Espainiako Kontsumo Ministerioak 150 milioi euroko isuna ezarri die kostu baxuko lau aire konpainiari —Ryanair, Vueling, EasyJet eta Volotea—, kabinako maleta kobratzeagatik.
Behin Espainiako Kongresuak amnistia legea onartuta eta hura indarrean sartuta, epaileek bi hilabete dituzte hura aplikatzeko. Jordi Nieva zuzenbide prozesaleko katedraduna da Bartzelonako Unibertsitatean, eta haren ustez, hurrengo bi hilabeteetan
Espainiako politikaren harrabotsa Euskal Herrira iritsi da. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Barakaldon izan da Europako hauteskundeetako kanpaina ekitaldian, eta gauza bera egin du Iruñean Alberto Feijoo oposizioburuak. Sanchezek aldarrikatu du «irrikan» dagoela PP eta Vox garaitzeko, eta ohartarazi du bataren zein bestearen aldeko botoa «zaku berera» doala. PPk, berriz, Iruñeko udaletxe aurrean egin du mitina, «bertan gauzatu baitzuen PSOEk iruzurrik handiena». Ezinbestean, goizeko Aministia legearen bozketa izan dute hizpide biek. Sanchezek Barakaldon bildutako militanteei galdetu die zer gertatuko zen goizean «oihuka eta irainka izan diren horiek» Madrilgo gobenuan baleude. «Etengabeko konfrontazioan geundeke», erantzun du. Feijook, berriz, aldarrikatu du urtebetean lege bakarra baino ez duela aurrera atera PSOEk: «Ustelkeriari amnistia eta zuzenbide estatuaren aurkako erasoa». EAJ EAJko Oihane Agirregoitiak Zallan egin du goizean ekitaldia, Bizkaian, alderdiburuez inguratuta. Trenak zeharkatzen du Zalla, eta oinezkoen hamabi pasabide lur azpitik pasatzeko akordioa lortu zuten jelkideek Espainiako Gobernuarekin, aurrekontuetan. Agirregoitiak esan du hori dela jelkideen jarduteko modua, «euskaldunen aldarrikapenak defendatuko ditugu Madrilen, Bruselan eta behar den tokian. Pertsonen bizimodua hobetzeko lan egingo dugu». Amaia Arrizabalaga Geroa Baiko hautagaiak, hirugarrena CEUSen zerrendan, euskararen ofizialtasuna eskatu du Nafarroa osoan eta Europako Parlamentuan. Horren alde egingo dutela esan du Iruñean. Arratsaldean, berriz, Elgoibarren egin du ekitaldia. EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek garrantzitsutzat jo ditu bozak, Europan erabakitzen direlako kontu ugari, eta gogora ekarri du Debabarrenan «are garrantzitsuago» dela, «konexio handia baitu Bruselan erabakitzen denarekin». EH Bildu EH Bilduk uste du gero eta ozenago entzuten direla gastu militarra handitzeko eskaerak Europan, eta hori gizarte politiken kalterako izango delakoan dago. Horregatik defendatu du Pernando Barrena zerrendaburuak gastu sozialean murrizketarik egingo ez duen Europa bat. Laudion egin dute ekitaldia, Araban, Oihana Etxebarrietak eta biak. Eskatu ditu baliabideak kalitatezko osasun politikak garatzeko, eta salatu ditu politika «austerizidak». Etxebarrietak gehitu du lorpen feministak arriskuan egon litezkeela eskuin muturraren gorakadarekin. «EH Bilduren botoa feminista da, eta ez du utziko Europa haitzuloetara eramaten». EH Bilduk gogora ekarri du 1986an Euskal Herriak ezetz esan ziola NATOri, eta ezezko hori eramango duela Europara: «Ez dugu nahi Estatu Batuen interesen mende dagoen Europa bat, Ukrainan zein Palestinan bakearen alde funtzio aktibo eta erabakigarria jokatzeko gai ez dena. Irtenbidea ez da etorriko gastu militarra handituz, ez kasu batean ez bestean», esan du Unai Urruzunok goizean Bilbon egin duen ekitaldian. Alderdi Sozialista Barakaldon egindako ekitaldian, Eneko Anduezak, PSE-EEko idazkari nagusiak, gogora ekarri du Europako etorkizuna «jokoan» dagoela ekainaren 9an: «Aurrera egitea edo atzera egitea dago jokoan. PSOE da PP-Voxen aurkako alternatiba bakarra». Bere atzetik, Pedro Sanchezek gogora ekarri du PP «eskuin muturraren zaldi gainean» igota doala eta bien diskurtsoak «elkar nahasten» direla. Deigarria egin zaio nola justizia sozialaren aurka eginda «demokraziaren eta proiektu europarraren kontra» egin duten. Palestinako estatua aitortu izanagatik harro agertu da, «nazioarteko ordenaren eta giza eskubideen aldeko erabakia baita». PP Alberto Nuñez Feijook hanka sartze txiki batekin hasi du ekitaldia estatutu deitu baitio Foru Hobekuntzari. PPko buruzagiak aldarrikatu du «haserretuen ahotsa» izan nahi duela PPk, eta horretarako galdegin du beste aukeren alde ez egitea: «Sanchezek hori nahi du: zatitu, berdintzeko». Bere irudiko, Espainia EBre baitan «anomalia bat» da. Feijooren arabera, urtebetean Madrilgo gobernuak «ez du ezer egin». «Euren buruen zerbitzura besterik ez daude». Podemos Irene Montero Podemoseko zerrendaburua Bilbon adierazi du Europako Legebiltzarrean «ahots sendo bat» izan nahi dutela «bakea, genozidioaren amaiera eta gizarte eskubideak» defenditzeko. Palestinaren aurkako bonbardaketa eta setioa ardatz harturik, salatu du eziin dela palestinarren alde egin eta gero Israelgo estatua «lagun gisa» hartu. Defenditu du militazioaren alde ematen den euro bakoitza osasungintzari, hezkuntzari eta beste gizarte gastuei kentzen zaiela. Sumar Estrella Galan da Sumarreko zerrendaburua eta gaur Laguardian izan da, Araban. Esan du nekazarien eskubideak defendatzea bateragarria dela aldaketa klimatikoari aurre egiteko legeekin. Kritikatu du PSOEk «men» egin duela ingurumenaren mesederako ziren zenbait neurritan Nekazaritza Politika Bateratuaren negoziazioan. Esan du nekazaritza ustiategi txiki eta ertainen mesedetan jardungo dutela, haiek entzunez, eta burokrazian dituzten zailtasunetan lagunduz. Merkataritza libreko tratatuak ere kritikatu ditu, dauden moduan, ustiategi handien mesederako daudelako. «Ez da posible makroproiektuen irabaziak biderkatzea eta nekazariei ez errentagarri izatea egiten duten lana». Hori guztia bateragarria iruditzen zaio itun berde batekin eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurriekin.
Ekitaldi «historkoa» eta «hunkigarria» izan da gaur iluntzean Iruñeko Baluarte aretoan: Nafarroako Gobernuak antolatuta, eskuin muturreko taldeek eta polizia indarrek eragindako motibazio politikoko lehen biktima taldearen aitortza eta erreparazio ekitaldia egin dute. Ana Ollo lehendakariorde eta Oroimen eta Bizikidetza kontseilaria izan da gobernuaren ordezkari gorena omenaldian. «Badakigu aitortza hau berandu heldu dela zuentzat, eta ez dela osoa. Zauri hauek ixtea zaila den arren, espero dut ekitaldi honek lagundu egingo duela luzaroan itxaron duzuen aitortza eta erreparazio horretan», esan die biktimei. Hamabi pertsona omendu dituzte, ofizialki aitortutako lehen biktima taldea. Horien artean dira Mikel Arregi eta Mikel Zabalza, Guardia Zibilak 1979an eta 1985ean hilak, hurrenez hurren. Haien arrebek hitza hartu dute ekitaldian, eta esker ona adierazi. «Orain arte erabat gutxietsi gaituzte instituzioek, bai Nafarroakoek bai estatuak», gogoratu du Txaro Arregik. «Urte luzeak izan dira ilunean, eta iritsi da aurrerapauso inportante hau», gehitu du Idoia Zabalzak. Biktima guztiak egon dira ordezkatuta ekitaldian. «Badakigu aitortza hau berandu heldu dela zuentzat, eta ez dela osoa». ANA OLLO Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Oroimen kontseilaria Omenaldiaren garrantzia nabarmendu du Ollok ere: «Iraganean indarkeria ilegitimoa eta justifikaezina jasan zenutenoi aitortza egiteko eta erreparazioa emateko ekitaldia da hau. Gobernuan uste dugu orain min hori aitortuz soilik eraiki ahal izango dela etorkizunean gizarte egiaz demokratiko eta baketsu bat». Aitortza eta Erreparazio Batzordeko buru Martin Zabalzak, berriz, bidea txalotu du: «Aitortza eta erreparazio prozesu historiko batean gaude, bizikidetza demokratikorako esparruak eraikitze aldera». Ekitaldia urtero egiteko asmoa agertu du gobernuak, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak eskatu bezala. «Desberdintasunak gainditzeko» deia Hain justu, bi talde horiek ere «garrantzitsutzat» jo dute motibazio politikoko biktima nafarrak aitortzeko gaurko ekitaldia. Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat ekinaldiaren izenean, adierazi dute horrelako ekitaldi instituzional batek «indarkeria politikoaren biktimen eremuan dauden desberdintasunak gainditzen laguntzen» duela. Bi erakundeek jakinarazi dute «garrantzia sinboliko handiko ekintza» dela biktima gisa aitortzen dituzten horientzat; «besarkada bat, hurbiltasuna eta konpromiso instituzionala sumatuko dituztelakoan gaude», esan dute ohar batean. Elkarte biek uste dute gaurkoaren moduko ekitaldiek «agerian» uzten dutela «ezinbestekoa» dela «giza eskubideen urraketen biktimei aitortza ofiziala eta erreparazioa emateko prozesua, 16/2019 legearen bidez». Hala Egiari Zor-ek nola Nafarroako Torturatuen Sareak uste dute aspaldian hasitako prozesua espero zituzten «emaitzak» ematen ari dela. «Hasierako mesfidantza gainditzen ere lagunduko duela uste dugu. Izan ere, gogoratu behar dugu estatuaren biktimok ez dugula oroitzapen egunik, eta egokia bezain beharrezkoa dela urraketa berak jasan dituzten biktima guztiei eskubide berak bermatzea». Argumentazio horri jarraikiz, Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat ekinaldiaren izenean eskatu dute Baluarten estreinakoz egin den aitortza ekitaldia «urterokoa» bihurtzea. Hamabi biktima Apirilaren 18an, Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko lehen hamabi biktimak aitortu zituen. Horiek dira gaurko erreparazio ekitaldian aitortza jaso dutenak. «Lehen aitortza horien bidez, babesa eman ahalko diegu eskuin muturreko taldeen eta funtzionario publikoen biktima horiei. Orain arte ez zuten bermatua egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea», adierazi zuen Ollo kontseilariak, ebazpena plazaratu zenean. Biktimen lehen zerrenda horretan dira indarkeriaren ondorioz hildako bi pertsona, Guardia Zibilak eraildakoak biak: Mikel Zabalza eta Mikel Arregi dira. Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten, eta, Intxaurrondon torturak jasan ostean, haren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen. Arregi, berriz, Lakuntzako zinegotzi zen, eta 1979ko azaroaren 11ko gauean, beste lau lagunekin Ziorditik Lakuntzara itzultzen ari zela, guardia zibilek tirokatu zuten. Bertsio ofizialaren arabera, kontrol bati ihes egin zion. Baina ikerketa batzorde batek argi utzi zuen bertsio hura gezurra zela. Gaurko ekitaldira iristeko, bide luzea egin behar izan da. 2023. urtearen hasieran, Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeak lau urte eta erdiko epea ireki zuen motibazio politikoko biktimek aitortza eskaerak egiteko. Oraindik epemuga urrun badago ere, hamalau hilabeteotan hirurogei espediente aztertu ditu batzordeak, eta apirilean heldu ziren lehen ebazpenak. Martin Zabalza Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusia denetik, espediente kopuruak nabarmen egin du gora: urtarrilaren 31n, 41 espediente zituen esku artean, eta, orain, berriz, beste hemeretzi.
“Motel” bada ere, lan-karga igotzen doan heinean, konpainiak ahalik eta azkarren “altxatzea” espero du Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) lantegietan indarrean dituzten aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak,berez uztailaren amaierara arte aurreikusiak.
KPIak hiru hamarren egin du gora maiatzean, % 3,6raino, eta azpiko inflazioa % 3raino igo da. Argindarraren garestitzeak eta erregaiak iaz baino gutxiago merkatu izanak eragin du, batez ere, urte arteko inflazioaren igoera.
Denboraldiko hirugarren garaikurra lortzeko aurreneko urratsa egin du Bera Berak gaur, Espainiako Ligako finalaren lehen partidan. Atsedenaldira atzetik joan dira donostiarrak, bi golen aldearekin, baina bigarren zatian ikusgarri jokatuta, gailendu egin dira. Larunbatean jokatuko da finalaren itzulerako partida, Elxen (18:15, Teledeporte). Urduri hasi du partida Bera Berak. Pare bat baloi galdu dituzte donostiarrek aurreneko minutuetan, eta bisitarien defentsa gogorra zela medio, kostata lortu dute Elxen aterako bidea aurkitzea. Pixkanaka, baina azkenerako lortu dute Ester Arrojeriaren bitartez bidea zabaltzea. Usurbildarrak etxekoen lehen bi golak sartu ditu. Elxek errazago egin ditu jaurtiketak, baina Maddi Aallarekin egin du topo: bisitarien lehen zortzi saiakeretatik bost gelditu ditu. Lehen minutu horietan nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak, baina inork ez du markagailuan nagusitzea lortu: 5-5 13. minutuan. Bera Berak defentsako lan onarekin egin du gora, baina gehienez ere bi golen aldea izan du (5-3 eta 7-5). Baina erasoan ez du denboraldi amaieran izandako argitasunik erakutsi, eta haien hutsak kontraerasoekin zigortu ditu Elxek. Gainera, bisitarien izarrak agertu dira pixkanaka-pixkanaka, eta partidaren norabidea aldatu dute. Tessa van Zijlek sei gol sartu ditu aurreneko zatian, eta Nicole Moralesek mota guztietako geldiketak egin ditu denbora tarte berean, horietako bi zazpi metroetatik. Horrela, aurretik jarri da Alacanteko taldea, eta bi golen aldearekin joan da atsedenaldira: 11-13. Bigarren zatian, ordea, Bera Berarik onena agertu da. Defentsan sendoago aritu dira donostiarrak, eta horrek korrika egiteko aukera eman die. Aallak ere lan ona egin du atepean, eta 4-1eko partzialak aurretik jarri ditu etxekoak: 15-14. Hutsartea eskatu behar izan du bisitarien teknikariak. Hala ere, olatuaren gainean jarraitu du Bera Berak. Marianne Fernandesek bi gol ikusgarri egin ditu urrunetik, eta Bera Berak ederki baliatu ditu bisitarien bi minutuko zigorrak. Horrela partzial ikusgarria eskuratu du berehala: 9-3. Bisitariek hobetu egin dute erasoan, baina ezin izan dute Fernandes gelditu. Brasildarraren golek ebatzi dute partida, eta Bera Berak jo du lehen kolpea mahai gainean. Larunbatean altxa dezake ligako garaikurra, denboraldiko hirugarrena izan daitekeena.
Ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpaina hasi zenetik astebete igaro den honetan, nork bere eredua defendatu du, besteenaren aurka. Hautagaiek ahotan izan zituzten, besteak beste, industriari, lehen sektoreari eta migrazioari lotutako gaiak. EAJ: Politika egiteko eta ulertzeko eredu propioaz harro Jeltzaleek politika ulertzeko eta egiteko duten eredu «bereizgarria» defendatu du EAJko presidente Andoni Ortuzarrek gaur, Amurrion (Araba) egindako ekitaldian. Espainiako alderdi nagusiei kritika egin die Ortuzarrek, eta esan du haiek «espektakulua» eta «lohia» lehenesten dituztela, eta EAJk, berriz, «benetako politika» egiten duela. Eta eredu horren adibidetzat jarri du abiadura handiko trena. Izan ere, atzo Javier Zarzalejos popularren zerrendakideak salatu zuen AHTaren egoera «surrealista» dela, eta errua jeltzaleena eta sozialistena dela. «Azala behar da gero hori esateko», kritikatu du Ortuzarrek, eta gogorarazi eskumena Espainiako Gobernuarena dela, eta PPk eta PSOEk ez dutela ezer egin. Bada, esan du lanak EAJri esker amaituko direla: «Berandu, baina EAJren egoskorkeriari esker izango da Euskadi Europara lotuko duen AHTa». Oihane Agirregoitia EAJren zerrendaburuak, bestalde, industriaren garrantzia azpimarratu du, eta beharrezkotzat jo du «berrindustrializazioren alde» egitea. Hitzeman du Europako ekonomiaren eraldaketa bultzatzen jarraituko duela, deskarbonizazioa eta digitalizazioa ipar hartuta. Alde horretatik, Europak subiranotasun estrategikoa izateko beharra defendatu du: «Guk made in Europe eredua defendatzen dugu». Eta gogorarazi du bihar dela posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna. Goizean, berriz, «prestakuntzarik onena duen belaunaldiaren» lan eta bizi baldintzak hobetzeko hiru proposamenak plazaratu ditu Aitana Agirre zerrendakideak: gazteen laneratzea sustatzeko Europako berme sistema indartzea, nazioarteko truke programak sustatzea eta goi mailako tituluen homologazioa azkartzea. EH Bildu: Austeritatearen murru Austeritatearen aurkako mezua zabaldu du Pernando Barrena EH Bilduren hautagaiak gaur, Altsasun (Nafarroa). Ziurtatu du koalizio subiranistak emandako hitza betetzen duela, eta, beraz, ez duela «inola ere» austeritate politikak agintzen dituen hautagairik babestuko Europako Batzordeko lehendakaritzarako. Horien artean dago Ursula von der Leyen, hain zuzen ere; «austeritatearen erregina», Barrenaren hitzetan. Barrenak bere hitzaldia baliatu du EAJri kritika egiteko; izan ere, gogorarazi du duela bost urte haren aldeko botoa eman zuela jeltzaleen europarlamentari zen Izaskun Bilbaok, PSOEk eta PPk bezalaxe. Bada, eskuineko indarrak gelditzeko ezkerreko botoen beharra dagoela esan du Nafarroako parlamentari Laura Aznalek: «Guk ez badugu egiten, haiek egingo dute». Goizean, berriz, egungo NPB Nekazaritza Politika Bateratua aldatzea proposatu du Itxaso Etxebarria zerrendakideak, iritzita ekoizle handiei mesede egiten diela, eta txikiei kalte: «Nekazaritza Politika Bateratua aldatu nahi dugu eraginkorra izan dadin, eta ustiategi txikiak, familiarrak, babesteko eta iraunarazteko balio dezan». Elikadura subiranotasuna lortzeko, lehen sektorea «estrategikoa» dela gogorarazi zuen. Burokrazia arintzeko eta merkatu libreko akordioak berrikusteko eskatu du koalizio subiranistak, Etxebarriak adierazi duenez. Eta kanpotik etorritako produktuei bertakoei ezartzen zaizkien baldintzak eta kontrolak ezartzea ere exijituko du. PSOE: Europa gehiago, eskuin gutxiago Europako Batasunaren proiektuan sakontzeko eta aurrera egiteko beharraz jardun du Idoia Mendia sozialisten zerrendakideak. Eta adierazi du «alderdi kontserbadoreak» alboratu egin behar direla horretarako, PP barne, iraganera itzuli nahi dutenei «ateak zabaldu» dizkielako. Mendiaren hitzetan, EBk ezin du orain arte lortutakoa galdu, eta «demokraziari, justizia sozialari eta merkatu bakarrari» eustea eskatu du: «Europak aurrerabiderako funtsezko motorra izan behar du, eta eragina izan behar du jokaleku geopolitiko berrian». Mendiaren ustez, hori dago jokoan ekainaren 9ko bozetan. Baina gogorarazi du zein den hartu beharreko norabidea: «Europa gehiago». Adierazi du Europako Parlamentuan gehiengo aurrerakoi bat izanda soilik lor daitekeela hori, eta hori bermatuko duen bakarra Alderdi Sozialista dela. Bilbon egindako ekitaldian alboan izan ditu, hain justu ere, Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidente ohia eta Ramon Jauregi europarlamentaria. Popularren aurkako mezua izan du ahotan Elena Sancho zerrendakideak ere. Nafarroako hautagaiak salatu du eskuineko indarren ingurumen politiketan «interes ekonomikoak» nagusitzen direla, herritarren ongizatearen eta osasunaren aurretik. Eta autogintzaren elektrifikazioa «zalantzan» jarri izana egotzi dio. «PPk ez du jasangarritasun politiketan sinisten: gelditzen ez baditugu, planeta suntsituko dute», ohartarazi du Sanchok. Sumar: Militarismoaren aurka Sumarren zerrendaburu Estrella Galan Gernikan (Bizkaia) izan da gaur, alderdikideekin eta Andeka Larrea zerrendakidearekin batera. Bakearen Museoa bisitatu ostean, bakea, giza eskubideak eta elkartasuna aldarrikatu ditu Gazarako, Sahararako eta Ukrainarako. Galanek adierazi du herriek defendatzeko eskubidea dutela, baina militarismoa ezin dela lehentasuna izan: «Gastu militarra handitzea ezin da izan Europako ezein gobernuren lehentasuna». Eta kritikatu egin du Ukrainara armak bidaltzeko Espainiako Gobernuak asteon sinatu duen akordioa. Larreak, berriz, ohartarazi du eskuin muturraren diskurtsoek arriskuan jartzen dituztela bakea eta elkarbizitza. PP: Migrazio politika berri baten eske Alderdi Popularrak Getxora (Bizkaia) eraman du kanpaina, elkartasuna adierazteko joan den asteburuan labana sartuta hil zuten gaztearen senideei, eta eskatzeko migrazio politika errotik aldatu dadila. Carlos Iturgaiz zerrendakideak ohartarazi du segurtasuna «arriskuan» jartzen duen «legez kanpoko migrazioan» esku hartu behar dela, egoera «jasanezina» delako. Esan du EBren «erronka nagusia» dela legez kanpoko migrazioa geldiarazteko «presazko neurriak» hartzea, Europako mugak «mafien» kontrolpean daudelako gaur egun. UPN: «Nahi duzuenaren alde bozkatu» UPNren boto paperik ez da izango ekainaren 9ko bozetan, PPk uko egin baitzion UPNko ordezkariak zerrendan sartzeari. Hala, Cristina Ibarrolak nahi dutenaren alde bozkatzeko askatasuna eman die hautesleei: «Arrazoizkoena da askatasuna ematea eta gure oinarriekin eta balioekin bat egiten duen aukeraren alde egitea». Nafarrak, espainiarrak eta europarrak direla gogorarazi du, eta «sektarismoen, nazionalismoen eta populismoen aurka» daudela.