Peio Etxeberria eta Zabaleta, txapeldun
Errukirik gabea izan da Binakako Txapelketako finala. Gogorra, ona, intentsitate handikoa eta emozioz betea. Lana gogotik egin behar izan dute lau pilotariek, zazpiehundik gora pilotakada jo behar izan baitituzte ordu eta erdian. Eta, azkenean, Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak jantzi dute txapela, ederki merezita, Iruñeko Nafarroa Arenan. Jokoz gehiago izan dira txapeldunak, eta lehen zati ikaragarri gogorraren ondoren, ezin hobeki bideratuak izan dituzte lanak azken txanpan. Besteak beste, 21 eta 14 joan dira aurretik, baina latz kosta zaie azken tantoa egiten. Jokin Altunak eta Julen Martjiak ez dute amore eman, eta gertu izan dute miraria, baina azkenean Zabaletaren pilotakada batek erabaki du finala. Errebotean sartu du pilota nafarrak, eta, azkenean, 22 eta 20 nagusitu dira. Zutik agurtu dituzte pilotariak Nafarroa Arenako pilotazaleek, eta ez da gutxiagorako izan, goi mailako ikuskizuna eskaini baitute. Gauzak hala, Zabaletak bosgarren aldiz jantzi du binakako txapela, eta izen handien artean sartu da. Peio Etxeberriak, bere aldetik, estreinakoz lortu du txapela Lehen Mailan. Partidak hasiera besterik ez zuen arren, freskoago sumatu dira txapeldunak lehen tantoetan. Zabaleta fresko ibili da, eta ausart Peio Etxeberria. Ez da kikilduta egon; kontrakoa, nortasuna erakutsi du. Urdinak 0-3 aurreratu dira. Ezinean ibili dira Altuna III.a eta Martija, baina ez luzerako. Lana eta patxada izan dituzte oinarri, eta pixkanaka partidan sartzen joan dira. Aurkariaren bizkarra ikusi arren, lehiari ongi eutsi dio Martijak, eta Altuna III.ak berak ere tanto apartak egin ditu aurrean. Esaterako, 4-5ekoa txapelketako tantorik onena izan da, ezkerrez horma biko batez egina. Partidako lehen berdinketa bosnakoa izan da, eta hortik aurrera bi bikoteak elkar hautsi ezinik ibili dira. VILLAR LOPEZ / EFE Jokoz freskoago eta inspiratuago egon dira Peio Etxeberria eta Zabaleta, baina opariak ere gehixeago egin dituzte. Esanguratsua izan da Ultzamako aurrelariak sakez falta egin duela 7-8 aurretik zirela. Hanka sartzeak garesti atera ohi dira finaletan, baina buruari eta kontrolari ongi eutsi dio Aspeko aurrelariak. Lanean jarraitu du eta taktikoki egoki jokatu du; izan ere, Zabaletaren aginteari etekina ateratzen asmatu du. Odol beroari eutsi eta partidaren irakurketa egoki kudeatu du. Hala, lehen atsedenaldi luzera aurretik iritsi dira Etxeberria eta Zabaleta: 9 eta 12. Etxarrengo (Nafarroa) atzelaria izan da lehen zatian onena. Ordurako 350 pilotakadatik gora izan dituzte joak, eta atsedenalditik bueltan ere ez dira alferkerian egon finalistak. Hurrengo tantoak 113 pilotakada izan baititu. Hura ere urdinen aldera joan da, eta 9-13 aurreratu dira. Une horretan partidak hausteko arriskua izan du, lehertuta sumatzen baitzen Martija. Altuna III.ak, berriz, ezin zuen zulorik topatu aurrean, gainean zituelako bi aurkariak. Hots, aurreikuspenen kontra, egoerari buelta eman diote gorriek. Gora egin du Martijak, pilotakada bat errebotean ere sartu du, eta Amezketako aurrelariak petrolioa atera du ez zegoen tokitik. Harria baino gogorragoak direla erakutsi dute biek, eta aurretik ere jarri dira, 14 eta 13. Jokoz gutxiago izanagatik, aurretik jartzeak makina bat meritu izan du Altuna III.a eta Martijarentzat. Azken tantoa ezin egin Peio Etxeberria eta Zabaletak tanto bat behar zuten aurkarien bolada moztu eta arnasa hartzeko, eta azkenean egin dute hamalaunakoa. Gainera, 21erako bidea zuzenean egin dute gerora. Bide horretan erraztasun handiak eman dituzte gorriek. Oso galtzaile aritu dira, batez ere Martija. Nekeagatik ziurrenik, normalean galtzen ez dituen pilotak galdu ditu. Ahultasuna erakutsi dute. Kontuak horrela, hainbesteko aldearekin bazirudien bi hankak podiumaren gorenean zituztela Peio Etxeberriak eta Zabaletak, baina ederki kosta zaie azken tantoa egiten. Miraria egiteko zorian izan dira gorriak. Zabaleta nekatu egin da, eta aurrelariak lagundu dion arren, ez zaie nahi ordurako iritsi azken tantoa. Partida 21 eta 20 zegoela, Zabaletak hortzak estutu eta errebotera bidali du pilotakada bat. Hark erabaki du lehia. Horri esker, binaka bosgarren txapela jantzi du Etxarrengo atzelariak, eta Antton Maizen, Juan Martinez de Irujoren eta Julian Retegiren zenbakiak berdindu ditu. Gainera, bost txapelak lagun ezberdinarekin lortuak izan dira. Pozarren agertu da Zabaleta. «Izugarri pozik nago. Orain bai esan dezaket marka hori berdindu dudala, eta sinestezina da niretzat. Partida oso gogorra izan da, izugarri sufritu dut, baina Peioren laguntzarekin aurrera atera dugu. Oso eskertuta nago». Peio Etxeberria bera ere pozarren mintzatu da. «Nire lehen txapela da gorengo mailan, eta barruan dudan sentipena deskriba ezina da. Latz sufritu dut, bukaeran uste nuen ihes egingo zigula txapelak, baina azkenean lortu dugu helburua». Garaipena elkarrekin ospatuko dute aitortu dute bi txapeldunek.