Hipoteka gastuak erreklamatzeko epea ez da 2024ko urtarrilaren 23an bukatzen. Agertoki okerrenean jarrita, apirilaren 14an bukatuko litzateke epea, baldin eta, bezeroei itzuli beharreko gastuei buruz, Auzitegi Gorenak 2019ko urtarrilaren 23an ezarritako jurisprudentzia aintzat hartzen bada.
Futbolzaleen arteko tertulietan zeresana emango du Jesus Aresok gaur Sadarren sartutako golak. «Intentzio guztiarekin jaurti du», defendatuko du batek; «baita zera ere!», erantzungo dio besteak, «nahigabe egin du!». Zaila da asmatzea. Nahita edo nahigabe, atzelariak 80. minutuan Getaferi sartu dion gol ikusgarriak hiru puntu garrantzitsu eman dizkio Osasunari, eta sailkapenari begiratuta lasai arnasteko moduan dira gorritxoak. 😰 No me salen las palabras para describir el gol de Areso. El mejor gol del año. Qué locura. pic.twitter.com/rUDlBry9My — C. A. OSASUNA (@Osasuna) January 21, 2024 Jagoba Arrasatek sei aldaketa egin ditu Espainiako Kopako partidatik, eta ongi irten zaio jokaldia. Hasieratik, Osasuna bere aurkaria baino hobeto zelairatu da, eta azkar heldu zaio saria. Raul Garciak Pablo Ibañezen erdiraketa bikain bat baliatu du David Soria patxadaz gainditzeko. Aurrelari petoa dela erakutsi du. 11. minutua zen. Pixkanaka, Getafe hasi da bere areatik irteten, kontrola, nagusiki, etxekoek zuten arren. 30. minutuan heldu da arratsaldeko lehen gol ikusgarria: area kanpotik baloia gogor jo du Iker Muñozek, eta sareetara bidali du baloia. 2-0 heldu da partida atsedenaldira. Maila altu jarri du harrobiko jokalariaren golak; Sadarren bildutako ikusleek, ordea, ez zekiten zer zetorren. Lehenik, Getaferen erreakzioa iritsi da. Bigarren zatiko lehen minutuetan jokoa dominatzen segi du Osasunak, eta hirugarrena egiteko abagunea ere izan du Raul Garciak. Getafek lanean jarraitu du ordea, eta bi jokalditan berdindu du norgehiagoka, 63. eta 67. minutuetan. Osasunakoak ohartzerako, 2-2. Mayoral eta Maksimovitx izan dira golegileak, bi erdiraketa baliatuta. Herrerak saihestu du hirugarrena. Zoramena 80. minutuan heldu da. Aresok hegalean jaso du baloia, aurrera egin du, eta angelurik gabe zegoela jo du baloia. Ezustean harrapatu du mundu guztia; ostikada perfektua izan da. Soria gainetik pasa, zutoinean jo eta barrura. Ia erori egin da Sadar. Azken minutuetan, Arnaizek izan du laugarrena egiteko aukera argiena. Azkenean, garaipena. Sailkapen nagusian 11. postuan da Osasuna, 25 punturekin.
58 urteko gizon bat hil da gaur goizean Getarian (Gipuzkoa) izandako istripu batean. N-634 errepidean gertatu da ezbeharra, 10:15ean: txirrindulari talde bat aurreratzen ari zen auto batek parez pare jo du hildakoa gidatzen ari zen motorra. Motozalea errepidean botata geratu da zauri larriekin, eta Donostiako Ospitalera eraman dute larrialdi zerbitzuek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ordu batzuk geroago jakinarazi du ezin izan dutela haren bizia salbatu. Errepidea itxita egon da pare bat orduz, motozalea artatu eta bidea garbitu bitartean. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.
Musika sistemaren «ajeak» irmo nabarmentzen ditu Urbizuk, kezkatuta oso. Ekonomiari loturiko faktoreak kritikatu ditu, baina, gainera, sinetsia dago badela azken urteotan okerrera egiten ari den beste alderdi bat ere: hizkuntzarena. [articles:2119447] Hasiera bat deitu diozu diskoari. Izanak baitzenuen hasiera mordo bat lehendik ere. Zer aldatu da horietako bakoitzean? Dena aldatu da, erabat: gizartea, gure herria, gu, egoera. Ekonomikoki irauteko beharrezko baldintzak ere aldatu dira. Egun, merchandising-a saltzea da diru iturri handietako bat. Berri Txarrak-ek ez dio utzi halako produktuak saltzeari. Musikaz bizitzea oso zaila da; euskaraz, are zailagoa. Niri mirari bat iruditzen zait oraindik ere. Nekea sentitzean, bada aintzat hartu beharreko zerbait. Halere, argi dago sistema ez dagoela pentsatua musikari izateko. Hari horretatik zintzilik zaude beti. Ez daukat ezer merchan-aren kontra. Jendeak oraindik ere erosten ditu biniloak, eta niri kristoren ilusioa egiten dit, komunitateak bizirik jarraitzen duen seinale baita. Jakin aldizkariaren 2019ko zenbakian, «oximoron» gisara definitu zenuen euskal mainstream kontzeptua. Hala izendatuko zenuke egun ere? Bai. Peioratiboki hitz egiteko modu bat iruditzen zait, arrakasta lortzeak, zuzenean, artistikoki gutxiago balioko balu bezala. Nire ustez, konplexu bat da hori, eta, gainera, eztabaida ez dago hor. Beti egon dira jende gehiago mugitu duten artistak, eta jende gutxiago mugitu dutenak. Mainstream deitu nahi diogu? Ados, deitu euskal mainstream, baina ihar-iharra da. Batzuetan, normaltasun batean biziko bagina bezala jokatzen dugu, eta tranpa egitea da hori. Solitario jokoan, gainera. Zer behar du euskal eszenak? Igual, sortzaile euskaldunak baino gehiago, sortzaile euskaltzaleak beharko ditugu. Badaukagu ardura bat hor. Begira: euskara batuaren aldeko aldarri bat egiteko puntu-puntuan nago jada. Kristoren nagia ematen dit, baina hori egiteko puntuan nago. Eta ez naiz soilik hizkuntza nahasketez ari. Gustatuko litzaidake talde euskaldun gehiago egotea. Ze badakigu errealitatea zein den: arraun egin ezean, badakigu korrontea norantz doan. Eta, hala ere, batzuetan pentsatzen dut igual lorpen bat dela talde batzuek hiru kantu euskaraz egitea Durangoko Azokan eta Gaztean egoteko. Igual euskaldunen lorpen bat da, baina niretzat ez da nahikoa.
Reala garaipenaren bidera itzuli da Espainiako ligan, Celtaren zelaian irabazita. Talde txuri-urdinak azken aldietako mamuak uxatu ditu zelai zail batean nagusituta, eta harrobiko jokalariez hornituta egin du, gainera. Izan ere, Imanol Alguacilek bigarren taldean ondutako zenbait jokalati txertatu ditu hasierako hamaikakoan, eta apustu horrek ordaina eman dio. Besteren artean, Jon Ander Olasagati, Jon Mikel Aranburu edo Jon Magunazelaia izan dira hasieratik aritu diren moxalak —hala deitzen zaie Zubietan hezitako futbolariei—, eta saialdiari berehalakoan atera diote etekina. Ez alferrik, Brais Mendezek 11. minuturako aurreratu baitu Donostiako taldea. Hain justu ere, erasoko jokalari galiziarrak bere talde ohiaren aurka egin du gola. Harrobiko beste jokalari batek piztu du goleko jokaldiaren sua. Hasieratik aritu den Beñat Turrientes beasaindarrak lerro arteko pase luze bat eman dio Braisi, eta hark ez du huts egin. Vicente Guaita atezain kontrarioaren atea zulatu du hasi eta gutxira. Behin aurrea hartuta, Realak zelairatutako taldea bermatu egin da Balaidoseko zelaian. Imanolen apustuak izan zezakeen arriskua bazter utzita, aurrerako urratsa egin du, baina hurrengo minutuetan ailegatu zaio albiste txarra. Izan ere, Aihen Muñoz atzelariak min hartu du Reala zelaian nagusitzen ari zen bitartean, eta atzelari nafarraren kalteak ilundu egin du talde donostiarrak ordura artean egindakoa. Ustekabeko jokaldi batean, Aihen Muñozen belauna bihurritu egin da 38. minutuan, eta jokalariak berak aldaketa eskatu du. Klubaren iturriak jakinarazi dutenez, Etxauriko atzelariari «proba osagarriak» egingo dizkiote lesioaren larritasuna zehazteko. Bigarren zatian, eutsi Aihenen lesioa izan da, golaz gain, lehen zatiaren unerik azpimarragarriena. Ezker hegalekoak ondo erantzun du Imanolek zelairatu duen aldiro, eta haren hutsunea ez da albiste ona izango Realarentzat. Batez ere, lehendik min hartutako futbolari asko dituelako. Nolanahi ere, jokoak segi egin du bestela ezin zuen eran, eta multzo txuri-urdinak lortu du emaitzari eustea. Bigarren zatiak ez du aparteko distirarik izan. Behin errenta eskuratuta, Realak eutsi egin dio markagailuko aldeari, eta Celtak ez du askorik estutu. Bi taldeek geldikako jokaldietan izan dituzte abagunerik argienak; asmatu ez, ordea, eta Brais Mendezen gola izan da baleko bakarra. Azkenerako, Realak Europako postuen peskizan segitzeko garaipena eskuratu du, Espainiako Kopan jokatuko duen estadio berean irabazita. Gaur lortu du lehendabiziko helburua; bigarrena eskuratzeko xedez ariko da asteartean.
Izen handia izan da Maite Idirinena euskal kantagintzaren eremuan. Ugaon jaio zen kantaria (Bizkaia), 1943. urtean, eta euskal kantagintza berria hedatu zuten ahotsetako bat izan zen harena, 1970eko hamarkadan. Zeanurin (Bizkaia) jendaurreko lehen kantaldia egin zuen urte berean lortu zuen bere aurreneko diskoa kaleratzea, 1968an: Atahualpa Yupanki euskaraz (Cinsa). Musikari haren lau kantu ekarri zituen euskarara; Xavier Villaverde gitarran lagun zuela, eta Paulo Iztuetak eta Gabriel Arestik egindako itzulpenekin. Gerora, haren hitzetan, «rockeroak» heldu zirenean, euskal musika klasikoaren bideari lotu zitzaion; hura kantatu, grabatu eta hartaz idatzi zuen azken urteetan. 2014ko maiatzean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Angelun bizi zen (Lapurdi), eta 80 urterekin hil da. Yupanquik 1967an Bilbon egindako emanaldi jendetsua izan zen, nolabait, Idirin plazara bultzatu zuena. Kantaria Bilbon zen ordurako, merkataritza ikasketak egitera joana, eta San Anton orfeoian hasi zen kantuan. Hala kontatu zion Argia aldizkariari, 2006an: «Haiek euskaraz kantatzen zuten dena. Oso abertzaleak ziren denak. Hantxe zegoen Gallastegi, jakina. Guardia zibilak haren sermoiak entzutera joaten ziren! 1967 inguruan, ni Bilbon ikasten, orfeoian sartuta, dantza-taldean ere bai… orduantxe ETAren lehenengo hotsak, eta Atahualpa Yupanqui etorri zen Bilbora. Eta joan nintzen entzutera. Buenos Aires antzokira etorri zen, bi, hiru mila jende bildu zen. Bilboko antzoki handiena, beteta. Gaztelaniazko kantu asko entzuten zen irratian, Espainiakoa, baina baita Hego Amerikakoa ere. Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra… Kantu asko zegoen nire inguruan eta, halako batean, amak esan zidan: ‘Asko kantatzen duzu eta gitarra bat erosi behar dizut!’». (Maite Idirinek argitaratutako lehen diskoaren azala) Urte bereko abenduan, lehen diskoarekin Durangoko Azokan egon ostean, garaile izan zen Eibarko (Gipuzkoa) kantari sariketa batean, Estitxurekin batera, eta Hego Euskal Herri osoan hasi ziren emanaldiak egiten. Ez Dok Amairuren garaiak ere baziren, eta bat egin zuten kantaldi batzuetan. Frankismopeko urteak ziren artean, eta euskal kulturaren aldeko jardunaren albo kalteak ere hurbiletik bizi izan zituen Idirinek. Iaz UEUk argitaratutako Maite Idirin, herrigintza kantuz liburuan hala nabarmendu zuten Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak: «Ordura arte zeraman lan-bizitza utzi eta orduan herrigintzan kantuz saiatzeak zeuzkan arrisku guztiekin horretan murgildu zen. Berehala ordaindu behar izan zuen aukerazko militantzia hura: Espainiatik korrika ihes atera beharra, eta Frantzian astero poliziaren bulegoetan aurkeztu beharra bi urtez, besteak beste, pairatu izan baitzuen». «Euskal eta emazte iraultzen artean» Arrazoi politikoak zirela medio, Baionara jo zuen lehenik, eta Parisen ere eman zituen urte batzuk gero. Neskame eta atezain lanak egin zituen tarte batez, eta Migel Arozenaren Candelaria izeneko kafe teatroan hasi zen abesten gero, auzo latinoan. Euskaraz han ere. Hiru urte egin zituen horrela, eta bi disko txiki atera zituen han: Maite Idirin Solatxi (1970, Goiztiri) —Felix Ibarrondok eta Oleagak egindako bina kanturekin— eta Detchepare 1545 (Elkar, 1972) —Oihartzunak ahots taldearekin eta Bernat Etxepareren hainbat hitzen gainean Joxe Mari Arrizabalaga organistak moldatutako doinuekin—. 1973an itzuli zen Euskal Herrira, eta Elkar-en sorrerako lehen urteetan aritu zen, Baionako Zabal liburu dendaren bueltan. Kontserbatorioan musika ikasketak ere hasi zituen 1975ean, eta Urrezko Domina jaso zuen 1979an. Bordelen segitu zuen ikasten gero, eta han ere Urrezko Domina eman zioten, 1981ean. Ordurako, lehen disko luzeak plazaratuak zituen: Hazia sortzen denez lurpean jarria… (Elkar, 1975) eta Ahizpatasuna (Elkar, 1979). Parisen ezagutu zuen feminismoa, eta emakumeek euskal kulturan zuten presentzia urriaz ere egin zituen adierazpenak. Azken horren izenburua da Idirinen jarrera feministaren froga. Deserrian ezagutu zuen kantariak emakumeen aldeko mugimendua, eta hala hitz egin zuen hartaz Argia-n, 1978an: «Badirudi binomio bat sortzen dela euskal eta emazte iraultzen artean. Neretzako iraultza bakarra da. Euskal iraultzan emakumearen iraultza sartzen da. Eta euskal iraultzan emakumeak deretxo berdinak ez badituzte eta libroak gertatzen ez badira, ez da benetazko iraultza izango». Emakumezkoek kulturan zuten presentziaz ere mintzatu zen elkarrizketa hartan: «Nere ustez abestian emakumezkoak gizonezkoak baino gutiago izateak badu zerikusirik beste ofizio edo langintzetan gertatzen denarekin. Ez da emakumezkoa prestatu, bultzatu profesio batetara. Ez da plazarazten gizona bezala». Beste emakume batzuekin bilerak egiten hasia zela ere aitortu zuen: «Munduan zehar emakumezkoen artean dabilen haizea ekarri berri dugu Euskal Herrira. Hasieran talde txiki batzuk ginen, ia denak gizonezkoen alderdietan militanteak izanak eta denok gauza batean bat gentozen: gure izaera deuseztatzen zela, gure arazoak bigarren maila batean uzten zirela alderdi horietan, alegia. Orain, Euskadiko Emakumeen Topaketek erakutsi ziguten bezala talde txiki horiek handitu egin dira eta garrantzizkoago dena, oihartzun handiko bilakatu dira euskal emakumeen artean». https://www.youtube.com/watch?v=mvcVLt68hdk&t=75s Aro aldaketan, klasikorako itzulera Deserria emankor izan zitzaiola azaldu zuen Idirinek Jakin aldizkariak 1979an Euskal Kantagintza Berriari eskainitako zenbakian. «Europako nazio menperatuen artean euskal abestiaren ordezkari bezala egotea tokatu zait», idatzi zuen, eta, abeslariaren hitzetan, sona eman zion horrek. Edonola ere, 1980ko hamarkadaren hasiera hartan, beheraldian igartzen zuen mugimendua. Urritzen ari zen ikusleria, eta, horregatik, kalitatea hobetzeko beharra nabarmentzen zuen. «Abestiaren herritartzeak abestia edozertarako eta edonola erabiltzea ekarri izan du. Eta hori kaltegarri gertatu da. Abestia gauza askoren morroi bilakatu baita. Abestia politikarako. Abestia arazo sozialetarako. Abestia ikastolarako. Abestia auzoetako beharrak konpontzeko. Abestia txokoen irekitzeko. Eta abar amaigabe baterako. Honela, bazter guztietan ageri den gauza bilakatu da. Aspergarri, presentzia gehiegizkoa izan duenean. Eta presentzia batek, aspergarri ez dadin gerta, aldakortasun minimoz emana izan behar du. Eta hau da euskal abesti herritar berriari falta izan zaiona. Kalitatez hobeagotuz eta sendotuz joan behar du, iraun nahi badu». Rock musika ere indarrez sartu zen urte horietan Euskal Herrira, eta, kantarientzako tokia urrituta, klasikoaren bidetik segitzea erabaki zuen Idirinek. Inoiz esan zuenez, iruditzen zitzaion inor gutxik ezagutzen zituela Aita Donostia, Jesus Guridi, Remacha eta gisako musikariak, eta haien lanak berreskuratzeko hautua egin zuen, besteak beste. Euskal Kamerata (Elkar, 1988) izan zen hautu horrek ekarri zuen lehen diskoa, eta Groupe Vocal Presence (Agorila, 1996) eta Felipe Gorritiren omenez (1839-1896) (Elkar, 1996) diskoak ere grabatu zituen soprano modura. Baionako ganbera musikako taldeko eta Euskalerria laukoteko kide ere izan zen, eta Euskadi Irratian eta Gara egunkarian ere aritu zen musika klasikoaren inguruan kolaboratzen. Azken bi diskoak 2012an eta 2013an atera zituen —Gabon kantak (ausArt Records) eta Maite Idirin kontzertuan (ausArt Records) —, eta, urtebete lehenago, 2011n, Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria Ohorezko Saria jaso zuen.
Noizbait behar zuen. Hiru hilabete zeramatzan Athleticek partidarik galdu gabe, baina gaur amaitu zaio bolada ona, Valentziaren zelaian. Erarik okerrenean amaitu ere. Besteak beste, azkenaldiko erakustaldietatik urrun, partida eskasa jokatu baitute zuri-gorriek. Valentziak planteamendu zuhurra izan du hasieratik, eta etxekoen joko asmoari aurre eginda aritu da une oro Ernesto Valverderen taldea. Gol aukerak sortzeko arazoak izan ditu, eta, aukera apur horietan, Valentziako atezainak ongi erantzun du. Etxeko taldeak ere ez du irabazteko meritu handirik egin, baina Hugo Durok bigarren zatian sarturiko golak balio izan dio horretarako, eta gerora ederki asmatu du aldea kudeatzen. Hortaz, hamalau partida galdu gabe egon eta gero, punturik bildu gabe itzuli dira etxera zuri-gorriak. Dena den, tinko jarraituko dute Europako postuetan, 41 punturekin. Ligaren lehen itzulian San Mamesen gertatu bezala, Valentziak hasieratik erakutsi du badakiela Athletici neurria hartzen. Orduko hartan bina berdindu zuten, eta Valverderen taldeak arazo handiak izan zituen aurkariari gain hartzeko. Bada, gaur ere antzerako zerbait gertatu zaio. Etxekoen lehentasuna zera izan da, lerro guztiak gertu eduki eta aurkaria deseroso sentiaraztea. Bete du helburua. Lehen minutuak intentsitate handikoak izan dira, baina gerora joko lehorra eta taktikoa nagusitu da. Athleticek baloia gehiago izan du oinetan, baina sakontasunik topatu ezinda aritu da etengabe. Nico Williamsek ahalegina egin du birritan ezker hegaletik, baina ez du aterik topatu. Halako partida itxietan gertatu ohi den bezala, jakina da hutsak garesti ordain zitezkeela, eta Yuri hanka sartzeko zorian izan da, atsedenaldiaren atarian. Baloi arriskutsua galdu du bere areatik gertu, eta Valentzia gola sartzeko zorian izan da. Jokaldi horrekin laineza hartuta, etxeko taldeak asko estutu du azken minutuetan, estrategia jokaldien bidez batez ere, baina ez du golik sartu. Zuri-gorriek gustura hartu dute aldageletarako bidea. Gidoi bera espero zen bigarren zatiari begira, baina Athleticek pauso bat aurrera eman du erasoan, eta Sancetek partidako aukerarik garbiena izan du 49. minutuan. Eskuin hegaletik jasotako pasea ongi errematatu arren, baloiak zutoin ondotik kanpora ihes egin dio. Hamar minutu beranduago erantzun du Valentziak. Ate aurrean bakarrik egon arren, baloia kanpora bidali du Hugo Durok. Hots, hurrengo jokaldian ez du barkatu aurrelariak. Gayaren erdiraketa sareetara bidali du, buruz. Yurik erraztasunak eman dizkio. Kolpeari erantzun nahian, Valverdek bost aldaketa egin ditu jarraian, eta zelairako bidea hartu dute Galarretak, Unai Gomezek, Villalibrek, Adu Aresek eta Raul Garciak. Suspertzeko gaitasunik gabe Bi aurrelari peto zelaian izanik, pentsatzekoa zen Athleticek baloi luzeen bidez joko zuela erasora azken minutuetan, baina ez du susperraldi zantzurik ere erakutsi. Unai Gomezek aukera on bat izan du 80. minutuan, baina beste aukera arriskutsurik ez dute sortu zuri-gorriek. Valverdek porrota onartu besterik ez du egin prentsa aretoan. «Ikusten zen jokaldi batean erabakiko zela nork irabaziko zuen, eta haiek asmatu dute. Beste egun batzuetako argitasuna falta izan zaigu azken metroetan. Triste gaude, baina denboraldia bikaina da oraindik ere, eta burua altxatu behar dugu».
Urrezko hiru puntu lortu ditu Alavesek kolokan dagoen Cadiz baten aurka. Mailari eusteko berebiziko garrantzia zuen norgehiagokak, eta egoerak eskatzen zuen moduan egon da Alaves eta Mendizorrotza. Ez da partidarik onena izan etxekoentzat, ezta politenaere , baina tente egon da 90 minutuetan eta ez dio aukerarik eman kanpoko taldeari. Luis Riojak egin du partidako gol bakarra, Kike Graciak bigarren zatiko lehen minutuetan eragin duen penalti baten bidez. Gehiagotik gutxiagora joan da lehen zatia. Hasiera bikaina izan dute etxekoek, eta gola gertu izan du Guridik hirugarren minutuan, zutoinean boleaz egindako errematearekin. Carlos Vicenteren eta Kike Garciaren bitartez ere saiatu da Gasteizko taldea, baina ez du lortu Ledesmaren atean baloia sartzen. Partida oso orekatua izaten ari zen, eta markagailuak ez zuen gezurrik esaten. Cadiz esnatzen hasi da orduan, Chris Ramos eta Sergi Guardiola aurrelarien bitartez, baina benetako arriskurik gabe. Are gehiago, cadiztar batean baloiak jo, eta harmailetara joan de Siveraren desbideratze bat izan da bisitarientzat arriskutsuena. Lehen zatiko azken ordu laurdena gehiegi gelditu da bi taldeek eragindako etenaldiekin, eta, ondorioz, ez dira aukera argi gehiago ikusi Mendizorrotzan. Hamaika metroak lagun Gola garesti zegoen Gasteizen, eta bat sartzea lortzen zuenak, partida bideratuko zuenaren susmoa hartzen ari zen. Zizelkatu ezin zitekeen harkaitza izaten ari zen Cadiz, eta Alavesek partida lantzen jarraitzen zuen arriskurik sortu gabe. Baina lehen aldiz denboraldi honetan, hamaika metroetatik lortu du garaipena Alavesek. Alejok Kike Garcia zapaldu du, eta epaileak ez du zalantzarik izan penaltia adierazteko garaian. Eta denboraldiko lehen bi penaltietan huts egin ondoren, hamaika metroetako aditua aurkitu du Luis Garcia Plazak: Luis Rioja. Lehenik Realaren aurka, eta gaur Cadizen aurka, jokalari sevillarra bere aletxoa jartzen ari da eta ez du hutsik egin hamaika metroetatik. Hortik aurrera bikain ulertu du etxeko taldeak nola babestu lortutako errenta. Aurrelariak Cadizen defentsa estutzen jarraitu dute, eta atzeko jokalariek gogortasunez defendatu dituzte kanpotarren eraso guztiak. Lan horretan Kike Garcia nabarmendu da. Penaltia eragiteaz gain, partida bikaina osatu du, eta txaloaldia jaso du zaleen aldetik berdegunea utzi duenean. Gogortasun handiko minutuak izan dira, eta batek zein besteak aukerak izan badituzte ere, atezainek ez dute izerdi gehiegi bota. Cadizek zailtasun handiak ditu golak sartzeko, denboraldian zehar erakutsi duen moduan, eta kontrolpean izan du Alavesek partida. Zazpi minutuko luzapena adierazi du epaileak zaleen txistuen artean, baina ez dio ihes egin garaipenak etxeko taldeari. Garaipen honekin Alavesek zortzi puntu sartu dizkio Cadizi, zortzi puntuko arrakala jaitsierako postuan dagoen lehen taldearekin. Asko da jada, eta Lehen Mailan beste urte batez geratzeko esperantza handiak ematen dizkie babazorroei.