Realak puntu bat eskuratu du Vallecasen
Arantza zuen sartuta Realak joan zen ostegunean Manchesterren porrot egin ostean, eta, nolabait ere, ateratzen hasi da. Bina berdindu du Rayo Vallecanoren etxean, Madrilen. Aurretik jarri dira txuri urdinak partidak 20 minutu zituenean. Martin Zubimendik gola sartu du, Sergio Gomezek korner bat atera duenean. Bakarrik utzi dute arean, eta bolea baten bidez sareratu du. Zubimendi ere protagoista izan da Rayoren berdinketan. Izan ere, irrist egin du arean, eta bidea eman dio Oscar Trejori gola sartzeko. Rayok Reala estutzen jarraitu du, eta aurretik jarri da Pedro Diazen bitartez. Atearen paretik, baloikada gogor bat jaurti du, eta hura gelditzea ezinezkoa izan zaio Remiro atezainari. 2-1 jarri dira aurretik madrildarrak, eta bazirudien partida horrela amaituko zela. Baina, Valverdek aldaketa egin du: Arkaitz Mariezkurrena sartu du zelaian, Olasagasti ordezkatzeko. Erabaki hori gakoa izan da, minutu gutxiren buruan Mariezkurrena berdinketaren gola sartu baitu. Arearen barruan baloi bat urruntzen saiatu dira madrildarrak, baina penalti puntuan zegoen Mariezkurrena eta haren oinetara heldu da. Eta beste aukera bat ere eduki du gazteak arearen kanpotik. Azkenean, berdinketarekin pozik egon daiteke taldea. Azken jardunaldietan partida asko jokatu du taldeak, eta nabarmena da nekea. Orain, atsedenaldi bat izango dute, indarrak biltzeko, eta Championserako postuetan sailkatzeko xedearekin ekingo diote Ligaren azken txanpari. Ez dago erraza, ordea: Europako postuetatik bederatzi puntura dago.