Euskadik nazioarteko merkatuetan oinarrituko du bere turismo-kanpaina. Hala, urtaroen arteko desestazionalizazioa, egonaldiaren luzapena eta gastuaren igoera bultzatu nahi dira.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek argibideak eskatu dituzte Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz zauritutako gaztearen inguruan. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Ertzaintzaren barne espedientea eskatu du, «operatiboa argitzeko», eta «erabateko gardentasuna» galdegin du. Astelehen goizaldean, inauterietan, liskarrak sortu ziren Tolosan, eta gazte bat larri zauritu zen; gazteak berak esandakoaren arabera, Ertzaintzaren foam jaurtigai batek eragin zion zauria. Ospitalera eraman zuten, begian zauri larria eragin ziolako jaurtigaiak, eta han dago oraindik, ebakuntzaren zain; handitua du begi ondoa, eta jaistera itxaron behar dute ebakuntza egiteko; ondo bidean, ostegunean egingo diote ebakuntza. Gazteak 16 urte ditu, eta Villabonakoa da; elkarretaratzea egin dute han, Bortizkeria polizialik ez lelopean. Larunbatean mobilizazioa egingo dute berriro, «ez garela seguru sentitzen argi plazaratzeko», 12:00etan, Tolosako Trianguloan. Gaur egon da beste martxa bat Tolosan, Kontseilu Sozialistak deitua. Gaztearen senideek jakinarazio diote diagnostikoa BERRIAri: begi ondoa erabat handitua du gazteak, eta odolbildua jaistera itxaron behar dute. Zenbait puntu ere eman dizkiote, zauria ixteko. Malko hodia hautsia du, eta erretina askatua. Ikusi behar dute zer bilakaera duen zauriak, eta ikusmenean zer kalte eragingo dion. Familiak argi utzi nahi du gaztea festa giroan zebilela, ezustean topo egin zuela istiluekin, eta ez duela inolako zerikusirik liskar horiekin. [articles:2120576] Auzia Eusko Legebiltzarrera iritsi da gaur. Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak foam jaurtigaien arriskuaz ohartarazi du, eta gogorarazi du «Ertzaintzan indarrean dauden protokoloek zorrotz zehazten dutela noiz eta nola erabili horrelako materiala, hain justu, izan ditzakeen ondorio larriengatik». Hori horrela, ezinbestekotzat jo du «Segurtasun Sailak berehala argitzea zer gertatu den kasu honetan, protokoloak benetan bete diren ala ez jakiteko, eta, hala izan ez balitz, dagozkion ardurak eskatzeko». Elkarrekin Podemosek ere ardurak eskatu ditu Ertzaintzak Tolosako inauterietan egindako oldarraldiarengatik. Miren Gorrotxategi ezkerreko koalizioko eledunak Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari eskatu dio azalpenak eman ditzala Eusko Legebiltzarrean, Poliziak izandako jarreraren nondik norakoak argitzeko. Gorrotxategiren arabera, «onartezina» da halakorik gertatzea. Eusko Legebiltzarrean erregistratu du eskari bat, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ikerketa zehatza egiteko eta erantzukizunak argitzeko. «Behin baino gehiagotan agerian geratu da istiluen aurkako material horrek, hilgarria ez den arren, ez dituela errespetatzen giza eskubideen ikuspegitik indarra erabiltzeko oinarrizko printzipioak», adierazi du Gorrotxategik. Hain zuzen ere, gogora ekarri du Iñigo Cabacasen kasua —«ezinezkoa da ez oroitzea»—; Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil baitzen Cabacas, 2012ko apirilean, Bilbon, Athleticen partida baten ostean. «Nola da posible halakorik gertatzea oraindik?», itaundu du. Hain justu, Cabacas hil ondoren erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak gomazko pilotak uztea eta foam jaurtigaiak erabiltzen hastea. Baina foamezko jaurtigai horiek ere eragiten dituzte zauriak, eta arriskutsuak dira. 2019an, Bilbon, Voxen aurka elkarretaratze batean parte hartzen ari zen neska bati matelezurra puskatu zioten foamarekin; 2021ean, Donostian, beste gazte bati hautsi zioten matelezurra. Ikerketa, abian Ertzaintzak berak emandako azalpenen arabera, taberna batean hasi ziren istiluak astelehen goizaldean, eta Alde Zaharrean jarraitu zuten gero. Liskar horietan, agenteek istiluen kontrako materiala atera zuten, eta orduan zauritu zen gaztea. Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, Ertzaintzak barne ikerketa bat hasi du gertatutakoa ikertzeko. Halaber, dagokion epaitegiari eskatu dio auzitegiko mediku batek azter dezala ospitaleratutako gaztea, eragindako zaurien izaera zehaztu ahal izateko. Mediku forentsea izan da ospitalean, eta aztertu du zauritutako gaztea, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Ertzaintzako ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek, berriz, «kirurgia operazio profesional» bati buruz hitz egin dute. «Ertzaintzarengatik izan ez balitz, tragedia bat gertatuko zen beharbada». Erkorekari «ez isiltzeko» exijitu diote, eta Ertzaintza «defendatzeko». Segurtasun Sailaren oharrarekin bat egin eta zera gehitu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak, gobernu bilera osteko agerraldian: «Jaurlaritzaren helburua da Tolosan gertatutakoa guztiz argitzea, ertzainen jardunaren gardentasun konpromisoari erantzuteko». Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak, berriz, gertatutakoa argitzeko eskatu zuen atzo. Inauteriak izaki, ingurua jendez gainezka zegoela oroitarazi du.
Urtero bezala, asteartea azpimarratu dute agendan Lantzeko herritarrek (Nafarroa): inauterietako egun handiena da, eta Miel Otxinek, Ziripotek, txatxoek, Zaldikok eta arotzek herriko kaleak hartzen dituzte. Baina, kaleak, joareen soinuarekin eta oihuekin bete baino lehen, taloen usainarekin bete dira. 6 urteko Asier Ballarenak txokolatezko taloa du eskuan, eta ahoan sartu baino nahiago du txokolatea masailetan sakabanatu. Bien bitartean, dantzan hasi da, bere buruan entzuten duen zortzikoaren doinuari jarraituz, arrebak irri egiten duen bitartean; taloa askatu gabe, noski. Herriko ostatuan zortzikoa dantzatzen dutenak imitatzen ari da Ballarena. Lehenbiziko solairuan hasi dira txistulariak zortzikoa jotzen,13:00etan, eta dantzariek zangoak mugitu dituzte hamar minutuz, gelditu gabe. Adin guztietako dantzariak elkartu dira, eta haien saltoekin hasi da dardarka solairuko lurra, jendez betea. Abiadura geroz eta handiagoa hartu dute musikariek, eta dantzariek geroz eta azkarrago mugitu behar dituzte hankak. Aurpegi gorria duten dantzariek jaka jaurti dute, irrintzi bat bota bitartean. Geroz eta zailagoa da erritmoari eustea, eta lehendabiziko solairua berotuz doa bertan dagoen jendeari eta leihotik sartzen den eguzkiari esker. Azkenean, hamar minutuko zortzikoa eskaini eta gero, ikusleen txaloak jaso dituzte. Txalotzen ari diren horietako bat da Cristian Rios iruindarra. Laugarren aldia du Lantzeko inauterietan, eta bi lagunekin etorri da, tradizioan oinarritutako besta haiei erakusteko asmoz: «Kalejira ikustea maite dut, baita mozorroak ere. Oraindik ez dut ikusi Miel Otxin nola erretzen duten, baina uste dut aurten bai ikusiko dudala». Nahiz eta tradizioan oinarritutako besta izan, 1936ko gerrak isildu zuen antzinako ohitura. Julio eta Pio Caro Baroja anaien Navarra cuatro estaciones (Nafarroa lau urtarotan) dokumentalari esker berpiztu ziren inauteriak Lantzen, 1964an. Duela 60 urte argitaratutako lanean bildu nahi izan zituzten herritarren ohiturak, hurrengo belaunaldiek lekukoa hartzeko. AITOR KARASATORRE / FOKU Lekukoa gogotsu hartu du Maider Arrasatek, eta, urtero bezala, txatxoaren mozorroa jarri du ostatuko ganbaran. Bertan janzten dituzte mozorroak, «ez pasatu» kartela idatzia duen eta heldulekurik ez duen ate baten atzean. Bihotza «saltoka» duela esan du Arrasatek, eta tripetan sumatzen duela urduritasuna: «Ez dakit nola erran, baina urtarrila hasi bezain pronto sentitzen dut zerbait tripetan, eta gogo handiz hartzen ditut inauteriak». Hainbat kolorerekin egindako arropa zaharrak hartu ditu, eta urtero egiten duen tunturro berria. Tradizioa urtero berritu behar omen da. Txatxo bakoitzak badu bereizgarri egiten duen tunturroa, eta haien artean badakite nor den nor herriko kaleak hartzen dituztenean. «Adrenalina ikaragarria sentitzen dut korrika eta oihuka ateratzen garenean Miel Otxinekin batera. Ni saiatzen naiz umeak gehiegi ez beldurtzen», esan du Arrasatek, irribarre bihurria ahoan. AITOR KARASATORRE / FOKU Arrasateren ahaleginak ez dira oso eraginkorrak izan. Santa Kruz kaleko 35.etik txatxoek sardeak atera bezain pronto, umeen oihuak entzun dira. Beldurrik gabeko ume batek sardeari heldu dio atea berriz itxi baino lehen, aurpegi bihurriarekin, baina korrika ihes egin du txatxoaren aurpegia ikusi bezain pronto. Ate horretatik atera dira zakuekin estalitako arotzak, eta ostatuari begira daudenak beldurtu dituzte: buelta eman, eta aurpegirik gabeko izakia ikusi du emakume batek, eta sakelakoa lurrera erori zaio. Baina txatxoak oraindik ez dira atera; haien sardea ikusi da, besterik ez, eta urduritasuna da nagusi. Ostatuko atean kolpeak ematen dituzte ume batzuek, eta horren truke leihoetatik botatzen duten lastoa jasotzen dute. «Ziripoten lastoa!», oihukatu du Ane Bienzobasek, aho zabalik. Azkenean ireki da ostatuko atea, eta hasi da anabasa. Erratzak eta sardeak hasi dira dantzan, txatxoen oihuen artean. Zaldiko ere atera da Ziripotekin batera, eta haien atzetik Miel Otxin erraldoia. Umeen eta txatxoen oihuak txistuen doinuarekin nahasi dira. AITOR KARASATORRE / FOKU Plazara iritsi baino lehen, arotzek Zaldikori ferrak jarri dizkiote guztien aurrean. Tradizio hori arrotza egin zaio Bienzobas gazteari: «Baina hori ez da zaldi bat!», esan dio amari. Amak azaldu dio Zaldiko zer den, baina Bienzobasi ez zaio zentzuzkoa iruditu: «Nola jartzen ahal dizkiote ferrak, zapatilak baditu?». Hortik abiatu da Zaldiko plazara, Ziripot etengabe bultzatuz eta zapalduz. Kolore uholdea oihuka sartu da plazara, eta Marta Arburuak, hunkituta, argazki kamera atera du Miel Otxini argazkia ateratzeko: «Dokumental batean ikusi nuen Miel Otxinen irudia, eta nire begiekin ikusi nahi nuen». Miel Otxin inguratu dute txatxoek, eta haren inguruan zortzikoa dantzatu dute kolorez jositako tunturroekin. Arratsaldean, ostera kalejira, Miel Otxin hil eta sutan erretzeko. Zortzikoaren doinuarekin agurtuko dituzte inauteriak Lantzen, datorren urtera arte.
Asko dira hilabeteotan funtzio publikoan euskararen bilakaera sustatze aldera emandako irizpide administratiboen kontrako sententziak, eta Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. zenbakiko Epaitegiak eman du azkena. Hilabete honetan bertan ebatzitako epai bat da. Eskola batean atezain ari den langile batek helegitea jarri zuen Donostiako Udalaren aurka B2 hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar zuelako lanpostua egonkortzeko prozesuan, eta «partzialki» onartu egin du epaileak. Hona ondorioa: salbuetsi egin du, eta ez du eskakizun hori konplitu beharko. Sententzian jartzen duenez, helegitea jarri zuen langilea 2001etik ari da lanean eskola bateko atezain; 21 urte daramatza, beraz, lanpostuan. Udalak, lanpostua egonkortzeko prozesuan «esperientzia» aintzat hartzen duela argudiatu du langileak helegitean, baina lanposturako izangaiak «kanpoan utz» ditzakeen proba bat ere ezarri duela, euskara ariketa bat, eta, ondorioz, «debekatu» egiten diola lanpostua lortzea. Gogora ekarri du, gainera, lanpostu horretan lanean hasi zenean ez zuela ezarria «derrigortasun datarik», aintzat hartzeko moduko «meritua» besterik ez zela orduan. Beste xehetasun bati ere erreparatu dio langileak helegitean; bere «funtzioak» betetzeko orduan euskara erabiltzeko erarik ez duela izan argudiatuta, inor ez da kexatu 21 urteotan. Gainera, bete behar dituen funtzio gehienetan ez da «inolako hizkuntzarik» erabili behar. Horiek horrela, «gehiegizkoa» da B2 maila eskatzea. Adinari ere erreparatu dio, egun ja 59 urte ditu, eta, lanpostu hori gabe geratzen bada, lan egoera «zailean» geratuko da. Helegitean bost eske egin ditu langileak. Aurrena, eskola atezain izateko hizkuntza eskakizuna kentzeko eskatu du. Epaiak atzera bota du hori. Aldiz, onartu egin du propio langile honi ez eskatzea hizkuntza eskakizuna. Sententziak horretarako propio aztertu dute ea legeak 45 urtetik gorakoei hizkuntza eskakizunak ez betetzeko ematen dien aukera hori funtzionarioentzat bakarrik den, edota behin-behineko langileentzat ere balekoa den. Langilearen eskearen alde egiteko, aintzat hartu du iragan abenduan Laudioko Udaleko funtzionario bati euskara eskakizuna ez eskatzearen alde EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaia. Irizpide nagusi bat eman zuen horretarako: 45 urtetik gorako funtzionario denak daude salbuetsita euskara maila egiaztatzetik. Aurrez Gasteizko auzitegi batek ebatzitako epai baten kontra jarritako helegitearen kontrako erantzuna izan zen ebazpen hori. Epai hartan esan zen, halaber, 45 urtetik gorakoa zenez ezin zitzaiola eskatu euskara mailaren ziurtagiririk langile bati. Horrez gain, erantsi zuen euskara «munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena» dela. Argudio horien harira, euskalgintzak gogor kritikatu zuen ebazpen hura. Euskalgintzaren Kontseiluak kezkaz hartu du epai hau. Aditzera eman duenez, ebazpen honetan argi geratu den eran, ikuspegi «murriztaile» batetik egindako erabaki judizialak ugaritzen ari dira, eta jurisprudentzia bat «egonkortzen» eta «betikotzen» ari da euskara sustatzea lortu nahi duten neurri administratiboen kontra. Epai horiek «oinarri juridiko zalantzagarria» dutela berretsi du, aurrez hainbatetan egin duen eran. Iragan urtarriletan ere jaso zuen Donostiako Udalak hizkuntza eskakizunen kontrako epai bat. Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegitik heldu zen hura: ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Udaltzainen lanpostuak egonkortzeko udalaren prozesu baten harira eman zuen sententzia, lanpostua eskuratu nahi dutenetako batek abiatutako helegiteari erantzunez orduan ere. Euskalgintzaren Kontseiluak halakoetarako prestatua duen protokoloa abiatu zuen euskalgintzak ebazpenaren aurka, eta kalera atera zen kontra egitera.
45 urteko gizon bat hil da Durangon izandako lan istripu batean, 2024ko otsailaren 13an. 10:50 aldera gertatu da ezbeharra, Fundiciones Fumbarri lantegian.
Bilbobuseko langileek 24 orduko beste greba dute gaur, 2024ko otsailaren 13an, hitzarmen berria helburu. Gasteizen ere greban dira Tuvisa autobus zerbitzuko beharginak.
Langile publikoek % 0,5eko soldata igoera kobratuko dute martxotik aurrera. Eusko Jaurlaritzak gaur, 2024ko otsailaren 13an, onartu du soldata igoera, 2023ko urtarriletik atzeraeraginez aplikatuko dena.
Txapeldunen Ligako postuetan lo egiteko aukera galdu du Athleticek, sailkapeneko azken postuan dagoen Almeriaren aurka hutsean berdindu ostean. Zuri-gorriak, hamaikakoa eraberrituta, ezin izan dituzte Kopako finalerdian izan zituzten sentsazio onak berreskuratu, eta hirugarren partida kateatu dute bisitari gisa Ligan garaipenik lortu gabe. Joko aldetik ahazteko moduko partida egin dute Ernesto Valverderen jokalariek, nahiz eta bigarren zati hasieratik jokalari bat gehiagorekin aritu diren. Irabazteko aukera izan badute ere, Almeriak azken minutuetan garaipena gertu izan du. Agintzaile sartu da partidara Athletic, eta zuri-gorriak izan dira abisua ematen lehenak. Mikel Vesgak jaurtiketa egiteko aukera ikusi du eta ez du zalantza egin, baina Almeriako jokalari batek baloia desbideratzea lortu, eta atezainaren eskuetan amaitu du baloiak. Hortik gutxira, Villalibrek izan du beste aukera bat, buruz, langaren goitik jaurti duena. Almeriak normalean behera egiten du aurkariak estutzen duenean, baina gaur ez da horrela gertatu. Athletic lasaitzen hasi da, eta behin eta berriz heldu da etxeko taldea Unai Simonen atera. Akatsa ugari egin ditu baloiarekin, eta defentsan ez da oso sendo aritu. Valverdek aldaketa ugari egin ditu hamaikakoan, eta minutu karga baxuagoa izan duten Unai Gomez, Vesga, edo Villalibreren ekarpen handiagoa espero zen. Alabaina, Almeria ez da Ligako sailkapeneko azken taldea kasualitatez, eta aurrerapausoa eman nahi duenean kosta egiten zaio asmatzen. Zakarra izan da lehen zatiaren amaiera, batez ere bi taldeen hutsegite mordoengatik, baina hala ere, aukera bana izan dute markagailua irekitzeko. 40. minutuan, korner jaurtiketa batean, Paredes gailendu da eta burukada ona egin du bigarren zutoinera. Baina lan gutxi izan du Maximianok geldiketa itzela egin du berdinketari eusteko. Etxeko taldeak ere aukera bat izan du atsedenaldi aurretik. Choco Lozanok egin du errematea, buruz ere, baina Simonek harrapatu egin du erraztasunez. Lehen zati tamalgarriaren aurrean, Valverde irtenbide bila atera da bi aldaketekin. Muniain sartu du Unai Gomezen tokian, eta Ligan 600 partida bete dituen Raul Garciak Villalibreren ordez atera da. Baina gauzak ez dira gehiegi aldatu, zuri-gorriei partida guztiz alde jarri bazaie ere. Bigarren zati hasieran bigarren txartel horia ikusi du Ramazanik jokaldi zentzugabe batean, eta bat gutxiagorekin geratu da Almeria partida amaiera arte. Bat gehiagorekin ezinean Almeria ezinean ikusi da jokalari bat gutxiagorekin, baina etsigarria izan da, Athletic, bat gehiagorekin, gai ez izana nagusitasun pixka bat ezartzen. Aldaketak agortu ditu Valverdek, baina Sancet, Herrera eta Adu Aresen ekarpena beste jokalarien antzekoa izan da: oso baxua. Nahasmen hutsa izan da partida amaiera, Athleticen saiakera antzu batzuekin, eta Almeriaren erresistentzia saiakerarekin. Hainbeste erotu da partida, non ia 90 minutuetan egin ez dutena azken bostetan egitea lortu duten. Raul Garciak burukada bikaina egin Ander Herreraren erdiraketa batean, baina baloia zutoinera joan da. Hortik oso gutxira, kontraeraso batean, Almeriak izan du hiru puntuak lortzeko aukera. Marezi aurrelariak Athleticen defentsen bizkarrean jaso du baloia, eta honek ere zutoinera jaurti du. Ez da gustu onekoa Almeriaren aurka irabazi ez izana, baina zerbait positiboa ateratze aldera, orain arte Athleticek izan duen egun okerrenean ere puntu bat batzeko ahalmena izan du. Sailkapenean dituen gainontzeko lehiakideen emaitzak ikusirik, aukera ezin hobea zen talde zuri-gorriarentzat garaipena eskuratzea, baina galtzeko zorian ere izan da azken minutuetan.
Ertzaintzaren jaurtigai batez zauritu eta gero, ospitalera eraman zuten bart gazte bat, eta hantxe dago oraindik ere. Tolosako (Gipuzkoa) alde zaharrean gertatu zen, eta herriko alkate Andu Martinezek eman du horren berri, X sare sozialaren bidez. Haren erranetan, gaztea «larri» zaurituta dago. Naiz hedabideak jakinarazi duenez, 16 urte ditu gazteak eta Billabonakoa (Gipuzkoa) da. Ertzaintzak, berriz, erran du istiluen kontrako materiala erabili zutela «ordena publikoa berrezartzeko». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du ikerketa bat abian jarri duela: «Prebentziozko neurri gisa, Ertzaintzak ofizioz ikerketa eginbide espezifikoak ireki ditu gertakari horretarako, eta dagokion epaitegiari eskatu dio auzitegiko mediku batek esku hartzeko, ospitaleratutako gaztea ebaluatzeko eta lesioen izaera zehazteko. Aldi berean, Ertzaintzak barne ikerketa hasi du polizia jarduketarekin lotutako xehetasun guztiak aztertzeko». Jaurlaritzaren erranetan, neurri horiek hartu dituzte «erabat argitzeko» zer gertatu den, eta polizien jardunaren «gardentasun konpromisoari» erantzuteko. Azaldu dute istiluak taberna batean hasi zirela atzo goizaldean, eta alde zaharrean jarraitu gero. Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu zituen, objektu batzuk kendu eta bi gazte atxilotu, ohar batean zabaldu dutenez. Atxilotu horietako bati, behintzat, «erabiltzea debekatua dagoen materiala» eramatea egotzi diote: borra zabalgarri bat. Gazte bat ere zauritu zuten istilu horietan, ukabilkadak eman baitzizkioten, eta elkarri «era guztietako objektuak» bota. Ertzaintzak berak emandako azalpenen arabera, agenteek istiluen kontrako materiala atera zuten liskar horietan, eta orduan zauritu zen beste gaztea. Ospitalera eraman zuten, eta gaur arratsaldean artean ere han zegoen. Egoera ikusita, alkateak gertatutakoa «argitzeko» eskatu du, inguru hura jendez beteta baitzegoen. Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak, berriz, gertatutakoaren bideoak zabaldu ditu sare sozialetan: «Irmoki salatzen dugu egon zen jazarpen poliziala, eta zaurituei gure elkartasuna adierazten diegu». Adi! Bart gauean Tolosan Ertzaintzaren kargak egon ziren. Jaurtigailuekin tiroak bota zituzten bertan zeudenen aurka modu ez bereizian apuntatuz. Horren ondorioz, gazte bat larri zurituta dago. pic.twitter.com/SsRiZhxMhk — Kontseilu Sozialista Tolosaldea (@Kontseilua_Tol) February 12, 2024
Israelgo armadak bi bahitu askatu ditu gaur goizaldean Rafahn, eta operazio militar horretan «sarraski bat» egitea leporatu dio Hamasek. Besteak beste, hegazkinak eta tankeak erabili ditu Israelek, eta, Palestinako iturri ofizialean arabera, gutxienez 67 zibil hil ditu. Nazioartea gero eta ozenago adierazten ari zaio Gazan urriaren 7tik egiten ari den erasoaldia eteteko, baina Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak defendatu egin du armadaren jokabidea. «Soilik presio militar jarraituaren bidez lortuko da gure bahitu guztiak askatzea», nabarmendu du, ohar batean. Israelen bonbardaketek zerrendan bahituta dauden israeldarrei ere eragiten diela azpimarratu du Hamasek. Izan ere, miliziak gaur adierazi duenez, azken 48 orduetan bost bahitu hil eta beste hainbeste zauritu dituzte Tel Avivek zerrendan jaurtitako bonbek. Hamasek ez du zehaztu Gazako zein gunetan zeuden bahitu horiek. Hamasek 240 pertsona inguru bahitu zituen joan den urriaren 7an Israelen, eta horietatik 112 askatu dituzte; gehienak, talde islamistak eta Tel Avivek azaroa amaieran adostutako astebeteko su etenean. Bahituen senideak Netanyahu presionatzen ari dira Hamasekin akordio bat egin eta denak aske gera daitezen, baina lehen ministroak ez zuen onartu islamistek joan den astean planteatutako menia proposamena. Horiek horrela, bahituen senideak biltzen dituen elkarteak txalotu egin du bi bahitu aske uztea, bai, baina lehen ministroari ohartarazi diote «denbora amaitzen» ari zaiola. Armadak jakinarazi duenez, 60 eta 70 urte dituzte aske utzi dituzten bi bahituek, eta osasunez «egonkor» daude. Zerrendaren hegoaldean zeuden, Rafahn, eta Hamasek azpimarratu du, ohar batean, palestinarren aurkako genozidioaren «jarraipena» izan dela Israelek goizaldean eremu horretan egindako operazioa. Nabarmendu du, gainera, Israelek entzungor egiten diela Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiei —NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusia da—, eta, horrenbestez, nazioarteko zuzenbidearen arauak «hausten» dituela. Aintzat hartu behar da auzitegi horrek eskatu diola Israeli Gazan genozidioa eragozteko neurriak har ditzala. Hegoafrikak Israelen kontra jarritako salaketari jarraiki ebazpen horren berri eman zuen urtarrilaren 26an. Baina Israelek segitzen du Gazako zerrenda setiatzen, eta, nazioartea ohartarazten ari zaion arren ez dezala halakorik egin —Joe Biden AEBetako presidenteak berak atzo bertan, telefonoz—, aurreko ostiralean eskatu zion armadari egin dezala plan bat Rafahra lurretik sartzeko eta han dauden 1,5 milioi palestinarrak kanporatzeko. Lehen ministroaren justifikazioa Rafahri eraso egiteko da han Hamasen «lau batailoi» daudela, eta talde islamista «desagerrarazi» arte ez duela bakerik izango. 15 Gazan martxan dauden ospitaleak. Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak jakinarazi du Gazako 36 ospitaleetatik soilik hamabost daudela «partzialki» martxan, eta horiek «gutxieneko zerbitzuak» ematen ari direla. Egiptorekin muga egiten du Rafahk, eta, Israelek duela lau hilabete zerrendaren aurkako erasoaldia hasi baino lehen, 250.000 pertsona inguru bizi ziren han; orain, ordea, 1,5 miloi inguru daude, Israelek berak zerrendaren hegoalderantz bultzatu baititu herritarrak setioa hasi zuenetik. Hiriko kaleak barne desplazatuentzako kanpaleku bihurtu dira, eta Hamasek salatu du «baldintza oso zail eta krudelenetan» bizi direla han daudenak. Ohikoa bihurtu da, gainera, Israelek laguntza humanitarioaren sarbidea blokeatzea. Gazako iturri ofizialek adierazi dute azkeneko 24 orduetan 164 hildako eta berrehun zauritu inguru eragin dituztela Israelgo indarrek zerrendan. Urriaren 7az geroztik, 28.340 dira hildakoak, eta 68.000 zaurituak. Arma blokeoa Hitzak ez dira «nahikoa» Israelgo armada Gazaren aurka egiten ari den operazio militarra gelditzeko, eta, agian, «kezka adierazi baino zerbait gehiago egiteko garaia da», EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellen arabera. Israelek Rafahko eremua bonbardatu ondoren egin ditu adierazpenok, eta, zeharka, eskaera bat egin die AEB Ameriketako Estatu Batuei: utz diezaiotela Israel militarki babesteari, eta ezarri diezaiotela arma blokeo bat. Borrellek uste du hori litzatekeela Gazako hildakoen kopuru handia murrizteko modu bakarra. Hain justu, AEBak dira Israel ekipamendu militarrarekin probesten duen herrialde nagusia; hots, handik bidaltzen dituzte Israelek inportatzen dituen armen %80 baino gehiago. Europako zenbait herrialdek ere bidaltzen dituzte armak hara, hala nola Alemaniak. Borrellek argi utzi nahi izan du, ordea, EBk ez dizkiola armak saltzen Tel Avivi, eta Bideni mintzatu zaio: «Biden presidenteak berak esaten du ekintza hau [Rafah bonbardatzea] neurrigabea dela, hildakoen kopurua handiegia dela, eta Israeli eskatu dio ez jarraitzeko bide horretan. Baina, hitzez harago, zer uste dute dela egin beharrekoa? Hildakoen kopurua handiegia dela uste baduzu, badaukazu hori murrizteko irtenbiderik?». Borrellek Bruselatik egin du eskaera, han bildu baita UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari Philippe Lazzarinirekin eta estatu kideetako Kooperaziorako ministroekin, asteotan erakundearen inguruan sortutako eztabaida hizpide —UNRWUAko hainbat langile ari dira ikertzen, Gazako milizia palestinarrekin eta urriaren 7ko erasoarekin lotura izatea egotzita—. Horren harira, erakundeari emandako laguntza ekonomikoak eten dituzte ia hogei herrialdek, hala nola AEBek eta Erresuma Batuak. Edonola ere, ezer argitu artean EBk UNRWA finantzatzen jarraituko duela berretsi du diplomaziaburuak. «Beste inork egin ezin dezakeen lan bat egiten du UNRWAk».