Urriaren 25eko geldialdiaren ondoren, langile publikoak kalera aterako dira berriro, Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei lan-baldintza hobeak eta zerbitzuen kalitatea eskatzeko.
Golik ez da izan gaur Anoetan, baina ikuskizun ederra eman dute Realak eta Betisek. Neurketa irekia jokatu dute bi taldeek, ausartak izan dira bien proposamenak, eta gol aukerak ugariak izan dira bi aldeetan. Realari hiru gol baliogabetu dizkiote eta Zubimendik zutoinera bidali du jaurtiketa bat, baina Betisek ere behartu du Remiro lan egitera. Azkenean, ordea, ez du inork asmatu. Realaren hamaikakoan Andre Silva izan da berrikuntza nagusia. Portugaldarrak neurketa ona jokatu du, eta erakutsi du zertarako gai den. Aurrelari petoa da; bi gol sartu ditu, baina jokoz kanpo zegoen bietan. Gainontzean, hegaletatik egin dute min txuri-urdinek. Traore eta Tierney etengabe ibili dira gora eta behera, eta Kubok ere sortu du arriskua. Lehen zatian, bisitariem aukerarik argiena Ayozek izan du, baina zutoinean jo du haren jaurtiketak. Zoragarria izan da Iscok egin dion pasea. Bigarren zatian beste gol bat baloigabetu diote Realari, kasu horretan Umar Sadiqi, eta Oiartzabalek zutoinera bidali du falta jaurtiketa bat. Gola gertu ikusten zuten zaleek, baina Betisena ere ez zen urruti; Assane Diaoren abiadura baliatu dute min egiteko. Sailkapen nagusian seigarren postuan da Reala 30 punturekin. Partidaren aurretik, Aitor Zabaletaren hilketaren urteurrenaren inguruko zenbait ekitaldi egin ditu Realak, eta haren oroimenezko mosaiko bat ere marraztu dute zaleek harmailetan.
Pello Otxandianok koaliziokideen babesa jaso du gaur Bilbon. Lehendakarigai izateko proposatu zutenetik egin duen lehen agerraldi publikoa izan da, eta Euskalduna Jauregiko oholtzan nabarmendu du koalizioak, batuta, gauza handiak egin ditzakeela: «Guk ez dugu sigla bat ordezkatzen, gu herri proiektu batekin konprometitu garen komunitate bat gara». «Gure momentua da», laburbildu du. Dena den, EH Bilduk etorkizuna gara lemapean egin duen ekitaldian hitzek bezainbesteko garrantzia izan du irudiak. Hasteko, argi utzi nahi izan dutelako Otxandianok koalizioko buruen babesa duela: Nerea Kortajarenak, Laura Aznalek, Eva Blancok, Mikel Oterok, Oihana Etxebarrietak, Iker Casanovak, Larraitz Ugartek, Garikoitz Mujikak eta Eva López de Arroyabek lagunduta iritsi da aretora, eta eskerrak eman dizkie beregan jarritako konfiantzagatik. «Nik nire bertsiorik onena ematen saiatuko naizela baino ezin dut agindu, pasioz jardungo naizela, eta esperantza dudala. Etorkizunari baikor begiratzeko motiboak dauzkagula uste dut», adierazi du. EH Bilduko buruak, gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian. ARITZ LOIOLA / FOKU Otxandianoz gain, hitza hartu dute Maddalen Iriartek, Bakartxo Ruizek eta Arnaldo Otegik. Koalizioko koordinatzaile nagusiak eman du hitzaldi nagusia, eta egiten ari diren lana goraipatu du: «Etorkizunak proiektuak ditu, balioak ditu, printzipioak ditu. Euskal Herriaren etorkizuna EH Bilduren hizkiekin idazten da. Espero zenuten etorkizuna zuek zarete». Azaldu du «arrakastaren sekretua balioetan» dagoela, EH Bildu «batzen duen ezkerra» dela, eta ezker subiranistaren nahia eta borondatea dela proiektuan jende eta sektore gehiago biltzea. «Balio eta printzipio horiek guztiek herri honetako lehen indarra izatera eraman gaituzte», azpimarratu du. «Ezin da Euskal Herria ulertu zuek gabe. Ezin da Euskal Herriaren etorkizuna eraiki zuek gabe. Ezin da Iruñea ulertu Joseba Asiron gabe». Lanean jarraitzeko deia egin die koaliziokideei. Ekitaldian zehar, oholtzara igo dira Joseba Sarrionaindia idazlea eta David Fernandez kazetari eta politikari kataluniarra ere.
Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Klubean ardura postuak izaten jarraitzen zuen, eta taldeko kirol arduraduna izan da gaur kargugabetu duten arte. Klubaren hitzetan, prestatzaile kargua osasun arazoengatik utzi zuen iaz. El País egunkariak argitaratu duenaren arabera, egozten diote 1998. urtean 13 urte zituen neska bati sexu abusuak egitea hiru urtez. Instrukzio epailearen erabakiaren zain dago. Biktima Lopezek garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen, lehenik Allende Salazar ikastetxean eta geroago Lointek Gernikan. Erasoak hasi zirenean erasotzaileak 31 urte zituen, neskak baino 18 gehiago. Iazko ekainean Gernikako (Bizkaia) epaitegiak jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen, eta etengabeak izan ziren mehatxuak eta bere gaineko kontrola ere. Lehen erasoa 1998ko uztailean gertatu zen, Lopezek biktima saskibaloi partida bat ikustera gonbidatu eta bularrean eskua sartu zionean. Hortik aurrera, jarraituak izan ziren abusuak. Salaketak dio bortxatu egin zuela, eta felazioak egitera behartu. Espainiako Saskibaloi Federazioak «aringarririk gabe» gaitzetsi ditu erasoak. Plazaratu duen oharrak dioenez, «kasuaren zati bat» urriaren 29an jakin zuen, Gernikaren aurkako salaketa bat jaso zuenean. Hark zioenaren arabera, Lopez ikertua izaten ari zen ustezko sexu abusu batzuengatik. Federazioak berehala zabaldu zuen ikerketa txosten bat, eta hala jakinarazi zien Gernikari, Lopezi eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari. Ordutik, lehiaketetan parte hartzea debekatuta izan du Lopezek. Gernika KESBk ere eman du bere bertsioa. Adierazi duenez, gaur izan du Espainiako Federazioaren ebazpenaren berri, eta hori da gertatutakoaren inguruan izan duen lehen albistea. «Orain arte, klubak ez du izan ikerketaren berri ofizialki. Orain, klubari gertakarien berri eman dion eragile bakarra Espainiako Federazioa da: hark ebazpen bat argitaratu berri du, eta Gernikak berehala onartu du». Gehitu du taldeak uneoro errespetatu duela indarrean den legedia, eta gisa horretako kasuen aurrean bete beharreko protokoloak betetzen dituela. Lopezengandik «bereizi» direla esanez amaitu dute oharra. Feministak, kalera Gernika-Lumoko Sare Feministak mobilizaziora deitu du biharko, 19:00etan Gernikako pasealekutik. Izan ere, sarearen eta klubaren bertsioa ez datoz bat. Argitaratu duten oharrean azaldu dutenez, uda hasieran izan zuten kasuaren berri eta informazioa jaso bezain pronto hartu zuten lehen erabakia: biktimari sinestea. Abisua jaso zutenean, Lopez umeen kanpus bateko arduraduna zen, eta, zuten informazioaren arabera, 2023-2024 denboraldian Lointek Gernikako lehen taldeko prestatzaile izendatzeko asmoa zuten. Horren aurrean, klubarekin kontaktuan jarri ziren eta beharrezko neurriak eskatu zizkioten. «Eraso berrien prebentzioa eta erasotuaren prozesua ipar, erasotzailea prestigio postutik kentzeko neurriak hartzea izan zen taldeari eskatu geniona». Azalpenekin jarraitu dute. Udan zehar «bilera eta dei ezberdinak» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin «egoerari irtenbide bat emateko asmoz». Klubak, ordea, maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko zailtasunak izango zituela azaldu zion sareari, «kontutan izan gabe maila hori bi hamarkada baino gehiagotan izandako inpunitateak ahalbidetu diola». Azkenean, zuzendaritzaren, babesleen zein jokalarien partetik Lopez entrenatzaile izatearen aldeko adostasuna zegoela eta hori egingo zutela helarazi zieten feministei. Sareak, erabakiarekin desadostasuna adierazi eta akordio batera heltzeko prozesuarekin amaitzea erabaki zuen. Klubaren hipokrisia salatu dute: «Harritzekoa da, tankera horretako erabakiak hartu ostean, klubak azaroaren 25aren harira egin duen kanpaina publikoa». Lopez prestigiozko kargu batetik bestera mugitu izana gaitzetsi dute, eta Lointek Gernikak Sarearekin izandako «jarrera maltzurra» azaleratu ere bai, eurekin gezurretan ibili zirelako. Izan ere, Lopezek klubean jarraitzeko ustezko adostasuna ez zela benetakoa esan dute: «Gaur badakigu adostasun hori ez zela existitu izan, eta, gainera, kide ezberdinek taldea uztea ekarri duela». Onartezina Allende Salazar herri eskolak ere plazaratu du ohar bat gaiaren inguruan. Bertan, barkamena eskatu die euren komunitateko parte izan diren bitartean abusuak jasan dituztenei, bereziki Lopezen biktimari: «Ez genuen jakin behar bezala detektatzen eta behar zuen babesa ematen». Gertatutakoa irmoki gaitzetsi dute, horrelako kasuak berriro ez gertatzeko protokoloak martxan dituztela aipatu dute eta bihar egingo diren elkarretaratzeekin bat egiten dutela adierazi. Eskolan ere egingo da bat, 16:00etan.
Amazonen Trapagarango biltegiko langileek greba abiatuko dute gaur lan-hitzarmen propioaren alde. ELAk eta LABek, protestaren antolatzaileek, azaldu dute ostiralean enpresako zuzendaritzarekin batzartu zirela, baina ez zutela lortu gatazkari irtenbidea ematea.
Michael Dillon zinemagile australiar entzutetsuaren The Great White Whale (Balea zuri handia) filmak eskuratu du aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko sari nagusia. Duela hiru urte ere, 2020an, Dillonek berak eskuratu zuen sari nagusia, eta, beraz, Eguzkilore preziatua bitan lortu duen lehen zuzendaria da. Oraingoan, gainera, filmik onenaren eta zuzendaririk onenaren Eguzkiloreak, biak eskuratu ditu Dillonek. Australiako mendirik garaien eta bakartienera igo nahi duten mendizale eta marinelen istorioa kontatzen du filmak. Ozeano Australaren sakonean, Australia eta Afrika arteko erdibidean, 2.700 metroko altuera gainditzen duen sumendi elurtu bat azaleratzen da itsasotik bertatik, balea zuri handi bat balitz bezala. Mendi handi horren haserreak atzera eginarazi zion hura eskalatzen saiatu zen lehen taldeari. Hala ere, berriro ekin zioten, saiakera bat egiteko bidean munduko itsasorik zakarrenetan zehar nabigatuz, oraingoan Bill Tilman patroi ospetsuak gidatuta. Bi espedizio horien «istorio aparta» kontatzen du filmak, bizi izan zituztenek kontatua, eta horietako batek istorioa kantuz ere kontatzen du, abentura epiko honi dagokion bezala. Hala nabarmendu du epaimahaiak filma bera eta zuzendariaren lana: «Duela 60 urte inguruko espedizioen irudi historikoek naturaren oinarrizko indarrak erakusten dituzte, eta benetako abenturaren irrika pizten dute. Mendiko film honek biziki hunkitzen zaitu, eta, batzuetan, zorabiatu ere bai. Michael Dillonek maisulan bat sortu du irudi historikoetan oinarrituta. Itsasoko eta mendiko eszena dramatikoak bere garaiko protagonisten adierazpenekin eta kantekin josi ditu, tentsio arku liluragarriak lortu ditu, eta erritmo liluragarriz kontatzen du istorioa». Zinemagile australiar beteranoak mendiko eta naturako ehun zinema proiektu baino gehiago zuzendu ditu; 25 urte egin zituen Edmund Hillary mendizale entzutetsuaren zuzendari gisa, eta, hain zuzen, 2020ko hartan, Hillaryren azken espedizio handiari buruzko filmarekin (Ocean to Sky) irabazi zuen sari nagusia. Iaz, berriz, Mendiko Zinema Jaialdien Nazioarteko Aliantzaren (IAMF) sari nagusia jaso zuen Dillonek Bilbon. Beste bi pelikulak ere bina sari jaso dituzte: Kazuya Hiraide alpinista japoniarrak nazioartean aurkeztu duen Rope filmak mendiko filmik onenaren eta soinu bandarik onenaren saria jaso ditu; Eiko Ishibashi konpositore arrakastatsua da soinu banda horren egilea. Hala adierazi du epaimahaiak film horren balioei buruz: «Protagonistak mundu osoan sona duten mendizaleak badira ere, naturarekiko, mendiarekiko eta besteekiko duten errespetuzko jarrera agertzen dute. Baliabide tekniko gutxirekin irudi harrigarriak lortzeko gai izan dira ezezaguna den mendi batean». Carne et ossa ere jaialdiko pelikula nabarmenetako bat izan da. Gidoirik onenaren eta kultura eta naturari buruzko pelikularik onenaren sariak jaso ditu. Roberto Zazzara zuzendari italiarrak berak aurkeztu du Mendi Filmen. Euskarazko filmik onenaren saria Noizko basoa lanak jaso du. Mikele Landa Eigurenen pelikulak «esperimentazioaren mugetan erakutsitako ausardia» goraipatu du epaimahaiak, «formatu, irudi, soinu eta testura bereziak erabiliz geure iraganeko eta etorkizuneko basoetan murgiltzen gaituelako oso modu ausart eta pertsonal batean». Bilboko BBK Mendi Film zinemaldiko Sail Ofizialean 51 pelikula aurkeztu dira, hamabost herrialde ordezkatuz. Lehiaz kanpo aurkeztu diren beste sei film gehituta, guztira 57 lan ikusi ahal izan dira hamar egunotan Bilboko BBK aretoan, Golem zinemetan eta Euskalduna jauregian. Azken eguna, hilaren 17a, igandea, Non Stop saioekin gozatzeko eguna izango da. Saritutako film guztiak proiektatuko dituzte, hiru saiotan banatuta —12:00etan, 17:00etan eta 19:30ean—, Golem zinemetan. Giro bikainean burutu den edizio baten azken ginga. PALMARESA Sari Nagusia. THE GREAT WHITE WHALE Zuz: Michael Dillon | Australia. Zuzendari Onena. THE GREAT WHITE WHALE Zuz: Michael Dillon | Australia. Gidoi onena. CARNE ET OSSA Zuz: Roberto Zazzara | Italia. Argazkilaritza onena. LA LIGNE DE L’ANGE Zuz: Bertrand Delapierre | Frantzia. Epaimahaiaren saria. RESISTANCE CLIMBING Zuz: Nick Rosen & Zachary Barr | AEB. Soinu banda onena. ROPE Zuz: Moe Wada | Japonia Soundtrack: Eiko Ishibashi. EITB Saria Euskarazko Film Onenari. NOIZKO BASOA Zuz: Mikele Landa Eiguren | Euskal Herria. Mendiko Film Onena. ROPE Zuz: Moe Wada | Japonia Eskaladako Film Onena. ELEVATED Zuz: Palmer Morse | AEB
Denbora darama dagoeneko Nerea Ibarzabalek olatu aparretan. Bizkaiko txapeldun zen atzo saioa hasi aurretik, eta ezin ahaztu iaz txapelketa nagusian lorturiko balentria. Hori guztia gutxi balitz bezala, plazan pisu handia duen bertsolaria da gaur-gaurkoz. Bera zen atzo txapela janzteko faborito nagusia eta saioa jarraitu ez eta amaierako emaitzari soilik erreparatuko dion norbaitek pentsa lezake, agian, pronostikoak modu errazean bete baino ez zuela egin markinarrak. Eustea tokatu zitzaion, ordea, zenbait unetan, ale solte ederrak bota bai baina bertsoaldiak borobildu ezinda bezala aritu baitzen saioaren lehenengo zatian, irristadaren bat ere tartean. Bertsolariak saioa barrutik nola bizi duen jakitea ezinezkoa da, baina esango nuke lehenengo txanpako bakarkakoa kantatu aurretik buruz burukorako sailkapen txartela ez zuela hain garbi ikusiko. Bete-betean asmatu zuen, ordea, bakarkako horretan, lagunarte toxikoaren gaiaren harira, eta hortik aurrera gora eta gora egin zuen, buruz burukoan ordura arte bere gainetik aritu zen Jone Uria baino gehiago izatera iristeraino. Algortarrak, edozein kasutan, txapela inoiz baino gertuago izan zuela esatea ez da gehiegikeria. Irabazteko gosez igo zen oholtzara, eta maila oso onean aritu zen kantuan oro har, potoren batek ihes egin bazion ere. Puntu eskukadatxo bat falta izan zitzaion sari nagusia lortzeko, baina aitzakiarik gabeko saioa osatu zuen. Beste behin ere. Buruz burukoaren atarian geratu ziren ondorengo lau sailkatuak. Bereziki gertu, Xabat Galletebeitia. Bakarkakoan jo zuen goia lekeitiarrak: gertukoek frikitzat daukatenaren larrutik, bertsoaldi oso sinesgarria ondu zuen. Aurretik ere utzi zuen maila handiko zertzeladarik ofizioka. Gorka Pagonabarragaren bertsokerak jauzi kualitatibo nabarmena eman du azken boladan. Akatsik egin gabe eta elementuak zein erreferentziak ekarriz une oro kontakizunera, bikain aritu zen kantuan. Onintza Enbeitak entzulearengan orotariko sentipenak sorrarazteko daukan gaitasuna ikaragarria da. Ofizio askotan pisua eramatea tokatu zitzaion, eta laguntza ikaragarria izan zen unean uneko kantukidearentzat. Oihana Bartrak bertsokera seguruaz bere bidea egin zuen atzoko finalean, eta ez zuen urruti izan buruz burukoa. Bereziki dirdiratsu puntu erantzunetan, bilbotarra. Aitor Etxebarriazarragak ez zuen bere arratsalderik onena izan. Saiatu zen beretik ematen, baina ofiziotan bere lekua aurkitu ezinda bezala sumatu genuen tarteka, eta beragan ohikoak ez diren akats bat edo beste egin zituen saioaren joanean. Bere mailarik onenera iritsi ezinda, gogoz saiatu zen arren. Lehenengo finala zuen Aissa Intxaustik; lotsagabe aritu zen kantuan, eta entzulearengana iristeko daukan aparteko erraztasuna agerian utzi zuen kantatzeko abagunea izan zuen une oro. Beste ezeren gainetik, jarrera bat oholtza gainean. Emango du zeresanik datozen urteetan.
Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo (Gipuzkoa), Mendexa eta Zeanuri (Bizkaia) UEMAko kide dira gaurtik aurrera. Izan ere, batzar nagusia egin du UEMAk gaur goizean, Orion (Gipuzkoa), eta baiezkoa eman dio udal horiek egindako eskaerari. Horrez gain, 2023an egindakoaren balantzea aztertu eta 2024rako egitasmo nagusiak onartu dituzte batzarkide diren alkateek eta zinegotziek. Aipatutako herri horiek gehituta, gaurtik aurrera 107 udalek osatzen dute mankomunitatea, eta guztien artean 342.000 biztanleko «lurgune euskalduna» osatzen dute. Hain zuzen ere, bukatzen ari den urtearen balantzeari lotuta, mankomunitatearen handitzea nabarmendu dute, hamar udal gehiago baititu. Hurrengo urteko zereginei dagokienez, Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra batzeko plangintza azpimarratu dute, besteak beste. Gaur UEMAra batu diren udal ordezkariek hitza hartu dute Orion egindako batzarrean eta hedabideen aurrean. Batean zein bestean, lanerako beharra, gogoa eta ilusioa aipatu dituzte. Udalerri euskaldunak izan arren, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea txikitzeko hizkuntza politika eraginkorra eta ausarta garatzeko beharra sumatzen dute guztiek, eta, UEMAren esperientzia eta laguntza bidelagun izango dituztelakoan, gustura agertu dira mankomunitatera batu direlako.
Aurreko denboraldiko itzala oso handia da, eta Osasunak ez ditu espektatibak betetzea lortu oraingoz. Etxean jokatutako bederatzi partidatik bakarra zuen irabazi gau arte Jagoba Arrasateren taldeak, eta Sadarren lortu zuen segurtasuna galdu egin du aurten. Horretaz gain, joko aldetik beherakada jasan ditu azken jardunaldietan. Baina Osasunak bukaerara arte borrokatzen du beti, eta gaurkoan jaso ditu fruituak. Aparteko jokorik egin gabe, 94.minutuko korner batean egin du gola Raul Garciak, buruz bigarren zutoinean, eta urteko azken hiru puntuak eskuratu dituzte gorritxoek. Arrasatek ongi baino hobeto ezagutzen ditu taldearen gabeziak, eta aldaketak egin ditu gaurkoan konponbideren baten bila. Hala nola, orain arteko partida guztiak hasieratik jokatu dituen Alejandro Catena aulkitik hasi da, eta haren ordez, eskuin hegaleko defentsa den Juan Cruz jarri du erdian. Erdian ere aldaketa nabarmen bat egin du. Lucas Torro kendu du Iker Muñoz jartzeko. Torro ere hamaikakoan finkatuta zegoen jokalaria da, aurreko denboralditk gainera. Eta hirugarren partidaz jarraian, aulkitik hasi du Jon Moncayolak, Arrasateren beste finko bat. Partida oso geldo hasi da, Florian Lejeunek behingoan Sadarreko 18.000 zaleak esnatu dituen arte. 10.minutuan, urrutiko falta bortitz bat Herreraren zutoinera jaurti du, lehen zatiko aukerarik onena. 20.minutuan ere izan du aukera Rayok, Bailluren jaurtiketa batekin. Lehen hogei minutuak kanpoko taldearenak izan dira, eta ondorengoak etxekoentzat. Hala ere, atezainek lan gutxi izan dute, bi taldeen defentsen hutsegiteak zalantzak behin baina gehiagotan eragin dituzten arren. Garaipen behar handiarekin iritxi dira bi taldeak Sadarrera. Osasunak zazpi partida eginda zituen jarraian garaipena eskuratu gabe, eta Rayok sei. Urduritasunak oso nabariak izan dira bi taldeetan, eta aurkaria menderatzea ezinezkoa izan dute lehen zatian. Gauzak horrela, joko eskasa eskaini dute bi taldeek, baina dena irekita utzi dute bigarren zatirako. Baina bigarren denboraren hasierak, lehenengoaren abiadura (bat ere ez) izan du. Gainera, Osasunak jaso du partidako susto handiena 55.minutuan. Herrerak oin izugarria atera dio Raul de Tomasi atepean, erantzuna ezin hobea hain aukera garbiari. Halere partida ez da apenas itxuraldatu, eta bi taldeak joko eskasean murgildu dira beste behin. Guztiaren gainetik, gogorrak diren bi talde dira Osasuna eta Rayo. Hala frogatu dute orain arte. Bakoitzak lau partida irabazi ditu Ligan, atea hutsean mantenduta beti. Aurreikus zitekeen beraz, partida estua izango zela. Baloi geldia lagun Bukaeran, ordea, hil edo biziko jokoa hasi du Osasunak. Baloi geldia lagun, kornerretan iritsi dira etxekoen aukerarik garbienak. 78. minutuan, Iker Muñozek langara jaurtik du baloia burukadaz, baloiak lehenik lurrean jo badu ere. Sinesten hasi da Osasuna, eta arriskuak hartu baditu ere, nahiago zituen hiru punturen bila joan batekin geratzea baino. Beste erdiraketa batean, Mocayolaren jaurtiketa bikaina gelditu du Rayoko atezainak, eta etxekoek penaltia eskatu dute gainera. Epaileek, ordea, ez dute adierazi nahi izan, argia izan den arren. Eta eztanda egin du sadarrek 94. minutuan. Partidaren azken minutuan, beste korner batean, Raul Garciak burukada bikaina egin du bigarren zutoinean, Dimitrievski atezaina gainditzeko. Deseroso egon da Osasuna partida guztian zehar, baina Sergio Herreraren geldiketek, eta bigarren zatiko aldaketek arnasa eman diote etxeko taldeari. Gaurkoak, hiru puntu baino gehiago dira Osasunarentzat, burua altxatzeko, eta arnasa hartzeko balio izango dutenak segur aski.
Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak jada mahai gainean dute Iruñeko Udal gobernua osatzeko programa eta egitura. 16:00etan Geroa Bairekin bildu da EH Bildu, eta ordubete beranduago, Zurekin Nafarroarekin. Hiru aldeek nabarmendu dute «giro onean» egin direla lehen bilerak. Bi bilkuretan, irribarretsu agertu dira protagonistak. Amaitutakoan, Geroa Baiko Koldo Martinezek ziurtatu du erantzun bat emango diotela astelehenerako proposamenari: «Erabaki honek presa du. Azken finean, zentsura mozioa abenduaren 28an bozkatuko dugu, eta horren gainean eraikiko da gobernu berria». Bi aste baino gutxiago geratzen zaie. Asteazkenean zentsura mozioa erregistratu ondotik, PSNk argi utzi du ez dela sartuko udal gobernuan, baina Ibarrola kanporatzeko mozioa onartu duten beste bi taldeak prest agertu dira. Hala, Asiron baikor azaldu da lehen bileraren ostean: «Argi dago, hilabete hauetan guztietan elkarrekin egin dugun lana kontuan hartuta, gobernuan sartzeko borondatea adierazi duten hiru taldeen abiapuntuak oso hurbilak direla, eta horrek baikor sentiarazten nau Iruñerako plan positiboaren proposamena lortzeari dagokionez». «Argi dago hiru taldeen abiapuntuak oso hurbilak direla, eta horrek baikor sentiarazten nau». JOSEBA ASIRON. EH Bilduko hautetsia Ohartarazpen bakarra egin die Asironek. Negoziatu beharreko gobernu programak bat etorri behar du PSNrekin hitzartutako konpromisoekin. Ondorioz, EH Bilduk aurkeztutako oinarriek hori hartu dute aintzat. Lau ardatz ditu: lehenik, bizikidetza, berdintasuna, aniztasuna eta zaintza; bigarrenik, etxebizitza sozialetarako, kultura ekipamenduetarako eta kalitatezko espazio publikorako proposamenak; hirugarrenik, trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra eta hiriaren birnaturalizazioa; eta, azkenik, auzoetako planak —bertan sartu dute Erripagaña: Uharte, Burlata eta Eguesibarrekin partekatutako eremuan den eta zerbitzu falta jasaten duen auzoa—. Geroa Bai, baikor Koldo Martinez eta Mikel Armendariz Geroa Baiko hautetsiak baikor azaldu dira, euren bilera amaituta: «EH Bilduri eskertu egin diogu sei hilabete hauetan egin duen lana, zeren eskertzekoa da», aipatu du Martinezek. Dena den, kexu bat helarazi diete, maiatzean eta ekainean EH Bilduren inguruko pertsonen «zentzugabeko irainak» entzun behar izan zituztelako. Negoziazioei dagokienez, azpimarratu du Geroa Bai «guztiz beharrezkoa» dela udal gobernu egonkor bat izateko: «Gure botoek gehiengo osoa bermatzen dute». Martinezen arabera, EH Bilduk mahaigaineratutako programak 50 neurri ditu, eta antolamenduari buruzko lehen eskaintza bat egin diete: «Aztertu beharra dugu egitarau hori onargarria den edo ñabarduraren bat egin behar dugun, eta gobernu taldeari dagokionez, gauza bera. Bueltaren bat emango diogu». Erantzunaren zain, Geroa Baik bere ikuspegia helarazi die: «Gure helburua da Iruñea aldatzea, luzarorako ikuspegi komunarekin, eta ez dugu inolaz ere nahi Iruñea Pamplonaren aurka jartzea, edo alderantziz». Asteazkenetik eskuinak eta batik bat UPNk izandako erantzunaren aurrean kezka azaldu du Geroa Baik, eta jarrera «basatiegia» duela uste du. «Guztiz ulertezina eta onartezina da. Inork ez luke esperoko Nafarroako Gobernuan egon den alderdi batek horrelako jarrera izatea. Bitxia da, Iruñeko biztanleek demokratikoki onartu baitute gertatuko dena». Zurekin Nafarroako ordezkariak, gaur 17:00etan EH Bilduko kideekin izan duten bileran. Zurekin Nafarroako koalizioko hautetsi Txema Mauleon pozik azaldu da bileraren ostean. Euren lehentasunak azaldu dizkiete EH Bilduko ordezkariei: besteak beste, Nafarroako Gobernuaren eskutik —koalizioak kudeatzen du Etxebizitza Departamentua— gazteak eta langileak lehenetsiko dituen alokairu publikoko plan bat sustatzea, eta prezioen garestitzea mugatzea; hamar urterako inbertsio plan bati ekitea, auzo guztietan haur eskolak, kiroldegiak, gazteentzako eremuak eta eguneko zentroak izatea bermatzeko; bidegorriak zabaltzea eta garraio publikoa hobetzea; eta elkarbizitza plan bat egitea. Mauleonek espero du eguneroko jardunean alderdiak elkarrekin ados jartzen saiatuko direla. «Akordioak lantzea giltzarria da aldaketa iraunkorra izan dadin».