Realak bakarrik jarraituko du amets egiten Espainiako Kopan zerbait handia egitearekin. 0-2 irabazi dio gaur gauean Osasunari Sadarren, eta final-laurdenetan ariko da. Hori lortuta, arindu egin du aurreko larunbatean San Mamesen Athleticen aurkako derbia galtzeak eragindako atsekabea. Realzale gutxi gogoratuko dira jada horrekin. Euren taldeak bi pausora du Kopako finala. Ostiral eguerdian jakingo du noren aurka jokatuko duen hurrengo kanporaketa. Egoeran berean dago Athletic, Kopako beste derbian Alaves kanporatu eta gero. Realaren poza Osasunaren atsekabea da. Gorritxoek egin dituzte egin beharrekoak Kopan. Azken denboraldian finalera iritsi ondoren, bide askoz laburragoa egin dute aurten. Txapelketa bakarra falta zaie lehiatzeko, baina garrantzitsuena da: Espainiako Liga. Horrek du lehentasuna, eta horretan jarri behar dute orain arreta eta indar guztia. Gorritxoek hobeto ekin diote partidari: bizi eta erasokor. Berehala sortu dute arriskua, lehen minutuan. Budimir Remiroren aterantz zuzendu da, baina erori egin da area barruan Zubeldiarekin trabatu eta gero. Epaileak ez du ezer adierazi, eta VAR epaileak ere ez dio ezer esan. Argi zegoen bi taldeen asmoa: Osasunak bizi jokatu nahi zuen; Realak, aldiz, patxadaz, baloia gehiago edukiz. Nahi, eta lortu. Horri esker lortu du pixkanaka presioa apur bat gainetik kentzea, eta aurrerapauso txiki bat ematea. Hala ere, inork arriskua sortzen badu, etxeko taldeak sortu du; bereziki, Budimirrek. Baina alferrik. Ez da golik egon lehen zatian. Bi zigor jokaldi berean Bigarren zatiari oso bizi ekin diote bi taldeek, eta Aimarrek eta Zakharianek aukera bana izan dute hasi eta berehala. Errusiarrak beste bat izan du handik gutxira, area kanpotik jaurtita, baina Aitor Fernandezek geldiketa bikaina egin dio. Hurrengo jokaldian, berriz, epaileak penaltia adierazi du Catenaren eta Le Normanden arteko lehian. Lehenbizi, txartel horia atera dio Osasunako erdiko atzelariari, baina VAR epaileari entzun eta jokaldia telebistan ikusi eta gero, gorria atera dio. Oiartzabalek bota du penaltia, eta ez du huts egin. 0-1. 56. minutua zen. Realari alde jarri zaio partida. Osasunari, aldiz, maldan gora: galtzen ari zen, eta jokalari bat gutxiagorekin aritu behar zuen. Golak jota utzi du etxeko taldea hasieran, baina gai izan da suspertzeko, eta Realaren area ingurura arriskuarekin iristeko. Jagoba Arrasatek eta Imanol Alguacilek aldaketak egin dituzte: batek, gola sartzeko asmoz; besteak, aldeari eutsi eta hutsen bat baliatu nahian. Hori gertatu da. 97. minutuan, Aitor Fernandezek penaltia egin dio Brais Mendezi. Huts egin du, baina Merinok gola sartu du aldaratzean.
Azkenean, amaitu da. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak amaitutzat eman du Bateragune auzia, eta ebazpen horrek itxi egiten du hamalau urte baino gehiago iraun duen atala. Gaur bildu dira auzitegiko magistratuak, eta ontzat jo dute aurreko astean Juan Carlos Campo Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak zirriborro batean proposatutakoa: Bateragune auziko epaiketa ez da berriro egingo. Epaimahaiko 11 magistratuetatik zazpik bozkatu dute auzia bukatzearen alde, eta lauk kontra. Defentsak babes helegitean erreklamatutakoarekin bat egin du Konstituzionaleko gehiengoak: non bis in idem printzipioak debekatu egiten du pertsona bat gertaera berengatik berriz epaitzea. Konstituzionalaren arabera, epaiketaren errepikapena «neurriz kanpokoa» litzateke. Izan ere, Estrasburgoko 2018ko ebazpena betearazteko Gorenera jo zutenean bost auzipetuak ez zutelako epaiketa berriro egiteko eskatu; are, aukera haren aurka agertu ziren. Magistratuen ustez, espetxe zigorra bete zuten eta geratzen ziren gainerako zigor neurriak erreparatzeko bestelako alternatibak leudeke. Ildo beretik, Konstituzionaleko gehiengoaren arabera, auzipetuen eskumena zen erabakitzea zein zen erreparaziorik «egokiena». Eztabaida egon da Konstituzionaleko epaileen artean. Azken erabakian, Konstituzionalak bat egin du Gorenaren 2011ko epaiketaren zigorrak baliogabetzeko epaiarekin, eta ondorioztu du epaituta dagoela auzia. Alta, aldeko botoa eman dutenetako lau epailek ez dute bat egin horrekin, uste dutelako formula horrekin epaituen absoluzioa eragotzi nahi dela. Era berean, erabakiaren kontra bozkatu duten beste hiru epailek —kontserbadoreen ataleko Ricardo Enriquez, Concepcion Espejel eta Enrique Arnaldok— uste dute Konstituzionala ez lukeela onartu behar 2011n Iñigo Iruin abokatuak aurkeztutako babes helegitea. Auzipetuetako hiruk, Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek, poza azaldu dute X sare sozialean. «Bakearen etsaiak galtzen dute eta Euskal herriak irabazi», idatzi du lehenak. «Horrela sinatu nuen hamar urteko zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalean», erantsi du, agiria erakutsiz. «Harro, pozik, lasai» dagoela esan du, berriz, EH Bilduko Nafarroako koordinatzaileak. «Euskal Herrian aro berri bat irekitzea ekidin nahi zuten, eta ez zuten lortu. Ezker independentismoaren proiektua txikitu nahi zuten, eta ez zuten lortu. Denboran luzatu zuten bidegabekeria, baina ez zuten lortu gu suntsitzerik, ez etsipenik, ez gorrotorik». Euskal Herrian aro berri bat irekitzea ekidin nahi zuten, eta ez zuten lortu. Ezker independentismoaren proiektua txikitu nahi zuten, eta ez zuten lortu. Denboran luzatu zuten bidegabekeria, baina ez zuten lortu gu suntsitzerik, ez etsipenik, ez gorrotorik. pic.twitter.com/vwLNY1DDam — Miren Zabaleta (@miren_zabaleta) January 17, 2024 Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere egin du balorazio politikoa: «Gure atxiloketekin bakearen etsaiek gure herrian garai berri bat irekitzea eragozten saiatu ziren. Porrot egin zuten. Orain ere, herri hau iraganera ainguratuta mantentzen saiatzen ari dira. Porrot egingo dute. Herri honek lortuko ditu bakea eta askatasuna». Itzulinguru handiko auzibidea izan da. Izan ere, 2020ko udan ere ematen zuen betiko amaitu zela. Alta, Espainiako Auzitegi Gorenak beste hiru urtez arnasa eman dio auziari, epaiketa berriz egiteko aukera hauspoturik eta auzipetuen eskaera aintzat hartu gabe, harrigarriki akusazioaren argudioa indartuta. Garzonen aginduz hasi zen 2009ko urriaren 13an hasi zen dena, polizia operazio zabal batekin. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko orduko instrukzio epailearen aginduz, Espainiako Poliziak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituen. Ezker abertzalearen estrategia aldatzeko prozesuaren hastapenean etorri zen operazio hura. Atxilotuek eurek gerora salatu zutenez, abiatutako aldaketa prozesu erabakigarria «blokeatu, neutralizatu eta deuseztatzeko asmoz» egin zuten: «Eroso zeuden lehengo eskema antiterroristan euren erantzukizuna eta berezkoa duten izaera antidemokratikoa estaliz eta jarrera politikoaren ahultasuna makillatuz». Atxilotuak 2011n epaitu zituzten. Angela Murillo buru zuen Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak hamar urteko zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi, eta zortzi urtekoa Zabaletari, Jacintori eta Rodriguezi —gainerakoak absolbitu egin zituen—. Hala, estrategia armatuaren amaieraren sustatzaile izandakoei ETAren aginduetara aritzea eta erakunde terroristako kide izatea aurpegiratu zien, argudiatuta epaiketan ez zirela gai izan frogatzeko errugabeak zirela, besteak beste. 2012ko maiatzean, Gorenak bere egin zuen epai horren tesi nagusia, nahiz eta zigorrak leundu: sei urte eta erdira eta sei urtera, hurrenez hurren. Estrasburgoko Auzitegia mugarri Guztiek bete zuten zigorra, eta, bostak kalean zirela jada, Estrasburgoko Auzitegiak kolpea eman zion Espainiako justizia sistemari. 2018an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen 2011n epaiketa bidegabea izan zutela auzipetuek. Besteak beste, ondorioztatu zuen Angela Murillo epailea ez zela inpartziala izan. Estrasburgoren epai horri bide emateko asmoz, Iñigo Iruin abokatuak babes helegitea jarri zuen, epaiketan jasotako zigorrak indargabetu nahirik bederen. Bi urte geroago, 2020ko uztailaren hondarrean, auzia behin betiko itxi zela ematen zuen: sinbolikoki, Auzitegi Gorenak ordura arteko zigorrak bertan behera utzi zituen, eta, defentsak beste helegiterik aurkeztu ezean, auzia itxitzat eman zen. Estrasburgoko epaiak argi utzi zuen bost auzipetuen erreparaziorako modurik egokiena izango zela auzia berregitea, «baldin eta pertsona interesdunek hala eskatuz gero». Azken batean, Estrasburgoko epaiak argi utzi zuen bost auzipetuen erreparaziorako modurik egokiena izango zela auzia berregitea, «baldin eta pertsona interesdunek hala eskatuz gero». Alegia, Otegik, Zabaletak, Diezek, Jacintok edo Rodriguezek eskatu ezean, ez zegoen modurik epaiketa berriz egiteko. Eta bost auzipetuek ez zuten eskatu auzi saioa berriz egiteko, epaiketan ezarritako zigorra betea baitzuten. Legediak zioenaren kontra, aurrekaririk gabeko bidea irekitzeko asmoz, AVT biktimen elkarteak beste epaimahai bat izendatu eta epaiketa berriz egiteko eskatu zuen Auzitegi Nazionalean. Hark ez zuen onartu eskaera, Espainiako Prozedurako Kriminaleko Legedian hori egiteko aukerarik ez zegoelako aurreikusita. Alta, AVTk aurrera jo zuen, eta Auzitegi Gorenera heldu zen auzia. Hilabete horietan azaldutako jarrerarekin kontraesanean, Goreneko fiskalak AVTren tesiarekin bat egin zuen, eta ildo horri heldu zion epaimahaiak 2020ko abenduan, ustekabean: epaiketa berriz egiteko eskatu zuen. Gorenak buelta eman zion Goreneko 2. Aretoak, aldi hartan, erabaki zuen ez zela nahikoa hilabete batzuk lehenago Gorenak berak zigorrak bertan behera uzteko hartutako erabakia, eta sententzia indargabetzearen ondorio nagusia izan beharko litzatekeela epaiketa berriz egitea «ahalik eta azkarrena». Nahiz eta auzipetuek de facto aurreko epaiketan ezarritako sei urteko eta sei urte eta erdiko zigorrak bete, epaimahaiak ebatzi zuen zuzenbide estatua ezin zela ezer egin gabe geratu «zuribide ezagunik ez duen libertate urraketa horren aurrean». Alta, guztiz baztertu zuen absoluzioa izatea sententzia indargabetzearen ondorioa. Estrasburgoko epaiak ezarritako irizpidea aintzat hartu gabe, eta haren edukiaren filosofiaren kontra, esaten zuen Espainiako justizia sistemak ez zuela hartu gertatutakoari buruzko «behin betiko» erabakirik. Gorenaren epaiak «kezkatuta eta harrituta» utzi zituen hirurehun legelari: «Errekurtsogileen aldekoa izan den Estrasburgoko epai bat betearaztea ezin da bihurtu errekurtsogileen aurka» Legelarien artean asaldura handia eragin zuen inoiz ikusi gabea zen epai horrek. Euskal Herriko eta Kataluniako hirurehun legelari inguruk agiri bat sinatu zuten epaia gaitzesteko. Testuan, abokatuek esan zuten «kezkatuta eta harrituta» zeudela Auzitegi Gorenaren erabakiarekin. Azpimarratu zuten erabaki hura Estrasburgoko epaiak ezarritako izpirituaren aurkakoa zela, hark markatutako norabidearen kontrakoa: «Errekurtsogileen aldekoa izan den Estrasburgoko epai bat betearaztea ezin da bihurtu errekurtsogileen aurka». Auzi beragatik bi aldiz epaitua ez izateko eskubidea —non bis in idem printzipioa— urratzen zelakoan, Iñigo Iruin defentsa abokatuak babes helegitea aurkeztu zuen Konstituzionalean. Bertan azpimarratzen zenez, bost auzipetuek osorik bete zuten zigorra. Aldi berean, gogora ekartzen zuen Estrasburgoko Auzitegiak irizpide gisa ezarri zuela soilik haien esku geratzen zela epaiketa berriz egiteko eskatzea, eta helegitea aztertu bitartean bederen ez zedila auzi saiorik egin. Iruinek ez zuen dudarik Konstituzionalak bide emango ziola eskaera horri, eta hala izan zen. 2021eko urrian, tramiterako onartu zuen helegitea, eta aintzat hartu zuen defentsaren irizpidea, hura aztertu artean epaiketarik ez egitekoa; Gorenak ezarritako premia hori bertan behera utzi zuen. Auzitegiak une hartan jada ohartarazi zuen kasu hark «transzendentzia konstituzional berezia» zuela. Beste bi urte behar izan dira, azkenik, Bateragune auzia behin betiko itxi eta azken hiru urteetako epilogo luzea amaitutzat emateko. Kronologia 2009ko urriaren 13a. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituzten. 2009ko urriaren 16a. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Baltasar Garzonek. 2010eko apirilaren 26a. Auzitegi Nazionalak Rafa Diez aske utzi zuen, 30.000 euroko bermea jarrita. 2011ko ekainaren 27a. Epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2011ko irailaren 16a. Otegiri, Diezi, Jacintori, Rodriguezi eta Zabaletari kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak —Diez handik hiru egunera espetxeratu zuten—. Esnal, Moreno eta Serra absolbitu egin zituen. Defentsak kasazio helegitea jarri zuen. 2011ko urriaren 20a. ETAk amaitutzat eman zuen jardun armatua. 2012ko maiatzaren 10a. Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen, nahiz eta zigorrak apur bat leundu. 2012ko ekainaren 23a. Gorenaren erabakiaren aurkako babes helegitea aurkeztu zuten. 2013ko ekainaren 4a. Auziko mamiaz erabaki artean zigortuak aske ez uztea erabaki zuen Konstituzionalak. 2014ko uztailaren 22a. Babes helegitea atzera botata, Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi preso mantentzea erabaki zuen Konstituzionalak. 2015eko urriaren 11. Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez aske gelditu ziren, zigorra osorik beteta. 2016ko martxoaren 1a. Otegi aske geratu zen. 2017ko abuztuaren 17a. Rafa Diez aske geratu zen. 2018ko azaroaren 6a. Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaia ez zela inpartziala izan. 2018ko azaroaren 15a. Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiaren berrikuspen helegitea aurkezteko baimena eman zion defentsari. 2012ko sententzia indarrik gabe geratzeko aukera zabaldu zuen horrek. 2020ko uztailaren 31. Gorenak bertan behera utzi zituen 2012an auzitegi horrek berak berretsitako zigorrak. 2020ko urriaren 20a. AVT-Verde Esperanza elkartearen eskariari erantzunez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auzia berriz epaitzearen aurka egin zuen. 2020ko azaroaren 19a. Epaiketa berriro egiteko eskatu zuen fiskaltzak. 2020ko abenduaren 14a. Gorenak erabaki zuen epaiketa berriro egitea, aho batez. 2021eko urriaren 28a. Konstituzionalak erabaki zuen Bateragune auziko defentsak jarritako babes helegiteak aztertu artean epaiketa ez egitea.
Mario Lopez entrenatzailearen aurkako salaketaren ostean, Lointek Gernika Bizkaia taldeko zuzendaritzak iragarri zuen ezohiko batzarra egingo zuela bazkideei azalpenak emateko. Atzo egin zuten batzar hori, eta Gerardo Candina presidenteak adierazi zuen bazkideek zuzendaritzari babesa azaldu ziotela. «Babesa espero baino handiagoa izan da, eta horrek arnasa apur bat hartzeko modua ematen digu, proiektu hau eror ez dadin. Hori da gure helburu bakarra». Baina oso bestelakoa da hainbat bazkidek azaldu eta salatu dutena. Batzarra ateak itxita egin zen, eta hedabideak ezin izan ziren sartu. Gainera, 120 bazkide baino ez ziren bertaratu, deituta zeuden laurden bat baino ez. Amaia Foruria bazkideak salatu du «engainagarria» dela bilera informatibo batera deitu eta bukatutakoan esatea bazkideek babestu egin zaituztela. «Gai ordenan ez zegoen zuzendaritza babesteari buruzko ezer; bilera informatibo bat zen. Ez zen bozketarik egin; beraz, ezin da esan bazkideek zuzendaritza babestu dutenik. Saiatu ziren bozketa egiten, nahiz eta gai ordenan ez egon, eta bazkide batek gerarazi zuelako ez zen egin». Foruriak azaldu du ez zela erraztasunik izan bazkideek hitza hartzeko. «Atril batean berba egin behar zen, nahitaez, izen-abizenak emanda. Horrek jende askok berbarik ez egitea dakar». Horrekin batera, salatu du zuzendaritzak ez zuela inongo erantzukizunik onartu Lopez babestu izanagatik. «Erantzukizuna onartu beharrean, aurreko zuzendaritzari errua botatzen ahalegindu ziren, garai hartan ezer ez egiteagatik. Arreta desbideratzeko modu bat baino ez zen izan. Normala da aurreko zuzendaritzak ezer ikusi ez izana, ezkutuan egindako zerbait izan baitzen. Arazoa da gaur egungo zuzendaritzak Mario Lopez babestu zuela, El País-ek albistea argitaratu arte. Nahiz eta lehenagotik jakin zen zer gertatzen zen. Klubaren abokatuak dopin kasu batekin alderatu zuen bortxaketa jarraituen kasu hura». Amaitzeko salatu du «oso modu txarrean» erantzun zitzaiela zuzendaritzak egindako lana zalantzan jarri zutenei.«Giroa, orokorrean, oso txarra izan zen». Batzarra amaitu aurretik, Miguel Bidaurreta bazkidea ere haserre irten zen, eta bazkideei «xantaia emozionala» egitea egotzi zion zuzendaritzari. «Zuzendaritzak biktimismora jo du. Gu edo kaosa. Horixe saldu nahi izan digute. Baina gertatu dena oso larria izan da. Klubak ez du adingabe bat babesten jakin. Gainera, ez zuen akusatua erabat baztertu. Alderantziz, klubaren egituran jarraitu zuen, babes pertsonal handi batekin». Candinak zera erantzun zion horri: «Gure karguak bazkideen esku utzi ditugu, eta erakutsi nahi izan diegu guk ez genuela fede txarrez jokatu. Gure okerrak aitortu genituen, eta barkamena eskatu genuen. Eta, guztien gainetik, esan dugu proiektuari eutsi nahi diogula, baina ez edozein preziotan. Uste dugu proiektua interesgarria dela. Gernikako hiru neskatik 1,87k saskibaloian jokatzen dute. Hori ezin dugu erortzen utzi». Bestalde, klubak adingabeak babesteko izendatu duen pertsonak, Ibon Torrealdaik, azalpenak eman zituen. «Harrobiko talde guztiekin izan gara, baita gurasoekin ere. Adingabeak babesteko protokoloaren berri eman diegu, eta bertan jasotzen diren neurrien berri. Gure helburua da ziurtatzea ingurune seguru batean daudela, eta indarkeria edo abusu egoerak bereizi ditzatela. Baina, batez ere, tresnak eman nahi dizkiegu halako zerbait jasanez gero berehala esan dezaten. Sistema honen oinarria kasuak ahalik eta azkarren antzematea da». Gurasoen eta jokalarien erantzuna «oso ona» dela nabarmendu zuen. Klubean ardura postuak Adingabe bati hainbat urtez sexu abusu jarraituak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Klubean ardura postuak zituen oraindik, eta taldeko kirol arduraduna izan zen kargugabetu zuten arte. Klubaren hitzetan, prestatzaile kargua osasun arazoengatik utzi zuen, iaz. Lopezi egozten diote 1998. urtean 13 urte zituen neska bati sexu abusu jarraituak egitea hiru urtez. Instrukzio epailearen erabakiaren zain dago. Klubak esan zuen El País egunkariak berria eman arte ez zuela erasoaren «edukiaren eta neurriaren» berri, baina Gernikako mugimendu feministak argi esan zuen berak jakinarazi ziola eta, beraz, bazekitela. Sarearen eta klubaren bertsioa ez zetozen bat. Sare feministak azaldu zuenez, uda hasieran izan zuten kasuaren berri, eta informazioa jaso bezain pronto hartu zuten lehen erabakia: biktimari sinestea. Udan zenbait «bilera eta dei» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, «egoerari irtenbide bat emateko asmoz». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izango zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko, «kontuan izan gabe maila hori bi hamarkadatan baino gehiagotan izandako inpunitateak ahalbidetu diola». Azkenean, feministei helarazi zieten ezen zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hori egingo zutela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta erabaki zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea. Gertatutakoak ezinegona eragin zuen, eta manifestazioa egin zen. Kirol taldeko zuzendaritzak erakutsitako konplizitatea salatu zuten. «Eraso gehiagoren prebentzioa eta biktimari zor zaion erreparazioa maldan gora jartzen ditu». Eta klubaren hipokrisia kritikatu dute: «Harritzekoa da, tankera horretako erabakiak hartu ostean, klubak azaroaren 25aren harira egin duen kanpaina publikoa». Lopez prestigiozko kargu batetik bestera mugitu izana gaitzetsi zuten, eta Lointek Gernikak sarearekin izandako «jarrera maltzurra» azaleratu ere bai, eurekin gezurretan ibili zirelako. Izan ere, esan zuten Lopezek klubean jarraitzeko ustezko adostasuna ez zela benetakoa: «Gaur badakigu adostasun hori ez zela existitu, eta, gainera, kide batzuek taldea uztea ekarri duela». Ondoren iritsi zen klubaren oharra. Hiru bider idatzi zuen oharrean: «Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez; ez dugu jakin salaketa zela adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik». Taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu zuen gaiaren kudeaketan egindako akatsengatik. Oker horiek gaiaren inguruko informazio faltari egotzi zizkion. Edozein esparrutan gertatzen diren erasoak gaitzetsi zituen klubak, eta adierazi du neurriak hartuko dituztela haurrak eta nerabeak babesteko sistemak indartzeko. Hurrengo egunetan, bilera ezohiko batera deitzeko konpromisoa hartu zuten, «beharrezkoak azalpenak» emateko. Aldi berean, hurrengo partidan biktimari babesa azaldu zioten, pankarta batekin.
Euroguneko interes-tasak % 4,5ean daude gaur egun. Nahiz eta EBZko presidenteak jaitsiera izateko aukerak onartu, “ziurgabetasuna dagola-eta”, tentuz hitz egin du eta datuak egokiak badira egingo direla azaldu du.
% 2,9raino igo zen inflazioa eurogunean abenduan, eta % 3,4raino EBn. Aurreikuspenak hobetu badira ere, Europako Banku Zentralak ez du uste 2025a baino lehen beteko denik bere helburua, hots, inflazioa % 2an egotea.
Jakina zen bi euskal talde izango direla Espainiako Kopako final-laurdenetan. Horietako bat Athletic izango da. Talde zuri-gorriak 2-0 hartu du mendean Alaves. Arabarrek ondo ekin diete bi zatiei. Baina ez dituzte baliatu minutu horietan izan dituzten aukerak; bai, ordea, Athleticek. Zehazki, Villalibrek. Harenak izan dira partidako bi golak. Azken sasoietan ez bezala, aurkariaren ate aurrean eraginkor ari da talde zuri-gorria, eta beste behin erakutsi du. Ligan ez ezik, Espainiako Kopan ere esne mamitan dago. Alavesek, berriz, Ligan jarriko du arreta osoa hemendik aurrera, mailari eustea helburu duela. Hasiera bizia izan du partidak. Bi taldeak aurkariaren atera begira irten dira. Athleticek ohiko presio estua egin du aurkariaren baloi irteeran eta zelai erdian. Hala, Oihan Sancetek egindako erdiraketa bat, txilenaz errematatu du Berenguerrek, eta gutxigatik joan da kanpora. Baina argiagoa izan da Alavesek izan duena, 5. minutuan. Antonio Blancok pase ona eman dio Hagiri. eta haren eskuinkadari bikain erantzun dio Agirrezabalak. Alaves ondo zegoen jarrita berdegunean, eta partida hasiera horretan, behintzat, ondo eutsi dio Athletici. Eta saiatu da baita ere erasora jotzen, aukera zuenean. Zelai erdian argitasuna falta izan du talde zuri-gorriak lehen minutu horietan. Ruiz de Galarretaren falta nabaritu du. Euskarria ez zegoen deialdian, Realaren aurkako derbian kolpe bat hartu ostean. Baina minutuak aurrera joan ahala Athleticek gehiago jokatu du Alavesen zelaian, eta 28 minutuan, gola egin dul. Arabarrek akatsa egin dute baloi irteeran. Baloia Villalibreri iritsi zaio, eta hark jaurtiketa gogorra egin du Sivera atezaina kokatua zegoen zutoinera. Boloia sareetara joan da. Aurretik jartzeak patxada eman dio Athletici, eta pixkanaka nagusitzen joan da. Zuri-gorriek izan dute partidaren aginte makila, eta Nico Williams aulkian egonda, hegaletik baino gehiago, erditik saiatu da min egiten, lerro artean Sancet sartuz. Ahalegin horietako batean, Sancetek berak pase sakon bikaina eman dio Berenguerri. Nafarra Siveraren aurrean geratu da bakarrik, baina ez du ondo errematatu. Lehen zatia amaitu bitarte beste pare bat aukera ere izan ditu aldea handitzeko talde zuri-gorriak. Baina Sancetek eta Muniainek ez dute asmatu. Berriz Villalibrek Lehen zatian bezala, bigarrenean ere ondo hasi da Alaves, eta gertu izan du berdinketa. Solak erdiraketa ona jarri du, eta gutxigatik ez da iritsi Omorodion. Beste aukera Xaber Alkainek eduki du. Kasu honetan, gelditu ona egin du Agirrezabalak. Baina berriro Villalibre azaldu da. Berengurrek eta De Marcosek horma bikoa egin dute. Azken horrek erdiraketa neurtua egin du, eta bigarren zutoinean buruz egin du gola gernikarrak. Kopako goleatzaile nagusia da, sei sartu baititu. 60. minutua zen, eta azken pare bat hilabeteko distirarekin jokatu ez arren, Athleticek ondo bideratua zuen kanporaketa. Alavesek pare bat gerturatzen izan ditu, baina hortik aurrera, partidak erritmoa galdu du. Athleticek kontrolpean izan du. Valverdek Unai Gomez, Adu Ares eta Mikel Jauregizar gazteak zelairatu ditu, eta festa betea izan zen San Mamesen.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea medioen aurrean agertu da Gabriel Attal lehen ministro izendatu eta aste batera, bere bigarren presidentziaren azken txanparen berri emateko. Bertan, Eliseora heldu zenetik aurrera eraman dituen neurri politikoez eta bere buruari jarritako helburuez jarduteaz gain, datorren urteei begira Frantziarentzat helburu nagusia zein izan behar den azpimarratu du: «Frantzia indartsuago eta justuagoa behar dugu». Justiziaren ildotik jo du hezkuntzan presidenteak. Izan ere, 2026an Frantziako eskoletan «janzkera bakarra» indarrean sartuko dela baieztatu du; hau da, haurrek uniformeak erabili beharko dituzte eskolan dauden bitartean. Beti ere, aurten hamaika eskolak aurrera eramango duten probaldiak emaitza onak ematen baditu. Presidentearen iritziz, uniformea erabiltzeak «familien arteko ezberdintasunak» saihestu eta «errespetu egoera» ekarriko du eskoletara. La tenue unique efface les inégalités entre familles et crée les conditions du respect. Elle sera expérimentée dans 100 établissements dès cette année. Si les résultats sont concluants, nous la généraliserons en 2026. pic.twitter.com/eT4lImV6EN — Emmanuel Macron (@EmmanuelMacron) January 16, 2024 «Biharko Frantzia egungoa baino hobea» izateko zutabe bi azpimarratu ditu Macronek: eskola eta segurtasuna. Presidenteak esan duenez, 2024an hezkuntza sisteman aldaketak egingo dituzte —uniformeak ezartzeaz gain— «hobera egiteko». Izan ere, Macronen ustez gaur egungo «injustizia sozialaren» aurrean erantzun bakarra dago: «Eskola». «Frantzia indartsua» Injustizia sozialak, baina, indarrarekin egiten du topo Macronen diskurtsoan; indarrak garrantzi berezia izango duela argi utzi baitu: «Frantzia indartsu bat nahi badugu, ordena eta segurtasuna ziurtatu behar ditugu». Armetan «inbertsio handia» egin dutela baieztatu du presidenteak: «Duela sei urte eta erdi baino hobeto armatuta gaude». Poliziaren eta jendarmeriaren indartze hori «frantsesen justiziarentzat» baliagarria dela esan du Macronek. Segurtasuna Frantziako mugak «hobeto kontrolatzearekin batera» datorrela iritzi dio Macronek; hori dela eta, datorrren hilabeteetan horri lotutako zenbait lege bozkatuko direla aurreratu du. Drogaren aurkako borrokak ere segurtasun eta indar hori mantentzeko nahitaezkoak direla esan du presidenteak, eta datorren astetik aurrera «astero drogaren aurkako hamar operazio» aurrera eramango direla jakinarazi du. Bestetik, «hezigabeen» aurrean poliziak kalean duen presentzia «bikoiztu» egingo dela esan du.
ESK sindikatuak salatu zuen mediku faltagatik paziente bat hil zela ostiralean Laudioko anbulatorioan (Araba). Gaur protesta egin dute ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuetako ordezkariek, Osakidetzako EAG etengabeko arretako guneetako prekarizazioa nabarmentzeko. Laudioko Udalak ere bat egin du anbulatorioaren aurrean egindako elkarretaratzearekin, eta herritarrak parte hartzera deitu. Medikuen Sindikatua ere han izan da, eta protesta egin dute, haien esanetan, Osakidetzak erizaintzako langileekin betetzen duelako medikuen falta. Ostiral gau aldean heldu zen gaixoa Laudioko osasun etxera, eta, bi erizainek lagundu bazuten ere, ez zegoen medikurik hura artatzeko. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, gizonezkoa anbulatorioak sartu eta bi minutura deitu zioten ZIU mugikorrari, eta handik lau minutura zentroan zen anbulantzia. Gizonezkoa hil egin zen. Sindikatuek elkarretaratzean salatu dute Osakidetzaren kudeaketak «arriskuan» jartzen dituela herritarrak, eta osasun publikoaren gainbeherarekin lotu dute ezbeharra. Medikuen Sindikatuak nabarmendu du «Osakidetzak behar lukeela arduradun nagusi», bi erizainek ez dutelako mediku bat osatzen, «nahiz eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila tematuta egon eta herritarrei hori ikusarazi nahi izan». Laudioko Udalak Osakidetzari exijitu dio berma dezala herriko etengabeko arretako gunean medikuak egotea, eta ELAk eskatu du herri guztietako arretako guneetan ere egiteko hori. Ohar batean, sindikatuak adierazi du Osakidetzak normalizatu egin duela EAGak taldea osorik egongo dela bermatu gabe irekitzea —zehazki, medikurik gabe—. Gehitu dute egoera antzekoa izan dela Bizkaiko eta Arabako beste zenbait anbulatoriotan. LABek ere salatu du osasun publikoan egindako murrizketek «hil» egiten dutela. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak nabarmendu du «anbulatorioko zerbitzuen eta ZIUko taldearen jokabidea azkarra eta egokia» izan zela, baina ezin izan zutela ezer egin, «pazientearen larri zegoenez gero». [articles:2119134] «Baldintza eskasak» Sindikatuek baliabide gehiago eskatu dituzte, eta salatu Osasun sailburuak ez duela EAGetako zerbitzua hobetzeko eta indartzeko borondaterik; gogoratu dute osasun langileek lan baldintza eskasak dituztela, eta baliabideak falta zaizkiela. ELAk Jaurlaritzako adierazi du Osasun Sailak aitzakiatzat erabiltzen duela mediku eskasia, eta atzean dagoen errealitatea ukatzen dutela horrela: egonkortasun falta eta lan gainkarga, besteak beste. Zerbitzuak ematen ari diren langileen artean arrisku psikosozialak areagotzen direla ere azpimarratu dute, baliabide egokirik gabe lan egiteak estresa eta presioa handitzea dakarrelako, sindikatuaren arabera.