» sustatzearen alde egin dute, eta truke hori erakunde sozialen arlora ere zabaldu nahi dute, hala nola eragile feministetara, gazte antolakundeetara eta sindikatuetara. «Bi alderdien arteko harremanak eta nazioarteko elkartasuna sustatzeko bide gisa». «Interes bereziko» aferei dagokienez, gainera, bi aldeek adostu dute horiek elkarrekin «ebaluatzea», bai bataren eta bai bestearen «jarduera politikoari buruzko esperientziak partekatzeko». Eta komunikazio sozialaren eta prestakuntza politikoaren arloan ere lankidetza hori garatzea dute xede. Alderdiek zehaztu dute «elkarrenganako errespetuan» oinarrituta dagoela akordioa, eta, kontuan hartuta bakoitzak bere errealitatea duela, konpromisoa hartu dute bestearen barne aferetan esku ez hartzeko.
300 euro hilean, asteko zazpi egunetan lan egitearen truke. Horixe zen Zeraingo baserri bateko langileek zuten soldata, eta egoera irregularrean eta kontraturik gabe aritzen ziren beharrean.