Eusko Jaurlaritzari eskatu diote “ahal dela” Mecaner enpresako 148 langileekin egon dadila enpresa itxiaren instalazioetan egin daitekeen edozein enpresa-proiektutan.
66 urteko gizonezko bat hil da gaur eguerdian Mañarian (Bizkaia), Arroeta auzoko horma bat eskalatzen ari zela erorita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 12:30 aldera jazo da ezbeharra. Antza denez, lagun batekin Aitte Kurutzera mendiko horma bat eskalatzen ari zen gizona. Erorikoan, pareta jo, eta konorterik gabe gelditu da. Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak istripua izandako tokira joan dira, eta eskalatzailea erori den lekutik atera dute. Osasun langileek, ordea, ezin izan dute ezer egin, eta bertan hil da.
Udaberri giroa aprobetxatuz antolatzen dute urtero Literaturia jaialdia Zarautzen (Gipuzkoa). Aurten, maiatzaren 24tik 26ra izango da, eta antolatzaileek adierazi dute euskal literaturaz beteko dutela herria. Askotariko adin eta gustuetara egokitutako ekitaldiak prestatu dituzte. Jaialdia 2009an egin zen lehen aldiz, Larrabetzun (Bizkaia), eta, 2014az geroztik, Zarautzen antolatzen da. Lege Zaharren enparantzan, Modelo aretoan eta Etxezabala gunean izango dira jarduerak. BERRIA, beste urte batzuetan bezala, egitasmoaren hedabide babeslea izango da. Hain zuzen, euskal literatura ikusgai jartzea du helburu egunkariak, eta horregatik dihardu jaialdiarekin lankidetzan. (B)egia da aurtengo aldiko leloa. «Begia eta egia hitzekin jolastu nahi izan dugu; azken finean, begien bitartez jasotzen baitugu egia», aipatu du Itziar Iruretagoienak, jaialdiaren antolatzaileetako batek. Gai ireki bat proposatu nahi izan dutela ere gehitu du. Gai horretatik abiatuz, hiru ikuskizun sortu dituzte Literaturiarako. Antolatzaileek sortzaile batzuei aurkeztu zieten gaia, eta haren inguruan zerbait prestatzeko eskatu. Hiru emanaldi izatea ez da urtero gertatzen, eta Iruretagoienak esan du aurten zorte handia izan dutela: «Askotan denbora kontuengatik ez baita posible izaten». Amancay Gaztañagak, Iraia Eliasek eta Erika Olaizolak (B)egira! antzezlana sortu dute, esaterako. Maiatzaren 24an estreinatuko dute, 20:15ean, Modelo aretoan. Inuksuit izango da bigarren ikuskizuna. Antolatzaileek Patxi Zubizarretari egin zioten zerbait sortzeko gonbita, eta hark Maddi Oihenart, Antton Valverde, Mintxo Cemillan eta Malen Fernandez de Larrinoarekin batera sortu du ikuskizuna. Hainbat diziplina uztartuko ditu ikuskizun horrek. Maiatzaren 26an izango da saioa, 17:30ean, Modelon. «Jende garrantzitsua etorriko da, eta iruditzen zait egitarau oso polita geratu zaigula». ITZIAR IRURETAGOIENA Literaturiaren antolatzaileetako bat Hirugarren sortzailea Gotzon Barandiaran izan da, eta Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko prestatu du. Galbahea poema liburua kaleratu berri du idazleak, eta, liburuko hitzak ardatz hartuta, ikuskizun musikatu bat egingo du; Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco eta Amaia Garciarekin batera. Zubizarretaren ikuskizunaren ondoren emango dute, 22:00etan. Ikuskizunetarako sarrerak Literaturiaren webgunean eta Modelo aretoko leihatilan daude eskuragarri. Ordurako amaitu ez badira, ekitaldiak hasi baino ordubete lehenago ere erosi ahalko dira, leihatilan bertan. «Guretzat ere sorpresa bat izango dira emanaldiak», kontatu du antolatzaileak. Izan ere, gehitu du askatasun osoa ematen dietela sortzaileei nahi dutena nahi duten moduan egiteko. Jende «garrantzitsua» Jaialdiak euskal literaturaren alde lan egiten duen pertsona edo kolektibo bat omentzen du urtero, eta, maiatzaren 25ean, Booktegi plataformari egingo diote aitortza. «Euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatzeko egin duten lanarengatik omenduko ditugu», esan du Iruretagoienak. Ekitaldia Modelo aretoan izango da, 12:00etan. Ekitaldiaren ondoren, mahai ingurua izango da, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin elkarlanean antolatuta. Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondo komikien itzulpenen inguruan mintzatuko dira. Maiatzaren 26an, «elkarrizketa musikatu bat» egingo dute Gorka Arresek, Harkaitz Canok eta Maite Larburuk. Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua deitu diote jarduerari. 12:00etan izango da, Modelon. Antolatzaileak pozik daude osatu duten programazioarekin: «Jende garrantzitsua etorriko da, eta iruditzen zait egitarau oso polita geratu zaigula», aipatu du Iruretagoienak. Larunbatean izango da azoka eguna, maiatzaren 25ean, Lege Zaharren enparantzan. Azken asteetan argitaratutako liburuak ere aurkeztuko dituzte, azokaren alboan egongo den Ahotsenea gunean, hain zuzen. Horietako bat izango da Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak idatzitako Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero. 17:00etan izango da. Guztira bederatzi liburu aurkeztuko dituzte Ahotsenean. Haurrentzat ere izango da tarterik Literaturian, eta horretarako sortu zuten duela urte batzuk Literattipia saila. Maiatzaren 25ean, Inaxio Tolosa ipuin kontalariak saio bat egingo du Etxezabala aretoan: Toloren Tolokeriak.
Sexu indarkeria jasaten duten emakumeei arreta integrala emateko zentro bat zabaldu du Arabako Foru Aldundiak. «Krisi eta larrialdi egoeretan» artatuko dituzte andreak, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez, aurrez aurre, telefonoz zein online. Apirilaren 19tik dago martxan Tximeletak zentroa, Gasteizko erdigunean, baina ez dute zehaztu non dagoen, erabiltzaileen konfidentzialtasuna bermatze aldera. Sexu bortizkeria nozitu duten emakumeei eta haien gertukoei arreta integrala emateko ireki dute gunea, eta biktimen lehengoratze psikologikoa sustatuko du, laguntza sozial eta juridikorako tresnak haien esku jarrita. Gorka Urtaran Gizarte Politiketarako diputatuak eta Maika Diez Bermejo Esku Hartze Sozialeko zuzendariorde teknikoak eman dituzte zentro berriaren xehetasunak. Biktimak babesteko, laguntzeko eta osatzeko lan egingo dute zentroan, eta gainerako arreta zerbitzuekin koordinatuta arituko dira, bortizkeriaren biktimak bertara bideratu ditzaten. Baina andrazkoek euren kabuz ere jo dezakete hara, bai telefonoz (650-80 10 80), bai posta elektronikoz (tximeletak24h@araba.eus), bai webgunearen bidez (www.tximeletak24h.araba.eus). Sexu indarkeriaren biktimei arreta osoa emate aldera, Hego Euskal Herriko herrialde guztietan zabaldu behar dute horrelako zentro bat, Istanbulgo Hitzarmenak eta soilik baietz da baietz legeak hala zehaztuta. Jada zentro bat zabaldua dute Nafarroan, baita Bizkaian ere —beste bat irekitzea aurreikusi dute han—, eta hiru irekiko dituzte Gipuzkoan. Urtaranek esplikatu du indarrean den legediak zehazten duela sexu indarkeria giza eskubideen urraketa «larria» eta «egiturazkoa» dela, baina maiz «ezkutuan» dagoela. Hala, ireki berri duten zentroan, diziplina askotako profesional talde batek aurrez aurreko laguntza eskainiko dio biktimari krisi eta larrialdi egoeretan, arreta psikologikoa eta aholkularitza juridikoa barne. Beharrezkoa bada, biktimari laguntza eskainiko diote Osakidetzako larrialdietara edo lehen mailako arretara jotzeko, salaketa jartzeko edota bere gertuko senide edo lagunekin elkartzeko. Biktimen detekzioan, prebentzioan eta arretan lan egiten duten eragile guztien koordinazioa bermatuko dute hala: harrera eta komunikazio protokoloak landu dituzte Ertzaintzarekin, Osakidetzarekin, Justiziarekin, Emakunderekin eta beste gizarte zerbitzuekin. «Sexu indarkeria giza eskubideen urraketa larria eta egiturazkoa da, baina, maiz, ezkutuan dago». GORKA URTARAN Arabako Gizarte Politiketako diputatua Sexu bortizkeria noiznahi jasan duten emakumeek jo dezakete zentrora, 18 urte baino gehiago badituzte edo adingabe emantzipatuak badira, eta ez da beharrezkoa aurrez salaketa jarria izatea. Artatuak izango dira sexu-indarkeria molde guztiak pairatu dituzten andrazkoak, hala nola sexu erasoak, jazarpena, sexu konnotazioa duen jazarpena, eremu digitaleko sexu indarkeria eta sexu indarkeriarekin lotutako hilketak. Biktimentzako «abaroa» Biktimen «lehengoratze integrala» sustatuko dute bertan, besteak beste informazioa, aholkularitza eta arreta soziala, juridikoa eta psikologikoa eskainita. Indarkeria sexualaren ondorioen aurkako estrategia baten barruan lan egingo dute, helburua baita biktimaren erreparazioa lortzea, emakume kaltetuek bizitako esperientzia traumatikoen ondoren euren bizitzarekin jarraitu ahal izan dezaten. «Sexu eraso batek shock egoera bat sortzen du, eta esku hartzea ezinbestekoa da, trauma bihurtu ez dadin», azaldu du Urtaranek. Biktimentzako «abaro» izan nahi du zentroak, «babestuta, zainduta eta onartuta» sentitu daitezen, eta haien testigantzei sinesgarritasuna emango zaie, haien «birbiktimizazioa» saihesteko. Mezu horretan jarri du indarra Diezek: «Gure premisa zera da: sinesten dizugu, entzuten dizugu, eta lagunduko dizugu». Ia laurehun metro koadroko lokala atondu dute hiriaren erdigunean, biktimak «babestuta, zainduta eta onartuta» egon daitezen. Biktimei arreta emateko bulegoak, patio bat, eta hitzaldietarako eta prestakuntzarako gelak ditu. Zentroa Europako Batasunaren Next Generation funtsekin eraiki dute; denera, 1,4 miloi euro. Kudeaketa gastuak bere gain hartuko ditu Arabako Foru Aldundiak, eta datozen bi urteetan milioi bat euro bideratuko dizkio egitasmoari. 109 2023an zenbat biktima Araban. 2023. urtean sexu askatasunaren aurkako delituen biktima izan ziren 109 emakume artatu zituzten Hegoak foru zerbitzuan. Kasu horiekin batera, zuzeneko biktimak izan ziren 23 adingaberi eta 45 senideri ere arreta eskaini zieten. Orain arte Hegoak erakundeak artatu dituen sexu indarkeriaren biktimak hartuko ditu aurrerantzean Tximeletak krisi zentroak. Emakunderen datuen arabera, 2023an 92 emakumek aurkeztu zuten salaketa Araban sexu askatasunaren aurkako delituengatik. Aurtengo lehen hiruhilekoan sexu indarkeriagatiko 19 salaketa erregistratu dira, iazko aldi berean zenbatutakoak halako lau.
Gazteak eta adinekoak txirikordatuta, martxan da Txirikorda proiektua: belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa. Hango bizilagunak dira Haira Ribero eta Olatz Askorreta, eta irribarretsu daude etxe atarian, «ilusionatuta». Usurbilgo Udalak sustatutako proiektua da, 18-30 urte artekoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat pentsatua, eta bi behar nagusiri erantzuten die: gazteek emantzipatzeko duten nahiari eta zailtasunari, eta adinekoek bizitoki egoki bat izateko duten premiari. Bi kolektibo horien beharrak ase eta egungo etxebizitza ereduaren arazoari aurre egiteko asmoz sortutako egitasmoa da, beraz. Eraikinak hamasei etxebizitza ditu: bi logelako lau etxe, eta logela bakarreko hamabi. Horrez gain, eremu komunak ditu, bizitza komunitarioa eta belaunaldien arteko lotura sustatzeko asmoz diseinatutakoak: elkarte gastronomikoa, egongela bat, balkoi komunak… Eta herriari zabalduta dagoen gela bat ere badu, erabilera anitzekoa. Oraingoz, hamahiru etxebizitza beteta, hamasei bizilagunekin abiatu da proiektua —hamabi gazterekin eta lau adinekorekin—. Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatearen arabera, «belaunaldien arteko oreka bermatzen» saiatu dira, baina gazteen artean interes handiagoa piztu du proiektuak. Hala ere, hiru etxebizitza hutsik utzi dituzte, «apropos», adinekoentzat gordeta, eta alkateak iragarri du izena emateko epea zabalduko dutela berriro. Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU Hain zuzen, duela hilabete inguru hasi ziren Ribero eta Askorreta Txirikordan bizitzen, eta asteon iritsi dira gainerako kideak. Prozesu luze baten ondoren abiatu dute proiektua. Udalak pasa den urteko maiatzean esleitu zituen etxebizitzak, eta orduan jarri zuten martxan elkar ezagutu, komunitatea josi eta barne funtzionamendua adosteko prozesua. Behin egitasmoari forma eman eta obrak amaituta, planteamendu teorikoa praktikan ezartzeko ordua iritsi zaie, eta aztertu nahi dute ea garatutakoak norbanakoen eta komunitatearen beharrei erantzuten dien. Prozesua nola joan den azaldu du Askorretak: «Ekainean bilera batzuk egin genituen komunitate grin hori sortzeko. Udan geldialdia egin ondoren, irailean barne araudia nola egin planteatzen hasi ginen. Erronka da, baina proiektu honen xarma ere hor dago. Adinekoekin bizi zarenean, haien beharrak ikusten dituzu, jabetzen zara. Haien tokian jarri beharra dago, eta haiek gurean». «Adinekoekin bizi zarenean, haien beharrak ikusten dituzu, jabetzen zara. Haien tokian jarri beharra dago, eta haiek gurean». Olatz Askorreta Txirikordako bizilaguna Barne funtzionamendua eta barne araudia diseinatzeko orduan, Zabalduz kooperatiba izan dute bidelagun. Guztia taldean erabaki dutela azpimarratu dute, eta erabakien hausnarketak egiten segituko dutela nabarmendu. Besteak beste, gastuak nola kudeatu. Izan ere, ez dute kontagailu indibidualik; eraikin osoan kontagailu bakarra dute, eta, printzipioz, gastu guztiei elkarrekin egingo diete aurre: ura, argindarra… Askorretaren hitzetan, «gastuekiko eta ingurumenarekiko» perspektiba landu nahi dute. Konposta egiteko erabakia ere hartu dute; eta eremu komunak garbitzeko txandak osatzekoa, besteak beste. Oraingoz, bi astetik behin egiten dituzte bilerak, Riberok adierazi duenez: «Gai zerrenda bat egiten dugu, eta hor zehaztutako kontuak banan-banan lantzen ditugu. Bestalde, egin behar diren gauzak taldetan ditugu banatuak: komunikazioa, udalarekiko harremana, inaugurazioa eta abar. Zereginak banatzen ditugu, hobeto kudeatzeko». Komunitateko bizitza sustatzeko ideia zaparrada ere ari dira lantzen. Adibidez, «urtebetetze komunitarioak» egitea. Aurrekoan estreinatu zuten elkarte gastronomikoa, bilera afaria egiteko. Ribero: «Gogoa dago horrelako gauzak egiteko. Orain, inaugurazioan gaude zentratuta. Hori pasatzean, apur bat erlaxatuko gara, eta disfrutatuko dugu». Ostiralean egingo dute herri inaugurazioa, eta horretan ari dira buru-belarri. Sortze prozesua Usurbilgo alkatearentzat, «mugarri bat da» Txirikorda inauguratu izana: «Herri proiektu garrantzitsu bat da, eraldatzailea, berritzailea eta aitzindaria». 2019an egindako parte hartze prozesu batean du jatorria. Bertan, egungo etxebizitza ereduaren arazoak azaleratu ziren, eta arreta, batez ere, gazteengan eta adinekoengan jarri zuten. Hala, bi kolektiboak elkartu eta izaera publiko komunitarioko etxebizitzak irudikatu zituzten. Orduan diseinatutako aurreproiektuaren gainean eraiki dute egitasmoa. Etxebizitzak adjudikatzerako orduan, baldintza batzuk ezarri zaizkie gazteei eta adinekoei. Gazteen kasuan, esaterako, ezin dute etxebizitza bat jabetzan izan. Helduen kasuan, bai, baina ordura arte beren bizitokia izandako etxebizitza «parke publikora ateratzeko» betebeharra hartuta. «Nahiko genuke etxebizitza hori gazteen emantzipaziorako bideratzea. Zirkuitu interesgarri bat sor daiteke hor». «Herri proiektu garrantzitsu bat da, eraldatzailea, berritzailea eta aitzindaria». Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea Gazteen kasuan, halaber, bost urtetarako banatu dituzte etxebizitzak, eta alokairuak diru sarreren arabera finkatu. Hain zuzen, diru sarreren %15 jarri beharko dute alokairurako. Adinekoei dagokienez, egonaldiak ez du mugarik izango. Bost urtetarako esleitu zaizkie haiei ere, baina behin epe hori pasatuta, «egoerak bere horretan segitzen badu eta adinekoak bertan bizitzen segitu nahi badu», jarraitzeko aukera izango du. Alokairua, kasu honetan, pentsioen araberakoa da. Txirikordako bizilagunek komunitateari ekarpen bat egiteko konpromisoa ere hartzen dute. Solaberrietak azaldu duenez, alokairura bi modutan ordaintzen dute: «Dirutan, eta lan komunitarioak eginda». Hain zuzen, hilero zortzi ordu eskaini behar dizkiote komunitateari. Hala azaldu du Riberok: «Forma eman behar diogu, baina asmoa da hemengo eremuak erabilita egitasmoak eta ekitaldiak antolatzea». «Forma eman behar diogu, baina asmoa da hemengo eremuak erabilita egitasmoak eta ekitaldiak antolatzea». Haira Ribero Txirikordako bizilaguna Alkatearen arabera, Txirikorda ez da proiektu bakan bat, eta Usurbilen eraikitzen ari diren zaintza ekosistemaren barruan kokatzen da. «Urte luzeak daramatzagu zaintza ekosistema hori eraikitzen. Pertsona ardatz duen arreta eredu komunitario bat eraikitzen ari gara, zaintzen beharrean daudenen nahiak erdigunean jarriko dituena. Ulertzen dugu Txirikorda badela zaintzarako espazio bat». Proiektua martxan jarri baino ez da egin, baina bizilagunen artean nabari da gogoa eta komunitateari ekarpenak egiteko ilusioa. Txirikordak estutzen segitzea da asmoa, eta belaunaldien arteko harremana sendotzen.
Idazteko orduan buruan bi korapilo nagusi izaten dituela aitortu du Iñigo Astizek; «bi eulitzar hor bueltaka, tekleatzen hasterako». Jardunean beste bat ere agertu zaiola zehaztu du geroago, eta hura uxatu nahian aritu dela. Beste biei, aldiz, geratzen utzi die, eta haien konpainian aritu da Monogamoak liburuko narrazioak idazten, korapilo horiek askatzeko asmorik gabe. Hamasei kontakizun bildu ditu bere lehen ipuin liburuan, eta Susarekin argitaratu du lana idazle eta BERRIAko kazetariak. Umoreari lotutakoa da lehen korapiloa, Astizek azaldu duenez: «Korapiloa zait, eta ezerosoa zait, ez umorea bera ezerosoa zaidalako, baizik eta umorea irakurtzeko dugun modua gehienetan labur geratzen zaidalako». Uste du bi jarrera izaten direla nagusi zerbait umorez kontatzean: hori txiste bat da esanez kontatzen denari balioa kentzea, edota hau serioa da esanez kontatzen dena interesgarriago bihurtu nahi izatea. Ez bata ez bestea ez ditu maite, ezpada bien arteko tentsioa. «Gustatzen zait umorearen eta seriotasunaren korapiloa mantentzea, izan dadila problematikoa idazlearentzat eta irakurlearentzat». Horren ondorioz, haren hitzetan, «liburuko ipuin itxuraz deliranteenetako batzuk dira errealitaterik itsusienak» kontatzen dituztenak. «Uste dut liburuan badaudela ipuin batzuk euli ziztrin batzuk kanoikadaka hiltzen dituztenak, eta badaudela beste ipuin batzuk tigre saldo haserretu baten aurka kortxozko pistola batekin joatea bezalakoak direnak. Idazterakoan, dibertitzen nau korapilo horretan egoteak, hori problematikoa izateak, eta espero dut irakurleak ere barne debate batean katramilatzea». Bigarren eulitzarra errealitatearen eta literaturaren arteko harremanarena da, idazlearentzat. Horretan ere ez baitu gogoko hau literatura da esatea zerbaiti balioa kentzeko, ezta kontatzen den hau egia da esatea ere, horrek balioa emango balio bezala. «Niri gustatzen zait korapilo horren korapiloa, eta hor ere, bi irakurketa posible horien artean, ez soluzio bat eskaintzea, baizik probleman gelditzea. Eta uste dut irakurleak ere ipuin hauetan problema horri aurre egin beharko diola». «Uste dut liburuan badaudela ipuin batzuk euli ziztrin batzuk kanoikadaka hiltzen dituztenak, eta badaudela beste ipuin batzuk tigre saldo haserretu baten aurka kortxozko pistola batekin joatea bezalakoak direnak».IÑIGO ASTIZ Idazlea Hain zuzen, liburua «artifizio baten eraikuntza oso kontzientea» izan dela azaldu du Astizek: «Baina, era berean, ulertu dut mantu bat balitz bezala, errealitatearen gainean erortzen uzten dudana, eta, nahiz eta errealitatea ez izan, errealitatearen forma hartzen duena». Gogora ekarri du Christo izeneko artistak monumentu handiak oihalekin estaltzen zituela, eta estaltze horren bidez, «kasik naturalizatutzat jotzen zen monumentu bat nabarmentzen zen; hau da, ikusarazten zuen hor zer zegoen, estalita. Nire ustez, artifizio horrek, mantu batek bezala, errealitatearen gainean, errealitatearen formak nabarmentzen ditu, artifizio izateari utzi gabe». Hala, errealitatean nola, hala agertu zaizkio denetariko gaiak eta pertsonaiak ipuinetan: sexu bortizkeria, ahizpen arteko maitasuna, euskal gatazkak utzitako hondarrak, familia harremanak… «Nik nire mantua bota dut errealitatera, erortzen utzi dut, eta errealitate horretan batzuetan gauza batzuk harrapatu ditu, eta beste batzuetan beste batzuk. Ez dudanez izan gai bat hasieratik buruan, baizik eta gertatzen joan direnez, oso bestiario berezia atera da». Errealitateari itsatsitako jolasa Astizek orain arte bi poema liburu —Baita hondakinak ere eta Analfabetoa—, Kixotenean kronika liburua, Ez duzu abusatuko ikerketa liburua —Alberto Barandiaran eta Miren Rubiorekin batera— eta umeentzako hiru liburu plazaratu ditu. Eta estreinako ipuin liburuak haren literaturaren alderdi asko biltzen dituela iritzi dio Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak: «Astizek badu bizitzaren detaileei erreparatzen dien alde bat, bere poesian irakurri izan duguna batez ere; badu, detaileez harago, errealitatea pentsatzen eta izendatzen duen alde bat, argazki zabalago bat egiten duena, bere kazetari lanean eta saiakera gisakoetan ageri zaiguna; eta badu alde jolasti bat, literatura pentsatzeko duen modua bustitzen duena, baina agerikoagoa dena umeentzat idatzitako liburuetan. Hirurak daude hemen: detaileak, begirada zabalagoa eta jolasa». Liburuan bildutako hamasei ipuinak «nahiko monogamoak» dira, eta, aldi berean, baita «erdi lehengusuak» ere, editorearen hitzetan; autonomoak eta gai, tonu eta estilo aldetik askotarikoak izanagatik, loturak ere badaudelako haien artean. Hala, narrazioetan agertzen dira, besteak beste, baina bat duen oparia jaso duen haur bat; ETAren eta Poliziaren arteko tiroketa baten ondotik hildakoen pabiloi batean agertzen den tipo bat; svastikak marrazten dituzten bi ume; sasoiz kanpo itzuli den norbait; diktadore baten koadroari agian kopa bat bota zion ustezko pailazo bat; ospitalera ama bisitatzera doan emakume bat; aitak egindako santu baten irudia garraiatzen duen familia bat; Hamlet idazten ari diren infinitu tximino; eta orein zuri bat ikusi duten lagun batzuk. «Serioa denaren eta umorearen arteko orekan mugitzen da liburu hau, errealitatearen, artifizioaren eta fantasiaren arteko igurtzian».LEIRE LOPEZ ZILUAGA Susa argitaletxeko editorea Orrialde bakarra du laburrenak, eta hamalau luzeenak. Tonu aldetik, serioagoak dira batzuk, eta «saturatuagoak» beste batzuk, hau da, errealitate esaten zaion horren artifizioa ageriago uzten dutenak. «Jolas literarioa dago ipuinotan; hala ere, ez da errealitatetik desitsatsitako jolasa. Gure munduaren gainean gertatzen da literatura, eta, beraz, liburu honetan gaixotasunak daude, indarkeria politikoa, eskaleak, apurtzen diren bikote harremanak, diktadurak, isildutakoak eta ahopean kontatutakoak…», zehaztu du Lopezek. «Serioa denaren eta umorearen arteko orekan mugitzen da liburu hau, errealitatearen, artifizioaren eta fantasiaren arteko igurtzian». Jarioa eta sedimentua «Nik oso gutxitan idazten ditut liburuak», adierazi du Astizek, eta segidan azaldu poemak idatzi izan dituela, gerora —«aritzearen ondorioz»— poema liburu bihurtu direnak, eta berdin kronikekin eta beste generoekin ere. «Ipuinak idatzi ditut, eta aritze horren ondorioz atera da ipuin liburu hau, kasik jario bat eta horren sedimentazioa balitz bezala. Horrela bizi dut nik, eta hori da interesatzen zaidana niri idazterakoan, idaztea bera; ez aurretik pentsatuta zerbait exekutatzea, ez aurretik zer izango den erabakia dudan zerbait idaztea, baizik eta idazten ari naizela dakidan horretan, idazten ari naizela ez dakidana agertzen uztea». Eta, hain zuzen, jardun horretan agertu zaio idazleari hirugarren eulitzarra, hirugarren korapiloa: literatura hitza. Azaldu du bi norabidetan izan zaiola emankor. Batetik, argi zuelako literatura egin nahi zuela, artifizioa. «Eta horrekin esan nahi dut argi ikusten nuela nire erronka testuan zegoela, ez aurrez pentsatutako ideia batean, ez aldarrikapen bati forma ematean, baizik eta testuan: aritze horrek sortu zezala testua bera. Hor jokatu dut ahal izan dudan hobekien. Artifizio hori egiterakoan, Natalia Ginzburgek esaten zuen bezala, ez dut ezer aurreztu, hau da, naizen guztia bota dut, nire beldurrak, nire zauriak, nekienik ere ez nekiena… dena bota dut, baina geruza horretan; literatura egin nahi nuen». «Zer da literatura, zer da literarioa? Ohartu naizenean euli hori hor zegoela, indarrez saiatu naiz uxatzen, eta horri esker, nire ustez liburura iritsi dira testu batzuk literario denaren ertzetik hurbilago daudenak zentrotik baino».IÑIGO ASTIZ Idazlea Hala, «ezer ez presatzea» izan du ardatzetako bat, eta kontakizun bakoitza lantzea, hari egokien zitzaion forma aurkitu arte. Adibiderako, azaldu du 2017an idazten hasi zela liburuan jasotako ipuinetako bat, eta ordutik «etengabe» aritu dela hura lantzen, moldatzen, aldatzen, elementuak gehitzen nahiz desagerrarazten. «2017tik 2024ko urtarril edo otsailera arte, testu hori bizirik egon da, eta, era berean, badaude testu batzuk azken hilabeteotan idatzi eta bukatutakoak. Nire motorra izan da kontakizun horri egoki zitzaion forma agertu arte lanean aritzea, edo forma agertzean ontzat ematea». Era berean, literatura hitza «oso euli egoskorra» iruditzen zaio idazleari, eta hala, «ahalik eta gehien uxatzen» saiatu dela adierazi du. «Esan nahi dudana da saiatu naizela literatura zer den ez gehiegi aztertzen, egiten nuena, testura bultzatzen ninduen edozein pultsio, zauri, gogo ontzat ematen, pentsatu gabe ea horrek literatura emango zuen edo ez». Aritzearen ondorio izan da hori, haren ustez. «Zer da literatura, zer da literarioa? Ohartu naizenean euli hori hor zegoela, indarrez saiatu naiz uxatzen, eta horri esker, nire ustez liburura iritsi dira testu batzuk literario denaren ertzetik hurbilago daudenak zentrotik baino. Adibidez, txiste bat izan daiteke ipuin bat? Ipuin batean kabitzen da saiakera? Erantzun guztiak baiezkoak dira; bai, baldin eta testuan gero zutik eusten badio». Horregatik, bere burua literariotzat zeuzkan txokoetarantz jotzen sumatu duenean, geldiarazi egin du, gaineratu duenez: «Geldiarazi, eta esan dut: ‘E, ez dago zertan horrela egin, egin daiteke nahi den bezala edo ateratzen den bezala’. Hori da dibertitzen nauena, testura itzularazten nauena, eserita mantentzen nauena, ez jakitea ziur ea bai edo ez».
Gazaren aurkako oldarraldiak zazpi hilabete bete berri dituen honetan, zerrenda hegoaldea du jopuntuan Israelek; Rafah ekialdea ebakuatzeko agindua eman zuen herenegun, eta horrek kezka areagotu du eremuaren aurkako lehorreko ofentsiba hasiko ote den. Ordutik, ehunka palestinar ari dira eremutik ihes egiten, baina, zerrenda osoa setiatuta dagoenez eta hari eraso egin diotenez, ez dute aterpe hartzeko leku segururik. Horiek horrela, Israelen agindua gerra krimentzat jo daitekeela ohartarazi du bart NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Bulegoak. Antzera mintzatu dira nazioarteko zenbait herrialde eta erakunde ere; azken egunotan Israeli eskatzen ari baitira bertan behera utz dezala Rafahren aurkako ofentsiba militarra, argudiatuta gisa horretako erasoek «ondorio larriak» izango lituzketela han babes hartzen duten 1,4 milioi pasatxo gazatarrentzat. Besteak beste, Qatarrek nazioarteari eskatu dio esku hartu dezala Rafahn «genozidio bat» eragozteko. Emandako aginduaren harira sortutako harrabotsa baretze aldera, Israelgo Gobernuak esan zion atzo Washingtoni Rafahren aurka hasitako operazioaren tamaina «mugatua» dela, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Etxe Zuriko Segurtasun Kontseiluko bozeramaile John Kirbyk esan zuenez. Hain zuzen, hango iturriak aipatuz Hareetz hedabideak kaleratu duenez, soldadu israeldarrak Rafahko pasabidean daude oraingoz, eta haien aurka borrokan ari dira Hamaseko, Palestinako Jihad Islamikoko eta al-Fatahko milizianoak. AEBek birritan esan dute ez luketela babestuko Rafahren aurkako «erabateko ofentsiba militar bat». Eta horren erakusle litzateke, hain justu, herrialde horretako gobernuko funtzionario batek —AEBetako Defentsa Idazkari Lloyd Austinek informazioa baieztatu du— iragarritakoa. Haren arabera, Washingtonek Israelera egindako arma bidalketa bat eten zuen joan den astean, Tel Avivek laguntza militar hori Rafahri eraso egiteko erabiliko zuelakoan. Denera, 907 kilogramoko 1.800 bonba eta 226 kilogramoko 1.700 bonba ziren bidaltzekoak. Edonola ere, Israelekiko konpromiso «irmoari» eutsiko diotela berretsi zuen atzo iluntzean AEBetako presidente Joe Bidenek. Urriaren 7az geroztik, Israelek apenas egin die jaramon nazioarteko abisuei. Gaur goizean, ordea, iragarri du berriro ere irekita dagoela Gaza iparraldeko Kerem Xalom pasabidea —gau aldera itxi dute berriz, Hamasen eraso bat argudiatuta—; igandean itxi zuten, Hamasi pasabidean zeuden soldadu israeldar batzuk hiltzea leporatu ondoren. Rafahko erasoa hasi ondoren, itxita geratu da Rafahko pasabidea ere, eta, horren ondorioz, zerrenda erabat bakartuta egon da bi egunez. Kairon, sokari tiraka Ziurtasunik eza eta tentsioa dira nagusi, baina bitartekariek —Egipto, Qatar eta AEBak— eta gerran borrokan ari diren bi aldeek —Israel eta Hamas— atzo berrekin zien su etenerako negoziazioei. Kairon (Egipto) bildu ziren, eta eztabaidarekin jarraituko dute gaur ere. Bestalde, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko buru William Burnsekin biltzekoa da gaur Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu. Erakunde islamistak herenegun eman zion baiezkoa Israelek iragan astean proposatutako meniari; Tel Avivek esan zuen, ordea, zenbait baldintza «arindu» zituela Hamasek, eta, hortaz, ez zutela onartuko su etenerako proposamen hori. Reuters berri agentziak negoziazioetan parte hartzen ari diren iturriak aipatuz kaleratu duenez, alde guztiek «jarrera positiboa» dute, eta uste dute gauza izango direla «laster» akordio batera heltzeko. Baina bai Israelek bai Hamasek egindako azken adierazpenei erreparatuz gero, irudi du uste baino urrutiago dagoela menia bat hitzartzeko aukera. Atzo iluntzean Beiruten (Libano) egindako prentsaurreko batean, Hamaseko bozeramaile Osama Hamdanek esan zuen ez dela su etenerako akordiorik izango Israelek Rafahren aurkako operazio militarrarekin aurrera egiten badu. «Netanyahuren esku dago menia hitzartu edo ez». Itxi dute Rafahko ospitalerik handiena MAP Medical Aid for Palestine GKE gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du al-Najjar ospitalea, Rafahko handiena, itxi egin dutela, «langile denak ebakuatu dituztelako». Zerrendan hiru ospitale geratzen dira, eta ez dira Al-Najjat bezalako ospitaleak, baizik eta berezituak eta txikiak. «Jadanik baliabide gutxi eta eskari gehiegi du Rafahko osasun sistemak, eta beste batzuen menpe geratu da: Kuwaiteko ospitalea [hamasei ohe ditu soilik], zeinak traumatologia zerbitzuak soilik eskaintzen baititu; behin-behineko Marwani ospitalea; eta Al-Emaireti ama etxea», adierazi du MAPek.