Bestalde, aurtengo kanpainan, 1978 baino lehen lan mutualitateetan kotizatu zuten 30.000 bat pentsiodunei kalkulatu die Ogasunak euren proposamena, Auzitegi Gorenaren 20/2024 ebazpena ezarrita.
Gipuzkoako Ogasunak 358 milioi euro itzuliko ditu 2023ko errentaren kanpainan. Halaber, 305 milioi euro jasotzea aurreikusten du, eta, hortaz, ia 53 milioiko saldoa izango da zergadunen mesedetan. Errenta aitorpenaren aurtengo kanpaina apirilaren 8an hasi eta uztailaren 1ean amaituko da.
Terrorismoaren Aurkako Frantziako Fiskaltzako prokuradoreak urtebeteko kartzela zigorra eskatu du Beatrice Mollerentzat, eta bi urtekoa Jean Noel Etxeberri Txetx-entzat. Bi kasuetan, gibelapenarekin —bost urteko epean gisa bereko deliturik egin ezean, ez lukete bete beharko—. Era berean, armak edukitzeko debekua eskatu du bost urterako; ez du egin, haatik, bakegileak Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatzeko eskaerarik. Luhusoko operazioarekin lotuta, bakegileek ETAren helburuen arabera jardun zutela erran du prokuradoreak, eta, beraz, armak edukitzeagatik eta horiek garraiatzeagatik zigortu behar direla. Defentsako abokatuek defendatu dute Luhusoko ekinbidea «ezinbestekoa» izan zela, eta, prokuradorearen argudioei banan bana erantzunez, ukatu egin dute ETAren armagabetzea bultzatzeko operazioan delitu penalak izan zirela. Etxeberri eta Molle errugabetzeko eskatu dute aho batez. Maiatzaren 16an emanen du erabakia epaileak. «Epaitegi honen funtzioa ez da kontakizun bat adostea, auzipetuen ekintzak epaitzea baizik», argudiatu du prokuradoreak. Alta, 2016ko abenduaren 16ko gertakariak ulertzeko bi modu agertu dira epaitegian. Etxeberrik eta Mollek armak eduki eta garraiatu izana asumitu dutenez, akusazio hori ontzat eman du; helburu terroristetan jarri du azpimarra. «Galdera honako hau da: armak edukitzea eta garraiatzea ETArentzat egina izan ote da?». Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuaren irakurketa propioa egin du; hain zuzen, gatazka eta bake terminoak arbuiatuta. «Bakea ETAren hiztegian da aspalditik. Baina norekin zen gerlan? Espainiako eta Frantziako estatuekin?». Hori ETAren kontakizuna dela erran du. «Euskal Herrian ez da gerlarik egon, ekintza terroristak baizik». 2006ko su etena oinarritzat hartuta, zalantzan jarri du ETAk 2011tik aitzina abiatutako bidearen sinesgarritasuna. Fiskaltzaren irakurketan, ETAren erabakia izan zen armagabetzea alde bakarrekoa izatea, haren borondatea zen Frantziako eta Espainiako estatuei izkin egitea. Erran du Etxeberrik eta Mollek ETAk ezarritako baldintzak bete zituztela: armak «suntsitzea», armak helarazi zizkienak ez identifikatuak izatea. «Ez dute metodo diskretua hautatu: metodo publikoa hautatu dute, borrokalaria; ETAren asmoen ispilu». Prokuradoreak nabarmendu du 2016an ez zela inolako negoziaziorik ETArekin. Frantziako Estatuak aitzitik bezala segitzen zuen, erakundearen kontra, polizia indarrekin. Hala, armen arriskua gutxietsi du, erran baitu erakundea «ahuldua» zegoela. Erabat baztertu du armak beste inoren esku gelditzeko aukera. Erran du kontuan hartu dituela auzipetuen izaera, egitateetan antzinakotasuna eta Euskal Herriko gatazkak izan duen bilakaera, baina justizia trantsizionalaren ideia errefusatu du. Haren hitzetan, hori ezin da epaiketa batean «dekretatu»; «Ez da inprobisatzen; koadro bat behar da. 2016an ez zegoen koadro hori, eta gaur egun ere ez». Luhusokoa, «ezinbestekoa» Euskal gatazkari loturiko aferak aztertu ditu Xantiana Cachenaultek azken hogei urteetan; Luhusoko auziaren izaera «historikoa» nabarmendu du. Haren hitzetan, «inoiz ikusi gabea» izan zen atzokoa: «Frantziako agintean goi karguak izandakoak, eta Ipar Euskal Herriko hautetsi anitz ahots bakarrean mintzo». Eta dezepzioa ere aipatu du: «Hogei urtean terrorismoaren kontrako fiskaltzaren diskurtsoa ez da batere aldatu. Eta, alta, egoera anitz aldatu da Euskal Herrian. Gatazkaren izaera errefusatzen segitzen dute». Aieteko Konferentziatik aitzina izandako bidea aipatu du Cachenaultek, elkarrizketa saiakerak, eta Frantziako eta Espainiako estatuen errefusa. «Gizarte zibilak ez zuen aurreikusten estatuen errefusik, ezinbestekoa baita bake prozesuak aitzina egiteko». 2014ko Baionako Adierazpena aipatu du: ingurune anitzetako hautetsiek estatuen parte hartzea beharrezkotzat jo zuten konponbide prozesuan. Testuinguru horretan kokatu du Etxeberriren, Berhokoirigoinen eta Tubianaren erabakia. «Hori aurretik dena entseatua izan zen». Cachenaulten hitzetan, Frantziako legediak badu baliabiderik Luhusoko auzia onartzeko. Ekintzaren «ezinbestekotasuna» aipatu du, egoerari egokitua den erantzun penala emateko aukera ematen duena. Eta Luhusokoa «ezinbestekoa» izan zela erran du: «Erakunde bat armagabetzeko, haren armen jabe egin behar da. […] Beharrezkoa zen, Frantziako Gobernuak jarrera aldatzeko». «Zigorra ez, aitortza» Jean François Blanco abokatuak banan bana erantzun ditu prokuradorearen argudioak, eta frogatu nahi izan du bakegileen ekintza ez zela delitu penal bat izan. «Gure aitortza merezi dute, ez zigor bat». Galdera egin du: «Nola epaituko genuke armagabetzen duen eta armak dituen pertsona bat? Ez genuke epaituko, eskerrak emanen genizkioke». Hori da bakegileek egin zutena, haren hitzetan; haien oroimena omendu du. Luhusoko operazioaren helburua argi zela erran du: «karrika itsutik» ateratzea. «Erakutsi nahi zuen ETA prest zela armagabetzerako, eta nahi izanez gero posible zela». Hala, ezin da apirilaren 8ko armagabetzetik bereizi. «Jarraitutasun bat bada. Luhusokoa gabe ez zen posible izanen, eta baldintza beretan entregatu zituzten ETAren armak». Epaiketako lekukoek kontatu dute aginte politikoarekin eta administratiboarekin elkarlanean antolatu zela apirilaren 8ko armagabetzea, eta aginte judizialak ere ontzat eman zuela. «Orduko Baionako prokuradoreak eta Parisko fiskaltzak konfiantza izan zuten haiengan [bakegileengan], eta gaur egun fiskaltzak berak zigortu nahi ditu?», galdetu du. Armagabetzea ETAren helburuen arabera egin zela errana zuen lehenago prokuradoreak. «Aginte politikoa, administratiboa eta judiziala ETAren helburuen arabera aritu ziren?», iharduki dio Blancok. Gauza bera helburu terroristari buruz: «Erran nahi duzue bat egin zutela armagabetu duten erakundearen helburu terroristekin?». Zigor Kodea zitatu du: «Ez da deliturik hura egiteko intentziorik gabe». Zuzenbideko beste puntu bat ere aipatu du: armak eta lehergaiak edukitzea eta garraiatzea delitua da, baldin eta ez bada horretarako motibo zilegirik. «Motibo zilegia da arma horiek jasotzea armagabetzea gauzatzeko». Historia idatzi nahi izatea leporatu dio fiskaltzari. «Baina Bakegileek arrazoi zuten, armagabetzea gauzatu baitzen, eta ETA desegin baitzen. Egitateek arrazoi eman diete». Auzipetuak errugabetzeko eskatu dio epaimahaiari.
Dem alderdi kurdu ezkertiarraren helegite bat onartu du gaur Turkiako Hauteskunde Batzordeak, eta, horrenbestez, Van hiri kurduko alkatetza Abdullah Zeydanen eskuetara itzuli da. Turkiako udal hauteskundeak egin zituzten igandean, eta Demen hautagaia Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen AKP alderdiaren Abdulahat Arvas hautagaiari gailendu zitzaion han, botoen %55,5 lortuta. Herenegun, baina, Demekoaren garaipena baliogabetu zuen Ankarak, Zeydan hauteskundeetara ezin zela aurkeztu ondorioztatzen duen epai batean oinarrituta. Horrek protestak eragin ditu Kurdistango hainbat hiritan, eta Demek X sare sozialean idatzi duen mezu baten arabera, «herri kurduaren erresistentziari esker» itzuli diete bozetan irabazitako alkatetza. Zeydanek BERRIAri azaldu dionez, justizia «gailendu» da. «Zegokigun agindua itzuli digute. Eta guri zegokigun, hori zelako herriak eskatu zuena, hauteslekuetara joanez igandean». Herritarrek erakutsitako babesaren aurrean esker ona agertu du. «Justizia aldarrikatu dugu elkarrekin, eta elkarrekin irabazi dugu». Kurduen alderdiek irabazi ohi dituzte Turkian bost urtean behin egiten diren udal hauteskundeak Kurdistango leku gehienetan, eta Ankarak emaitza horiek bertan behera uzteko ahaleginak egin ohi ditu. Erdoganen alderdiak kolpe gogorra hartu zuen igandeko bozetan, oposizioa nagusitu baita herrialdeko hiri handi gehienetan. Ostiralean —hau da, bozkatu baino bi egun lehenago— Justizia Ministerioak hartutako erabakia dago alkatetza kentzeko epaiaren oinarrian. Hartan, Ankarak legez aurkakotzat jo zuen Zeydanen hautagaitza. Izan ere, Vango hauteskundeetan boto gehien eskuratu duen hautagaia atxilotu egin zuten 2016an, Turkiako parlamentaria zela Ankarak Kurdistanen aurka egindako bonbardaketak kritikatzeagatik. Atxilo hartzeaz gain, hauteskundeetan aurkezteko gaitasunik gabe utzi zuten. Azken zigor hori aurten kendu diotela argudiatu du alderdi kurduak, ordea. Justizia Ministerioak, bestalde, inhabilitazio hori bere horretan mantendu behar dela iritzi dio. «Zegokigun agindua itzuli digute. Eta guri zegokigun, hori zelako herriak eskatu zuena, hauteslekuetara joanez igandean». ABDULLAH ZEYDAN Dem-en alkategaia Van-en Hauteskunde batzordeak helegitea onartu duela jakinarazi duten arte, manifestazio jendetsuak egin dituzte Van hiriko kaleetan zehar. Hango hedabideen arabera, Turkiako Poliziak kalera irten direnen aurka egin du: ehunka pertsona atxilotu ditu, eta protestak desegin, ur kanoiak eta negar gasak erabiliz. Vango (Kurdistan) liskarrak, gaur. YENI YASAM Hedabidek salatu dute atzo gaueko protestak amaitu ostean Turkiako indarrak zenbait herritarren etxean sartu zirela, eta hainbat kurdu atxilo eraman zituztela. «Estatu kolpe bat ematen ari dira Vanen», esan dute kalera atera direnek, komunikabideek argitaratu dutenez. Turkiako Barne Ministerioak adierazi du 89 lagun atxilotu dituztela manifestazioak baimenik gabe egiteagatik eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko leloak oihukatzeagatik. Erantzuna ez da soilik alderdi kurduetatik heldu. Oposizioko CHP alderdi sozialdemokratak ere —igandean egindako hauteskundeetan hiri handi gehienetan nagusitzea lortu zuen— Erdoganen gobernuaren aurka egin du. Alderdi horren buruzagi Kemal Kiliçdarogluk —kurdua da— X sare sozialaren bidez erantzun dio alkatetza kentzeko erabakiari. «Suarekin jolasean zabiltza», ohartarazi dio presidenteari: «Turkiako Errepublika estatu laiko eta demokratikoa da. Hori ez duzue inoiz aldatuko!». Vango herritarren erabakia errespetatzeko eskatu dio Arvasi: «Vango herritarrek erabaki bat hartu dute; zure esku dago hori errespetatzea. Ohorea izan, eta eman dizuten karguarekin [alkatetza] apurtu lehenbailehen». Bozen errepikapena Van, hala ere, ez da oihal zuri bateko zertzelada bakan bat. Alderdi kurduaren aurkako ekintzak aurrera eraman dira beste hainbat lekutan. Demek salatu duenez, Sanliurfan (kurdueraz Riha) hauteskundeetako emaitzak indargabetu dituzte, AKPk hala eskatu duelako. Igandean, Demek botoen %33,2 eskuratu zituen, eta AKPk %30,72. Eskualdeko hauteskunde batzordeak zenbait bototan arazoak zeudela argudiatu zuen atzo. Hori dela eta, hiriko alkatetzarako hauteskundeak ekainaren 2an egingo dira berriro. «Boto ilegalak» ere aipatu izan dituzte behin eta berriz alderdi kurduko kideek hauteskundeen harira; azkena, alderdiko kopresidente Tuncer Bakirhanek, X bidez. Boto horiek Sirnaken eman zirela esan zuen Bakirhanek, nahiz eta ez zuen azaldu zerk egiten dituen legez kontrako. Guztira 6.541 boto «ilegal» izan direla salatu zuen politikariak. Demek 2.500 botoren aldeagatik galdu zituen hiri horretako hauteskundeak. Turkiako legeak modua ematen du poliziek eta militarrek destino duten lurraldean bozkatzeko, erroldan egon gabe ere. Klausula hori abusuz erabiltzea egotzi dio Demek gobernuari.
Garaipena hatz mamiez ukitu du Alex Aranburuk (Movistar) itzuliko hirugarren etapan. Indarrez abiatu du esprinta Altsasun (Nafarroa), beste inoren zain gelditu gabe. Tximista bezala irten da helmugatik 200 metrora. Gertu egon da, baina gurpila ondo hartu dio Quinten Hermansek (Alpecin), eta gainditu egin du aldapako azken ahaleginean. Edoardo Zambanini ere (Bahrain) aurretik izan du. Gipuzkoarra ez da gai izan lana biribiltzeko. Zutik zihoan, bizikleta astinduz, baina eseri egin da amaieran, amore emanda. Biribiletik gutxi izan du etapak Primoz Roglicentzat (Bora). Esloveniarrak ere ezin izan du zutik iraun: bizikletatik erori da. 40 kilometroren faltan izan du ezbeharra, eta lanak izan ditu multzoarekin bat egiteko. Eutsi egin dio lidergoari, baina ikusteko dago nola erantzuten duen biharko malda bortitzetan. Juan Ayusok ere (UAE) arazoak izan ditzake, hark ere kolpea hartu baitu, tropela azken kilometroan sartzear zela. Ion Izagirre (Cofidis), Mattias Skjelmose (Lidl) eta Brandon McNulty ere moztuta gelditu dira. Arriskutsu hasi da Itzulia. Bere txarrean, gaurko erorikoek ez dute denbora galerarik ekarri. Remco Evenepoelek (Soudal), berriz, hiru segundo irabazi ditu gainsariei esker, eta bigarren jarri da sailkapenean. Zazpi segundora hurbildu zaio Roglici. Ezpeletatik (Lapurdi) atera da tropela, David Gaudu gabe (Groupama). Otsondoko mendatea igo dute hasi orduko. Ihesaldia sortzeko saiakerak egon dira maldan gora, baita tontorretik igaro ostean ere. Haatik, ahalegin oro bertan behera utzi du tropelak. Besteak beste, Ineos eta Euskaltel aritu dira tarteak ixten. Hasierako eraso festaren ondoren, Alan Jousseaumek (TotalEnergies) aurrea hartu du Usategietako aldapetan. Tom Paquot (Intermarche) eta Eric Fagundez (Burgos) batu zaizkio hortik gutxira. James Fouchek (Euskaltel), berriz, kilometro askoren ondoren egin du bat lasterketa buruarekin. Berandu atera da tropeletik, eta hurrengo bi mendateak, Uitzi eta Zuarrarrate igaro ondoren burutu du jazarpena. Berotu handia hartu behar izan du Zeelanda Berrikoak aurrean sartu eta hartara Euskaltelek gaurko etapan zuen helburua betetzeko. Laukotea lau minutu ingururen aldearekin iritsi da Sakanara. Bezperan bezala, Bora taldeak izan du multzo nagusian tira egiteko ardura. Movistarrek hartu dio lekukoa Altsasura hurbiltzean, eta tarteko helmugara alde murritzagoarekin iritsi dira iheslariak: 2.30 ingurura hurbildu zaizkie 68 kilometroren faltan. Tropela, Roglicen zain Errentak behera egiten jarraitu du Goierrira bidean. Otzaurte gainean, minutu bakarra ere ez zitzaien gelditzen. Paquotek iraun du gehien, Zegamatik (Gipuzkoa) igaro berritan bakarrik abiatuta. Berandu gabe bildu du onenen multzoak. Denak elkarrekin zihoazen Olaberriko igoera tentearen bila. Eta, halako batean, erori egin da Roglic. Kolpeak durduzatuta utzi du, eta ez da segituan itzuli bizikleta gainera. Jantziak urraturik eta odoldurik ekin dio jazarpenari. Artean asko gelditzen zen helmugarako, eta tropelak itxaron egin dio. Trostan igo dute Olaberria. Bi minutu atzerago zegoen liderra. Kosta egin zaio tartea ixtea; Lizarrustiko igoera hasi baino apur bat lehenago itzuli da saldora. Maldan gora ez da surik piztu: Louis Meintjes (Intermarche) mugitu da bakarrik, puntuak biltzeko. Lider jarri da mendiko sailkapenean. Gero, ziztuan joan dira Etxarri-Aranatzera. Han gainsariak zituzten zain, Altsasuko helmugatik zortzi kilometrora. Esprinta nagusitasunez irabazi du Evenepoelek. Gero, eraso egin du Gorka Izagirrek (Cofidis), Marc Soler (UAE) eta Nelson Oliveirarekin (Movistar) batera. Urdiain (Nafarroa) parean harrapatu dituzte. Eta Altsasura iristear zirela, eroriko handia izan da. Minduta gelditu da Ayuso. Beste zenbait faboritok ere ezin izan dute etapa aurrean bukatu. Bai, ordea, Hermansek. Bere ibilbideko garaipenik handiena lortu du Altsasun. Aranbururi, berriz, ihes egin dio Itzulian bigarrenez gailentzeko aukerak. Bihar onenen txanda iritsiko da, Etxarri-Aranatz (Nafarroa) eta Legutio (Araba) lotuko dituen etapan. Nahiko laua izango da 114. kilometrora iritsi arte: Opakua igoko dute soilik. Azken 44 kilometroetan, berriz, Olaeta, Untzilla eta Leintz Gatzaga kateatuko dituzte. Igoera labur eta bortitzak dira; ausart eta indartsuenak xaxatzeko nahikoa.
Kakaoaren salneurria laukoiztu egin da azken hilabeteetan eta sekula izan dituen maximoetara iritsi da, 10.000 dolar tonako. Txokolatea jaten jarraitu ahal izango dugu edo luxuzko produktu bat bilakatuko da?
2024ko apirilaren 4an sartuko da indarrean 2024ko errelebo kontratua administrazio publikoan, Eusko Jaurlaritzak eta gutxiengo sindikalak (CCOO eta UGT) akordioa izenpetu ostean.
Zergadun batek artelanekin kitatu du Arabako Ogasunarekin zuen zor milioiduna. Zehazki, 4,3 milioi euroko balioa duten 85 margolan entregatu dizkio Foru Ogasunari
Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Mollen galdeketa eginez abiatu dute Luhusoko auzia Parisko Zigor Auzitegian. Ekinbideari buruzko xehetasunak eta bakoitzak izan zuen parte hartzea kontatu dituzte bi bakegileek. Luhusoko ekinbideak Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa bideratu zuela baieztatu zuen Etxeberrik. ETArekin harremanetan jartzeko bitartekariak izan zituztela erran zuen: «2016ko martxo-apirilean hasi ginen lehen bilkurak egiten, Tubiana, Berhokoirigoin eta identifikatuak izan ez diren beste batzuk». Elkarrizketa kanal bat eratu zuten: ETAri adierazi zioten blokeo egoeraren aitzinean prest zirela esku hartzeko. Garai hartan, ETAk bazuen kanal bat Frantziarekin eta hortik koadro bat eratuko zela espero zuten, baina porrot egin zuen. Orduan adostu zuten armategiaren ardura Bakegileen esku uztea. «Anitz heldu zitzaizkigun haien laguntza eskaintzera: autoa, etxea… dozenaka proposamen». JEAN NOEL ETXEBERRI Bakegilea Luhusorako prestatu zituzten A eta B planak esplikatu zituen Etxeberrik, eta operazioari buruzko xehetasun guziak aipatu zituen. «Dena aurpegia agerian egin dugu». Ondoren Frantziako agintariekin izandako elkarrizketez ere aritu zen. «Arazo nagusia armategiaren leku aldatzea zen; juridikoki borderline zen». Txetxek iradoki zien etxeetan ziren armak apirilaren 8tik harago itzultzeko aukera. Honela erantzun zioten: «Ez da zuek nahi duzuena, ezta guk nahi duguna ere». Hitz lausoekin aritzen zirela, baina oso ongi ulertzen zutela elkar. Apirilaren 8ko goizean ez zen polizia kontrol bakar bat ere izan errepideetan. Atxiloaldiaren ondotik, karrikan ezezagun andanak eskertu zuela erran zuen Etxeberrik Parisen. «Anitz heldu zitzaizkigun haien laguntza eskaintzera: autoa, etxea… dozenaka proposamen». Hala, egindakoaz «harro» azaldu zen: «Ikusi behar da non geunden; orain, Euskal Herriko historiaren beste orrialde batera pasa gara. Gaur egun ez dago inor Euskal Herrian borroka armatuaren beharra aldarrikatzen duenik». Honela bukatu zuen: «Berriz egin beharko balitz eginen nuke». Konponbidean aitzinatzeko Prozedura hasieran Mollek erran zuen Etxeberriri baserria alokatzera mugatu zela, baina epaimahaiaren asumitu zuen bazekiela «armagabetzeari lotutako ekintza bat zela». Parte hartzaile ezberdinak Errekartea baserrira lagundu zituen, horien artean, Mikel Epaltza apaiza. Orain arte ez zen publikoa, baina epaileak jakinarazi zuen hark zituela ETAren zigilatutako armategiaren kaxetako giltzak. Instrukzio epaileak galdeketa egin dio prozeduraren harira, baina ez dute auzipetu. Gatazkaren konponbide prozesuan aitzina egiteko borondatea zuela baieztatu du Mollek. «Mugaldeko eremu batekoa naiz. Tragediak ezagutu ditugu. Nire aitatxi, nire aita, errefuxiatuetaz arduratu dira, etxean jendea hartu dugu. Gure etxeko ateak irekiak ziren. Luhusokoa horren jarraipena da».