Emakume landunen tasa % 48,1ekoa da Euskadin, eta gizonena % 56,8koa. Emakumeek gizonen denbora bikoitza ematen dute janaria prestatzen, garbitzen eta arropak ikuzten. Kontrara, gizonek askoz denbora gehiago igarotzen dute txangoak egiten, paseatzen, kirola egiten eta sarean nabigatzen.
Hego Euskal Herriko etxebizitzaren prezioak 2007tik izandako igoerarik handiena izan du 2024an. Azken urtean etxebizitzaren prezioa % 8,5 eta % 12,9 igo da, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan.
Athleticek kolpea jaso du Erroman. Zuri-gorriek partidako azken jokaldian galdu dute Erromaren kontra, Europa ligako final-zortzirenetako joanekoan. Hala, astebete barru San Mamesen irauli beharko dute kanporaketa, final-laurdenetan egon nahi badute. Lehen zati lehiatu baten ostean, Athletic aurretik jarri da, Iñaki Williamsen gol bati esker. Baina etxekoek handik gutxira berdindu dute. Athleticek izan ditu aukerak bigarrena egiteko. Baina Erromak ere bereak. Epaileak Yeray kaleratu du 85. minutuan, bigarren txarte horia atera dio. Hortik aurrera Erromak estutu egin du, eta golaren saria jaso du 93. minutuan. Shomurodovek egin du , eta abantaila eman die kanporaketan. Parekatua eta lehiatua izan da lehen zatia. Hori bai, bi taldeek erritmoa eman nahi izan diote jokoari, eta presio estua egin dute kontrarioak baloia ateratzen zuenean. Pixkanaka Athleticek gehiago izan du baloi jabetzea, eta Erromari kosta egin zaio zuloak topatzea, eta zuzen jokatzea. Argitasun apur bat lortze aldera, lerro artean Dybala topatzen saiatu dira etxekoak, trebea baita horretan. Lehen abagunea Erromak izan du, 21. minutuan. Pase luze bat eta gero, buruz buruko lehia irabazi dio Dobvykek Viviani, eta atzean utzi du. Ia aurrez aurre geratu da Agirrezabalaren aurrean, baina ez du ondo errematatu, labaindu egin baita. Jokaldi horretan min hartu du Vivianek, eta Paredesek zelairatu behar izan du haren ordez. Jabetzari etekin gehiago ateratzea faltatu zaio Athletici. Zuri-gorriek, baina, susto ederra izan dute atsedenaldia gertu zegoela. Yerayk huts bat egin eta gero, baloi luze bat Baldanziri iritsi zaio. Ondo babestu du bizkarrez, eta atzera eman dio pasea Dybalari. Argentinarrak arearen balkoitik egin du errematea, eta baloia langara bidali du. Athleticek, dena den, ondo erantzun du, eta saria lortzear egon da lehen zatiko azken jokaldian. Williams anaiek jokaldi ona harilkatu dute, eta Nicoren erdiraketa punpa laster errematatu du Sannadik. Baina kanpora joan da. Bigarren zati hasiera eroa Jokaldi horrek utzitako aho zapore onarekin ekin dio Athleticek bigarren zatiari, eta Unai Gomezek emandako abisu baten ostean, gola egin dute zuri-gorriek korner batean. Paredesek bigun errematatu du, baina bigarren zutoinean zegoen Iñaki Williamsi iritsi zaio, eta hark buruz sareetara bidali du baloia (50. min.). Gol horrekin alde jarri zaio kanporaketa Athletici. Baina sei minutu baino ez dio iraun errentak. Izan ere, bi aukera argi izan dituzte etxekoek eta, Hirugarrenean, ez dute barkatu. Angeliñok aurre hartu dio Iñaki Williamsi, eta haren eskuinkada sareetara joan da, zutoinean jo ostean. Eroa izan da bigarren zati hasiera hori. Golak sartu eta gero, bi taldeek izan dituzte aukerak eta minutu onak. Berdinketa justuena zirudien. Baina 86. minutuan iritsi da Yerayren kaleratzea, Shomurodovi heldu eta gero. Athleticek sufritu egin du hortik aurrera, Erromak estutu egin baitu, eta azkenean etxekoen gola iritsi da, 93. minutuan. Shomurodovek bizkarrez kontrolatu du baloia, buelta eman eta bitan pentsatu gabe errematatu du. Agirrezabalak ezin izan du geratu. San Mamesek izango du azken hitza, eta partida horri begira Valverdek bi hutsune izango ditu erdiko atzelari postuan: Vivianena eta Yerayren. Erroma-Athletic Erroma: Svilar; Rensch (Saelemaekers, 60. min.), Celic, Mancini, Ndiicka, Angeliño; Pisilli (Kone, 70. min.), Cristante; Dybala (Soule, 71. min.), Baldanzi (El Shaarawy, 60.min.) eta Dovbyk (Shomurodov, 71. min). Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian (Paredes, 23. min.), Yeray, Yuri; Jauregizar (Prados, 63. min.), Ruiz de Galarreta, Unai Gomez (Vesga, 77. min.), Nico Williams (Berenguer, 77. min.), Iñaki Williams eta Sannadi (Guruzeta, 63. min.). Golak: 0-1: Iñaki Williamsek (50. min.). 1-1: Angeliñok (56. min.). 2-1: Shomurodovek (93. min).
Europaren «berrarmatzea» izan dute gaur mintzagai Bruselan EBko estatu kideetako liderrek, asteon Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak defentsako gastua handitzeko 800.000 milioi euro mobilizatzea proposatu eta gero. Argi mintzatu zaizkie kazetariei Europako agintariak bilera sorta hasi aurretik: prest daude gastu militarra areagotzeko. Eta amaitutakoan kaleratu duten oharrak ildo beretik jo du: «Europak subiranoagoa izan behar du, eta bere defentsarako arduratsuagoa. Hobeto hornitu behar da berehalako eta etorkizuneko erronka eta mehatxuei autonomiaz ekiteko eta aurre egiteko». Europar Kontseilua bildu da Von der Leyenen planari oniritzia emateko, eta EB Europako Batasuneko 27 kideek aho batez onartu dute. Ez da ezustekorik izan, bildu aurretik EBko herrialdeetako agintariek argi utzi baitute proposatutakoaren alde zeudela. Poloniako lehen ministro Donald Tusk izan da gastu militarra areagotzearen alde sutsuki agertu diren agintarietako bat. «Europak denbora asko galdu du, baina dena alda daiteke gaur. Errusiaren aurkako armamentu lasterketa berrabiarazi behar dugu», esan die kazetariei Tuskek. Hala ere, Poloniako gobernuburuak argi utzi nahi izan du lasterketa hori Errusiak abiarazi duela; baina «Europa prest dago aurre egiteko». Lasterketa hori gatazka «are gehiago ez gaiztotzeko era bakarra» dela azpimarratu du. Armamentu lasterketaren arrazoi nagusia Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra da, EBko agintari gehienen ustez, mehatxu bat baita klubeko herrialdeen segurtasunerako. Horiek horrela, Ukraina babesten jarraitzearen garrantziaz mintzatu dira gaur —are gehiago AEB Ameriketako Estatu Batuek Kievi ematen dioten laguntza zalantzan jarri duten honetan—. Ukrainako presidente Volodimir Zelenski ere Bruselan egon da, Europako agintariekin mintzatzeko, eta Europar Kontseilua hasi aurretik egin du alde. Izandako bileretatik «pozik» atera dela jakinarazi du Ukrainako estatuburuak, sare sozialetan argitaratutako mezu batean. Bake akordio baten inguruan mintzatu da Zelenski mezuan: «Ukrainako herritarrek bakea nahi dugu, baina ez edozeren truke. Ez dugu Ukraina trukean emango». Asteartean «su eten partzial» bat eskaini zion Zelenskik Errusiako presidente Vladimir Putini. Hark begi onez ikusi zuen proposamena. Zelenskik gaineratu zuen bakerako negoziazioetan emango duten pauso oro Europako agintariei jakinaraziko diela. «Europari eragiten dion edozeren inguruan izan behar du ahotsa Europak», azpimarratu du presidenteak, AEBetako presidente Donald Trump Ukraina eta EB gabe Errusiarekin bake akordio bat negoziatzen aritzeari aipamen eginez. AEBen Ukrainarako mandatari berezi Steve Witkoffek gaur iragarri du, bestalde, Ukrainako eta AEBetako ordezkaritza bana bilduko direla datorren asteartean, Saudi Arabiako hiriburuan. Prentsaurreko batean adierazi duenez, bileraren helburuak dira «bake akordiorako oinarriak ezartzea eta su eten bat lortzea». Otsailaren 18an, AEBetako ordezkaritza bat Moskuk bidalitako beste batekin bildu zen Riaden. Bilera horretan, harremanak «hobetu» eta «bake akordio baten alde lan egitea» erabaki zuten. Europak gastu militarra handitzearen inguruan ere solastatu da Zelenski. Begi onez ikusi du Europaren erabakia, eta esan du espero duela etorkizunean EBko herrialdeek erosiko dituzten armetako hainbat Ukrainan egindakoak izatea. Eta Europak Ukrainarako laguntza handituko duela iragarri du. Norvegiak, esaterako, 2024arekin alderatuta aurten laguntza bikoiztuko duela jakinarazi du herrialdeko lehen ministroak. Jonac Gahrek iragarri duenez, Kievi emandako laguntza 3.000 milioi eurotik 7.200 milioi eurora igaroko da aurten. Macronen «mehatxua» Europaren ildo militaristak zeresana eman du azken egunetan, EBko agintariek pausoak eman baitituzte horren harira. Emmanuel Macron Frantziako presidentea prest agertu da herrialdeko armamentu nuklearra Europako aliatuekin partekatzeko, «Errusiatik eta AEBetatik babesteko». Proposamen hori jarri zuen mahai gainean atzo gauean, EB Europako Batasuneko estatuburuen eta gobernuburuen bileraren bezperan. Telebista bidez zabaldutako hitzaldi batean azpimarratu zuen Europak bere burua babestu behar duela «Errusiaren mehatxuaren» eta AEBk Europako segurtasuna bermatzeko azaldutako «zalantzen» aurrean. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur agerraldi batean azpimarratu duenez, Frantziako presidentearen planteamendua «mehatxua» da Errusiarentzat. Bide horretan, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du egunero eman ohi duen prentsaurrekoan Frantziak «gerrari» eutsi nahi diola. «Hori ematen du». Macronek, bestalde, azpimarratu zuen Ukrainakoa «mundu mailako gatazka» bat dela eta ezin dela jakin Errusiaren benetako helburuak zein diren. «Ezin gara Errusiaz fidatu. Ukrainak bakea eta segurtasuna izateko eskubidea du». Mosku ere berrarmatzen ari dela ziurtatu du. «Nork sinistuko du Errusia Ukrainarekin konformatuko dela?». Horren harira, Lavrovek egotzi dio Macroni «akusazio ergelak» egitea. «Errusia Frantziaren eta Europaren aurkako gerra bat prestatzen ari dela… Putinek askotan esan du zentzurik ez duen tontakeria bat dela hori». Frantziako presidentearen ustez, EBren zeregina da «bake sendo, iraunkor eta egiaztagarri baterako plan bat» egitea Kievekin, haren iritzian Ukrainaren etorkizuna Europarena ere badelako. «Europaren etorkizuna ezin da Washingtonen edo Moskun erabaki. Mehatxua ekialdetik dator; jada ez da existitzen Berlingo Harresia erori [1989] ondorengo egonkortasuna». Gutxienez lau hildako Ukraina erdialdean Errusiak Ukraina erdialdeko Krivi Rig hiriko hotel bat bonbardatu du goizaldean, eta eraso horretan gutxienez lau pertsona hil dira, eta 30 inguru zauritu. Datu hori eman du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan; hain zuzen, haren jaioterria da hiri hori; Errusiak hainbatetan eraso egin dio airez azkeneko hiru urteotan, nahiz eta fronteetatik urrun egon. Zelenskik salatu du herrialdean laguntza humanitarioa ematen ari diren «AEBetako eta Erresuma Batuko boluntario batzuk» hotel horretan zeudela, eta onik atera direla misil batek hura jo baino apur bat lehenago atera direlako eraikinetik.
Dena erabakitzeko dago. Realak bana egin du gaur, Anoetan, Manchester Uniteden aurka, Europa ligako final-zortzirenetako joanekoan. Beraz, datorren astean erabakiko da kanporaketa, Old Trafforden. Lehen zatian hobeto aritu da Manchester United, baina neurketa erasoan eta garaipenaren bila amaitu dute txuri-urdinek. Zaleak pozik etxeratu dira. Elkarri neurria hartzen aritu dira bi taldeak lehen zatian, jokoari erritmo handirik jarri gabe. Mila modu daude partida bati aurre egiteko, eta planteamendu desberdina egin dute Realak eta Manchester Unitedek. Donostiako taldea baloia izan eta jokaldiak harilkatzen saiatu da, baina txuri-urdinak kamuts aritu dira erasoan; edo defentsan ondo Ingalaterrako taldea. Kontua da Imanol Alguacilek zuzendutako taldeari asko kostatu zaiola lerroak gainditu eta aurkariaren area ingurura arriskuarekin iristea. Apenas izan duen lanik Onanak. Manchester Unitedek, berriz, pazientzia izan du. Reala baloiaren jabe zenean, zelaian ondo kokatu dira jokalariak, atzean itxaron dute, eta baloia lapurtutakoan azkar jo dute erasora. Hegalera bidalitako baloi luzeekin egin dute minik handiena, eta 37. minutuan izan dute lehen zatiko aukerarik garbiena. Jokaldi berean aukera hirukoitza izan du Unitedek, baina ez du asmatu: ez lehenengoan, ez bigarrengoan, eta ezta hirugarrengoan ere. Aritzek, Remirok eta enparauek salbatu dute Reala. Txuri-urdinek izan dute baloiaren jabetza lehen 45 minutuetan, baina Manchester United hobeto aritu da. Lehen zatian ezer gutxi gertatu da, baina bestela hasi da bigarren zatia. Erritmoa bizitu du Realak atsedenalditik bueltan, eta urratsa egin du, aurkariari kilimak egin nahian. Jarrera berarekin erantzun dio, ordea, Ruben Amorimek zuzendutako taldeak. Eta oraingoan ere, hobeto. Hark izan du lehen aukera garbia, eta hurrengoan ez du barkatu. Kontraeraso batean, Garnachok eskuin hegaletik pasea eman dio Zirkzeeri, eta hark sarera bota du baloia, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin; erdira atera zaio, baina Remirok ez du garaiz erreakzionatu. Aldaketa hirukoitza egin du orduan Imanol Alguacilek, partidaren joera aldatzeko asmoz: Aramburu, Oskarsson eta Pablo Marin sartu dira Aritzen, Barrenetxearen eta Turrientesen ordez. Ez espero bezala, baina lortu du teknikariak nahi zuena. Hortik gutxira, Bruno Fernandesek eskuarekin jo du baloia, eta, VAR sistema erabilita, penaltia adierazi du epaileak. Mikel Oiartzabalek ez du huts egin, eta markagailuan banakoa jarri du. Hazi egin da Reala, eta bigarrena ere gertu izan dute txuri-urdinek. 84. minutuan, Beckerrek pase bikaina eman dio Oskarssoni, baina dena alde zuela, aurrelariak kanpora bota du baloia. Luzapenean, berriz, Onanak geldiketa on batekin urrundu du islandiarraren jaurtiketa. Azkenean, ez da gol gehiago izan Anoetan, baina ondo amaitu du lehia Realak. Partida amaitutakoan, Mikel Oiartzabal kapitaina anbiziotsu agertu da: «Dena irekita dago, eta gogotsu gaude Old Trafforden zertarako gai garen erakusteko». Hutsuneak bi taldeetan Azken orduko hutsune garrantzitsu bat izan du Alguacilek: Martin Zubimendi. Euskarria deialditik kanpo geratu da, gaixo zegoelako. Donostiarra Realeko jokalaririk onenetakoa da, funtsezkoa taldeak funtzionatu dezan, eta haren falta sumatu dute taldekideek, batez ere lehen zatian. Hutsune gehiago izan ditu, ordea, Manchester Unitedek: min hartuta hamar jokalari geratu dira deialditik kanpo. Hutsuneak hutsune, lehia gorabeheratsua eta parekatua jokatu dute bi taldeek, eta, bana amaituta, Old Trafforden erabakiko da dena. Ametsen antzokia da Ingalaterrako estadioa. Bada, Realak amets egin nahi du, eta final-laurdenetarako sailkatu. Reala-Manchester United Reala. Remiro; Aritz (Aramburu, 63. min.), Aguerd, Zubeldia, Aihen; Turrientes (Marin, 63. min.), Brais Mendez, Sucic (Olasagasti, 88. min.); Take Kubo (Becker, 80. min.), Oiartzabal, Barrenetxea (Oskarsson, 63. min.). Manchester United. Onana; Mazraoui, De Ligt, Yoro (Lindelof, 87. min.); Dalot, Casemiro, Fernandes, Dorgu; Zirkzee (Collyer, 87. min.), Garnacho (Eriksen, 78. min.) eta Hojlund. Golak. 0-1: Zirkzeek (57. min.); 1-1: Oiartzabalek, penaltiz (70. min.).
Europako Banku Zetralak oinarrizko 25 puntutan jaitsi ditu interes tasak. Hala, gordailu-tasa (DFR) % 2,50ean geratuko da, birfinantzaketa-eragiketa nagusietarako erreferentzia-tasa (MRO) % 2,65ean, eta mailegu-erraztasunarena (MLF) % 2,90ean.