Nekazarien protestek garraio-sektorean “galera handiak” eragin dituztela salatu du Guitrans patronalak. Nekazarien protestak “garraio-sektorearentzat zaila den testuinguruan” ematen direla adierazi du Gipuzkoako garraioaren patronalak, eta “merkantzien garraioa kaltetuena” dela ziurtatu du.
Pintaketa LGTBIfoboak egin dituzte asteburuan Atharratzeko Prefosta elkartearen atarian (Zuberoa).Taldeko kideek gertatutakoa salatu dute, eta hamarnaka herritarrek 19:00etan eraikinaren atarian egin dute elkarretaratze ikusgarria, «PD, eta harro», oihakatuz. Prefostaren erantzuna tindaketa LGTBQfoboari. J.E. Adierazi dutenez, «LGTBIQ+ errealitateak gutxiesteko» egin dituzte pintaketak, «argudiorik gabeko pertsonek bortz segundoko indar superfiziala sentitu dezaten». Zehazki, «PD» zioten pintaketak egin dituzte eraikinaren leihoetan, zeina, salatzaileen erranetan, «laido LGTBIfoboa eta zapaltzailea» den. Hitz hori pederasta hitzaren txikigarria da, frantsesez maritxu errateko erabiltzen dutena. Eraikina kudeatzen duen Prefosta elkarteak Bekat’uros jaialdiaren bigarren aldia antolatu zuen joan den apirilean, LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgaitasuna sustatze aldera. Lan horren kontrako erasoa izan da asteburukoa, elkarteak erran duenez, herriko «harreman sozial eta kulturala sustatzeko gazte talde aktiboa» delako beraiena. Ez da lehenbiziko aldia gisako erasoak gertatzen direna. Izan ere, joan den apirilaren bukaeran LGTBI bandera bat bitan moztu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Nafarroaren Eguneko bestan gertatu zen, eta «eraso bortitz horri erantzuteko» elkarretaratzea egin zuten. Prefosta elkarteko Inesa Decungek irakurri du elkarteak elkarretaratzeko idatzi ihardukitze agiria, eta honakoa oroitarazi du: «Homofobia ez da iritzi bat, baina bai delitu bat». Delitu horrentzat legeak urte bateko presondegiratzea eta 40.000 euroko isuna aurreikusten ditu, Frantzian. «Ez Prefostan, ez Euskal Herrian, ez eta beste inon ere ez dugu holako erasorik onartuko», adierazi du. Horregatik, Prefostak salaketa jarriko du jendarmerian. Bekat’uros ekitaldiaren arrakastak erakutsi du «anitz ginela elkarrekin eta libreki bizi nahian», erran du Decungek. Tindaketa «bihozgabe» horrek ez dituela geldiaraziko gehitu du eta erakunde eta elkarteei sustenguaren erakustera dei egin die. Inexa Decung Prefosta elkarteko kideak irakurri du agiria elkarretaratzean @berria pic.twitter.com/kRTYF8MM54 — Iparraldeko Hitza (@IEHkohitza) June 3, 2024 Eraso LGTBIfoboak Iruñean eta Amurrion Iruñean ere izan dira erasoak asteburuan. Carlos Guzman Contigo-Zurekin taldeko bozeramaileak jakinarazi du larunbatean taldeko zinegotzi bati ostalaritza lokal batera sartzea galarazi ziotela, ortzadar bandera eramateagatik. «Jarrera LGTBIfoboak» gaitzetsi ditu Guzmanek. «Gertaera hauek ezin ditugu inondik inora ere onartu. Dakigunez, jokabide horien berri ematen diete erakunde eskudunei», adierazi du. Eta babesa adierazi dio zinegotziari. «Contigo-Zurekin taldeak konpromisoa hartzen du jarrera LGTBIfobikorik gabeko gizarte baten alde». Bestalde, Iruñeko Media Luna parkean zegoen ortzadar koloreko bankuari torlojuak kendu dizkiote, eta erreka ondoko amildegira bota. Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi Zaloa Basabek esan du dagokion arloari jakinarazi diotela, «konpondu eta berriro jar dezaten». Ortzadar koloreko bankua bota dute Iruñean. BERRIA Basabek adierazi du Iruñean gertatzen den «edozein eraso LGTBIfoboren aurka jarduten duten bezala» jardun dutela oraingoan ere. Eta erantsi du: «Alde batetik, ezin dugu ukatu existitzen direla; bestetik, neurriak jarri behar ditugu horiek prebenitzeko eta desagerrarazteko». Erasoaren berri eman diote LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiari ere. Amurriko Udalak jakinarazi duenez (Bizkaia), herrian dagoen ortzadar koloreko bankuan ere pintaketa LGTBIfoboak agertu dira. X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez, erasoa gaitzetsi dute: «Amurrioko Udalak edozein ekintza homofobo gaitzesten du, eta pertsona guztien berdintasunarekiko, errespetuarekiko eta duintasunarekiko konpromisoa berresten du, haien sexu-orientazioa alde batera utzita». Argi utzi dute Amurrion ez dutela inolako diskriminaziorik onartuko.
Azken txanpan sartu da Europako Parlamenturako bozen kanpaina, eta alderdiak euren intereseko auzietan indar egiten ari dira ekitaldietan. EAJk goizeko ekitaldi sektoriala baliatu du berdintasun politiketan sakondu beharra adierazteko, eta EH Bilduk aldarri ekologista, euskalduna eta antimilitarista egin du Gladys del Estalen hilketaren urteurrenean. PSOEk, berriz, kanpaina «lokaztea» leporatu dio PPri, eta PPk kudeaketa gabezia leporatu dio PSOEri. Etxebizitza politika publikoak izan dira, berriz, Sumarrek jorratutako gaia. EAJ Gasteizko Etxanobe jauregian egin du eguneko lehen ekitaldia Oihane Agirregoitia EAJren hautagai eta CEUS koalizioaren zerrendaburuak. Haren inguruan, EAJk Hego Euskal Herriko erakundeetan dituen emakumezko ordezkari ugari eta Europako Alderdi Demokratako presidenteorde Ulrike Muller. Ekitaldiko gai nagusia berdintasun politikak izan dira, eta Agirregoitiak EBn zenbait helburu lortzeko lan egitera dei egin du: besteak beste, indarkeria matxistaren kontrako legedia betetzea, kide guztiek Istanbulgo Protokoloa izenpetzea, eskubide sexualak zein ugalketa eskubideak bermatzea eta lan arloko berdintasun araudiak errespetatzea. Era berean, «emakumeen lidergoak» ere defendatu ditu, «gizonezkoen aurpegidun» gatazken aurrean, «bakerako itxaropen» eta «lehiakortasun» eredu gisa. Arratsaldeko ekitaldian, Agirregoitiarekin izan dira Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria. «Bakea, memoria, giza eskubideak eta bizikidetza». Aldarri hori egin du Urkulluk Gernikan (Bizkaia), esanez EB bakearen bermerako tresna izan behar duela. Era berean, gogoratu du autogobernuan «sakontzea» dela EAJren xedeetako bat, eta horretarako tresna dela EBko erakundeetan ere «ahots propioa» izatea. Ortuzarrek, berriz, «ahots abertzalea» Bruselan entzutearen garrantzia nabarmendu du: «EAJ, Europa bakezale bat nahi duen alderdia; Europa bat non Euskadik bere identitate nazionala berretsiko duen». Arnaldo Otegi, gaur eguerdiko agerraldian. JAVI COLMENERO / EFE EH Bildu Gladys del Estal gogoan izan dute EH Bilduko kideek ekintzailearen hilketaren 45. urteurrenean. Pernando Barrena Orain Errepublikak koalizioko zerrendakideak «herri ekologista, euskaldun eta antimilitaristaren sinbolotzat» jo du, eta gehitu orain «inoiz baino indar handiagoa» dutela aldarri antinuklearrak eta bakearen aldekoak: «Militarismoak eta gerrazaletasunak jendea hiltzen du, eta herriak pobretzen». Hori ikusita, Euskal Herriaren «ahots antifaxista eta antimilitarista» izan nahi du EBn: «Nazio ikuspegia duen euskal ahotsa». Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko eledunak, berriz, bozen garrantzia nabarmendu du: «mapa politikoa astintzen» jarraitzeko eta Europari, Espainiari eta Frantziari adierazteko Euskal Herrian «herri bat» badela. Hala, botoa emateko deia egin du, esanez «emakumeak iraintzen dituztenek, xenofoboek eta klasistek» euren botoa emango dutela eta, beraz, abstentzioak «ultraeskuin atzerakoiari» egiten diola mesede. Antzera, eguerdian egindako agerraldian, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik «akordio zabalen eta gutxieneko programen» defentsa egin du, eskuin muturraren gorakadaren aurka. Otegik EAJ ere izan du hizpide, kazetarien galderei erantzunez, eta jeltzaleei kritikatu die «etengabe» EH Bildu aipatzea. Are gehiago, bi aferak uztartuz, esan du alderdi abertzale eta independentistak elkarrekin aurkeztu beharko liratekeela Europan, eta baita Espainian ere; oinarriak, erabakitzeko eskubidea eta autogobernuaren bermea. Sancho, alderdikideekin batera egindako agerraldian. PSN Alderdi Sozialista Idoia Mendia PSOEren hautagaiak PPri kritikatu dio, bozen kanpaina «lokazteko» xedean, Espainiako Gobernuaren kontrako zentsura mozioaren aukera plazaratzea, eta gogoratu du horretarako Voxen eta JxCren babesa beharko lukeela, besteak beste. «Berdin zaio arre edo so egin, Pedro Sanchezen gobernua botatzeko bada». Hortik haratago, berriz, azaldu du EBko funtsen etorkizuna dagoela jokoan bozetan, eta, ondorioz, baita etxebizitzen jasangarritasuna, hezkuntza eta osasungintza ere. «Nola eraiki, ekonomikoki hazteaz gain, oinarri soziala ere garatuko duen Europa». Elena Sancho zerrendakideak ere EB «indartsu, batu eta koherente» baten alde egin du: «Ezinbestekoa da». Bide horretan, migrazioaren aferari heldu dio, eta adierazi du EB «barrutik hautsi» nahi dutenen «diskurtso xenofobo eta arrazisten» aurka migrazio eta asilo politikak garatu behar direla, «migrazio fluxu erregularrak artikulatuz» eta «gizarteratze politiketan sakonduz». Zarzalejos, gaur eguerdiko ekitaldian, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE PP Javier de Andres EAEko PPko presidentearen esanetan, «aldaketa» bat behar da Eusko Jaurlaritzak eta, batez ere, Espainiako Gobernuak Europako funtsen gainean izandako kudeaketan: «Ezin da etsigarriagoa izan». Hala, salatu du PSOEk nahiago duela funts horiek «espazio klientelistetan» xahutu, inbertsioetara bideratu baino. Horren harira, Javier Zarzalejos hautagaiak adierazi du euren lehentasunetako bat dela berrikuntza arloan inbertitzea, «lehiakideekiko arrakala digitala ixteko». Nafarroan, berriz, PPren eta UPNren arteko ika-mika izan da protagonista. Alderdi erregionalistako eledun Javier Esparzak PPri kritikatu dio jarrera «oso harroa» izatea, adierazteagatik Alderdi Popularra izan daitekeela UPNren hautesleek ekainaren 9an duten aukera bakarra: «Badirudi exijitzen ari direla PP bozkatzeko nahitaez». Eta PPNko presidente Javier Garciak erantzun dio: «Ez badute PP bozkatzen, zein beste alderdi bozkatu?». Sumarreko kideak, Larrea buru, Portugaleten egindako ekitaldian. SUMAR Sumar Andeka Larrea Sumarren hautagaia etxebizitzaz aritu da Portugaleten (Bizkaia), eta «espekulazioari» aurre egiteko alternatiba gisa aurkeztu du koalizioa: «Etxebizitza duin bat izateko eskubidea defendatzen dugu, zeina Euskadin ez baita betetzen». Larreak jomugan jarri ditu EAJ eta Europako Banku Zentrala. Lehenari leporatu dio Espainiako Etxebizitza Legeari aurre egitea. Eta bigarrenari interes tasen gorakada kritikatu dio, horrek etxebizitzaren prezioan duen eraginagatik. Horren inguruan, zehaztu du Sumarrek lan egingo duela «etxebizitza publikoaren aldeko estrategiak garatzeko». Iruñean, berriz, Carlos Guzman zerrendakidearekin izan da Joaquin Sevilla Sumarren exekutiboko kidea. Hark hezkuntzak, unibertsitateak eta zientziak «Europa sozial baterako» duten garrantzia nabarmendu du, eta «mugarik gabeko» Erasmus programa baten eta unibertsitate «publiko, doako eta kalitatezkoaren» alde egin du, baita 0-3 urtekoen hezkuntza bermatzeko «kohesio funts baten» alde ere.
Baikortasunaren lurraldea da aurtengo BIEMH Makina-erremintaren Biurtekoa. Urte apal hasi eta sektorearen salmentek %4 behera egin arren, biurtekoa joera horri buelta emateko mugarri izan daitekeela uste dute erakustokia jarri duten enpresetako askok. Aurreko bi urteak, gainera, oso onak izan ziren, iaz salmentek %12 egin zuten gora, eta horrek geldialdiaren larritasuna erlatibizatzen laguntzen du. Dena den, bat datoz egoera asko aldatzen dela sektorearen eta lurraldearen arabera. Alde horretatik, aeronautika eta Amerikako merkatuak dabiltza oparoen. «Garai batean, hemen makina berde handiak ikusten ziren, eta burdin asko; orain, berriz, espaziontziak dirudite. Denetarik egiten dute», onartu du Kepa Cardenalek, olioztatze sistemak ekoizten dituen Azkoitiko (Gipuzkoa) Intza enpresako teknikari komertzialak. Erakustoki dotorea dute azokan, ondo ezagutzen du ingurua, eta badaki garrantzitsua dela bertan egotea harremanak estutzeko. 45 urteko esperientzia horretatik abiatuz, argazkia atera dio sektoreari: «Batzuek esaten dute geratzen ari dela; beste batzuk, berriz, lanez gainezka dabiltzala. Lana ikusten da behintzat, eta hori ona da». Kepa Cardenal, Intza enpresako teknikari komertziala. BERRIA Biurtekoak BEC erakustazoka osoa hartuko du ostiralera arte. Euskal Herriko industria azokarik handiena denak mundu asko ditu barnean. Curriculuma utzi nahi duten gazteak txalaparta jotzeko gai diren beso mekanikoekin gurutzatzen dira. Ebaketa likidoaren usainik ez dago korridoreetan, eta euskara dezente entzuten da. Lantegietan hain ohikoa den txirbil mekanikoa gutxi ikusten da halaber, eta ikusten den apur horren parte bat Danobat taldeko Soraluce enpresako makina batek ateratzen du. David Gonzalez zuzendari komertziala dago haren aurrean: «Guretzat oso garrantzitsua da biurtekoa. Aukera ematen digu zuzeneko harremana egin eta gure lantegia erakusteko. Dena ezin dugu hona ekarri» . Autogintza, motel Gonzalezek azaldu du azoka garrantzitsuena dela haientzat, Iberiar penintsula inguruko bezero gehienek egiten dutelako topo hartan. Sektorearen komeriak ez zaizkie arrotzak, baina esan du aurten ondo dabiltzala, dibertsifikazioari esker: «Sektore batzuek gora egiten dutenean, beste batzuk jaitsi egiten dira, eta alderantziz. Orain, aeronautika oso ondo ari da; autogintza, aldiz, motelxeago. Gure abantaila da guztietan gaudela. Eta, merkatuari dagokionez, AEBek tira egiten diote Amerikako ardatzari». Jon Urbizu Fagor Automation enpresako zerbitzuen arloko zuzendari komertziala. BERRIA Fagor Automation ere BECen da. Urtean hogei bat azokatara eramaten dute beren ekoizpena, baina BIEMH «barne merkatuko» ekitaldi garrantzitsuena da, Jon Urbizu enpresako zerbitzuen arloko zuzendari komertzialak azaldu duenez. Barne merkatua aipatu du, baina aukera ematen die atzerriko bisitariei beren lantegia eta ekoizpen ahalmena erakusteko ere. Urbizuk, izan ere, badaki ezinbestean begiratu behar duela atzerrira, eta horrela laburbildu du merkatuaren egoera: «Europan dezenteko moteltzea egon da; beste merkatu batzuk, aldiz, goraka doaz, eta, dibertsifikatuak gaudenez, ondo eusten diogu». Baina zein merkatu? «Asian: Taiwan, Hong Kong, India… 1989rako Fagor han zen, ondo ezagutzen ditugu. Eta gero, Amerika: AEBak, Mexiko…». Amerika aipatu dute Urbizuk eta Gonzalezek, biurtekoan asko entzuten den hitza. Aurten Mexiko da herrialde gonbidatua, eta 70 bezero handi erakarri dituzte handik. Datuek argi azaltzen dute zergatia: iaz Euskal Herriko makina-erremintaren bezero handienetan laugarrena izan zen, eta gaur egun bigarrena da eskari berrien kopuruan. AEBetako enpresa handi askok hara eraman dute ekoizpena, eta hori da hazkundearen gakoetako bat. Azoka aldatu egin da Beste kideak baino beteranoagoa da Jorge Arriola, Lagun Machineryko zuzendari nagusia, baina antzeko iritzia du hark ere. Maher Holdingeko hiru enpresak muntatu duten agertoki handian egingo du aste osoa. «Alemania ez dago ondo, eta, autogintzara begiratzen dugunontzat, txarra da hori. Aldiz, gure agertokian dagoen Geminis enpresa garrantzitsua da AEBetan, eta ondo dabil» . Hala ere, itxaropentsu mintzo da, eta hura entzunda ulertzen da baikortasuna: «Bezero asko datoz bisitan, eta operazio pare bat dugu bidean. Guk beti saltzen dugu zerbait biurtekoan» . Yanire Irazabal Oreka IT enpresako zuzendari komertziala. BERRIA Baikortasun giroa nabarmendu du Yanire Irazabalek ere, kudeaketa teknologikoko zerbitzuak eskaintzen dituen Oreka IT enpresako zuzendari komertzialak. Hainbatetan izan da azokan, eta nabarmendu du azken hamar urteetan aldatu egin dela: «Sare sozialengatik dela uste dut. Jende gutxiago dago, baina ezagutza handiagokoa. Orain jendea ez dator pentsatuz beharbada makina bat erosiko duela: jendeak badaki zer nahi duen eta nork duen. Eta softwarearekin berdin, ezagutzen dituzte programak; orain jakin nahi dute zer duzun eskaintzeko» . Irazabalek, halere, argi du biurtekoa garrantzitsua dela oraindik ere: «Etorri egin behar duzu. Beste modu batera ikustea zailagoa zatekeen jende askorekin egiten duzu topo hemen. Hemen ez bazaude, ondo ez zabiltzan seinale». Onartu du bezeroekin egoteaz gain gain beste enpresek zer egiten duten begiratzen dutela: «Erakusleiho handi bat da, zuk besteei begiratzeko eta besteek zuri». Azken finean, hori baita azoka bat.
Facuak plataforma bat jarri du eskuragarri hegazkin konpainien irregulartasunengatik kaltetutakoentzat. Gainera, adi egongo direla “erabiltzaileei kalteak eragiten dizkieten balizko itunen” aurrean ohartarazi die konpainiei.
Euskal Eskola Publikoaren jaia egin dute gaur Ordizian (Gipuzkoa). Urdaneta eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta egitaratu oparoa prestatua dute han bildu direnenetzat. Jaia 11:00etan hasi da, eta eguraldiak hasieran lagundu ez badu ere, zer egin ez da falta izan. Goierriko Hitza-k jaso duenez, antolatzaileen arabera, ia 10.000 lagun elkartu dira festan parte hartzeko eta kalitatezko hezkuntza sistema publikoa, euskalduna eta inklusiboa aldarrikatzeko. «Ordizia Euskal Herriko beste herri, auzo eta eskola publikoaren isla da. Muturrera eramandako egoera baten isla», esan du Maria Albisu guraso elkarteko lehendakariak. Jatorriaren baitan, «egoera sozioekonomikoari dagokionez edo euskararen ezagutzan ikastetxeen arteko desorekak» daudela adierazi du. «Gaur euskara, aniztasuna, publikotasuna aldarrikatzeko eguna da, baina begietara begira esan nahi dizuet: politika eta erabaki ausartak eskatzen dizkizuegu», adierazi dute guraso elkarteko kideek hasiera ekitaldian izan diren agintarien aurrean. Han ziren, besteak beste, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako aldun nagusia eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatea. Hainbat gune izan ditu jaiak. Hasiera ekitaldia Barrena parkean izan da. Ondoren, ekintza ezberdinak izan dira lau gunetan banatuta. Plaza Nagusiko gunean, magoen saioa, batukada feminista, Pirritx Porrotx eta Marimotots, puzgarriak eta perkusio tailerra izan dira. Barrena Parkeko gunean, berriz, antzerkiak, eskulanak, Oihan Vega DJ-a eta jolasak. Pilotaleku inguruko gunean, elikadura eskola, jolasak, photocall-a eta bazkari gunea; eta Barandiaran plazan, aldiz, kirolak: gimnasia erritmikoa, saskibaloia, eskubaloia, errugbia, futbola eta txirrindularitza. Burrunbazale txaranga, Ordiziako erraldoiak eta musika eskola banda eta Ordiziako txistulariak kaleak girotzen aritu dira.
Eibarrek ez du lortu azkenean Espainiako Lehen Mailara zuzenean igotzea. Denboraldi bikaina egin dute eibartarrek, baina ez da nahikoa izan zuzenean igotzeko postuetan geratzeko, eta kanporaketa bat jokatu beharko du Lehen Mailara itzultzeko. Gaurko aurkari bera izango du aurkari: Oviedo. Eibarrek 4-2 irabazi du gaur Ipuruan. Espainiarrak jarri dira aurretik markagailuan partida hasi eta berehala. Aketxek penaltiz berdindu du partida bana, ordea, 25. minutuan, eta Sergio Leonek 2-1ekoa sartu du 39.ean. 80 minutuan Oviedok berriro berdin du partida, baina Eibarrek, Corpasen eta Stoitxkoven gol banarekin erabakita utzi du partida; Oviedok hirugarren sartu du 97. minutuan. Irabazteaz gain, baina, Leganesek galtzea behar zuen Eibarrek, eta horiek ez dute galdu: 2-0 gailendu zaizkio Elxeri. Ondorioz, Eibarrek hirugarren amaitu du denboraldia, eta seigarrenaren aurka jokatuko du igotzeko kanporaketa. Datorren astean jokatuko da joaneko partida, eta itzulikoa, berriz, ekainaren 12an edo 13an. Kanporaketa hori gainditzen badu, Sporting-Espanyolen arteko kanporaketako irabazlearen aurka jokatuko du igotzeko txartela, ekainaren 16an eta 23an, bi joan eta itzuliko beste kanporaketa batean. Amorebietak maila galdu du Amorebietak, berriz, 1-0 galdu du Mirandesen aurka, eta ondorioz hemeretzigarren sailkatu da eta Federazio Mailara jaitsiko da. Gabrik sartu du partidako gol bakarra, eta bizkaitarren irabaztea ezinbestekoa bazuten ere, ez dira gai izan Espainiako taldea mendean hartzeko.