Realak berdinketa baliagarria erdietsi zuen atzo, Mallorcaren aurkako Espainiako Kopako finalerdietako joanekoan. Imanol Alguacilen jokalariek ez zuten partida onena jokatu, baina atea hutsean uztea lortu zuten, eta Donostian erabakiko dute kanporaketa zaleen aurrean,otsailaren 27an. Imanolek, daukan talderik onena zelairatzen duela esaten du beti, eta atzo ez zuen salbuespenik egin. Afrikako eta Asiako kopetatik etorri berri diren Traore eta Kubo jarri zituen hasieratik, eta horrela erabilgarri zituen beste jokalari onenekin hamaikako kuttunena osatu zuen. Oiartzabal izan zen deialdiko hutsune nagusia, mina oraindik sendatu ezinik. Reala izan zen lehena hortzak erakusten, bigarren minutuan Braisen urruneko jaurtiketa batekin. Mallorca piztu zuen jokaldi horrek, eta ondoren pare bat iritsiera izan zituen etxeko taldeak. 10. minutuan, ordea, partida irekitzeko izan zitekeen jokaldia egin zuen Realak. Landutako jokaldi batean, Barrenetxeak penaltia eskatu zuen area barruan. Kontaktu argia, eta penalti zalantzagarria gutxienez, baina epaileak ez zuen adierazi nahi izan. Grina handiz aritu ziren bi taldeak, eta askatzen joan zen partida. Lehen zati amaieran izan zituzten bi taldeek aukera argienak. Lehenik Mallorcak Abdon Pratsen bote lasterreko erremate batekin, eta ondoren Sadiqek burukada argi batekin. Hala ere ez ziren gai izan zutoinen artean errematatzeko. Bi taldeek errespetu handia erakutsi zioten elkarri, eta defentsan jarri zuten lehentasuna. Realak gehiagotan izan zuen baloiaren jabetza, baina galdutako bi baloitan bizitza eman zion etxeko taldeari. Alabaina, Mallorca ez da punteria handiko taldea, eta Remirok ez zuen lanik izan. Bigarren zatiak gidoi bera jarraitu zuen, Mallorcaren mesedetarako. 52. minutuan izan zuen Abdon Pratsek momentura arteko gol aukerarik argiena izan zuen. Etxeko taldearen beste kontraeraso batean, Pratsek defentsen artetik jaso zuen baloia, eta berriro bote lasterrean kanpora jaurti zuen, zutoinetik gertu. Gauzak aldatzen ez baziren, gertuago zegoen partida etxekoen mesedeetarako, Realarenetik baino. Ordea, aurkaria etxean duzunean gutxi duzu egiteko. Minutuak aurrera egin ahala, Reala atzerantz ari zen Mallorca eramaten, eta gol aukera argienak izan ditu 70. minututik aurrera. Ate aurrean huts Area barneko erreferentzia izan zen Sadiq partida osoan zehar, eta taldekideek gol bat baino gehiago egiteko aukerak zerbitzatu zizkioten nigeriarrari. Baina tamalgarri aritu zen aurrelari afrikarra, eta ate hutsaren aurrean langatik gora botatzera iritsi zen, area txiki barruan zegoela. Orduantxe izan ziren talde txuri-urdinaren minutu onenak. Jokoaren kontrolarekin egin zen Donostiako taldea, eta Javier Aguirreren jokalariek beherakada nabarmena eman zuten arlo fisikoan. Barrenetxea izan zen jokalari sarkorrena, eta ez zuen amore eman golaren bila. Bere oinek gertu izan zuten gola, baina Mallorcako atezainak kanpora bidali zuen. Azkenean hutsean berdindu zuen Realak, eta partida ikusita zerbait gehiago ateratzeko gai izan bazen ere, emaitza positiboa da itzulerako partidarako. Zaleek behin betiko bultzada eman diezaieke txuri-urdinei, eta Mallorcaren eraso kaltegabea ikusita, guztia alde dauka Realak finalera igarotzeko.
Mardultzen segitzen du Literatura Unibertsala bildumak. Mundu zabaleko idazlanak euskaraz ematea da liburu sail horren xedea; Ereinek eta Igelak argitaratzen dituzte lanok, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Eta orain arteko zerrenda luzeari beste bi izenburu gehitu dizkiote orain: Ahmadou Kourouma idazle bolikostarraren Independentzien eguzkiak euskaratu du Aiora Jaka Irizarrek, eta Karel Capek txekiarraren Arrabioen gerra Koro Navarrok. Bildumako 187. eta 188. liburuak dira, hurrenez hurren. Elkarren artean zerikusi handirik ez duten bi egile eta bi obra dira, baina antzik ere badute, bi argitaletxeen ordezkari Inazio Mujikaren hitzetan: «Bi liburuek dute zerikusi handia umorearekin, baita boterearen kontrako lanarekin ere. Bi umore diferente eta agintearen kontra jarduteko bi modu agertzen dira». Malinke etniako kidea zen Kourouma. 1927an jaio zen, eta 2003an hil, Lyonen (Frantzia). 1968an plazaratu zuen bere bost nobeletako lehena, Independentzien eguzkiak, zeinak zorrotz kritikatzen dituen agintari kolonial frantsesak eta independentzia osteko elite afrikarrak. Hain zuzen, eguzki hitzak malinkeraz egun, aro edo garai ere esan nahi duela zehaztu du Aiora Jakak. «Kontatzen diren egoerak oso gordinak dira, baina esango nuke irribarre batekin irakurtzen den liburua dela; satira bat da».AIORA JAKA Itzultzailea Miserian bizi den printze bat da istorioaren protagonista, eta, haren bidez, urte haietan malinkeak nola bizi ziren kontatzen du liburuak. Baina ez umorerik gabe. «Satira gordina da», azaldu du Mujikak. Eta harekin bat etorri da itzultzailea: «Kontatzen diren egoerak oso gordinak dira, gure ikuspegitik urrunak ere gertatzen zaizkigu batzuk, eta oso gogorrak, baina esango nuke irribarre batekin irakurtzen den liburua dela; satira bat da, parodiatzen duena malinke herriak garai postkolonialean bizi izan zuen krisi sozial, politiko eta kulturala». Jatorrizko testutik, frantsesetik euskaratu du liburua Jakak, baina zehaztapena ere egin du. Izan ere, gogora ekarri du Kouroumak berak azaldu zuela «malinkeraz pentsatu eta frantsesez idatzi» zuela nobela hura. Aktualitaterik galdu gabe Capek antzerkigile, kritikari eta kazetari txekiarrak idatzi zuen azken nobela da Arrabioen gerra. 1890ean jaio zen, alemana nagusi zen Sudeteen inguruko herri batean; berak txekieraz idatzi zituen bere lanak. Antifaxista eta abertzalea, harentzako heriotza zigorra eskuetan zutela sartu ziren naziak Txekoslovakian, baina hila zen ordurako; Pragan zendu zen, pneumoniaz, 1938an. Bi urte lehenago, 1936an argitaratu zuen zientzia fikziozko bere nobela ezagunena, bere sorterriko eskoletan irakurri eta klasikotzat jotzen dutena. Europako abangoardiek eta, bereziki, surrealismoak haren obran izan zuten pisua nabarmendu du Mujikak. «Alegorikoa da Arrabioen gerra hau; sinbolismoz betea dago, eta oso egitura berezia du». «Liburuan, nonahi, gure oraingo gizarte politikoki zuzen faltsuaren aztarrenak ateratzen dira».KORO NAVARRO Itzultzailea Gizakiekin batera bizi dira arrabioak liburuan, gizarteratuta; baina esklabo bihurtuta, matxinatu egin dira. Pandemia garaian irakurri zuen Koro Navarrok lehen aldiz, eta hainbat esaldi gaur-gaurkoak iruditu zitzaizkion; baita bigarrenez, irakurri zuenean ere, Ukrainako gerra piztu zenean. «Liburuan, nonahi, gure oraingo gizarte politikoki zuzen faltsuaren aztarrenak ateratzen dira». Era guztietako testu «xelebrez» osatutako atal bat nabarmendu du itzultzaileak, Zibilizazioaren aldiak, zeinetan parodia den nagusi. «Hor, itzultzaile gisa, primeran pasatu dut». Frantsesezko eta ingelesezko itzulpenetatik ekarri du euskarara, zalantzak itzultzaile neuronalari kontsultatuta.
Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko webguneak ez daude erabilgarri, zibererasoen ondorioz. Eguerditik daude funtzionatzen ez dutela, eta horiek konpontzeko lanetan ari dira orain. Eusko Legebiltzarrak zehaztu du eraso «saiakera» bat izan dela. Nafarroako Parlamentuak eman ditu gertatutakoaren xehetasun batzuk. Ohar bidez jakinarazi dutenez, Espainiako Zentro Kriptologikoaren arabera —CNIri atxikitako zentro bat da— , talde errusiazale batek egin du erasoa, hain zuzen NoName057(16) taldeak. Parlamentuaren esanetan, eraso gehiago ere egin izan dituzte «Ukrainaren inbasioarekin kritikoak diren herrialdeen kontra». DDOSa erabili dute. Erreminta multzo bat da, zerbitzua trabatzeko eraso banatu bat (DDoS) egitea ahalbidetzen duena. Eraso horren funtsa izaten da konexioa gune desberdinetatik egitea eta informazio fluxu jasangaitza sortzea, webgunea erabili ezinda utziz. Erasoaren ondorioz, herritarrak ezin dira sartu Nafarroako Parlamentuko webgunera. Informatika zerbitzuak lanean ari dira arazoa konpontzeko. Halatsu dago Eusko Legebiltzarraren webgunea ere. Ohar batean adierazi dutenez, informatika zerbitzuek zerbitzua trabatzeko eraso banatu baten saiakera bat atzeman dute. Horregatik, neurriak hartu dituzte: «Neurri egokiak hartu dira: besteak beste, legebiltzarraren webgunerako sarbidea kanpotik blokeatzea». Azaldu dutenez, zerbitzua «ahalik eta denbora laburrenean» lehengoratu asmo dute.
Zaldibarko luizia gertatu zenetik lau urte beteko dira bihar. Eitzagako zabortegiaren (Zaldibar, Bizkaia) amiltzeak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen heriotzak eragin zituen, eta ingurumenean ondorio larriak izan zituen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zaborraren eta zabortegien kudeaketa ere ezbaian jarri zuen. Orain urtebete eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Verter Recyclingi Zaldibarko zabortegia behin betiko zigilatzeko, mantentze lanik ezaren ondorioz lurraren egonkortasun baldintzek okerrera egin baitzuten. Baina urrian, Jaurlaritzak bere gain hartu zuen subsidiarioki zabortegia zigilatzeko ardura, Verter Recycling egin beharrekoa betetzen ari ez zela ikusita. Behin-behineko zigilatze lanak egiten ari da Eusko Jaurlaritza: polietilenozko oihalak jartzen ari dira, eta, behin horiek soldatuta, zabortegia estaliko dute. Arantxa Tapia buru duen Ingurumen Sailaren planen arabera, behin-behineko zigilatzea maiatzerako amaituta egongo da. Jarduketa horrek «gutxienez bost edo sei urtez» lurra egonkortzeko bermea eskainiko duela zehaztu du. Materiala trinkotu eta egonkortu eta gero ekingo diete behin betiko zigilatze lanei. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du zehaztu nola egingo duen. Lan «kritikoenekin» hasi dira: zabortegiaren malda handiena duen eta diketik gertuen dagoen eremuko oihalak soldatzen ari dira, eta espero dute martxoan amaitzea fase hori. Ondoren, goiko aldea lotzea faltako zaie. Hala, espero dute euri ura ez dela iragaziko eta, ondorioz, hondakin masaren pisua ez dela handituko. Lurraren egonkortasuna bermatu nahi dute horrela. Soldatze makinek polietilenozko oihalen muturrak lotu ahal izateko, beharrezkoa da inolako hezetasunik ez egotea. Hortaz, eguraldiak baldintzatuko du lanek zenbat irauten duten; oraingoz, eguraldia lagun dute. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, zabortegiko isurketa-ontziaren bi lekutan maila freatikoaren —lurpean pilatutako uraren maila— jarraipena egiten ari dira, baita lixibiatuaren irteera emariarena ere, isurketa-ontziak behar bezala drainatzen duela ziurtatzeko. Lanak urrian hasi zituzten, eta espero dute maiatzean amaitzea, Ingurumen Sailaren planean ezarritakoa baino bi urte geroago. Kalkulatu dute 2,6 milioi euroko gastua izango dutela. Lanak amaitutakoan, zabortegia itxi ondorengo ebazpena aginduko da, gunea gutxienez 30 urtez kontrolpean edukitzeko. Espedientea Verterri Lur eta zabor luizia gertatu zenean zabortegiaren egonkortasun baldintzak desegokiak zirela jakinarazi zuen txosten tekniko batek, eta luizia mantentze lanik ez egiteagatik gertatu zela ere ziurtatu zuen. Hortaz, iazko urrian Verter Recycling enpresari zehapen espedientea ireki zion Jaurlaritzak, zabortegia behar bezala mantentzeko beharrezko neurriak ez hartzeagatik. Verter Recyclingek 31,2 milioi euroko zorra du orain, behin-behineko zigilatze lanen kostua gehituko baitzaio aurretik enpresak zuen 28,6 milioi euroko zorrari. Izan ere, Verter Recyclingek bere eginbeharrak betetzen ez zituela ikusita, Eusko Jaurlaritzak hartu du bere gain behin-behineko zigilatze lana, baina horren aurretik ere beste lan batzuk ere eginak ditu: langileen gorpuen bilaketa lana eta instalazioa trinkotzeko eta mantentzeko hainbat lan. Jaurlaritzaren iritzian, lan horiek atzeratzeak arrisku gehiago ekar zitzakeen. Sololuze eta Beltrani omenaldia Igandean senide eta lagunek Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran gogoratu zituzten, duela lau urte zabortegia behera erori zenean hil ziren bi langileak. Zaldibar Argitu elkarteak antolatu zuen ekitaldia, hondamendia oroitzeko eraiki zen eskulturaren ondoan. Elkarteak gogorarazi du prozesu penala itxi bada ere ingurumenaren aurkako delituen auzian dutela «itxaropena» orain. Dena dela, instrukzio fasean dago oraindik, lau urte geroago. Era berean, erantzukizunak argitu gabe daudela salatu zuten.
1993koa da eskola publikoetako jangelak arautzen dituen dekretua Nafarroan, eta araudi berri bat egiteko prozesua martxan da: dekretu proiektu bat argitaratu du Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Gobernuaren gardentasun atarian. «Eskolan bertan» sukaldea izateko jangela eredurako bidean aurrerabideak egin nahi ditu departamentuak araudi berriaren bitartez. Eskolen «autonomia» ardatz hartuta egin nahi du bide hori, eta jakien kalitatearen alde eginda: «Elikagai freskoak, garaian garaikoak eta gertukoak erabilita». Beste helburu bat ere bada dekretuaren muinean: jangelako orduak ere «ikaskuntza» orduak dira eskola umeentzat, eta jangelen izaera hezitzailea aintzat hartu behar da. Jangelarako laguntzak ere ugaritu nahi dituzte araudi berriarekin; zabaldu egin nahi dituzte, eta, premia ekonomikoa duten familientzat ez ezik, populazio urriko herrietan bizi diren ikasleentzat ere emango dituzte laguntzak: «Herri txikietako ikastetxeek irauteko bermeak indartu nahi direla horrela». Dekretua aurkezteko zabaldu duen oharrean, beste aldaketa bat ere nabarmendu du Nafarroako Gobernuak: jangelarako «eskubidea» lehen aldiz zabalduko da ikasturte hasierako eta amaierako hilabeteetara: irailera eta ekainera. Halaber, eskolaldi jarraitua edo zatitua izan, kasu guztietan izango da laguntzak jasotzeko era. Eta aintzat hartu dituzte zaintza partekatuaren ondorioz bizileku batean baino gehiagotan egoten diren haurren beharrak ere. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoetako jangelak arautuko ditu dekretuak; DBHko ikasleentzat ere izango da, baldin eta ikasle gazteagoekin garraio publikoa partekatu eta haien ordutegiak bete behar badituzte. Hezkuntza Departamentuak «itunak» hitzartu ahal izango ditu eskola jangelen ardura beren gain hartu nahi duten tokiko erakundeekin. Testuan propio aipatzen bada ere eskolan bertan sukaldea izatearen aldeko hautua sustatzea, ematen dira aukera gehiago gertuko sukaldeetan jakiak prestatu eta gero ikastetxeetako jangeletara «garraiatu» ahal izateko eta jangelako martxa horrela antolatzeko ere. Menu hautatuak Dekretu proiektuaren arabera, eskoletarako menuak «nutrizioan eta dietetikan» adituak diren profesionalek egingo dituzte: «Elikadura osasuntsua sustatuko da, iraunkorra eta inklusiboa». Xedeetako bat haurren gizentasunaren kontra egitea izango da, eta horretarako ohitura osasuntsu batzuk irakastea ikasleei. Nafarroako Gobernuak esan du dekretu hau hilabete askoko lanaren emaitza dela; azaldu du hezkuntza eta osasun eragile askoren iritziak txertatuta idatzi dutela, eta azken ekarpenak jasoko dituztela orain. Gaiari hainbat ikuskeratatik erreparatu diote, zeharkakotasuna ardatz hartuta, eta mahai baten bueltan haurrek ikas ditzaketen gauza asko hartu dituzte aintzakotzat: garbitasuna, nutrizioa, portaera egokia, hezkidetza…
«Heterodoxoa» izan zen Gorka Setien idazlearen hasiera (Barcelona, Venezuela, 1958), Igor Estankona kritikariak Argia aldizkarian idatzita utzi zuenez. Ramon Agirre, Eneko Olasagasti eta Maripi Solbesekin batera idatzi eta argitaratu zuen bere lehen lan kolektiboa, Susa argitaletxearekin: Eta zergatik ez… Sigrid?. 1983an izan zen hori, eta, gutxienez, haren beste lau liburu gehiago ere badakartza Armiarma proiektuaren Zubitegia atariak. 1985ean eman zuen argitara Ez sinkronia, hura ere Susa argitaletxearekin, eta 21 urteko etenaldiaren ostean heldu ziren haren hurrengo lanak: Aparkalekuko felizidadia (2006), Paperzaleak Elkarteak argitaratua; Ertzetako inkomunukazioak (2008, egilea editore) eta Naufragoen altzoa (2019, egilea editore), azkenik. Bart hil da, 65 urterekin. 2011n bere irudi eta testuz osatutako erakusketa bat ere zabaldu zuen Hernanin (Gipuzkoa), Erre produkzioak titulupean. Eta egilearen ondorengo gogoetak bildu zituen orduan Hitzen Uberan atariak. «Hausnarketa bat egin nahi izan dut bizitza kuartelero honetara nola iritsi garen bilatzeko, eta bilaketa pertsonal honen emaitzetako batek dio emakumeak eta umeak suntsitzea duela helburu patriarkatuak hasiera hasieratik». «Zertarako da poeta bat» Erakusketa hartan topa zitekeen ondorengo poema ere bildu zuten albistera: «zertarako da poeta bat/ ez bada matxinadaren hitz bilakatzen/ poetak egin behar luke lurrean eseri / eta jainkoak hil/ mendeku hartu/ haragi adimentsua sentittu/ goxo eta zalantzarik gabe/ maitasunaren alde egin/ izpiritualtasunari barre egin behar lioke/ poetak, zertarako balio du poeta batek bestela?». Hainbat urtez elikatu zuen bere iritziak biltzen zituen blog bat, eta Independentea webgunea ere lagundu zuen hasiera-hasieratik. Bertan eman dute albistearen berri. Azken astean beherakada handia egin ostean, bart hil dela zehaztu dute. Hernaniko Orbegozo tanatorioan izango dira lagun eta senideak gaur eta bihar goizean goiz, eta bihar 11:00etan egingo dute errausketa, Donostiako Polloe hilerrian.