Osasunak egurra jaso du Granadan
Hirugarren porrota jarraian jaso du Osasunak, azken sei partidetan bosgarrena. Jagoba Arrasateren agurreko denboraldiaren amaiera gazi-gozoa izaten ari da; Lehen Mailan jarraitzea bermatua du taldeak, ezer gutxi du jokoan, baina gaur bezain irudi eskasa ematea ez da gustagarria. 3-0 irabazi dio maila matematikoki galtzeko gutxi falta zaion Granadak. Atzealdean bereziki ahul ibili dira gorritxoak. Lehen minutu motel batzuen ostean, etxekoek gola egin dute Osasunaren atera jaurti duten lehenengo aldian. Bikaina izan da Pellistriren errematea area ertzetik. Golari esker zertxobait esnatu dira nafarrak, eta atsedenaldiaren aurretik bi gol aukera on izan ditu Raul Garciak. Bat Batallak gelditu dio, eta bestea zutinera bidali du. Atsedenalditik, ordea, lo itzuli da Arrasateren taldea, eta hori baliatu du Uzunik 48. minutuan etxekoen bigarrena egiteko. Hortik aurrera Osasunako jokalari bakarra nabarmendu da: Sergio Herrera atezaina. Hargatik ez balitz, are egur handiagoa jasoko zuten bisitariek. Baloi jabetza izan dute, baina Granada eroso zebilen baloia berreskuratzen zuen bakoitzean kontraerasoak egiten. Lucas Boyek azken minutuan sartu du hiru eta hutsekoa. Sailkapen nagusian 11. postuan da Osasuna 39 punturekin. Datorren jardunaldian Betis jasoko du Sadarren.