10 greba egun gehiago deitu dituzte urtarrila eta otsailerako gizarte ekimeneko ikastetxeetan. ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek greba, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronala bultzatzeko 2021ko abendutik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzeko negoziaketara.
EBAZPENA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ebazten baita emakume langabeen gaitasun digitalak hobetzeko prestakuntzaprogramazioa finantzatzeko dirulaguntzak eskatzeko 2023. urterako bigarren epea. Programa horren helburua da ekintzailetza eta landa-garapena bultzatzea eta generoarrakala murriztea Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasunak finantzatutako Laguntza, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan
Donostiako udal gobernuak onartu du auzo udala sortzea Igeldon. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatuko dute gaia, eta, onartuz gero, herri galdeketa bat egitea izango da hurrengo urratsa: igeldoarrek erabaki ahal izango dute auzo udal bihurtu nahi ote duten. 2024ko urtearen lehen erdian egitea espero dute. Baina bidea ez da hor bukatuko. Galdeketaren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geldituko da erabakia, harena baita auzo udalak sortzeko eskumena. Alde guztien artean akordioa izanez gero eta herri galdeketak babestuz gero, baina, aldundiak ez du kontra egingo alde guztiak ados baldin badaude, Goiaren arabera. Ez da segurua noiz hartuko duen erabakia, baina Donostiako alkateak uste du 2024an zehar izan litekeela. Donostiako Udala eta Igeldoko herria ordezkatzen duen elkarteak aurreko agintaldi osoa eman dute negoziatzen, udal auzo horrek nolakoa izan beharko lukeen. Goiak azaldu du prozesu «nahiko luze eta konplexua» izan dela, baina azkenean hitzartu dituztela auzo udalaren eskumenak eta ezaugarriak, eta horri esker onartu dutela gaur sortzeko testua. Herri bilakatu nahi izan du, aspalditik, Igeldok, eta orain dela hamar urte, 2013ko azaroan, herri galdeketa bat antolatu, desanexioaren aldeko jarrerak irabazi, eta Gipuzkoako 89. udalerria izango zela ere aldarrikatu zuten. Baina gero, instituzioek eta auzitegiek ez diote biderik eman erabaki hari. Hartara, Igeldoko herritarrek beste bide batzuk arakatu dituzte, eta auzo udal bihurtzeko aukera planteatzen hasi ziren, udal baten eskumen guztiak ez badira ere, ahal batzuk lortzeko eta baliabide batzuk kudeatzeko aukera ematen duelako instituzio horrek. Horrela hasi ziren negoziatzen Donostiako Udalarekin.
Ousmane Sonko Senegalgo oposizioko liderra borroka luzea izaten ari da auzitegietan datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetara begira. 2021eko otsailean emakume bat bortxatzea eta «heriotza mehatxuak» egitea leporatuta, epaiketa bat egin zuten haren kontra, eta joan den ekainaren 1ean absolbitu egin zuten delitu horietatik; aldiz, bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten «gazteria galbidean jartzeagatik» —18 eta 21 urte bitarteko gazteez abusatzeagatik egozten dute delitu hori, Senegalgo Zigor Kodearen arabera—. Otsailaren 25ean egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzea galarazten zion zigor horrek, eta sententziaren aurkako helegitea aurkeztea erabaki zuten Sonkoren abokatuek; kalean, bien bitartean, protesta jendetsuak izan ziren. Tartean, gainera, oposizioko buruzagia berriz atxilotu zuten, iragan uztailaren 28an, «hainbat krimen eta deliturengatik», eta harrezkeroztik espetxeratuta dago. Azkenean, hilaren 14an, Dakarko Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen baimena zuela boz horietan hautagai izateko, eta Sonkok gaur aurkeztu du hauteskundeetan lehiatzeko hautagaitza. Sonkoren abokatuek zailtasunak izan zituzten haren hautagaitza aurkezteko dokumentuak entregatzeko Hauteskundeetako Zuzendaritza Nagusian. Hilaren 19an bertaratu ziren, baina inork ez zien kasu egin; azkenean, lortu zuten, eta, prentsa ohar baten bidez, eskaera hau egin zuten: «Senegalgo Gobernuari eskatzen diogu epaitegiek eta auzitegiek emandako erabakiak zorrotz errespetatzeko eta aplikatzeko, eta zuzenbide arauak errespetatzeko». Oposizioko buruzagiaren hautagaitza onartua izanez gero, estatuko abokatuek iragarri dute erabaki horren kontrako helegitea aurkeztuko dutela. Sonkok hainbatetan adierazi du Senegalgo gaur egungo agintariak haren kontra daudela, eta, beraz, urteotako epaien helburua dela bozetatik kanpo uztea presidente izateko haren hautagaitza. Lehiakide indartsutzat daukate Sonko, eta horren erakusle dira iazko Asanblearako hauteskundeak: oposizioko lider horren YAW Herria Askatu koalizioak 56 aulki lortu zituen 165etik, eta, horren ondorioz, Macky Sall presidentearen BBY Itxaropenak Elkartuta aliantzak 2012tik zuen gehiengo osoa galdu zuen. Hori ikusita, justiziaren bitartez Sonkoren hautagaitza oztopatzen saiatzen ari dira. Aurten, gainera, bestelako delitu batzuk ere egitea egotzi diote, APS Senegalgo Prentsa Agentziaren arabera: joan den apirilaren 30ean, adibidez, Turismo eta Aisialdi ministro Mame Mbaye Niangi kalte ordainak ematera kondenatu zuten, politikariaren izena zikintzea leporatuta; geroago, Sonko bera espetxeratu ostean, Dakarko Auzitegi Nagusiko fiskal Abdou Karim Diopek jakinarazi zuen «matxinadak sustatzeagatik» eta «segurtasun publikoa arriskuan jar dezaketen ekintzak egiteagatik» ere auzipetuko dutela. Orduan, Barne ministro Sidiki Kabak agindua eman zuen Sonko buru duen PASTEF Lanaren, Etikaren eta Senidetasunaren Aldeko Senegalgo Abertzale Afrikarrak alderdia desegiteko, uztailaren 31n argitaratu zuten prentsa ohar baten bitartez. Sonkori bezala, «matxinadak antolatzea» eta «ondorio larriak izan dituzten protestak antolatzea» leporatu zioten alderdi horri; gerora, Kabaren erabakiari oniritzia eman zion Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoaren Justizia Auzitegiak. Sonkoren atxiloketak, hain zuzen, protestak eta manifestazioak eragin ditu Senegalen, haren kontrako epaia «konplot politikoa» dela salatzen baitute haren jarraitzaileek. Indarkeria nabaria izan da protesta gehienetan, eta, gobernuaren arabera, hamasei hildako izan dira horietan; Amnesty Internationalek esan du 23 izan direla, eta PASTEFek, berriz, 30. Manifestatzaileek indarkeria erabiltzea leporatu diote Senegalgo Poliziari, baina erakunde horrek ukatu egin du halakorik egin izana. Bien bitartean, Dakarko Auzitegi Nagusiaren aginduz, manifestazioetan parte hartu zuten laurehun lagun baino gehiago atxilotu dituzte, APSek argitaraturiko informazioaren arabera; Sonkok salatu du PASTEFeko zazpiehun kide baino gehiago ere kartzelatu dituztela. Oposizioko liderrak, berriz, egoera salatzeko gose grebak egin ditu, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitatera eraman behar izan dute behin baino gehiagotan. Aldaketak gobernuan Sall 2012tik da Senegalgo presidente, baina ez da aurkeztuko datorren urteko bozetara —Senegalgo legearen arabera, presidente batek bi agintaldi besterik ezin du egin segidan—. Haren ordez, gaur egungo lehen ministro Amadou Ba izango da presidentegaia. Utzi dizkion eginbeharren artean, bat azpimarratu du oraingo presidenteak: «Behar bezalako antolakuntza bermatzea hurrengo urteko hauteskundeetan».
Pandemia izan zen lehen kolpea; gero, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoak. Arnasarik gabe geratzen ari dira Saharaz hegoaldeko herrialdeak. Astearte honetan, Etiopia batu da bankarrota deklaratu dutenen zerrendara. Abenduaren 11n amaitzen zen bere zorraren zati bat kanpoko hartzekodunei ordaintzeko epea, baina, teknikoki, astearte honetara arte pagatu ahal zuen. Eta ez du hala egin. Etiopia Afrikako herrialderik populatuenetan bigarrena da, eta 28.000 milioi euro inguruko zorra du, bere barne produktu gordinaren %54. Ez da zor handiena duen Afrikako herrialdea. Eta mendebaldeko hainbat herrialdek ere hortik gorakoak dituzte —Espainiak eta Frantziak, adibidez, %111koa—. Baina haiek diru sarrera trinkoak dituzte, eta interes tasa txikiak ordaintzen dituzte beren zorraren truke, haiei dirua mailegatzeko prest daudelako mundu osoko bankuak eta inbertsio funtsak. Eta hori ez da Afrikako herrialdeen kasua. Etiopiak azken urteetan tentsio finantzario handiak izan ditu pandemiagatik eta, bereziki, bi urte iraun duen gerra zibilaren ondorioz —2022ko azaroan amaitu zen—. Herrialdeak 2021eko hasieran eskatu zion lehen aldiz G20aren taldeari zorra arintzeko, baina, gatazka horrengatik, atzeratu egin zuten erabakia. Aurtengo azaroan, mailegu emaile batzuekin zorra berregituratzeko akordioa lortu zuen, besteak beste, Txinarekin —Asiako herrialdeak Etiopiaren zorraren %50 du—. Baina abenduaren 8an, Addis Abebako gobernuak esan zuen funts pribatuekin izandako negoziazioek huts egin zutela eta porrotera kondenatuta zegoela. Kutsatzeko arriskua Pandemiatik erabat okertu da Saharaz hegoaldeko herrialdeen egoera ekonomikoa, eta zorraren krisia areagotu egin da. 2020ko azaroan, Zambia bihurtu zen ordainketen etendura iragarri zuen Afrikako lehen herrialdea. Hala ere, Txinak, Frantziak eta beste hartzekodun batzuek, G20aren DSSI programaren bitartez, ordainketaren zati bat atzeratzea adostu dute kolpea arintzeko. Egoera okerragoan dago Ghana. Haren zorraren %60 Black Rock, Vontobel, Alliance Bernstein, Neuberger Berman eta PIMCO funts pribatuen esku dago: gehienak, estatubatuarrak. Eta zailtasun gehiago aurkitzen ari da akordioak lortzeko. Afrikako ekonomiarik sendoenetarikoa izandakoak bankarrota deklaratu zuen iazko abenduan. Zorra herrialdearen urteko diru sarreren %70 jaten ari zen, eta ezin zion egoerari gehiago eutsi. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Afrikako 22 herrialde zorra ordaindu ezinik daude. Kontinentearen kanpo zorra, publikoa eta pribatua, 700.000 milioi euro ingurukoa da, bere barne produktu gordinaren %55, eta bost aldiz handitu da azken bi hamarkadetan. Nagusiki kanpoko zorrak sortzen dizkie arazoak, batez ere AEBetako Erreserba Federala eta Europako Banku Zentrala interes tasak handitzen ari direnetik, horrekin dolarretan eta eurotan zorra garestitu zaielako. Afrikako herrialdeen zorraren banaketan hiru talde bereizi daitezke, eta bakoitzak, gutxi gorabehera, guztizkoaren herena hartzen du: alde batetik, nazioarteko finantza erakunde handiekin dutena, hala nola Munduko Bankuarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin; bestetik, inbertsio funts pribatuen esku dagoen zorra; eta, azkenik, aldebikoa, hau da, beste gobernu edo erakunde publiko batzuekin dutena. Hirugarren multzo horretatik Txina nabarmentzen da, Afrikako herrialdeen zor osoaren %12 haren esku dago. 2000ko hamarkadaren hasieratik, Txinak zor handia erosi zuen kontinentean, han egindako inbertsio estrategiaren barruan. Hala ere, pandemiatik, joera hori gelditu egin da, besteak beste ordutik izandako susperraldi ekonomiko motelak eraginda. Etiopiaren egoera zaila izanagatik ere, abuztuan Txina, Errusia eta India buru dituen BRICS taldera batzeko gonbidapena jaso zuen, beste bost herrialderekin batera.
Europako Gizarte Funtsa Plusetik 38 milioi esleitu dira Lanbideren bidez tokiko erakundeek gazteak eta beste multzoak kontratatzeko, gizarteratzerako, talentua atxikitzeko, ekintzailetza sustatzeko
Euskadin, 29,7 urterekin emantzipatzen dira gazteak, eta 25-29 urteko pertsonen heren batek baino ez du etxea alokairuan edo jabetzan. Jaurlaritzak Emantzipa programa onartu du gaur. Hilean 300 euro emango ditu, eta bateragarria izango da beste laguntza batzuekin.
Batez besteko pentsioa 1.485 euroan dago Euskadin, iaztik % 9,4 igota. Bizkaian 299.095 pentsiodun daude, eta 1.497 euro jasotzen dute hilean, batez beste; Gipuzkoan 194.257 (1.457 euro), eta Araban 81.866 (1.508 euro).