1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko egun berezia da gaurkoa Gasteizen. Duela 49 urte, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzarra egiten ari ziren langileen aurka modu basatian oldartu zen Polizia Armatua. Tiroka sartu ziren, eta bost langile hil eta ehunka lagun zauritu zituzten. Aurtengo urteurrenean, San Frantzisko eliza memoria gune izendatu dute ofizialki, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu baita. Memoria osatzeko beste urrats bat izan zela aitortu zuten Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek, baina gogorarazi dute oraindik bide luzea geratzen dela egia, justizia eta erreparazioa lortzeko. Eta erakundeei gogorarazi diete «premiazkoa» dela behar diren neurriak hartzea biktimek eskubide guztiak bermatuak izan ditzaten. «1976ko sarraskia gogoratu, erantzuleen inpunitatea salatu eta biktimen eskubideak aldarrikatu behar ditugu», nabarmendu du Leire Manzanosek, Martxoak 3 elkartearen izenean, hildakoen omenez Zaramaga auzoko oroitarrian atzo arratsaldean egindako ekitaldian. Eta gogorarazi du gertatutakoaren memoria «bizi-bizirik» dagoela Gasteizen: «Ez ditugu ahazteko ez sarraskiaren biktimak eta ez krimenaren erantzuleak». Izan ere, gogorarazi dute Espainiaren zigorgabetasun ereduak bere horretan segitzen duela, Francisco Franco diktadorea «ohean» hil zela 50 urte pasatu badira ere. «Hemen ondo dakigu frankismoa ez zela egun hartan amaitu; diktaduraren erreforma ez zen izan ez baketsua, ez eredugarria». 1976ko sarraskiak ongi erakusten dute hori, hain justu ere, martxoaren 3ko hilketak «errepresio sistema baten izozmendiaren punta» baino ez baitziren izan, adierazi dutenez. Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek Zaramaga auzoko oroitarrian egin zieten omenaldia. ENDIKA PORTILLO / FOKU «Espainiaren zigorgabetasun ereduak hamarkadak daramatza estatuaren indarkeriaren milaka biktima diskriminatzen», salatu dute. Horregatik, biktima horientzako ere egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute beste behin. «Horiek gabe, hemen ez dago demokraziarik ospatzerik». Eta erakundeei neurriak hartzeko eskatu diete, biktima guztien eskubideak bermatzeko eta haien «diskriminazio jasanezina» amaitzeko. Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek gorazarre egin diete Romualdo Barrosori, Francisco Aznarri, Pedro Martinez Ociori, Jose Castillori eta Bienvenido Peredari, haien omenez jarritako oroitarrian. Aurreskua dantzatu diete, eta lore eskaintza egin. Ehunka lagunek «herriak ez du barkatuko» oihukatu duten bitartean. «Gure omenaldirik onena gaur eta hemen justizia sozialaren alde borrokatzen jarraitzea dela aldarrikatu nahi dugu», azpimarratu dute. Eta gogoan izan dituzte, halaber, sarraski hura salatzeko Bartzelonan eta Basaurin (Bizkaia) hildakoak ere. Zaramaga auzoko plaza esanguratsua oroimenerako eta aldarrikapenerako topaleku bilakatu baita egun osoz. Plazatik bertatik abiatuta manifestazioa egin dute iluntzean, Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu lelopean. Milaka pertsonak hartu dituzte Gasteiz erdiguneko kaleak. Katedral Berrian amaitu dute protesta, 1976ko hileta jendetsuak gogoan hartuta. Bide horretan, Gasteiz etorbidea ere zeharkatu dute; Martxoaren 3ko memoriaren mapan «esanahi handiko» tokia da hura ere, gogorarazi dutenez, «egun hartako errepresioaren lekuko» izan baitzen. «Jeneralisimoaren etorbidea» deitzen zen orduan. «Goizetik Polizia armatua gogor oldartu zen inguru horretan, Los Angeles elizan deituta zegoen batzar batera joan besterik egin nahi ez zuten oinezkoak eta langileak joz eta tirokatuz». Memoria gune Goizean, berriz, hildako langileak omentzeko egiten diren lore eskaintzetan izan da Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoaren estatu idazkaria, Maider Etxeberria Gasteizko alkatearekin eta Marisol Garmendia EAEko ordezkariarekin batera. Martinezek ere loreak eskaini dizkie, eta pozgarritzat jo du eliza eta 1976ko martxoaren 3ko «gertaera lazgarriak» memoria gune izendatu izana. Martxoaren 3ko sarraskiaren 49. urteurrenaIkus-entzunezkoen lantaldea Martinezek gehitu du pauso horrekin «ahaztezin» bihurtu dela eliza «Gasteizko, Euskadiko eta Espainiako langileentzat». Haren esanetan, «langileen ongizatea eta baldintzak hobetzeko borroka legitimoaren sinbolo dira gertakari lazgarri horiek». Gogoan hartu du eliza hura eremu sozial bat zela, eta bertan biltzen zirela modu iraunkorrean langileak, hilabete haietako grebak antolatzeko. Aldi berean, Martinezek uste du «diktadorearen heriotzaren ondotik oraindik praktika horiek zituzten polizien jazarpenaren sinbolo ere» badela. «Diktaduraren zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren erreferente bat da, une hartan ez baitzegoen eskubide politikorik eta sindikalik, eta langileek eliza hura erabiltzen baitzuten elkarrekin euren aspirazio eta borrokei buruz aritzeko». Eusko Jaurlaritzaren izenean Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak eta Ibone Bengoetxea Otaolea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak egin dute lore eskaintza. San Josek gogoratu du lan eskubideak defendatzen ari zirela hildako bost langileak. «Gizartea duintzeko» egin zuten lana eskertu du, eta gogoratu du «gaurko gizarte demokratikoa eraikitzen hil zirela». Arabako EAJren ordezkaritza zabal bat ere izan da Zaramagan, eta lore eskaintza egin dute Martxoaren 3ko oroitarrian. Jone Berriozabal Araba Buru Batzarreko presidentea buru, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, eta udaleko eta batzar nagusietako EAJren hautetsiak egon dira. Berriozabalek «memoria, justizia eta erreparazioa» eskatu ditu biktimentzat, eta baita gertatutakoa berriro gerta ez dadin bermatzea ere. Gogoratu du oroimenezkoa martxan jartzeko urratsak egin direla jada, eta dena ongi bidean datorren urterako martxan egotea espero dutela. Otegi: «Lotuta geratu zena askatu behar da» Bestalde, EH Bilduk ekitaldi jendetsua egin du San Frantzisko elizaren ondoan, eta Arnaldo Otegi idazkari nagusiak hitza hartu du. Duela 49 urte Poliziak hildako bost langileen argazkiak oholtza gainean zirela mintzatu da Otegi, eta senideen aurrean. Bost langileen memoria aldarrikatu du, eta Martxoaren 3ko borrokaren bidez langileriak lortutako eskubideak gogora ekarri. «Gaur egun ez genuke eskubiderik izango herrien eta langile mugimenduaren borrokarik gabe». Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia, gaur, Martxoaren 3ko biktimen aldeko ekitaldian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU «Gaur 49 urte bete dira Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik, eta aurten 50 dira Francisco Franco hil zela, baina frankismoak hor dirau», adierazi du Otegik, eta orduko «irakaspenak» ez ahazteko deia egin. Izan ere, haren ustez, gaur ere «bi pultsu daude jokoan», langile klasearena eta nazionala, eta korapilo bi horiek askatzeko lanean jarraitzea funtsezkoa da. «Trantsizioa ez zen demokratikoa izan, eta orduan lotuta geratu zena askatzea falta dugu», ohartarazi du. Gaur egun bezala, 1976ko martxoaren 3ko borroka «aldaketa politiko eta sozialaren» aldekoa izan zela gogoratu du Otegik. Eta esan du orduan bezala orain ere ezinbestekoa dela «nazio askapenaren» alde eta «politika sozialista eta progresisten» alde borrokatzea. Martxoaren 3ko borroka eredugarritzat jo du EH Bilduko idazkari nagusiak, eta bide horri segitzeko deia egin: «Herri honen esperantza Martxoaren 3an loratutako esperantza izango da». Ekitaldi politikoaren ostean, lore eskaintza egin du EH Bilduk biktimen aldeko oroitarrian. Otegirekin batera, koalizioaren ordezkaritza zabala izan da Gasteizen; besteak beste, Pello Otxandiano, Arkaitz Rodriguez, Rocio Vitero eta Eva Lopez de Arroiabe izan dira. Oroitarria, lorez lepo Biktimen aldeko oroitarria lorez bete da goizean goizetik. Alderdi eta sindikatuek, nork bere aldetik, loreak utzi dituzte bost langileen omenez, eta egindako adierazpenetan gogoan izan dituzte 1976ko biktimak eta haien borroka. Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek, adibidez, adierazi du Martxoaren 3a langileen borrokaren eredu dela, eta haiei esker dituztela gaur egun langileek eskubideak. «Borrokarik gabe ez digu inork ezer oparituko», erantsi du. Podemosi dagokionez, David Rodriguez Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Garbiñe Ruiz udaleko bozeramaileak parte hartu dute omenaldian, alderdiko hainbat kargu eta militanterekin batera. Ruizek nabarmendu du bost langileak gasteiztarren oroimen kolektiboaren parte direla, eta salatu du sarraskiaren erantzuleak oraindik ez dituztela zigortu. Arabako PSE-EEko presidente Cristina Gonzalezek ere gogoan izan du gaurko egunez duela 49 urte hil zituzten langileak euren eskubideen alde borrokatu zirela. Eskubideetan atzera egiteko arriskuaz ohartarazi du Gonzalezek, eta ezinbestekotzat jo du gaur egun ere langileen eskubideen alde borrokatzea. Sekretu Ofizialen Legea Eliza memoria gune izendatzea «ongi etorria» dela nabarmendu du Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak, Euskadi Irratian. Dena den, gogora ekarri du Espainiako Estatuari bide luzea geratzen zaiola egia, justizia eta erreparazioa osatzeko. Besteak beste, ez da Sekretu Ofizialen Legea indargabetu, eta, horregatik, estatuko aparatuen egun hartako informazioa argitaratu gabe dago oraindik. Gainera, aldizkari ofizialean sarraskiari 1976ko martxoaren 3ko gertakaria deitzen zaio, eta eguna identifikatzeko modu hori ez dute egokitzat jo, «kaltetuen birbiktimizazioa» sustatzen baitu. Egun osoan, erakunde, sindikatu eta alderdietako ordezkariak loreak eskaintzen ari dira. Dena den, Martxoak 3 elkarteak Justizia aldarrikatzen duen mezua jarri du toki horretan, eta udaleko zerbitzuek ezabatu egin dute goizean bertan. Txio batean, elkarteak salatu egin du euren aldarrikapena ezabatu nahi izatea: «Gure aldarrikapena ez da inoiz ezabatuko, memoria dugulako». Gainera, memoriaren aldeko pankartak eta bestelako mezuak ere kendu egin dituzte. #Martxoak3 Hoy Zaramaga ha amanecido con la reivindicación de #JUSTICIA en las baldosas que fueron testigo de la masacre. Ha sido borrada del suelo, pero nunca desaparecerá de nuestra #M3MORIA. Gure aldarrikapena ez da inoiz ezabatuko, #M3MORIA dugulako #JUSTIZIA pic.twitter.com/OyCrSH7j5Z — Martxoak 3 #M3MORIA (@Martxoak3) March 3, 2025 Gaurko urratsa Espainiako Aldizkari Ofizialak, 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen babes juridikoaren pean, memoria gune gisa izendatu du gaur. Izendapen horrek behartzen du tokia oroimenerako gune gisa identifikatzera, behar bezalako azalpenak ematera, seinaleak jartzera eta haren iraupena bermatzeko neurriak hartzera. Gainera, Martxoaren 3ko sarraskiari buruzko txostenak lantzeko agintzen zaie Gasteizko Udalari, Euskal Herriko Unibertsitateari, Gogora institutuari, Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Institutuari eta Espainiako Historia Akademiari. Fernando Martinezek zehaztu du sei hilabete inguru izango dituztela txosten horiek egiteko. Hamar urte dira San Frantzisko eliza abandonatu zutela, eta Memoria Gara elkarteak eta beste eragile batzuek salatu dute eraikina eta haren ondarea galtzeko arriskua dagoela. Berez, behin memoria gune izendatu eta gero, tokia zaintzera behartzen du legeak. Berriki, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak adierazi du hura eraberritzea lehentasuntzat joko duela Eusko Jaurlaritzak.
EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek salatu du taldeko kide bati eraso diotela Tolosan (Gipuzkoa). Jakinarazi dute tren geltokiko segurtasun agente bat Donostiako gazte bati oldartu zitzaiola bart gauean, mutilak euskaraz mintzatzeko eskatu ondotik. «Euskaldunon aurkako mezuak oihukatzen hasi, eta EHEko kidea lurrera bota eta atxikita eduki du denbora batez», adierazi dute X sarean zabaldu duten mezuan. Argazki bat ere zabaldu du EHE-k mezuarekin batera. Mutil gazte bat ageri da lurrean, segurtasun agentea haren gainean dagoela, gazteari paparretik helduta. Beste segurtasun agente bat dago ondoan, zutik. Goizaldean agertu da salaketa lehen aldiz, sare sozialetan gertatutakoaren berri emanez. Lekukotasun horren arabera, «niri ez egin euskaraz» eta «Hau Espainia da» erran dio segurtasun agenteak gazteari. Gaur Tolosan segurata batek lurrera bota du Donostiako gazte bat euskeraz hitz egiteko eskatu ostean… “A mí no me hables en euskera” eta “esto es España” esanez. Horrelako jendetza gure artean egoteak beldurra ematen du. Hizkuntza dfendatu dezagun, horrelako kolonoak kanporatuz — Urki (@xa2kain) March 3, 2025 EHEk «gogor» salatu du gertatutakoa, eta horrelako erasoak onartezinak direla erran du. Gaiari buruz jarduteko agerraldi bat egitea aztertzen ari direla jakinarazi dute. Andu Martinez de Rituerto Arregi Tolosako alkateak txio batean erreakzionatu du, salaketa «kezkaz» jaso duela erranez. «Udaletik gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko ditugu; dena dela, euskaldunon kontrako erasoak erabat arbuiagarriak dira, baita jarrera fisiko horiek ere». Urte hasieratik Eusko Jaurlaritzaren eskumena da Renferen aldirietako bost lineak kudeatzea. Segurtasun agenteei dagokienez, Renfek beste enpresa bati azpikontratatzen dio zerbitzua. Renfek BERRIAri adierazi dio ez duela gertatutakoari buruzko informaziorik.
Hiru urteren ondoren, AEBetako presidente Donald Trumpek mahai gainean jarri du Ukrainarako bake akordio bat erdiesteko aukera, baina Washingtonek orain arte afera horretan hartu duen bidetik aldenduta: Errusiarekin harremana estutzea lehenetsi du, jendaurrean errieta egin dio Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri, eta negoziazioetatik kanpo utzi nahi du Europa. Ukrainaren aliatu europarrek uste dute, ordea, eztabaida horietan parte hartzea dagokiela; hala berretsi zuten, atzo, Londresen egindako bileran. Ondoren, Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri zuen berak eta Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek proposamen bat egin dietela beste agintariei: Ukrainarako hilabeteko su eten bat adostea. Errusiak, ordea, ez ditu bi aukera horiek begi onez ikusi, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur egin dituen adierazpenei erreparatuta: «Ukrainari laguntza militar eta ekonomiko gehiago emango diotela adostea ez da bakerako plan bat». Frantziako presidenteak Le Figaro egunkarian egindako elkarrizketa batean eman zuen proposamenaren berri, eta gehitu zuen borroken etenaldia erabatekoa litzatekeela: 30 egunez bertan behera utzi beharko lituzkete aire, itsaso eta lur bidezko erasoak, baita energia azpiegituren aurkakoak ere. Eta planaren bigarren fasean Europako herrialdeetako tropak Ukrainara bidaliko lituzkete: «Datorren asteetan ez da Europako troparik izango Ukrainan. Horregatik asmatu behar dugu daukagun denbora tregoa iraunkor bat adosteko erabiltzen, hainbat aste iraungo duten negoziazioen bidez; gero, behin bakea adostuta, tropak zabalduko genituzke». Europako agintarien artean desadostasunak eragin ditu tropak Ukrainara bidaltzearen asmoak; Starmer eta Macron, berriz, hasieratik agertu dira horren alde; haien arabera, «bakea bermatzea» litzateke tropa horien helburua. Gaur goizean France Inter irratian egindako elkarrizketa batean, plan horren inguruan hitz egin du Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek, eta zehaztu du plan horren beste helburuetako bat zera dela, Errusiako presidente Vladimir Putin «bakerako prest» ote dagoen egiaztatzea. Eta ohartarazpen bat egin du: «Inoiz ez da izan orain besteko arriskurik Europan gerra bat hasteko, etsaia gero eta hurbilago daukagu». Haren arabera, Frantzia lanean ari da Trumpen eta Zelenskiren arteko harremana hobetu dadin, joan den ostiralean Etxe Zurian liskarra izan ondoren, argudiatuta «denen interesekoa» dela Errusiaren «asmo inperialistak» gelditzea. Frantziako agintariek aho batez defendatu eta bultzatu dute hilabeteko tregoaren proposamena; Erresuma Batukoek, ostera, urrats bat atzera egin dute gaur. Hango armadarako estatu idazkari Luke Pollardek Radio Times hedabidean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, oraindik ez dago menia baterako akordiorik, eta ohartarazi du agian borroken etenaldi batek Errusiari mesede egingo diola, tropak indartzeko erabili ahalko bailuke. Gastu militarraren plana Europako hainbat agintarik gastu militarra areagotzeko asmoa adierazi dute azken asteotan, eta ideia horrekin bat egiten du EB Europako Batasunak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi du bihar gutun bat bidaliko diela talde komunitarioko estatu kide guztiei; testu horretan zehaztuko du zein den gastu militarra handitzeko EBk ondu duen estrategia. «Zalantzarik gabe, gastu militarra nabarmen handitu behar dugu, berandu baino lehen», esan du, prentsaurreko batean. Europako Batzordeko presidenteak helburu hori defendatu du iritzita «indarra» erabiltzea dela «bake iraunkor bat lortzeko modu bakarra» Mineralen akordioa Zelenskirekin prentsaren aurrean eseri eta liskarra hasi baino lehen, Ukrainako mineralak ustiatzeko akordioa sinatzea zen Trumpen helburua; Ukrainako presidentearena, berriz, horren truke AEBek Errusiaren aurrean segurtasuna bermatzea. Bertan behera geratu ziren bilera eta bi agintarien asmoak. Halere, Zelenski prest dago Washingtonera itzultzeko eta berriz Trumpen aldamenean esertzeko; baita mineralen akordioa sinatzeko ere, atzo gauean egindako elkarrizketa batean esan zuenez. Are, aitortu zuen ostiraleko eztabaidak ez zuela «ezer onik» ekarri. Dena den, Etxe Zuriko maizterraren aurrean izandako jarrera defendatu du: «Ukrainaren jarrera zein den ulertzea nahi nuen, besterik ez». Starmerrek eta Macronek adostutako planaren inguruan galdetuta, Ukrainako presidenteak adierazi zuen «hurrengo asteetan» izango dela akordio horren xehetasunen berri, eta eskerrak eman zizkien bere aliatu europarrei. Nolanahi ere, beren laguntza «ezinbestekoa» dela esan die aliatuei beste behin, sare sozialetan gaur goizean kaleratutako bideo batean. Horretan, Errusiaren erasoen ondorioz kaltetutako hainbat eremu erakutsi ditu, eta berriro nabarmendu du Ukrainak «laguntza handia» behar duela. Eta gehitu du: «Benetan bake akordio bat erdiesteko negoziazioak hasi nahi dituen norbaitek ez du misil balistikoekin zibilen aurka egiten». Trumpek, ordea, berriz egin dio errieta Ukrainako presidenteari. «AEBen babesa duen bitartean bakerik nahi ez izatea» leporatu dio Truth Social sare sozialean argitaratu duen mezuan. Gainera, Zelenskik atzo «bake akordioa oso urrun» dagoela esatea gaitzetsi du Etxe Zuriko maizterrak: «Hau da Zelenskik egin zezakeen adierazpenik txarrena, eta AEBek ez dute horrelako adierazpen gehiagorik onartuko!». AEBetako hedabideek gaur argitaratu duten informazioen arabera, Trumpek ez dizkio arma gehiagorik bidali nahi Ukrainari.
Langileek kontzentrazioa egin dute lantegiaren aurrean eta protestekin jarraituko dute Enpregu-Erregulazio Espedientea negoziatzen den bitartean. Eusko Jaurlaritzari inplikazioa eskatu diote.
EUsko Jaurlaritzak aliantza bat osatu du sektore pribatuarekin 4.000 milioi euro mobilizatzeko. EAEren eraldaketa ekonomiko eta industrialera bideratuko du dirua, eta aurten 1.000 milioi gehiago izango ditu Finantzen Euskal Institutuak.
Alavesek ontzat jo dezake gaur Mallorcan lortu duen puntua (1-1). Partida azkar jarri zaio maldan gora Coudeten taldeari, baina 68. minutuan Kike Garciak egindako gol bati esker puntu batekin etxeratuko da. Neurketako lehen abisua Alavesek eman du, baina lehen kolpea Mallorcak: area ertzean aldaratze bat jaso du Takuma Asanok, eta japoniarrak gol ikusgarria egin du. Sekulako indarrarekin jo du baloia, eta ezin izan du ezer egin Siverak. Markagailuan aurretik zela, tartea handitzeko aukera argiak izan ditu Jagoba Arrasateren taldeak. Gaurkoan, ordea, ez da fin ibili euren izarra, Vedat Muriqi aurrelaria. Hiruzpalau abagune huts egin ditu. Betikoa agertu da Barkatu ez duena, berriz, betikoa izan da: Kike Garcia. 68. minutuan erdiraketa bat sareetara bidali du Alaveseko aurrelariak, eta jokaldi horretan bertan min hartuta utzi behar izan du zelaia. Aurtengo denboraldian ligan egin duen 11. gola da. Bigarren zati ona egin du Alavesek, eta eutsi dio emaitzari. Sailkapen nagusian 19. postuan dago, eta puntu batera du salbazioa.
Disdira gutxirekin hasi dira Binakako Txapelketako finalaurrekoak: Artolak eta Mariezkurrenak joko bikainik egin gabe aise irabazi zuten atzo, eta beste hainbeste egin dute gaur Ezkurdiak eta Rezustak Gasteizko Ogeta pilotalekuan. 22-16 gailendu dira Peña II.aren eta Albisuren aurka. Baikokoek hemezortzi pilotakada galdu dituzte bien artean; Albisuk bakarrik, hamabi. Dena den, uste baino gehiago sufritu dute Aspekoek. Neurketa osoan aurretik izan dira, baina ez dute partida ixten asmatu. Azkenean, ordea, Albisuren ageriko nekea izan da faktore erabakigarria. Hasieratik saiatu dira atzelaria higatzen Ezkurdia eta Rezusta, eta jokoan sartzen gutxi utzi diote Peñari (8-1). Baikokoek bizirik segi dute baina, eta Peña asmatzen hasi denean, bereziki sakez, bi tantora gerturatu dira (16-14). Orduan agertu dira berriro akatsak.
Kostako da herenegun Etxe Zurian zabaldutako zauria ixtea. Asteburuan Londresen elkartu diren Europako agintariek, ordea, argi dute ahalegina egin beharra dagoela, eta horretarako bake plan bat aurkeztu dute gaur. Anfitrioi lanak egin dituen Keir Starmerrek azaldu duenez, «Erresuma Batuak, Frantziak eta beste herrialde batzuek» Ukrainarekin batera jarriko dute martxan «gerrari amaiera emateko plan bat», eta gero AEB Ameriketako Estatu Batuekin hitz egingo dute haiek ere bat egin dezaten. Donald Trumpen gobernuaren iritsierak sortu duen klima ezegonkorraren aurrean giroa lasaitzeko saiakera bat da Londreskoa. Washingtonen gertatutakoak egoera delikatuan utzi du AEBen babesa ezinbestean behar duen Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, eta Europako buruzagiek babesa helarazi diote. Halere, ahal den neurrian Trumpekiko tentsioa areagotzea sahiestu dute. [articles:2138279] Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake akordio sendo bat osatzea zaila da AEBen babesik gabe, eta horren jakitun da Europa. Dena den, eurek lehen bermeak ezartzea hasiera bat izan daiteke, eta hori da bakerako planean zehaztu duten bideorria. Laburbilduz, iniziatiba Washingtoni utzi beharrean, aurrera pauso bat ematea erabaki dute Europako buruzagiek. «Oso une garrantzitsua da hau Europaren segurtasunarentzat», azpimarratu du Starmerrek. Bi ordu inguru iraun ditu gaurko bilerak, eta han izan dira, EB Europako Batasuneko buruak —Ursula Von der Leyen eta Antonio Costa—, Mark Rutte NATOko idazkari nagusia, eta herrialde ugaritako buruzagiak: Frantziako Emmanuel Macron, Alemaniako Olaf Scholz, Italiako Giorgia Meloni, Kanadako Justin Trudeau, Espainiako Pedro Sanchez… Zelenski, Starmer eta Macron, gaur, Londresen. JUSTIN TALLIS / EFE Amaitutakoan eman du erabaki dutenaren berri Starmerrek. Baga, hitz eman dute Ukrainari laguntza militarra ematen segiko dutela, eta Moskuri presio ekonomikoa egiten, negoziatzeko argudioak izateko. Biga, adostu dute Ukrainak negoziazio mahaian egon behar duela edozein bake akordio iraunkor sinatzerakoan, eta horrek herrialdearen subiranotasuna eta segurtasuna bermatu behar dituela. Eta higa, bakerako itun hori lortuta ere, Ukrainaren defentsarako gaitasunak indartzen jarraituko dutela hitzartu dute «etorkizuneko edozein inbasio ekiditeko». «Bake akordio posible baten berme» izan daitezen, Ukrainara soldaduak bidaltzeko asmoa erakutsi dute Erresuma Batuak eta Frantziak, baina ez dute ideia horrekin bat egin Londresen elkartu diren zenbait herrialdek. Horren aurrean, Starmerrek esan du «boluntarioen koalizio bat» osatu nahi dutela: «Nazio guztiek ezingo dute ekarpena egin, baina horrek ez du esan nahi geldirik egon behar dugunik».
Martxoari ez dio nahi bezala ekin Athleticek. Hilabete erabakigarria izango da zuri-gorrientzat, eta ligari dagokionez, kolpea jaso dute gaur Atletico Madrilen zelaian. Berdintzeko ez ezik, irabazteko ere merituak egin arren, azkenean galdu egin baitu Ernesto Valverderen taldeak. Lehen zatian bi taldeak aurrez aurre aritu ondoren, bigarren zatian ireki egin da lehia, eta Julian Alvarez izan da ate aurrean asmatu duen jokalari bakarra. Jokaldi on bat josi ondoren, 1-0ekoa egin dute etxekoek 66. minutuan, eta eutsi egin diote emaitzari gerora. Gehienbat, zortea etsai izan duelako Athleticek. Hirutan egin du topo zutoinarekin, eta agur esan dio bolada onari. Ligari dagokionez, Valverderen taldeak hamasei partida zeramatzan galdu gabe, baina aurrerantzean ezingo du gauza bera esan. Beste jardunaldi batez gutxienez sailkapen nagusiko laugarren postuan jarraituko du, eta horixe izango du erronka liga amaitu bitarte: Txapeldunen Liga jokatzea bermatzen duen postuari eustea. Hasierako hamaikakoari dagokionez, aldaketa gutxi egin ditu Ernesto Valverdek. Ohiko jokalariak zelairatu ditu, eta Unai Gomezek bete du Oihan Sanceten hutsunea. Esanguratsua izan da aurrelari jakinik gabe hasi dutela partida zuri-gorriek, Alex Berenguer izan baita jokalaririk aurreratuena. Besteak beste, erasoan mugikortasuna bilatu nahi izan du entrenatzaileak. Bi taldeek energia handiz ekin diote lehiari, baina etxekoak indartsuago sentitu dira lehen bost minutuetan. Itsu-itsuan jo dute aurrera, eta lehen gol aukera berehala izan dute, Le Normanden eskutik. Buruz kanpora bidali du baloia frantziarrak. Ez da hasierarik onena izan Athleticentzat, baina minutuek aurrera egin ahala gero eta erosoago sentitu da taldea. Baloia aurkariak baino gehiago izan du oinetan, eta Iñigo Ruiz de Galarretaren gidaritzapean ongi aritu da Bilboko taldea. Ederki zabaldu du jokoa eibartarrak, eta erasoan ere agerpen interesgarriak egin dituzte zuri-gorriek. Esaterako, 15. minutuan Oblaken aurrean bakarrik geratu da Iñaki Williams, baina ez du asmatu azken jaurtiketa egiterako garaian. Minutu batzuk geroago Ruiz de Galarretak aukera bikoitza izan du, baina azkenean kornerrera bidali dute baloia etxekoek. Nagusi izan da Valverderen taldea minutu luzez, baina egoera zailetan jokatzera ohituta dago Atletico Madril, eta ez da batere urduritu. Partida baten barruan irakurketa egokiak egin ohi dituzte une oro jokalariek, eta lehen ordu erdia bete ondotik, berriro ere goranzko bidea hartu du etxeko taldeak. Ordura arte Griezmann gertutik lotua izan dute Athleticeko jokalariek, baina lehen zatiaren azken txanpan gehiago azaldu da frantziarra. Haren oinetatik sortu du arriskua Simeoneren taldeak. Hegaletatik ongi iritsi da Unai Simeoneren areara, eta Sorlothek buruko min ugari sortu du defentsako lerroan. Dena den, bi taldetako inork ez du golik egin lehen zatian. Erromara begira Bigarren zatian gehiago ireki da lehia. Zuhaitza astindu asmoz, aldaketak oso goiz egin ditu Simeonek, eta hiru jokalari zelairatu ditu 58. minutuan. Bada, orduantxe izan du ordura arteko gol aukerarik onena Athleticek, Berenguerren eskutik, baina ez du asmatu. Valverdek berak ere buru gainera eraman ditu bi eskuak. Gehiago itxaron gabe, zuri-gorriek ere mugitu dute aulkia, eta Guruzeta eta Prados zelairatu dira. Partidari neurria hartzeko ere betarik ez dute izan, haiek zelaira irten eta jarraian iritsi baita partidako gol bakarra. Marcos Llorentek pase ona eman dio sakonean Julian Alvarezi, eta argentinarrak ez du barkatu. Golari ongi erantzun dio Athleticek, eta gogotik saiatu da erasoan. Baloi geldian sortu ditu aukerarik onenak. Lehenbizi, Berenguerrek hegal batetik ateratako falta batean aukera bikoitza izan dute Valverderenek. Pradosek buruz maisuki jotako baloiak zutoinarekin egin du topo, eta aldaratzean langara bidali du baloia Williams anaietan zaharrenak. Hori gutxi ez, eta geroago berriro ere langa jo du Iñaki Williamsek, areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean. Futbola eta zortea ez dira askotan uztartzen, baina Athleticek zorte txarra izan du etsai nabarmen. Azken mintuetan bi aurrelarirekin jokatu du Bilboko taldeak, Guruzetaz gain, Maroan Sannadik ere zelairako bidea hartu baitu. Dena den, etxekoak eroso sentitu ohi dira presiopean. Futbolean ez dute batere jokatu, eta jokatzen utzi ere ez dute egin. Intentsitate izugarriz lehiatu dituzte baloi guztiak, eta gogotik ospatu dute garaipena. Athleticek, berriz, liga irabazteko aukera txikiren bat baldin bazuen, galdu egin ditu aukera guztiak. Orain, Erromara begira jartzea tokatzen zaio. ATLETICO MADRIL. Oblak; Nahuel Molina, Le Normand, Lenglet, Javi Galan; De Paul, Barrios (Gimenez, 69. min.), Samu Lino (Llorente, 58. min.); Simeone (Gallagher, 58. min.), Griezmann (Correa, 62. min.) eta Sorloth (Julian Alvarez, 58. min.). ATHLETIC. Unai Simon; Gorosabel (De Marcos, 76. min.), Vivian, Yeray, Yuri; Ruiz de Galarreta (Prados, 63. min.), Jauregizar (Vesga, 81. min.); Iñaki Williams, Unai Gomez (Guruzeta, 63. min.), Nico Williams; eta Berenguer (Maroan Sannadi, 76. min.). Golak. 1-0: Julian Alvarezek (66. min.).