Hezkuntza publikoko irakasle zein sukalde eta garbiketako kolektiboek martxoaren 25ean, 26an eta 27an eta apirilaren 1ean eta 2an egingo dituzte lanuzteak.
2024ko errenta kanpaina apirilaren 10ean hasiko da Bizkaian. Ekainaren 30era arte egin ahalko dute zergadunek errenta aitorpena Bizkaian. Hiru bide izango dituzte horretarako: aurrez aurre, telefonoz edo webgunearen bitartez.
Siriako kurduen menpeko instituzio guztiak estatuko egituretan integratzea hitzartu dute gaur SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak eta herrialdeko behin-behineko gobernuak; baita bi aldeen arteko borrokak amaitzea ere. Hala adostu dute Siriako behin-behineko presidente Ahmed al-Xaraak eta SDF koalizioko komandante Mazlum Abdik, gaur sinatutako hitzarmenean. SDF batik bat miliziano kurduek osatzen dute, eta Siriako ekialdeko zein ipar-ekialdeko eremu zabal bat du kontrolpean; orain, Siriako Gobernuaren esku geratzea hitzartu dute. Abendutik HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak gidatzen du gobernua, Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren (2000-2024) gobernua erorarazi zuenetik. Al-Xaraak eta Abdik sinatu duten dokumentuaren arabera, estatuaren egituretan integratuko dira ipar-ekialdeko instituzio zibil eta militar guztiak; tartean, muga postuak, aireportua, eta petrolio eta gas hobiak geratuko dira estatuaren esku. Gainera, akordioaren arabera, Siriako herritar guztiek prozesu politikoetan parte hartzeko aukera izango dute, euren erlijioa zein etnia dena delakoa ere. Eta nabarmendu dute kurduek Siriako Estatuko «komunitate indigena» bat osatzen dutela, eta estatuak bermatuko dizkiela beren herritartasun eskubideak zein herrialdeko konstituzioak esleitzen dizkienak. HTS, SNA eta SDFren kontrolpeko lurrak, urtarrilean. BERRIA Era berean, SDFk eta Siriako behin-behineko gobernuak su etena hitzartu dute, «Siriako lurralde guztietarako». Akordioa urte bukaerarako gauzatzeko borondatea agertu dute bi aldeek. Egun gobernuan dagoen HTS taldeak Al-Qaedarekin lotura zeukan Al-Nusra Frontean du jatorria; 2011. urtean hasitako Siriako gerran elkarren aurka aritu izan dira borrokan SDF eta muturreko islamistak. Orain, menia sinatu dute. Halere, Sirian badaude beste milizia batzuk ere; hala nola Turkiak babestutako talde armatuak —gaur egun SNA Siriako Armada Nazionala da garrantzitsuena—. SNAren eta SDFren arteko borrokak gogortu egin ziren Al-Assad boteretik kendu ostean. Gatazka horien ondorioz desplazatutako siriar guztiak herrialdera itzuli ahal izatea ere adostu dute behin-behineko gobernuak eta SDFk; gainera agintari berriek konpromisoa hartu dute etxera itzultzen diren siriarrak babesteko. Ikusteko dago Afrindik eta beste herri batzuetatik ihes egindako kurduek itzultzeko akordioa ere nola gauzatuko den. Bestalde, gaur sinatutako akordioaren arabera, SDFk baztertu egin beharko du Siriako gizartean «banaketa» eragin dezaken ekimen oro. Gainera, gehiengo kurdua duen miliziak konpromisoa hartu du estatuari laguntza emateko «Al-Assaden erregimenaren hondarren» aurkako borrokan; baita herrialdeko «batasunarentzako eta osotasunarentzako mehatxu» izan daitekeen edozeren aurrean ere. Mazlum Abdik, akordioa sinatu ondoren, sare sozialetan esan du, «garai kritiko hauetan», elkarrekin lanean ari direla, «herritarren justizia eta egonkortasun nahiak» asetzeko. «Siriar guztien» eskubideak eta haien bake nahia bermatu nahi dutela, eta akordioak «Siria berri bat» eraikitzeko oinarria jarriko duela espero duela erantsi du. SDFren bozeramaile Farhad Shamik, berriz, jakinarazi du AEBen bitartekaritzarekin egin dutela akordioa, eta argitu nahi izan du akordioak ez duela esan nahi gobernuaren indarrak sartuko direla haien esku dagoen lurralde eremuan, nahiz eta mugen kontrolaz bai arduratuko direla zehaztu duten. «Aurreakordioak dira, eta batzordeek jarraituko dute lanean, argitzeko». Erantsi du akordio horrek geldiarazi egin beharko lituzkeela Turkiaren erasoak Siriako kurduen kontra. Ia 1.000 zibil, erailak Hain zuzen, gaur jakinarazi du Damaskok Al-Assaden jarraitzaileen aurkako operazioa bukatu duela. Azken bost egunetan Latakia eta Tartus eskualdeetan presidente ohiaren jarraitzaileen aurka aurrera eraman du operazio militar bat HTSk gidatutako gobernuak. Siriako behin-behineko gobernuko Defentsa Ministerioak iragarri du eten egin duela operazio hori. Kaleratutako oharraren arabera, behin «helburu guztiak» bete ondoren hartu du erabakia. Al-Xaraak berak Reuters agentziari emandako elkarrizketa batean adierazi du zigortu egingo dituztela hilketen egileak. Giza Eskubideen Siriako Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak —Erresuma Batuan du egoitza— atzo gauean esan zuen jihadista suniten talde batzuek ia 1.000 zibil hil dituztela herrialdearen mendebaldean. Batez ere musulman alauiak hil dituzte; hain zuzen, musulman xiiten adar horretakoa da Al-Assad beraren familia.
Hasi dira epaitzen hamar urtez adingabeei sexu erasoak egiteaz akusatutako surf irakaslea. Hondarribiko (Gipuzkoa) surf eskola batean aritzen zen, eta 2011tik 2021era 11 adingaberi sexu erasoak egitea leporatzen diote —denek 16 urte edo gutxiago zituzten erasoak gertatu zirenean—, eta gaur hasi da haren aurkako epaiketa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko hirugarren aretoan, biktimen lekukotza eta guzti. Irakaslea 2021eko abuztuan atxilotu zuten, eta orain arte kartzelan egon da. Surf eta skate irakaslea zela gertatu ziren salatutako erasoak. Sexu erasoengatik ez ezik, haurren sexu esplotazioa erakusten duen materiala edukitzeagatik dago auzipetuta gizona. Horiek horrela, fiskaltzak, guztira, 86 urteko zigorra eskatu du: 85 urtekoa sexu erasoengatik, eta urtebetekoa irudiengatik. EFE berri agentziak jakinarazi duenez, bestalde, akusazio partikularretako batek zigor gogorragoa eskatu du: 290 urte inguru, zigor guztiak batuta. 11 biktimetatik hamar ordezkatzen ditu akusazio horrek. Defentsak, azkenik, akusatua absolbitzeko eskatu du. Froga berriak Akusatua ez da biktimen gela berean egon, eta epaiketa ateak itxita egin dute. Auzitegiak ohar bidez azaldu duenez, epaiketa publikoki ez egitea erabaki dute, biktimen «intimitaterako eskubidea ez urratzeko eta ez birbiktimizatzeko». Epaiketaren lehen saioan, froga berri bat aurkeztu du defentsak, eta beste bat akusazioetako batek. Defentsak argudiatu du akusatua substantzia toxikoen mendekotasunetik ateratzen ari dela, eta hori frogatuko lukeen txosten bat aurkeztu du. Froga hori atzera botatzeko eskatu dute akusazioek, txostena 2022koa delako, eta aurretik ere denbora izan duelako defentsak hura aurkezteko. Akusazioetako batek, berriz, biktimetako baten txosten psikologikoa aurkeztu du. Bi froga berriak, hala defentsarena nola akusazioarena, onartu egin ditu Jone Unanue magistratuak. Adingabe guztiek ez dute hitz egin oraindik, eta, auzitegiak aurreikusten duenaren arabera, asteazkenera arte edo ostegunera arte luzatuko dira lekukotzak. Hori dela eta, epaiketa martxoaren 21era arte luzatuko da, ezustekorik ezean. Surf eta skate irakaslea izango da hitz egiten azkena.
Petroliontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute gaur goizean, Ipar Itsasoan, Yorkshireko kostaldetik hurbil (Britainia Handia). Tripulazioetako kide guztiek itsasontzietatik irtetea lortu dutela jakinarazi du Salbaontzien Errege Erakunde Nazionalak; eta horietatik bat hospitalera eraman dutela zehaztu du Graham Stuart Alderdi Kontserbadoreko diputatuak. Gaineratu du «kezkatuta» dagoela istripuak eragin dezakeen kalte ekologikoa dela eta. Izan ere, petroliontziaren jabeak, Crowley logistika enpresa estatubatuarrak, ohar batean baieztatu du itsasontziak erregaia garraiatzen zuela, eta itsasora isuri dela. Gainera, Erresuma Batuko hedabideen arabera, zamaontziak sodio zianuroa zeraman, gai kimiko toxiko bat. Grimsby eta Hull hirietatik hurbil gertatu da bi ontzien arteko istripua, Humber estuarioan, Ingalaterrako ekialdeko kostaldean. Naturagune babestua da Humber estuarioa, batez ere bertan bizi diren itsas hegaztiengatik. Horregatik, talde ekologistek kezka agertu dute. Greenpeaceko Erresuma Batuko bozeramaileak BBC telebista kateari adierazi dio «goizegi» dela kalteak zenbatekoak izango diren jakiteko. Istripuaren ostean bi itsasontziek su hartu dute, eta BBCk zabaldu dituen irudietan ke beltzak inguratuta ageri dira bi ontziak. Petroliontziak AEBetako bandera du, eta zamaontziak, Portugalgoa. Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen istripua. Petroliontziak Stena Bulk Suediako enpresarentzat egiten du lan, eta enpresa horretako zuzendari nagusi Erik Hanellek BBCri esan dio «goizegi» dela ezbeharraren arrazoien inguruan «espekulazioak» egiteko. Halere, Crowley enpresaren arabera, zamaontziak jo du petroliontzia.
Nafarroako Medikuen Sindikatuak grebara deitu ditu medikuak astelehen honetan hasi eta apirilaren 6ra arte. “Aldizkako” greba egingo dutela adierazi dute.
Oraindik sinatu gabe dago akordioa, baina 45 milioi euroko inbertsioa ekarriko du 2028ra arte, eta agente bakoitzarentzat urtean 4.200 euroko gutxieneko ordainsari-igoera aurreikusten du, besteak beste.
EUDELek gida bat osatu du udalei etxebizitza turistikoak arautzen laguntzeko. Orientazio gida bat da, ez “nahitaezko erregulazio eredu bat”, eta helburua “turismo jasangarria” ahalbidetzea da, “gizarte, ekonomia eta ingurumen mailan”.
Finalaurrekoetako ligaxkako azken jardunaldian erabakiko dira Binakako Txapelketako finalistak. Ezkurdiak eta Rezustak bigarren garaipena lortu zuten atzo, eta Lasok eta Iztuetak galtzea behar zuten finalerako txartela ziurtatzeko. Hori ez da gertatu, ordea: Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoan) 22-16 irabazi diete bi horiek Peña II-ari eta Albisuri. Ondorioz, ez dago finala jokatzea ziurtatua duen bikoterik. Datorren astean, Ezkurdiak eta Rezustak gutxienez hamasei tanto egin beharko dituzte Lasoren eta Iztuetaren aurka, edo Artolak eta Mariezkurrenak galtzeak ere balio die. Bikote horrek nahikoa du Peñari eta Albisuri irabaztearekin. Laso eta Iztueta finalean izango dira Ezkurdia eta Rezusta hamabost tanto edo gutxiagoan uzten badituzte, baina Artola-Mariezkurrenak galduz gero, irabazte hutsak ere balio diezaieke. Zailen duen bikotea Peña-Albisu da: Ezkurdiak eta Rezustak irabaztea behar dute, eta beraiek 22-14 nagusitzea. Gaurkoari dagokionean, Iztueta izan da eguneko protagonista. Tolosako atzelariak neurketa bikaina jokatu du, batez ere bigarren erdian, eta bost tanto ere egin ditu. 9 eta 12 aurretik izan dira Peña eta Albisu, baina huts ugari egin dituzte hortik aurrerakoan.
Atzo arratsaldean 11 eta 15 urteko bi adingabe elektrokutatu ziren Usurbilen (Gipuzkoa), Errota Berri industria guneko goi-tentsioko dorre batera igota. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, bietako bat, erredura okerrenak dituena, Gurutzetako Ospitaleko Erredura Larrien Unitatean dago (Barakaldo, Bizkaia), larri baina egonkor. Bi gazteak anai arrebak dira, eta, familiarekin, ospakizun batean zeuden Atxega jatetxean, ezbeharra gertatu zen lekutik metro gutxira. 18:10ak aldera, han zeudenek leherketa bat entzun zuten eta industrialgunean argia joan zen. Bi heldu bertaratu ziren adingabeei laguntzera, eta bi horiek ere medikuen arta behar izan zuten gero. Medikuekin batera erreskate lanetan parte hartu zuten suhiltzaileek, Ertzaintzak eta Usurbilgo Udaltzaingoak. Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak atsekabea adierazi du gertatutakoagatik, eta zaurituei behar bezala errekuperatzea opatu die. Gainera, esan du Iberdrolari herriguneko elektrizitate dorreak ikuskatzeko eta hobeto babesteko eskaria egingo diotela, istripua izan dutenak dorrera oso erraz igo zirela uste baitute.