Urtero legez, urte berriaren hasieran, gure herri eta hirietako zerga nagusiak berrikusi egiten dituzte, eta prezioek gora egin ohi dute, urteko inflazioa kontuan hartuta.
Urte amaierako azken mezua eman du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ajuria Enean, ez baita aurkeztuko heldu den urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, eta, horretan, hiru legealdien atzerabegirakoa egin du: «Gure gizarteak aurrera egin du eta pausoak eman ditugu etorkizunerantz. Gauza asko ondo egin ditugu, baina, aldi berean, ez dugu beti asmatu». Lau arlo azpimarratu ditu lehendakariak: kohesioa, bizikidetza, autogobernua eta enplegua. Zailtasunei «auzolanean» erantzun diotela esan du —aurrerago, beste behin ere errepikatu du Eusko Jaurlaritzaren leloa—, «inor atzean utzi gabe»; horrela, enplegua eta autogobernua «sendotzea» lortu dutela adierazi du. 2012an %16tik goran zegoen langabezia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; gaur egun, berriz, %8 azpitik. «Lorpen kolektibo» gisa jo du. Dena den, autogobernua «ez dago bermatuta, eta ez du sabaia jo. Babestu egin behar dugu, zabaldu eta indartu», gehitu du. Bada balioan jarri duen beste mugarri bat: «Euskal gizarteak bakean eta bizikidetzan bizitzea lortu du. Ozen eta lasai esan dezakegu gure seme-alabek, gure ilobek ez dutela terrorismo eta biolentziaren aurpegi ilun hori ezagutuko». Hamarkada honetan izan diren krisiak ere gogoratu ditu: 2008ko krisi ekonomiko eta finantzarioa, errefuxiatuena, energiarena eta erregaiena, pandemia, brexit-a, Ukrainako gerra, inflazioa eta interes tasen igoera eta Palestinako gatazka areagotu izana, besteak beste. «Biktima errugabe guztiak» gogora ekarri ditu, eta «kezka» adierazi du Europar Batasunak nazioarteko gatazka armatu horien aurrean erakusten duen «ahalmen faltagatik». Migrazio politika «gogor eta bidegabeak» ere salatu ditu. Tartetxoa eskaini dio feminismoari: «Ozen esaten dugu: ‘Emakumeak gora’». Era berean, indarkeria matxista gaitzetsi du: «Herri honek ez du indarkeria matxista sekula onartuko. Erasotzaileei esaten diegu: ‘Aurrean izango gaituzue beti’». Lehen ere erakutsi du aurrera egiten jarraitzeko asmoa. «Tamalez, hurrengo urteetan ziurgabetasunak protagonismoa handia izaten jarraitu du»; «biharko erronka» horiei bat «bat eginda, herri bezala» erantzun behar zaie. «Euskadi zutik dago, kohesionatuago eta preparatuago». «Gure baliabideak mugatuak dira, eta ahalik eta hoberen kudeatu behar ditugu». Hortaz, datorren urteari begira, inoizko inbertsio publiko handiena egingo du Eusko Jaurlaritzak. Argi ditu horren helburuak: zerbitzu publikoak hobetzea, gizarte babesa indartzea, garapen ekonomikoa sustatzea eta enplegu aukerak sortzea. Haren arabera, 2024a «trantsizio urtea izango da, Euskadi herrialde garatuenen artean kokatzeko». Kontuan izan du lehendakariak azken diskurtsoa izan duela gaurkoa: «Ohorea benetan aukera hau izatea. Gure herriari dudan guztia ematen saiatu naiz beti, zintzotasunez, gure gizartearen interesak defendatuz, han eta hemen. Zorionekoa naiz, eta hori zuen konfiantzari esker izan da». Azaroan, Euzkadi Buru Batzarrak jakinarazi zuen Imanol Pradalesek ordezkatuko zuela Urkullu Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigai gisa.
Bidea aldapan gora hastea ez da gomendagarriena, baina maldan behera egitea ere ez. Badirudi Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak kontuan hartu duela gomendio hori legegintzaldiaren hasieran. Pisuzko lehen neurria prezioen igoerari aurre egiteko aurreko agintaldian martxan jarri zituen laguntzak kentzen hastea izan da. Hasi du bidea, «modu progresiboan» eta tentuz. Eta horrekin berriro ere erakutsi du babesak nonahi lortzeko duen gaitasun txundigarria. Sanchez boterera itzuli duten alderdiek oro har begi onez hartu dituzte neurriak, eta batzuek dominak zintzilikatu dituzte: hala egin dute EH Bilduk eta EAJk. Baina horrez gainera, Bruselak eskatutakoarekin lerrokatu da. Eta energia konpainia eta banku handiekin su-eten bat hitzartu du. Europako Batasunak arau fiskalak ezarri ditu atzera, eta estatu kideek euren zor eta defizitak murrizteko politiketara bueltatu beharko dute; hori bai, aurreko krisian baino gerriko malguagoarekin. Eta Sanchez hasi da bide hori ere urratzen. Bestela esanda: atera ditu guraizeak, aurrekontuetan kostu zuzena duten murrizketak saihestuz, diru iturri berriak bilatzen dituen bitartean. Plan perfektua, itxuraz. Batetik, argindarraren BEZa urtarriletik aurrera igoko da: %5etik %10era, baina ez da %21era lehengoratuko. Sanchezek ez du zehaztu noiz igoko duen, eta egiten badu %21ekoa izango den ala txikiagoa. Argindarraren beste zergak, berriz, igoko ditu, apurka, argibide gehiagorik gabe. Gasaren BEZa, hori bai, %5etik %21era itzuliko da, baina negua pasatutakoan. Eta talde zaurgarrienentzako laguntzei eutsiko die. Alegia, batetik kenduko du bestetik jasotzeko. Ogasun Ministerioaren arabera, zerga horiek murriztearen ondorioz, Madrilek 700 milioi euro gutxiago bildu zituen urtarriletik azarora bitartean; orain, horren zati bat jasoko du. Sanchezek guraizeak atera ditu, aurrekontuetan kostu zuzena duten murrizketak saihestuz, diru iturri berriak bilatzen dituen bitartean. Plan perfektua, itxuraz. Dena den, irabaziei baino gehiago, kostu politikoari begiratu dio Sanchezek. Igoerak justifikatzerakoak, argudio bat erabili du: energien prezioak laguntzak ematen hasi zeneko mailara itzuli direla. Gainera, herritarrak prezioen gorabeheretara ohitu direla iradoki du, eta, iragarritako aldaketen eraginak oso txikiak izango direla. Argindar fakturan, hilean 2 euro babez beste, 25 euro urtean. Betiere, merkatu aurreikuspenak betetzen badira. Haizea alde Beste neurri nagusiak erosketa saskiarekin du zerikusia. Oinarrizko elikagaien BEZa %0 eta %5 artean mantentzea erabaki du, beste sei hilabetez. Bestela esanda, inflazioak beheranzko joera egonkortu arte. Sanchezek argudiatu du BEZa orain igotzeak bilakaera hori etengo lukeela. Dena den, argi du berandu baino lehen sagar horri kosk egin beharko diola, guraizeak beste nonbait sartu nahi ez baditu. Neurri ezatsegina izango da, baina aurreikuspenek diote uste baino leunagoa izango dela. Eta joko horretan badago hirugarren hanka bat: energia enpresa eta banku handiena. Haien irabaziei jarritako zerga bereziarekin, Madrilek 1.400 milioi bildu ditu urtebetean. Beste urtebetez luzatu du, baina energia konpainien «mehatxuek» izan dute eragina: kenkari batzuk lortu dituzte. Neurria behin betikoa izan dadin atea zabalik utzi du gobernuak, Sumar alderdiaren presioa dela eta, baina egoera aldatu egin da: energien prezioak apaltzen ari dira, eta interes tasak beheranzko bidean dira. Zerga horrekin, moldatuta, edo xisteratik atera ditzakeen eta seguruenik atera beharko dituen beste batzuekin, defizita ordaintzeko poltsa betez joan beharko du Sanchezek. Bruselak agindutako bidea hasi du. Itzulerako bidea. Eta albo guztietara begiratu beharko du. Igoera baino arriskutsuagoa izaten baita jaitsiera.
Bosgarren garraiobidea zein da, bada? Autoa, trena, itsasontzia, hegazkina… eta hyperloop-a. Hyper-zer? Hyperloop. Hutsik dauden altzairuzko hodi itxi batzuen barnean imanen bidez lebitatzen duen bagoi baten modukoa da. Airean dagoenez, eta marruskadurarik ez duenez, modu oso azkar eta merke batean bidaiatzeko modua izan daiteke. Orduko 1.200 kilometro egin zitzakeela esatera ausartu ziren batzuk. Zientzia fikzioa dirudi horrek… Neurri batean, hala da, oraindik ez baita halako sistemarik martxan jarri. Baina ideia XIX. mendearen hasieran azaldu zen, eta Robert Goddard zientzialariak garatu egin zuen 1904. urtean. 2012an berreskuratu zuen kontzeptua Elon Muskek. Hark esan zuen bosgarren garraiobidea izango zela. Musk berriro ere! Baina zer arraiotan ez dabil tipo hori? Tesla auto elektrikoak, SpaceX espazio ontzia, orain X sare soziala… Hainbeste, hyperloop bat sortzeko bere proposamena open source baten bidez aurkeztu baitzuen. Hau da, hari horri tira egiteko gonbidapena egin zien beste ekintzaile batzuei. Eta amuari kosk egin al zion inork? Bai, badira hyperloop-a garatu nahi duten hainbat enpresa, baina proiektuaren beraren egingarritasuna auzitan dago orain, amore eman baitu proiektu ezagunenak, Hyperloop One deitutakoak. Azken asteetan geratzen zitzaizkion langileak kaleratu ditu, eta gaur itxiko dute enpresa. Nor zegoen Hyperloop Onen atzetik? Shervin Pishevar, Silicon Valleyko enpresa teknologikoetako inbertitzailea. Muskek berak esan zion hyperloop-a eraikitzeko asmoa, eta 2014an sortu zuen enpresa. Hamar urtetan 450 milioi dolar jaso ditu proiektua garatzeko, horien artean Richard Branson enpresaburu ingelesarena; Virgin Hyperloop One izena hartu zuen enpresak. Branson solik falta zen festan… Bai, horrelako proiektu zoroak gustuko ditu Bransonek, baina 2022an utzi zuen konpainia, bidaiariak garraiatzeko asmoa utzi, eta salgaietarako soilik erabiltzea hobetsi zutelako. Zergatik egin du porrot? Ez zebilen? 2016an, 500 metroko tunel bat eraiki zuen Hyperloop Onek, Nevadan (AEB), eta 2017an prototipo batek 300 metro egin zituen bertan, orduko 324 kilometroko abiaduran. 2020an, lehen aldiz, bi bidaiari eraman zituen, orduko 172 kilometroko abiaduran. Baina proba horiek ez dute kontraturik erakarri. Inork ez du sistema bat sortu nahi izan. Izan garestia delako, izan garraio araudiak ez daudelako prest, inork ez du arriskurik hartu nahi izan.
Uso zuri baten kartela sorbalda gainean, Iruñeko Europa plazara gerturatu da Ander Garralda gaztea, Golem zinemen ondora. «Israelek palestinarren giza eskubideak errespetatu behar ditu». Garraldarekin batera, milaka pertsona bertaratu dira Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak deituriko manifestaziora, Gelditu dezagun genozidioa Palestinan lelopean. 12.000 pertsona izan dira Antoniutti plazan amaitu den manifestaldian, antolatzaileen arabera, eta 8.000, Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera. Manifestazioaren gidariak joaldunak izan dira, haien zintzarriekin Iruñeko Baiona etorbidean murgildu baita jendea. Joaldunen atzetik, Palestinako bi bandera eta pankarta, emakume talde batek helduta. Lidon Soriano Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako bozeramaileak esan duenez, manifestazioaren helburua Palestinaren kontrako genozidioa salatzea eta nazioarteko zuzenbidea betetzea exijitzea da: «Hemen gaude Israelek egindako genozidioaren eta 75 urteko garbiketa etnikoaren amaiera exijitzeko. Nazioarteko zuzenbidea betetzea eta herrialdeek Israelekin duten harreman diplomatikoak haustea eskatzen dugu». Bilbon ere elkartu dira Palestinari elkartasuna erakusteko: Gora Palestinar erresistentzia, sionismoa genozida lelopean bildu dira Arriaga plazan. Palestinaren aldeko kontzentrazioa, Bilbon. OSKAR MATXIN / FOKU. Elkartasunaren hegoak Israelek hildako pertsonen argazkiak eta datuak erakutsi dituzte manifestazioan: «226 osasun langile hil dituzte, 55 anbulantzia suntsitu, eta Israelek ia 30.000 pertsona hil ditu hiru hilabete baino gutxiagoan», besteak beste. Zapi palestinarra lepoan jarririk, gogoz astindu dituzte Palestinako banderak, eta ozenki oihukatu: «Palestina askatu». «Plataforma hau sortu da, hain zuzen ere, Nafarroaren eta Palestinaren artean dagoen babes sare hori sendoagoa izan dadin», azaldu du Sorianok. Plataforma sortu zenetik, 1.000 atxikimendu indibidual baino gehiago lortu dituzte, 150 erakunde eta alderdi politikok emanak. Joaldunen zintzarriak isilik geratu dira Iruñeko Antoniutti plazara iritsi bezain pronto. Plazan jarritako agertokiko pantaila handi batean, manifestaldiko karteletan idatzita zeuden datuak agertu dira, izen eta abizenak dituzten datuak. Isil-isilik geratu da plaza, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek mikrofonoa hartu arte: «Palestinako herriari bakarrik ez dagoela oihukatzen diogu, Nafarroa haiekin dagoela eta borrokatzen jarraituko dugula. Elkarrekin sionismo kriminala garaituko dugula» , esan dute plataformako kideek. Iruñeko kaleetan oihuka aritu dira Laura eta Bea Txibite ahizpak, egoera salatzeko asmoz: «Palestinan orain gertatzen ari dena izugarria iruditzen zait; Israelek erakusten duen gizatasun faltak beldurtzen nau», esan zuen Laura Txibitek. Antolatzaileek, manifestaldira gerturatu direnei eskerrak eman ostean, azken mesedea eskatu diete: Dabkeh Palestinako erresistentzia dantza elkarrekin dantzatzea. Horretarako, bakoitzak zapi zuri bat hartzea eta musikarekin batera horri bueltak ematea eskatu dute. Eskuak azkar altxatu dituzte batzuek; besteek motelago, poltsikoetan dantza sinboliko hura egiteko beharrezkoa den zapi zuriaren bila. Jendeak zapiak zerura altxatu ditu, antolatzaileek honela zioten bitartean: «Erresistentzia eta dantza elkarrekin egiten dugu».
Gabonetan ohiko izaten dira betekadak, mahaiaren inguruan batez ere, baina Galarretan bildutako pilotazaleak ere bapo aseta geratu dira. Ederki beteta, alegia, 53. binakako erremonte finalaren harira. Aspaldiko urteetan ez bezalako itxura hartu du pilotalekuak, harmailek gainezka egin baitute. Hots, jende dezentek geratu behar izan du kanpoan, sartu ezinda, antolatzaileen harridurarako. Ikusmin handia piztu du Ansa-Martirena eta Urriza-Azpiroz bikoteen arteko finalak, eta zaleek bezala, pilotariek ere bikain erantzun dute. Erritmo biziko lehia jokatu dute, emozio handikoa eta joko distiratsuz osatua, eta faboritoek jantzi dute txapela: Urrizak eta Azpirozek. Alde txikiagatik izan arren, haien alde atera da dirua, eta pronostikoek ez dute hutsik egin. Lehen bi setak irabazi ondoren, Nafarroarako bidea hartu du txapelek (15-13 eta 15-14). Garaileek badute zer ospatua. Finalaren atarian, arnasten zen zerbait berezia Galarretaren kanpoaldean. Apenas zegoen leku hutsik autoa uzteko, eta frontoira sartzeko ilarak ere inoiz ez bezalakoak ziren, erremontearen urrezko aroko garaietan bezala. Ziurrenik horregatik, hotz samar ekin diete finalari lau pilotariek, tentsioa zutelako pilatuta gorputzean. Kosta egin zaie partidan sartzea, baina izerdia bota ahala, tanto ederrak eskaintzen hasi dira. Bi bikoteek izan dute helburu bera hasieratik, beste bikoteko aurrelaria saihestea. Besteak beste, esanguratsua izan da bi atzelariek zabaletik atera zituztela sakeak, aurkariaren errestoaren beldur. Gutxitan gertatu ohi da hori erremontean. Orekaz josirik joan da lehenengo seta, berdinketa ugari izan baitira: 3na, 5na, 7na eta 8na. Ordea, lehen mailan eskarmentu gutxien duen pilotaria nabarmendu da gerora gehien: Martirena. Beldur denak uxaturik, kantxan gozatzen ari zela suma zitekeen, eta harenak izan dira tantorik onenak. Ezbairik gabe, hark atera ditu babak eltzetik. Sakez hiru tanto egin ditu, eta 10-8koa eta 11-8koa ere nafar atzelariak lortu zituen, bata atzean eta bestea horma bikoz. Gorriek ordura arteko alderik handiena zuten esku artean (13-10), eta bazirudien setak ez ziela ihes egingo. Baina orduan agertu da Urriza. Unerik zailenetan agertu ohi dira txapeldun handiak, eta aurrelari beteranoak ere halaxe egin du. Jokoan sartu, agintea hartu eta 13-15 nagusitu dira bera eta Azpiroz. Bigarren setari begira, aldarte ezberdinean kantxaratu dira bi bikoteak, eta ederki antzeman da hori. Psikologikoki kolpeari buelta eman ezinda ageri ziren Ansa eta Martirena, eta txanponaren beste aldean Urriza eta Azpiroz. Ondorioz, animoz eta jokoz hobeto zeuden urdinak, eta azkar lortu dute aldea: 9-3 aurretik ziren. Gozatzen ziharduen Urrizak, eta era guztietako tantoak eskaini ditu. Kolorerik ez zuela zirudien finalak, baina ez. Ansa ez zegoen barkatzeko. Pauso bat aurrera eman, agintea hartu eta bazterrak astintzeari ekin dio. Alde guztietatik sartu da jokoan, eta min egitea lortu du. Beste abiadura batean ibili du pilota, eta erasoan aparteko distira erakutsi du. Pixkanaka murriztuz joan da aldea, eta aurrea ere hartu dute urnietarrak eta Martirenak: 14 eta 13. Tanto bakar bat behar zuten azken seta behartzeko, baina ezin izan dute helburua lortu. Urrizak defentsan sendotasun handia erakutsi du, eta horri esker, txapelak faboritoen burura joan da. Urrizak, zortzigarrena Garaipen horrekin, binaka zortzigarren txapela eskuratu du Urrizak. Hamar final ditu jokatuak, eta soilik bi galduak: 2009an eta 2013an. Gainerako final guztietan txapeldun izan da Urriza binaka, eta 42 urte izan arren, oraindik sasoi betean dagoela begien bistan geratu da. Azpirozek, bere aldetik, estreinakoz jantzi du txapela. Bigarren Mailako finalak ere emozio izugarria izan du, Goikoetxeak eta Aiestaranek 2-1 menderatu baitituzte Irazu eta Apezetxea. Azken tantoak erabaki du finala.
Oso aldarte desberdinean dauden bi bikote izan dira aurrez aurre Iruñeko Labrit pilotalekuan. Batetik, Jaka-Mariezkurrena II.a, lehen postuan, eta bikote indartsua direla erakutsiz. Bestetik, Ezkurdia-Tolosa, beheko postuetan borrokan, eta zalantza askorekin. Kirolean beti dago tarte bat ezusteentzat. Baina ez da halakorik izan. Jaka eta Mariezkurrena II.a 22-14 gailendu dira. Ez dute beren partidarik onena egin, baina nahikoa izan dute sendo agertzea irabazteko. Ezkurdiak eta Tolosak, berriz, lehen zatian eutsi diote. Bigarrenean, ordea, Tolosak behera egin du, eta, Ezkurdia ahalegindu den arren, tantoz tanto joan dira 22.eraino Jaka eta Mariezkurrena II.a. Sei garaipen dituzte orain. Bi dituzte galtzaileek. Jaka-Mariezkurrena II.ak hasi eta berehala lortu dute aldea: 5-0. Berriozarko atzelariak oso ondo ekin dio norgehiagokari, bost tantoetatik hiru harenak izan baitira. Ezkurdia-Tolosarentzat nahi eta behar ez zuten hasiera izan da, konfiantzaz justu samar iritsiak zirela kontuan hartuta. Berriz ere kontrakarrean hasi dira, eta arriskatu behar izan dute. Hala lortu dute partidako lehen tantoa, baita bigarrena ere. Biak Ezkurdiak egin ditu. Baina arriskatu beharrak ere huts egitea dakar, eta berriro hurrengo bi tantoak Jaka-Mariezkurrena II.ak egin dituzte: 7-2 Ezkurdia-Tolosak irabazteko aukeraren bat nahi bazuten, aurrean nahastu behar zuten jokoa. Ezkurdia aurreko partidetan baino askoz hobeto zegoela sumatu da, konfiantza gehiagorekin. Hori izan da albiste onena. Ederra izan da pilota txokoan utzita egin duen tantoa. Bikotearen hirugarrena izan da. Baina Jaka ere ez zegoen denbora-pasa, eta zabalera tanto ederra egin du: 8-3. Dena den, jokaldi horretan min hartu du behatz nagian, eta aldageletara joan behar izan du estaltzera. Ezkurdia oldarkor aritu da, eta eskuin bolearekin jokoa nahasten. Horrek zalantzaren bat eragin die Jaka-Mariezkurrena II.ari. Baina ondo eutsi diote, et, txapelketa osoan zehar bezala, bikote sendoa direla erakutsi dute: 10-4. Lehen zati horretan, Ezkurdia-Tolosari markagailuan apur bat gehiago gerturatzea falta izan zaie, irabazteko aukeraren bat izateko. Lehen atsedenaldira 12-5 iritsi dira atzetik. Partida, hozten Jaka-Mariezkurrena II.ak ondo bideratua zuten partida. Gainera, Tolosari errenka ikusi zaio, eta hurrengo hiru tantoetan huts egin du. Bigarren zati horretan gehiago kostatu zaio pilota kentzea. 14-5ekoarekin, neurketa hautsita zegoen. Baina Ezkurdiak ekinean jarraitu du, borrokan. Joko nahasia saihesten ahalegindu dira, ordea, garaileak. Nahikoa izan dute hori tantoak egiteko, eta hamar tantoren aldea izan dute bigarren atsedenaldian: 18-8. Partida hoztu egin da azken txanpa horretan. Lan onari errematea jartzea baino ez zitzaien falta Jaka-Mariezkurrena II.ari. Gutxienez, eta tanto kopuruari begira, bueltan hiru tanto egin dituzte Ezkurdiak eta Tolosak: 18-11. Konfiantza apur bat lortzeko balio behar zien, eta Ezkurdiak beste bi tanto eder egin ditu zaleen gozamenerako. Baina 22-14 amaitu da partida. Neurketa amaieran, honela mintzatu da Jaka: «Ez da izan txapelketan egin dugun partidarik ikusgarrirena. Ni, behintzat, tokiz kanpo egon naiz. Baina Irabazi egin dugu, eta horrekin geratuko naiz. Jonek eraman gaitu garaipenera». Bilbon jokatu da eguneko beste partida, eta estuagoa izan da. Elordi eta Rezusta 22-19 gailendu dira Lasoren eta Arangurenen aurka. Azken txanpan erabaki da lehia. Jardunaldiak ziren Elordik eta Rezustak irabazten ez zutela, baina gaurkoan laugarrena lortu dute. Horrek konfiantza eman behar die. Birekin daude Laso-Aranguren. Bihar beste partida bat jokatuko da, Tolosako Beotibarren (18:00, ETB1). Artola eta Imazek Peio Etxeberria-Zabaletaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Etxeberriak ez zuen jokatu atzo Sestaon. Baina biharko prest da.
Borrokaldiak eteteko akordiorik adostu ezean, erasoaldia zabaltzeko asmo irmoa du Israelek. Hain zuzen, Gaza erdialdeko eta Khan Yunis inguruko operazio militarrak areagotu egingo dituztela iragarri du gaur Israelgo armadak. Ez dute operazio horien inguruko xehetasun handirik eman oraingoz. Hori iragarri baino lehen, ordea, orain arte zurrumurruak baino izan ez direnak baieztatu ditu Israelgo armadak: soldadu israeldarrek hiru gatibu israeldar hil zituzten tiroz, hilaren 15ean Gazan egindako operazio militar batean. «Israelgo armadaren misioa gatibuak erreskatatzea zen, eta huts egin zuen. Agintaritza talde guztiak bere gain hartzen du [hiru gatibu israeldarren heriotzen] erantzukizuna», esan du armadako buru Herzi Halevik. «Istripua» izanagatik ere, aitortu du berez ezinbestekoa dela edonori tiro egin baino lehen egoera eta «helburua bera» ongi aztertzea, baina argudiatu du «nahasmen handia» zegoela egun hartan, gainerako erasoen eta bonbardaketen soinuen ondorioz. Haren aitortzarekin batera, Israelgo Reshet 13 telebista kateak zabaldu du Israelgo armadako hainbat goi kargu proposamen bat eztabaidatzen ari direla Washingtonekin; proposamen haren erdigunean gatibu israeldarren eta preso palestinarren arteko trukea dago. Planak bi fase izango lituzke: lehenengoan, Israelgo armada zerrendako eremu populatuenetatik irtengo litzateke, eta laguntza humanitarioa sartuko litzateke Rafahko pasabidetik —Egiptoren eta Gazaren arteko mugatik—. Gainera, gatibu eta preso zaurgarrienak utziko lituzkete aske; bigarrenean, soldadu israeldar emakumeak askatuko lituzke Hamasek. Halere, organizazio islamistak dagoeneko baztertu du Etxe Zuriaren proposamena, argudiatuta ez duela su etenik ezartzeko exijitzen presoen eta gatibuen trukea indarrean dagoen bitartean. «Israelgo armadaren misioa gatibuak erreskatatzea zen, eta huts egin zuen. Agintaritza talde guztiak bere gain hartzen du [hiru gatibu israeldarren heriotzen] erantzukizuna». HERZI HALEVI. Israelgo armadako burua. Baina beste proposamen batzuei ez diete atea erabat itxi, oraingoz. Hamaseko ordezkaritza bat Kairora joatekoa da gaur. Egiptoko Gobernuko zenbait ordezkarirekin bilduko dira han, asteon Egiptok «gerra amaitzeko» aurkeztutako plana eztabaidatzeko. Hiru fase ditu proposamen horrek: lehenik, zazpi eta hamar egun artean iraungo lukeen menia bat indarrean jarriko lukete, eta bahituriko berrogei zibil israeldar askatuko lituzke Hamasek; trukean, Israelek 120 preso palestinar libre utziko lituzke. Bigarren fasean, su etena astebete luzatuko lukete, eta milizia palestinarrak emakumezko soldadu israeldarrak aske utziko lituzke, eta Tel Avivek preso gehiago askatuko lituzke. Azkenik, gerrako bi aldeek negoziazioak hasiko lituzkete, oraindik ere bahituta leudekeen soldadu israeldarrak askatzeko, eta preso palestinar gehiago libre uzteko. Korridore bat Zipretik Gazara Israelek begi onez jo du Zipre eta Gaza artean itsaso bidezko korridore humanitario bat irekitzea, atzo iluntzean Israelgo Atzerri Ministerioak jakinarazi zuenez. Hain justu, EB Europako Batasuneko estatu kideen artean, Zipre da Ekialde Hurbiletik gertuen dagoen herrialdea, Gazatik 370 kilometrora. Hilabete eman dute proposamena lantzen, eta, azkenean, onespena eman dio Tel Avivek. Edonola ere, ministerio horretako eledun Lior Haiaten arabera, pasabide horren bitartez Gazara iritsiko litzatekeen laguntza guztia gainbegiratuko du Israelek, eta oraindik zehazteko dago nork jasoko duen laguntza hori. Dena dela, hainbatetan ez datoz bat esaten direnak eta egiten direnak. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salatu berri du soldadu israeldarrek laguntza humanitarioarekin betetako kamioi bati egin diotela eraso, Israelgo armadak «segurutzat» jo zuen errepide batean zegoela. Baina, Israelen erasoaldiak aurrera egiten duen heinean, giza laguntzaren geroz eta premia handiagoa dute zerrendako biztanleek. UNRWAk atzo jakinarazi zuenez, Gazako biztanleen %40 daude gosete arriskuan. Nazioartean, Hegoafrikak Israel salatu du ICJ Nazioarteko Zigor Auzitegian, Gazan «genozidio bat» egitea egotzita. Komunikatu baten bitartez, Pretoriak adierazi du «larriki kezkatuta» dagoela zerrendako zibilen egoeragatik, Israelgo armada «bereizi gabeko indarkeria» erabiltzen ari delako han. Eta aintzat harturik badirela «informazioak eta txostenak diotenak gerra krimenak eta gizadiaren kontrako krimenak» egin dituztela, Hegoafrikako Gobernuak erabaki du Israel justiziara eramatea. «Israelen ekintzak, izatez, genozidak dira». Berehalako neurriak hartzeko ere eskatu dio Pretoriak ICJri; zehazki, behin-behineko erabaki bat hartzeko, Israelek nazioarteko zuzenbidea errespeta dezan. Hegoafrikako Gobernuak, gainera, jakinarazi du harremanak hautsi dituela Israelekin. PRESS RELEASE: #SouthAfrica institutes proceedings against #Israel and asks the #ICJ to indicate provisional measures https://t.co/WedDXvtBD4 pic.twitter.com/VCCDyORrLy — CIJ_ICJ (@CIJ_ICJ) December 29, 2023 Tel Avivek, ordea, ez du aitortzen auzitegi horren zilegitasuna, eta, salaketaren berri izan ostean, herrialde horretako Atzerri Ministerioak, komunikatu baten bitartez, Hamasekin «kolaboratzea» leporatu dio Hegoafrikari. Ez da lehen aldia Hegoafrikak Israelen kontra egiten duela Palestinako gatazkagatik. Joan den hilabetean, esaterako, beste bost bat herrialderekin batera, ICJko fiskaltzari eskatu zion ikertzeko Gazan gertatzen ari dena, eta zera erantzun zieten: 2021ean ikerketa bat hasi zutela, eta hor jasoko dutela asteotakoa. Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, urriaren 7az geroztik 21.500 palestinar baino gehiago hil eta ia 56.000 zauritu ditu Israelgo armadak.
Lukas Agirre gogoratu dute haren senideek eta lagunek gaur, Hernanin (Gipuzkoa). Joan den urteko abenduan labankadaz hil zuten gaztea, Donostian. Elkarretaratzea 19:00etan egin dute, Gudarien plazan, herriko udaletxearen aurrean. Gaztearen lagunek pankarta bat prestatu dute, «Lukas beti gurekin. Justizia nahi dugu. Maite Zaitugu» esaldiarekin. Haren amak, berriz, jasotako babes guztia eskertu du. Gaurkoa izan da gaztea oroitzeko antolatutako bigarren ekitaldia, joan den urteko abenduaren 30ean azkeneko agurra eman baitzioten bertze ekitaldi jendetsu batean. 24 urteko mutila hilda topatu zuen Ertzaintzak Eguberri eguneko goizean, Donostian. Poliziak 06:20 aldera izan zuen erasoaren berri, eta Okendo plazan aurkitu zuen gaztea, Victoria Cafe diskotekatik gertu. Sastakadak zituen lepoan eta gorputzaren beste zenbait ataletan. Larrialdi zerbitzuak saiatu ziren hura suspertzen, baina ez zuten lortu.
Ez zen langile hasiberri bati egindako umiliazioa, «baizik lagunen arteko txantxa txiki bat». Miarritzeko (Lapurdi) Hotel du Palaiseko sukaldean biluztu eta aulki batera lotu zuten sukaldariak ukatu egin du umiliazio ekintza bat izan zenik. Lucas izena du, saltsen eta osagarrien ardura zuen Hotel du Palaiseko jatetxean, eta France Bleu irratiarekin hitz egin du. Sud Ouest egunkariak zenbait lekukotasunetan oinarrituta zabaldutako bertsioaren arabera, iragan abenduaren 2an sukaldari hasiberri bat biluztu eta aulki batera lotu zuten Hotel du Palaiseko sukaldean; sagar bat sartu zioten ahoan, eta azenario bat jarri ipurmasailen artean; eta zenbait ordu eduki zuten horrela, sukaldeko lankideen eta Aurelien Largeau bost izarreko hoteleko sukaldari nagusiaren aurrean. Umiliazioa grabatu eta zabaldu egin zuten sare sozialetan. Lucasek ukatu egin du: «Lagunen arteko txantxa txiki batek sekulako oihartzun mediatikoa lortu du. Gaur egun gertatzen ari denak ez du islatzen gertatu zena». Gezurtatu egin du ahoan sagar bat zuenik eta ipurmasailetan azenario bat. Gezurtatuta eta salaketarik jarri gabe ere, Jerome Bournier Baionako fiskalak ikerketa bat abiatu du argitzeko ea sexu eraso eta bortizkeria deliturik dagoen. Kolpe handia izan da harentzat, ez baitzuen uste oihartzun mediatikoa hain handia izango zenik. Polemika sortu da, eta France Bleun hitz egin du lehen aldiz. Kexu da, inor ez delako berarekin harremanetan jarri. «Aurelien Largeaurenak dira ditudan dei bakarrak; hau guztia nola pasatzen ari naizen galdetu dit», babestu du bere nagusi ohia. Lucasek ezin du lo egin, eta salatu du sare sozialetan jazartzen ari zaizkiola. Largeau, «hondoa jota» Aurelien Largeauk ere hitz egin du. Gutun bat bidali dio France Bleuri. Bere kontrako akusazio guztiak ukatu ditu: «Kontatutakoek ez dute islatzen, inolaz ere, errealitatea». «Hondoa jota» dago, bere irudiaren eta ohorearen kontrako «erasoengatik», gertaera faltsuetan oinarritu direla esanda. Edonolako tratu txarren eta umiliazioen kontra dagoela dio. Bere defentsa antolatzen ari da, abokatuekin. Hotel du Palais kudeatzen duen taldeak, Hyatt taldeak, kaleratu egin zuen Largeau, gertatutakoaren berri izandakoan. Lucasek utzi egin zuen Hotel du Palais. Lan berri batean ari da. Hotel du Palais utzi du, baina, haren esanetan, ez abenduaren 2an gertatutakoagatik, erabaki profesional batengatik baizik, bere borondatez: «Bi urte neramatzan Aurelien Largeaurekin lanean, eta sukaldaritza berri bat aurkitzeko garaia da, hobetzeko». Largeau goraipatu du. «Taldea uztea izan da nire bizitzan har nezakeen erabaki okerrena», onartu du, «bera baita nire ibilbidean izan nezakeen sukaldari bikainena ere». Parisko jatetxe batean lan egiten ari da. Haraino iritsi da Miarritzeko eskandaluaren oihartzuna. «Nire jatetxean ibiltzen naizenean, gogor epaitzen naute». Gertatuaren lehen bertsioaren arabera, Lucasen argazkiak eta bideoak zabaldu zituzten sare sozialetan. Berak ez du argazkirik eta bideorik ikusi edo jaso. «Sare sozialetan ez da ezer argitaratu».