Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendari nagusiak 27 urte eman ditu ardura horretan, eta 30 baino gehiago beteko ditu guztira, proiektuaren buruzagitzari lotuta. Museoa erabat gauzatu gabea zela heldu zion, hain zuen, 1992an, proiektua martxan jarriko zuen partzuergoko zuzendari hautatu zutenean. Lau urteren buruan museoko zuzendari nagusi bihurtu zen. Bidartek gaur proposatu dio museoko patronatuari zuzendaritza aldaketa, ziklo bat ixteko garaia dela iritzita: «Beste begirada eta esperientzia batzuk behar dira museoa etorkizunerantz proiektatzeko eta erronka berriei heltzeko». 30 urte hauek osatu duten zikloan «proiektu anbiziotsu eta ia utopikoa garatu, berorren lider bilakatuko zen taldea osatu, eta herriaren irudia eta asmoak aldatzen lagunduko zuen museoa» lortu dela esan du Bidartek. Urtearen amaieran zuzendaritza aldatzeko prozesua amaitu eta kargua utzitakoan, zuzendari emeritu gisa jarraituko du Bidartek. Horrez gain, Guggenheim fundazioko nazioarteko asmo estrategikoetan ere parte hartuko du. Juan Ignacio Bidartek gogotik bultzatu du Guggenheim Urdaibai proiektua orain arte. Ikusteko dago zer jarrera hartuko duen zuzendaritza berriak aldaketa gauzatzen denean, urtearen amaieran.
Erregistro bibliografikoetan pertsona izenak edo gaiak euskaraz modu «normalizatuan» nola idatzi behar diren ebaztea da Euskal Autoritateen Lantaldearen helburua; 2017tik ari da egiteko horretan, eta gaur, jardun horretan jarraitze aldera, hitzarmen bat izenpetu du Eusko Ikaskuntzarekin batera. Horrekin batera, Autoritateak.eus webgunea aurkeztu du, pertsona izenen autoritateak euskaraz idazteko modua «bateratzeko» tresna. Liburutegi nazionalen egitekoa izaten da grafia horiek zehaztea, baina Euskal Herrian ez da halakorik, eta euskaraz izenak idazteko erak bateratzeko egon dira orain arte. Hain justu ere, hutsune hori betetzea da lantalde horren jardunaren helburua. Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta taldeko ordezkari Idoia Sobrinok aurkeztu dute gaur, Donostian. Tresna horren falta askotan sentitu dute liburuzain, dokumentalista eta arloko profesionalek, gaur Sobrinok azaldu duenez: «Orain arte, erakunde bakoitzak bere irizpideak ezarri ditu, eta ez dago gaizki, baina ez daude bateratuta, eta horrek hutsune bat sortzen zuen». Helburua argia da: «Erreferentzia fidagarriak, bateratuak eta iraunkorrak sortzea: iturri bateratua izanen den autoritate zerrenda bat». Horra egiten ari diren lanaren hainbat adibide. Anton Abadia hizkuntzalari, esploratzaile eta astronomoaren izena, esaterako, hainbat eratan idatzi izan da: Abbadia, Antoine; Abbadie, Antoine d’; Arrast, Antoine… Izenaren hogei aldaera baino gehiago daude erregistratuta, eta orain «onartutako forma» bat bakarra dela ebatzi dute: Abadia, Anton. Antzeko zerbait Katalina Erausorekin. Dozenaka eratan izendatu izan dute buruzagi militar eta idazlea: Catalina de Erauso; Erauso, Catalina de; Moja alfereza… Onartutako forma hau dela ebatzi dute orain: Erauso, Katalina. Hori bera egin dute ja 500 bat izenekin. Ez daude denak webgunean oraindik, baina udarako denak agertzea espero dute. Eta zerrenda gehiago luzatuko da bitartean. «Gero eta informazio gehiago egonen da eskuragarri», aurreratu du Sobrinok. «Batez ere katalogoetan, liburutegietan eta beste edozein erregistro gunetan erabili da, baina baita hedabideetan edo kale izendegietan ere», azaldu dute gaurko aurkezpenean. «Autoritateei esker, eta kasu honetan zehazki euskal autoritateei esker, erregistroen bilaketan, euskaraz ere erreferentzia komun, normalizatu eta arautuak egongo dira eskuragarri». Horren garrantzia nabarmendu du Idoia Sobrinok: «Euskaraz lan hau modu orokor eta bateratu batean egin gabe zegoen oraindik, eta gaurtik aitzinera iturri komun bat izanen dugu, autoritateen zerrenda oso bat, edozein erakundek bere autoritate katalogoa osatzeko erabili ahal izanen duena». «Euskaraz lan hau modu orokor eta bateratu batean egin gabe zegoen oraindik, eta gaurtik aitzinera iturri komun bat izanen dugu». IDOIA SOBRINO Euskal Autoritateak lantaldeko kidea Gaur ezagutarazi duten atarian autoritateen izenak biltzen dituzten fitxak daude jasota, izen horien aldaerak, onartutako eta onartu gabeko moduak barne, eta kontsulta irekian eskuragarri daude. Eusko Ikaskuntzak bere gain hartu du proiektua garatzeko beharrezkoa den azpiegitura teknologikoa jartzea. Egitasmoaren garrantzia defendatu du Ana Urkizak: «Herri ikuspegia bultzatzen du egitasmoak, eta interes orokorrekoa da, euskal ekoizpenaren hedapena eta sarbidea erraztuko dituena, baita euskararen sustapena ere, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako kultura eta akademia erakundeen arteko lankidetza bultzatuko duena». Hain justu ere, egitasmoa bideratzen ari dira erakunde ugari, Euskal Herri osokoak. Bilketa sarea dago batetik: Ikas pedagogia zentroak, Euskal Museoak, Baionako Liburutegiak eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Liburutegiak ordezkaritza dute. Nafarroako Liburuzainen Elkarte ASNABI ere parte da, eta Eusko Jaurlaritzako erakundeok: Liburutegi Zerbitzua, Euskarian, HABE Liburutegia eta EIMA katalogoa. Lantaldeko parte dira Euskaltzaindiaren Azkue liburutegia eta Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Liburutegia ere. «Denera hamahiru profesional gaude lantaldean», azaldu du Sobrinok. Hilean behin Lan handia dago egiteko, eta lehenengo ahalegina egiten ari dira «euskal bibliografiaren parte diren izen eta abizen euskaldunak dituzten pertsona-autoritateen normalizaziora» begira. Horixe lehenetsi dute. Hilean behin batzen dira. Autoritate bakoitzaren gaineko «txostenak» egiten dituzte aurrez; horietan doi aztertzen dute haien izenak idazteko zer bide erabili diren historian zehar, eta denen artean «adosten» dute kasu bakoitzean euskarazko forma egokiena zein den. Abian den eginkizun hau Eusko Ikaskuntzaren «bokazio berritzailearekin» guztiz bat datorrela nabarmendu du Urkizak, eta guztiz bat datorrela «jakintza diziplina anitzetan sortu eta zabaltzeko» beti izan duen «konpromisoarekin» ere. Baroja edo baroxa? Hilean behin elkartu, eta prozesu horretan ari diren lantaldeko kideek batez beste hamar bat izen «estandarizatzen» dituzte bilera bakoitzean. Zenbaitetan, erabaki baten inguruan jirabiran ibiltzen dira: ezin adostu. Kasu horietako baten adibidea jarri du Sobrinok: «Zalantza sortu zigun autoritate bat Pio Baroja izan zen. Euskaltzaindiaren arabera, Pio Baroxa izan beharko luke». Baina beste hainbat irizpide ere aintzakotzat hartzen dituzte: nola erabili zuen autoreak berak, nola jasotzen duten beste informazio iturriek…«Inoiz inon ez da Pio Baroxa bezala agertu». Eta horretan, adibidez, hori guztia kontuan hartuta, Euskaltzaindiaren irizpideen aurkako erabakia hartu zuten, «salbuespen» gisara. Erabakia hartzeko egiten den lan hori guztia «dokumentatuta» geratzen da.
Gidabaimena Marokon atera zuen, «ez oso modu legalean», ez zituen trafiko seinaleak ezagutzen, eta ez zekien nora jo. Hala ere, autoa hartu zuen 2017ko otsailaren 11ko goizean, eta zortzi kilometro eta erdi egin zituen kontrako bidetik, Donostiatik Bilbora, atzeko eserlekuan zihoan lagun baten jarraibideei segituz. Anbulantzia bat jo zuten aurrez aurre, eta bi pertsona hil eta zazpi zauritu ziren. Autoaren gidaria epaitzen hasi ziren ostiralean. Akusatuak gaurko saioan ziurtatu du ez zekiela kontrako bidetik zihoala harik eta anbulantzia jo zuten arte. Sei pertsona zihoazen autoan, eta lau anbulantzian. Akusatuaren ibilgailuak AP-8 eta GI-20 errepideen elkargune batean jo zuen anbulantzia, Usurbil parean (Gipuzkoa). Bertan hil ziren autoan zihoazen bi lagun: gizon bat eta emakume bat —segurtasun uhala jarri gabe zeukaten—. Beste bi lagun larri zauritu ziren. Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du autoaren gidariarentzat, eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat, bi lesio delitu eta inoizkako dolozko bi giza hilketa egotzi dizkio. Epaiketa ostiralean hasi zen, zinpeko epaimahaiaren osaketarekin. Akusatuak gaur hitz egin du Gipuzkoako Auzitegian. Aipatu du egun hartan Donostian ibili zela, jai giroan, autoko gainerako bidaiariekin. Azaldu du Bilbora bueltatzeko orduan berak hartu zuela autoa gidatzeko ardura, berez autoa gidatu behar zuen lagunak baino gutxiago edan zuelako —bi garagardo— eta «ezin hobeto» zegoelako. Halaber, argitu du taldeko beste kide batzuek konbentzitu zutela autoan beste pertsona bat onar zezan, seigarrena; pentsatu zuen harrapatuz gero isuna jarriko ziotela asko jota. Gidariak onartu du ez zuela autorik gidatu autoa erosi zuen arte: 2006an atera zuen gidabaimena Marokon, «ez oso modu legalean», 2015ean homologatu zioten, eta 2016an erosi zuen autoa. Aitortu du «inoiz» ez zuela ikasi gidabaimenaren eduki teorikoa: «Ez ditut bereizten marra jarraitua eta marra etena». Onartu du ikusi zituela ibilgailu batzuk kontrako noranzkoan, baina bera zuzen ari zela pentsatu zuen, «errepide nazionaletan» hala izaten delako. Ez zen jabetu ez seinaleez, ez errepideko lerroez; autobideko mantentze lanak egiten dituen auto batek argi seinaleak egin zizkion. Anbulantzia jo arte, uste zuen «dena ondo» zihoala. Emaitza negatiboa eman zuen istripuaren ondoren egin zizkioten alkoholemia eta estupefaziente probetan. Fiskaltzak erruduntzat jo du Fiskaltzak dio gidariak bazekiela kontrako bidetik zihoala. Donostiatik atera eta berehala «maniobra berezi bat» egin zuen, eta «autoa gelditu» zuen Bilbora joateko bidegurutzea igaro zuela ohartu zenean. «10 segundoz» geratu zen bi marra jarraituren eta pasatzea debekatzen zuen seinalearen aurrean. Bidea gurutzatu, eta kontrako noranzkoa hartzea erabaki zuen, Fiskaltzaren esanetan, modu «ez-logiko eta arriskutsuan». Epaiketan hitza hartu dute lekukoek ere: autoko bidaiarien artean bizirik atera ziren hirurek, anbulantziako gidariak eta autobideko mantentze lanetako langileak. Autoko bidaiariek esandakoaren arabera, hirurek hartu zuten lo. Anbulantziako gidariak esan du ez zuela ikusi autoa, bihurgune batean zeudelako. Autobideko langileak ziurtatu du gidariari gelditzeko keinuak egin zizkiola, argi seinaleekin eta seinaleztapen linternarekin, baina ez zuela lortu autoa geldiaraztea. Minutu gutxiren buruan, kontrol gunetik jakinarazi zioten autoak istripua izan zuela.
Bilera erronda abiatu dute gaur eta soilik EH Bildu eta Sumar joan dira hitzordura. EAJk uko egin dio eta, Podemosek, PPk eta PSE-EEk “ez dute erantzun ere egin”, sindikatuek azaldu dutenez.
Abu Dhabiko inbertsio funts batek, Mubadala Investment Companyk, Tubacexek Arabiar Emirerri Batuetan duen filialaren % 49 erosi du ia 138 milioi euroren truke.
Ez zegoen gauza askorik jokoan, baina Osasunak jipoi ederra eman dio Aletico Madrili haren etxean: 1-4. Osasunak ziurtatuta zuen lehen mailan jarraitzea, baina, nolabait ere, agur jaia antolatu nahi izan dio Jagoba Arrasate entrenatzaileari. Ezer ez zegoenez jokoan, tentsio handirik gabe hasi da partida. Espainiarrek ziurtatuta zuten Txapeldunen Ligarako postua, eta bazirudien bi taldeak ligaren sasoia amaitzeko desiatzen zeudela. Baina, orduan, gola sartu du Raul Garciak. Gorritxoengan ilusioa piztu du horrek, eta, banan-bana gol zerrenda handitzen joan dira Aimar, Garcia (bigarrenez) eta Torro. Osasunak bigarrena sartuta zuenean, Moratak egin zuen madrildarren gol bakarra, baina ez da nahikoa izan etxekoak pizteko. Nola ez, Arrasate entrenatzailea pozik zegoen amaieran, halako garaipena Osasunarekin eginiko ibilbidea amaitzeko «modurik onena» zelakoan. «Sei urte bikain izan ditut Osasunan. Horietan helburuak bete ditugu, eta primerakoa da hori amaitzea Atletico Madril menpean hartuta». Ekainaren 30ean utziko du Arrasatek Osasuna. Madrilgo taldearen aurka jokatutako azken bederatzi partidak galdu egin zituzten gorritxoek, eta beste bi aldiz galdu zuen Arrasatek haiekin, Reala zuzentzen zuenean. «Denera, 11 porrot Atleticoren aurka. Lehenengo garaipena dut hau». Osasunaren zuzendaritzarekin hitzartu zuen helburu nagusia beteta joango dela gaineratu du: taldea zaleekin konektatzea.